
129. zk., 2026ko uztailaren 9a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (299 KB - 31 orri.)
- EPUB (129 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
3118
2/2026 FORU ARAUA, ekainaren 11koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Higiezinen Foru Katastroari buruzkoa.
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi dutela «2/2026 Foru Araua, ekainaren 11koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Higiezinen Foru Katastroari buruzkoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia, 2026ko ekainaren 11.
Gipuzkoako diputatu nagusia,
EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.
HITZAURREA
Onetsi eta indarrean jarri zenetik, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak ondasun higiezinen gaineko zerga ez ezik, Gipuzkoako Lurralde Historikoko higiezinen katastroarekin erlazionatutako zenbait alderdi ere arautu ditu.
Haren indarraldian zehar –35 urtetik gora–, bere edukiak aldaketa ugari eta esanguratsuak izan ditu, bai zergaren eremuan eta bai katastroaren erregulazioan. Bertan ondasun higiezinen gaineko zergaren zerga oinarria ondasun higiezinen katastro balioa aplikatuz zehaztea izanik bi gaien arteko lotura puntua, foru arau horrek higiezinen foru katastroa arautu du, katastro balioak finkatu, berrikusi, aldatu eta eguneratzeko prozedura ere ezartzeaz gain.
Erregulazio horren aplikazioan izandako esperientzia luzeak agerian utzi du beharrezkoa dela arlo horietako bakoitzari eremu propio bat ematea. Izan ere, nahiz eta biak ezinbestean dauden elkarri lotu-lotuta, printzipio desberdinei erantzuten diete, eta horrek beharrezko egiten du tresna normatibo autonomoak onestea esandako gaiak arautzeko. Horrela, uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauaren edukia bitan banatuta geratuko da: alde batetik, foru arau honetan Gipuzkoako Lurralde Historikoko Higiezinen Foru Katastroa jasoko da, eta beste foru arau batean Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko Foru Arau berria arautuko da.
Azken hamarkada hauetan, katastroko informazioaren askotariko erabilera lurralde informazioari buruzko plataforma handi bat bilakatu da administrazio publiko, fede-emaile, enpresa eta herritarrentzat oro har, eta erabilera horrek ez du hutsaldu Foru Katastroaren zerga izaera, guztiz alderantziz baizik; izan ere, esandako informazioak erreferentziazko elementu gisa balio du ez bakarrik ondasun higiezinen gaineko zergarako, baita tokiko beste zerga batzuetarako eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko ordenamenduaren parte diren beste zenbait zerga figuratarako ere.
Higiezinen Foru Katastroaren erregulazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumen izateagatik foru arau honetan jasotzen denak, modu kontinuistan biltzen du, oro har, aurreko araudiaren funtsezko mamia, eta asmo bikoitzarekin egiten du hori: batetik, hura sistematizatu eta aberastea denboran zehar pilatutako esperientzia aprobetxatuz, eta, bestetik, haren erregulazioa Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrean jasotzen den oinarrizko esparru komunera egokitzea.
Foru arauak foru katastroaren definizio objektibo bat jasotzen du beste ezeren gainetik, zer den argi uztearren: administrazio erregistro bat, tributuen orokortasun eta justizia printzipioen zein baliabide publikoak ekitatez esleitzeko printzipioaren zerbitzura dagoena; horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetzan jardungo du gainerako administrazio publikoekin, epaitegi eta auzitegiekin zein Jabetza Erregistroarekin, nork bere eginkizunak eta eskumenak gauzatu ditzan.
Era berean, foru arau honek hainbat berrikuntza aipagarri sartzen ditu, eta horien artean nabarmentzekoa da bertan definitzen direla ondasun higiezinen kontzeptua eta izaera, oro har, eta, bereziki, higiezin unitatea (higiezin bakoitza bere ezaugarri fisiko, funtzional, administratibo edo juridikoengatik bereizten duen zatietako bakoitza). Arauak titular katastralaren kontzeptualizazioa ere zehazten du.
Lehengo aldiz, ondasunen hirugarren kategoria bat definitzen da, hiri eta landa ondasun higiezinetatik aparte: ezaugarri bereziko ondasun higiezinak, erabilera espezializatuko multzo konplexu batek osatuak, zeinaren ondorioz ezin baitira ez kolektiboki baloratu ez modu normalizatuan karakterizatu.
Azkenik, berrikuntza gisa azpimarratu behar da argitu egiten dela noiz ulertzen den titulartasun katastrala ondasun higiezin baten osotasunaren edo haren zati baten gainean dagoela. Alde horretatik, titulartasun katastrala ondasun higiezin baten zati baten gainean dagoela joko da jabetzaren eskubide erreal mugatzaileak –9. artikuluan aipatuak– edo administrazio emakida ondasun higiezinaren portzentaje edo zati jakin baten gainekoak direnean. Azkenik, ezartzen da ezen, ondorio horietarako, lurzorua eta bertan kokatuta dauden eraikuntzak ez direla ondasun higiezinaren zati bereizgarritzat joko.
Foru arau honen beste helburuetako bat da Foru Katastroaren kudeaketari buruzko gaiak aurreko erregulazioaren aldean berrantolatu eta garatzea, eta, horretarako, bi obligazio ezartzen dira: ondasun higiezinak katastroaren barruan sartu eta bertatik kanporatzeko obligazioa, eta haien ezaugarrietan gertatzen diren aldaketak bertan jasotzeko betebeharra. Horri begira, katastroko aldaketak aitortu, komunikatu eta erregularizatzeko prozedurak ezartzen dira, desadostasunak konpondu eta zuzentzekoak eta katastroa eguneratzekoak. Katastro balioei dagokienez, horiek zehazteko irizpideak eta prozedura finkatzen dira, eta haien zehaztapenerako, dagokion balio ponentzia onetsi eta aplikatu beharra ezartzen da.
Foru arau honek 52 artikulu ditu, atariko tituluan eta beste sei titulutan banatuta daudenak, eta xedapen gehigarri bat, bost xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ere biltzen ditu.
Atariko tituluan eta I. tituluan Higiezinen Foru Katastroaren printzipio informatzaileak eta katastroaren edukia jasotzen dira, eta ondasun higiezinen kategorizazioa, titular katastralen zehaztapena eta katastroko kartografiaren erregulazioa ere jorratzen dira bertan.
II. titulua zazpi kapitulutan banatuta dago, eta Higiezinen Foru Katastroaren eraketa eta mantenimenduari buruzko guztia biltzen du. Hurrengo bi tituluak, III.a eta IV.a, gai hauen ingurukoak dira: lankidetza eta informazio trukea, batetik, eta katastro erreferentzia eta finka zenbakia dokumentuetan jaso beharra, bestetik.
Bestalde, V. tituluak katastroko informaziora sarbidea izateko era arautzen du, eta, azkenik, VI. tituluak arau-hausteen eta zehapenen araubidea erregulatzen du (gai horretan, Zergen Foru Arau Orokorrean ezarritako araubide orokorra aplikatzen zen lehen).
Xedapen gehigarri bakarrak izatezko bikoteei buruzko erreferentzien aplikazioa argitzen du. Lehen eta bigarren xedapen iragankorrek ezartzen dute ezen, balio ponentzia berriak onesten ez diren bitartean, orain arteko katastro balioek indarrean jarraituko dutela baita ezaugarri bereziko ondasun higiezinen kasuan ere. Hirugarren xedapen iragankorrek dio orain arteko erregelamenduzko garapenek indarra izaten segituko dutela berriak onesten ez diren bitartean, eta, bestetik, laugarren xedapen iragankorrak ezartzen du foru arau hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak amaitu gabe badaude aurreko araudia aplikatuko zaiela.
Bosgarren xedapen iragankorrak ezartzen du foru arauaren 44. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako 48 orduko epea ez dela aplikatuko baliabide teknologikoek ez badute aukerarik ematen epe hori betetzeko, eta epe hori erregelamenduz ezarriko dela dio.
Seigarren xedapen iragankorrak ezartzen du ezen trenbideak, tren geltokiak eta haiekin lotutako eraikinak ezaugarri bereziko ondasun higiezintzat hartzea 2028ko urtarrilaren 1era arte geroratuko dela.
Azkenik, xedapen indargabetzaileak indarrik gabe uzten ditu bai uztailaren 5eko 12/1989 foru araua eta bai foru arau honetan jasotakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak. Bukatzeko, azken xedapenetako lehenak foru araua garatu eta aplikatzeko gaikuntza ematen du, eta bigarrenak zehazten du noiz jarriko den indarrean.
ATARIKO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Izaera, xedea eta aplikazio eremua.
1.– Foru arau honen helburua Higiezinen Foru Katastroa arautzea da, Gipuzkoako Lurralde Historikoko ondasun higiezinen erregistro administratiboa den heinean, eta arautzea, halaber, ondasun horien balioztatzea, indarrean dagoen araudiak ezarritako ondorioetarako.
2.– Higiezinen Foru Katastroa Gipuzkoako Foru Aldundiaren mende dago, eta bertan deskribatzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko hiri eta landa ondasun higiezinak zein ezaugarri bereziko ondasun higiezinak.
3.– Foru arau hau Gipuzkoako Lurralde Historiko osoan aplikatuko da.
2. artikulua.– Higiezinen Foru Katastroaren informazio printzipioak.
1.– Katastroko informazioa tributuen orokortasun eta justizia printzipioen zein baliabide publikoak ekitatez esleitzeko printzipioaren zerbitzura egongo da, eta, horretarako, Higiezinen Foru Katastroa beste administrazio publikoekin, auzitegi eta epaitegiekin zein Jabetza Erregistroarekin lankidetzan arituko da, bakoitzaren eginkizunak eta eskumenak betetzearren. Halaber, lurraldeari buruzko informazioa behar duten politika publikoen eta herritarren eskueran egongo da, foru arau honen V. tituluan ezarritako baldintzetan.
2.– Foru arau honen xedapenek ez dituzte galaraziko Jabetza Erregistroaren eskumen eta eginkizunak, ez eta ondasun higiezinak erregistro horretan inskribatzeak sortzen dituen funtsezko ondorio juridikoak ere.
3. artikulua.– Edukia.
1.– Hiri zein landa ondasun higiezinen eta ezaugarri bereziko ondasun higiezinen datuen multzoak osatzen du Higiezinen Foru Katastroa, ondasunon ezaugarri fisiko, ekonomiko eta juridikoekin.
Bertan, haien kokapena, katastroko erreferentzia eta finka zenbakia, azalera, erabilera edo xedea, laborantza motak edo aprobetxamenduak, eraikinen sailkapena eta antzinatasuna, hirigintza egoera, irudikapen grafikoa, katastroko balioa eta titulartasuna islatuko dira, identifikazio fiskaleko zenbakiarekin batera.
Higiezinak Jabetza Erregistroarekin koordinatuta badaude, inguruabar hori ere islatuko da erregistroko kodearekin batera.
2.– Higiezinen Foru Katastroan eransketa bat sor lezaketen egitate, egintza edo negozioak jasotzen dituzten agiri publikoetan erantsi egin behar da aurreko zenbakian adierazitako ezaugarriak egiaztatzen dituen katastro ziurtagiri deskribatzaile eta grafikoa, lehentasunez bide telematikoak erabiliz lortutakoa; Jabetza Erregistroan ere erantsi behar da, legez ezarritako kasuetan. Era berean, ziurtagiriok administrazio prozeduretan ere erantsi behar dira, higiezinen deskribapen fisikoa egiaztatzeko bitarteko gisa.
3.– Higiezinen Foru Katastroan jasotako datuak benetakoak direla uste izango da, tributuei buruzko arautegi orokorrean araututako baldintzetan, Jabetza Erregistroan jasotako datuek sor litzaketen ondorio juridikoen kalterik gabe.
4. artikulua.– Eskumenak.
1.– Higiezinen Foru Katastroa eratzea eta mantentzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumen esklusiboa da, bai eta katastroko informazioaren zabalkundea egitea ere. Eginkizunon artean daude, besteak beste, katastroko datuen kontserbazio, eguneratze eta ikuskatzea. Eginkizunok, Ogasun eta Finantza Departamentuak beteko ditu.
Ogasun eta Finantza Departamentua arduratuko da ere katastroko errolda prestatzeaz eta katastro kartografia egin eta kudeatzeaz.
2.– Balio ponentziak onestea Diputatuen Kontseiluari dagokio, Ogasun eta Finantza Departamentuak prestatu ondoren. Halaber, Ogasun eta Finantza Departamentuari dagokio katastro balioak finkatu, berrikusi, aldatu eta eguneratzeko eginkizuna.
I. TITULUA
HIGIEZINEN FORU KATASTROAREN ARAUKETA
I. KAPITULUA
ONDASUN HIGIEZINAK KATASTROAREN ONDORIOETARAKO
5. artikulua.– Ondasun higiezinen kontzeptua eta motak.
