Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2026ko uztailaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
2968

EBAZPENA, 2026ko ekainaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baitira Lanbideko lan-plantillan karrerako funtzionarioak borondatez integratzeko prozedura eta LPZ berriko lanpostuetan plantilla berrantolatzeko neurri osagarriak ezartzen dituzten oinarri orokorrak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2026ko ekainaren 24ko bilkuran, Erabaki hau hartu du: Lanbideko lan-plantillan karrerako funtzionarioak borondatez integratzeko prozedura eta LPZ berriko lanpostuetan plantilla berrantolatzeko neurri osagarriak ezartzen dituzten oinarri orokorrak onartzea.

Estatutu horien 14.2.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko ente publiko horren zuzendari nagusiari dagokio argitaratzea.

Azaldutakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara daitezen agintzea Lanbideko lan-plantillan karrerako funtzionarioak borondatez integratzeko prozedura eta LPZ berriko lanpostuetan plantilla berrantolatzeko neurri osagarriak ezartzen dituzten oinarri orokorrak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren 2026ko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez onartuak eta ebazpen honen eranskin gisa jasoak.

Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak 2026ko ekainaren 24an hartutako erabakiaren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakiokeela organo horri, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
OINARRI OROKORRAK, ZEINEN BIDEZ EZARTZEN BAITIRA LANBIDEKO LAN- PLANTILLAN KARRERAKO FUNTZIONARIOAK BORONDATEZ INTEGRATZEKO PROZEDURA ETA LPZ BERRIKO LANPOSTUETAN PLANTILLA BERRANTOLATZEKO NEURRI OSAGARRIAK

Euskal Enpleguari buruzko 15/2023 Legearen (EEL) bosgarren xedapen gehigarriak onartzen du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua administrazio izaerako organismo autonomoa Lanbide (aurrerantzean, Lanbide) zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtzea, enpleguaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita, bere nortasun juridikoa mantenduz, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtzearen arrazoia da erakunde horri arintasun eta malgutasun handiagoa eman behar zaiola prozesuen eta jardueren kudeaketa orokorrean, eta, bereziki, enplegu-politika aktiboen kudeaketan, etengabe eraldatzen ari den lan-merkatuaren eskaeretara eta Enplegu Sistema Nazionalarekin koordinatzeko baldintzetara egokitzeko aukera emanez.

EELaren zioen azalpenean adierazten den bezala, «Lanbidek Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoak kudeatu behar ditu, eta, aldi berean, enplegu-politika aktiboak sustatu eta bultzatu behar ditu, kudeaketa eraginkor, efiziente eta pertsonalizatu baten bidez. Eta ezaugarri horiek dira zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtzeak balio duen bi alderdi estrategiko azpimarratzera behartzen dutenak: a) plantilla espezializatzea, zerbitzu publikoak zerbitzu pertsonalizatuen beharretara eta konplexutasunera egokitutako lanpostu-zerrenda duela ziurtatuz; b) kudeaketa arintzea, jarduera ekonomikoari eragiten ez dion eta hura moteltzen ez duen fiskalizazio batez baliatuta, kontrol ekonomiko-finantzarioak ahalbidetzen duen bezala. Helburua da aurrekontua eta legezkotasuna betetzean ahalik eta galdagarritasun-mailarik handienak bermatzea, eta, aldi berean, administrazio-izapideak azkarrago egitea.

Azken batean, Lanbideren pertsonifikazio juridikoa eraldatzeak aukera emango du erakundearen xedea eta helburuak hobeto betetzeko, eta aukera emango du efikazia-, espezializazio- eta kudeaketa-modu arinen parametroetatik jarduteko eta esku hartzeko, administrazio-zuzenbidea aplikatzea baztertu gabe, jarduerak, prestazioak edo zerbitzuak hala eskatzen duenean».

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzen dituen apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak ezartzen duenez, dekretu hau indarrean dagoen lehen urtean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren lehen lanpostu-zerrenda onartzeko lanak egingo dira.

Lege-agindua betez, antolaketa-azterlana egin da, eta, horren ondorioz, ente publikoaren lanpostu-zerrenda berria onartu da. Bertan, aurretik funtzionarioentzat gordetako lanpostu jakin batzuk lan-kontratudun langileei esleitu zaizkie, erakunde publiko gisa eratu delako. Izan ere, egindako azterketan oinarrituta zehaztu ahal izan denez, ahal publikoak baliatzea edo interes orokorrak babestea ez dakarten lanpostuak dira, eta, beraz, ez daude funtzionarioentzat gordeta.

