
124. zk., 2026ko uztailaren 2a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (311 KB - 27 orri.)
- EPUB (644 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2986
AGINDUA, 2026ko ekainaren 23koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onesten baitira 2026ko ekitaldirako «Emaitek Industria Hobea» programaren dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia.
Egungo egoera sozioekonomikoa eta geopolitikoa, orokorrean, zatikatua, ezegonkorra eta oso lehiakorra da, eta ekonomiaren erresilientzia neurritsua da. Azken urteetan, askotariko aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari dira nazioartean, eta horrek baldintzatu egiten du EAEko berrikuntza-estrategia definitzeko eta ezartzeko prozesua. Hala, beharrezkoa da Europako estrategiekin lerrokatuago egotea, eta, eremu honetan, politika propioak etengabe eta zuzen egokitzea.
Industria, teknologia, ikerketa eta berrikuntza, energia, elikadura, defentsa edo kanpo-ekintza indartzea dagoeneko ez da aukera huts bat; Europako gizarte-ereduari eusteko beharrizan estrategikoa da.
Europako Batzordeak jarduketa-foku gisa kokatzen du lehiakortasuna. Europan, lehiakortasunaren hobekuntza hiru zutabetan bermatzen da. Haietako bat da berrikuntza-arrakala desagerraraztea, eta horretarako sendotzen diren prozeduren artean dago berrikuntzari eta ikerketari bultzada ematea. Hala, teknologian eta digitalizazioan inbertitzearen beharra azpimarratzen da, ekoizpenaren automatizazioa, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa sustatuz Europako industria-garapenaren motor gako gisa. I+G+b-ko jarduketek soluzio efikazak eskaintzen dituzte gure gizartearen erronka handiei aurre egiteko; beraz, ikerketan inbertitzea aurrera egiteko bermea da.
EAEk bere industria-oinarria indartu behar du oparotasuna eta kalitatezko enplegua mantentzeko. Horregatik, erronka hauei aurre egin behar zaie: lehiakortasun ekonomikoa sustatzea lehiakortasun handiko testuinguru globalean; industria eta gizarte berde eta digital bateranzko trantsizio bikoitza lortzea, eta ekosistema eta balio-kate nagusietan erresilientzia eta, ahal den neurrian, subiranotasun teknologikoa areagotzea. Asmo horiek betetzeko gai izatea, hein handi batean, I+G+b-ren mende dago.
2030erako Euskadiko Zientzia eta Teknologia Planak (2030erako ZTBP), zeina Horizon Europe esparru-programarekin bat baitator, EAE kokatzea du helburu berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean, erronka sozial nagusiak konpontzen laguntzeko: osasuna, enplegua, digitalizazioa, klima-aldaketa eta genero-berdintasuna, horiek guztiak NBEren 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuarekin bat etorriz. Garapen jasangarriko 9. helburuak (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) ezartzen duenaren arabera, azpiegituretan inbertitzea eta berrikuntza funtsezko eragileak dira hazkunde eta garapen ekonomikoan.
2025eko irailean, Eusko Jaurlaritzak Industria Plana – Euskadi 2030 onetsi zuen. Estrategia hori Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak definitu zuen, eta xedea da «industria gehiago, industria hobea eta isuri gutxiago» lortzea. Euskal Autonomia Erkidegoak gaitasuna du Europan gertatzen ari den aldaketa industrialaren «gezi-muturra» izateko. Hala ere, beharrezkoa da jauzi kualitatibo bat egitea, EAEko enpresek energia-eraldaketak eta eraldaketa digitalak eskaintzen duten abagunea profita dezaten, lehiakorrago izateko eta areago hazteko palankak izanik.
EAEk zeregin nabarmena izan dezan Europako industria berraktibatzen, EAEko erakundeek «industry deal» berria sustatzen dute, herrialdeko ekonomia-sistema osoa inplikatzen duena, hau da: enpresa-sarea, teknologikoa, zientifikoa eta finantzarioa, administrazioen, klusterren eta gizarte-eragileen laguntzarekin. Horregatik, nahitaezkoa da I+Gn gastu gehiago egitea, bai administrazioak, bai eta enpresa-sektoreak ere.
EAEren indarguneetako bat da bertako ekosistemak garapen teknologikoa eta berrikuntza sustatzen dituela enpresen eta teknologia-zentroen kolaborazioaren bitartez. Horri esker, EAE erreferente bihurtu da berrikuntzan, eta aurre egin beharreko erronketako bat da I+G+b-n egiten den inbertsio pribatua eta publiko-pribatua jorratzea lidergo teknologikoa finkatzeko. EAEk oinarri zientifiko eta teknologiko solidoa dauka, baina, Europako iparraldeko eskualde industrial liderrekin alderatuz gero, I+G+b arloko inbertsioaren intentsitatea hobetu egin daiteke. Beharrezkoa da dimentsio hori indartzea.
EAEko politika zientifiko-teknologikoak duen heldutasun maila dela-eta, Eusko Jaurlaritzak eskura jarritako laguntza-tresnak geroz eta gehiago bideratzen dira merkatutik hurbil dagoen jarduketa zientifiko-teknologikoa garatzera eta jarduera-eremu estrategikoetan kontzentratzera, lehentasunezko sektoreetan eta teknologietan zentratuz. Horren guztiaren helburua da enpresa-sektorearen lehiakortasuna handitzea eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean sartutako ikerketa-eragileen emaitzetan bikaintasuna lortzea.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak –ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak arautzen du– funtsezko rola du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sisteman, enpresen lehiakortasuna hobetzen eta, ongizate eta aberastasun ekonomikoa eta soziala sortzen laguntzen baitu. Eusko Jaurlaritzaren babes jarraitu horrek azpiegitura zientifiko eta teknologikoak sendotzen lagundu du, sarean modu osagarri eta koordinatuan lan egiteko, merkatu-ikuspegi batetik eta bezeroarenganako hurbiltasuna oinarri hartuta. Horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoa Europar Batasuneko berrikuntza-maila handiko eskualdeen taldean kokatu da.
