Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2026ko uztailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

DATUAK BABESTEKO EUSKAL AGINTARITZA
3104

EBAZPENA, 2026ko ekainaren 19koa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariarena, antolakuntza-arrazoiengatik, 2024. urteko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren iraungipena deklaratzekoa.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren (DBEA) lehendakariaren 2024ko abenduaren 9ko Ebazpenaren bidez (2024ko abenduaren 20ko EHAA, 247. zk.), 2024ko ekitaldiari dagokion enplegu publikoko eskaintza onartu zen. Eskaintza horretan, bost plaza hauek sartzen ziren:

– Teknikari itzultzaile plaza bat.

– Letratu instruktore-ikuskatzaileen hiru plaza.

– Dokumentazio eta informazio teknikariaren plaza bat.

Datuen babesaren arloko arau-esparruak aldaketa nabarmena izan du, eta, horregatik, antolakuntza egokitu behar da, eginkizunen aldetik. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra –(UE) 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa– administrazio publiko guztiei zuzenean aplikatu behar zaie. Erregelamendu horrek, datuen tratamenduari dagokionez, gure antolakundean eragin zuzena duten funtsezko eginbeharrak ezartzen ditu, segurtasun juridiko eta teknikoz bete behar baititugu –beste hainbat betekizunen artean– betetzea gainbegiratu eta kontrolatzeko, aholkua emateko eta laguntzeko eginkizunak eta zehatzeko ahala; horretarako, gaitasun tekniko eta juridiko espezializatua eskatzen duten lanpostuak behar dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren abenduaren 21eko 16/2023 Legeak DBEOan ezarritako eginkizunak eta ahalak garatzen ditu. Hala, gainbegiratzeko eta kontrolatzeko eskumenak nabarmen zabaltzen dira, eta agintaritzaren jarduera-eremua euskal sektore publiko osora hedatzen da. Horren haritik, ikertzeko ahalak gehitzen dira, baita zirkularren bidez arauak emateko ahala, ziurtagiriak egiaztatzeko ahala eta instituzio arteko lankidetzarako mekanismoak ere. Arau-arloko eginbehar horiengatik, lanpostu jakin batzuk sortu edo sakon birdefinitu behar izan dira, ezaugarri espezializatuago eta teknikoagoak erantsiz datuen babesaren, zibersegurtasunaren eta arau-betetzearen arloetan; ezaugarri horiek, hain zuzen ere, jatorrizko EPEan ez ziren kontuan hartu, eta ez datoz bat garai hartan ezarritako eginkizun-arloko betekizunekin.

Gainera, EPEa onartu zenetik, aldaketa handiak gertatu dira antolakuntza-egituran eta langileen antolamenduan, eta, horren ondorioz, lanpostu horiek jatorrian aurreikusi ziren baldintzetan betetzea bideraezina edo alferrikakoa da. Zehazki, antolakuntzaren aldetik hiru arrazoi hauek daude:

1.– Abenduaren 21eko 16/2023 Legeak nabarmen aldatu zuen instituzioaren egitekoa (eginkizunak eta ahalak). Horrek eragin zuzena izan du gaur egungo plantillako lanpostuen ezaugarrietan.

2.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Estatutu berria onartu da maiatzaren 19ko 77/2026 Dekretuaren bidez (2026ko ekainaren 8ko EHAA, 106. zk.). Horren eraginez, entitatearen helburu estrategikoak, eginkizun estrukturalak eta langileria-arloko beharrizanak birdefinitu behar izan dira. Abenduaren 21eko 16/2023 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean exijitzen den estatutu berriak ordeztu egiten du lehen indarrean zegoena (309/2005 Dekretua, urriaren 18koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Estatutua onartzen duena), zeinak orain arte eraendu baititu antolakuntzako oinarrizko alderdiak, abenduaren 21eko 16/2023 Legearen ondoriozko estatutu berria garatu bitartean.

3.– Aipatu diren arau horien eraginez, antolakuntza-egituran egin behar den eguneraketaren bidez aldaketa esanguratsu gehiago gertatuko dira barneko antolakuntzan, eta, horren ondorioz, beharrizanak berrezarriko dira beharrezkoak diren langileen kopuruari eta ezaugarriei dagokienez.

4.– Antolakuntzaren aldaketa horiek behartuta, lanpostu-zerrenda berrikusi behar da. Horretarako, instituzioko lanpostuen eginkizunak eta erantzukizunak birdefinitu behar dira, jatorrizko EPEan jasota zeuden plazen ezaugarrietan eta lanpostu horien beharrizanean eragin zuzena duen guztian.

Administrazioaren jarduerarik ezari egotzi ezin zaizkion antolakuntza-arloko arrazoi horiek kontuan hartuta, ikus daiteke antolakuntzaren benetako beharrizanak betetzeko ez dela egokia aipatu den enplegu publikoko eskaintza jatorrian onartu ziren baldintzetan gauzatzea eta justifikatuta dagoela eskaintza horren iraungipena deklaratzea.

Azkenik, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 49. artikuluan, enplegu publikoa antolatzeko planak arautzen dira, euskal administrazio publikoentzat funtsezko tresnak direlako, beren egitura eta langile arloko beharrizanak antolakuntzaren errealitatera egokitzeko. Manu horrek administrazioei gaitasuna ematen die beren pertsonalak berrantolatzeko neurriak hartzeko. Neurri horietako batzuk dira unitate organikoak berrantolatzea, lanpostuak amortizatzea, eginkizunak birbanatzea eta, aurrekontu-arloko arrazoiengatik, beharrizanak berrikustea.

Ebazpen hau eman aurretik, eta negoziaziorako izapide gisa, DBEA osatzen duten langileei entzunaldia eman zaie, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen eta indarrean dagoen araudiaren arabera, eta erabaki hau aho batez onartu da.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariak du ebazpen hau emateko eskumena, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 5. eta 8. artikuluen arabera. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariaren 2024ko abenduaren 9ko Ebazpenaren bidez onartutako enplegu publikoko eskaintzaren iraungipena deklaratzea, gerora deialdi hori jatorrian onartu ziren baldintzetan bideraezin bihurtu duten antolakuntza-arloko arrazoi batzuk gertatu direlako (eskaintza hori eranskin gisa agertzen da).

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (BOPV) eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren egoitza elektronikoan edo iragarki-taulan argitaratzea, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aukra, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 19a.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria,

UNAI ABERASTURI GORRIÑO.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala