
126. zk., 2026ko uztailaren 6a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (163 KB - 8 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
3034
6/2026 LEGEA, ekainaren 25ekoa, Euskadiko Sustapen-izaerako Tradiziozko Zezen-ikuskizunak arautzekoa.
Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela 6/2026 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskadiko Sustapen-izaerako Tradiziozko Zezen-ikuskizunak arautzen duena.
ZIOEN AZALPENA
Herri-izaerako tauromakiak tradizio luze eta ondo dokumentatua du Euskadin. Herri askotan, ospakizunak zezenketen inguruko hainbat modalitaterekin lotuta daude -entzierroak, sokamuturrak eta antzekoak-, eta horiek guztiak udalerri horietako kultura-ondare ukiezinaren elementu ukaezina dira.
Antzinatik, ekitaldi horien helburua izan da adingabeak komunitateko jai-errituetan integratzea, etorkizunean helduen jaialdietan modu seguru eta egokian parte hartzeko beharrezko arauak eta ohiturak erakutsiz, kultura-ondarearen parte den praktika hori iraunaraziz eta gazteak herri-festetan integratzen lagunduz.
Hala ere, hainbat arrazoi direla-eta, orain arte ikuskizun horiek ez dute araudi propio eta espezifikorik izan; horrek hutsune normatiboa sortzen zuen, ospakizuna zailduz eta segurtasun juridikorik eza eraginez udalei, antolatzaileei zein parte-hartzaileei. Zezen-ikuskizunen araudi orokorra ez dator bat gure kultura-ondare ukiezinaren jarraipena eta sustraitzea sustatu nahi duten ekitaldien izaerarekin eta eskalarekin. Araudi argi eta neurritsua ezarri behar da, beste lurralde batzuetan bezala.
Horrela, lege hau hiru oinarri funtsezkoren gainean eraikitzen da:
- Parte-hartzaileen segurtasun osoa: ibilbideei, hesi eta babes-neurriei, langile kualifikatuei eta osasun-baliabideei buruzko betekizun zorrotzak ezartzen dira, ekitaldien izaerara egokituak.
- Animalien ongizatea: legeak esplizituki debekatzen du edozein motatako tratu txar. Erabiliko diren zezenak gazteak izango dira (<18 hilabete) eta adarrak babestuta izango dituzte, ikuskizuna trebetasun-jolas gisa eta animaliei kalterik eragin gabe garatu dadin bermatzeko, Euskadiko animalien babesari buruzko araudiarekin bat etorriz.
- Haurren eta gazteen babesa: nazioarteko erakundeen gomendioak kontuan hartuta, lege honek argi eta garbi bereizten ditu ikuskizun hauek zezenketa profesionaletatik. Espresuki debekatzen da animaliak zauritzea edo tratu txarra ematea, ekitaldia familia-ingurunean garatzen den aisialdi- eta kirol-jarduera gisa ulertzen baita. Adingabeen parte-hartzea jai herrikoietan integratzeko bide gisa ulertzen da, baita animaliekiko eta naturarekiko errespetua transmititzeko tresna gisa ere, animalien hazkuntzarekiko eta etologiaren ezagutzarekiko interesa piztuz.
Azken batean, lege honen helburua da Euskadin adingabeek parte hartzen duten herri-izaerako zezen-ikuskizunak modu seguru eta arduratsuan ospatzeko aukera emango duen esparru juridikoa ezartzea, haien balio kulturala aitortuz, parte-hartzaileak babestuz eta inplikatutako animaliekiko errespetu zorrotza bermatuz.
Lege hau Gernikako Autonomia Estatutuaren 10.38 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari «jendaurreko ikuskizunen» arloan aitortzen dion eskumena baliatuz ematen da.
Horretarako, lege hau lau titulutan, 19 artikulutan, xedapen gehigarri batean eta azken xedapen batean banatzen da. Lehen tituluak arauaren xedapen orokorrak arautzen ditu, hala nola xedea, aplikazio-eremua eta definizioak. Bigarren tituluak, bere aldetik, ekitaldien antolakuntzari, parte-hartzaileen segurtasunari eta animalien ongizateari buruzko betebeharrak jasotzen ditu. Hirugarren tituluak jaialdi herrikoien dibulgazio kulturala eta ikuspegi hezitzailea jasotzen ditu, tradizioan sustraitutako ospakizun horien izaerari helduz. Laugarren tituluak ikuskapen- eta zehapen-araubidea arautzen du. Bukatzeko, xedapen gehigarriak eta azken xedapenak lege honen indarrean sartzea eta haren garapen erregelamenduzkoa aurreikusten dute.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Lege honen xedea da Euskadiko lurralde-eremuan ospatzen diren sustapen-izaerako tradiziozko zezen-ikuskizunak arautzea.
2.– Lege honen aplikazio-eremutik berariaz kanpo gelditzen dira estatuko eta erkidego-mailako araudi espezifikoetan araututako zezenketak, nobilladak eta 18 hilabetetik gorako zezenekin egiten diren gainerako zezen-ikuskizunak.
2. artikulua.– Definizioak.
1.– Lege honen xedeari dagokionez, honako definizio hauek ezartzen dira:
a) Sustapen-izaerako tradiziozko zezen-ikuskizunak: dagokion foru-erregistroan inskribatuta dauden eta 6 eta 18 hilabete bitarteko adina duten edozein arrazatako behi-animaliak -arrak zein emeak- erabiliz egiten diren zezen-ikuskizunak, espazio publikoan zein pribatuan ospatzen direnak, eta 8 eta 16 urte bitarteko adingabeen parte-hartzea helburu dutenak.
b) Modalitate horien artean honako hauek sartzen dira: xahalak askatzea eremu itxietan, sokarekin edo sokarik gabe (sokamuturra), errekortariak, entzierroak edo udalerriko idiosinkrasia tradizionalaren araberako antzeko beste ikuskizun batzuk.
c) Antolatzailea: izaera publikoa edo pribatua duen pertsona fisiko edo juridikoa, ikuskizunaren antolaketa eta garapenaren arduraduna.
d) Parte-hartzailea: 16 urtetik beherako pertsona, ikuskizunean aktiboki parte hartzen duena.
e) Ikuskizunaren zuzendaria: zezenketako profesionala, ganadutegiaren titularra edo hark ordezkari gisa izendatutako pertsona, ezagutza egiaztatuak dituena eta ikuskizunaren garapenaren zuzendaritzaren arduraduna dena. Ikuskizunaren zuzendariek urdin bizi koloreko besoko bat eramango dute, identifikatu ahal izateko.
f) Laguntzailea: 18 urtetik gorako pertsona heldua, parte-hartzailea izan gabe ikuskizunean zehar adin txikikoez arduratu eta haiek lagundu eta gainbegiratzen dituena.
g) Segurtasun-neurriak: parte-hartzaileen eta erabilitako animalien osotasuna babesteko neurri-, azpiegitura- eta langile-multzoa, ikuskizunaren ingurunea eta elementu materialak adingabeentzat zein animalientzat kaltegarriak edo traumatikoak ez direla bermatzea helburu dutenak, ikuskizuna behar bezala garatzen dela ziurtatuz.
2.– Arau honen ondorioetarako, honako hau hartuko da kontuan adina zehazteko: jaiotza-ziurtagirian agertzen den jaiotza-data, kontuan hartuta animaliak urteak betetzen dituela jaio eta hurrengo hilabeteko lehen egunean.
II. TITULUA
ANTOLAKETA, SEGURTASUNA ETA ANIMALIEN ONGIZATEA
3. artikulua.– Baimena eta betekizunak.
1.– Sustapen-izaerako tradiziozko edozein zezen-ikuskizun ospatzeko, aldez aurretik Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzaren baimena beharko da.
2.– Antolatzaileek gutxienez 10 laneguneko aurrerapenarekin aurkeztu beharko dute eskaera, eta honako dokumentazio hau erantsi:
a) Eskaera normalizatua, antolatzailearen identitatea, lekua, data, ordutegia eta modalitatea jasotzen dituena.
b) Erantzukizun zibileko asegurua, ikuskizunak pertsonei zein ondasunei eragin lekizkiekeen kalteak estaliko dituena; aseguruak arauz ezarritako gutxieneko zenbateko bat izango du.
c) Ikuskizunaren zuzendaria eta segurtasunaren zaintzaz arduratzeko gutxienez bi laguntzaile kualifikatu izendatzeko agiria; pertsona horiek besoko banda edo antzeko bitarteko baten bidez identifikagarriak izango dira.
d) Ikuskizunaren memoria deskribatzailea, ospatzeko lekua eta segurtasun- eta ebakuazio-plana, ibilbidearen krokisa eta osasun-zerbitzuen zein larrialdi-irteeren kokapena barne hartuko dituena.
e) Abereak lekualdatzeko dokumentua eta arau sanitarioak betetzen direla egiaztatzen duen ziurtagiria.
f) Ganadutegia abeltzaintzako ustiategien erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.
g) Abereen dokumentu ofizialak, zeinetan egiaztatzen baita haien adina ez dela 6 hilabetetik beherakoa ezta 18 hilabetetik gorakoa ere, eta adarrak estalita edo bolaztatuta eramango dituztela, adarkada-arriskurik gerta ez dadin.
h) Osasun-laguntzaren ziurtagiria, eskuragarri dauden giza baliabideak eta baliabide materialak zehaztuz -gutxienez medikua edo erizaintzako unibertsitate-diplomatua eta oinarrizko bizi-euskarriaren anbulantzia izango dira-.
3.– Aurreikusitako eguna eta ordua baino 72 ordu lehenago ebazpen espresurik eman ez bada, ikuskizuna ez baimendutzat joko da.
4. artikulua.– Animalien ongizatea.
1.– Animalien babesa eta ongizatea bermatzeko arduradunak abeltzaina, antolatzailea eta parte-hartzaileak izango dira, eta antolatzailea izango da azken erantzukizuna duena eta araudia betetzen dela bermatzen duena.
2.– Inolaz ere ezingo zaie animaliei zauririk egin, ziztatu, kolpatu, heldu edo tratu iraingarririk, antinaturalik edo burlazkorik eman. Debekatuta dago, halaber, animaliari kalte egin diezaiokeen tresna edo dibisa oro erabiltzea.
3.– Ikuskizunaren zuzendariak eskumena izango du ekitaldia eteteko edo bertan behera uzteko, animaliak arriskuan egonez gero edo tratu txarrik jasoz gero.
4.– Jarduera gauzatu bitartean, animalien egoera fisikoa eta psikologikoa zainduko da, estresa, nekea, beldurra edo sufrimendua adierazten duten portaera-adierazleei erreparatuz. Nahitaezko atsedenaldiak ezarriko dira. Halaber, debekatuta egongo da ikuskizuna egitea, baldin eta agintari eskudunek tenperatura altuen ondoriozko alerta meteorologikorik eman badute. Ikuskizuna abian den bitartean alerta aktibatuz gero, ikuskizuna berehala etengo da. Arrisku-faktore horien jakitun izanik ikuskizuna ospatzen bada, ardura antolatzailearena izango da.
5.– Animalia bakoitza ikuskizunaren eremuan egon daitekeen gehieneko denbora 15 minutukoa izango da. Denbora hori igarotakoan, animalia berehala erretiratu beharko da atseden- edo garraio-eremura, eta ezin izango da ikuskizun berean berriz erabili.
5. artikulua.– Ospakizunaren ordutegia.
Debekatuta egongo da ikuskizun hauek 22:00etatik 07:00etara bitartean ospatzea.
6. artikulua.– Segurtasun-neurriak.
