Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2026ko uztailaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3070

99/2026 DEKRETUA, ekainaren 16koa, Elkarrekin Bonuak Programa arautzen duena.

Ezagutza sortzea eta transferitzea, eta herritarrak prestatzea, sentsibilizatzea eta ahalduntzea dira aldaketarako palanka nagusietako bi, gizartea mundu bidezkoago, gizatiarrago eta jasangarriago baterantz eraldatzeko dinamikak egin ahal izateko.

Sentsibilizazioa, halaber, herritarrek giza eskubideekiko eta gizarte-eraldaketarekiko duten konpromisoa aktibatzeko behar den ekuazioaren parte da. Prestakuntzaren bidez sentsibilizatzea eta konpromisoaren eta ekintzaren helburu bera duten beste bide batzuen bidez sentsibilizatzea.

Erakundeen eta gizartearen arteko interakzioak bultzatzea, komunikabideak eta ikus-entzunezko baliabideak dira sentsibilizazio-bide egokienetako batzuk, proposatutako helbururantz aurrera egiteko.

Elkarrekin Bonuak programa gizartea sentsibilizatzeko eta gizartean parte hartzeko ekimenetako bat da, eta helburu du irabazi-asmorik gabeko entitateen, toki-entitateen, ikastetxeen eta beste erakunde batzuen arteko interakzioak sustatzea, giza eskubideei, tokiko bizikidetzari eta herritarren parte-hartzeari buruzko ekimenak dinamizatzeko.

Programa honen bidez, bakearen eta bizikidetzaren gaiekin zerikusia duten irabazi-asmorik gabeko entitateei ekarpen ekonomiko bat eskaintzen zaie, «bonua» izenekoa, prestakuntza- edo dinamizazio-zerbitzuetan justifikatutako ordu bakoitzeko; zerbitzu horiek ikastetxeetan, toki-entitateetan eta beste erakunde batzuetan eman behar dituzte, eta hezkuntzaren, tokiko bizikidetzaren edo herritarren parte-hartzearen eremuetakoak izango dira, gai espezifiko hauei buruzkoak: bakearen kultura, giza eskubideak, biktimekiko elkartasuna, adiskidetzea edo gatazken konponketa.

Ekimen hori garatzeko, beraz, gizarte zibil antolatuko entitateen, ikastetxeen, toki-entitateen eta beste erakunde eta entitate batzuen arteko lankidetza behar da, honako eduki hauek sustatzeko:

– Bizikidetza da gure perspektibak beti osatugabeak direla onartzea. Errealitatearen inperatibo hori ulertzeko, beharrezkoa da giza izaeraren mugak onartzeko esperientzia hezigarria bultzatzea. Gizaki guzti-guztiak mugatuak garela jabetzea esan nahi du, eta horregatik, hain zuzen ere, ez dugu arrazoi osoa, ezin dugu dena egin, eta ezin dugu egia osoa eduki. Gure «nahi dudanari» gure errealitate inperfektuaren faktorea kentzea esan nahi du.

– Bizikidetza da zailtasunen artean aukerak sustatzen ikastea. Ikaskuntza horretarako, funtsezkoa da balio positiboaren esperientzia hezigarria sustatzea. Esperientzia horrek aukera ematen digu jakiteko beti aurki daitekeela fatalismoa, etsipena eta etikoak ez diren baliabideetara jotzea baino alternatiba hobea. Gure «ahal dudanari» gure posibilitate agorrezinaren faktorea gehitzea esan nahi du.

– Bizikidetza da egoera bakoitzean gure erantzukizun etikoa geure gain hartzea. Kontzientzia etiko pertsonalean sakontzeko esperientzia hezigarria sustatzea eskatzen du. Dogmatismoaren, haserrearen, agresibitatearen, beldurraren, norberekoikeriaren eta abarren bulkada hutsa baino gehiago gara, ezagueradunak garelako eta zentzu etikoarekin aukeratzeko gaitasuna dugulako. Gure anbizioa gure betebehar etikoaren faktorearekin zatitzea dakar.

– Bizikidetza da giza duintasunarekiko errespetuaren balio gorena ulertzea. Giza duintasunaren eta giza eskubideen esperientzia hezigarria sustatzea. Gizaki guztiok merezi dugu errespetua eta eskubideen subjektuak gara. Pertsona bakoitza edozein etiketa edo bere buruaren murrizketa baino gehiago da. Kontzientzia hori behin betikoa da bizikidetza zibilizaturako. Pertsonaren balioa duintasunaren faktorearekin biderkatzea dakar.

Hala, programa horren bidez honako hauek lortu nahi dira:

– Euskal gizartean indarkeriaren kultura prebenitzeko eta bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen errespetuaren kultura sustatzeko prestakuntza- eta dinamizazio-ekintzak ugaritzea.

– Zeharkako gizarte- eta hezkuntza-arloko konpromisoa bultzatzea, zenbait eragilek hainbat eremutan gutxieneko oinarri etiko batzuen inguruan egiten dituzten ahaleginak bateratzeko.

Horregatik, Elkarrekin Bonuak Programa arautuko duen dekretu berri bat eman behar da, alde batetik, oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Legera egokitzeko, eta, bestetik, programa kudeatzeko prozedurak hobetzeko, programaren aplikazio praktikoan hautemandako zailtasunak konpontzeko eta haren eraginkortasuna indartzeko, bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko tresna gisa.

Dekretu berrian sartutako aldaketen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: jarduerak emateko lekua mugatzea, eranskin normalizatuak sartzea, dirulaguntza adjudikatzeko modua eta ordaintzeko modua arautzea. Era berean, herritarren parte-hartzearen eremurako muga kuantitatiboen barruan ezarritako tarteak handitu dira.

Dekretu honen babesean egiten diren dirulaguntzen deialdiak dagokion Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota egongo dira.

Ondorioz, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea Elkarrekin Bonuak Programa arautzea da. Bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoen sustapena indartzeko ekimen gehigarri bat da, eta helburu nagusi du bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzea, elkarte-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak biderkatuz, bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotze aldera.

2.– Elkarrekin Bonuak Programako laguntzak aktibatu ahal izateko oinarrizko premisa da akordio bat egotea entitate onuradun baten eta entitate hartzaile baten artean, biei interesatzen zaien eta programa honen gai-esparruan sartzen den jarduera bat garatzeko.

3.– Bonuak ematean datza laguntza. Bonutzat hartuko da ekarpen ekonomiko bat, entitate onuradunek entitate hartzaileentzat prestakuntza- edo dinamizazio-jardueretan emandako eta justifikatutako ordu bakoitzeko; jarduera horiek gai espezifiko hauei buruzkoak izan behar dira: bakearen kultura, giza eskubideak, biktimekiko elkartasuna eta adiskidetzea edo gatazken konponketa.

2. artikulua.– Entitate onuradunak eta hartzaileak.

1.– Elkarrekin Bonuak Programaren bidez, bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat sustatzeko jarduerak diruz lagunduko dira, gizarte-ekimeneko entitateek (aurrerantzean, entitate onuradunak) eta hiru arlo hauekin lotutako entitateek batera sustatutakoak: hezkuntza, udal-errealitatea edo herritarren parte-hartzea (aurrerantzean, jardueren entitate hartzaileak).

2.– Elkarrekin Bonuak Programaren entitate onuradunak, beraz, gizarte-ekimeneko entitateak dira, irabazi-asmorik gabeak, eta bakearen eta bizikidetzaren gaiekin lotutakoak.

3.– Hauek dira jardueren entitate hartzaileak:

a) Ikastetxeak, hezkuntzaren eremuan.

b) Toki-entitateak, tokiko bizikidetza sustatzeko esparruan.

c) Herritarren parte-hartzearen arloan interesa duten beste erakunde batzuk.

4.– Dekretu honen ondorioetarako, toki-entitatetzat hartuko da Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluan xedatutakoa.

3. artikulua.– Programaren entitate onuradunak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzean baldintza hauek betetzen dituzten gizarte-ekimeneko entitateek eskatu ahal izango dituzte dekretu honetan aipatzen diren dirulaguntzak:

a) Irabazi-asmorik ez izatea, edozein dela ere entitateak hartzen duen forma juridikoa.

b) Beren estatutu sozialetan aurreikusitakoaren arabera, bizikidetza eta giza eskubideak sustatzea izatea helburua.

c) Legez eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan edo erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan jardutea.

e) Aurkeztutako jarduerak euskaraz zein gaztelaniaz egiteko gaitasuna izatea.

2.– Ezingo dira entitate onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako debekuren bat dutenak, ez eta aplikatu beharreko araudian aurreikusitako debekuren bat dutenak ere.