Zehazki, foku anitzeko teknologia-zentroen kategorian, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak ikerketa-entitateek izan beharreko misioa, jarduerak eta ezaugarri nahiz eskakizun orokor zein espezifikoak ezartzen ditu, entitate horiek kategoria horren akreditazioa lortu nahi badute.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak jasotzen duenez, foku anitzeko teknologia-zentroek laguntza-programa baten onuradun izan behar dute euren emaitzak eta gaitasunak hobetu eta merkatura bideratzeko. Horrela, I+Gren balio-kate osoan zehar lan egingo dute, eta ezagutza berriak lortzeari emango zaio garrantzia, etorkizunera begira, EAEn identifikatutako espezializazio-arloetan. Halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen arteko lankidetza bultzatuko da.
Gainera, Industria Plana – Euskadi 2030 oso-osorik garatu dadin, beharrezkoa da gure zientzia- eta ikerketa-zentroak aktiboki inplikatzea eta finantza-gihar propioa aktibatzea Euskal Finantza Aliantzaren bitartez. Industria-garapena ez da posible kapitalizazio teknologikorik gabe. Plan honen «industria hobea» ardatzaren xedea da hobetzea EAEko industriaren kalitate teknologikoa eta antolamendukoa. Dimentsio handiagoko industria izateaz gain, hobeto prestatuta egon behar da aldaketei aurre hartzeko, teknologia disruptiboak egokitzeko, prozesuetan digitalizazioa eta zibersegurtasuna integratzeko, talentua erakarri eta mantentzeko, eta jasangarriagoak, inklusiboagoak eta erresilienteagoak diren antolamendu-moduetarantz aurrera egiteko.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen foku anitzeko teknologia-zentroen jarduera ez ekonomikoari dagokion finantzaketa publikoa Emaitek Plus programaren bitartez esleitu izan da; programa hori indarrean egon da 2024ko ekitaldira arte. Hala eta guztiz ere, 2025ean, orain arte kontuan hartu diren baldintzen gainean gogoeta egitea eta haiek berrikustea beharrezkoa izan da, indartzeko EAEko ekonomiaren lehiakortasuna, batik bat industriarena.
2026ko ekitaldiko egoera ezegonkor bezainbesteko konplexua da, eta enpresek erronka jakin batzuk dituzte, hala nola energia-kostu handiak, langile eskasia eta kapitala eskuratzeko oztopoak; beraz, lehiakortasunerako galdak kendu behar dira. Ondorioz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak industria- eta energia-garapena sustatzen ditu, ekonomiaren motor eta ardatz izan daitezen, garapen-faktore hauei helduta: nazioartekotzea, teknologia- eta industria-berrikuntza, ekintzailetza eta deskarbonizazioa.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak ardura du ezagutza eta teknologia eskaintzen eta sortzen duten entitateetatik enpresetarako teknologia-transferentzia sustatzeko, eta, aldi berean, ekintzak sustatu behar ditu azpiegitura teknologiko eta berritzaile estrategikoak sortu, ezarri eta sendotzeari loturik.
Inguruabar horretan, eta aipatu den guztia kontuan hartuta, ezinbestekoa da, besteak beste, neurriak hartzea foku anitzeko teknologia-zentroei laguntzeko; izan ere, zentro horien egitekoa teknologia propioa sortzea eta garatzea da, eta beren emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-ehunari transferitzeko jarduketak gauzatzea, industria-lehiakortasuna hobetzeko.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean egiaztatutako foku anitzeko teknologia-zentroak ikerketa-azpiegitura finkatuak dira, eta gai dira EAEko industriari laguntza eta babesa emateko, balioa emango dioten soluzio teknologiko bikainak sortuz. Gainerako eragileekin elkarlanean eta koordinatuta aritzeko konpromisoa dute, haiekin batera eskaintza zientifiko-teknologiko integral eta bikaina eskaintzeko.
Emaitek Industria Hobea 2026 programa tresna berria da, eta, haren bidez, EAEko administrazio nagusiak foku anitzeko teknologia-zentroei ematen dien laguntza bideratzen da. Hain zuzen, bere jardueraren emaitzak ebaluatuz finantzaketa esleitzen die agindu honetan bertan definitutako jarduera ez-ekonomikorako. Ebaluazio hori aginte-taula batean zehazten da, eta taula horretan zentroek 2030ean erdietsi beharko dituzten adierazleak, pisuak eta helburuak xehatzen dira.
Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak Batzordearen 2022/C 414/01 Komunikazioan (Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko esparrua) ezarritakoan babesten dira, jarduketa ez-ekonomikorako laguntzei dagokienez. Ondorioz, jarduketa ez-ekonomikoetarako finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera-motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu, finantzaketa eta diru-sarrerak ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– I. eranskinean jasota dauden «Emaitek Industria Hobea» programaren laguntzen oinarri arautzaileak eta 2026ko ekitaldirako deialdia onestea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Baliabideak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean aurkez daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Eraginkortasuna.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 23a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
I. ERANSKINA
«EMAITEK INDUSTRIA HOBEA» PROGRAMAREN LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.– Xedea.
