
124. zk., 2026ko uztailaren 2a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (140 KB - 3 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
2990
AGINDUA, 2026ko ekainaren 26koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez hartzen baitira sorosleei ur-salbamenduko prestakuntza eta lehen laguntza emateko prestakuntza egiaztatzeari buruzko neurriak, erabilera kolektiboko igerilekuen araudi sanitarioa onartzeari buruzko otsailaren 18ko 32/2003 Dekretua garatuz.
Erabilera kolektiboko igerilekuen araudi sanitarioa onartzeari buruzko otsailaren 18ko 32/2003 Dekretuaren –azaroaren 2ko 208/2004 Dekretuak aldatua– 33.1 artikuluan, honako hau ezartzen du: «Erabilera kolektiboko igerilekuek sorosle bat izango dute, uretako salbamenduan eta lehen sorospenetan prestakuntza duena».
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren lanbideetan sartzeari eta aritzeari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legearen zortzigarren xedapen gehigarria uretako jardueretan parte hartzen duten pertsonen segurtasuna babesteari buruzkoa da.
Honako hau dio 1. apartatuan: «Soroslea igerileku zein ur-instalazioen eta uretako naturaguneetan bainatzeko guneen erabiltzaileen segurtasuna zaintzeaz arduratzen da, eta arriskutsuak izan daitezkeen egoerak prebenitzen ditu, etengabeko zaintza eta esku-hartze eraginkorra eginez istripu edo larrialdi-egoera baten aurrean».
2. apartatuaren arabera, aldiz, sorospen-lana kualifikazio-baldintza baten arabera egingo da, eta hori egiaztatzeko, honako ziurtagiri, titulu edo titulu baliokideetako bat aurkeztu beharko da:
a) Uretako instalazioetako sorospeneko profesionaltasun-ziurtagiria.
b) Uretako naturaguneetako sorospeneko profesionaltasun-ziurtagiria.
c) Salbamendu eta sorospeneko kirol-teknikariaren tituluaren hasierako zikloaren ziurtagiria.
d) Salbamendu eta sorospeneko kirol-teknikariaren titulua.
e) Lanbide Heziketako tituluen katalogoko jarduera fisikoen eta kirol-jardueren lanbide-familiako teknikariaren beste edozein titulu, betiere lanbide-jarduera horiek tituluaren lanbide-profilera egokitzen badira.
Azken e) letra horri dagokionez, argitu behar da bertan sartzen direla lanbide-arlo horretako teknikari guztiak, maila edozein dela ere. Legea Parlamentuan izapidetzean, espresuki ezabatu zen «goi-mailako» adjektiboa, maila guztiak barnean hartzeko; beraz, erdi-mailako nahiz goi-mailako teknikaria hartzen dira barnean.
3 apartatuan ezartzen duenez, xedapen gehigarri honetan aurreikusitako sorospen-jarduerak egin ahal izango dituzte Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziadun edo graduatuek eta kirol-jarduera fisikoen lanbide-familiako Lanbide Heziketako goi-mailako teknikariek, erregelamendu bidez arautuko den egokitzapen-ikastaro bat eginez gero. Goi-mailako teknikari eta teknikarientzako egokitzapen-ikastaro hori aurreko apartatuko e) letrarekin interpretatu behar da sistematikoki. Hau da, tituluaren lanbide-profilarekin gaitu gabe dauden aipatutako lanbide-arloko teknikariek soilik beharko dute, logikoa denez, egokitzapen-ikastaro hori.
2. eta 3. apartatuetan ezarritako gaikuntza-kualifikazioez gain, gogorarazten da 4. apartatuak gaikuntza profesionala ematen diela ekainaren 30eko 8/2022 Legea indarrean jarri zenean uretako sorospen-jarduera modu jarraituan egiten zuten uretako sorosleei ere. Gaikuntza profesional hori erregelamendu bidez garatzeke dagoenez –Euskal Autonomia Erkidegoko Igerilekuen eta Uretako Aisialdi Guneen Erregistroa sortu eta igerilekuen eta uretako jolasguneen irizpide tekniko-sanitarioak eta segurtasuna ezartzen dituen Dekretuaren bidez [gaur egun izapidetzen ari dira] garatzea aurreikusita dago–, behin-behinean gaituta geratuko dira 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen uretako sorospen-jarduera modu jarraituan egiten zutela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena sinatzen dutenak.
Horri dagokionez, gogorarazi beharra dago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikuluaren arabera, erantzukizunpeko adierazpenean sartzen diren datuak edo informazioa zuzenak ez badira edo faltsuak badira edo aipatu gabe uzten badira, horren berri izaten denetik aurrera ezin izango da jarraitu eraginpeko eskubideaz baliatzen edo jarduera egiten, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Uretako sorospen-jarduera jarraitutzat noiz jotzen den interpretatzeari dagokionez, kontuan hartu behar da aire zabaleko igerilekuetako uretako sorospen-jarduera udako denboraldian egiten dela; beraz, ezin da eskatu jarduera hori urte osoan egin izana. Aipatutako 4. apartatua erregelamendu bidez garatzen ez bada, betekizun horren interpretazio malgua egingo da.
Nolanahi ere, Osasun Sailak, osasun-agintaritza gisa, ez du inolako eskumenik naturaguneetan egiten diren aisialdiko jardueretan, eta, beraz, ez dagokio Osasun Sail honi gune horietan sorospen-jarduerak egiten dituztenei zer prestakuntza eskatu behar zaien, ez eta prestakuntza hori kontrolatzea ere.
Azkenik, udako lehen denboraldi honetan, badirudi kualifikazio galdagarriak dituzten profesionalak faltako direla, eta, hori dela eta, modu analogikoan aplikatuko da 8/2022 Legearen bigarren xedapen iragankorrean jasotako aurreikuspena, zeinak berariaz jasotzen baitu kualifikatutako pertsonen eskasia. Horrenbestez, 2026ko udako denboraldirako, behin-behinean gaituko dira kirol-federazioek, Gurutze Gorriak, DYAk eta antzeko entitateek eskaini ohi dituzten uretako sorospeneko prestakuntzak dituztenak. Irtenbide hori bat dator legearen beraren filosofiarekin eta helburuekin, zioen azalpenaren arabera: «Era berean, legea apurka-apurka eta modu ez traumatikoan ezartzeko mekanismoak jaso dira, bai eta aurreikusi ere zerbitzuak ematen dituzten entitateen eskaerari aurre egin diezaieketen profesional tituludunik gabeko egoerak».
2026ko urtarrilaren 1etik galdagarria zen kualifikazio-eskakizuna. Hala ezartzen du aipatutako legearen azken xedapenetako lehenengoaren 2. apartatuak, eta, horren arabera, «lege honetan aurreikusitako lanbide-kualifikazioak ez dira eskatuko 2026ko urtarrilaren 1a arte».
Horregatik, bai ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluan xedatutako eskumenak, zeinaren egikaritza Osasuneko sailburuari baitagokio, bai eta Osasun Sailari dagozkion eginkizunen eta jardun-arloen esparruan indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkion guztiak betez, eta, bereziki, Erabilera kolektiboko igerilekuen araudi sanitarioa onartzeari buruzko otsailaren 18ko 32/2003 Dekretuan xedatutakoa aplikatuz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da irizpideak zehaztea Erabilera kolektiboko igerilekuen araudi sanitarioa onartzen duen otsailaren 18ko 32/2003 Dekretuaren –azaroaren 2ko 208/2004 Dekretuak aldatua– aplikazio-eremuan sartzen diren erabilera kolektiboko igerilekuetako sorosleen lanbide-kualifikazioa egiaztatzen duten ziurtagiriak eta tituluak aldi baterako zehazteko, horrela, 3.1 artikuluan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko.
2.– Beraz, agindu honetatik kanpo geratzen dira naturaguneetan egiten diren aisialdiko jarduerak, aipatutako dekretuan jasotzen ez direnak.
Bigarrena.– Beharrezko kualifikazioa.
1.– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, instalazioaren zerbitzuan dauden sorosleek sorospen-jarduera egiteko beharrezkoa den kualifikazioa eduki beharko dute, hots, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren lanbideetan sartzeari eta aritzeari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian zerrendatutako ziurtagiri, titulu edo titulu baliokideetako bat eduki beharko dute.
2.– Kualifikazio-eskakizun hori betetzen dela ulertuko da salbamendu eta sorospeneko langileen ur-sorospeneko eta lehen laguntzako ezagutzen inguruan indarrean den egiaztapenari dagokionez titularrak instalazioa irekitzen edo, hala badagokio, berriro irekitzen duen unean sinatutako erantzukizunpeko adierazpenaren agirian jasotako adierazpenaren barruan; hori guztia, hargatik eragotzi gabe Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak esleituta dituen egiaztatze-, kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan xedatutakoarekin.
3.– Erantzukizunpeko adierazpen beraren bidez, sorosleek frogatuko dute, halaber, legea indarrean jarri aurretik, hau da, 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen, modu jarraituan egin dutela uretako sorospen-jarduera.
Hirugarrena.– Baliozko prestakuntza.
8/2022 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean adierazitakoari dagokionez, baliozkotzat joko dira prestakuntza-zentroetan egindako prestakuntzak, hala nola kirol-federazioetan, Gurutze Gorrian eta DYAn eta antzeko entitateetan, baldin eta kirol-sorospenari buruzkoak badira eta igerilekuen osasun-kontrolaren arloan eskumena duen zuzendaritzak ondorio horietarako prestakuntza baliozkotzat jotzen badu. Egiaztapena erantzukizunpeko adierazpenean aipatuz egingo da, egiaztagiriaren kopia ere aurkeztuta.
Laugarrena.– Indarraldia.
Agindu hau 2026ko irailaren 30a arte izango da indarrean.
Bosgarrena.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Seigarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, zeinak amaiera ematen baitio administrazio-bideari, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 26a.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
RSS