3.– Entitate eskatzaileak ez du aurkeztu beharko jada administrazio eskudunaren esku dagoen edo beste administrazio publiko batek egin duen dokumentazioa. Laguntzak kudeatzen dituen organoak dokumentazio hori kontsultatu edo eskatu ahal izango du ezarritako elkarreragingarritasun-mekanismoen bidez, salbu eta entitate interesdunak berariaz adierazten badu aurka dagoela.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Elkarrekin Bonuak Programaren helburua da jarduera-mota hauek finantzatzea:

a) Hezkuntza-arloan garatutako jarduerak.

b) Udal-eremuan egindako jarduerak.

c) Herritarren parte-hartzearen arloan garatutako jarduerak.

2.– Jarduerak ekintza hauetako baten bidez egin ahal izango dira:

a) Edozein arlotako prestakuntza.

b) Jarduerak zuzenean dinamizatzea.

3.– Urteko deialdiaren ebazpenak gehiago zehaztu ahal izango ditu diruz lagundu beharreko jarduerek bete behar dituzten helburuak. Era berean, zehaztu ahal izango du hezkuntza-eremuan diren diruz lagunduko diren jarduerak zer hezkuntza-mailatarako izango diren, eta zein izango diren udal-eremuan edo herritarren parte-hartzearen eremuan diruz lagunduko diren jardueren biztanle hartzaileak.

5. artikulua.– Jardueren eskakizunak.

1.– Memorian giza eskubideen, indarkeriarik ezaren kulturaren eta printzipio demokratikoen sustapenarekin bat datozen helburuak, edukiak edo metodologiak berariaz jasotzen dituzten jarduerak bakarrik lagunduko dira diruz.

2.– Edozein esparrutako prestakuntza-ekintzetan, jarduera horietan gutxienez 15 lagunek parte hartzea dakarten lan-proposamenak dituzten jarduerak baino ez dira onartuko.

3.– Hezkuntza-esparruko jarduerak zuzenean dinamizatzeko proposamenetan, gutxienez gela bateko ikasle guztiei, klaustro osoari edo ikastetxe bateko guraso-elkarteari eragiten dieten jarduerak baino ez dira onartuko.

4.– Udal-eremuetan jarduerak zuzenean dinamizatzeko edo herritarrek parte hartzeko proposamenetan, honako baldintza hauek betetzen dituzten lan-proposamenak dituzten jarduerak baino ez dira onartuko:

a) Zuzeneko informazio-motaren bat 500 pertsona baino gehiagori bidaltzea –gutunen, posta-bidalketen, posta elektronikoen edo argitalpenen bidez–, 1.000 biztanle baino gutxiagoko toki-entitateen kasuan izan ezik.

b) Gutxienez 40 lagun inplikatzea hitzaldietan, foroetan eta jardunaldietan.

5.– Hezkuntza-esparruan eskatutako prestakuntza- edo dinamizazio-jarduerak eskola-orduetan egin beharko dira ikastetxean bertan.

6.– Udalerriaren eremuan eskatutako prestakuntza- edo dinamizazio-jarduerak udalerriko edozein leku egokitan egin ahal izango dira. Hala ere, jarduera ikastetxe batean ematen bada, eskola-ordutegitik kanpo egin beharko da.

7.– Herritarren parte-hartzearen eremuan eskatutako prestakuntza- edo dinamizazio-jardueren hartzailea ikastetxe bateko guraso-elkarte bat bada, jarduera eskola-ordutegitik kanpo bakarrik egin ahal izango da.

6. artikulua.– Dirulaguntzen lerroak eta funtsak sortzea.

1.– Elkarrekin Bonuak Programak hiru dirulaguntza-lerro bereizi ditu:

a) Hezkuntzaren arloan garatutako jardueretarako dirulaguntzak.

b) Udal-eremuan garatutako jardueretarako dirulaguntzak.

c) Herritarrek parte hartzeko jardueretarako dirulaguntzak.

2.– Bonuen zenbatekoa 90 eurokoa izango da prestakuntza- edo dinamizazio-zerbitzuetan justifikatutako ordu bakoitzeko, ezertan eragotzi gabe bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera eguneratzea.

Proiektuen entitate hartzaileek emandako bonuen zenbatekoaren % 10 ordaindu beharko diote, gutxienez, entitate onuradunari, ezertan eragotzi gabe bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera eguneratzea.

3.– Diruz lagundu daitezkeen hiru lerroetako funtsak Giza Eskubideen arloan eskumena duen sailak urtero izendatzen dituen ekarpenen bidez eratuko dira.

4.– Urteko deialdiaren ebazpenak zehaztuko du, ekitaldi horretarako, funts bakoitzak zenbateko zuzkidura duen, Giza Eskubideen arloan eskumena duen sailak horietako bakoitzerako egindako ekarpenak kuantifikatuta.

5.– Deialdi bakoitzean emango diren laguntzen guztizko bolumenak ezin izango du funts bakoitzari egindako zuzkiduren zenbatekoa gainditu. Beraz, zenbateko hori agortu ondoren, ez da laguntza berririk emango, eta horrela egiten direnak ukatu egingo dira.

7. artikulua.– Deialdia.

1.– Dekretu honetan araututako laguntzen deialdia urtero egingo da, Giza Eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Deialdi hori batera egin ahal izango da jasotako dirulaguntza-lerro guztietarako edo batzuetarako, edo, bereizita, horietako bakoitzerako.

2.– Deialdiaren urteko ebazpenak edo, hala badagokio, ebazpenek, gutxienez, honako hauek jaso beharko dituzte:

a) Dekretu hau oinarri arautzaile gisa adieraztea, bai eta argitaratu diren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria ere.

b) Deialdiaren xedea.

c) Dirulaguntza-lerro bakoitzari dagokion aurrekontu-kontsignazioaren zenbatekoa, bonuen zenbatekoa, jardueren entitate hartzaileek ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa eta diruz lagundu daitekeen gehieneko muga, dirulaguntza-lerro guztietan lortutako zenbatekoak kontuan hartuta.

d) Eskabideak aurkezteko lekua, modua eta epea.

e) Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

f) Kudeatzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.

g) Ebazteko eta jakinarazteko epea.

h) Ebazpena jakinarazteko edo argitaratzeko bidea.

i) Ebazpenak administrazio-bideari amaiera ematen dion ala ez eta, hala badagokio, zer errekurtso jar daitezkeen.

j) Dirulaguntza justifikatzeko lekua, modua eta epea.

3.– Dekretu honetan xedatutakoa behar bezala aplikatzeko beharrezkoak diren alderdi guztiak zehaztu ahal izango dituzte deialdietan.

8. artikulua.– Muga kuantitatiboak.

1.– Entitate onuradunek jaso dezaketen gehieneko zenbateko ekonomikoa, dekretu honetan araututako dirulaguntza-lerro bakoitzean jasotako zenbatekoak kontuan hartuta, deialdiaren urteko ebazpenean edo ebazpenetan zehaztuko da.

2.– Diruz lagundutako jardueren entitate hartzaileek muga hauek izango dituzte, dirulaguntza-lerro bakoitzeko:

a) Hezkuntza-arloan, ezin izango dute 5.000 eurotik gorako bonurik metatu ikastetxe berean.

b) Tokiko bizikidetzaren eremuan, ezin izango dira pilatu, toki-entitate berean, honako zenbateko hauek gainditzen dituzten bonuak:

1. 5.000 euro, 15.000 biztanlera arteko toki-entitateetan.

2. 12.500 euro, 15.000 eta 40.000 biztanle arteko toki-entitateetan.

3. 20.000 euro, 40.000 biztanletik gorako toki-entitateetan.

c) Herritarren parte-hartzearen arloan, ezin izango dira jarduera berean pilatu honako zenbateko hauek gainditzen dituzten bonuak:

1. 2.000 euro, 100 pertsona baino gutxiago inplikatzen dituzten ekimenetan.

2. 3.500 euro, 100 eta 300 pertsona artean inplikatzen dituzten ekimenetan.

3. 5.000 euro, 301 eta 500 pertsona artean inplikatzen dituzten ekimenetan.

4. 10.000 euro, 500 pertsona baino gehiagok parte hartzen duten ekimenetan.

9. artikulua.– Bateraezintasuna.

1.– Dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publikok edo entitate pribatuk helburu bererako ematen dituenekin.

