Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2026ko uztailaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2987

EBAZPENA, 2026ko ekainaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako (Gipuzkoa) «MZ.04 Ilunbe» (Miramon-Zorroaga) hirigintza-eremuko «b.20.2» eta «g.00.1» partzelen eta haren mugakide diren espazioen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2026ko martxoaren 3an, Donostiako Udalak Donostiako (Gipuzkoa) «MZ.04 Ilunbe» (Miramon-Zorroaga) hirigintza-eremuko «b.20.2» eta «g.00.1» partzelen eta haren mugakide diren espazioen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskabidea egin zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2026ko apirilaren 15ean eta espedientean jasota dago emaitza. Era berean, Donostiako Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Era berean, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Hiri-antolamenduko plan berezia jasota dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan, eta haren bidez ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen dira; hain zuzen ere, c) letran: etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten plan eta proiektuak, aurreko paragrafoetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez badituzte.

Gainera, plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinaren 3) apartatuko kasuen barruan dago; izan ere, etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezarrita, II.A eranskineko 6. eta 7. apartuetako gainerako baldintzak betetzen ez dituzten planak eta programak aipatzen ditu.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aztertzen da ea planak ondore nabarmenak izan ditzakeen ala ez ingurumenean, eta, beraz, bete behar duen ala ez ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako (Gipuzkoa) «MZ.04 Ilunbe» (Miramon-Zorroaga) hirigintza-eremuko «b.20.2» eta «g.00.1» partzelen eta haren mugakide diren espazioen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian jasotako terminoetan:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da «MZ.04 Ilunbe» hirigintza-eremuko (gutxi gorabehera, 33.295 m2-ko azalera du) «b.20.2» eta «g.00.1» partzeletan eta horien ingurune hurbilean indarrean dagoen antolamendu xehatuaren araubidea aldatzea.

Donostiako indarreko plangintza Hiri Antolamendurako Plan Orokorra da (aurrerantzean, HAPO), zeina 2010eko ekainaren 25ean onartu baitzen behin betiko. Planaren eremua hiri-lurzoruan dago: b.20.1 partzela hiri-lurzoru finkatu gisa eta b.20.2 partzela hiri-lurzoru finkatugabe gisa, eraikigarritasun haztatuaren areagotzeagatik. Geoeuskadiren arabera, eremuan lurzoru urbanizaezineko guneak ere badaude.

2017ko azaroan behin betiko onetsi zen «MZ.04 Ilunbe» hirigintza-eremuko «b.20.1» eta «b.20.2» partzelen eta haren mugakide diren espazioen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren testu bategina, «b.20.1» eta «b.20.2» partzeletan eta haren mugakide diren espazioetan indarrean zegoen antolamendu xehatuaren araubidea aldatzeko.

Testuinguru horretan, eremuko hirigintza- eta eraikuntza-lanei ekin zitzaion progresiboki, eta, gaur gaurkoz, hiri-bilbearen zati da.

Egun, «b.20.1» partzelako eraikuntza eraisten ari dira, ondoren Miramon Parke Teknologikoaren eraikin berria eraikitzeko.

Planak b.20.1 partzela finkatzen du 2017ko Plan Bereziaren arabera, eta soilik proposatzen da sestra azpiko doikuntzaren bat egitea, b.20.1 partzelako zein g.00.1 partzelako proiektuen garapenaren beraren ondoriozkoa, bien arteko mugan.

Plan Bereziak indarreko antolamendu xehatuaren doitzea planteatzen du «g.00.1» eta «b.20.2» partzeletarako eta espazio mugakideetarako, horien arauketa proposatutako egungo erabileren programara egokitzeko.

Hauek dira Planak jasotzen dituen proposamenak:

– Hirigintza-garapenari dagokionez, Planak planteatzen du «g.00.1» partzela handitzea eta haren hirigintza-parametroak doitzea, bi gune izango dituen erabilera anitzeko pabiloi berri bat jartzeko; «b.20.2» partzela iparralderantz lekualdatzea, «b.20.1» partzelaren ondora, eta haren eraikigarritasuna mantentzea; eta azken partzela horren hirigintza-parametroak (profila, altuera eta eraikigarritasuna) finkatzea, aurreikusitako erabileren programa berriarekiko koherentea den antolamendua bermatzeko.

– Doitze horren bidez bi partzelak erabat independenteki garatu ahal izatea lortu nahi da. Horretarako, aurretik «g.00.1» partzelaren parte zen «b.20.1» partzelaren zatia, -1 soto solairuan, osorik sartu da partzela horretan.

– Oinezko konexioa Anoetarekin. Jarduketa hauek aurreikusten dira: GI-20ren gaineko pasabidea, igogailuak, oinezkoen eskailera GI-20ren gainean eta oinezkoentzako arrapala berriak.

– Partzelen handitzeen eta lekualdatzeen ondorioz, dauden zuzkidura publikoak aldatzen dira: hiri-espazio libreak handitzen dira 15.154 m2-ra, 4 solairuko lurpeko aparkaleku publiko berria «g.00.1» partzelaren ondoan, bide-sistema 18.943 m2-ra murrizten da partzela areagotzearen eta aparkalekua lurperatzearen ondorioz, Anoetatiko oinezkoen irisgarritasuna hobetzen da, ekialdean eta mendebaldean eta beste jarduketa osagarri batzuk; autobusen aparkalekua hegoaldean, «b.20.2» aparkalekuaren lurpeko irteera, aparkalekuko zuzkidurak areagotzea eta bizikletentzako espazioak.

– Hirigintzaren emaitza: Donostiako Udalak «b.20.1» partzela saldu dio Miramongo Parke Teknologikoari. Azken horrek esparrua eraitsi eta hirugarren sektoreko erabilerarako eraikin berri bat eraikiko du, enpresa bioteknologikoak, ikerketa- eta produkzio-laborategiak, bulegoak eta coworking espazioak jasoko dituena. Era berean, oinezkoentzako pasabide bat jarriko da saihesbidearen gainean, bai eta lurpeko aparkaleku bat ere, 1.000 ibilgailu ingururentzako ahalmena izango duena.

Hau da, soilik doituko dira bi partzelen mugak, 2017ko Plan Berezian ezarritako «b.20.2» partzelaren gainerako hirigintza-parametroak aldatu gabe.

• Honela geratuko da «b.20.1» partzelaren eraikigarritasuna:

○ Hirugarren sektoreko erabileretarako (sestra gainean eta azpian): 28.587 m2(t).

○ Erabilera osagarrietarako (sestra azpian; aparkalekuak, etab.) 36.332 m2(t).

• Honela geratuko da «b.20.2» partzelaren eraikigarritasuna:

○ Hirugarren sektoreko erabileretarako (sestra gainean): 6.200 m2(t).

○ Erabilera osagarrietarako (sestra azpian; aparkalekuak, etab.) 16.800 m2(t).

«G.00.1» partzelaren hirigintza-parametroak aldatuko dira, baina ez da irabazizko eraikigarritasunerako.

Aztertutako aukerak.

– Aukera gisa aurkezten dira eremuan 1995tik egin diren hirigintza-araubidearen proposamenak: 1. aukera: 1995eko HAPO; 2. aukera: 2008ko xedapen-aldaketa. Horretan jasotzen da «b.20.1» partzela hirugarren sektoreko erabileretarako izatea, eta bestea (hirigintza-dokumentu horretan, «g.000.2» partzela) ekipamendu publikoko erabileretarako; 3. aukera: 2010eko HAPO (indarrekoa). Horren arabera, bi partzelek izango dituzte hirugarren sektoreko erabilerak, bat etorriz HAPOan ezarritako hirigintza-aurreikuspenekin (eraikigarritasuna, eraikuntza-parametroak...); 4. aukera: 2017ko Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Horren arabera, bi partzelek izango dituzte hirugarren sektoreko erabilerak, eta horietan indarrean dagoen hirigintza-araubidea doituko da; eta 5. aukera: Planak garatutakoa eta apartatu honetan deskribatutakoa.

1., 2. eta 3. aukerak aurretik baztertuta, 2017ko azaroko Plan Bereziak ahalbidetu egin du egun egikaritzen ari den b.20.1 partzela garatzea (4. aukera).

15 urte igaro dira jada 2010eko Plan Orokorra onetsi zenetik, eta horrek agerian uzten du plan horren berariazko proposamenak egikaritzeko zailtasuna eta/edo bideraezintasuna.

Horrenbestez, arrazoizkoa da pentsatzea 5. aukera dela une honetan egokiena hiriaren behar bat asetzeko; hain zuzen ere, bi gune izango dituen erabilera anitzeko pabiloi bat jartzea, eta dagokion lehiaketarako deialdia egin da jada horretarako.

Eremuaren aurrekariak aintzat hartuta, ingurumen-dokumentuak 0. aukera edo ez esku hartzekoa –eremuaren egungo hirigintza-baldintzak mantentzea– alderatzen du 1. aukerarekin (eremuaren hirigintza-araubidearen aurrekarien 5. aukera). Izan ere, hori da eremurako planteatutako jarduketa guztiei erantzuna ematen dien aukera bakarra, bai eta, ingurumen-afekzio nabarmenik eragin gabe, markatutako helburuei erantzun ematen dien bakarra ere. Aukera horren bidez lortuko da degradatuta eta gainbeheran dagoen espazio bat aprobetxatzea, eta hiriaren behar bat asetzea; hain zuzen ere, hau ezartzeko: bi gune izango dituen erabilera anitzeko pabiloi bat, hirugarren sektoreko erabilera izango duen eraikin bat, enpresa bioteknologikoak, ikerketa- eta produkzio-laborategiak, bulegoak eta coworking espazioak jasoko dituena. Gainera, eremuaren konektibitatea eta hiri-kalitatea hobetuko dira, pasabide berria eraikitzearen eta eremua eta ingurua berrurbanizatzearen bidez.

Ingurumen-dokumentuan izan daitezkeen ingurumen-efektuen konparazio-taula bat dago, eta 1. aukera hautatzen da; izan ere, intereseko zuhaizti baten azalera txiki bat galtzea badakar ere, onurak ere ekartzen ditu, hala nola lurzoru kutsatuen tratamendua, lurzoru degradatu eta antropizatuaren aprobetxamendua, eta berdeguneetara bideratzeko espazio libreen areagotzea. Horrek guztiak erantzuna ematen die markatutako helburuei: izan ere, hiriarentzat beharrezkoa den erabilera anitzeko pabiloi bat ezartzea ahalbidetzen du, jarduera ekonomikoa dinamizatzen du jardueretarako lurzoru berriaren bidez, eta hiri-eremu degradatu bat birgaitzen du, horren estetika eta ikusizko kalitatea hobetuta.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programetan zenbateraino eragiten duen, hierarkizatuta daudenetan barne: Plan Bereziak Ilunbe eremuko indarreko antolamenduaren xedapen-aldaketa bat barne hartzen du; jada aurreikusitako erabilerak, eraikigarritasuna eta hirigintza-estandarrak mantentzen ditu, eta erabilera anitzeko pabiloi bat ezartzea ahalbidetzen du, bai eta hirugarren sektoreko erabilerarako partzelen antolamendua eta doikuntza ahalbidetu ere, eraikigarritasuna aldatu gabe. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak zaratari, lurzoruei, urei, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

Kontuan hartuta kokapena, ukitutako eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta plana garatuz etorkizunean gauzatuko diren proiektuen garrantzia, uste da planak ez duela berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen arearen ezaugarriak:

Planak Donostia udalerriko Miramon-Zorroaga auzoan dagoen hiri-lurzoruaren 33.295 m2-ko azalera antolatzen du.

Eremua Urumearen unitate hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Urumearen trantsizioko (ES111T018010) ur-masaren isuri-arroan dago. Ilunbe errekak zeharkatzen du eremua; zehazki, lurpetik igarotzen da kokagunearen azpitik.

Hidrogeologiari dagokionez, proiektua Zumaia-Irun lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBTES111S000015), zeinak 2024. urtean egoera global «ona» baitu, eta bat dator Zumaia-Irun sektore kuaternarioarekin. Eremuan ez dago hidrogeologia-intereseko lekurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.

Eremuko litologiari dagokionez, tuparri eta kareharri areatsuen alternantzia dago; harri horiek iragazkortasun txikia dute. Proiektuaren xede den eremuan ez dago EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko lekurik.

Landarediaren ikuspegitik, eta bat etorriz EUNIS Habitaten kartografiarekin (geoEuskadi), eremuan garraio-sareen eta lotutako lurren berezko landarediko guneak daude, bai eta asfaltatutako lurrei lotutako landaredia, parke eta lorategi txiki apaingarriak, dentsitate txikiko eraikuntzak eta Quercus robur gailen den baso azidofiloko gune txiki bat ere. Ingurumen-dokumentuko kartografiarekin bat, eremuko landaredi autoktonoa hau da: harizti azidofiloko eta harizti-baso misto atlantikoko gune bat hegoaldean, eta fase gazteko landare-azalera bat eta harizti azidofilo edo harizti mistoen azalera degradatua. Planaren afekzio-eremuan ez da flora mehatxaturik detektatu, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.

Planaren eremuak ez die eragiten interes-areei edo fauna mehatxatuari edo hegazti-faunari lotutako EAEko eremu babestuei.

Proiektuaren eremuak ez die eragiten natura-intereseko elementuei edo espazio babestuei, barne hartuta Natura 2000 Sarea, naturagune babestuak, ingurumen-katalogoak, azpiegitura berdea, onura publikoko mendiak eta EAEko interes geologikoko tokiak.

Aurkeztutako paisaia-integrazioaren azterlanean zehaztutako Donostialdea-Bidasoa Behea Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogo eta Zehaztapenekin bat, aztertutako eremu osoa «BU.2 Donostiako ingurabide periferikoa» izeneko unitatean dago, itsasertzeko badiak eta hiriguneak eremuaren barruan. Gainera, eremua «M1. Paisaiaren hobekuntza, antolamendu- edo kudeaketa-planik gabe» paisaia-interes bereziko eremuko (PIBE) mugaketaren barruan dago.

Planaren eremuan ez dago kalifikatutako edo inbentarioan jasotako kultura-ondareko elementurik. Nolanahi ere, Donostiako hirigintza-antolamenduan eta inbentarioan, tokiko babes-proposamen bat dago jasota Ilunbeko zezen-plazarako, baina proposamen hori ez da agertzen Donostiako HAPOko Katalogoko elementu babestuen artean. Halaber, ez dago Hirigintzako Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian (HOEBPB).

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuaren ezaugarri batzuk bat datoz lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruei buruz Ihobek duen inbentarioan jasotako zabortegi motako kokaleku batekin (kodea: 20069-00758). Kokagunea industria-erabilerako lurzoru eraldatu gisa dago sailkatuta honen arabera: Ebazpena, 2018ko urriaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez V1-V5 izeneko garai bateko bost betelan antropiko dauden lurzoruaren eta betelan berriak egin diren lekukoaren kalitatea deklaratzen baita. Guztiak daude Ilunbeko ibarrean, Martutene-Ospitaleak eta eta A8 konexioaren eraikuntza-lanen eremuan, Donostia udalerrian (Gipuzkoa), bat etorriz Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako prozedurarekin. Adierazpen horrekin bat, etorkizunean beharrezkoa gertatzen bada kokagunean materialak hondeatzea, hondeaketa-plan bat idatzi beharko da, ingurumen-organoak onartu beharrekoa.

Salgai arriskutsuen garraioari lotutako arriskuari dagokionez, eremuaren ipar-mendebaldean dagoen GI-20 errepidea arrisku handitzat jotzen da, eta eremua errepide horren 100, 200 eta 600 metroko afekzio-zerrendan dago. Ez dago salgai arriskutsuen trenbideko garraioari lotutako arriskurik.

Egoera akustikoari dagokionez, eremuko inpaktu akustikoa ebaluatzeko xedez, b.20.2 eta «g.00.1» partzelei buruzko HAPBaren azterlan akustikoa aurkeztu da. Modelizazio akustikoko emaitzekin bat, aurkeztutako dokumentaziotik ondorioztatzen da ez direla beteko Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko A taulak ezartzen dituen kalitate akustikoko helburuak. Aztergai den eremua Erdigunea-Aiete-Igeldo-Zubieta babes akustiko bereziko eremuan (BABE) dago. Eremu hori Donostiako Udalak aitortu zuen 2017ko ekainean.

Beste arrisku batzuei dagokionez, ez da detektatu akuiferoen arrisku handi edo oso handirik, ez eta uholde-arriskurik, sismikotasun edo baso-suteen arriskurik ere. Era berean, ez da Seveso enpresei lotutako arrisku teknologikorik hauteman.

Aurrekoa ikusita, inpaktu nagusiak obra-fasean sortuko dira, egun dauden eraikinak eta egiturak eraitsiko direlako, eraikuntza- eta urbanizazio-obra osagarriak egingo direlako eta espazio libreak sortuko direlako. Beraz, jarduketa horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, landaredia kentzea, emisio atmosferikoak, hondeaketa-soberakinak, hondakinak, isurketak eta zarata sortzea, etab. Horrek guztiak baliteke airearen, uren eta lurzoruen kalitatean eragina izatea.

Kutsatuta egon daitekeen lurzoruan egoteari dagokionez, Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan dago, Geoiker 20069-00758 kodearekin; lurzoruaren kalitatearen adierazpena du indarrean, eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.1.c) artikuluko salbuespenean babestutako jarduketak jasan ditu. Horrenbestez, Planaren ondoriozko jarduketek 4/2015 Legea eta hura garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretua bete beharko dituzte.

Kultura-ondareari dagokionez, Euskal Kultura Ondarearen Zentroak adierazi duen moduan, Ilunbeko zezen-plaza toki-mailako babes-proposamen gisa dago jasota; eta, beraz, Udalaren irizpidepean dago plangintzaren bidez erabakitzea zer erabilera emango zaion eraikinari.

Ustiapen-fasean, afekzio nabarmenenak eremuaren kalitate akustikoari lotutakoak izango dira, aurreikusitako erabilera berrietarako. Izan ere, kalitate akustikoko helburuak (KAH) gainditzen dira, bai egun bai etorkizunean. Planaren eremua «Erdigunea-Aiete-Igeldo-Zubieta» Babes Akustiko Bereziko Eremuan dago, eta zonako plan bat dago BABE adierazpenarekin lotuta. Aurkeztutako dokumentazioarekin bat, zonako planean zarata murrizteko ezarritako neurriak ez dira nahikoa kanpoaldea babesteko hiru aldietan aplikagarriak diren KAHak betetzeraino. Edonola ere, barrualdean aplikagarriak diren KAHak betetzen direla bermatuko da, fatxadan isolamendua jartzearen bidez.

Proposatzen diren jarduketen eta haien ondoriozko eraginen ezaugarriak aintzat hartuta, planaren eraginak munta txikikoak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta garrantzi gabeak izango dira oro har, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa bereziki, eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.

C) Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Donostiako (Gipuzkoa) «MZ.04 Ilunbe» (Miramon-Zorroaga) hirigintza-eremuko «b.20.2» eta «g.00.1» partzelen eta haren mugakide diren espazioen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatuko dira indarrean dagoen araudiaren arabera, ingurumen-txosten estrategikoa egiten duen ebazpenean ezarritakoen arabera, eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

Eremuaren zati bat Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan dagoenez (Geoiker kodea: 20069-00758) eta lurzoruaren kalitateari buruzko aurretiazko adierazpena baduenez (Esp.: SC-48/08-IB), aurreikusitako jarduketak Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoaren arabera egin beharko dira, eta hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritakoaren arabera ere bai.

Ildo horretan, eremuan egin nahi den edozein proiekturi begira, Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako inguruabarretako bat betetzen bada, eta lege beraren 24. edo 25. artikuluetan araututako salbuespenak aplikatzekoak ez badira, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura abiarazi beharko da; eta, horretarako, aztergai den lurzoruaren kalitatearen ikerketa-emaitzak aurkeztu beharko dira.

Prozeduraren amaieran, Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko Sailburuordetzak lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena emango du.

Lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketak erakunde egiaztatuek gauzatu beharko dituzte, aintzat hartuta urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan ezarritakoa (lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena), eta ikerketen edukia eta norainokoa abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan kontsultatu ahalko dira (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena).

Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 14. artikuluarekin bat, aurreikusitako jarduketak 500 m3-tik gorako material-bolumena hondeatzea eskatzen badu, nahitaezkoa izango da indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Plan hori lurzoruaren kalitatea ikertu eta leheneratzeko erakunde akreditatu batek egin beharko du, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean deskribatutako edukiarekin, eta ingurumen-organoak onartu beharko du, egikaritu aurretik.

Lur-soberakinak hondakindegira eraman beharra badago, karakterizazioa dekretu hauetan xedatutakoaren arabera egin beharko da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako B-EBA (aurreikusitako erabilerarako) balioaren azpikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, laginketa eta azterketa urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako A-EBA ebaluazioko balio-adierazleak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

Aurrekoa eragotzi gabe, obrek dirauten bitartean lurra kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legean kasu horietarako ezarritakoa beteko da.

Kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Aurreikusitako erabileretarako, eremuaren kalitate akustikoari dagokionez, kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Aztergai den eremua «Erdigunea-Aiete-Igeldo-Zubieta» babes akustiko bereziko eremuan (BABE) dago. Eremu hori Donostiako Udalak aitortu zuen 2017ko ekainean, adierazitako dekretuaren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Izendapen horrek bermatu beharko du gutxieneko edukia bat datorrela Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluko b) letran eta hurrengoetan adierazitakoarekin. BABE adierazpen horretan jasotako eremuko plana, lehenik eta behin, kanpoaldea babesteko teknikoki zein ekonomikoki egokiak diren neurriak ezartzen dituena, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 46. artikulutik 48. artikulura bitartean ezarritakoari egokituko zaio.

Eremuko planean jasotako neurriak ezarri arren kalitate-helburuak betetzen ez badira –eta soilik kasu horretan–, toki-administrazioak eremu hori Egoera Akustiko Bereziko Eremu gisa deklaratuko du, eta helburu horiek betetzeko neurri osagarri berriak definituko dira.

Nolanahi ere, eraikin sentikorren –etxebizitzak edo ospitale-, hezkuntza-, kultura-, erlijio- eta administrazio-erabilera dutenak badira– barnealdeko kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira beti; horretarako, udalak hori justifikatzen duen txostena egin beharko du, kasuan kasuko eraikuntza-baimena eman aurretik, eta kanpoaldea babesteko zuzenketa-neurriak ezarri beharko ditu.

Azkenik, planak ziurtatu beharko du, dagokion hirigintza-tresnari hasierako onarpena eman aurretik, azpiegituren zortasun akustikoen pertsona edo entitate titularrek kutsadura akustikoaren erregulazioari dagokion nahitaezko txostena egiten dutela, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan adierazitakoa betez.

Eraikina erabilgarri jarri aurretik, zarata-neurketak egingo dira eraikinaren barnean, barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzen diren egiaztatzeko.

Kultura-ondarea babestearekin lotutako neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren aurrean, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzekotan, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

Ingurumen-integrazioari eta -lehengoratzeari buruzko neurriak.

Planak esplizituki jasoko du ezen plana garatzeko erabiliko den urbanizazio-/eraikuntza-proiektuak «Zaharberritze-proiektu» bat izan behar duela, zeinak jasoko baitu zer arlotan eragin behar den proiektua gauzatzeko; horrez gain, proiektu horrek behar besteko xehetasun-mailarekin garatuko ditu jarduketak, aurrekontua barne.

Gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua liburuxkan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, murriztu dadin espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua, eta espezie autoktonoak erabiliko dira.

Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana edo beste batzuk.

Lehengoratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek erantsi beharko zaizkie planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei:

– Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta eragin gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen ez dituzten eremuetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzera bideratutako neurriak hartuko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan zehaztutakoaren arabera kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balioztatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Gune espezifiko bat egokituko da, hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta antzekoak) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira abian. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.

Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurzorua eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isurketek eraginik izan ez dezaten; bereziki, makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isurketen eraginpeko lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Ustekabean ezer isuriz gero, berehala jaso beharko dira lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Pilatzeko guneak, instalazio osagarriak, garbiguneak eta makinak gordetzeko guneak eremu iragazgaitzetan egongo dira, eta, edonola ere, makinen depositua betetzeko, labaingarriak jartzeko eta mantentze-lanak egiteko operazioak plataforma iragazgaitz baten gainean egingo dira.

– Airearen kalitatea babestea: ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak edukiko dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez garraiatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Hondeaketa-materiala hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da, hau da, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua) eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua).

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko –bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko eginkizunetan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, beharrezkoa izango da inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egitea, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.

– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea edo hondakin gutxiago sortzea.

• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

• Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea.

• Garraio-prozesuak murriztea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta, biodibertsitatea handitzea eta kontserbatzea.

• Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.

• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

• Bestalde, trantsizio energetikoa eta klima-aldaketa babesteko neurriei dagokionez, eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-proiektu osagarriaren proiektuak idazteko fasean Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legearen 40. artikuluan ezarritakoa bete beharko da, titulartasun publikoko azpiegitura eta ekipamenduei dagokionez. Halaber, erregai fosilak, ura eta zuzeneko eta zeharkako berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko alternatibak baloratu beharko dira bizitza baliagarri osoan zehar, bai eta dagokion kontsumo energetikoaren kostuari buruzkoa ere.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, ez dela aurreikusten Donostiako (Gipuzkoa) «MZ.04 Ilunbe» (Miramon-Zorroaga) hirigintza-eremuko «b.20.2» eta «g.00.1» partzelen eta haren mugakide diren espazioen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, baldin eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Donostiako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Donostiako (Gipuzkoa) «MZ.04 Ilunbe» (Miramon-Zorroaga) hirigintza-eremuko «b.20.2» eta «g.00.1» partzelen eta haren mugakide diren espazioen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala