
126. zk., 2026ko uztailaren 6a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (1219 KB - 45 orri.)
- EPUB (3203 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
3060
AGINDUA, 2026ko ekainaren 17koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, Bermeoko Portua Antolatzeko Plan Bereziaren hirugarren aldaketa behin betiko onesten duena.
1.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako orduko sailburuaren 2020ko urriaren 14ko Aginduaren bidez, hasierako onespena eman zitzaion Bermeoko Portua Antolatzeko Plan Bereziaren 3. aldaketari, baita ingurumen-azterketa estrategikoari ere, eta erabaki zen berrogeita bost egun balioduneko epean, onespen hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen zenetik hasita, informazio publikoko izapidea egitea eta ukitutako administrazio publikoen eta aldez aurretik kontsultatutako interesdunen kontsulta-izapidea egitea, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko maiatzaren 8ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuaren arabera.
2.– Informazio publikoaren eta kontsulten izapidea betetzeko, behar ziren iragarkiak jarri ziren Bizkaiko Aldizkari Ofizialean 2020ko urriaren 22an, baita egun hartako El Correo eta Deia egunkarietan ere.
3.– Emandako epean, hainbat alegazio-idazki eta txosten aurkeztu ziren, Bermeoko Udalarena barne, eta, horiek kontuan hartuta, beharrezkotzat jo zen dokumentazio idatziaren eta grafikoaren edukia aldatzea, bai eta eranskinena eta dokumentu osagarriena ere, eta beste bertsio bat idatzi zen, legez eta teknifikazio aldetik egokiagoa. Edukian egindako aldaketak ikusita –bereziki, lurzoruaren erabilerenak eta antolamendu xehatuarenak–, komenigarritzat jo zen hasierako beste onespen bat ematea eta entzunaldi- eta kontsulta-izapidea hastea.
4.– Bermeoko Portuko Plan Bereziaren 3. aldaketaren bigarren hasierako onespena 2022ko abenduaren 13ko Aginduaren bidez eman zen, eta, horretarako, ingurumen-organoari kontsulta egin zitzaion, eta hark, 2021eko apirilaren 22ko idazki baten bidez, oniritzia eman zion ordura arte egindako ingurumen-ebaluazioaren prozedurari.
5.– Agindu horretan, planaren 3. aldaketaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren gaineko informazio publikoaren eta kontsultaren izapidea berriro egitea xedatu zen, berrogeita bost egun baliodunean egitea ere, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen zenetik. Hor, 2022ko abenduaren 30ean argitaratu zen, eta iragarkia El Correo egunkarian argitaratu zen, 2022ko abenduaren 29an.
6.– Informazio publikoaren eta kontsulten izapidearen epe berrian, idazkiak aurkeztu zituzten partikularrek nahiz entitate pribatu eta publikoek, alegazioak, iradokizunak eta oharrak egiteko eta kontsultei erantzunak emateko. Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, horri erantzunez, izapide hartan jasotako idazkiak baloratzeko txostena erantsi zion espedienteari, 2024ko uztailaren 17ko idazki baten bidez.
7.– 2020ko urriaren 30ean, Emakundek zegokion txostena eman zuen, 4/2005 Legearen 12. artikulutik 20. artikulura bitartean xedatutakoa behar bezala aplikatzen zela egiaztatzeko (garai hartan, lege hori zegoen indarrean: 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa).
8.– Lurraldea Antolatzeko Batzordeko Bizkaiko Hirigintza Plangintzaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman zuen, martxoaren 22ko 1/2023 saioan.
9.– Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren 2024ko irailaren 24ko agindu baten bidez, behin-behinean onetsi zen Bermeoko Portua Antolatzeko Plan Bereziaren 3. aldaketa.
10.– Bermeoko Portua Antolatzeko Plan Bereziaren aldaketa hau idaztean, emandako txosten sektorialak kontuan hartu dira, eta azkena Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Kostaldearen eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena izan da, 2026ko martxoaren 17koa.
11.– Ingurumen-ebaluaziorako prozedurari dagokionez, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2025eko urtarrilaren 8ko ebazpen baten bidez, Planaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa egin zen, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2025eko otsailaren 5ean.
12.– Plan bereziaren aldaketa hau izapidetzeko, artikulu hauetan ezarritako prozedura bete da: Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 97. artikulua eta, igorpen bidez, 95. artikulua eta hurrengoak, bai eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 20ko 46/2020 Dekretuaren 31. eta 32. artikuluak ere.
13.– Prestatutako dokumentazio teknikoak plan berezi bat osatzeko behar diren baldintzak betetzen ditu, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 69. artikuluan xedatutakoaren arabera.
14.– Martxoaren 24ko harako 46/2020 Dekretu haren 7.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Bermeoko Portuaren Plan Bereziaren aldaketa honen behin betiko onespenaren publizitatean, gutxienez agindu honen edukia eta hirigintza-arauak jasoko dira (I. eranskinean daude arauok).
15.– Bestalde, martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 7.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin zaien planei dagokienez, informazio hau erantsi behar da, II. eranskin gisa:
a) Laburpen bat, alderdi hauek jasoko dituena:
1.– Nola integratu diren planean ingurumen-arloko alderdiak.
2.– Planean nola hartu diren kontuan ingurumen-azterketa estrategikoa, informazio publikoaren emaitzak eta kontsulten emaitzak, barnean hartuta, hala badagokio, mugaz haraindiko kontsultak eta ingurumen-arloko adierazpen estrategikoa, bai eta prozesuan sortutako desadostasunak ere, halakorik izan bada.
3.– Aukeratutako hautabidearen alde egiteko eta aintzat hartutako gainerako hautabideen alde ez egiteko arrazoiak.
4.– Zer helbide elektronikotan jarriko duen jendaurrean organo substantiboak planaren eduki osoa.
b) Planaren aplikazioak ingurumenean dakartzan ondorioen jarraipena egiteko hartu diren neurriak.
16.– Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eskumena du behin betiko onespen hau emateko, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 97.2 artikuluan eta martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 32. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 411/2024 Dekretuaren 10.3.c) artikuluarekin lotuta.
Aplikatu beharreko legedia aztertu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Bermeoko Portua Antolatzeko Plan Bereziaren 3. aldaketa behin betiko onestea, bai eta haren I. eranskina (Hirigintza Arauak) eta II. eranskina (Ingurumen Alderdiak Txertatzearen Laburpena) ere.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Bizkaiko Lurralde Historikoan zabalkunde handiena duen egunkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu hau behin betikoa da eta administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beronen aurka, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 17a.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
RSS