EELk bere bosgarren xedapen gehigarriaren 4. puntuan ezartzen duenaren arabera, «Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua administrazio-izaerako organismo autonomoari atxikitako funtzionarioek aukera izango dute, erregelamendu bidez ezartzen den epean eta prozedurarekin, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoaren lan-plantillan integratzeko, dagokien antzinatasuna aitortuta, eta jatorrizko kidego edo eskaletan borondatezko eszedentzia-egoeran geratuta interes partikularragatik, edo Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legean edo hura ordezten duen arauan aurreikusitako mugikortasun-prozeduren arabera dagokien lanpostuetara sartzeko.

Lan-kontratudunen plantillan integratzeko aukera erabiltzen ez dutenek funtzionario-izaera mantenduko dute zuzenbide pribatuko ente publikoan, hargatik eragotzi gabe lege honen eta hura garatzen duen araudiaren erregimena osorik aplikatuko zaiela eta eragindako funtzionarioek betetako lanpostua desagertzekotzat deklaratu ahal izango dela, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen hamaikagarren xedapen iragankorrean edo hura ordezten duen arauan aurreikusitako baldintzetan».

Borondatezko integrazio-prozedura fase desberdinak dituzten bi prozesutan egituratzen da.

A) Lanbide-talde berean integratzea.

1.– Zerbitzu zentraletan eta lurralde-bulegoetan, antolaketa-azterketak eta lanpostuei esleitutako eginkizunen ondoriozko analisiak lanpostu berriak sortu ditu, aurretik egiten ari ziren zereginak birdefinituz, eta horren ondorioz, borondatezko integrazio-aukera zuzenean egiten da lanpostu asimilatuen gainean. Era berean, birdefinitutako kudeaketa administratiboko teknikariaren lanpostua maila teknikoko lanpostu berrietako bati asimilatzen zaio, kasu honetan, enplegu eta enpresako teknikariaren lanpostuari.

2.– Tokiko bulegoetan, eginkizunen analisiak lanpostu desberdinak sortzea eragin du, eta, beraz, borondatezko integrazioa batean edo bestean egin daiteke. Era berean, kudeaketa administratiboko teknikariaren lanpostua tokiko bulegoetan maila teknikoko lanpostu berrietako bati asimilatu dakioke; kasu horretan, bi lanpostu horietako bat aukeratu ahal izango da.

B) Lanbide-taldearen barne-sustapen bidezko integrazioa.

1.– Zerbitzu zentraletan eta lurralde-bulegoetan, administrazio-izaerako lanpostuei esleitutako funtzioen eta zereginen azterketak zehaztu du administrari orokorraren lanpostua eratzea. Ondorioz, administrari laguntzaileen taldearentzako borondatezko integrazioa dagokion talde eta kategoria profesionalerako barne-sustapenaren bidez antolatzen da, eta aukera zuzenean lanpostu horren gainean egiten da.

2.– Tokiko bulegoetan, administrazio-izaerako lanpostuei esleitutako funtzioen eta zereginen azterketak administrazio-mailako bi lanpostu eratzea ekarri du, bata sortu berria (prestazioen administraria) eta bestea lehendik zegoena (administrari orokorra). Horren ondorioz, barne-sustapenaren bidezko borondatezko integrazio-aukera batean edo bestean egin daiteke.

Era berean, komeni da azpimarratzea administrari laguntzaileen integrazioaren berezitasuna. Lanpostuen zerrenda berria dela eta egindako antolaketa-azterlanaren arabera, lanpostu horiei lotutako eginkizunek konplexutasun eta erantzukizun handiagoko eduki funtzionalak izan dituzte, administrazioko langile lan-kontratudunen administrazio-taldeari dagozkionak. Hala ere, integrazio-aukera eta behin betiko integrazioa lan-kontratudun gisa edo, lan-kontratudunen kasuan, kontratu-berritzea, baldintzatuta egongo da langileak lan-kontratudunen talde administratibora sustatzeko prozesua gainditzearekin. Beraz, kasu horietan, nahitaez, lan-kontratudunen lanbide-talde horretan egingo da integrazioa eta funtzionario-izaerako administrari laguntzailearen lanpostuek bakarrik iraungo dute, integrazioa aukeratu ez den edo sustapena gainditu ez den kasuetan. Lanpostu horiek «desagertzekotzat» deklaratuko dira Lanpostuen Zerrenda berrian.

Oinarri hauek Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen aurreikuspenekin koordinatzen dira, mugikortasunari, karrera profesionalari eta giza baliabideen antolamenduari dagokienez, eta bermatzen da integratu nahi ez duten karrerako funtzionarioek euskal funtzio publikoaren eremuan garatzen jarraitu ahal izango dutela karrera profesionala, eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoan karrerako funtzionario izaten jarraituko dutela, hargatik eragotzi gabe haien lanpostua azkentzeko deklaratuko dela, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen hamaikagarren xedapen iragankorrean edo hura ordezten duen arauan aurreikusitako baldintzetan.

Erregulazioak premia- eta efikazia-printzipioak betetzen ditu; izan ere, oinarri horien onarpena interes orokorreko arrazoi batek justifikatzen du, zeina Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen aurreikuspenak betetzean zehazten baita, zerbitzu publikoen funtzionamendu egokian laguntzeko, organismo autonomoa zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtzeko arrazionalizazio-neurriaren testuinguruan eta arau horren bosgarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

Proportzionaltasun-printzipioa betetzen du, bete beharreko beharrari heltzeko funtsezko erregulazioa jasotzen baitu: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko karrerako funtzionarioak lan-araubidean sartzeko prozedura ezartzea.

Erregulazioak segurtasun juridikoaren printzipioari erantzuten dio; izan ere, oinarri horiek Euskadiko ordenamendu juridikoarekin bat etorriz ematen dira, Estatuko eta Europar Batasuneko ordenamendua errespetatuz, eta arau-esparru egonkor, aurresangarri, integratu, argi eta ziurtasunezkoa sortzen dute.

Aurrekoa Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako legezko gaikuntzaren babesean onartu da, eta apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako Estatutuen 11. artikuluko f) letran Lanbideren Administrazio Kontseiluari emandako eskumena baliatuz (zuzenbide pribatuko ente publikoko lanpostuen zerrenda eta langileak antolatzeko tresnak onartzea), bai eta erakundearen zuzendaritza- eta kontrol-organo gorena den aldetik ere, Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, aipatutako estatutuetan ezarritakoaren arabera, eta Administrazio Kontseiluak 2026ko ekainaren 24an egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako baldintza hauetan,

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

Lehenengoa.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da Lanbideko lan-plantillan karrerako funtzionarioak borondatez integratzeko prozedura arautzea eta LPZ berriko lanpostuetan plantilla berrantolatzeko neurriak ezartzea.

Bigarrena.– Aplikazio-eremua.

Oinarri hauek seigarren oinarrian aurreikusitako integrazio-baldintzak betetzen dituzten Lanbideko karrerako funtzionarioei aplikatuko zaizkie, baldin eta haien taldea I. eranskineko baliokidetasun-taulan identifikatutakoen artean badago.

Hirugarrena.– Lehendik dauden langile lan-kontratudun finkoei aplikatu beharreko aplikazio-eremu espezifikoa.

Plantilla berrantolatzeko neurri jakin batzuk aplikatuko zaizkie, halaber, indarrean jartzen den egunean erakundean dauden langile lan-kontratudunei, baldin eta zortzigarren oinarrian identifikatzen diren prozesuetako bakoitzaren aplikazio-eremuaren barruan badaude.

Laugarrena.– Integrazio-aukeraren izaera.

Integrazio-aukera banaka baliatzeko eskubidea da, eta bosgarren oinarrian zerrendatutako langileek baliatu ahal izango dute, behin bakarrik prozesu honen bidez, eta, baliatzen ez badute, ezartzen diren ondoz ondoko hautaketa- edo hornidura-prozesuetan.

Bosgarrena.– Integratzeko eskubidea duten langileak.

Integraziorako aukera izango dute Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publikoari atxikitako karrerako funtzionarioek, baldin eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren 2025eko maiatzaren 21eko Aginduan zerrendatuta badaude (agindu horren bidez, Lanbideri atxikitako funtzionarioen zerrenda zehazten da).

Karrerako funtzionarioek lanpostuaren titular gisa edo lanpostua gordetzeko eskubidedun gisa agertu beharko dute aipatutako zerrendan.

Era berean, karrerako funtzionarioak integratu ahal izango dira, baldin eta, ondorengo hautaketa- edo hornidura-prozesuen bidez, gerora Lanbideko lanpostu baten titulartasuna lortu badute edo lanpostu hori gordeta badute.

Seigarrena.– Integratzeko baldintzak.

1.– Oro har, honako baldintza hauek bete beharko dira langile lan-kontratudun finko gisa borondatez sartu ahal izateko:

a) Karrerako funtzionarioa izatea aurreko oinarriaren arabera, integrazioa egin nahi den lanbide-taldeari dagokion kidego edo eskala batekoa, oinarri hauen I. eranskineko baliokidetza-taularen eta entearen antolaketa funtzionalaren arabera.

b) Diziplinazko espediente baten bidez edozein administrazio publikotatik edo autonomia-erkidegoetako organo konstituzional edo estatutariotatik zerbitzutik bereizita ez egotea, eta ebazpen judizial baten ondorioz enplegu edo kargu publikoetarako desgaikuntza absolutua edo berezia ez izatea, funtzionarioen kidegoan edo eskalan sartzeko.

