
126. zk., 2026ko uztailaren 6a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (170 KB - 8 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3059
EBAZPENA, 2026ko ekainaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Azkoitian (Gipuzkoa) Altamira 11 eremuko urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena, Altamira 11 eremuko Itun Batzarrak sustatuta.
AURREKARIAK
2026ko otsailaren 27an Azkoitiko Udalak eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari Azkoitian (Gipuzkoa) Altamira 11 eremuko urbanizazio-proiektuaren (aurrerantzean, Proiektua) ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten zezala, Altamira 11 eremuko Itun Batzarrak sustatuta. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen aplikazio-esparruan egin da eskabidea, eta arau horrek arautzen ez dituen alderdietan, berriz, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-esparruan.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2026ko apirilaren 20an Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta ukitutako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira, eta haien emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen Ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren mende dago, aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean sartutako kasuetako bat delako; zehatz esateko, 7. taldeko b) epigrafean: Urbanizatze-proiektuak, merkataritza-guneak eta aparkalekuak eraikitzea barne.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; hala ez den kasuetan, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Honako hauek hartu dira kontuan: abenduaren 9ko 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Azkoitian (Gipuzkoa) Altamira 11 eremua urbanizatzeko proiekturako, Altamira 11 eremuko Itun Batzarrak sustatuta, honen arabera:
A) Proiektuaren xedea da «Altamira» 11 eremua garatzeko beharrezko urbanizazio-lanak definitzea, Azkoitiko arau subsidiarioen planeamenduak proposatutako antolamenduaren arabera.
B) Azkoitiko (Gipuzkoa) Altamira 11 eremua urbanizatzeko proiekturako, Altamira 11 eremuko Itun Batzarrak sustatuta (aurrerantzean, Proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena ematen duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertu da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren xede den eremuaren azalera 42.283 m2 da eta Azkoitiko udalerriaren hegoaldean dago; kalifikazioari dagokionez «A-2 bizitegi-eremua» (30.296 m2) eta «F ekipamenduen sistema orokorra» (11.987 m2) da. Zonaren eremu handi batean ikastetxeak daude.
Proiektuan ekintza nagusi hauek daude jasota:
– Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI eskolak handitzea, instalazioetako batzuk garai bateko «Juin Txiki» 54 areako instalazioetara eramanda.
– Bide bat eraikitzea Juineko biribilgunea eta Beidazar kalearen luzapena lotzeko Kukuherriko errepidearekin bat egiten duen tokian eta tokiko bidegorri-sistema osatzea.
Bizitegi-arloko hiri-bilbea osatzea, Txalon Errekako etorkizuneko garapenarekin lotzeko. Lau etxebizitza-bloke eraikitzea aurreikusita dago (A.1.1, A.1.2, A.2 eta A.3 partzelak) eta plaza bat egitea ere bai A.2 eta A.3 partzelen artean. Proiektuaren arabera, 3 fase ezarriko dira Altamira eremuaren urbanizaziorako. 1. fasea gauzatu da dagoeneko, eta bide bat eraiki zen Juineko biribilgunearekin lotzeko, zerbitzuko azpiegiturak instalatu ziren eta lorategi eremua egin Azkoitia BHI DBH ikastetxearen ondoan.
Proiektuaren 3. fasea ezingo da urbanizatu Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia Institutua BHI ikastetxea lekualdatu arte. Ikastetxea eraistea proiektu independente baten xede izango da.
2. fasean A.1.1 bizitegi-partzelaren ondoko bidearen zati bat gauzatuko da, eta ikastetxeak gaur egun daukan ibilgailu-sarbidearekin konektatutako da behin-behinean.
Beidazar kalea luzatu egingo da biribilgune berri batera arte (eremuaren mendebaldera) eta hortik abiatuko da Bizenta Mogel kalearekin lotzeko bidea. Biribilgunea eta GI-3171 foru-errepidearekin lotura definitu dira «Bide-sistema orokorreko proiektua» Azkoitiko 10. sektoreko Tallentako biribilgunea delakoan.
