Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2026ko uztailaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
2969

EBAZPENA, 2026ko ekainaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariarena. Honen bidez, zenbait diru-baliabide esleitzen dira 2026. urtean Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan ezarritako laguntzak finantzatzeko. Agindu horren bidez, oinarri arautzaileak ezartzen dira langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeko dirulaguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduak oinarri arautzaileak ezarri zituen Gizarte Segurantzako kuoten dirulaguntzak emateko, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Bada, agindu horren helburua kotizaziopeko langabezia-prestazioa jasotzen dutenen autoenplegua erraztera bideratutako dirulaguntzak arautzea da. Dirulaguntza horien bidez, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzeko eskubidea baliatu dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa egiten zaie, kuota horien egungo balioaren arabera, betiere ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuak eta beste arau batzuen bidez gerora txertatutako aldaketek aukera ematen diete entitate kudeatzaileei langabezia-prestazioaren zenbatekoa ordainketa bakar batean ordaintzeko, egungo balioaren arabera, prestazioen onuradun izanik kooperatibetan edo lan-sozietateetan bazkide-langile edo lan-bazkide gisa –modu egonkorrean– sartu nahi dutenei edo langile autonomo gisa jarduera bat egin nahi dutenei –baldin eta ez badute alta ematen mendekotasun ekonomikoa duten langile autonomo gisa–, bai eta jasotako zenbatekoa honetarako erabiliko dutenei: ekarpen bat egiteko merkataritza-entitate sortu berri baten kapital sozialari edo ekarpenaren aurreko gehienez ere 12 hilabeteetan sortu den merkataritza-entitate baten kapital sozialari –baldin eta sozietatearen benetako kontrola eskuratzen badute, entitatean jarduera profesional bat egiten badute, eta Gizarte Segurantzan alta ematen badute Norberaren Konturako Langileen Erregimen Berezian edo Itsasoko Langileen Erregimen Berezian–.

Eskubide hori baliatzen duten langileek jasoko duten dirulaguntza hauxe izango da: langile autonomo gisa Gizarte Segurantzan dagokien erregimenean duten kuotaren % 50, gutxieneko kotizazio-mailaren arabera kalkulatuta; edo, langileek langabezia-prestazioa jaso duten bitartean Gizarte Segurantzan, dagokion erregimenaren kotizazioetan, egin duten ekarpenaren % 100, baldin eta langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jaso ez bada.

Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu egin zitzaizkion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak. Geroztik, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumena da enpleguko, enplegu-prestakuntzako eta autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzeko programak kudeatzea.

Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago laguntzak erregulatzeko araudi bat, kotizaziopeko langabezia-prestazioaren % 100 ordainketa bakarrean jaso dutenei autoenpleguko ekimenak martxan jartzen lagunduko diena. Horregatik, horrelako araudi bat landu eta indarrean jarri bitartean, dirulaguntzen programa hau gauzatu behar da, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzeko.

Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduak indarraldi mugagabea du. Bestalde, laguntza hauek emateko prozeduran, ez da lehiaketaren teknika erabiliko. Esleitutako aurrekontu-kreditua edo haren eguneratzetik sortzen dena izango da laguntzak emateko muga, berariaz hala ezarrita baitago Aginduaren lehenengo xedapen iragankorrean.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 7/2025 Legeak Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeko dirulaguntzak finantzatzeko kreditua jasotzen du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.6 artikuluan xedatutakoa betez. Beraz, aipatutako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen guztizko zenbatekoa jakinarazi behar da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, 20/2023 Legearen 7.2.a) eta 8.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita daude (Laguntzak eta dirulaguntzak – Laguntzak eta dirulaguntzak). Plan hori Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren Agindu bidez onartu zen 2026ko urtarrilaren 14an, zehazki 1.6 gako estrategikoan: «Talde-ekintzailetza sustatzea, etorkizuneko enpresa-erronkei aurre egiteko modu gisa», Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan xedatutakoa betez. Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus

Bestalde, dirulaguntza hauek kudeatzen dituen administrazioa aldatu egin dela kontuan hartuta, publikotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak errespetatzeko, komeni da laguntzen onuradun izan daitezkeenei informazioa ematea dirulaguntzen prozedurarekin eta aplikatu beharreko erregimen juridikoarekin zerikusia duten alderdi jakin batzuei buruz.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuen 18.1.e) artikuluaren arabera, entearen Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendari nagusia da programa honetako dirulaguntzen deialdia onartzeko organo eskuduna.

Azaldutakoa kontuan izanda, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2026. urterako diru-baliabideak esleitzea, 1994ko apirilaren 13ko Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzera bideratuak. Agindu horretan, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen duten pertsonei gizarte-segurantzako kuotak ordaintzeko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira.

Ebazpen honek berekin dakar gastua baimentzea, oinarri hauen 1. artikuluan xedatutako zenbatekoaren eta aurrekontu-banaketaren arabera.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek organo beraren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria,

FERNANDO PARICIO CARRIÓN.

ERANSKINA
DIRU-BALIABIDEEN ESLEIPENA, 2026. URTERAKO LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA MINISTERIOAREN 1994KO APIRILAREN 13KO AGINDUAN AURREIKUSITAKO DIRULAGUNTZAK FINANTZATZEKO. AGINDU HONEN BIDEZ LANGABEZIAGATIKO PRESTAZIOA ORDAINKETA BAKARREKO MODALITATEAN JASOTZEN DUTEN PERTSONEI GIZARTE SEGURANTZAKO KUOTAK ORDAINTZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK EZARTZEN DIRA, 1044/1985 ERREGE DEKRETUAREN 4.2 ARTIKULUAN XEDATUTAKOAREN ARABERA

Lehenengoa.– Baliabide ekonomikoak.

Dirulaguntzak ematea arautzen duen 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko diru-baliabideak esleitzea, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluan aurreikusitako eskubidea baliatzen duten langileei. Errege Dekretu horren bidez, ordainketa bakarreko modalitateko langabezia-prestazioaren ordainketa arautzen da, haren zenbatekoaren egungo balioan, enplegua sustatzeko neurri gisa, aipatutako Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, 350.000,00 euroko zenbatekoan.

Bigarrena.– Dirulaguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak.

1.– Laguntza horiek jasotzeko eta emateko baldintzak Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitakoak izango dira, bai eta hurrengo apartatuetan ezarritakoak ere.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluan xedatutakoa aplikatuta, pertsona onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, 20/2023 Legearen beraren 49. artikuluaren arabera.

3.– Laguntzen onuradun izateko, Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduaren 3. artikuluan aurreikusitako betekizunez gain, aplikatzekoak dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan jasotako debekuak. Horren ondorioz, ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean badaude:

a) Delitu hauetakoren bat egiteagatik kondenatua izana: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenatuta edo zehatuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, edo, hala izan bada, igaro gabe edukitzea kondena- edo zehapen-epea.

c) Konkurtso-deklarazio boluntarioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jotzea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), esku-hartze judizialaren menpe egotea, edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, edo hala egon izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, eta suntsiarazpenaren arrazoiaren errudun deklaratu izana.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak badira, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean egotea edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak espresuki egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskakizun hori betetzen duela frogatzeko.

g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

h) Dirulaguntzei dagokienez, ordaindu gabe izatea itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute, emandako dirulaguntza guztiz justifikatu arte.

i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexuagatiko diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro ez izana.

j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak izatea, hauek barnean direla:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuagatiko jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta haien aurka borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak dauzkan legeek ezarritakoaren arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.

m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

ñ) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2., 3. eta 5. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

o) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitatea ez dena, ez betetzea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako baldintzetan.

p) Krisian dagoen enpresaren izaera ez izatea, 651/2014 zenbakidun (EB) Erregelamenduaren 2.18 artikuluan jasotako definizioaren arabera.

Betekizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, eskabide-inprimakian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko da.

o) apartatuko eskakizuna egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) letran aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die erakunde eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

Hirugarrena.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Ebazpen honetan aipatzen diren dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1008810

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, izapideak ordezkari baten bidez egin daitezke; baina, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria da eskabideak izapidetu eta ebazteko organo eskuduna.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria da dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko organo eskuduna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzen dituen apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren 18.1.e) artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaerak modu ordenatuan ebatziko dira, espediente bakoitza erabat osatuta dagoen unearen arabera.

Aurrekontu-hornidura amaitutakoan, inguruabar hori EHAAn eta Lanbideren webgunean (https://www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuko da, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzaren ebazpenaren bidez, beste dirulaguntza batzuk ematea eteteko.

4.– Ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, dirulaguntza eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabidea administrazio-isiltasunez ezetsitzat joko da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Laguntza-programa hau kudeatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeaz gain, honako hauek ere aplikatuko dira: oinarrizko araudia jasotzen duen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta hori garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua.


Azterketa dokumentala