2.– Integrazioa aukeratzen duten administrari laguntzaileek, gainera, barne-sustapenaren bidezko integrazio-prozeduran parte hartzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte eskaera egiten duten unean.

3.– Oinarri hauetan aurreikusitako integrazio-baldintzak deialdian eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitzen den egunean bete beharko dira, eta lan-kontratudun langile gisa behin betiko sartzen diren arte eutsi beharko zaie.

Zazpigarrena.– Funtzionario-kidegoen eta lanbide-taldeen arteko baliokidetasunak.

Integrazioa funtzionarioaren jatorrizko taldeari dagokion lanbide-talde baliokidean egingo da, oinarri hauetako taldeen eta lanpostu-moten arabera, eta esleitutako lanpostuari dagokion lan-kategoria laboralean, I. eranskineko baliokidetza-taulan jasotzen denaren arabera.

Zortzigarrena.– Borondatezko integrazio-prozedura eta plantillaren berrantolaketa osatzen duten prozesuak.

Prozedura bi prozesuk osatuko dute, aldi berean hasiko direnak:

1. prozesua.– Lanbide-talde berean borondatez integratzea.

A) Zuzeneko integrazioa: Zerbitzu zentraletan eta lurralde-bulegoetan, lanpostuei esleitutako eginkizunen analisiak lanpostu berriak sortu ditu, aurretik egiten ari ziren zereginak birdefinituz, eta horrek borondatezko integrazio-aukera zuzenean egitea eragiten du asimilatutzat hartutako lanpostuen gainean. Era berean, birdefinitutako kudeaketa administratiboko teknikariaren lanpostua maila teknikoko lanpostu berrietako bati asimilatzen zaio, kasu honetan, enplegu eta enpresako teknikariaren lanpostuari.

B) Integrazioa eginkizunen esleipenarekin: Tokiko bulegoetan, eginkizunen analisiak lanpostu desberdinak sortzea eragin du, eta, beraz, borondatezko integrazioa batean edo bestean egin daiteke. Era berean, kudeaketa administratiboko teknikariaren lanpostua tokiko bulegoetan maila teknikoko lanpostu berrietako bati asimilatu dakioke; kasu horretan, bi lanpostu horietako bat aukeratu ahal izango da.

2. prozesua.– Lanbide-taldearen barne-sustapen bidezko borondatezko integrazioa.

A) Zuzeneko integrazioa: Zerbitzu zentraletan, lurralde-bulegoetan, izaera administratiboko lanpostuei esleitutako eginkizunen eta zereginen analisiak administrari orokorraren lanpostu bat eratzea eragin du. Ondorioz, borondatezko integrazioa talde administratibo laguntzailearentzat artikulatzen da dagokion talde eta kategoria profesionalera barne-sustapenaren bidez, eta aukera zuzenean lanpostu horren gainean egiten da.

B) Eginkizunen esleipenarekin integrazioa: Tokiko bulegoetan, izaera administratiboko lanpostuei esleitutako eginkizunen eta zereginen analisiak maila administratiboko bi lanposturen eraketa eragin du, horietako bat sortu berria (prestazioetako administraria) eta bestea jada existitzen dena (administrari orokorra), eta horren ondorioz, barne-sustapen bidezko borondatezko integrazio-aukera batean edo bestean egin daiteke.

Bederatzigarrena.– Integrazio-prozeduraren eta plantillaren berrantolaketa-prozeduraren hasiera.

Integrazio-prozesua, hainbat prozesuz osatua, deialdi bakar baten bidez hasiko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez egindakoa.

Erabaki hau argitaratzen den egunean bertan argitaratuko da deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, Lanbideren webgunean (https://www.lanbide.euskadi.eus) eta Lanbideren intranetean. Eskabideak aurkezteko epea deialdia argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, deialdian adierazitako moduan.

II. KAPITULUA
1. PROZESUA: LANBIDE-TALDE BEREAN BORONDATEZ INTEGRATZEA

Hamargarrena.– Lanbide-talde berean borondatez integratzea.

A) Zuzeneko borondatezko integrazioa.

1.– Jarraian eta 1.A eranskinean zerrendatutako lanpostuen zuzkidura baten titular den edo erreserba-eskubidea duen Lanbideko karrerako funtzionarioa, bere atxikipen-zentroaren eta jatorrizko eginkizun espezifikoen arabera, destinoko lanpostuei dagozkien talde eta kategoria profesionalean integratuko da, lan-kontratudun finko gisa, karrerako funtzionario gisa dagokion titulazio-talde edo -azpitaldean:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Era berean, plantilla berrantolatzeko neurri hau Lanbideko lan-kontratudun finkoei ere aplikatuko zaie, oinarri honen 1. atalean identifikatutako jatorrizko lanpostuen zuzkidura bati atxikita badaude.

B) Borondatezko integrazioa eginkizunen esleipenarekin.

1.– Jarraian zerrendatutako lanpostuen zuzkidura baten titular den edo erreserba-eskubidea duen Lanbideko karrerako funtzionarioak tokiko bulegoetan kokatutako destinoko lanpostuetan dagokion talde eta kategoria profesionalen integratzea eskatu ahal izango du, lan-kontratudun finko gisa, karrerako funtzionario gisa dagokion titulazio-talde edo -azpitaldean:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Era berean, fase honetan parte hartuko du oinarri honen 1. atalean identifikatutako jatorrizko lanpostuen zuzkidura bati atxikita dagoen Lanbideko lan-kontratudun finkoak.

3.– Eskatutako destinoko lanpostuek langile eskatzailearen jatorrizko lanpostua atxikita dagoen tokiko bulego berean kokatuta egon beharko dute.

Hamaikagarrena.– Tokiko bulegoetan eginkizunen esleipenarekin borondatezko integrazioaren egitura eta garapena.

1.– Enplegu eta Enpresako teknikariaren eta Prestazioetako teknikariaren destinoko lanpostuen esleipena hiru fase jarraitutan artikulatuko da:

• 1. fasea. Borondatezko integrazioa eginkizunak esleituta. Jatorrizko lanpostua: Orientatzailea eta Enplegu eta Prestakuntza teknikaria tokiko bulegoan:

Jatorrizko lanpostua: Orientatzailea eta Enplegu eta Prestakuntzako teknikaria tokiko bulegoan. Destinoko lanpostuak: Enplegu eta Enpresako teknikaria, eta Prestazioetako teknikaria tokiko bulegoan.

1. fase honetan destinoko lanpostuen esleipenerako, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak kontuan hartuko du:

Langileak bere eskaeran adierazitako destinoko lanpostuen lehentasun-ordena.

Oinarri honetan jasotako antolaketa-irizpideak aplikatzearen ondoriozko langile eskatzailearen ordena.

Destinoko lanpostuen zuzkidura kopurua:

– Eskuragarri dauden Enplegu eta Enpresako teknikaria.

– Eskuragarri dauden Prestazioetako teknikaria.

Lehentasuna jatorrizko lanpostuaren arabera:

Enplegu eta Enpresako teknikarien lanpostuen aukeraketan, lehentasuna izango dute Orientatzailearen jatorrizko lanpostu baten zuzkidura bati atxikita dauden pertsonek, Enplegu eta Prestakuntzako teknikariaren lanpostu bati atxikita dauden pertsonen gainetik.

Prestazioetako teknikarien lanpostuen aukeraketan, lehentasuna izango dute Enplegu eta Prestakuntzako teknikariaren jatorrizko lanpostu baten zuzkidura bati atxikita dauden pertsonek, Orientatzailearen lanpostu bati atxikita dauden pertsonen gainetik.

Eskabide kopurua destinoko lanpostuen zuzkidura erabilgarrien kopurua baino handiagoa bada, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak, ondoren jasotzen diren antolamendu-irizpideak aplikatuz, dagozkion sailkapenak egiteko eta lanpostuak esleitzeko:

Antolamendu-irizpideak:

Aurreko irizpidea aplikatu ondoren, sailkapena azken 10 urteetako esperientziaren arabera egingo da, baremo honen arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Berdinketa hausteko irizpidea: lehenik, antzinatasuna Lanbiden; bigarrenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren Administrazio Instituzionalean; eta hirugarrenik, berdinketak jarraitzen badu, lehentasuna izango du ziurtagiri ofizialaren arabera euskararen ezagutza-maila handiagoa egiaztatzen duenak.

• 2. fasea. Tokiko bulegoetan Administrazio Kudeaketako teknikariaren jatorrizko lanpostuarekin eginkizunak esleituta borondatez integratzea:

Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak 1. fasean destinoko lanpostuak esleitzea erabakitzen duenean hasiko da 2. fasea.