1.– Katastroaren ondorioetarako esklusiban, ondasun higiezina izango da udal mugarte batean kokatutako izaera bereko partzela edo lur zati bat, poligono batean mugatuta dagoena. Poligono horrek mugatuko du, katastro ondorioetarako, pertsona baten edo zenbait indibisoren jabetza eskubidearen eremua. Halakorik badago, eremu horretan kokatutako eraikinak ere definizio horren barruan sartuko dira, jabea edozein dela ere eta higiezinari dagozkion bestelako eskubideak kontuan hartu gabe.
2.– Hauek ere ondasun higiezintzat joko dira:
a) Elementu pribatiboak, aprobetxamendu independentearen xede izan badaitezke eta jabetza horizontaleko araubide bereziaren pean badaude. Halaber zenbait elementu pribatibok eratzen duten multzoa ere ondasun higiezintzat joko da, elementuok elkarri lotuta badaude eta egintza batasunean eskuratu badira, eta, erregelamenduz zehaztutako baldintzetan, titular baten erabilera eta luperketa esklusibo eta iraunkorrera atxikita indibiso dauden trastelekuak eta aparkalekuak.
b) Azalera eskubide izan gabe jabe bati edo zenbait indibiso jaberi dagozkien lurzoru edo eraikin baten gainean solairu bat edo gehiago altxatzeko eskubidea eta lurzoru edo eraikin baten azpian eraikitzeko eskubidea, ondoriozko eraikuntzen jabetza mantenduz.
c) Foru arau honetako 8. artikuluan aipatzen direnak.
d) Azalera eskubide baten espazio eremua, bai eta ondasun higiezinen edo haiek afektatuta dauden zerbitzu publikoen gaineko administrazio emakidaren espazio eremua ere, aurreko letretako kasuak gertatzen direnean izan ezik.
3.– Foru arau honen ondorioetarako esklusiban, ez dira ondasun higiezintzat joko jabari publikokoak diren eta doako aprobetxamendu publikorako diren errepideak, bideak, kaleak, gainerako lurreko bideak eta espazio libreak.
6. artikulua.– Higiezin unitatea eta ondasun higiezina. Identifikazioa eta motak.
1.– Informazioaren eta balioztatzearen erreferentzia unitateari higiezin unitate izena ematen zaio, hots, ondasun higiezin bat osatzen duten zatietako bakoitza, baldin eta bere antzinatasun, erabilera edo ezaugarri fisiko, administratibo edo juridikoengatik bereizi egin badaiteke.
2.– Ondasun higiezin bakoitza higiezin unitate batek edo gehiagok osatuko dute, bai eta, hala denean, zenbait ondasun higiezintzat erkideak diren higiezin unitateen partaidetza kuotak ere.
3.– Ondasun higiezinak, katastroari dagokionez, hiri ondasun, landa ondasun eta ezaugarri bereziko ondasun higiezin moduan sailkatzen dira.
4.– Ondasun bakoitzak katastroko erreferentzia bat eta finka zenbaki bat izango du foru katastroan identifikatu ahal izateko. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak identifikatzaile propio bat ezarri ahal izango du higiezin unitate bakoitzarentzat.
7. artikulua.– Hiri eta landa ondasun higiezinak.
1.– Katastroaren ondorioetarako, higiezinaren hiri edo landa izaera lurzoruaren izaeraren mende egongo da.
2.– Hiri izaerako lurzorutzat jotzen dira:
– Hirigintza plangintzan hiri lurzoru gisa sailkatutako lurzorua.
– Hirigintza plangintzan lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatutako lurzorua.
– Hirigintza plangintzan lurzoru urbanizagarri sektorizatugabe gisa sailkatutako lurzorua, sektorizatze plana onartzen den unetik aurrera.
– Hauek dituzten lurrak: bide zolatuak edo espaloi zintarriak, eta, gainera, estolderia, ur hornidura, energia elektrikoaren hornidura eta argiteria publikoa ere badituztenak.
– Eraikinek hartzen duten lurzorua.
Ez da hiri izaerako lurzorua izango ezaugarri bereziko ondasun higiezinak barne dituena.
3.– Landa izaerako lurzorutzat jotzen dira aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera hiri izaerako lurzoru ez direnak, eta ezaugarri bereziko ondasun higiezin baten barne ez daudenak.
4.– Katastroaren ondorioetarako, eraikuntzak izango dira:
a) Edozein materialekin eraiki diren eraikinak, horien erabilera edozein dela ere, baldin eta lurzoruari etengabe lotuta badaude, eta azaleratik gora altxatzen diren edo lurpekoak diren kontuan hartu gabe, garraiatu eta desmuntatu daitezkeenak barne.
b) Industria, merkataritza, aisialdi, nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta arrantza xedeetarako instalazioak, halakotzat hartuta, besteak beste, dikeak, tankeak, zamatzeko tokiak, moilak, pantalanak eta berotegiak; makineria eta tresneria kanpo geldituko dira edozein kasutan.
c) Urbanizatze eta hobekuntza lanak, esaterako, lur berdinketak eta estali gabeko espazioak erabiltzeko egiten direnak. Estali gabeko espazioak, berriz, hauek izango dira: merkaturako erabiltzen diren esparruak, aire zabaleko biltegiak, kirola egiteko zelai eta instalazioak, aparkalekuak eta eraikuntzei eta instalazioei atxikitako espazioak.
5.– Katastroaren ondorioetarako, inoiz ere ez dira eraikuntzatzat hartuko estalpe edo aterpe txikiak, baldin eta haiek eraikitzeko material arin eta iraungaitzak erabili direnez, eraikuntzok bakarrik erabil badaitezke lurra hobeto aprobetxatzeko, soroak babesteko, abereak aldi batez edukitzeko edo loturik dauden jardueran erabiltzen diren tresna eta lanabesak gordetzeko.
Halaber, katastroaren ondorioetarako, ez dira eraikuntzatzat hartuko landa lurretan egiten diren obra eta hobekuntzak, baldin eta lurron balioaren osagai banaezinak badira.
8. artikulua.– Ezaugarri bereziak dituzten ondasun higiezinak.
1.– Ezaugarri bereziko ondasun higiezinek erabilera espezializatuko multzo konplexua osatzen dute; eta multzo hori lurzoruak, eraikinek, instalazioek eta urbanizatze eta hobekuntza lanek osatzen dute, eta, izaera unitarioa dutelako eta funtzionatzeko behin betiko lotuta daudelako, katastroari begira ondasun higiezin bakartzat eratzen dira.
2.– Aurreko apartatuan ezarritakoarekin bat, ezaugarri bereziko ondasun higiezintzat joko dira:
a) Besteak beste, energia, gasa, petrolioaren produktu finduak eta deribatuak ekoiztera, biltegiratzera eta banatzera bideratutakoak, instalazio termikoak, eolikoak, fotovoltaikoak eta nuklearrak barne.
b) Presak, ur jauziak eta urtegiak, haien hondoa edo basoa barne, ureztatzeko edo ur edangarria hornitzeko bakarrik direnak izan ezik.
c) Autobideak eta ordainpeko errepide eta tunelak.
d) Aireportuak eta merkataritzako portuak.
e) Trenbideak eta tren geltokiak, eta haiekin lotutako eraikinak.
f) Ondasun higiezinen beste edozein multzo, baldin eta, bere ezaugarri espezifikoengatik, modu kolektiboan baloratu ezin den eta/edo karakterizazio normalizaturik eman ezin zaion multzo espezializatu bat osatzen badu, erregelamenduz ezarritako terminoetan.
3.– Higiezinok Higiezinen Foru Katastroan jaso eta balioztatzeko, instalazioetan sartuta dagoen makineria ere kontuan hartuko da, bai eta fisikoki instalazioen parte dena edo haiekin lotura funtzionala duena ere.
II. KAPITULUA
KATASTROKO TITULARRA
9. artikulua.– Katastroko titularrak eta ordezkaritza.
1.– Pertsona fisikoak, pertsona juridikoak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35. artikuluko 3. zenbakian aipatutako entitateak eta testamentu ahalordea erabiltzearen zain dauden jaraunspenak izan daitezke katastroko titular, baldin eta Higiezinen Foru Katastroan alta emanda badaude, ondasun higiezin baten edo haren zati baten gainean eskubide hauetako baten titulartasuna izateagatik:
a) Jabetza eskubide osoa edo ez hain osoa.
b) Gozamen eskubide erreala.
c) Azalera eskubide erreala.
d) Ondasun higiezin baten edo ondasun hori afektatuta dagoen zerbitzu publikoen gaineko administrazio emakida.
Pertsona batek ondasun higiezin oso baten gaineko katastroko titulartasuna duela ulertuko da baldin eta gozamen eskubide erreala edo azalera eskubidea edo administrazio emakida ondasun higiezin osoaren gainekoak badira. Bestalde, pertsona batek ondasun higiezin baten zati baten gaineko katastroko titulartasuna duela ulertuko da baldin eta gorago aipatu diren jabetzaren eskubide erreal mugatzaileak edo administrazio emakida ondasun higiezinaren portzentaje edo zati jakin baten gainekoak badira. Ondorio horietarako, lurzorua eta bertan kokatuta dauden eraikuntzak ez dira ondasun higiezinaren zati bereizgarritzat joko.
2.– Ondasun higiezin baten edo aurreko zenbakian aipatutako eskubideetako edozeinen jabetza indibiso badagokio zenbait pertsonari, katastroko titulartasuna bakoitzari dagokion kuotaren arabera esleituko zaio erkide, kide edo partaide bakoitzari eta, hala denean, haiek guztiek osatutako erkidegoari; erkidego hori identifikazio fiskaleko zenbakiaren bidez adieraziko da.
3.– Artikulu honetako 1. zenbakian aipatzen diren eskubideak ezkontide biei badagozkie, edo izatezko bikote bateko kideei badagozkie, dagokien ezkontzaren araubide ekonomikoaren xedapen edo itunen arabera, katastroko titulartasuna ezkontide edo izatezko bikoteko kide biei egokituko zaie, eta erdi bana esleituko zaie, beste partaidetza kuota batzuk aplikatu behar direla frogatu ezean.
4.– Eskubide baten katastroko titulartasunaren eta eskubide horrek Jabetza Erregistroaren arabera duen titulartasunaren artean desadostasunik badago, katastroko titulartasuna hartuko da kontuan, Higiezinen Foru Katastroaren ondorioetarako, salbu eta Higiezinen Foru Katastroan sartzeko dokumentuaren data Jabetza Erregistroan inskribatuta dagoen tituluaren ondorengoa bada.
5.– Hauek dira katastroko titularrek Higiezinen Foru Katastroarekin izango dituzten harremanetan bete beharko dituzten arauak:
a) Higiezin berak katastroko titular bat baino gehiago baditu, ordezkari bat izendatu beharko dute titularrek. Hala egiten ez badute, higiezinaren gaineko titulartasun portzentaje handiena duen pertsona edo, denek portzentaje berdina badute, ondasunen katastroko titularren zerrendan lehenengo agertzen dena hartuko da ordezkaritzat.
b) Ondasun higiezinen titulartasuna ezkontide biei edo izatezko bikote bateko kide biei badagokie, ordezkaritza edozein ezkontideri edo bikoteko kideri eman zaiola ulertuko da, salbu eta besterik adierazten ez badute.
c) Gainerako kasuetan, edo nortasunik gabeko entitate baten kasuan, ordezkaritza Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean zehazten denaren arabera arautuko da.
Apartatu honetan ezarritakoa gorabehera, pertsona edo entitate ordezkatuek eskubidea izango dute edonoiz jasotzeko haien titulartasuneko higiezina dela-eta egindako jarduketei buruzko informazioa, bai eta haien inguruan hartzen diren ebazpenei buruzkoa ere.
10. artikulua.– Eskubideak eta betebeharrak.
1.– Higiezinen Foru Katastroarekin dituzten harremanetan, katastroko titularrek Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 34. artikuluak aitortzen dizkieten eskubideak izango dituzte, foru arau honetan ezarritako berezitasunekin.
2.– Katastroko titularrek Higiezinen Foru Katastroari laguntzeko betebeharra dute, eta, horretarako, haren kudeaketarako beharrezkoak diren datu, txosten edo aurrekari guztiak eman behar dizkiote, bai modu orokorrean, bai Katastroko organo eskudunek hala eskatzen dietenean, erregelamenduz ezarritako eran. 3. artikuluko 3. zenbakian ezarritako egiazkotasun presuntzioak ez dio inolako onurarik ekarriko betebehar hori urratzen duen katastroko titularrari.
III. KAPITULUA
KATASTRO KARTOGRAFIA
11. artikulua.– Kontzeptua.
1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko ondasun higiezinen irudikapen grafikoa ondasun horien deskribapen kartografikoaren parte izango da, foru arau honen 3. artikuluan xedatutakoarekin bat. Irudikapen grafiko horrek beti jaso behar du deskribapen kartografikoa, kapitulu honetan ezartzen den eran.