1.– Eremuak edo ibilbideak babes-hesi seguru bidez mugatuta egon beharko dira, parte-hartzaileei zein animaliei kalterik, ebakirik edo lesiorik eragingo ez dieten materialekin eraikiak, eta abereen eta ikusleen arteko banatze osoa bermatuko dute.
2.– Ibilbideak erraz identifika daitezkeen larrialdi-irteerak eta ihesgune nahikoak eta seguruak izan beharko ditu, behar bezala seinaleztatuak eta eskuragarriak.
3.– Derrigorrezkoa izango da ikuskizuna hasi aurretik parte-hartzaileei segurtasun-arauen inguruko informazio argia eta ulergarria ematea eta informazio hori bitarteko irisgarrien bidez jakinarazten dela bermatzea, bai eta sortzen diren zalantzak argitzea ere.
4.– Ibilbidean zehar edo plazan arriskutsuak izan daitezkeen oztopoak kenduko dira ikuskizunaren aurretik, abere eta adin txikikoek ibilbidean ahalik eta distrakzio edo elementu gutxien topatu ditzaten.
7. artikulua.– Parte-hartzaileak eta laguntzaileak.
1.– 16 urtetik beherako pertsonek bakarrik parte hartu ahal izango dute ibilbidean edo plazan modu aktiboan.
2.– Ibilbidera sartzen diren pertsona helduek laguntzaile gisa jardungo dute, adingabeak gainbegiratzeko, eta ezingo dute modu aktiboan parte hartu, ez zezenei dei eginez ezta haiekin korrika eginez ere, salbu eta arrisku-egoeran esku hartzeko beharrezkoa denean.
3.– 14 urte baino gutxiagoko adingabeek pertsona heldu batekin joan beharko dute.
4.– Debekatuta dago alkoholaren edo droga-substantzien eraginpean dauden pertsonek ibilbidean parte hartzea edo pertsona horiek bertan egotea. Antolatzaileak eta haren laguntzaileek debeku hori betetzen dela zainduko dute.
III. TITULUA
ALDERDI KULTURALAK ETA HEZITZAILEAK
8. artikulua.– Dibulgazio kulturala.
Eusko Jaurlaritzak erakundeen, tokiko elkarteen eta kultura-eragileen arteko lankidetza sustatuko du, sustapen-izaerako tradiziozko zezen-ikuskizunekin lotutako balio historiko eta tradizionalak zabaltzeko.
9. artikulua.– Ikuspegi hezitzailea.
Sustapen-izaerako tradiziozko zezen-ikuskizunen antolatzaileek zainduko dute jaialdi horiek errespetua, erantzukizuna eta animaliekiko zein ingurunearekiko zaintza sustatzen dituztela, baita horiei buruzko ezagutzak eskuratzeko aukera ere.
IV. TITULUA
IKUSKAPEN- ETA ZEHAPEN-ARAUBIDEA
10. artikulua.– Ikuskapena eta zaintza.
1.– Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzari eta udalei dagokie, beren eskumenen esparruan, lege honetan xedatutakoa betetzen dela ikuskatzea eta kontrolatzea.
2.– Ikuskizunean dauden agintaritzaren agenteek ekitaldia berehala eteteko ahalmena izango dute, baldin eta pertsonen segurtasunerako arrisku larri eta berehalakoa antzematen badute edo lege honetan adingabeen edo animalien babesari buruz ezarritakoa urratzen duten jarduerak egiten badira.
11. artikulua.– Arau-hausteak.
Lege honetan xedatutako haustea arau-hauste arin, larri eta oso larri gisa sailkatuko da.
1.– Arau-hauste arinak izango dira:
a) Ospakizunaren ordutegia ez betetzea.
b) Segurtasun-arauen eta animalien babesa eta errespetua bermatzeko derrigorrezko jarraibideen inguruko informazioa jendaurrean ez jartzea edo parte-hartzaileei ahoz ez jakinaraztea.
c) Lege honetan ezarritako betekizunetatik edozein ez betetzea, baldin eta arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatuta ez badago.
