Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2026ko uztailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3033

5/2026 LEGEA, ekainaren 25ekoa, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legea Hizkuntza-normalizazioko Neurriei dagokienez aldatzekoa.

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela 5/2026 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legea Hizkuntza-normalizazioko Neurriei dagokienez aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Euskararen erabilpena arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legeak bere hitzaurrean jasotzen du, Espainiako Konstituzioak eta Gernikako Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoen esku utzi zutela euskararen erabilera garatu eta normalizatzeko neurriak hartzeko ardura.

Agindu orokor horren esparruan, aipamen zehatza nabarmentzen da legearen 14. artikuluan, non adierazten baita botere publikoek zehaztuko dutela Administrazioko zein lanpostutarako izango den nahitaezkoa bi hizkuntzak jakitea, euskara eta gaztelania, eta, gainera, euskararen ezagutza-maila haztatuko dutela, beste merezimendu batzuen artean, gainerako plazak eskuratzeko.

Xedapen horiek argiak izan arren, 2025ean testuinguru polemikoa izan genuen enplegu publikorako sarbidean euskara jakitea eskatzeari dagokionez; eta hori ezegonkortasun-fenomeno onartezina da, kontuan hartzen badugu eragindako herritarren bolumena eta tartean dauden guztientzat berebiziko garrantzia duen alderdi batean sortzen diren zalantzak, enplegu publikoaren gaineko eragina gizarte demokratiko ororen ibilbidearen funtsezko zatia baita.

Alde batetik, ohartarazten da legeak berak adierazten zuela euskara, gaztelaniarekin batera, hizkuntza ofiziala izateak ez diela kalterik egin behar hainbat arrazoirengatik hizkuntza hori erabili ezin duten herritarren eskubideei; izan ere, Gernikako Estatutuaren 6.3 artikuluak ezartzen du inor ezingo dela diskriminatu hizkuntzagatik.

Bestalde, zalantzarik gabe, Konstituzio Auzitegiak euskararen erabileraren garapena eta normalizazioa sustatzen duen legea baliozkotu zuen, eta edukiaren aplikaziotik sor zitezkeen balizko desbideratzeen hipotesia soilik kritikatu zela egiaztatu zen. Hipotesi hori, nolanahi ere, herritarren hizkuntza ofizialen erabilera bermatzeko betebeharrarekin eta hizkuntza horien ezagutza eta erabilera babestu eta sustatzeko betebeharrarekin bat etorri zen.

Baina ezagutza elebiduna eskatzea konplexua da. Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen Konstituzioaren 14. eta 23.2 artikuluetan xedatutakoa errespetatu behar dela, diskriminaziorik egin gabe. Halaber, esan zuen euskararen erabilerak berekin dakarrela euskal hiztunen presentzia, «dagokion Autonomia Erkidegoko herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko modu gisa». Legearen aplikazioa etengabeko eztabaidan jartzen duen epaitze-arazo baten aurrean gaude. Ildo horretatik, eztabaida horri dagokionez, hausnartu eta baloratu behar da, dagokion neurrian, elebitasunaren exijentzia bere garaian gauzatu eta sakon aztertu zela, bai eta ondorioztatu ere (82/1986 Konstituzio Auzitegiaren Epaia), exijentzia hori arrazoizkotasun- eta proportzionaltasun-irizpideekin egin behar dela, Konstituzioaren 23.2, 139.1 eta 149.1.1 artikuluetan xedatutakoaren ikuspegitik (horiek guztiak legearen aurrean berdintasuna zaintzea sustatzen duten aginduak izanik).

Indarrean dagoen eta aplikatzen dugun arau-testuingurua Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legean dago. Haren 187. artikuluan lege-agindu argi bat nabarmentzen da, euskal administrazio publikoek beren barneko zein kanpoko harremanetan bi hizkuntzen erabilera berma dezaten; beren erakunde eta organismoetan hizkuntza-plangintzarako tresna bat onartzea, non, plangintzaldi bakoitzerako, lortu nahi diren helburuak, hartu behar diren neurriak eta jarri behar diren bitartekoak finkatuko dituzten; dauden lanpostu guztiek dagokien hizkuntza-eskakizuna esleituta izatea (lanpostu horiek hornitzeko eta horietan jarduteko behar den euskarazko gaitasun-maila), lanpostu horien ezaugarri eta komunikazio-premien arabera; derrigortasun-datatik aurrera, hizkuntza-eskakizuna betetzea nahitaezkoa izatea lanpostua eskuratzeko, edo, nolanahi ere, data hori baino lehen, hizkuntzaren ezagutza merezimendu eztabaidaezina izatea enplegu publikora iristeko. Transkribatu berri dena legeak zehazten duena da.