2.– Gipuzkoako Foru Aldundiak prestatutako kartografia partzelarioak eratzen du Higiezinen Foru Katastroaren oinarri geometrikoa. Kartografia partzelario hori izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatutako ondasun higiezinak geoerreferentziatzeko oinarria.
12. artikulua.– Katastro kartografiaren edukia.
1.– Katastro kartografiak, garrantzitsutzat jotzen diren beste ezaugarri batzuez gainera, Higiezinen Foru Katastroan inskribatzekoak diren ondasun higiezinen forma, neurriak eta kokapena definituko ditu, kontuan izan gabe zer erabilera edo jardueratara dedikatzen diren.
2.– Zehazki, katastro kartografiak barne izango ditu:
a) Katastroko poligono eta eremuak, hauek zehaztuak: lurraren lerro iraunkorrak eta haren ezaugarri nabarmenenak, udal mugartearen mugak eta lurzoru motak.
b) Ondasun higiezinak zedarriztatzen dituzten partzelak edo lur zatiak, haietan eraikitako eremuak eta, halakorik badago, labore edo aprobetxamendu bakoitzaren azpipartzelak edo lur zatiak.
3.– Plano grafikoek, udalerri bakoitzerako, kasuan kasuko lurzorua azalduko dute, eta elementu hauek jasoko dituzte:
– Egun dauden bideen lerrokadurak.
– Katastroko poligono eta eremuen zedarriztapena eta zenbakiak.
– Partzela zenbakia edo katastro erreferentzia eta finka zenbakia.
– Kanpoko lerrokadurak eta partzelen arteko mugenak.
– Eraikitako eremuen mugaldeak.
– Eraikin bakoitzaren posta helbidea.
13. artikulua.– Katastro kartografiarako sarbidea.
Katastro kartografia herritarren eta enpresen eskura egongo da, bai eta lurraldeari edo ondasun higiezin zehatzei buruzko informazioa behar duten administrazio eta entitate publikoen eskura ere, horretarako ezartzen diren zerbitzuen bidez.
II. TITULUA
HIGIEZINEN FORU KATASTROA ERATZEA ETA MANTENTZEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua.– Sartzeko nahitaezkotasuna eta prozedura motak.
1.– Nahitaezkoa da ondasun higiezinak Higiezinen Foru Katastroan sartzea eta handik ateratzea, bai eta higiezinon ezaugarrien aldaketak eranstea ere; eransketa horrek, gainera, katastro balioa esleitzea eragin lezake. Betebehar hori zabaldu egin liteke, gainera, aldaketak eragindako higiezinen katastroko deskribapena errealitatearekin bat etortzeko datuetan egin beharreko aldaketa guztiak egin behar izateraino.
2.– Ondasun higiezinak sartzeko edo horien ezaugarriak aldatzeko, jarraian adierazitako prozeduretako bat baliatuko da:
a) Aitorpena.
b) Komunikazioa.
c) Erregularizazioa.
d) Desadostasunak konpondu eta zuzentzea.
e) Katastroa eguneratzea.
f) Ikuskapena.
g) Katastro balioa finkatzea.
15. artikulua.– Araubide juridikoa.
1.– Aurreko artikuluan aipatzen diren prozedurek tributu izaera dute eta foru arau honetan ezarritakoaren arabera arautuko dira; ordezko gisa aplikatuko dira, hain zuzen, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren xedapenak zein hura garatzeko xedapenak, bai eta administrazio zuzenbideko xedapen orokorrak ere.
2.– Katastroaren ondorioetarako, Higiezinen Foru Katastroan inskribatzeko moduko egitate, egintza edo negozioak jasotzen dituzten eskriturei eta dokumentuei ez zaie aplikatuko 18/1987 Foru Arauak, abenduaren 30ekoak, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzkoak, 52. eta 56. artikuluetan xedatzen duena, ez eta 2/2022 Foru Arauak, martxoaren 1ekoak, Oinordekotzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzkoak, 75. artikuluan xedatzen duena eta bat datozen arauetan xedatzen dena ere.
3.– Aurreko artikuluan aipatzen diren prozeduretan, jarduketak aitorpena edo komunikazioa egiteko betebeharra duenarekin edo eskaera egiten duenarekin direla ulertuko dira.
II. KAPITULUA
KATASTROKO ALDAKETAK AITORPEN, KOMUNIKAZIO ETA ERREGULARIZAZIO PROZEDUREN BIDEZ SARTZEA
16. artikulua.– Aitorpen, komunikazio eta erregularizazioen xede diren aldaketak.
Foru arau honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honako hauek hartuko dira ondasun higiezinen aldaketatzat:
– Eraikin berriak egitea eta daudenak handitu, eraberritu edo birgaitzea, eraitsi edo lurreratzea, hala zati batean nola osorik.
Ez dira aldaketatzat joko eraikinen kontserbazio edo mantentze hutserako diren obrak edo konponketak, nahiz eta aldian aldikoak izan; halaber ez dira aldaketatzat joko soilik eraikinen ornamentazio edo dekorazio ezaugarriei eragiten dietenak.
– Hiri ondasunen erabilera edo xedearen aldaketak.
– Landa ondasun higiezinetan, laborantza mota edo aprobetxamendua aldatzea.
Ez dira aldaketatzat joko ziklikoak diren aldaketak edo labore txandaketari dagozkionak.
– Jabetza eskuratzea, eskualdatzea eta finkatzea eta foru arau honen 9. artikuluan jasotako eskubideetako edozein eratzea, aldatzea edo iraungitzea.
Ondorio horietarako, aurreko paragrafoan aipatutako eskubide edo betebeharren titularraren heriotza aldaketatzat joko da.
– Ezkontide edo izatezko bikote bateko kide bakoitzari ondasun higiezin komunetan dagokion partaidetza kuotaren aldaketak, edo, titular bat baino gehiago egotekotan, foru arau honen 9. artikuluan aipatzen diren erkide, kide edo partaide bakoitzari dagokion barne osaera eta partaidetza kuotaren aldaketak edo nortasunik gabeko entitateen aldaketak.
– Partzelazio eta birpartzelazio urbanistikoak, partzelen kontzentrazioak, bereizketak, zatiketak, elkarketak, eransketak, desjabetzeak edo mugaketak, ondasun higiezinen berrantolaketa bat dakartenean.
– Higiezinari eragiten dioten hirigintza inguruabarren aldaketa.
17. artikulua.– Aitorpen bidez sartzeko prozedura.
1.– Aitorpentzat joko dira higiezinen alta, baja edo katastro deskribapena aldatzea dakarten inguruabarrak gertatu direla Higiezinen Foru Katastroaren aurrean adierazteko edo aitortzeko baliatzen diren dokumentuak.
Aitorpenak Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak ezartzen dituen modu, epe, inprimaki eta baldintzetan egingo dira.
2.– Foru arau honen 9. artikuluan aipatzen diren eskubideen titularrek aitorpenak egin behar dituzte ondasun higiezinak eta higiezinetan gertatzen diren aldaketak Higiezinen Foru Katastroan sartzeko. Era berean, Higiezinen Foru Katastroari laguntzeko betebeharra dute, eta, horretarako, haren kudeaketarako beharrezkoa den informazio guztia eman behar diote, bai modu orokorrean, bai Katastroko organo eskudunek hala eskatzen dietenean, erregelamenduz ezarritako eran.
Titulartasuna aldatzeari edo foru arau honen 9. artikuluan jasotako eskubideetako edozein eratu edo iraungitzeari lotuta dauden aldaketak pertsona edo entitate eskualdatzaileak ere aitortu ahal izango ditu.
3.– Pertsona bat baino gehiago badaude aitorpena egitera behartuta, haietako batek betebeharra betez gero betetzat joko da betebeharra.
4.– Erregelamendu bidez, katastroko aldaketak komunikatzeko zenbait kasu zehaztu ahal izango dira, zeinetan katastroko titularrak salbuetsita geratuko diren artikulu honetan araututako aitortzeko betebeharretik.
18. artikulua.– Komunikazio bidez sartzeko prozedura.
1.– Hauek hartuko dira komunikaziotzat:
a) Notarioek eta jabetza erregistratzaileek foru arau honen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera igorri behar duten informazioa, haiek baimendutako edo inskribatutako dokumentuei dagokienez, baldin eta dokumentu horien edukiak berekin badakar jabetza eskuratzea edo kontsolidatzea, edo gozamen eskubideak, azalera eskubideak edo administrazio emakida bat eskuratzea edo eratzea, dela higiezin osoari buruz, dela haren kuota indibiso bati buruz (aldez aurretik Higiezinen Foru Katastroan sartu dena), betiere interesdunek katastro erreferentzia eta finka zenbakia aurkeztu badituzte foru arau honen IV. tituluan aipatzen den moduan, eta eskritura publikoan formalizatzen bada edo Jabetza Erregistroan inskribatzeko eskatzen bada.
Era berean, komunikaziotzat hartuko da notarioek ondasun higiezinen bereizketari, zatiketari, eransketari edo taldekatzeari buruz bidali behar duten informazioa, baldin eta, foru arau honen 44. artikuluaren 2. zenbakian aurreikusitako jarduketak egin ondoren, ukitutako higiezinen katastro erreferentzia eta finka zenbakia jasotzen badira, jarduketa horien xede diren higiezinak eta Higiezinen Foru Katastroan agertzen den deskribapena bat badatoz, eta aldaketa horiek identifikatzeko aukera ematen duen planoa aurkezten bada, katastro kartografiaren gainean adierazita.
b) Udalek eta gainerako toki entitateek egiten dituztenak, baldin eta ordenantza fiskalaren bidez behartzen badira Higiezinen Foru Katastroari katastroko alta, baja edo aldaketa eragin dezaketen egitate, egintza edo negozioen berri ematera, udal lizentzia edo baimena eman zaien jarduketen ondorioz, Ogasun eta Finantza Departamentuak zehaztutako moduan eta baldintzetan.
c) Administrazio jarduleek Higiezinen Foru Katastroan formalizatu behar dituztenak, erregelamendu bidez zehazten diren lurzati kontzentrazioko, administrazio mugaketako, nahitaezko desjabetzeko eta hirigintza plangintzako eta kudeaketako egintzetako kasuetan. Komunikazioak organo jarduleak emandako administrazio ziurtagiria barne hartuko du.
Aipatu jarduketak Jabetza Erregistroan inskribatu direnean, erregistratzaileak Higiezinen Foru Katastroari ere jakinaraziko dio informazioa, baldin eta, 45. artikuluaren 5. zenbakian aurreikusitako jarduketak egin ondoren, ukitutako higiezinen katastro erreferentzia eta finka zenbakia jasotzen badira, bai eta jarduketa horiek katastro kartografian identifikatzea ahalbidetzen duen planoa ere.
Komunikazioa izango da, halaber, jabetza erregistratzaileek igorri behar duten informazioa, ondasun higiezinak banantzeko, zatitzeko, gehitzeko edo taldekatzeko partzelazio egintzei buruzkoa, baldin eta aurreko paragrafoan adierazitako betekizunak betetzen badira eta Jabetza Erregistroan inskribatzeko eskatzen bada, kasuan kasuko egitate, egintza edo negoziotik bi hilabeteko epean.
d) Nekazaritza, elikadura eta ingurumenaren arloan eskumena duen administrazioak bidali behar duen katastroko informazio garrantzitsua, landa ondasun higiezinen laboreen edo aprobetxamenduen aldaketei buruzkoa, baldin eta Nekazaritza Politika Erkidearen laguntzen eskaerak direla-eta horren berri badu.
e) Foru arau honen 34. artikuluan xedatutakoaren arabera Ogasun eta Finantza Departamentuari emandako datuak, txostenak edo aurrekariak, betiere katastro aldaketa egiaztatzeko behar den dokumentazio guztia gaineratzen badute, hark ezarritako baldintzen arabera.
2.– Komunikazio prozedura zuzenean hasi ahal izango da ebazpen proposamena jakinaraztearekin batera, hirugarren ukiturik ez dagoen kasuetan. Kasu horretan, espedientearen berri emango da alegazioak aurkezteko 15 eguneko epean. Epe hori igaro eta interesdunek alegaziorik aurkeztu ez badute, ebazpen proposamena behin betiko bihurtuko da, eta epe hori amaitu eta hurrengo egunean eman eta jakinarazi dela ulertuko da, eta espedientea itxi eta artxibatu egingo da.
19. artikulua.– Erregularizazio bidez sartzeko prozedura.
1.– Aitortzeko betebeharra duten pertsonek eta entitateek ez badituzte aitortu foru arau honen 16. artikuluan definitzen diren katastroko aldaketak eta haiek komunikatzeko salbuespenik ez badute 17. artikuluko 4. zenbakian ezarritakoaren arabera, Ogasun eta Finantza Departamentuko organo eskudunak Higiezinen Foru Katastroan sartu ahal izango ditu bai ondasun higiezin horiek bai haien ezaugarrien aldaketak, katastroa erregularizatzeko prozeduraren bidez.
2.– Prozedura hori ofizioz hasiko da eta erregularizazioa ukitutako titularrei jakinaraziko zaie, hilabeteko epearen barruan beren borondatez aurkeztu dezaten aurretik egin ez duten aitorpena zein hari dagokion dokumentazioa.
3.– Ondasun higiezinen katastroko egoera aitortzailearen borondatez erregularizatzeko epea amaitu bada baina ez bada aitorpena aurkeztu edo ez bada osorik aurkeztu, aldaketak katastroan jasoko dira, kontuan hartuta bai katastroak erabilgarri duen informazio grafiko eta osagarri guztia, bai eta, halakorik egin bada, eragindako higiezinetan egindako ikuskapenak ere.
20. artikulua.– Aitortzeko, komunikatzeko eta erregularizatzeko prozeduren arau komunak.
1.– Aitorpenek eta komunikazioek Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 104.4 artikuluan ezarritako ziurtasun presuntzioa izango dute, hargatik eragotzi gabe Ogasun eta Finantza Departamentuak interesdunari kasu bakoitzean egoki den dokumentazioa eskatzeko duen ahalmena.
2.– Aitorpen, komunikazio eta erregularizazio prozeduren ondorioz emandako egintzak eraginkorrak izango dira ondasuna katastroan sartzea, handik ateratzea edo katastroa aldatzea eragin zuten egitate, egintza edo negozioak gertatu zen datatik, haiek jakinarazten diren eguna edozein dela ere.
3.– Kapitulu honetan ezarritakoa gorabehera, Ogasun eta Finantza Departamentuak ahalmena izango du zehatzeko prozedura hasteko baldin eta ez bada bete foru arau honen 17. artikuluan aipatzen diren katastroko aldaketak aitortzeko betebeharra.
4.– Aitortu, komunikatu eta erregularizatzeko prozedurak hurrengo eran amaitu ahal izango dira:
a) Ebazpen bidez.
b) Iraungipenagatik, datuak erregularizazio bidez sartzeko prozeduraren kasuan, betiere sei hilabeteko epean ebazpena jakinarazi ez bada, Administrazioak ere prozedura berriro hasteko aukera hargatik eragotzi gabe.
III. KAPITULUA
DESADOSTASUNAK KONPONDU ETA ZUZENTZEKO PROZEDURA
21. artikulua.– Desadostasunak konpontzeko prozedurak.
A) Desadostasunak konpontzeko prozedura ofizioz edo katastroko titularrek eskatuta hastea.
1.– Ogasun eta Finantza Departamentuak, ofizioz edo katastroko titularrek eskatuta, konpon ditzake katastroko datuen eta higiezinen errealitatearen arteko desadostasunak, baldin eta desadostasunok ez badira sortu bete ez direlako foru arau honen 17. eta 18. artikuluetan ezartzen diren aitortzeko edo komunikatzeko betebeharrak.
2.– Edonola ere, alegazioen izapidea irekiko dela jakinaraziko zaie kasuan kasuko ebazpenak eragin liezaiekeen ondasun higiezinen titularrei, eta hilabeteko epea emango zaie jabetza titulua eta ondasun higiezin horiei dagokien gainerako dokumentazioa aurkezteko zein beren eskubidea defendatzeko komenigarritzat jotzen dituzten alegazioak egiteko.
Hala ere, jakinarazpen horiek egitea ez da beharrezkoa izango Hipoteka Legearen VI. tituluan aurreikusitako erregistro prozeduretatik hala ondorioztatzen denean.
3.– Epea amaituta eta aurkeztutako dokumentazioa eta egindako alegazioak ikusita, ebazpena emango du Ogasun eta Finantza Departamentuak, eta katastroko datuak aldatuko ditu, hala badagokio.
4.– Desadostasunak konpontzeko prozedura ebazteko gehienez ere sei hilabeteko epea dago egun hauetako batetik zenbatuta: edo prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik zenbatuta edo desadostasunak konpontzeko eskaera prozedura hori ebatzi behar duen organo eskudunaren erregistroan sartzen den egunetik zenbatuta.
5.– Desadostasunak konpontzeko prozedura baten ondorioz ematen den ebazpena prozedura hasten den egunaren biharamunetik aurrera izango da eraginkorra.
6.– Desadostasunak konpontzeko eskaerak ez dira onartuko kasu hauetan:
a) Partzelen edo katastroko elementuen azaleraren aldaketen inguruko desadostasunetan, ez bada grafikoki dokumentatzen zer zedarriztatze zehatz izango duten lortu nahi den titulartasunaren mugek.
b) Partzela edo higiezin unitate baten edo gehiagoren okerreko zehaztapenaren ondoriozko aldaketen inguruko desadostasunetan, baldin eta interesdunak aurkeztutako neurketa teknikotik ateratzen den azaleraren aldea txikiagoa bada erregelamenduz zehazten den tolerantzia teknikoa baino, zehaztapen grafiko ez esanguratsua izateagatik.
7.– Kasu hauetan, berriz, artxibatu egingo da desadostasunak konpontzeko ofizioz hasitako espedientea edo ezetsi egingo da katastroko datuak zuzentzeko eskaera:
a) Partzela edo higiezin unitate baten edo batzuen mugak eta azalerak aldatzearen inguruko desadostasunak direnean: espedienteari erantsitako dokumentazioak agerian uzten badu izaera zibileko auziren bat dagoela edo ezinezkoa dela katastroko irudikapen grafikoan akats bat egoteari buruzko uste oso eta zalantzarik gabekoa izatea.
b) Partzela edo higiezin unitate baten edo batzuen katastroko titulartasunaren inguruko desadostasunak direnean: espedienteari erantsitako dokumentaziotik agerian geratzen bada izaera zibileko auziren bat dagoela partikularren artean, inskribatutako titularrak katastroko titulartasuna aldatzearen kontra egoteagatik.
8.– Ondasunen titularrek eskatuta hasi diren desadostasunak konpontzeko prozeduretan, prozedura haiei egozteko moduko arrazoiengatik geldiarazten bada, Ogasun eta Finantza Departamentuak ohartaraziko die handik hiru hilabetera iraungi egingo dela prozedura. Epe hori amaitu bada baina errekerimendua egin zaion titularrak ez baditu egin izapidea berriro hasi ahal izateko egin beharreko jarduerak, jarduketak artxibatuko dira eta horren berri emango zaie interesdunei. Prozedura iraungitzat aitortzen duen ebazpenaren aurka, dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.
Ofizioz hasitako prozeduretan, artikulu honetako A letraren 4. apartatuan ezarritako sei hilabeteko epea berariazko ebazpenik eman gabe amaitzeak prozeduraren iraungitzea ekarriko du. Prozedura interesdunak eskatuta hasten bada, ebazpena emateko epea amaitzeak ezespena ekarriko du administrazio isiltasunez.
B) Desadostasunak konpontzeko prozedura notarioen kolaborazioarekin hastea.
Egitate, egintza edo negozio bat dokumentu publiko batean baimentzean, partzelaren konfigurazioaren edo azaleraren inguruan izan daitezkeen desadostasunak konpontzeko, prozedura honi jarraituko zaio:
1.– Dena delako egitateak, egintzak edo negozio juridikoak formalizatzen dituen notarioak egilesleei eskatuko die adieraz dezatela foru arau honen 3.2 artikuluan aipatzen den ziurtagiri katastralean jasotako deskribapena ea bat datorren dokumentu publikoa egilesteko unean higiezinak duen errealitate fisikoarekin.
2.– Egilesleek adierazten badute errealitate fisikoa eta ziurtagiri katastralean jasotakoa bat datorrela, notarioak higiezina deskribatuko du agiri publikoan, ziurtagiri horri erreparatuta, eta egilesleek beren adostasuna adierazi dutela jasoko du bertan.
Zuzendu beharrekoa lehenagotik datorren titulu bat denean, datu berriak jasoko dira titulu horretan ageri zirenak adierazita. Haren ondorengo dokumentuetan, aski izango da deskribapen eguneratua jasotzea.
3.– Egilesleek adierazten badute errealitate fisikoaren eta ziurtagiri katastralaren artean desadostasun bat dagoela, notarioak eskatuko du hura frogatu dadila zuzenbidean onartutako bideetako edozein erabilita. Notarioak irizten badu desadostasuna behar den eran frogatu dela, foru arau honen 9. artikuluko 4. zenbakian xedatutakotik ondorioztatzen diren titularrei hala jakinaraziko die, jakitun izanik titular mugakideak zuzenketak ukituta gerta daitezkeela; hartara, horiek hogei eguneko epea izango dute beren eskubidearen arabera komeni zaiena alegatzeko. Deskribapen berriari ez bazaio aurkarik egiten, notarioak dokumentu publiko berean edo geroago propio baimendutako beste batean jasoko du higiezinaren deskribapen hori, aurreko B) letraren 2. apartatuan ezarritako moduan.
Notarioak zuzenketaren berri emango dio Ogasun eta Finantza Departamentuari, erregelamenduz garatuko diren bitarteko telematikoen bidez, dokumentu publikoa formalizatu eta gehienez ere bost eguneko epean. Adierazitako zuzenketa Ogasun eta Finantza Departamentuak teknikoki balioztatu ondoren, Higiezinen Foru Katastroan sartuko da aldaketa. Planoa kartografia katastralaren gainean irudikatuta aurkezten den kasuetan, aldaketa egiteko epea hamabost egunekoa izango da Higiezinen Foru Katastroak haren berri jasotzen duenetik aurrera kontatuta; horrela, notarioak dokumentu publikoan sartu ahal izango du ukitutako higiezinen ziurtagiri katastral deskribatzaile eta grafikoa, deskribapen berria islatuta gera dadin.
4.– Interesdunen batek adierazten badu ez dagoela ados desadostasuna zuzentzearekin edo hura behar bezala frogatuta ez badago, notarioak hala jasoko du dokumentu publikoan, eta, Ogasun eta Finantza Departamentuari horren berri emango dio, bide telematikoa erabilita, hala badagokio bidezko prozedura abiatu dezan.
Higiezinaren konfigurazio eta azalerari buruz B letra honen 2. eta 3. apartatuetan aipatutako ziurtagiri katastral deskribatzaile eta grafiko eguneratuaren arabera egiten den deskribapena Jabetza Erregistroan inskribatuta dauden finken idazpenetan jaso beharko da, erregistratzaileak bere eskumenen barruan dituen eginkizunak eragotzi gabe.
Dena delako finka eta erregistroan inskribatutakoa bat baldin badatoz foru arau honen 42. artikuluan jasotako terminoetan, geroko idazpenetan deskribapen fisiko eta grafiko berria hartuko da oinarritzat.
Bat ez datozen kasuetan, jabetza erregistratzaileak egoera horren berri emango dio, bide telematikoz, Higiezinen Foru Katastroari, eta azken horrek, zein arrazoi dauden behin aztertuta, dagokion txostena egingo du, eta, hala badagokio, baita bidezko prozedura abiatuko ere. Txostenaren ondorioak Jabetza Erregistroan jasota utziko dira.
Ogasun eta Finantza Departamentuaren ebazpen bidez, eta Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman ondoren, zilegi izango da ondasun higiezinaren deskribapenari buruzko beste elementu batzuk zehaztea, haien inguruko desadostasunak B letra honetan aurreikusitako prozeduraren arabera zuzendu daitezen.
22. artikulua.– Zuzentzeko prozedura.
1.– Ogasun eta Finantza Departamentuak ofizioz zuzendu dezake katastroko datu basean jasotako informazioa baldin eta beharrezkoa bada azalerak zuzentzea, betiere erregelamenduz ezarritako tolerantzia marjinaren barruan. Zuzenketak egin ditzake, halaber, posta identifikatzaileetan edo kartografian gertatutako aldaketak islatzeko zein Higiezinen Foru Katastroa eta higiezinen errealitatea bat etor daitezen egin beharreko jarduketa orokorrak egiteko.
2.– Zuzentzeko prozedura baten ondorioz ematen den ebazpena hura erabakitzen den egunaren biharamunetik aurrera izango da eraginkorra.
3.– Aurrekoa gorabehera, zuzentzeko prozedura baten barruan egindako aldaketek eragindako katastroko titularrei ez bazaie banan-banan jakinarazten prozeduraren ebazpena, interesdunok edozein unetan eskatu ahal izango dute, zuzenean, hura zuzentzea, betiere egiaztatzen badute egindako aldaketak ez duela islatzen higiezinaren errealitate fisiko edo juridikoa.
IV. KAPITULUA
EGUNERATZEKO PROZEDURA
23. artikulua.– Eguneratzeko prozedura.
1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak irizten badio beharrezkoa dela Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerri bateko edo batzuetako edo udalerri baten zati bateko katastroko datuen berrikusketa orokorra egitea, katastroa eguneratzeko prozedura hasi ahal izango du, Diputatuen Kontseiluak eman eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den erabaki baten bidez.