2.– Aurrekoaren ondorioetarako, eskabidearekin batera, helburu bererako beste finantzaketa-iturririk ez dagoela dioen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

10. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Entitate onuradunek eskabidea aurkeztu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, horretarako prestatutako eredu normalizatua erabiliz. Eredu hori nahitaez erabili beharko da kasu guztietan.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Eskabidea, dagokion dokumentazioarekin batera, euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango da, entitate eskatzaileak nahi duen hizkuntzan. Prozedura osoan zehar, hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3.– Eskabide-ereduak erantzukizunpeko adierazpen bat izango du, III. eranskinean ezarritako ereduaren arabera. Adierazpen horretan, entitate eskatzaileak 3. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraziko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitate onuradunaren eta entitate hartzailearen artean sinatutako akordioa, jarduera garatzeko, edo aurkeztutako jarduerari dagokionez entitate hartzaileak hartutako konpromiso ekonomikoa egiaztatzen duen dokumentua (I. eranskina).

b) Jardueraren memoria zehatza (II. eranskina).

c) Erantzukizunpeko adierazpena (III. eranskina).

5.– Era berean, entitate eskatzaileek egokitzat jotzen duten beste edozein dokumentazio osagarri aurkeztu ahal izango da.

6.– Giza Eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzak ofizioz egiaztatu ahal izango ditu Administrazioaren esku dauden datuak, eta, hala badagokio, 3. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko behar den dokumentazioa eskatu ahal izango du.

7.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta sarbidea, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

11. artikulua.– Ordezkaritza eskabideak aurkeztean.

1.– Eskabideak eta horiekin batera aurkeztu beharreko agiri osagarriak entitate eskatzailearen legezko ordezkariak aurkeztu ahal izango ditu.

2.– Ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiaztatu beharko da, modu fidagarrian jasota gera dadin, 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera (91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

3.– Halaber, eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta haren ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Entitate eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Giza Eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzak egiaztatzen badu eskabidean datuak aurkezten direla edo zehaztasun-ezak daudela edo eskatutako datu edo dokumenturen bat falta dela, entitate eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean eskabidea zuzentzeko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

13. artikulua.– Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntza publikoen arlokoak betetzea.

1.– Dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, entitate eskatzaileek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta dekretu honetan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

2.– Era berean, dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatu beharko da, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

3.– Hala badagokio, dirulaguntzaren ordainketa etetea ebazpen arrazoitu bidez erabakiko da, aplikatu beharreko araudian aurreikusitako moduan.

14. artikulua.– Kudeaketa eta emateko prozedura.

1.– Giza Eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzari dagokio dekretu honetan aurreikusitako laguntzek dakartzaten kudeaketa-lanak egitea.

2.– Dirulaguntza publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun, berdintasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioen arabera kudeatu eta emango da. Era berean, ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasun-printzipioa eta baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia-printzipioa beteko dira.

3.– Eskabideak ondoz ondoko emakida-prozedura baten bidez aztertuko dira, eskabide osoak aurkezteko hurrenkeraren arabera.

Horretarako, entitate bakoitzak aurkeztutako eskaera-zenbakiaren eta sarrera-ordenaren arabera izapidetuko dira eskabideak.

Lehenengo fasean, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatuko da, eta, hala badagokio, entitate eskatzaile bakoitzeko jarduera bat finantzatuko da, gehienez ere.

Entitate eskatzaile bakoitzeko lehen jarduerari dagozkion eskabide guztiak aztertu ondoren, eta kreditu erabilgarririk badago, entitate eskatzaile bakoitzeko bigarren jarduera bati dagozkion eskabideak aztertuko dira, aurkezpen-ordena berean, eta horrela hurrenez hurren, kreditu erabilgarria agortu arte.

Eskaera bat aurkeztutzat joko da eskatutako dokumentazio osoa aurkezten denean.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan hasiko dira izapidetzen.

4.– Espedienteak organo kudeatzailearen txostena izan beharko du, eta, bertan, jasota egon beharko da espedientean jasotako informaziotik ondorioztatzen dela onuradunek dirulaguntza jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Horretarako, organo kudeatzaileak beharrezkoak diren jarduketak egingo ditu entitate eskatzaileek aitortutako alderdiak egiazkoak direla egiaztatzeko; horretarako, eskura dauden datuak ofizioz egiaztatuko ditu, eta, hala badagokio, dagozkion egiaztagiriak eskatuko ditu, prozedura ebatzi baino lehen.