Laguntza honen xedea da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean egiaztatuta dauden foku anitzeko teknologia-zentroen jarduera ez-ekonomikoari laguntzea. Horretarako, finantzaketa esleituko die, jardueraren emaitzen ebaluazioaren eta analisiaren bitartez, maila globalean. Emaitek Industria Hobea 2026 programa.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Laguntzak emateko, 62.100.000 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.
2.– Aurrekontu-ekitaldian emango diren laguntzen guztizkoak ez du gaindituko aipatutako diru-izendapena, edo eguneraketaren ondoren geratzen dena, baldin eta, indarrean dagoen legeriaren arabera, aurrekontuan aldaketarik egitea onartzen bada. Hala ere, deialdiaren guztizko zenbatekoari beste % 50 gehitu dakioke gehienez, eta, hala egiten bada, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez. Zenbatekoa handitzeak ez du ekarriko ez eskaerak aurkezteko beste epe bat ezartzea, ez ebazteko epea berriz hastea ere.
3. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Foku anitzeko teknologia-zentroek jaso ditzakete laguntzak, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (aurrerantzean, ZTBES) kide izatea, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan zehaztutakoari jarraituz.
b) ZTBESko eragileen erregistro publikoan egiaztatuta egotea, foku anitzeko teknologia-zentroen kategorian.
2.– Ezin izango dira onuradun izan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitakoaren arabera, egoera hauetako batean dauden entitate eskatzaileak:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso izana.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, konkurtso batean deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta arrazoi horien errudun deklaratu izan direnak.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legean; edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak.
f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.
g) Egunean ez dutenak dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak 4. artikuluan ezarritakoaren arabera; Agindua Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.
h) Dirulaguntzak eskuratzeko aukera epai irmo bidez galdu dutenak, hala xedatzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, zehapen administratibo edo penala jaso dutenak sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldia gainditu gabe.
i) Ez dutenak estatu-araudiaren araberako berdintasun-planik indarrean, eta ez dutenak neurririk ezarri sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko estatu-legeriak xedatutako baldintzetan (50 langiletik gorako enpresak).
j) Elkarte ordezkatuak ez izatea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan adierazitako debeku-kausaren bat.
k) Entitate ordezkatuaren inskripzioa egiteko administrazio-prozedura etenda dutenak ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalak aurkitzeagatik, bat etorriz Elkartzeko Eskubidea arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoarekin, betiere, dagokion erregistroan inskripzioa egin daitekeela dioen ebazpen judizial irmorik ematen ez den bitartean.
l) Administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, zehapena jaso dutenak hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko ingurumen-administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, harik eta behar diren zuzenketa-neurriak hartu eta zehapena ordaindu arte.
m) Desgaitasuna dutenentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez dutenak, eta betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu ez dutenak.
n) Fundazioen kasuan, beren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakora egokitu ez dutenak, eta egokitzapen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu ez dutenak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeko 1. xedapen iragankorra).
3.– Era berean, ezingo dute dirulaguntzarik jaso hauek:
a) Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa jaso dutenak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Eskatutako laguntza jarduera berberetarako onartuta edo ordainduta dauden beste batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonik, gainfinantzaketa dutenak. Nolanahi ere, etorkizunean helburu bererako jasotzen direnak jakinarazi beharko dira, laguntza likidatu arteko aldian.
c) Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutako egoeran daudenak.
d) Batzordearen aurretiazko erabaki batean, legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanagatik berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresak, natura-hondamendi jakin batzuek eragindako kalteak konpontzera bideratutako dirulaguntza-araubideak izan ezik.
e) Krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz, krisian dauden enpresak (2014/C 249/01).
4. oinarria.– Laguntzen xedea eta ezaugarriak, eta diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Laguntza-programa hau Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzen da. Plan hori 2025eko uztailaren 15eko Aginduaren bidez onartu zen, eta 2026ko maiatzaren 18ko Aginduaren bidez aldatu. Helburuak betetzen laguntzen du, eragile onuradunen gaitasun zientifiko-teknologikoak sendotuz, emaitzak hobetuz eta ezagutza euskal enpresa-sarera transferituz.
2.– Agindu honen babespean emandako laguntzen xedea foku anitzeko teknologia-zentroen emaitzak eta gaitasunak hobetzea eta merkatura bideratzea da, I+Gren balio-kate osoan eraginez eta, etorkizunera begirako ikuspegiekin, ezagutza berriak eskuratuz Industria Plana- Euskadi 2030en identifikatutako sektore estrategikoetan; halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen arteko lankidetza sustatu nahi da.
3.– Emango diren dirulaguntzak ez dira estatu-laguntzak, ez behintzat Batzordeak estatu-laguntzaren kontzeptuari buruz emandako jakinarazpenean ezartzen den definizioaren arabera, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz (2016/C 262/01).
4.– Programa honek jarduera ez-ekonomikoaren kostua laguntzen du diruz. Jarduera ez-ekonomikoaren definizioa ezartzen da Batzordeak Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzen Esparruari buruz emandako jakinarazpenean (2022/C 414/01). Erkidegoko esparru horrek ezartzen duenez, ikerketa-entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak 107.1 artikuluan xedatutakoa; hau da, ez da estatu-laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera-motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.
5.– Hortaz, programaren xedetik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa; hau da, I+G zerbitzuak emateko jarduerez gain, enpresek I+G egitea, ikerketa-azpiegituren alokairua eta Garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzen Esparruan jasotako baldintzak betetzen ez dituzten bestelako jarduera ekonomikoak (2022/C 414/01).
5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Entitate onuradunak 2026an egindako jarduera ez-ekonomikoaren kostu guztiaren % 100, gehienez ere, lagun dezake diruz programa honek.
2.– Entitate onuradun bakoitzari emango zaion laguntza kalkulatzeko erabiliko den metodoak zentroaren dimentsioa (I+Gren ustiapeneko diru-sarreretan oinarritutako neurria) eta foku anitzeko teknologia-zentroen aginte-taularen betetze-maila konbinatzen ditu, «Laguntzak kalkulatzeko metodoa» IV. eranskinean zehaztutakoarekin bat etorriz.
3.– Prozedura hau aplikatuta, entitate onuradun bakoitzak jaso ahal izango duen gehieneko dirulaguntza (GD) I+Gko ustiapeneko diru-sarreren % 27,5 izango da gehienez.
4.– Zentro batek edo gehiagok gehieneko dirulaguntza jasotzen badute, egon daitekeen soberakina gainerako zentroen artean banatuko da ondoz ondoko iterazioetan, harik eta 2026ko (X) deialdi honetan aginte-taularen betetze-mailari esleitutako zenbateko osoa agortu arte. Horretarako, iterazio bakoitzean berriz kalkulatuko da banaketa-koefizientea, gehieneko dirulaguntzara (GD) iritsi ez diren zentroak bakarrik kontuan hartuta.
6. oinarria.– Emateko prozedura.
1.– Programa honen barneko dirulaguntzak emateko, printzipio hauei jarraituko zaie: publizitatea, norgehiagoka, objektibotasuna, gardentasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzeko garaian izandako eraginkortasuna eta baliabide publikoen esleipenean eta erabileran izandako efizientzia, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluari jarraikiz.
2.– Laguntzak emateko prozedura norgehiagoka izango da, zentroaren dimentsioarekin bat etorriz. Dimentsio hori neurtzeko I+Gren ustiapeneko diru-sarrerak eta zentro onuradun bakoitzak eskuratutako aginte-taularen betetze-maila kalkulatuko dira zentro bakoitzak entregatutako dokumentazioa aintzat hartuta, eta «Aginte-taula» II. eranskinean eta «Adierazleen definizioak eta aurkeztu beharreko ebidentziak» III. eranskinean ezarritako irizpideak eta prozedurak betez. Norgehiagoka lehiaketa bidez egingo da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluarekin.
3.– «Laguntzak kalkulatzeko metodoa» IV. eranskinean zehaztutako irizpideei eta prozedurei jarraikiz esleituko zaizkie dirulaguntzak zentro onuradunei.
7. oinarria.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratzen dituzten entitate onuradunek beste laguntza batzuk ere eskuratu ahal izango dituzte, jarduera ez-ekonomikokoak, edozein dela ere laguntzen izaera, edo organo edo administrazio laguntza-emailea. Entitate onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ezagututa, oinarri honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira gai horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak eta, zehazki, Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruan ezarritakoa (2022/C 414/01).
Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 9.4.h) artikuluan xedatzen duenaren arabera, dirulaguntzaren onuradunak gainfinantzaketa saihesteko konpromisoa adierazi beharko du, bai eskaera egitean, bai programa bete bitartean.
2.– Jarduera ez-ekonomikoagatik jasotako laguntza metatuek eta guztizkoek ezin izango dute gainditu jarduera horrek deialdi honen xedeko ekitaldian izandako guztizko kostuaren % 100. Ehuneko horretan sartuko dira entitate onuradunek hirugarrenengandik jaso ahal izan dituzten jarduera ez-ekonomikorako bestelako laguntzak.
3.– Jarduera ez-ekonomikorako emandako laguntza metatuek aurreko apartatuan ezarritako muga gainditzen badute, Agindu honen arabera entitate onuradunei emandako laguntza muga hori ez gainditzeko beste gutxituko da.
8. oinarria.– Eskaerak aurkezteko epea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, eta 2026ko abuztuaren 3an amaituko da.
9. oinarria.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta Agindu honekin lotutako gainerako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, bat etorriz Herritarrei arreta integrala eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak ezarritakoarekin.
2.– Eskaera eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikora jo beharko da, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/servicios/1007813/ (gaztelaniaz)
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1007813/ (euskaraz)
Helbide horretan, eskuragarri egongo dira eskabide-inprimakia, erantzukizunpeko adierazpenak eta kanal horretatik izapideak nola egin azaltzen duten zehaztapenak.
3.– Eskaera egin ondorengo izapideak, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsultak ere, kanal elektronikoaren bidez, «Nire karpeta» gunearen bidez egin eta jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan:
https://www.euskadi.eus/micarpeta
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskaera, entitate edo pertsona eskatzailearen izenpe aitortua daramala, eta hurrengo oinarrian adierazten diren dokumentuak izan behar ditu.
5.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, ordezkaritza egiaztatuta egongo da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak).
6.– Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.
Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/077400-capa2-eu.shtml
Teknologia eta Berrikuntza zuzendaria da datuen tratamenduaren arduraduna, eta bere aurrean gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
7.– Laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
10. oinarria.– Eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskaera-orria eta behar diren ereduzko dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira, hizpide ditugun laguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ostean.
2.– Entitate eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Entitate eskatzailearen lege-ordezkariak izenpetu eta zigilatutako eskaera-orria.
b) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia.
c) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.
d) Dirulaguntza emateko eta –hala badagokio– ordaintzeko, dirulaguntzen programa hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, salbu eta entitate eskatzaileak dagozkion ziurtagiriak eransteko asmoa adierazten badu.
e) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauei buruz:
1. Beste entitate publiko edo pribatu batzuei jarduera ez-ekonomikoetarako eskatutako laguntzak, edo haiek emandakoak. Laguntzen zenbatekoa, entitate emailearen identitatea eta, hala badagokio, emate-data adierazi beharko dira.
2. Eskatutako laguntza jarduera berberetarako onartuta edo ordainduta dauden beste batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonik, gainfinantzaketarik ez izatea. Nolanahi ere, etorkizunean helburu bererako jasotzen dituenak jakinarazi beharko ditu, laguntza likidatu arteko aldian.
3. Ez egotea kondenatuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
4. Ez egin izana konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaerarik, ez egotea kaudimengabetzat deklaratuta ezein prozeduratan, ez egotea konkurtsoan deklaratuta –konkurtso horretan hitzarmen bat eraginkorra bada salbu–, eta ez egotea epailearen esku-hartzearen mende edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta, konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
5. Ez eragin izana Administrazioarekin egindako ezein kontraturen amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
6. Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea; edo ez direla Hauteskunde-araubide orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargudunak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
7. Egoitza fiskala ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
8. Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasun sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak 4. artikuluan ezarritakoaren arabera; Agindua Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.
9. Epai irmo bidez dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez izana, hala xedatzen duen edozein legeri jarraituz.
10. Ez duela dirulaguntzak jasotzeko debekurik, honako enpresa hauei ere dagokienez: zuzendaritzan dauden pertsonengatik edo bestelako inguruabarrengatik, presuntzioa egon badaiteke debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorengoa direla, eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez.
11. Ez jaso izana zehapen administratibo edo penalik sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, edo kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldia igaro gabe.
12. Ez urratzea Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izateko betebeharra, ez eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legeriak xedatutako baldintzetan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezartzeko betebeharra ere (50 langiletik gorako enpresak).
13. Elkarte ordezkatuak ez izatea Elkartzeko eskubidea arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan adierazitako debeku-kausarik.
14. Entitate ordezkatuaren inskripzioa egiteko administrazio-prozedura etenda ez izatea ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalak aurkitzeagatik, bat etorriz Elkartzeko eskubidea arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoarekin, betiere dagokion erregistroan inskripzioa egin daitekeela dioen ebazpen judizial irmorik ematen ez den bitartean (elkarteei zuzenduta. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.4 artikulua).
15. LGTBI-fobia ez gauzatzea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).
16. Ez egotea zigortuta Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko ingurumen- administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, neurri zuzentzaile egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.
17. Ez urratzea desgaitasuna dutenentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.
18. Fundazioen kasuan, beren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakora egokitzea, eta egokitzapen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 1. xedapen iragankorra).
19. Deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa. Enpresa-deslokalizazioaren deklaraziorik jaso ez izana, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.
20. Zerga-arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak betetzea, legeak ezarritakoari jarraikiz. (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak, bai Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6.6 eta 8. artikuluen kasuetan).
21. Entitate eskatzailea ez izatea berreskuratze-agindu baten zain dagoen enpresa edo entitate bat, Europar Batasuneko Batzordeak dirulaguntza bat legez kontrakoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela adierazi duen aurretiazko erabaki baten ondoren.
22. Entitate eskatzailea ez izatea krisian dagoen enpresa edo entitate bat, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetako definizioari jarraikiz (2014/C 249/01).
Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada, edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
f) Deialdiaren aurreko ekitaldian onetsitako finantza-egoeren auditoretza-txostena.
g) Auditoretza-entitate batek emandako ziurtagiria, entitatearen kostuen kontabilitate-prozedurarekin bat etorriz, jarduera ez-ekonomikoaren kostua jasoko duena, gastu-kontzeptuen arabera banakatua eta deialdiaren aurreko ekitaldiari dagokiona.
h) Auditoretza-entitate batek emandako ziurtagiria, jarduera ez-ekonomikoaren ondoriozko diru-sarrerak jasotzen dituena, finantzaketaren jatorriaren arabera banakatuta eta deialdiaren aurreko ekitaldiari dagozkionak.
i) Deialdiaren urteari dagokion jarduera ez-ekonomikoaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.
j) Kudeaketa-memoria, aginte-taulan ezarritako adierazleekin lotuta eskuratu diren emaitzak azaltzeko.
k) Innobasquek emandako ziurtagiria. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareko eragileen organismo koordinatzaile berezia izanik, organismo eskatzailearen datuak egiaztatu eta homologatzeko lanak egingo ditu.
l) Entitate eskatzailearen plan estrategikoa.
3.– Dirulaguntza eskatzen duten entitateek hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta dokumentu erantsiak.
4.– Edonola ere, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzaren bidez, edo, hala dagokionean, SPRIren bidez –Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia, agindu honetan jasotako dirulaguntzen kudeaketan lagunduko duena– entitate eskatzaileei eskatu ahal izango die aurkeztutako eskaerak egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazioa entregatzeko.
11. oinarria.– Eskaerak onartzea eta zuzentzea.
Eskaera puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, teknologia, berrikuntza eta eraldaketa digitaleko eskumena duen sailburuordearen ebazpen baten bidez, hala ezarrita baitu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 20.4 artikuluan.
12. oinarria.– Eskaerak ebaluatzeko organoa.
1.– Horretarako sortutako ebaluazio-organoak egiteko hauek izango ditu:
a) Aurkeztutako eskaerak ebaluatzea Agindu honen 14. oinarrian ezarritako irizpideen arabera.
b) Balioesteko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituta, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.
c) Instrukzio-organoari txosten bat bidaltzea, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuta; txosten horretan, eskaeren balioespena eta horien lehentasun-ordena zehaztuko dira.
d) Administrazio-errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoari aholku ematea, organoak berak hala eskatuta, dirulaguntzak emateko ebazpena aurkaratzeko arrazoia eskaeren balorazioa denean.
2.– Hona hemen ebaluazio-organoa osatuko duten kideak:
a) Presidentea: Iker Azqueta Madariaga, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Sailaren teknologia eta berrikuntzan eskuduna den zuzendaritza-arloaren arduraduna. Ordezko gisa jardungo du Xabier Dominguez Lopez De Lacallek; berak ere zuzendaritza horretan arlo horren erantzukizuna du.
b) Kideak:
1. Industria Garapen eta Administrazio Zuzendaritzaren titularra, José Luis Azkue Arrastoa, edo bere ordezkoa. Ordezko gisa jardungo du Rosa M.ª Murillas Mazak, industria-garapenean eskuduna den zuzendaritzako teknikariak.
2. Amaia Martínez Muro, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Teknologia eta Berrikuntza unitate estrategikoko ordezkaria. Ordezko gisa jardungo du Cristina Oyonek.
3. Manuel Garcia Fandiño, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Sailean teknologia eta berrikuntzako eskumena duen zuzendaritzako teknikaria; idazkaritza-lanak egingo ditu. Ordezko gisa jardungo du Larraitz Segurola Bereciartuak, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako teknikariak.
3.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta presidentea, idazkaria edo, hala badagokio, haien ordezkoak eta, gutxienez, gainerako kideetako bat bertaratzen badira.
4.– Eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lanak ebaluazio-organoak egingo ditu, SPRI- Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren laguntza teknikoarekin.
5.– Gainera, ebaluazio-organoari Innobasquek lagunduko dio, zeinek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareko eragileen organismo koordinatzaile berezia izanik, aldez aurretik egingo baititu zentro eskatzailearen aginte-taulako adierazleen datuak egiaztatzeko eta homologatzeko lanak, hain zuzen, Agindu honetako III. eranskinean zehaztuta.
Apartatu honetan ebaluazio-organoaren funtzionamenduari buruz ezarri ez den guztian, artikulu hauetan xedatutakoa aplikatuko da: EAEko sektore publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18. artikulua, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15., 18., 23. eta 24. artikuluak eta, haien ordez, lege beraren 19-22 artikuluak.
13. oinarria.– Entitate laguntzailea.
1.– Agindu honetan jasotako oinarrien arabera ematen diren dirulaguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile izendatzen da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko entea, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluarekin, bertan arautzen baita entitate laguntzaileen araubidea.
2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, entitate laguntzailea den aldetik, eginkizun hauek izango ditu:
a) Eskaerak jasotzen eta haien hasierako ebaluazioa egiten laguntzea, baita ere, hala dagokionean, interesdunen zuzenketa-errekerimenduak egiten laguntzea, nahiz eta kudeaketa-organoak berak egin errekerimendua, ezertan eragotzi gabe SPRIk errekerimendurako elementu substantiboak eranstea.
b) Aurkeztutako eskabideak aztertzen eta ebaluatzen laguntzea. Eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan ezarritako ebaluazio-organoarekin lankidetzan aritzea, ezarritako irizpideen arabera.
c) Justifikazio-dokumentuak jasotzen laguntzea.
d) Ordaintzeko proposamena eta ikuskatze-errekerimenduak egiten laguntzea.
e) Kontrol- eta jarraipen-prozesuak zehazteko eta ezartzeko laguntza.
f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluaziorako laguntza eta lankidetza.
g) Programa zuzen kudeatzeko behar den beste edozein jarduketatan laguntzea, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak aginduta.
h) Programa honen kudeaketan, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak egin ditzakeen egiaztatze-jarduerak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere.
3.– Emaitek Industria Hobea 2026 programan (programa horren oinarriak Agindu honetan ezarri dira) Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren arteko harreman-esparrua ezartzeko, dagokion lankidetza-hitzarmena egituratuko da.
14. oinarria.– Ebaluazioa egiteko eta laguntzak emateko irizpideak.
Foku anitzeko teknologia-zentroei dirulaguntzak emateko prozedura honi jarraituko zaio:
1.– Entitate onuradun bakoitzaren ebaluazioa egingo da eskuratutako emaitzen arabera eta aginte-taulan zehaztutakoarekin bat etorriz. Bertan, «Aginte-taula» II. eranskinean argitaratutako adierazlea, neurketa-unitateak, pisuak eta helburuak ezartzen dira.
2.– Ebaluazioan, kontuan hartuko dira adierazleek onetsi eta ikuskatutako ekitaldian egindako lanak, alegia, deialdiaren aurreko urtean.
3.– Erakunde onuradunek aipatutako aginte-taulako adierazleen jomugen % 100 betetzera bideratu beharko dituzte jarduerak, «Aginte-taula» II. eranskinean jasota dagoen bezala, eta aintzat hartuko dira bakarrik 2025eko ekitaldian balioa sor dezaketen adierazleak. % 100eko ehuneko hori erreferentziazko helburutzat hartzen da gauzatzea ebaluatzeko, «Laguntzak kalkulatzeko metodoa» IV. eranskinean aurreikusitako laguntzak balioesteko eta mailakatzeko sisteman xedatutakoari kalterik egin gabe.
4.– Adierazle bakoitza ebaluatzeko kontuan hartuko da eskatutako helburuaren betetze-maila (analisi kuantitatiboa), eta, horrez gain, analisi kualitatiboa ere egingo da. Horren bidez, ebaluazio-organoak gehienez ere % 5 gehitu ahal izango dio adierazlearen betetze-maila kuantitatiboari.
5.– Zentro bakoitzari esleitutako dirulaguntza parametro hauen araberakoa izango da:
a) Zentroaren aginte-taularen (AT) betetze-maila (BM).
b) Zentroaren dimentsioa, zeina deialdiaren aurreko ekitaldian I+Gko ustiapeneko diru-sarreren bolumena kontuan hartuta neurtuko baita, Emaitek Industria Hobea programaren 2025eko deialdian emandako dirulaguntzaren ondoriozko diru-sarrerak salbu.
6.– Prozedura hau aplikatuta, entitate onuradun bakoitzak jaso ahal izango duen gehieneko dirulaguntza (GD) I+Gko ustiapeneko diru-sarreren % 27,5 izango da gehienez.
7.– «Laguntzak kalkulatzeko metodoa» IV. eranskinean, dirulaguntza kalkulatzeko metodoa zehazturik jasotzen da.
15. oinarria.– Laguntzen organo kudeatzailea eta ebazpen-proposamena.
1.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza izango da dirulaguntzen programa honen organo kudeatzailea.
2.– Teknologia eta Berrikuntza zuzendariak, eskaerak ebaluatzeko organoak egingo dituen ebaluazio-txostenean oinarrituta, ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta laguntzak ematen dituen organoari helaraziko dio. Proposamen horrek, gutxienez informazio hau jasoko du:
a) Entitate onuradunen zerrenda, eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa, baita beharrezkotzat hartzen den beste edozein inguruabar ere.
b) Deialdiaren baldintzak ez betetzeagatik, ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia.
3.– Dirulaguntzak emateko espedientean, organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
16. oinarria.– Dirulaguntzaren ebazpena.
1.– Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari dagokio eskatutako laguntzak emateko edo ukatzeko administrazio-ebazpena ematea eta jakinaraztea.
Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango du ebazpena eman zuenaren aurrean edo Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera, edo, egintza espresua ez bada, edozein unetan, eta aipatutako sailburuak ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.
Laguntzen urteko deialditik aurrera sei hilabete igaro eta ebazpenik ez bada jakinarazi, entitate interesdunak bere eskaera ezetsitzat jo beharko du. Nolanahi ere, organo eskuduna behartuta dago eskatutako dirulaguntzari buruzko ebazpen espresua ematera.
2.– Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), edo Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuta, hala badagokio. Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio; bertan adieraziko zaizkie onuradunei espedientea amaitu arte egin behar dituzten urrats guztiak eta justifikazio-fasean aurkeztu beharko dituzten dokumentu guztiak.
Era berean, entitate eskatzaile bakoitzari jakinarazpen bat bidaliko zaio, baina jakinarazpen horrek ez du jakinarazpen ofizialaren ondoriorik izango.
17. oinarria.– Laguntzen ordainketa.
1.– Foku anitzeko teknologia-zentroei beren aginte-taulako dimentsioaren eta helburuen betetze-mailaren arabera emandako dirulaguntzen ordainketa era zatikatuan egingo da, honela:
a) Lehen ordainketa, emandako dirulaguntzaren % 70. Emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo hamabost egunak igaro ostean hasiko da aurrerapen horren izapidetzea, non eta onuradunak ez dion espresuki uko egin.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen bigarren xedapen iragankorraren ezarritakoaren arabera, hauxe hartu behar da kontuan: aurrerakina 180.000,00 eurokoa baino gehiagokoa bada, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidea bete beharko da (aipatu legearen bigarren xedapen iragankorraren idazkerari jarraikiz).
b) Gainerako % 30a 2027ko ekitaldiaren lehenengo seihilekoan likidatuko da, hauek justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu eta gero: diruz lagundutako jarduera ez-ekonomikoa egin dela, 2026ko ekitaldiari dagokiona, eta horren kostua egiaztatu ahal izateko dokumentazioa. Horretarako, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
1.– 2026. urtean onartutako egoera-orri finantzarioen auditoretza-txostena.
2.– Auditore batek emandako ziurtagiria, entitatearen kostuen kontabilitate-prozedurarekin bat etorriz, 2026. urteko jarduera ez-ekonomikoaren kostua jasoko du, gastu-kontzeptuen arabera banakatuta.
3.– Auditore batek eginiko ziurtagiria, 2026ko ekitaldiko jarduera ez-ekonomikoaren ondoriozko diru-sarrerak jasoko ditu, finantzaketaren jatorriaren arabera banakatuta.
Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda dagoen auditore batek egin beharko du dokumentazio hori.
2.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu eta argibide osagarriak eska ditzake, emandako dirulaguntza ordaindu aurreko edozein unetan, onuradunak aurkeztutako dokumentu egiatasuna frogatze aldera.
18. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluek ezartzen dituzten eginbideak bete beharko dituzte. Zehazki, onuradunak betebehar hauek izango ditu:
a) Dirulaguntza eman den xederako jarduera ez-ekonomikoa gauzatzea.
b) Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.
c) Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.
d) Beste edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari: Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari.
Hura jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea organo kudeatzaileari.
Hura jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
f) Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera erabat edo zati batean ez gauzatzea eragin dezakeen edozein gorabehera.
g) Fakturak eta gastuen justifikazio-dokumentuak gordetzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urtez.
h) Kostuen kontabilitatea eramatea, jarduera ekonomikoa eta ez-ekonomikoa bereizita.
i) Jendartean zabaltzeko sortzen diren dokumentazio, kartel, propaganda edo argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» dioen esaldia agertu beharko dira. Entitate onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta haiei buruzko publizitatea egitean.
j) Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari erraztea emandako laguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiten; alde horretatik, eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute entitate onuradunek.
19. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Galdu egingo da dirulaguntza kobratzeko eskubidea, eta itzuli egin beharko dira jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 36.1 artikuluan eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37.1 artikuluan jasotako kasuetako bat gertatzen baldin bada.
Horrez gain, dirulaguntzaren xede den jarduketaren kostuaren gaineko soberakina itzuli beharko da, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 7. oinarrian adierazitakoari jarraikiz.
Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira.
2.– Dirua itzultzeko prozedura izapidetzeko orduan, aintzat hartuko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikulua. Prozeduraren ebazpenean deklaratzen baldin bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, erabakiko da oker jasotako zenbatekoak itzuli egin behar direla eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesak gehituko dira. Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluan ezarritako inguruabarrei dagozkien berandutze-interesak eskatuko dira.
Laguntzak ematen dituen organoak abiaraziko eta ebatziko du itzulketa-espedientea, bere ekimenez, goragoko agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitu bat egin ondoren, salaketa baten ondorioz edota KEBek edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak egindako finantza-kontrolaren ondorioz, baldin eta proiektua amaitu baino lehen detektatzen badira espedientea abiaraztea eragin dezaketen inguruabarrak.
3.– Baldin eta dirulaguntza ematea onartzeko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidaren batean kontsignatutako zenbatekoen % 25eko beheranzko desbideratzea edo txikiagoa bada ez-betetzea, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ez eta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, betiere enpresak behar bezala arrazoitu eta justifikatu badio desbideratze hori organo kudeatzaileari, hots, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari, eta inguruabar hauek gertatzen badira:
a) Egiaztatzea onuradunak jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.
b) Ez zaiela kalterik eragin hirugarrenen eskubideei.
c) Onuradunak behar bezala arrazoitu eta egiaztatu dituela desbideratze horren zergatiak.
Kasu horretan, emandako dirulaguntzatik egiazki eta behar bezala justifikatutako zenbatekoa ordainduko zaio onuradunari, entitate emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ostean.
4.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, eta egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuko da. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala izango da onartutako dirulaguntzatik benetan eta behar bezala justifikatu den zenbatekoa, justifikazioa egiaztatu eta entitate emaileak onartu ondoren.
Hori guztia, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 36.3 artikuluan xedatutakoarekin, zeinak adierazten baitu ezen, ez-betetze partziala gerta dadin, onuradunak nabarmen hurbildu behar duela erabateko betetzera, eta, gainera, egiaztatu behar duela jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.
20. oinarria.– Laguntzak aldatzea.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluaren arabera, dirulaguntza ematen duen organoak aukera izango du emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzeko, ofizioz edo entitate interesdunak hala eskatuta, aipatutako artikuluan zehazten diren betekizunak betetzen badira; hauek hain zuzen ere:
a) Alderdi batek eskatuta egiten bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e) artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
c) Oinarri hauen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu entitate onuradunak, eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 40. artikuluan agindutakoari jarraituko zaio.
II. ERANSKINA
AGINTE-TAULA
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2025eko irailaren 30ean onetsi zuen Industria Plana – Euskadi 2030, eta horrek aginte-taula bat definitzea eta ezartzea sustatu ditu laguntzak modu efizientean eta objektiboan esleitzeko; hala, foku anitzeko teknologia-zentroen emaitzak plan horretan ezarritako lehentasun estrategikoekin lerrokatzen dira.
Aginte-taula honek EAEko industriaren erronka eta helburu gakoak islatzen ditu, eta, bere adierazleei esker, posible da neurtzea ikerketak eta garapenak industrian sortzen duten eragina, lidergo teknologikoa, teknologia estrategikoetako espezializazioa eta nazioarteko posizionamendua, eta, bermatzen da foku anitzeko teknologia-zentroen jarduerek modu eraginkorrean laguntzen dutela Industria Plana – Euskadi 2030eko helburu estrategikoak betetzen.
Testuinguru horretan, adierazleak, beren neurketa-unitateak, esleitutako pisuak eta foku anitzeko teknologia-zentroek 2030eko ekitaldian lortu beharko dituzten helburuak definitu dira.
Aginte-taula ezartzeari esker, posible da Industria Plana – Euskadi 2030 modu progresiboan, estrategikoan eta antolatuta ezartzea, eta ziurtatzen da datuak homogeneoak direla eta konparatu egin daitezkeela foku anitzeko teknologia-zentroen artean. Halaber, tresna honek indartu egiten du laguntzak modu objektiboan esleitzeko ebaluazio-sistema.
Jarraian, aginte-taula ageri da:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Hala eta guztiz ere, Emaitek Industria Hobea 2026 programaren esparruan, eta ez dagoenez adierazle guztiak zuzen neurtu eta baliozkotzea ahalbidetzen duen 2025eko daturik eta egiaztatu daitekeen ebidentziarik, 2026ko ekitaldian ez dira aintzat hartuko adierazle hauek:
– Ekarpen teknologikoa proiektu eraldatzaileei.
– Esparru-akordioak enpresekin.
– Fokua teknologia-sektoreetan.
– Espezializazioa eta kontzentrazioa teknologia estrategikoetan.
Lau adierazle horiek eta aginte-taula osatzen duten gainerakoak beharrezkoak dira foku anitzeko teknologia-zentroen jarduketa Industria Plana – Euskadi 2030ekin lerrokatzeko eta orientatzeko. Zentroek kontuan hartu beharko dituzte beren estrategiak definitzeko, nahiz eta 2025ean neurtzea posible ez izan, daturik ez dagoelako.
RSS