Argi eta garbi geratu behar da, beraz, gaur egun jada legez kanpokoa dela eta indarrean dagoen legeria demokratikoaren aurkakoa, Euskal Administrazio publikoan plaza edo lanpostu bat egotea bertan jarduteko ezinbestekoa den euskararen ezagutza eta erabilera-maila finkatuta ez duena. Eta argi geratu behar da, halaber, ez dela zilegi, ezta legez baliozkoa ere, legearen aurrean ustezko berdintasun-eskubidea alegatzea, euskal administrazio publikoen eremuan enplegu publikora iristeko euskararen ezagutza-mailen eskakizuna kentzeko hipotesiari oinarria emateko. Gaztelania-hiztunak ezin dira diskriminatutzat jo enplegu publikora iristeko euskararen ezagutza legez eskatzeagatik.

Ezagutza hori guztia zehaztasun handiarekin jartzen da praktikan Legearen erregelamendu betearazlean, hots, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeari buruzko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuak onartutakoan. Dekretu hori ez da oro har onartzen, eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurritu egin da, demandan argudiatuz berdintasunerako oinarrizko eskubidea urratzen dela enplegu publikoko plaza bat lortu nahi duten pertsonei hizkuntza-eskakizuna eskatzeagatik.

Arazo are konplexuagoa dator azken urteotan ezagutu dugun berrikuspen judizialetik. Berrikuspen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak egindu, bere Administrazioarekiko Auzien Salatik. Haren arabera, hizkuntza-eskakizunen sistema zuzen aplikatzeak neurriz kanpoko emaitza ekar dezake, eta, beraz, Konstituzioaren aurkakotzat jo eta, azken batean, baliogabetu egin daiteke. Horrek berekin dakar argitu beharreko erabateko ziurtasun-ezaren distira, erakunde publiko demokratikoekiko mesfidantza oso arriskutsua pizten duena.

Proportzionaltasuna da gakoa, zalantzarik gabe. Arazo garrantzitsua da, ulermenerako eta segurtasun juridikorako zailtasun kalkulaezinak sortzen baititu, eta horrek eragin dezake epaileek isiltasun-teknika bat aplikatzea legearen aplikazioa epaitzeari dagokionez, halako moldez, non enplegu publikora iristeko deialdi bateko jarduera jakin bat zuzenean jotzen den Konstituzioaren aurkakotzat eta, ondorioz, baliogabetu, horren jatorrian dauden lege eta erregelamenduen aipamenik txikiena ere egin gabe. Hori gertatu da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salaren epai batzuetan, hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-betekizuna debekatzen baitute, eta zuzenean ulertzen baitute berdintasuna urratzen dela Espainiako Konstituzioaren 3. eta 23.2 artikuluen arabera. Sala bereko baina beste atal bateko epai batzuek, aldiz, egokitzat jotzen dute hizkuntza-eskakizunen sistema aplikatzea, eta gogorarazten dute hori dela enplegu publikoari buruz indarrean dagoen euskal legeriak baliozkotasunez lehenetsitako aukera.

Horrek guztiak kasuistikan sakontzera eta sistema aplikatzean erabili den zorroztasuna haztatzera garamatza, kontuan hartuta, gainera, berrikuspen judizialaren zain dagoela, hain zuzen ere, aipatutako Erregelamendua, sistema horren xehetasunak ezartzen dituena. Hain justu, Erregelamendu horren aplikazioari dagokionez jartzen da zalantzan, zeharka, proportzionaltasunaren baldintza; eta horrek biktimizazio bikoitza dakar, jardun publiko bat deuseztatzearen emaitza negatiboari gehitu behar zaiolako arazoak saihestuko dituen etorkizuneko irtenbide bat iragartzeko ezintasuna, are negatiboagoa dena.

Erregelamenduaren 25. artikuluak tresna bat sortzen du, plantilletan hizkuntza-eskakizuna ezartzeko prozesuaren nolabaiteko parametrizazio sistematikoa lortu nahi izan duena, baina bere bideragarritasunaren estigma bihurtu dena, aipatutako Salak, zenbait epai eztabaidagarritan, zalantzan jartzen baitu egiten den haztapena. «Derrigortasun-indizea» izeneko kontzeptua da. Kontzeptu horrekin zehazten da sektore publikoko entitate bakoitzean hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data ezarrita izan behar duten plazen ehunekoa, eta, beraz, lanpostu horiek eskuratzeko euskara-maila jakin bat exijitzen da.

Sartu nahi ditugun neurriek Erregelamenduak ezartzen dituen mekanismoak aplikatzean transmititu diren pertzepzio okerrak zuzentzeko asmoa dute. Horrela, alde batetik, legean parametro berriak sartzeak hizkuntza-eskakizunen sistemaren dinamika argitu eta finkatu ahal izango du, dinamika hori ezin baita inola ere zalantzan jarri hizkuntza-eskakizunen sistema hori ezartzen duten legeak indarrean dauden bitartean; eta, bestetik, epe ertainean giza baliabideak kudeatzeko prozesuetan euskararen normalizazioak duen eragina arautzen duten erregelamendu-arauak eguneratu ahal izango dira, baldin eta legea epe laburrean aplikatzetik aparteko arazoak sortzen badira, alde batera utzirik etorkizunean sor daitezkeen gatazken auzipetze arrunten kopuru natural bat izateko aukera.