5.– Giza Eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzak behin betiko ebazpen-proposamen arrazoitua emango du, eta berariaz eta banan-banan jakinaraziko zaie entitate onuradun gisa proposatu direnei. 10 eguneko epea emango da entitateek dirulaguntza berariaz onartu ahal izan dezaten. Onartzen ez bada, onuradun gisa proposatutako entitateak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

6.– Dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzak deialdi bakoitzean dagoen aurrekontu-baliabideak mugatzen ditu.

Programara bideratutako funtsak agortu ondoren, ez da dirulaguntza berririk emango.

Kreditu erabilgarria agortzen bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Giza Eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez.

15. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Giza Eskubideen arloan eskumena duen sailburuordetzaren titularrak emango du eskatutako laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena.

2.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu: dirulaguntza zein entitate eskatzaileri eman zaion, xedea, emandako bonuen kopurua, emandako zenbatekoa, entitate hartzaileak ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua eta dirulaguntza zein xedapenen babesean eman den, bai eta gainerako eskaerak ukatu edo ezetsi diren ere.

3.– Prozeduraren ebazpena berariaz eta banan-banan jakinaraziko zaie entitate interesdunei.

4.– Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskaera sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak ebazpen espresua emateko duen betebeharra.

5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Giza Eskubideen arloan eskumena duen sailari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

6.– Dekretu honetan aurreikusitako bonuak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta haren organismo autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

7.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta prozeduraren ebazpena berariaz eta banaka jakinarazteaz gain, Giza Eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, urtero, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen entitate onuradunen zerrenda, jasotako zenbatekoak adierazita.

16. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Entitate onuradunek bermatu beharko dute diruz lagunduko diren jarduerek eta horiek sustatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak errespetatzen dituztela, bai eta 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Itunean eta 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Itunean jasotakoak ere.

2.– Laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoari diruz lagundutako jarduerak gauzatzean sortzen diren materialak biltzen dituen artxibo digital bat ematea, organo horrek bere webgunean herritarren eskura jar ditzan, edo, bestela, material horiek jasotzen dituen URL helbide bat ematea, haietarako esteka bat sartu ahal izateko.

3.– Jarduera egitea edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.

4.– Dirulaguntza ematen duen entitateari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten eskakizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela. Jarduera hori pertsonei buruzkoa bada, sexuaren eta/edo generoaren arabera bereizitako datuak sartuko dira.

5.– Dirulaguntza eman duen organoak edo entitateak egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egon beharko du, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenen mende ere.

6.– Beste edozein administrazio, ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen entitateari.

Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

7.– Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman duen entitateari.

Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

8.– Egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, ogasunaren arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailaren titularraren aginduz erregelamenduz zehazten den moduan.

9.– Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea entitate onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, bai eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro ere, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

10.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

11.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

12.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzultzea.

13.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea, dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen dokumentu eta material guztietan.

14.– Herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatzea diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

15.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan aurreikusitako beste edozein.

17. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

1.– Giza Eskubideen arloan eskumena duen sailak dekretu honen helburuak betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren ikuskapen- eta kontrol-ekintzak egin ahal izango ditu.

2.– Era berean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzak fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez, interesgarria izan daitekeen informazio guztia eskatu ahal izango diote onuradunari, eta laguntzen kudeaketari buruz dagozkion egiaztapen-jarduerak egin ahal izango dituzte.

18. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Garatutako jarduerak egiteko adjudikatutako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira: lehenengoa, esleitutako zenbatekoaren % 50, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta berehala, eta gainerako ehunekoa, laguntza eman zen helburua bete dela eta jasotako funtsak 19. artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatu direla justifikatu ondoren.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Dirulaguntzaren entitate onuradunek emandako dirulaguntzaren erabilera justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden eredu normalizatuak erabiliz.

Aurkeztu beharreko dokumentazioak honako hauek jasoko ditu:

a) Diruz lagundutako jarduera gauzatzeko konpromisoa (IV. eranskina).

b) Egindako jardueraren memoria zehatza (V. eranskina).

c) Jarduera bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duen dokumentazioa, hala nola: programen aleak, iragarki-kartelak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa edo soinuduna.

2.– Era berean, diruz lagundutako jarduera hobeto justifikatzeko entitate onuradunek egokitzat jotzen duten beste edozein dokumentazio osagarri aurkeztu ahal izango da.