Urbanizazioko 2. fasean aurreikusi den bakarra da A ardatza izeneko bidearen zati bat eraikitzea, 190,15 metro luzekoa eta A.1.1 partzelaren aurrean dagoena. 3. fasean B bidea gauzatuko da, 80 metro luzekoa eta zabalgune bat egingo da A.2 eta A.3 partzelen artean, erabilera publikoko plaza egiteko.
Era berean, proiektuan jarduketa-eremu txiki bat erantsi da, eremutik kanpo, Bizenta Mogel kalearekin bidezko konexioa egiteko. Espazio libreak Munohaundi eremutik osatuko dira. (gutxienez 3.100 m2-ko azalerarekin).
Harri-lubetazko horma baten proiektua dago (34 metro luzekoa eta 2 metro baino apur bat altuagoa urbanizazioaren sestratik), Izarraitz Lanbide Eskolaren eraikinaren eremuan A bidea sortzeko.
Era berean, hormigoi armatuzko horma baten proiektua dago (90,37 metro luzekoa eta gehienez 2 metro altukoa urbanizazioaren sestratik) B bidearen plataforma sortzeko, bide horrek xurgatuko baitu Santa igoerako bidearen eta Izarraitz Lanbide Eskolako partzela pribatuaren arteko desnibela. Hormigoizko horma kareharriz estaliko da.
Proiektuak aurreikusten du zabaldu egingo direla ura, gasa eta argindarra hornitzeko eta banatzeko sareak. Eremuaren mendebaldetik ekialdera goi-tentsioko sarea igarotzen da eta lurpean sartu beharko da. Euri-uren eta drainatzeen saneamendu-sarea ur beltzen saretik banatuta proiektatu da.
2. fasearen garapenean 2.074,92 m3 materialen indusketa egitea aurreikusten da, eta horietatik 1.376,92 m3 obran berrerabiliko dira, 81 m3 landareztatzeko erabiliko diren landare-lurrak dira eta gainerako 617 m3 beteketa-lanak egiteko eramango da.
3. fasean, indusketako materialen bolumena 8.640,86 m3koa izango da, horietatik 1.018 m3 obran berrerabiliko dira, 378,86 m3 urbanizazioan berrerabiliko diren landare-lurrak dira eta 7.244 m3 beteketa-lanak egiteko eramango dira.
Proiektua osatzeko hiri-altzariak jarriko dira (aulkiak, zaborrontziak, iturriak, edukiontziak, etab.), bideetako seinaleak, argiteria publikoa, ureztaketa-sarea eta lorategiak.
5 hilabete eta erdikoa da 2. fasea egiteko zenbatetsitako epea. 3. fasea ere 5 hilabete eta erdian egingo da. Egikaritzeko guztizko epea 11 hilabetekoa izango da.
2.– Proiektuaren kokalekua.
Proiektua garatzen da hein batean urbanizatutako lurzoruetan, dagoeneko zenbait ikastetxe dauden tokian. Altamira eremuko lurzoruen % 87 baino gehiago giza jarduerak aldatutako lurzoruak dira.
Azterlanaren eremua ez dator bat babestutako naturguneekin, interes geologikoko eremuekin eta paisaia-interes berezikoekin ere ez. Tokitik 35 metro ingurura Urola ibaia dago eta 75 metrora Txalon erreka.
Proiektuak ukitutako landarediari dagokionez, erruderal-nitrofiloa da, eta lorategiak ere badaude soropilarekin eta ornamentuzko zuhaitzekin, fruta-arbolak, zuhaixkekin egindako heskaiak eta landatutako zuhaitz autoktono batzuk. Espezie exotiko inbaditzaileak ere badaude (bereziki, Cortaderia selloana). Eremuaren zati batean Azkoitiko baratze ekologikoak daude. Ingurumen dokumentazioaren arabera, ez dago Batasunaren intereseko 6510 habitatik (altuera baxuetako sega-belardi elkorrak), eremuko soropilek ez baitute habitat mota horretan ohikoa den flora-osaera. Azterlanaren eremua hiri inguruan dagoenez, bertako faunan espezie ubikistak daude.