Derrigortasun-indizeari dagokion arauketa aldatzen da. Baztertu egiten da onplexuak diren eta kontzeptualki modu zorrotzean kuantifikatzeko zailak diren parametroak (esaterako, euskaldunen edo ia-euskaldunen ehuenkoa) kontrastatzen dituen ekuazioa, eta, horren ordez, proportzionaltasuna gauzatu ahal izateko, kontuan hartuko dira dagokion enplegu publikoa hornitzen duten plazak dituen erakunde, instituzio edo organismo publiko bakoitzak askatasunez aztertu eta bere gain hartzen duen populazioaren euskararen ezagutzaren inguruko irizpideak.

Horrela, bada, Hizkuntza Normalizatzeko Neurriei buruzko Lege honek artikulu bakarra du, eta, horren bidez, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legea aldatzen da. Lege horren 187. artikuluari 11. paragrafoa gehitzen zaio, proportzionaltasun indibidualizatuaren printzipioari lege-maila emateko. Horrela, alde batetik, Euskal Administrazio publiko bakoitzak, hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak finkatzean, azterketa zorrotza eta justifikatua egin beharko du, proportzionaltasun-irizpideetan eta erakundean hizkuntza ofizialak erabiltzeko benetako beharretan oinarrituta, eta, beste alde batetik, arau-automatismoa desagerraraziko da, berariaz debekatuz «derrigortasun-indizeen zehaztapen orokorrak» aplikatzea, hori izan baita, hain zuzen ere, jurisprudentzia berrian frikzio-puntu eta deuseztatze-arrazoi nagusia.

Legeak hiru azken xedapen ere baditu. Lehenak Jaurlaritzari agintzen dio eguneratzeko Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren bidez onartutako erregelamendua, onetsitako lege-aurreikuspenaren arabera; bigarrenak ezartzen du Jaurlaritzak arautu egingo duela enplegu publikoaren eskaintzetan derrigortasun-datak geroratzea, eta horren salbuespenak ere arautuko dituela; eta hirugarrenak adierazten du lege hau berehala jarriko dela indarrean.

Artikulu bakarra.– Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 187. artikuluari 11. paragrafoa gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«11.– Euskal administrazio publikoek, haien erakundeek eta organismoek, beren euskararen normalizazioari eta erabilerari buruzko plangintza-tresna denborazkoa onartzean, eta tresna horren baitan ezarri beharreko helburuak, neurriak eta baliabideak zehaztean, zorroztasunik handienarekin zehaztu beharko dituzte plangintzaldi bakoitzerako hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data finkatua duten lanpostuak eta derrigortasun-datarik ez dutenak.

Euskal administrazio publikoek, haien erakundeek eta organismoek egindako zehaztapena, bai derrigortasun-datarik gabeko lanpostuena bai derrigortasun-data dutenena –iraungita dutenena zein geroratuta dutenena– proportzionaltasun-irizpideen arabera justifikatu beharko da. Horretarako, kontuan hartuko dira bete beharreko eginkizunaren edo lanpostuaren mota eta maila; administrazio publikoek, haien erakundeek eta organismoek onartutako hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko irizpide linguistikoak; dagokion erakundearen kokapen-eremuaren errealitate soziolinguistikoa eta bere jardun-eremua. Ez da aplikatuko derrigortasun-indize orokorrik. Erregelamenduz ezarriko dira euskal administrazio publikoek, haien erakundeek eta organismoek beren derrigortasun-indize propioa zehazteko oinarriak.

Enplegu publikoaren eskaintzen deialdietan sartzen diren lanpostuetan derrigortasun-datak zehaztean, euskal administrazio publikoek, haien erakundeek eta organismoek derrigortasun-data geroratua duten plazen kopurua finkatuko dute, eta horrek lanpostuen zerrendan dagokion aldaketa ekarriko du, hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoak ezarriko dituen irizpideen arabera. Horrela, hautagaiek lanpostu edo dotazio horietara sarbidea izango dute dagokien hizkuntza-eskakizuna aurrez egiaztatu gabe, baina epe jakin bat izango dute, hots, lanpostu horren derrigortasun-data iritsi arte, eskakizuna egiaztatzeko. Aldi horretan, dagokion erakundeak langileei dagokien hizkuntza-prestakuntza emango die dagokion hizkuntza-eskakizuna gainditzen laguntzeko. Nolanahi ere, derrigortasun-data geroratua duten plazetan euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da.

Enplegu publikora sartzeko deialdiek, bai eta horniketa- zein mugikortasun-prozesuek eta barne-sustapeneko prozesuek ere, kontuan hartu eta aplikatuko dute Administrazio publikoan euskararen normalizazioari eta erabilerari buruzko araubide juridikoa, lege honetan ezarritakoaren arabera».

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoak eguneratuko du otsailaren 22ko 19/2024 Dekretua, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoak arautuko du euskal sektore publikoko entitateen enplegu publikoaren eskaintzetan derrigortasun-datak geroratzea, bai eta horien salbuespenak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 25a.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.


Azterketa dokumentala