2.– Arau-hauste larriak izango dira:
a) Ikuskizuna ospatzea, eskatutako dokumentazio guztia aurkeztu gabe.
b) Exijitzen den gutxieneko laguntzaile-kopurua ez izatea edo haiek behar bezala identifikatu ez egotea.
c) Hesietan edo ibilbideetan ezarritako segurtasun-neurriak ez betetzea, betiere arrisku larririk sortzen ez badu.
d) Intoxikazio-sintomak dituzten pertsonen parte-hartzea ez eragoztea.
e) Abereei tratu txarra ematea, baldin eta haiei lesio iraunkorrik eragiten ez badie.
3.– Arau-hauste oso larriak izango dira:
a) Ikuskizuna ospatzea beharrezko baimenik gabe edo debeku espresuarekin.
b) Erantzukizun zibileko aseguru-polizarik edo derrigorrezko osasun-laguntzarik ez izatea.
c) Segurtasun-neurriak ez betetzea, pertsonentzat arrisku larri eta berehalakoa sortzen badu.
d) Onartutako adina baino handiagoko edo txikiagoko abereak erabiltzea edo adarrak babestu gabe edukitzea.
e) Abereei tratu txarra ematea, baldin eta horrek lesio larriak, ondorio iraunkorrak edo heriotza eragiten baditu.
12. artikulua.– Erantzukizuna.
Arau-hausteen erantzukizuna ikuskizunaren antolatzailearen gain egongo da, beste pertsona batzuentzat sor daitezkeen erantzukizun zibil edo penalak galarazi gabe.
13. artikulua.– Zehapenak.
1.– Arau-hausteak honako zenbateko hauetako isunekin zigortuko dira:
a) Arau-hauste arinak: 150 eurotik 1.500 eurora arteko isuna.
b) Arau-hauste larriak: 1.501 eta 30.000 euro arteko isuna, eta, horrekin batera edo horren ordez, sei hilabetera arteko desgaikuntza jarduera bera gauzatzeko.
c) Arau-hauste oso larriak: 30.001 eta 150.000 euro arteko isuna, eta, horrekin batera edo horren ordez, sei hilabete eta egun batetik urtebete eta sei hilabetera bitarteko desgaikuntza jarduera bera gauzatzeko.
2.– Arau-hauste larrien edo oso larrien kasuan, zehapen osagarri gisa ezarri ahal izango dira jarduera etetea edo ikuskizunak antolatzeko desgaikuntza, gehienez bost urterako.
14. artikulua.– Zehapenen mailaketa.
1.– Zehapenek nahitaez proportzionalak izan behar dute arau-haustea eragiten duen gertakariaren larritasunarekin. Irizpide hauek erabiliko dira zehapen bakoitzaren maila zehazteko:
a) Arau-haustearen ondorio ekonomikoak eta sozialak.
b) Arau-hausteak pertsonen segurtasunean eragin duen arriskua.
c) Pertsonei eta ondasunei eragin zaizkien kalte kualitatibo nahiz kuantitatiboak.
d) Araua behin eta berriz hautsi den. Araua behin eta berriz hautsi dela ulertuko da administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez zehapena jaso duten izaera eta larritasun bereko edo bestelako arau-hauste bat edo gehiago egiten direnean urtebeteko denboran.
e) Arau-haustea egiteko garaian zabarkeriaz edo nahita jokatu den.
f) Lege-xedapenak betetzeko jarrera ona adierazi den. Hori egiaztatzeko, egindako kaltea konpontzeko neurriak hartu behar dira zehapen-espedientea bukatu baino lehen.
g) Legez kontrako irabazirik lortzen den.
h) Erasandako pertsonen kopurua.
2.– Irizpide hauek ez dira aplikatuko arau-haustearen larritasuna areagotzeko erabiltzen direnean.