2. fasean, Enplegu eta Enpresako teknikariaren eta Prestazioen teknikariaren destinoko lanpostuak esleituko zaizkie tokiko bulegoetan kokatutako administrazio-kudeaketako teknikariaren jatorrizko lanpostua duten langileei, aurkeztutako eskaeren arabera.

2. faseko destinoko lanpostuak esleitzeko, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak honako hauek hartuko ditu kontuan:

Langileek eskabidean adierazitako destinoko lanpostuen lehentasun-ordena.

Eskatzaileen ordena, 1. fasean jasotako antolamendu-irizpideak aplikatzearen ondoriozkoa.

Destinoko lanpostuen zuzkidura eskuragarrien kopurua:

2. fasean esleitzekoak izango dira 1. fasean destinoko lanpostuen esleipenaren ondoren eskuragarri jarraitzen duten Enplegu eta Enpresako teknikariaren eta Prestazioetako teknikariaren destinoko lanpostuen zuzkidurak.

2.– Tokiko bulegoetan Administrari orokorraren eta Prestazioetako administrariaren destinoko lanpostuen esleipena:

1.– Tokiko bulegoetan destinoko lanpostuen esleipena, Administrari orokorraren jatorrizko lanpostua duen langileari, aurkeztutako eskaeren arabera egingo da.

2.– Destinoko lanpostuen esleipenerako, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak kontuan hartuko du:

Langileak bere eskaeran adierazitako destinoko lanpostuen lehentasun-ordena.

Oinarri honetan jasotako antolaketa-irizpideak aplikatzearen ondoriozko langile eskatzailearen ordena.

Destinoko lanpostuen zuzkidura eskuragarrien kopurua.

Antolamendu-irizpideak:

Sailkapena azken 10 urteetako esperientziaren arabera egingo da, honako puntu hauen arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Berdinketa hausteko irizpidea: lehenik, antzinatasuna Lanbiden; bigarrenik, antzinatasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren Administrazio Instituzionalean; eta hirugarrenik, berdinketak jarraitzen badu, lehentasuna izango du ziurtagiri ofizialaren arabera euskararen ezagutza-maila handiagoa egiaztatzen duenak.

III. KAPITULUA
2. PROZESUA: LANBIDE-TALDEAREN BARNE-SUSTAPEN BIDEZKO BORONDATEZKO INTEGRAZIOA

Hamabigarrena.– Lanbide-taldearen barne-sustapen bidezko borondatezko integrazioa.

1.– Seigarren oinarrian aurreikusitako integraziorako baldintzak betetzeaz gain, honako baldintza espezifiko hauek ere betetzen dituen Lanbideko karrerako funtzionarioak eskatu ahal izango du borondatezko integrazioa barne-sustapen bidez:

Zerbitzu zentraletan, lurralde-bulegoetan eta tokiko bulegoetan kokatutako Administrari laguntzailearen jatorrizko lanpostu baten zuzkidura bati atxikita egotea.

I. eranskinean jasotako baliokidetza-taularen arabera, lan-kontratudun administrari orokorraren lanpostura sartzeko beharrezko titulazioa edo esperientzia izatea.

2.– Hala ere, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituz, eskatutako titulazioa eduki gabe sartu ahal izango da talde administratibo profesionaleko plazetara, baldin eta C2 azpitaldeko edo talde profesional baliokideko kidego edo eskala batean hamar urteko antzinatasuna egiaztatzen bada, edo bost urtekoa eta beharrezko prestakuntza egiaztatzen duen proba espezifiko bat gainditzen bada irizpide objektiboen bidez.

3.– Barne-sustapeneko prozesuan, gaikuntza-proba bat gainditu beharko da. Proba nahitaezkoa eta baztertzailea izango da, eta gai-zerrendari buruzko galdera-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, epaimahai kalifikatzaileak ezarritako epean. Gai-zerrenda hori bederatzigarren oinarrian aurreikusitako prozeduraren deialdiarekin batera argitaratuko da.

4.– Ezagutza proba bat izango du (baztertzailea):

Mota: test erako galdetegia, lau erantzun-aukerarekin.

Galdera-kopurua: 60-80 galdera.

Denbora: 90 minutu.

Gainditzeko gutxieneko puntuazioa: erantzun zuzenen % 50.

Balorazioa: Erantzun okerrek ez dute penalizatzen.

Gai-zerrenda: bederatzigarren oinarrian aurreikusitako prozeduraren deialdiarekin batera argitaratuko da.

5.– Azken kalifikazioa honela egingo da: gai/ez gai. Lortutako puntuazio osoa adieraziko da.

6.– Era berean, prozesuan parte hartuko dute oinarri honetan jasotako baldintza espezifikoak betetzen dituzten Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko langile lan-kontratudun finkoek.

A) Zerbitzu zentraletan eta lurralde-bulegoetan borondatez zuzenean integratzea.

1.– Zerbitzu zentraletan eta lurralde-bulegoetan, administrari laguntzailearen lanpostuei esleitutako eginkizunen azterketak administrari orokorraren lanpostu berri bat sortu du, eta, horren ondorioz, borondatezko integrazioaren aukera barne-sustapen bidez egiten da, administrari orokorraren destinoko lanpostuari dagokion talde eta kategoria profesionalari zuzenean lotuta.

2.– Esleitzekoak diren zuzkiduren kopurua honako hauen batuketarekin bat etorriko da:

Zerbitzu zentraletan edo lurralde-bulegoetan dagoen administrari laguntzailearen jatorrizko lanpostu bati atxikitako karrerako funtzionarioek egiten dituzten integrazio-eskaeren kopurua, baldin eta eskaerek onartzeko baldintzak betetzen badituzte.

Zerbitzu zentraletan edo lurralde-bulegoetan dagoen administrari laguntzailearen jatorrizko lanpostu bati atxikitako langile lan-kontratudun finkoen kopurua, oinarri honetan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

B) Tokiko bulegoetan eginkizunen esleipenarekin borondatezko integrazioa.

1.– Tokiko bulegoetan, administrari laguntzailearen lanpostuei esleitutako eginkizunen azterketak bi lanpostu berri sortzea eragin du, eta, horren ondorioz, barne-sustapenaren bidezko borondatezko integrazioaren aukera bati edo besteari dagokion lanbide-talde eta -kategorian egin daiteke.

2.– Fase honetan, administrari orokorraren edo prestazioen administrariaren destinoko lanpostu batean integratzeko edo lanpostua esleitzeko eskatu ahal izango dute eskatzaileek. Jatorrizko lanpostuaren zuzkidura atxikita dagoen tokiko bulegoan egongo da lanpostu hori.

Destinoko lanpostuen esleipenerako, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak kontuan hartuko du:

Destinoko lanpostuen zuzkidura eskuragarrien kopurua.

Prozesu honetan esleitzekoak izango dira tokiko bulegoetan kokatutako Administrari orokorraren jatorrizko lanpostua duen langileari buruzko behin betiko proposamena adostu ondoren eskuragarri dauden administrari orokorraren eta prestazioetako administrariaren destinoko lanpostuen zuzkidurak.

Langileak bere eskaeran adierazitako destinoko lanpostuen lehentasun-ordena.

Eskatzaileen ordena, honako antolamendu-irizpide hauek aplikatzearen ondoriozkoa, baldin eta eskaeren kopuruak destinoko lanpostuen zuzkidura eskuragarrien kopurua gainditzen badu.

Antolamendu-irizpideak:

Sailkapena azken 10 urteetako esperientziaren arabera egingo da, honako puntu hauen arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Berdinketa hausteko irizpidea: lehenik, antzinatasuna Lanbiden; bigarrenik, antzinatasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren Administrazio Instituzionalean; eta hirugarrenik, berdinketak jarraitzen badu, lehentasuna izango du ziurtagiri ofizialaren arabera euskararen ezagutza-maila handiagoa egiaztatzen duenak.

IV. KAPITULUA
PLANTILLA INTEGRATU ETA BERRANTOLATZEKO PROZEDURAK FUNTZIONARIOENGAN DITUEN ONDORIOAK

Hamahirugarrena.– Izendapena eta lan-harremana formalizatzea.

1.– Lan-kontratua ematea:

Integrazioaren ondoren integrazioa eraginkorra izateak eta lan-kontratua emateak, bai eta plantilla berrantolatzearen ondoriozko lanpostu-esleipenak ere, ondorioak izango ditu eraldaketa-prozesuaren ondoriozko eta antolamendu-azterlanean jasotako lanpostu-zerrenda behin betiko onartzen denean eta indarrean jartzen denean.

2.– Lan-kontratua formalizatzea:

Lan-kontratudun finkoaren izaera hartzen dutenei dagokien lan-kontratua formalizatuko zaie eta Lanpostuen Zerrenda onartu ondoren atxikita dauden lanpostuan jarraituko dute etenik gabe.

3.– Kontratua aldatzea:

Lan-kontratu finkoko langile direnei dagokien kontratu-aldaketa formalizatuko zaie, Lanpostuen Zerrenda onartu ondoren atxikita geratzen diren lanpostuan etenik gabe.

Hamalaugarrena.– Lan-kontratu finkoko langile bihurtzea.