2.– Iragarkia argitaratzearekin batera epe bat zabalduko da, non prozedurak ukitutako katastroko titularrek aukera izango duten haien jabetza tituluak zein egoki iritzitako dokumentazio osagarri guztia aurkezteko. Edonola ere, foru arau honen 16. artikuluan definiturik dauden katastroko aldaketei buruzko dokumentazio juridiko eta grafikoa aurkeztu beharko dute, baldin eta aldaketa horiek ez badituzte aurretik aitortu foru arau honen 17. artikuluan ezarritako eran.
3.– Dokumentuok aurkezteko epea amaituta, katastroa eguneratuko da, hots, berrikusten den eremuaren zedarriztatze grafiko berria egingo da katastroko kartografian, dagozkion titulartasunak esleituko dira eta ukitutako higiezinen karakterizazioa eta haren ondoriozko balioztatzea egingo dira.
4.– Higiezinen zedarriztatze grafikoa eta karakterizazioa egiteko lanak amaitu ondoren, iragarkia argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, jendaurreko erakusketa egitearren.
Aurrekoaz gainera, baina informazioa emateko baino ez, komunikazio bat bidali ahal izango zaie interesdunei, jendaurreko erakusketa non eta zein epetan egingo den adierazteko, eta higiezinak nola geratzen diren deskribatzen duen dokumentu bat ere bidali ahal izango zaie.
Jendaurreko erakusketak dirauen artean alegazioak aurkez daitezke bai zedarriztatzeari buruz bai titulartasunari eta egindako karakterizazioari buruz.
5.– Jendaurreko erakusketa amaituta eta aurkeztutako alegazioak ikusita, katastroaren eguneratzea behin betiko onartzeko Diputatuen Kontseiluaren erabakia hartuko da eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
6.– Katastroko titular guztiei jakinarazi behar zaie higiezin edo higiezin unitate bakoitzak zer behin betiko konfigurazio izango duen eguneratzearen ondorioz; jakinarazpena foru arau honen 30. artikuluko 6. zenbakian zehazten den eran egin behar da.
7.– Katastroa eguneratzeko prozedura ebazteko gehieneko epea urtebete da, prozedura hasteko erabakia argitaratzen den egunetik hasita. Nolanahi ere, epe hori beste sei hilabeterako luzatu ahal izango da, ezohiko inguruabarrak badaude edo zailtasun berezia duten jarduketak badira.
V. KAPITULUA
KATASTROAREN IKUSKAPENA
24. artikulua.– Ikuskatzeko jarduketen izaera eta motak.
1.– Katastroa ikuskatzeko jarduketek tributu izaera dute eta foru arau honetan ezarritakoaren arabera arautuko dira; ordezko gisa aplikatuko dira, hain zuzen, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren xedapenak zein hura garatzeko xedapenak.
Jarduketa horiek Higiezinen Foru Katastroan eranstekoak edo aldatzekoak diren ondasun higiezinei buruzko egitate, egintza, negozio eta bestelako inguruabarrak egiaztatzeko eta ikertzeko egin ahalko dira, eta baita informazioa, balorazioa, txostena eta aholkularitza lortzeko ere.
2.– Egiaztatzeko eta ikertzeko egiten diren jarduketen xedea izango da katastroko araudian xedatzen diren betebehar eta obligazioak behar bezala bete direla egiaztatzea. Horretarako, Ikuskaritzak foru arau honetan arautzen diren aitorpen eta komunikazioen osotasuna, zehaztasuna eta egiazkotasuna egiaztatuko ditu, eta aitortu edo komunikatu ez den edo partzialki aitortu edo komunikatu den egitate, egintza edo negoziorik baden ikertuko du.
25. artikulua.– Ikuskatzeko jarduketen dokumentazioa eta eraginkortasuna.
1.– Katastroa ikuskatzeko jarduketak eginbide, komunikazio, akta eta txostenen bidez dokumentatuko dira.
2.– Ikuskatzeko jarduketen ondorioz Higiezinen Foru Katastroan ondasun higiezinak erantsi edo aldatzen badira, eranste edo aldaketa horiek eraginkorrak izango dira jarduketa horiekin lotura duen egitate, egintza edo negozioa gertatu zen datatik hasita, hargatik galarazi gabe zehapen prozedura hasteko aukera, egokia bada, sei hilabeteko epe barruan, katastroa aldatzen duen egintza jakinarazi edo jakinarazitzat jotzen den datatik hasita.
3.– Datuak nahikoa badira eta ikuskatzeko prozedurak eragindako hirugarrenik ez badago, prozedura zuzenean has daiteke ikuskapen aktaren jakinarazpen bidez, eta hor adieraziko dira ondasun higiezinaren deskribapena erregularizatzeko proposamena, artikulu honen berariazko aipamena eta behin betiko ebazpenaren aurka jarri ahal izango diren errekurtsoak. Kasu horretan, espedientea ikusgai jarriko zaie interesdunei, 15 eguneko epean alegazioak aurkez ditzaten. Epe hori igaro eta interesdunek alegaziorik aurkeztu ez badute, ikuskapen aktan ageri den erregularizazio proposamena behin betiko bihurtuko da aipatutako epea amaitu eta biharamunean, eta bertan jasotzen den erabakia jakinarazitzat joko da, halako moduz non espedientea itxi eta artxibatu egingo baita.
VI. KAPITULUA
BALORAZIOA
1. SEKZIOA
KATASTRO BALIOA ETA HURA ZEHAZTEA.
26. artikulua.– Katastro balioa.
1.– Katastro balioa balio fiskal bat da, eta modu objektiboan zehazten da higiezin bakoitzarentzat Higiezinen Foru Katastroan jasota dauden datuak oinarri hartuta. Katastro balioak barne ditu lurzoruaren katastro balioa eta eraikuntzen katastro balioa.
2.– Higiezinen katastro balioa ezin da izan merkatuko balioa baino handiagoa.
Merkatuko baliotzat joko da kargarik gabeko higiezin bat alderdi independenteen artean eta merkatuko baldintza arruntetan eskualdatuz gero ordain litekeen preziorik probableena, eskaintza eta eskariaren arrazoizko funtzionamendu ekonomikoa duen merkatu baten testuinguruan.
Ondorio horietarako, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren foru agindu bidez ezarriko da merkatuaren erreferentziako koefiziente bat mota bereko ondasunetarako.
3.– Babes publikoko etxebizitza moduan kalifikatu diren ondasun higiezinen kasuan, katastro balioa ez da izango babes publikoko etxebizitzak erregulatzen dituen araudian ezarritako gehieneko salmenta prezioa baino handiagoa.
27. artikulua.– Ondasun higiezinen katastro balioa zehazteko irizpideak.
1.– Katastro balioa zehazteko irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Higiezinaren kokalekua, lurzoruari eragiten dioten hirigintzako inguruabarrak eta ekoizpenerako duen gaitasuna.
b) Eraikinen exekuzio materialeko kostua, kontrataren mozkinak, ordainsariak eta eraikuntza kargatzen duten tributuak, eraikinaren erabilera, kalitatea eta antzinatasuna, eta izaera historiko-artistikoa edo eraikin bestelako baldintzak.
c) Ekoizpen gastuak eta sustapeneko enpresa jardueraren mozkinak, edo, halako sustapenik ez badago, kasu horri dagozkion bestelako faktoreak.
d) Merkatuko inguruabarrak eta balioak.
e) Erregelamenduz zehazten den beste edozein faktore esanguratsu.
2.– Ondasun higiezinen balioa zehazteko arau teknikoak erregelamenduz ezarriko dira, eta jaso egin behar dituzte, arestian azaldutako irizpideekin bat eta ondasun higiezinei eragiten dieten ezaugarri intrintseko eta estrintsekoen arabera, haien katastro balioa zehaztea ahalbidetzen duten kontzeptuak, arauak eta gainerako faktoreak.
28. artikulua.– Katastro balioa zehaztea.
1.– Katastro balioa zehazteko dagozkion balio ponentziak aplikatuko dira, hurrengo artikuluetan zehazten den bezala.
2.– Higiezinen Foru Katastroan foru arau honetan jasotako prozedurak direla bide egindako eranste edo aldaketa guztiek, beharrezkoa denean, eranste edo aldaketak ukitutako higiezinaren katastro balioaren zehaztapen indibidualizatua jasoko dute, haren ezaugarri berriekin. Katastro balioa zehazteko, Katastroko eranstea edo aldaketa eraginkorra den lehenengo ekitaldian kasuan kasuko udalerrian indarrean dauden balio ponentziak aplikatuko dira.
3.– Aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, ondasun higiezin horiei ondoren onartzen diren balio ponentziak aplikatuko zaizkie, bai eta iragandako denboragatik dagozkion antzinatasunagatiko balio galera koefizienteak eta foru arau bidez onartzen diren katastro balioak eguneratzeko koefizienteak ere.
4.– Ogasun eta Finantza Departamentuak finka baten edo batzuen katastro balorazioa zehaztuko du katastro balioari eragiten dioten inguruabarrak aldatu direnean, indarreko ponentzia aldatzea ez badakarte. Zehaztapen horrek eragindako finken katastro balioztatze indibidualizatua du helburu, eta balioak ondoreak sortuko ditu katastro balioa zehaztea behartu duen aldaketa gertatu den datatik aurrera.
5.– Finka baten edo batzuen katastro balioa zehaztea egokia dela ulertuko da, besteak beste, kasu hauetan:
a) Plangintza xehatuaren eta hirigintzako kudeaketarako instrumentuen garapena.
b) Birpartzelazio bidez edo ekitatez banatzeko beste edozein instrumentu dela medio mozkinak eta kargak ekitatez banatzeko prozesuak gauzatzea.
c) Indarreko ponentzian aurreikusita dauden erabilerak aldatzen ez dituzten eraikigarritasunaren aldaketak.
d) Urbanizazioa modu eraginkorrean gauzatzea.
e) Eraikuntzak, birgaitzeak, hobekuntzak eta eraispenak egitea.
f) Higiezinen katastroko ezaugarriak aldatzen dituzten banaketa, multzokatze eta aldaketa fisiko, juridiko edo ekonomikoak.
29. artikulua.– Katastro balioak finkatzea, berrikustea, aldatzea eta eguneratzea.
1.– Katastro balioak foru arau honetan ezarritakoaren arabera finkatu, berrikusi, aldatu eta eguneratuko dira.
2.– Katastro balioa finkatzeko eragiketaren bidez zehazten du Gipuzkoako Foru Aldundiak, lehengo aldiz, ondasun higiezinen gehiengoari dagokion katastro balioa. Horretarako, foru arau honen 30. artikuluan ezarritako prozedura bete beharko da.
3.– Katastro balioa berrikusteko eragiketaren bidez zehazten du Gipuzkoako Foru Aldundiak, aldian-aldian, katastro balioa aurretik esleituta zuten ondasun higiezinen gehiengoari dagokion balio hori. Horretarako, foru arau honen 30. artikuluan ezarritako prozedura bete beharko da.
4.– Katastro balioa aldatzeko eragiketaren bidez zehazten du Gipuzkoako Foru Aldundiak katastro balioa higiezin batentzat edo higiezin multzo batentzat, baldin eta hirigintza plangintzak edo beste inguruabar batzuek agerian uzten badute alde nabarmena dagoela balio haren eta merkatuko balio probablearen artean. Katastro balioaren aldaketak kasu bakoitzari dagokion prozedura bete beharko du, foru arau honen 31. artikuluan araututakoaren arabera.
5.– Katastro balioa eguneratzeko eragiketaren bidez zehazten ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, oro har, katastro balio berriak, aurretik indarrean zeuden balioei koefizienteak aplikatuz, katastro balioak ez daitezen desfasatuta geratu merkatuari dagozkion arrazoiengatik. Aurrekontuen Foru Arauak katastro balioak eguneratu ditzake, koefizienteak aplikatuz, eta eguneraketa hori antzinatasunagatiko balio galera koefizienteekin batera aplikatuko da, azken horiek nahitaezkoak izanik.
2. SEKZIOA
KATASTRO BALIOA FINKATZEKO, BERRIKUSTEKO ETA ALDATZEKO PROZEDURAK. BALIO PONENTZIAK
30. artikulua.– Katastro balioak finkatzeko eta berrikusteko prozedura. Balio ponentziak.
1.– Balio ponentziak dira honako hauek jasotzen dituzten administrazio agiriak: irizpideak, balio eremuak, balioztatzeko arau teknikoak eta indarreko hirigintza plangintza, dagokion lurzoruaren zedarriztapenarekin eta ondasun higiezinen katastro balioak finkatzeko behar diren gainerako elementu guztiekin.
Bi edo hiru mugartetan edo gehiagotan kokatzen diren ondasun higiezinen kasuan, higiezin bakoitzerako, edo erabilera eta xede homogeneoak dituen multzo baterako, bakarra den ponentzia berezi bat aplikatu ahalko da higiezinok balioztatzeko.
Balio ponentzietan, plangintza aldatzearen ondorioz eta ponentzia onartu ondoren bertan aipatzen den mota eskuratzen duten ondasun higiezinak baloratzeko behar diren elementuak eta irizpideak jaso ahal izango dira. Horretarako, ukitutako ondasun higiezinei esleitu ahal zaizkien balio bandak ezarriko dituzte, tipologien, erabileren, hirigintza aprobetxamenduen eta plangintzaren garapen mailen arabera, eta udalerriko gainerako ondasunekin behar bezala koordinatuta.
2.– Katastro balioak finkatzeko eta berrikusteko prozedurak bi fase bereizi ditu: batetik, balio ponentziak prestatzea eta onartzea, eta, bestetik, katastro balioen esleipen indibidualizatua egitea.
3.– Ogasun eta Finantza Departamentuak egingo ditu egokiak diren balio ponentziak, eta 15 eguneko entzunaldia emango die dagokien udalei egokitzat jotzen dutena esan dezaten. Udalek esandakoa ikusirik, Gipuzkoako Foru Aldundiak egokitzat jotzen duen ebazpena emango du, eta prozeduraren izapidetzeak aurrera jarraituko du.
4.– Gipuzkoako Foru Aldundiak onartuko ditu balio ponentziak, eta, ondoren, jendaurrean jarriko ditu 20 egunez. Epe horretan, interesdunek aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango dute Foru Aldundiaren aurrean, edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboaren aurrean. Erreklamazio horiek ez dute etengo egintza bete beharrekoa izatea.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan, Ogasun eta Finantza Departamentuaren webgunean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarriko da jendaurreko epea onartu eta hasi dela, eta baita dagokion udalaren ediktu bidez, kontsulta egiteko moduak eta epea adieraziz. Jendaurreko epearen iragarkia kasuko katastro balioek ondoreak izango dituzten urtearen aurre-aurreko urteko urriaren 1a baino lehen egingo da.
5.– Balio ponentziak jendeari erakusteko epea amaituta, haietatik ondorioztatutako katastro balio indibidualizatuak katastroko titularrei jakinarazi behar zaizkie, balio horiek ondoreak izango dituzten urtearen aurre-aurreko urtea amaitu baino lehen.
6.– Jakinarazpena modu hauetan egin dakioke katastroko titularrari edo hark baimendutako pertsonari: bitarteko elektronikoak erabiliz, titularra edo hark baimendutako pertsonari aurrez aurre, bitarteko ez elektronikoak erabiliz egindako jakinarazpen pertsonal eta zuzenaren bidez, betiere Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauan eta hura garatzen duen araudian xedatutakoaren arabera.
Artikulu honetan aipatzen diren katastro balioak finkatzeko egintzak arrazoitzeko, balio horien jakinarazpen bakoitzean honako hauek adieraziko dira: balio horien jatorri den ponentzia, katastro eremua edo azpieremua, lurzoruaren eragin balioa eta eraikuntza kostua, aplikatutako koefiziente zuzentzaileen identifikazioa, higiezinen azalera katastro ondorioetarako, eta lokalaren antzinatasuna eta xedea. Era berean, foru arau honen 26. artikuluaren 2. apartatuan aipatzen den erreferentzia koefizientea aipatuko da, kasu bakoitzean indarrean dagoena eta aplikagarria dena.
7.– Esleitutako katastro balioa balio hori jakinarazi den urtearen hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera izango da eraginkorra.
8.– Esleitutako katastro balioen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa jar daiteke, edo, bestela, zuzenean erreklamazio ekonomiko-administratiboa; horretarako epeak errekurtso horiei buruzko arautegi erregulatzailean ezartzen dira. Errekurtsoa edo erreklamazioa jartzeak ez du etengo aurkaratutako egintza bete beharrekoa izatea.
9.– Horrela ezartzen diren katastro balioak zortzi urtez behin berrikusiko dira.
31. artikulua.– Katastro balioak aldatzeko prozedura.
1.– Hirigintza plangintza edo bestelako inguruabarren bat dela bide argi geratzen bada funtsezko diferentzia dagoela udalerriko ondasun higiezin gehienen katastro balioaren eta haien merkatu balioaren artean, katastro balioak aldatuko dira, ofizioz zein kasuan kasuko toki entitateak eskatuta.
Aldatu beharra dagoenean, foru arau honen 30. artikuluan ezarritako prozedura berari jarraituko zaio; horretarako, balio ponentzia berriak prestatu eta onetsi beharko dira.
2.– Balio diferentziak udalerriko alde edo eremu batean zein batzuetan soilik agertzen badira, ez da egongo balio ponentzia berriak onetsi beharrik.
Hala gertatzen denean, indarrean dauden balio ponentziak aldatuko dira, eta udal interesdunak edo interesdunek haiei buruzko txostena egin beharko dute, foru arau honen 30. artikuluko 3. zenbakian ezarri bezala.
3.– Bai beste lurzoru batzuk eranstea, bai lurzoru batzuen sailkapena aldatzea ere balio ponentziaren berrikusketa edo aldaketatzat hartuko dira, artikulu honetako aurreko zenbakietan ezarritako baldintzetan.
4.– Horrela aldatu diren katastro balioak banaka jakinarazi behar dira, haien zenbatekoa nahikoa arrazoituta eta foru arau honen 30. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan ezarritakoaren arabera.
5.– Katastro balio horiek jakinarazi diren urtearen hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera izango dira eraginkorrak.
6.– Katastroko titularrak batera aurkara ditzake ponentzien aldaketak eta katastro balioa, haien aurkako aukerako berraztertze errekurtsoa jarriz, edo, bestela, zuzenean erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkeztuz; horretarako epeak errekurtso horiei buruzko arautegi erregulatzailean ezartzen dira. Errekurtsoa edo erreklamazioa jartzeak ez du etengo aurkaratutako egintza bete beharrekoa izatea.
Ondorio horretarako, ponentziak 20 egunez egongo dira interesdunen eskura.
VII. KAPITULUA
KATASTROKO ERROLDA
32. artikulua.– Edukia.
1.– Katastroko erroldak hauek islatuko ditu: ondasun higiezinen izaera, ondasun higiezinen gaineko zergaren subjektu pasibo diren katastroko titularrak eta katastro balioak.
2.– Gainera, foru arau honen 6. artikuluko 4. zenbakian aipatzen diren katastroko erreferentzia eta finka zenbakia islatuko du, katastroko elementu bakoitzarentzat.
3.– Horrez gainera, hauek islatuko ditu ere: ondasun higiezinen gaineko zergaren zerga oinarria, karga mota, hobariak, salbuespenak, errekarguak, kuota osoak, kuota likidoak eta zerga borondatezko aldian kudeatzeko behar den informazio guztia.
33. artikulua.– Errolda eratzea eta aldatzea.
1.– Ogasun eta Finantza Departamentuak, urtero, udal mugarte bakoitzerako errolda prestatuko du, udalen eskura jarriko du ondasun higiezinen gaineko zergaren kobratze aldia baino lehen.
2.– Titulu honetan deskribatzen diren katastroaren kudeaketako prozeduren ondorioz higiezinak Higiezinen Foru Katastroan sartu, ondasunok handik atera edo katastroan jasotako datuak aldatzen badira, katastroko errolda aldatu beharko da.
3.– Era berean, Higiezinen Foru Katastroko datuekin zerikusia duen aldaketaren bat egiten bada erroldan, katastrokoetan ere aldaketa bera egin beharko da, eta aldaketa hori, ezinbestean, erroldakoa egin aurretik egin behar da.
Ondorio horietarako, ondasun higiezinen gaineko zerga kobratzeko zerrendak, diru-sarrerari dagozkion dokumentuak edo zerga hori ordaindu izanaren frogagiriak kasuan kasuko udalak eman ondoren egiaztatzen bada ez datozela bat zergaren subjektu pasiboa eta katastroko titularra, organo kudeatzaileak kasuan kasuko ekitaldian sortutako ondasun higiezinen gaineko zergaren likidazioaren subjektu pasiboa dela-eta erabakitzen dituen zuzenketak berehala jakinarazi behar zaizkio Ogasun eta Finantza Departamentuari, erregelamenduz zehaztuko den eran.
Bidali zaion informazioa ikusita, Ogasun eta Finantza Departamentuak katastroko titulartasuna berretsi edo aldatuko du ebazpen bidez, eta ebazpen hori udalari edo toki entitateari komunikatuko dio, likidazio berria egin dezan, hala badagokio.
III. TITULUA
LAGUNTZA ETA INFORMAZIO TRUKEA
34. artikulua.– Laguntzeko betebeharra.
1.– Pertsona fisiko edo juridiko –publiko edo pribatu– guztiek zein Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35. artikuluko 3. zenbakian aipatutako entitateek laguntzeko betebeharra dute, foru arau horretako 90. artikuluan ezartzen den legez, Higiezinen Foru Katastroa eratu eta mantentzeko garrantzi handia duten datuak, txostenak eta aurrekarien inguruan.
2.– Administrazioek eta gainerako entitate publikoek, fede-emaile publikoek eta, oro har, eginkizun publikoak betetzen dituztenak behartuta daude Higiezinen Foru Katastroa eratu eta mantentzeko garrantzi handia duten datuak edo aurrekariak ematera Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza Departamentuari, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 91. artikuluan ezarritako baldintzetan, departamentu horrek hala eskatuz gero, dela xedapen orokorren bidez dela errekerimendu zehatzen bidez. Helburu horretarako, aurreko horiek guztiek informazio horretarako doako sarbidea ahalbidetuko dute, arestian adierazitako baldintzetan, bitarte elektronikoen bidez.
35. artikulua.– Informazio trukea.
1.– Toki entitateek eta gainerako Administrazio jarduleek Higiezinen Foru Katastroa dela-eta hirigintza plangintza, kudeaketa eta diziplinari, partzelen kontzentrazioei, erabilera/xedea aldatzeko lizentziei, mugaketa administratiboei eta nahitaezko desjabetzeari buruzko informazio garrantzitsu guztia bidali behar diote Ogasun eta Finantza Departamentuari.
2.– Notarioek eta jabetza erregistratzaileek telematikoki bidaliko diote Ogasun eta Finantza Departamentuari haiek eskuetsi dituzten edo erregistroko inskripzio bat eragin duten dokumentuei buruzko informazioa, baldin eta dokumentuotan Higiezinen Foru Katastroan inskribatzekoak diren egitate, egintza edo negozioak jasotzen badira. Informazioa notario eta erregistratzaile horien eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean une bakoitzean indarrean dauden akordioen arabera bidali behar dute, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan.
Informazio horretan bereizita adieraziko da katastroko erreferentzia emateko betebeharra –foru arau honen 38. artikuluan ezarritakoa– bete ez duten pertsonen nortasuna.
3.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza Departamentuak datu pertsonalak aurreko zenbakietan ezarritakoaren arabera lagatzeko ez da behar datuok ukitutako pertsonaren adostasunik.
IV. TITULUA
KATASTROKO ERREFERENTZIA ETA FINKA ZENBAKIA JASOTA UZTEA DOKUMENTU BIDEZ
36. artikulua.– Katastroko erreferentzia eta finka zenbakia dokumentu batean eta erregistroan jasota uztea.
Ondasun higiezinen katastroko erreferentzia eta finka zenbakia –foru arau honen 6. artikuluko 4. zenbakian aipatzen direnak– honako hauetan agertu beharko da: batetik, ondasun higiezinen jabariari eta gainerako eskubide errealei, haien gaineko errentamendu kontratuei edo haien erabilera edozein tituluren bidez lagatzeari dagokionez garrantzi handia duten egitate, egintza edo negozioak jasotzen dituzten tresna publikoetan, manamendu eta ebazpen judizialetan, administrazio espediente eta ebazpenetan zein bestelako agirietan; bestetik, energia hornitzeko kontratuetan zein proiektu teknikoetan, eta, azkenik, ondasun higiezinei buruz erregelamenduz zehaztutako beste agiri guztietan. Halaber, jasota utziko dira Jabetza Erregistroan, legez ezarritako kasuetan.
37. artikulua.– Salbuespenak.
Ez dira katastroko erreferentzia eta finka zenbakia agerrarazi behar hauetan:
a) Berme eskubide errealen ezereztea jasotzen duten dokumentuak.
b) Zuzenbide publikoko zorrak kobratzea bermatzeko neurriak hartu edo ezeztatzeko administrazio egintzak.
c) Zerga bilketako arautegian araututako ordainketa gerorapen edo zatikapenak xede dituzten prozedurak nahiz tributuak egiaztatu, ikertu eta likidatzeko prozedurak, baldin eta erreferentzia hori aurretik ere ezaguna bazaio Tributu Administrazioari.
d) Ebazpen judizial bat edo premiamendu prozedura batean emandako administrazio ebazpen bat bete eta betearazteko Jabetza Erregistroan egin beharreko idatzoharrak.
38. artikulua.– Behartutako subjektuak.
1.– Honako kasu hauetan ondasun higiezinen katastroko erreferentzia eta finka zenbakia aurkeztu beharra dago:
a) Ondasun higiezinei eragiten dieten prozedurak instruitu edo ebazteko eskuduna den agintaritza judizial edo administratiboaren aurrean aurkeztu behar denean, ondasun higiezin horien gaineko eskubide errealen titularrek zein haietan garrantzi handia duten eskubideen titularrek aurkeztu behar dute.
b) Notarioen aurrean aurkeztu behar denean, kasuan kasuko higiezinaren gainean eratutako egitate, egintza edo negozioa jasota uzteko notario agiria eskatzen edo egilesten dutenek aurkeztu behar dute.
c) Jabetza Erregistroaren aurrean aurkeztu behar denean, erregistratzaileari ondasun higiezinei buruzko idazpen bat egin dezala eskatzen diotenek aurkeztu behar dute.
d) Foru arau honen 36. artikuluan aipatzen den hornidura ematen duten konpainien aurrean aurkeztu behar denean, hornidurok kontratatzen dituztenek aurkeztu behar dute, eta ondasun higiezinaren errentamendu kontratu pribatuetan edo higiezinaren erabilera edozein tituluren bidez lagatzeko kontratuetan, berriz, errentatzaile edo lagatzaileek aurkeztu behar dute.
e) Aurreko letretan aurreikusitako kasuetatik kanpo, interesdunek berez adierazi behar dituzte katastroko erreferentzia eta finka zenbakia haiek eman edo egiten dituzten agirietan.
2.– Finkak aldatzen diren kasuetan, nahikoa izan daiteke jatorrizko finken katastroko erreferentzia eta finka zenbakia aurkeztea, egindako aldaketak islatzen dituen behin betiko planoarekin edo proiektuarekin batera, baldin eta beharrezkoa balitz kasuan kasuko eragiketa horretan.
3.– Katastroko erreferentzia eta finka zenbakia pertsona edo entitate batek baino gehiagok aurkeztu behar duten kasuetan, haietako batek aurkeztuz gero betetzat joko da gainerakoen betebeharra.
39. artikulua.– Katastro erreferentziaren eta finka zenbakiaren frogagiriak.
1.– Ondasun higiezinen katastroko erreferentzia eta finka zenbakia administrazio espediente eta ebazpenetan, tresna publikoetan eta Jabetza Erregistroan utzi behar da jasota, behartutako pertsonak aurkeztu edo emandako agiriaren arabera, zeina honako hauetako bat izan behar den, baldin eta bertan zalantzarik gabe jasotzen badira katastroko erreferentzia eta finka zenbaki horiek:
a) Ziurtagiri deskribatzaile eta grafikoa duen partzelen zedula, Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenez onartzen diren prozedura telematikoen bidez eskuratuko dena.
b) Ogasun eta Finantza Departamentuaren Udal Zergak Kudeatzeko Zerbitzuak emandako ziurtagiria edo bestelako agiria.
c) Eskritura publikoa edo erregistroko informazioa.
d) Ondasun higiezinen gaineko zerga ordaindu izanaren azken ordainagiria.
2.– Agintaritza judizial edo administratiboak, notarioek edo jabetza erregistroek, haien eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetza hitzarmenak direla-eta, zuzenean lor baditzakete artikulu honetako 1. zenbakiko a) letran aipatzen diren katastroko ziurtagiriak, agiri publikoa egilesten duten pertsonek edo erregistro inskripzioa eskatzen dutenek ez dute izango aurreko artikuluan aipatzen den betebeharra.
40. artikulua.– Aurkezteko epea.
1.– Ondasun higiezinen katastroko erreferentzia eta finka zenbakia agintaritza judizial edo administratiboari aurkezteko 10 egun daude, hartarako errekerimendua egiten den egunetik zenbatuta. Notarioen aurrean aurkeztu behar bada, agiria eskuetsi aurretik aurkeztu behar da, eta Jabetza Erregistroaren kasuan, berriz, idatzagiria egiteko epearen barruan. Gainerako kasuetan, agiria ematen den unean edo kontratua sinatzen den unean aurkeztu beharko da.
2.– Ondasun higiezinek ez badute katastroko erreferentziarik eta finka zenbakirik horiek aurkeztu behar diren unean, alegia, aurreko 1. zenbakian aipatzen den unean, erreferentzia eta zenbaki horiek aurkeztu behar dituztenek –foru arau honen 38. artikuluan aipatzen direnek– erreferentzia eta zenbakia jakinarazten zaizkienetik hilabeteko epean komunikatu behar dizkiote kasuan kasuko agintaritza judizial edo administratiboari edo energia hornitzeko zerbitzua ematen duen enpresari.
41. artikulua.– Ez-betetzearen inguruko ohartarazpena.
1.– Administrazio prozedura instruitzeko eskumena duen organoak, notarioek edo jabetza erregistratzaileek ohartarazpen espresu eta idatzizkoa egin beharko diete interesdunei, titulu honetan ezarritako betebeharra betetzen ez duten kasuetan.
2.– Gainera, foru arau honen 18.1 artikuluko a) letran ezarritako betekizunak betetzen ez diren kasuetan, notarioek edo jabetza erregistratzaileek berariaz ohartarazi behar dituzte interesdunak bere horretan jarraitzen duela foru arau honen 17. artikuluko 2. zenbakian ezartzen den aitortzeko betebeharrak.
42. artikulua.– Katastro erreferentzia eta finka zenbakia finkaren identitatearekin bat etortzea.
Titulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, kasu hauetan, katastroko erreferentzia eta finka zenbakia finkaren identitatearekin bat datozela ulertuko da:
a) Kokapenari, izenari eta azalerari buruzko datuak –azken datu hori jasota badago– bat badatoz tituluan agertzen direnekin eta, hala denean, Jabetza Erregistrokoekin.
b) Azalera dela-eta dauden diferentziak % 10 baino handiagoak ez badira eta betiere beste datu deskribatzaile batzuetatik ez bada finkaren identitateari buruzko zalantza funtsaturik sortzen.
Kaleen izenak edo zenbakiak aldatzen badira, aldaketa horiek egiaztatu egin behar dira, salbu eta organo eskudunak, notarioak edo jabetza erregistratzaileak aurretik haien berri badu.
43. artikulua.– Katastro erreferentzia eta finka zenbakia administrazio agirietan jasota uztea.
1.– Foru arau honen aplikazio eremuan sartutako ondasun higiezinei eragiten dien administrazio prozedura bat instruitzeko organo eskudunak errekerimendua egingo die eskubide errealen edo eragin erreala duten eskubideen titularrei foru arau honen 39. artikuluan aipatzen diren katastroko erreferentzia eta finka zenbakia egiaztatzeko dokumentazioa aurkez dezaten, salbu eta organo eskudun horrek kasuan kasuko erreferentzia eta zenbakia prozedura telematikoen bidez lortu ahal duenean. Prozedura amaitzeko ebazpenean jasota utziko dira katastroko erreferentzia eta finka zenbakia, bai eta aurkeztutako frogagiria ere, halakorik aurkeztu bada, eta jasota utziko da, halaber, ea katastroko erreferentzia eta finka zenbakia finkaren identitatearekin bat datozen, aurreko artikuluan ezarritako baldintzetan.
2.– Administrazio prozeduraren ondorioz aldaketa grafikoak egiten badira ondasun higiezinetan edo higiezin unitateetan, administrazio organoak, foru arau honen 38. artikuluko 2. zenbakian ezarritakoarekin bat, behin betiko planoen edo proiektuen kopia bidaliko dio Ogasun eta Finantza Departamentuari, azken horrek aldaketak eragindako ondasun higiezinen katastroko erreferentzia eta finka zenbaki berriak eman eta komunikatu ditzan, erregelamenduz zehazten den eran.
44. artikulua.– Katastro erreferentzia eta finka zenbakia notario agirietan jasota uztea.
1.– Notarioek katastroko erreferentzia eta finka zenbakia egiaztatzen dituzten agiriak aurkezteko eskatuko diete foru arau honen 36. artikuluan aipatzen diren tresna publikoen egilesle edo eskatzaileei, foru arau honen 39. artikuluan aurreikusitako moduan, prozedura telematiko bidez lortu ahal badituzte salbu, eta eskuesten duten agirian katastroko erreferentzia eta finka zenbaki horiek transkribatuko dituzte, eta aurkeztutako agiria matrizeari erantsiko diote, kopiekin batera helaraz dadin.
2.– 38. artikuluko 2. zenbakian aipatzen diren aldaketak finken multzokatzeak, elkartzeak, zatitzeak edo banatzeak badira, edo aldaketak horien gainean jabetza horizontalaren araubidea eratu izanaren emaitza direnean, notarioak Ogasun eta Finantza Departamentuari bidaliko dizkio, dokumentua eskuetsi eta hurrengo bost egunetan, eskrituraren kopia bakuna eta plano edo proiektua, interesdunak halakorik aurkeztu badu, katastroko erreferentzia eta finka zenbaki berri bat eman daitezen. Ogasun eta Finantza Departamentuak katastroko erreferentzia eta finka zenbaki berriak agiri publikoaren notario eskuesleari jakinaraziko dizkio 48 orduko epean, diligentzia edo orri bazterreko ohar bidez matrizean jasota utz ditzan.
Dokumentazio bera aurkeztu beharko da notarioak behin-behineko katastroko erreferentzia eta finka zenbakia esleitzeko, jabetza horizontalaren araubidean eraikitzen ari diren obra berrien kasuan.
45. artikulua.– Katastro erreferentzia eta finka zenbakia erregistroan jasota uztea.
1.– Katastroko erreferentzia eta finka zenbakia Jabetza Erregistroaren idazpenetan jasota uztearen xedea da, besteak beste, Jabetza Erregistroaren eta Higiezinen Foru Katastroaren artean informazioa trukatu ahal izatea.
2.– Erregistratzaileak, aurkeztutako dokumentazioa kalifikatu ondoren, idazpenean jasoko ditu egilesleek agiri inskribagarrian esleitutako katastroko erreferentzia eta finka zenbakia, finka deskribatzeko beste datuekin batera, betiere katastroko erreferentzia eta finka zenbakia bat badatoz finkaren identitatearekin, foru arau honen 42. artikuluan ezarritako baldintzetan.
3.– Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, finken katastroko identifikazioa eragiketa espezifiko moduan erregistra daiteke, legez ezarritakoaren arabera.
4.– Inskribatutako katastroko erreferentziari eta finka zenbakiari aldaketaren bat egiten bazaio, baina aldaketa hori ez bada finkaren ezaugarri fisikoak aldatzearen ondoriozkoa, hura jasota uzteko nahikoa izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo eskudunak horretarako emandako ziurtagiria.
5.– Hirigintza izaerako egintzak inskribatuz gero, erregistroak behin betiko planoaren edo proiektuaren kopia bidaliko dio Ogasun eta Finantza Departamentuari. Higiezinen Foru Katastroan bidezko inskripzioak edo aldaketak egin ondoren, departamentu horrek erregistratzaileari itzuliko dizkio kasuan kasuko egintzaren xede diren finken katastroko erreferentziak eta finka zenbakiak.
6.– Katastroko erreferentzian eta finka zenbakian desadostasunak egoteak ez dio eragingo inskripzioaren baliozkotasunari.
46. artikulua.– Katastro erreferentzia eta finka zenbakia egiaztatzea.
1.– Administrazio prozedura bat instruitzeko organo eskudunak, notarioek edo Jabetza Erregistroak irizten badiote balitekeela interesdunak aurkeztutako agirietatik ateratzen diren katastroko erreferentzia eta finka zenbakia ez izatea agirian jasotzen den egitate, egintza edo negozio juridikoaren xede den higiezinarenak, nahiz eta finkaren identitatearekin bat etorri foru arau honen 42. artikuluan ezarritako baldintzetan, bada, orduan, Ogasun eta Finantza Departamentuari komunikatuko diote hori guztia eta ziurtagiria edo agiri informatiboa eskatuko diote, zeina jasota geratzeko moduko edozein bide erabiliz bidaliko zaien ahalik eta lasterren eta, nolanahi ere, eskaera jaso eta hurrengo bost egun baliodunen barruan.
2.– Administrazio prozeduretan, ziurtagiri hori espedienteari erantsiko zaio, interesdunak entzun ondoren, nahiz eta espedientea ebatzita egon.
3.– Artikulu honetako 1. zenbakian ezarritakoa gorabehera, notario agirien kasuan, notarioek agiriok eskuetsi egin ahal izango dituzte, egilesleek presa dagoela alegatuz gero; bertan notarioek katastroko erreferentzia eta finka zenbakia transkribatuko dituzte, zer frogagiri aurkeztu den adieraziko dute eta azalduko dute zalantza dutela katastroko erreferentzia eta finka zenbakia higiezinarekin bat etortzeari buruz. Agiriak eskuetsi ondoren, notarioak ez du agerraraziko Ogasun eta Finantza Departamentuak jakinarazi dizkion katastroko erreferentzia eta finka zenbakia, egilesleek horretarako baimena ematen diotenean izan ezik.
4.– Jabetza Erregistroak, bidali zaion ziurtagiriari edo agiri informatiboari behin oniritzia eman ondoren, katastro erreferentzia eta finka zenbakia utziko ditu jasota idazpenean, edo idazpen hori lehendik eginda badago, haren albo ohar batean. Behar den kasuetan, tituluan oin ohar bat eginez ere adieraziko da hori, interesdunek behar bezala baimenduta betiere.
V. TITULUA
KATASTROKO INFORMAZIORAKO SARBIDEA
47. artikulua.– Araudi aplikagarria.
1.– Katastroko informaziorako sarbidea datu pertsonalak babesteari buruzko legerian ezarritakoaren mende egongo da.
2.– Katastroko informazio grafiko eta alfanumerikoa eman eta erabiltzea jabetza intelektualari buruzko legerian ezarritakoaren mende egongo da. Egile eskubideak beti dagozkio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
3.– Ogasun eta Finantza Departamentuak ukatu egin dezake katastroko informaziorako sarbidea, modu arrazoituan betiere, baldin eta irizten badio informazio horretarako sarbideak kalte larria eragin diezaiekeela Gipuzkoako Foru Aldundiaren interesei, bere eginkizunen konplimendua oztopa dezakeela edo zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren eraginkortasunari eragin diezaiokeela.
4.– Katastroko informazioa bakarrik emango da Gipuzkoako Foru Aldundian eskura dauden formatuetan, eta, ahal den guztietan, teknika eta bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiliko dira informazio hori emateko.
48. artikulua.– Datu babestuak.
Titulu honetan xedatutako ondorioetarako, Higiezinen Foru Katastroan katastroko titular gisa inskribatuta daudenen izena, abizenak, sozietate izena, identifikazio kodea eta helbidea izango dira datu babestuak.
49. artikulua.– Sarbiderako baldintza orokorrak.
1.– Pertsona guztiek izango dute beren titulartasuneko higiezinei buruz Higiezinen Foru Katastroan dagoen katastroko informazio eguneraturako sarbidea, bai eta babestu gabeko datuen informazio eguneraturako sarbidea ere.
2.– Gainera, honako hauek katastroko informazio babesturako sarbidea izango dute, interesdunaren adostasunik behar izan gabe:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiko, beste foru aldundietako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organoek zein beste lurralde administrazio publikoetakoek, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eta Gizarte Segurantzako entitate kudeatzaileak eta zerbitzu erkideek, baina beti eskumen, egokitasun eta proportzionaltasun printzipioek ezartzen dituzten mugekin.
b) Parlamentuko ikerketa batzordeek, Arartekoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak zein antzeko eginkizunak dituzten araubide erkideko instituzioek edo autonomikoek.
c) Epaileek, auzitegiek eta Ministerio Fiskalak.
d) Organismo, korporazio eta entitate publikoek, beren eginkizun publikoak betetzeko, baldin eta zenbaki honetako a) letran ezarritako baldintzak betetzen badira.
e) Onura publikoagatiko edo interes sozialagatiko desjabetzearen onuradun diren entitateek eta gainerako onuradunek, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legeak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduak ezarritako baldintzetan (erregelamendu hori 1957ko apirilaren 26ko dekretu baten bidez onetsi zen).
3.– Aurreko zenbakietan zehaztutako kasuak ez direnean, katastroko datu babestuetarako sarbidea bakarrik egin ahal izango da datuok ukitutako pertsonek, berariaz, modu espezifikoan eta idatziz horretarako adostasuna ematen badute, edo lege edo foru arau batek xedatzen badu ez dela adostasunik behar, edo informazioa eskatzen bada interes legitimo eta zuzenekoa agertzen eta justifikatzen den kasu hauetako batean:
a) Unibertsitate edo ikerketa zentroen babespean egiten diren ikerketa proiektu historiko, zientifiko edo kulturalak gauzatzeko denean, betiere Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza Departamentuak garrantzizkotzat jotzen baditu.
b) Notarioek eta jabetza erregistratzaileek finkak identifikatzeko denean eta, bereziki, foru arau honen IV. tituluan ezarritakoa bete eta betearazteko denean.
c) Partzela mugakideak identifikatzeko denean, Higiezinen Foru Katastroan partzela horien titular gisa agertzen direnek eskatzen badute.
d) Higiezinen Foru Katastroan inskribatutako ondasun higiezinen gaineko eskubide errealen edo ondasunon gaineko errentamenduaren edo apartzeriaren titular edo titularkide direnek eskatzen dutenean, aipaturiko higiezin horiei buruz.
e) Jaraunsleek eta oinordekoek eskatzen dutenean, kausatzailearen edo eskualdatzailearen izenean Higiezinen Foru Katastroan inskribatuta dauden ondasun higiezinak direla eta.
f) Hirigintza jarduketako eremu batean sartuta dauden partzelak identifikatzeko denean, informazio eskaera jarduketa eremu bereko beste partzela baten titularrek egiten badute.
4.– Edonola ere, aurreko zenbakietan zehaztutako inguruabarretan informazio babesturako sarbidea izan dutenek sarbidea ematerakoan baimendu zaien xederako soil-soilik erabili behar dute informazio hori. Gainera, datu pertsonalak babesteari buruzko legerian ezarritako betebeharrei eta erantzukizunei buruzko araubide juridikoa bete beharko dute, eta, datu babestuei dagokienez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean ezartzen dena ere bai.
50. artikulua.– Amaitutako espedienteen parte diren agirietarako sarbidea.
1.– Eskaera egiten den egunean amaituta dauden espedienteen parte diren agirietarako sarbidea izango dute prozedura horietan alderdi izan direnek, bai eta prozedura horietan hartutako ebazpenek beren eskubide edo interes legitimoetan eragin dieten pertsonek ere.
2.– Halaber, foru arau honen 49. artikuluko 2. zenbakian aipatzen diren organoek, bertan ezarritako baldintzetan, amaitutako espedienteen parte diren erregistro eta agirietarako sarbidea izango dute, katastroko titularraren edo espedienteotan alderdi izan direnen adostasunik behar izan gabe.
VI. TITULUA
ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
51. artikulua.– Arau-hausteak.
Egitate edo jokabide hauek tributu arloko arau-hausteak dira, betiere zehapenaren graduazio-elementu gisa jarduten ez badute:
a) Foru arau honen 17. artikuluan aipatzen diren aitorpenak ez aurkeztea, epez kanpo aurkeztea edo aitorpen faltsuak, osagabeak edo zehaztugabeak aurkeztea.
b) Katastroko erreferentzia eta finka zenbakia aurkezteko foru arau honen 38. artikuluan ezartzen den betebeharra ez betetzea edo katastroko erreferentzia eta finka zenbaki faltsuak edo faltsutuak ematea. Nolanahi ere, behartutakoak erantzukizun orotik salbuetsita egongo dira katastroko erreferentzia eta finka zenbakia ez direnean existitzen edo horiek ezin direnean ezagutu ez foru arau honen 39.1 artikuluan aipatutako bideak erabilita ez Higiezinen Foru Katastroaren bulego birtuala edo sarbide telematikoa zuzenean baliatuta.
c) Foru arau honen 18. artikuluan ezartzen den komunikazio betebeharra ez betetzea.
d) Foru arau honen 34. artikuluan ezartzen den betebeharra –datuak, txostenak edo aurrekariak ematekoa– ez betetzea.
e) Higiezinen Foru Katastroa kudeatu eta ikuskatzeko eskuduna den organoaren jarduketei jarkitzea, aitzakiak jartzea edo haiek egiteari ezezkoa ematea.
52. artikulua.– Zehapen araubidea.
1.– Aurreko artikuluan tipifikatu diren arau-hausteek 100 eta 10.000 euro arteko diru isun finkoa izango dute, kasu hauetan izan ezik:
a) Aitorpenak aurkezten ez direnean edo epez kanpo aurkezten direnean zehapena diru isun proportzional bat izango da, aitortu ez den edo epez kanpo aitortu den aldaketaren ondorioz ondasun higiezinetan gertatutako katastro balioaren gehikuntzaren % 1 artekoa. Edonola ere, gutxienez, 300 eurokoa izango da isuna eta, gehienez, 200.000 eurokoa.
Aitortu ez den edo epez kanpo aitortu den aldaketaren ondorioz ez bada gehitzen aldaketa horrek eragindako ondasun higiezinen katastro balioa, orduan zehapena 300 euroko diru isun finkoa izango da.
b) Tributu arloko arau-haustea aitorpen faltsuak, osagabeak edo zehaztugabeak aurkeztu izana bada, zehapena 100 euroko diru isun finkoa izango da aitorpenean sartu ez den, faltsutu den edo osagabe dagoen datu edo agiri bakoitzeko edo egindako errekerimenduei erantzunez aurkeztu behar zen datu edo agiri bakoitzeko, baina isunaren zenbatekoa, gehienez, 10.000 euro izango da.
2.– Zehapenak graduatu egingo dira, honako irizpide hauen arabera eta erregelamendu bidez haiek aplikatzeko ezartzen diren arauen arabera:
a) Tributu arloko arauak behin eta berriro haustea.
b) Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikerketa jarduerari jarkitzea, oztopoak jartzea edo hura egiteari ezezkoa ematea.
c) Arau-haustea egiterakoan iruzurrezko bideak erabiltzea edo arau-haustea bitarteko pertsona baten bitartez egitea. Ondorio horietarako, agiri faltsuak edo faltsutuak erabiltzea joko da iruzurrezko bidetzat.
d) Betebeharrak edo eginbehar formalak edo lankidetzakoak berez ez betetzea edo atzerapenarekin betetzea.
e) Eman ez diren datu, txosten edo aurrekariek katastroaren kudeaketaren eraginkortasunerako duten garrantzia eta, oro har, betebehar formalak zein Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntzeko edo informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak duen garrantzia.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Izatezko bikoteak.
Foru arau honen ondorioetarako, testu honetan izatezko bikote esaten den guztietan Izatezko bikoteak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako bikoteak aipatzen ari direla joko da.
Era berean, aipamen horien barne ulertuko dira ere beste autonomia erkidegoetako, Europar Batasuneko herrialdeetako, Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeetako zein hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan antzeko moduan eratu eta inskribatu diren izatezko bikoteak.
Halaber, ezkontza bidezko ahaidetasun harremanak aipatzen direnean, izatezko bikotetik eratorritakoak ere ulertuko dira haien barne.
LEHENENEGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Lehendik dagoen balorazio katastrala.
Ondasun higiezinei katastro balio berriak esleitu arte –dela ponentzia berriak onetsiz dela foru arau honetan katastro balioak ezartzeko prozedura dela medio– foru arau hau indarrean jartzeko unean dagoen katastro balioari eutsiko zaio. Aurrekoak ez du eragotziko Gipuzkoako Lurralde Historikoko urteko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Arauaren arabera eguneratu ahal izatea.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ezaugarri bereziak dituzten ondasun higiezinak.
Foru arau hau indarrean jartzean, ondasun higiezinak beren aurreko izaerarekin ageri badira jasota Higiezinen Foru Katastroan eta, foru arau honen 8. artikuluan ezarritakoa betez, ezaugarri bereziko ondasun higiezinak direla jotzen bada, beren katastro balioa mantenduko dute, harik eta haietarako onesten diren ponentzien ondorioz balio berriak zehaztu arte. Balio ponentziak onetsi aurretik, Foru Aldundiak ondasun horiek zedarritu ahal izango ditu. Aurrekoak ez du eragotziko katastro balioak urtero eguneratzea, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren Foru Arauan xedatutakoaren arabera.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Lehendik dagoen araudia.
Erregelamenduzko garapenari dagokionez foru arau honetan jasotakoa onartzen ez den bitartean, egun dauden erregelamendu arauek jarraituko dute indarrean, foru arauaren kontrakoak ez badira.
LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hasita dauden prozedurak.
Foru arau hau indarrean sartu aurretik hasitako prozedurak Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauan ezarritakoaren arabera arautuko dira, amaitu arte.
BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Katastro erreferentzia eta finka zenbakia notario agirietan jasota uztea.
Foru arau honen 44. artikuluko 2. zenbakian aurreikusi den epea ez da aplikatuko katastroko erreferentzia eta finka zenbakia epe horren barruan jakinarazteko behar diren sistema informatikoak erabilgarri egon arte. Ordura arte, erregelamendu bidez ezarriko da epe hori.
SEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Trenbideak, tren geltokiak eta haiekin lotutako eraikinak ezaugarri bereziko ondasun higiezintzat hartzeko unea geroratzea.
Foru arau honen 8.2 artikuluko e) letran xedatutakoa 2028ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da lehen aldiz.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
Foru arau hau indarrean jartzen denetik aurrera, indarrik gabe geratzen dira bertan ezarritakoarekin bat ez datozen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, uztailaren 5eko 12/1989 Foru Araua, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarena, Higiezinen Foru Katastroa arautzen duten artikuluei dagokienez.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.
Baimena ematen zaie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Foru arau hau indarrean jarriko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunetara.
RSS