
126. zk., 2026ko uztailaren 6a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (156 KB - 4 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3058
EBAZPENA, 2026ko ekainaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Amurrioko (Araba) Landaburu kaleko (13. poligonoa, 207. partzela) egungo A-2 erabilera A-3an eraldatzeko plan estrategiko bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2026ko martxoaren 27an, Amurrioko Udalak «Amurrioko (Araba) Landaburu kaleko (13. poligonoa, 207. partzela) egungo A-2 erabilera A-3an eraldatzeko plan estrategiko bereziaren» (aurrerantzean, plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskabidea osatu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2026ko apirilaren 17an eta espedientean jasota dago emaitza. Era berean, Amurrioko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitako kasuen artean dago; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-ondore nabarmenik –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edo plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzakeelako.
Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari lotuta dauden proiektuei baimena emateko. Natura 2000 Sareko espazioei ere ez die eragiten, ezta natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeriak edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako araubideren bat duten espazioei ere.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aztertzen da ea planak ondore nabarmenak izan ditzakeen ala ez ingurumenean, eta, beraz, bete behar duen ala ez ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Amurrioko (Araba) Landaburu kaleko (13. poligonoa, 207. partzela) egungo A-2 erabilera A-3an eraldatzeko plan estrategiko bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.
Planaren eremua 423,50 m2-ko hiri-partzela bat da, Amurrio udal-mugarteko Landaburu kalean kokatuta dagoena.
Indarrean dagoen plangintzaren arabera, partzela hori A-2 bizitegi-azpieremuan dago; hots, eraikuntza intentsiboko bizitegi-partzela bat da (R1e Etxebizitza kolektiboa). Planaren helburua erabilera hori dentsitate txikiko A-3 erabilera bihurtzea da, eta, bereziki, R1b Bi familiako etxebizitza.
Partzela Amurrioko bizitegi hiri-lurzoruaren zati da, partzelaren aurrealde osoa urbanizatuta dago, eta etorkizuneko eraikinak beharrezko hiri-zerbitzu guztietarako sarbidea du; beraz, eraikin berria lehendik dauden hartuneei lotuko zaie, kanpoko sare berrien beharrik gabe.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak beste plan edo programa batzuetan zer-nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da bateraezintasunik aurkitu hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak zaratari, lurzoruei, urei, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen arearen ezaugarriak:
Planaren xede den eremua bizitegitarako hirigunea da. Gaur egun, lehendik partzelan zegoen eraikina eraitsi ondoren, landaredi erruderal nitrofiloa dago, eta ez du ingurumen-babeseko araubideren bat duen espaziorik edo natura-balioengatik garrantzitsuak diren elementurik, eta ez dago ondare historiko-arkitektonikoaren katalogoetan jasota dagoen kultura-elementurik.
Ingurumen-arazo esanguratsurik ere ez da hauteman, hala nola kutsatutako lurzoruak edo uholde-arriskuarekin, higagarritasunarekin edo akuiferoen kalteberatasunarekin zerikusia duten beste batzuk.
Inpaktu nagusiak bizitegi-eraikin berria eraikitzeko fasean sortutakoak izango dira, aldi baterakoak; zehazki, soinu-mailak eta hondakinen areagotzearen ondoriozkoak. Planak indarrean dagoen plangintzari dagokionez proposatutako jarduketen ondorioz gerta daitezkeen eraginak aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, ur, zarata, hondakin eta isurketa, segurtasun, osasun eta ingurumenaren arloetako indarreko araudia betez.
C) Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezarri behar dira, planak ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta «Amurrioko (Araba) Landaburu kaleko (13. poligonoa, 207. partzela) egungo A-2 erabilera A-3an eraldatzeko plan estrategiko bereziari» ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar ez dakion, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak plangintzan txertatzen badira.
Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:
– Kultura-ondarea babesteko neurriak: Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari jakinarazi beharko zaizkio proiektuaren aldaketa guztiak, obrako aurkikuntza arkeologiko guztiak eta gune arkeologikoen mugaketaren barruan egingo diren lur-mugimendu guztiak, eta aldez aurretik Museoen eta Arkeologiaren Zerbitzuaren txostena jaso beharko du (Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 33., 74. eta 65. artikuluak).
– Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta eragin gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.
– Kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen ez dituzten eremuetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzera bideratutako neurriak hartuko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan zehaztutakoaren arabera kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak ) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Amurrioko (Araba) Landaburu kaleko (13. poligonoa, 207. partzela) egungo A-2 erabilera A-3an eraldatzeko plan estrategiko bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Amurrioko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Amurrioko (Araba) Landaburu kaleko (13. poligonoa, 207. partzela) egungo A-2 erabilera A-3an eraldatzeko plan estrategiko berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 11.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
Nicolas Garcia-Borreguero Uribe.
RSS