3.– Arau-hauslearentzat onuragarriagoa izan ez dadin araua haustea arauak betetzea baino, aukera egongo da jarri beharreko zehapen ekonomikoari legez kontra lortutako irabazien kopurua gehitzeko.
15. artikulua.– Arau-hausteak preskribatzea.
Arau-hauste oso larriek bost urtera preskribatuko dute, arau-hauste larriek hiru urtera, eta arau-hauste arinek urtebetera.
16. artikulua.– Zehapenak preskribatzea.
Arau-hauste oso larriei jarritako zehapenek bost urtera preskribatuko dute; arau-hauste larriei jarritakoek hiru urtera, eta arau-hauste arinei jarritakoek urtebetera.
17. artikulua.– Prozedura iraungitzea.
Zehapen-prozedura ebatzi eta gero, interesdunari jakinarazi behar zaio ebazpena, prozedura hasi zenetik urtebetera, gehienez ere, non eta ez den egunen kontaketa eten Euskal Administrazio Publikoen Zehatzeko Ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legeak ezarritako gorabeheraren bat gertatu delako. Epe hori betetzen denean iraungitzen dira jarduerak, aipatutako lege horrek ezarritakoaren arabera.
18. artikulua.– Zehatzeko ahala erabiltzeko eskumena duten organoak.
1.– Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek abiarazi, izapidetu eta ebatziko dituzte arau-hauste oso larriak zehatzeko espedienteak.
2.– Ikuskatzeko eta kontrolatzeko eskumena duen Administrazioko organoek abiarazi, izapidetu eta ebatziko dituzte arau-hauste arin eta larriak zehatzeko espedienteak, lege honek ezarritakoarekin bat etorriz.
3.– Ikuskizunen arloko eskumenak dituen sailak erabiltzen du Eusko Jaurlaritzako zehatzeko ahala, eskudantzia hauen arabera:
a) Ikuskizunen arloko eskumenak dituen zuzendaritzak dauka eskumena Eusko Jaurlaritzak ebatzi beharreko zehapen-espedienteak abiarazi edo izapidetzeko.
b) Ikuskizunen arloko eskumenak dituen zuzendaritzako titularrari dagokio arau-hauste arin eta larriengatik jarri beharreko zehapenak jartzea.
c) Ikuskizunen arloko eskumenak dituen sailburuordetzako titularrari dagokio 60.000 euro arteko zehapenak jartzea arau-hauste oso larriengatik, eta urtebete eta sei hilabete arteko gainerako zehapenak ezartzea.
d) Ikuskizunen arloko eskumenak dituen saileko sailburuari dagokio arau-hauste oso larriengatik jarri beharreko gainontzeko zehapenak jartzea.
4.– Zehapen-prozedurako edozein fasetan, ebatzi behar duen organoak erabakitzen badu arrazoi nahikoak daudela aditzera ematen dutenak gertakariek arau-haustea eratzen dutela baina berari ez dagokiola hori zehatzea, horren berri emango dio horretarako eskuduntzat jotzen duen organoari, eta egindako jarduera guztiak helaraziko dizkio.
5.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe, udal batek arau-hausteak zehatzeko ahala erabiltzeko eskumena duenean baina arau-hausteak pertsegitzeari uzten dionean, Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek, udalari ahal hori betetzeko eskatu eta gero, beharrezko neurriak hartuko dituzte arau-hausteak udalaren ordez eta haren kontura pertsegitzeko.
6.– Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek eta toki-administraziokoek elkarri eman behar diote izapidetzen dituzten espedienteen berri, espedientea irekitzeko ebazpena ematen denetik hamar eguneko epean.
19. artikulua.– Zehapen-prozedura.
Zehapen-prozedura egokituko zaie sektore publikoaren araubide juridikoa eta administrazio-prozedura erkidea arautzen dituen indarreko legerian ezarritako printzipio eta xedapenei, bai eta Euskal Administrazio Publikoen Zehatzeko Ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legean aurreikusitakoari ere.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Erregelamendu bidezko garapena.
Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 25a.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
RSS