3.– Organo kudeatzaileak egiaztatu ahal izango du diruz lagundutako jarduera behar bezala egin dela eta emandako informazioa egiazkoa dela, egokitzat jotzen dituen egiaztapen-jarduketen bidez.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Entitate onuradunek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko eskatu ahal izango dute, baldin eta jarduera hasieran aurreikusitako moduan gauzatzea zailtzen duten inguruabarrak, beren borondateari egotzi ezin zaizkionak, gertatzen badira gerora.

2.– Aldaketak dirulaguntzaren xedea betetzen dela bermatu beharko du, eta ezingo du diruz lagundutako jardueretan funtsezko aldaketarik eragin.

3.– Aldaketak ez du inola ere ekarriko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea, ez eta hirugarrenen eskubideei kalterik egitea ere.

4.– Aldatzeko eskaera Giza Eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak ezagutu bezain laster.

5.– Giza Eskubideen arloan eskumena duen sailburuordetzaren titularraren ebazpen arrazoitu bidez erabakiko da aldaketa.

21. artikulua.– Itzulketa.

1.– Jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

2.– Bidegabe jasotako laguntzak itzultzeko prozedura lege horren 40. artikuluan eta hurrengoetan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko da (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

22. artikulua.– Dirulaguntza emateko eta itzulketa mailakatzeko baldintzak ez betetzea.

1.– Ez-betetzetzat hartuko dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo behar bezala ez justifikatzea.

b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe edo horiek faltsututa, bai eta hori eragotziko luketen baldintzak ezkutatuz ere.

c) Dirulaguntzaren helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea edo dirulaguntzaren xede den portaera ez hartzea.

d) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak ez betetzea.

e) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12.5.d), 14.c) eta 42. artikuluetan ezarritako kontrol-jarduketei aurka egitea, aitzakiak jartzea, oztopoak jartzea edo uko egitea.

f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako publizitate-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.

g) Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikulutik 109. artikulura ezarritakoaren arabera, itzultzeko beharra dakarren erabaki bat hartzea.

h) Aplikatzekoa den araudian ezarritako beste edozein.

2.– Itzultzeko betebeharra proportzionaltasun-printzipioaren arabera zehaztuko da, honako irizpide hauen arabera:

a) Diruz lagundutako jardueraren xedea edo helburua erabat betetzen ez bada, emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko da.

b) Ez-betetze partzialak, dirulaguntzaren xedea betetzeko asmoz egindako jarduketa argi eta garbi egiaztatzen bada, egin ez den edo justifikatu ez den jardueraren zatiaren proportzioa itzuli beharko da.

c) Egindako jarduera-orduen kopuruaren arabera zehaztutako dirulaguntzen kasuan, ordaindutako orduen eta benetan justifikatutako orduen arteko aldearen arabera zehaztuko da itzulketa.

d) Baldintza formalak edo betebehar osagarriak ez betetzeak dirulaguntza jasotzeko eskubidea partzialki galtzea ekarriko du, xedea lortzeko duen eraginaren arabera.

3.– Ez-betetzeek, halaber, berandutze-interesak eskatzea eragin ahal izango dute, aplikatu beharreko araudian aurreikusitako baldintzetan.

4.– Artikulu honetan xedatutakoak ez du ezertan eragotziko dagokion zehapen-prozedura hasteko aukera, baldin eta egitateak arau-hausteak badira indarrean dagoen araudiaren arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eranskinak eguneratzea.

Dekretu honen eranskinak urtero eguneratu ahal izango dira, Giza Eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak emandako deialdi-ebazpenaren bidez, ekitaldi bakoitzean sortzen diren beharretara egokitzeko, betiere dekretu honetan ezarritako printzipioak eta xedapenak errespetatzen direla bermatuz.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bonuaren zenbatekoa eta entitate hartzaileak ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa eguneratzea.

1.– Dekretu honetan aurreikusitako entitate hartzaileak ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa eta bonuaren zenbatekoa eguneratu ahal izango dira, Giza Eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez.

2.– Eguneraketa txosten tekniko arrazoitu batean oinarritu beharko da, zenbateko berria diruz lagundutako jardueren kostuetara egokitzen dela justifikatzeko.

3.– Eguneratzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da 110/2014 Dekretua, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonuak Programa arautzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arau osagarria.

Dekretu honetan berariaz arautzen ez den guztirako, prozedurari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoa aplikatuko da, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia ere.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko ekainaren 16an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala