Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2026ko uztailaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
2984

AGINDUA, 2026ko ekainaren 17koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetako kide diren erakunde sindikalei eta Ikuskapen Araubidean parte hartzen dutenei 2026rako dirulaguntzak emateko prozedurari.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak, bigarren xedapen gehigarrian, bertan ezartzen diren organoak osatzen dituzten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko prozedura ezarri zuen.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordean sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen. Ordezkaritza hori proportzionaltasun-irizpidea errespetatuz egingo da, enpresetako eta administrazio publikoetako langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko II. xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta horren ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez banatu daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztia, dirulaguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026. urterako aurrekontuak onartu zituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak, 3112 Programan, 837.237,00 euroko dirulaguntza ezartzen du sindikatuentzat, Sindikatu Hauteskundeen Batzordean eta Lurralde Batzordeetan parte hartzeagatik.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluak ezartzen duen bezala, xedapen honen bidez deitutako dirulaguntzen lerroa Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita. Plan hori Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren agindu bidez onartu zen, 2025eko otsailaren 14an digitalki sinatuta eta 2026rako eguneratuta, 2026ko martxoaren 24an digitalki sinatutako agindu baten bidez. Plan hori Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari dagokion gunean argitaratuta dago, https://www.euskadi.eus webgunean

Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortzen dituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, hasiera ematen zaio Sindikatu Hauteskundeen Batzordea eta Lurralde Batzordeak osatzen dituzten erakunde sindikalei eta Ikuskapen Araubidean parte hartzen dutenei dirulaguntza emateko prozedurari.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Hasiera ematen zaio 2026. urtean honako sindikatu hauei dirulaguntzak emateko prozedurari: azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak arautzen dituen Hauteskunde Sindikalen Batzordeko eta lurralde-batzordeetako kide diren eta dekretu horretako ikuskaritza-araubidean parte hartzen duten erakunde sindikalak (237/2000 Dekretuaren bidez, Hauteskunde Sindikalen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren, Euskal Autonomia Erkidegoan).

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

2026. urte honetarako aurrekontu-zuzkidura 837.237,00 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.

3. artikulua.– Prozedura arrunta.

2026ko uztailaren 31ra arteko epea izango dute sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuko bigarren xedapen gehigarriaren bigarren atalean aipatzen den adostasunera heltzeko. Aipatutako epea igarota administrazioak inolako adostasunik ez dela lortu egiaztatuko balu, bigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan ezarritakoa aplikatuko litzateke.

4. artikulua.– Entitate onuradunen betekizunak.

1.– Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan zehaztutako ezein inguruabarretan.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

2.– Artikulu honetan onuradun izateko ezartzen diren baldintzak betetzen direla justifikatzeko, bestalde, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahalko da. Salbuespen bakarra zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean direla ziurtatzeko agiria izango da.

3.– Laguntza hauek jasotzen dituzten sindikatuek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzeko, hurrenez hurren zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira. Espedientea kudeatzen duen organoak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez eta haien baimenik behar izan gabe, dokumentu horiek behar beste aldiz bilduko ditu.

Hala ere, erakunde sindikal horiek horren aurka egin ahal izango dute. Kasu horretan, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan aurkeztu beharko dituzte ziurtagiri horiek (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

5. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Laguntza hauen onuradun diren erakunde sindikalek, nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2003 Legearen 14. artikuluan aurreikusitakoa beteko dute, eta, bereziki, honako hau:

a) Dirulaguntza emateko oinarritzat hartzen den egoeran egotea.

b) Jarduera burutzen dela egiaztatzea, bai eta dirulaguntza emateko azaltzen diren gainerako baldintzak ere.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzak nola erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren egiaztatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

d) Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea ea jaso den xede bererako beste dirulaguntza edo laguntzarik, edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen eskutik.

e) Dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, horren berri idatziz jakinaraztea Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari, eta zuzendaritza horrekin lankidetzan aritzea aldaketa horien egiaztapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

f) Jasotako finantzaketaren izaera publikoa agerraraztea.

g) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

h) Herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatzea, diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen ondorioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 17a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.


Azterketa dokumentala