
124. zk., 2026ko uztailaren 2a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2971
92/2026 DEKRETUA, ekainaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiak konkurtso-prozesuetan izaera publikoko kredituei buruzko akordioak edo hitzarmenak sinatzeari buruzkoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreko lege-xedapenen testu bateginak, zeina maiatzaren 17ko 1/1988 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu baitzen, 42. artikuluan aukera ematen zion Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari, erregelamendu bidez zehaztutako organoak baimena eman ondoren, akordioak edo hitzarmenak sinatzeko konkurtso-prozesuetan, Prozedura Zibilaren Legearen II. liburuko XII. tituluko 1. eta 8. ataletan eta XIII. tituluko 6. atalean eta Ordainketa Eteteari buruzko 1922ko uztailaren 26ko Legean aurreikusitakoetan. Hori baliatuz, azaroaren 19ko 268/1996 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiak konkurtso-prozesuetako akordioak edo hitzarmenak sinatzeari buruzkoa.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu baitzen, aurreko araudiaren idazketa berari eusten dio, 42.3 artikuluan, eta ezartzen du erregelamendu bidez zehazten den organoaren baimena baino ez dela beharko Prozedura Zibilaren Legearen II. liburuko XII. tituluko 1. eta 8. ataletan eta XIII. tituluko 6. atalean eta Ordainketak Eteteko 1922ko uztailaren 26ko Legean aurreikusitako konkurtso-prozesuetan akordioak edo hitzarmenak sinatzeko.
Gobernu Kontseiluaren edo finantzen arloan eskumena duen sailburuaren baimena behar duten zenbatekoak eguneratu behar direnez, eta dekretu horren indarraldian metatutako esperientziak gomendatutako aldaketa jakin batzuk sartu behar direnez, komeni da arau berri bat onartzea, orain indargabetzen den eskema oro har errespetatuko duena.
Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 16an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Organo eskudunak.
1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 42.3 artikuluan aipatzen diren konkurtso-prozesuetan (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), finantzen arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularrak izango du akordioak edo hitzarmenak sinatzeko eskumena, baldin eta akordio edo hitzarmen horien eraginpeko kredituak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo haren organismo autonomoen titulartasunekoak badira. Hala ere, aldez aurreko baimena beharko da honako kasu hauetan:
a) Finantzen arloan eskumena duen sailburuaren baimena nahitaezkoa izango da akordio edo hitzarmen horiek izenpetzeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo haren organismo autonomoen kredituei eragiten dienean eta kreditu horiek 1.000.000 eurotik gorako baina 5.000.000 euroko edo hortik beherako zenbatekokoak direnean.
b) Gobernu Kontseiluaren baimena nahitaezkoa izango da akordio edo hitzarmen horiek izenpetzeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo haren organismo autonomoen kredituei eragiten dienean eta kreditu horiek 5.000.000 eurotik gorako zenbatekokoak direnean.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 42.3 artikuluan aipatzen diren konkurtso-prozesuetan akordioak edo hitzarmenak sinatzea eta baimentzea (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen) zuzenbide pribatuko erakunde publikoen antolaketa-arauetan zehazten diren organoei dagokie akordio edo hitzarmen horien eraginpeko kredituak zuzenbide pribatuko erakunde publikoen titulartasunekoak direnean.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Arauak indargabetzea.
Indargabetuta geratzen da 268/1996 Dekretua, azaroaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiak konkurtso-prozesuetako akordioak edo hitzarmenak izenpetzeari buruzkoa, bai eta dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ogasun eta Finantza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 313/2024 Dekretuaren 15. artikulua aldatzea (15. artikulua, «Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko Zuzendaritza»).
15. artikuluaren o) azpiapartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«o) Konkurtso-prozesuetan akordioak edo hitzarmenak sinatzea, baldin eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta haren organismo autonomoen titulartasuneko kredituei eragiten badiete; dena dela, zenbait kasutan, baliteke Ogasun eta Finantzetako sailburuak edo Gobernu Kontseiluak aurretik baimena eman behar izatea».
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko ekainaren 16an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
RSS