Ez da deskribatu Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan mehatxatutako espezietzat katalogatuta dagoen florako eta faunako espezierik, ezta Kudeaketa Plana onartuta daukatenik ere.
Eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioko 20017-00156 kodea duen kokalekua dago. 1. fasea 2000. urtearen hasieran egin zen eta kokaleku horretako azaleran eragina izan zuen, gaur egun Azkoitia BHI DBH ikastetxea dago eta ez dute erasanik izango Proiektuko 2. eta 3. fasean aurreikusitako obrek.
Uholde arriskuari dagokionez, eremuaren hego-ekialdeko azalera txiki bat ES017-GIP-URO-04 UAHEren barruan dago, 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskugunean, lehentasunezko fluxugunetik kanpo. Dena dela, azalera hori lehen aipatutako 1. fase horren barruan dagoenez, eginda dago jada. Era berean, baztertu egin dira balizko beste arriskuak.
3.– Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.
Eremuaren izaera eta proiektuaren ezaugarriak kontuan izanda, inpakturik esanguratsuenak lur-mugimenduekin zerikusia dutenak dira, eta kasu honetan ez dira bereziki esanguratsuak.
Lur-mugimendu horiek jariatzearen bidez esekitako solidoak eraman ditzakete Urola ibaira eta Txalon errekara y lurrazaleko urak kutsatzeko arriskua dago obren fasean nahigabe hidrokarburoak, olioak edo hormigoia isuriz gero. Obren faseko balizko erasan horiek murriztu egiten dira prebentzio-neurriak hartuz gero, esekitako solidoak sare hidrologikora eramatea minimizatzeko eta substantzia kutsatzaileen isuriak egoteko arriskua ere minimizatzeko.
2. faseak eragina izango du landarerik ez dagoen eta interesik gabeko landaredia dagoen lursailetan: aldatutako sailekin lotutako landare erruderal komunitateei eta baratzeen zonako landare arrotzei. 3. faseak eragina izango du landarerik gabeko lursailetan, landaredi erruderala dagoenetan eta baratzetako eta lorategietako landaredian, interesik gabekoak guztiak ere. Galera hori konpentsatzeko, 8.779 m2ko espazio libreak aurreikusten ditu proiektuak eta horietako asko berdeguneak dira.
2. fasean 21,9 m2 soropil eta 45 zuhaitz landatzea aurreikusten da. 3. fasean 816 m2 soropil eta 150 zuhaitz landatzea aurreikusten da.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei dagokienez, egiteko dauden 2. eta 3. faseek ez dute eraginik 20017-00156 kodearekin inbentariatutako azaleran, ezta lurra kutsa dezaketen beste jarduera batzuk jasan dituen beste azalera batean ere.
2. faseak, gauzatzen denean, erasan txikia izango du hiriko baratzeetan eta mantendu ahal izango dira. Aldiz, 3. faseak eremu osoan izango du eragina. Erasandako azalera kontuan izanda, ekoizpenaren aldetik ez dago erasanik nekazaritzan.
Proiektuak gauzatzearen ondorioz beste eragin esanguratsurik ez da aurreikusten.
Bigarrena.– Ebazpen honetan babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, Azkoitiko (Gipuzkoa) Altamira 11 eremuko urbanizazio-proiektuak, Altamira 11 eremuko Itun Batzarrak sustatuak, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak nahiz kontrolak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.
Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan jaso beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:
– Uraren Euskal Agentziaren txostenaren arabera, eremu horretan «Etxe Azte iturria» izeneko iturburu bat dago, 0,017 l/s-ko aprobetxamendukoa etxerako eta abeltzaintzarako (erref. A-G-2011-3049). Zentzu horretan, urbanizazio-proiektuan behar diren neurriak hartuko dira, obrek emakidan erasanik izan ez dezaten.
– Drainatze jasangarriko hiri-sistemei dagokienez, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 48. artikuluan zehaztutakoa kontuan hartuta, jasoko da zoladura soilik jarriko dela behar-beharrezkoa den azaleretan, eta neurriak hartuko direla okupazio iragazgaitza eta azalera horiek minimizatzeko, eta SUDS drainatze jasangarriko hiri-sistemak txertatuko direla (zoladura iragazkorrak, tangak edo ekaitzetarako gailuak, eta abar).
– Eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Ildo horretatik, ingurumenaren arloko agirian adierazten denaren arabera, sedimentuei eusteko sistemak instalatuko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela bermatzeko.
Sistema horiek aldian-aldian ikuskatuko dira, are eurite handiak direnean, edukiera erabilgarria nahikoa izan dadin une oro, eta, hartara, tratamendu-sistemaren errendimendua ahalik eta onena izan dadin. Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urik lurrazaleko ur-ibilguetara irits ez dadin.
– Aldi baterako material-pilaketak zona seguruetan egingo dira, urak arrastan eramateko arriskurik ez dagoenetan.
– Obren eraginez soildutako lurren landareztatze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala, ingurumen-dokumentuan adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.
– Obrak egin bitartean, proiektuaren beste eremu batzuetan lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaiela, berehala, Azkoitiko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
– Zona horretan garatu nahi den edozein proiekturen aurrean, lurzoruren kalitateari buruzko ikerketa bat egin beharko da, baldin eta agertzen bada Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan zehaztu zirkunstantziaren bat eta lege horretako 24. edo 25. artikuluan araututako salbuespen-kasuren bat gertatzen ez bada, lurzoruaren kalitatea aitortzeko prozedura hasiko da, xede den lurzoruaren kalitatearen ikerketako emaitzak aurkeztuta.
– Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egin beharko da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta ukitutako ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, inguruko etxebizitzen inguruetan. Bideak, ahal dela, eskuz edo erratz-makinen bidez garbituko dira. Ahal den neurrian, ez da urik erabiliko, ibaira isurtzen diren solido-karga handiko jariatze-urak sortzea saihesteko.
– Obraguneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, ingurumen-agiriko edukiaren arabera, batez ere zirkuitu itxikoak. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra-fase osoan zehar.
– Zonifikazio akustikoaren, kalitate helburuen eta emisio akustikoen esparruan Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraituz, obra-fasean erabilitako makinek nahitaez bete behar dute kanpoan lan egiten duten makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen legeria eta, zehazki, aplikagarri zaienean, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, zeinaren bitartez kanpoan erabiltzen diren hainbat makinek ingurura igortzen dituzten zaratak arautzen baitira, eta arau osagarriak.
– Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, beharrezkoa izango da inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egitea, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Azterketa horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustiko eta eraikuntza sentikorretan zarata murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
– Euskal Autonomia Erkidegoko errepidez eta trenbidez salgai arriskutsuak garraiatzeak dakarren arriskua dela-eta sor daitezkeen larrialdiei aurre egiteko plan berezian adierazitakoa aplikatuko da (Eusko Jaurlaritza, 2001).
– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
– Aplikatu beharreko araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere sortuko kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira. Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.
– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obran aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Jasangarritasuna eraikuntzan. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, Eraikuntza iraunkorrerako gidak liburuxkan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
• Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea edo hondakin gutxiago sortzea.
• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
• Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea.
Garraio-prozesuak murriztea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta, biodibertsitatea handitzea eta kontserbatzea.
• Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.
• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.
Garbiketa eta obra bukatzea.
Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honetan xedatzen dena aplikatuko da.
Hirugarrena.– Zehaztu behar da ez dela uste izatekoa proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –adierazitakoen aurkakoak ez badira–. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen Azkoitian (Gipuzkoa) Altamira 11 eremuko urbanizazio-proiektuari, Altamira 11 eremuko Itun Batzarrak sustatuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Azkoitiko Udalari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 16a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS