Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2026ko uztailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3105

EBAZPENA, 2026ko uztailaren 1ekoa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2026ko «Jesús María Leizaola» sarietarako, eta oinarri erregulatzaileak onartzen baitira. Euskal autonomia edo XXI. mendeko politika publikoen garapenean eragina duten erronkei aurre egiteko gobernantza publikoa xede duten ikerlanei ematen zaie «Jesús María Leizaola» saria.

Irailaren 21eko 3/2023 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartu zen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bateginak (gaur egun, Administrazio Publikoaren Euskal Institutua) eginkizun ugari aitortzen dizkio IVAPi. Eginkizun horien artean, besteak beste, azpimarratzekoa da gure autonomia-sistemak dituen berezitasunei buruzko azterlanak sustatu eta zabaltzeko eginkizuna.

Helburu hori lortu nahian, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak «Jesús María Leizaola» ikerketa-saria sortu zuen 1990ean, inolako zalantzarik gabe gure herriaren eredu eta ordezkari izan genuen gizon ospetsu haren omenez. Baina izan genuen beste asmorik ere saria eratzerakoan: alde batetik, etapa autonomikoaren garapenaren hasierari buruzko azterlanak bultzatu nahi genituen, eta, bestetik, lehengo garai historikoen gaineko ikerlanak sustatu, aldi horiek euskal autonomiaren aurrekariak izan baitziren eta eragina izan baitzuten haren konfigurazioan.

Autonomia-estatutua indarrean jarri zenetik hainbat hamarkada iragan ondoren, egin beharreko hausnarketa ezin da mugatu erakunde berriak abiarazi eta martxan jartzera eta aurreko etapa historikoen tratamendua egitera. Gaur egun, dagoeneko, bada zertaz hausnarketa egin, eta baita egin beharra ere: esaterako, erakunde horien finkatze eta garapena da hausnarketa-gai horietako bat, eta etorkizuna eraikitzen lagunduko duten eredu, parametro eta proposamenen ekarpena beste bat. Hori guztia, mendebaldeko demokrazien multzoari begira, eta kontuan hartuta ukaezina dela sistema ekonomiko eta sozial gero eta globalizatuagoak duen eragina. Sistema horrek gure autogobernuari eta sistema federalei eskatzen die gobernantza publikoaren eredu bat garatzea eta erronka jakin batzuekin bat datozen politika publikoak lantzea, oinarri hauetatik abiatuta erronka horiei erantzuteko: mundu interkonektatu batean deszentralizazio politiko eta administratiboak ekar ditzaketen aukerak, estaturik gabeko nazioek XXI. mendean Europar Batasunaren testuinguruan duten zeregina eta herritarrak politika publikoen defentsan eta kudeaketan sartzea.

Gaur egun, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dagoen dirulaguntza-lerro bat da «Jesús María Leizaola» saria. Plana IVAPeko zuzendariaren 2025eko otsailaren 26ko Ebazpenaren bidez onartu zen, eta institutuaren web orrian dago argitaratuta (https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/2025_dirulaguntzen_plana/eu_def/adjuntos/2025eko-dirulaguntzen-plan-estrategikoa_07B.pdf).

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2026ko «Jesús María Leizaola» sarietarako deialdia egitea eta oinarri erregulatzaileak onartzea. Monografia izaera duten ikerlanei ematen zaie saria, eta ikerlanek xede izan behar dute euskal autonomia edo XXI. mendeko politika publikoen garapenean eragina duten erronkei aurre egiteko gobernantza publikoa. Sariaren oinarriak ebazpen honen eranskinean daude jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, halaxe baitago ezarrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan. Errekurtsoa, bestalde, ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke, edo Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa jartzen denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, ezetsitzat hartu ahal izango da errekurtsoa, eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 1a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

LEIRE CORRALES GOTI.

ERANSKINA
2026KO «JESÚS MARÍA LEIZAOLA» SARIAREN OINARRI ERREGULATZAILEAK

Lehenengoa.– Xedea.

2026ko «Jesús María Leizaola» sarira aurkez daitezke edozein ikuspegi zientifikotatik egindako eta argitaratu gabeko monografia-ikerlanak, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitakoak. Ikerlan horiek xede hauetako bat izan behar dute:

a) Euskal autonomia, euskal autogobernua, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamendua, edo

b) Gobernantza publikoa, XXI. mendeko politika publikoen garapenean eragina duten erronkei aurre egiteko.

Bigarrena.– Hautagaiak.

Bai pertsona fisikoak, bai ikerlana egiteko eratutako lantaldeak aurkez daitezke sarira.

Lantaldea aurkezten bada, behar bezala egiaztatuko da nor izango den ikerketa-talde horren ardura izango duen pertsona fisikoa; halaber, ikerketa-taldearen ordezkari bat izendatuko da, ikerketa-taldea onuradun izanez gero izango dituen betebeharrak betetzeko adina ahalorde duena. Ordezkaritza egiaztatzeko, ordezkaria dela sinesgarritasunez erakusten duen edozein bide erabili ahal izango da, zuzenbidean baliozkoa bada. Ordezkaritza egiaztaturik geldituko da baldin eta apud acta ahalordetzearen bitartez egin bada, aurrez aurre edo elektronikoki agertuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, edo egoitza elektroniko horretako ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatu izana egiaztatzen bada (https://euskadi.eus/ordezkariak).

Era berean, eskabidean berariaz adierazi beharko da lantaldeko kide bakoitzak zer partaidetza-ehuneko duen aurkeztutako ikerlanean.

Pertsonaren bat –lana bakarka aurkeztuta zein lantalde bateko kide izanik– jarraian aipatzen diren egoeretako batean badago, ezin izango da haren ikerlana onartu deialdi honetan. Hona hemen ikerlana aurkeztea eragozten duten egoerak:

a) Pertsona fisikoak debekuren bat izatea, edo administrazio- edo zigor-zehapenen bat, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten diona, barnean direla martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean aurreikusitakoak eta Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legean aurreikusitakoak. Era berean, pertsona fisikoak, laneko, merkataritzako edo kargu publikoko izaera dela-eta, bateraezintasunen bat izatea deialdi honetan parte hartzeko, baldin eta izaera horri aplikatu behar zaion araudian aurreikusitako bateraezintasunen bat eragiten bada.

b) Pertsona fisikoak edo lantaldeak aurreko deialdiren batera aurkeztu den ikerlanen batekin antzekotasun handia duen ikerlanen bat aurkeztea deialdi honetan.

c) Pertsonaren bat Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako beste edozein egoeratan egotea.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, oinarrietan zehaztutako betekizun guztiak bete beharko dituzte eskatzaileek, baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan aurreikusitako betebeharrak ere. Zehazki, egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, saria eta accesita esleitu eta ordainketa egin aurretik, ea betekizun hori betetzen den. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

Isilpean gordeko da sarira aurkezten direnen nortasuna, eta sariaren eta accesitaren irabazleen izenak baino ez dira argitaratuko.

Hirugarrena.– Diru-kopurua.

Hauek dira sariaren diru-kopuruak:

a) Lehenengo saria: 22.000 euro.

b) Accesita: 8.000 euro.

Lantalde batek aurkeztutako ikerlan bati ematen bazaio saria edo accesita, taldekide guztiak izango dira onuradun, legez dagozkien ondorioetarako. Sariaren edo accesitaren zenbatekoa lantaldeak zehaztu duen ehunekoaren arabera banatuko da taldekideen artean; partaidetza-ehunekorik adierazi ez bada, zati berdinetan banatuko da.

Laugarrena.– Monografien betekizunak.

Ikerlanek ehun orrialde izango dituzte gutxienez. Edozein formatutan aurkeztu ahal izango dira monografiaren diseinua eta testua; hala ere, gutxieneko luzeraren betekizuna betetzen den egiaztatzeko, formatu hau hartuko du erreferentzia gisa IVAPek: justifikatutako testua, lerroartea 1,5ekoa eta letra-tipoa Times New Roman 12. Ikerlana orrialde-zenbakiak jarrita aurkeztuko da. Aurkibide bat ipiniko zaio, edukien hasierako orrialde-zenbakia zehaztuta.

Monografiak argitaragabeko lanak izan beharko dira. Argitaragabeko lanak direla ulertzen da baldin eta ez badira zabaldu ez argitaratu jabetza intelektualari buruzko legerian ezarritako eran. Ondorioz, ez dira argitaragabekotzat joko Interneten zein beste sare batzuen bitartez bitarteko telematikoen bidez argitaratutako, hedatutako edo publikoaren eskura jarritako lanak. Hori dela eta, zientzia- edo literatura-ekoizpeneko biltegietan sartutako lanen kasuan, argitaragabekotzat jo ahal izateko, modu frogagarrian jasota egon behar da, biltegi horietan egon diren bitartean, lan horiek enbargatuta mantendu direla edo publiko orokorrak edo espezializatuak erabat murriztuta izan duela sarbidea.

Era berean, ezin izango da aurkeztu edozein pertsona, erakunde edo entitaterekin edozein modutan konprometitutako eskubideak dituen lanik.

Sarira aurkezten diren monografiek hizkuntza inklusiboa erabili beharko dute, genero-diskriminazioa saihesten saiatzeko.

Era berean, desberdinkeria edo diskriminazioa aztertu, ulertu eta azaldu behar diren gaiak aztertzen badira aurkeztutako monografietan, metodologia intersekzionala aplikatu beharko da, eta, bereziki, genero-ikuspegia.

Bosgarrena.– Aurkeztu behar diren dokumentuak eta izapidetzea.

Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek izapidetze elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dituzte eskabidea eta dokumentazioa, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuarekin bat etorriz (Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

Eskabidearekin batera, monografia eta azalpen-dokumentu labur bat aurkeztu beharko dituzte, 200 eta 500 hitz artekoa; bertan, ikerlanaren xedea eta lana egiteko erabili den diziplina edo ikuspegi zientifikoa zehaztu beharko dira.

Eskabideak izapidetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa) identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako edozein bitarteko erabili ahal izango da. Egoitza elektroniko horretako «Tramiteak eta zerbitzuak» ataleko «Identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak» aukeran kontsulta daitezke bitarteko horiek.

Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko abuztuaren 10ean bukatuko, azken egun hori epe barruan dela.

Bai eskabidea, bai ikerlana helbide elektroniko honetan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0029413

Norberaren espedientean sartzeko eta haren jarraipena eta izapideak egiteko «Nire Karpeta» atalera jo behar da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Seigarrena.– Organo kudeatzailea.

Deialdi honen kudeaketa Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuari dagokio.

Zazpigarrena.– Balorazio-irizpideak.

Bai saria, bai accesita emateko, ikerlanen kalitate zientifiko-teknikoa eta horietan egiten diren ekarpenen garrantzia izango dira balorazio-irizpideak.

Saria edo accesita ikerlan batzuei ex aequo ematea proposa diezaioke epaimahaiak organo kudeatzaileari. Hala eginez gero, zati berdinetan banatuko dira, dagokion sariaren esleipendunen artean, deialdian aipatzen diren diru-kopuruak.

Halaber, saria edo accesita eman gabe uztea proposa diezaioke epaimahaiak organo kudeatzaileari, baldin eta uste badu aurkeztutako lanek ez dituztela betetzen eskatutako kalitate-baldintzak edo betekizunak.

Zortzigarrena.– Epaimahaia.

Kide hauek izango ditu sariak jasoko dituzten hautagaiak erabakiko dituen epaimahaiak:

Epaimahaiburua:

– Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Epaimahaikideak:

– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duen pertsona.

– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko idazkari nagusia edo hark eskuordetutako pertsona.

– Eusko Jaurlaritzako Autogobernu zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.

– Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako sailburuordea edo hark eskuordetutako pertsona.

– Sarira aurkeztutako ikerlanen gaien inguruan prestigio handia duten aditu bi. Horiek Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak izendatuko ditu agindu baten bidez, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak proposatuta.

Idazkaria:

– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko burua edo hark eskuordetutako ordezkoa –IVAPi atxikita egon behar du–. Hitza eta botoa izango ditu.

Epaimahaia osatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadila bermatzeko. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.

Sexuetako batean ezin denean adierazitako ehunekoa bete, edo betetzea oso zaila denean, ezintasun edo zailtasun hori arrazoituko da epaimahaia osatzen duten aditu biak izendatzen diren aginduan.

Saria edo accesita emateko, epaimahaia bildu eta daudenen gehiengoaren aldeko botoa beharko da. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak izango du kalitateko botoa.

Baldin eta epaimahaiburua edo idazkaria, edo haiek eskuordetutako pertsona, epaimahaiaren bilerara agertzen ez bada, eta baldin eta quorum nahikoa betetzen bada, bilerara azaldutako kideen gehiengo soilaz erabakiko da haietako nork beteko dituen epaimahaiburuaren edo idazkariaren eginkizunak.

Bederatzigarrena.– Epaimahaiaren erabakia eta txostena.

Epaimahaiak hartuko du erabakia, eta dagokion txostena egingo du, eta hor zehaztuko da egindako ebaluazioaren emaitza.

Hamargarrena.– Ebazpen-proposamena.

Organo kudeatzaileak, espedientea eta epaimahaiaren erabakia eta txostena ikusi ondoren, ebazpen-proposamena egingo du, eta esleipendunei jakinaraziko die. Esleipendunek idatziz jakinarazi beharko dute saria eta accesita onartzen duten edo hari uko egiten dioten. Horretarako, idazki bat aurkeztu beharko dute, telematikoki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Bost egun balioduneko epea izango dute horretarako, aipatutako ebazpen-proposamena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Adierazitako epean onartu ezean, onuradun gisa proposatutako pertsonek eskaerari uko egiten diotela ulertuko da.

Hamaikagarrena.– Ebazpena.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenaren bidez ebatziko da proposamena. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Deialdiaren ebazpena indarrean jartzen denetik sei hilabete igaro eta interesdunei ez bazaie jakinarazi sarien esleipen-ebazpenik, interesdunek ezetsitzat hartu beharko dute beren hautagaitza, halaxe baitago ezarrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan.

Hamabigarrena.– Ordainketa.

Ordainketa bakarrean emango da saria, esleipena egin eta gero. Zerga-arloko xedapenekin bat etorriz aplikatu behar diren atxikipenak egingo zaizkie hirugarren oinarrian aipatzen diren diru-kopuruei.

Halaber, sarien ordainketa bateragarria izango da saritutako ikerlanek beste entitate publiko edo pribatu batzuetatik jasotzen duten bestelako finantzaketarekin.

Hamahirugarrena.– Saria edo accesita itzultzea.

Baldin eta sariaren edo accesitaren esleipendunek ez badituzte betetzen dirulaguntza publikoak arautzen dituen araudia edo deialdi honetako baldintzak, organo emaileari itzuli beharko dizkiote jasotako kopuruak, eta berandutze-interesak ere eskatuko zaizkie, saria edo accesita ordaindu zenetik organo emaileari itzuli behar zaiola erabakitzen den egunera arte sortutakoak, edo zordunak organo emaileari saria edo accesita itzultzen dion egunera arte sortutakoak, data hori saria edo accesita organo emaileari itzuli behar zaiola erabakitzen den eguna baino lehenagokoa bada.

Hamalaugarrena.– Egile-eskubideak.

Saria eta accesita onartzeak berekin dakar egile-eskubideak Administrazio Publikoaren Euskal Institutuari lagatzea hamar urteko eperako eta edozein hizkuntzatarako. Lagapen horren konpentsazioa sariaren edo accesitaren zenbatekoan jasota dago. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak konpromisoa hartzen du urtebeteko epean aurrera eramateko ikerlanaren argitalpena; epe hori zenbatzeko, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak edo institutu horren argitalpen zerbitzuen esleipendun diren enpresek bete behar dituzten izapideak eta betebeharrak egiteko denborak baino ez dira kontuan hartuko.

Saritutako ikerlanak beste lan zabalago batzuen atal badira, osorik argitaratzea erabaki ahal izango du epaimahaiak; hala eginez gero, obra osoaren ustiapen-eskubideak lagako dizkio egileak administrazioari. Edozein modutan, saria irabazi dutela adierazteko, izenburu hauek jaso beharko dituzte lanek: «Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren 2026ko «Jesús María Leizaola» saria» eta «Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren 2026ko «Jesús María Leizaola» accesita».

Hamabosgarrena.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: «Ikerketen sustapena».

– Arduraduna: IVAP.

– Helburua: deialdi hau kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

– Hartzaileak: Ogasun publikoa. Esleipendunen datuak argitalpenetan agertuko dira. IVAPeko zabalkunde-jardueretan agertu ahal izango dira. Aldizkari ofiziala.

– Eskubideak: datuak irispidean izatea, zuzentzea eta ezereztea, eta informazio gehigarrian jasotako beste zenbait eskubide.

– Informazio gehigarria: web-orri honetan kontsultatu daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/060200-capa2-eu.shtml

– Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Hamaseigarrena.– Oinarriak onartzea.

Ikerlan bat deialdi honetara aurkezteak berekin dakar interesdunak deialdiaren oinarrietan zehaztutako baldintza guztiak onartzea.


Azterketa dokumentala