Integrazioa aukeratzen duten langileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko erakunde publikoko lan-kontratudun langile finko bihurtuko dira, eta integratu diren lanbide-taldeari datxezkion eskubide eta betebehar guztiak izango dituzte, bai eta haien eginkizunak eta aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboaren eta erakunde publikoko langile lan-kontratudunei aplikatu beharreko gainerako arauen mende daudela ere.

Hamabosgarrena.– Jatorrizko kidegoko egoera.

1.– Borondatezko eszedentzia interes partikularragatik:

Lan-kontratudun langile finko bihurtuta, integratzea hautatu duten karrerako funtzionarioak interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia-egoeran deklaratuko dira beren jatorrizko kidego edo eskaletan, eta dagokien antzinatasuna aitortuko zaie, Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren laugarren atalean xedatutakoaren arabera.

2.– Eszedentziaren ondorioak:

Interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia deklaratzearen ondorioak Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legean xedatutakoaren arabera arautuko dira.

V. KAPITULUA
PLANTILLA INTEGRATU ETA BERRANTOLATZEKO PROZEDURARI HELTZEN EZ DIOTEN LANGILEEN ARAUBIDEA

Hamaseigarrena.– Plantilla integratu eta berrantolatzeko prozedurari heltzen ez dioten langileen baldintzak.

Oinarri hauen aplikazio-eremuan sartzen diren karrerako funtzionarioek, plantillak integratzeko eta berrantolatzeko prozeduran parte hartzea eskatzen ez badute, eta eskatu arren, eskatzen diren baldintzak ez betetzeagatik parte hartu ezin dutenek, jatorrizko egoeraren ondoriozko baldintzak eta araubide juridikoa errespetatuko zaizkie.

Lan-araubidean borondatezko integrazioa gauzatzen ez duen karrerako funtzionarioa jatorrizko kidegoan zerbitzu aktiboan mantenduko da, eta horrek ez du eragotziko Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen eta hura garatzen duen araudiaren erregimena osorik aplikatzea.

Botere publikorik gauzatzen ez duten karrerako funtzionarioek betetzen dituzten lanpostuak desagertu egingo dira. Beraz, integrazio-aukera gauzatzen ez duen karrerako funtzionarioak bere funtzionario-izaerari eutsiko dio eta, titular gisa, bere titulazioarekin eta profilarekin bateragarria den lanpostu laboral bati atxikita geratuko da, emaitzazko antolaketa-ordenaren arabera.

Integrazio-aukera baliatzen ez duten edo hautaketa-prozesua gainditzen ez duten administrari laguntzaileen edo administrazio-kudeaketako teknikarien kasu berezian, iraungi beharrekotzat jotako funtzionario-lanpostuari lotutako eginkizunak betetzen jarraituko dute, eta haien titulazioari eta profilari egokitutako lan-legepeko lanpostu bat titulartasunean beteko dute, ondoriozko antolamendu-antolamenduaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Abian diren hornidura-prozesuak.

Oinarri hauek indarrean jartzen direnean izapidetzen ari diren Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko lanpostuak betetzeko prozesuak oinarri espezifikoen arabera garatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Datuen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia betez, datu pertsonalak «Giza baliabideen kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.

Tratamenduaren arduraduna: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa.

Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: Lanbideko langileen burutza, administrazio-egintzak eta ohiko kudeaketa egitea, eta indarrean dagoen araudiak Lanbideri esleitzen dion beste edozein eginkizun.

Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko. DBEOren 6.1.e) artikulua), bai eta Lanbideri aplikatu beharreko lege-betebeharrak betetzeko ere (DBEOren 6.1.c) artikulua: 15/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Enpleguarena; 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoarena; 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena; 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena; DBEOren 9.2.b artikulua, lan-zuzenbidearen eta gizarte-segurtasunaren eta -babesaren arloko betebeharrak betetzea. Era berean, beharrezkoa da interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko (DBEOren 6.1.b) artikulua).

Informazioaren hartzaileak:

Sindikatuak eta langileen batzordeak.

Enplegu publikoaren arloko eskumenak dituen saila. Eusko Jaurlaritza.

Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea, bai eta informazio gehigarrian jasotako beste eskubide batzuk ere. Informazio gehigarria: webgune honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/166800-capa2-eu.shtml

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arau-garapena.

Lanbideko Zuzendaritza Nagusiko titularrari ahalmena ematen zaio oinarri hauek aplikatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko, honako hauek barne:

Eskabide-eredu normalizatuak onartzea.

Deialdien xehetasunezko prozedura-alderdiak arautzea eta deialdiak onartzea.

Oinarri hauek benetan aplikatzeko beharrezko beste edozein neurri.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala