Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2026ko uztailaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
2964

AGINDUA, 2026ko ekainaren 2koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, zeinaren bidez onesten baitira Euskal Autonomia Erkidegoan establezimenduren bat duten entitate edo pertsona autonomoei bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko laguntza ekonomikoak emateko oinarriak, eta 2026rako deialdia egiten baita.

Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburu nagusietako bat da familia-eredu jakin bat sendotzea, non betekizun lagaezinak kontsideratzen baitira autonomia, kide guztien arteko errespetua eta bi bikotekideen arteko berdintasuna, biek ala biek ere lanbidean eta bizitza pertsonalean aurrera egiteko aukera berberak eduki eta partekatzen baitituzte, gure gizartearen balio demokratikoekin bat datorren eredu baten arabera. Lege horrek azpimarratzen du garrantzitsua dela familia-ardurak eta lan-erantzukizunak kontziliatzen laguntzea, bai eta emakumea lan-merkatuan sartzen eta haren karrera profesionala garatzen laguntzea ere.

17. artikuluan, zehazten du enpresei laguntza eman behar zaiela lana eta familia kontziliatzen lagun dezaten; era berean, adierazten du Eusko Jaurlaritzak sustatu egingo duela enpresek neurriak hartzea, langileek lana eta familia bateragarri egin ditzaten.

2018. urtean EAEko erakundeek Familia eta Haurtzaroaren Aldeko Euskal Ituna sinatu zuten. Itun horretan, besteak beste, honako konpromiso hauek biltzen dira: alde batetik, «gurasoek seme-alabentzako beharrezkoa den bezain besteko astia izatea erraztea, familien premiei aurre egiteko denbora sozialaren antolaketa egokiago bat, eta antolaketa sozial erantzukidea bultzatzea»; eta, bestetik, «gai hauekiko harremana duten eragile pribatuak sentsibilizatzea, bereziki lan-harremanetan zuzeneko inplikazioa dutenak, adibidez, sindikatu eta enpresaburuen elkarteak, beharrezkoa delako eragile publiko eta pribatuen arteko lotura hori».

Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei Laguntzeko Erakunde arteko V. Planean (2025-2030), 1. ardatzaren laugarren helburua «Zaintzan erantzunkidetasuna sustatzea» da. «Erantzukidetasun-kultura sustatzea familia-laguntzan erantzukizunen eta baliabideen banaketa bidezkoa sustatuz, lotura sendoak indartzeko eta ongizate kolektiboa sustatzeko familia-bizitzaren eremu guztietan.»

Zehazki, jarduketa-ildo hauek aurreikusten ditu:

a) Zaintzaren antolaketa sozial berri baterantz aurrera egitea, administrazio publikoak, enpresak, hirugarren sektorea, komunitateak eta familiak tartean izango dituena, baita gizon eta emakumeak ere, eta erabilgarritasuna, irisgarritasuna, eskuragarritasuna eta kalitatea ziurtatzeko aukera emango duena.

b) Kontziliaziorako laguntzak indartzea, eta familia-ereduen aniztasunera eta premia espezifikoetara egokitzea.

c) Zaintzan erantzukidetasuna eta emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasuna errazten dituzten lan-inguruneak sustatzea.

Era berean, enpresek kontziliazio-neurriak har ditzaten bultzatzea komeni dela ezartzen du, hala nola ordutegi-malgutasuna, telelana, lanaldi-murrizketa eta zaintza-lizentziak sortzea, zainketen erantzunkidetasuna errazteko. Enpresei pizgarriak eman ahal zaizkie kontziliazio-praktikak egin ditzaten, zerga-hobarien, kontratu publikoetan klausula sozialak ezartzearen eta erakundeek enpresa-jardunbide egokiak aitortzeko mekanismoen bidez.

Enpresa-eremuan zaintzan erantzunkidetasuna sustatzeko V. Planean aurreikusitako trakzio-neurrietako bat Kontzilia komunitatea indartzea da. Horren bidez, kontziliazio erantzukidea sustatu nahi da lan-eremuan, sareko lanaren, laguntza teknikoaren eta jardunbide egokien hedapenaren bidez Euskadiko enpresen, pertsona autonomoen eta erakundeen artean. Horrela, kontziliazio erantzukideko lan-neurriak hartzen laguntzen da, hala nola ordutegi-malgutasuna, lanaldi-murrizketak, telelana edo zaintza-lizentziak. Halaber, Euskadiko enpresa, entitate eta pertsona autonomoek lanaren antolaketa berdintasunezkoagoa eta iraunkorragoa izan dezaten laguntzen da.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15.c) artikuluak –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta horien funtzioak eta ekintza-eremuak mugatzeari buruzkoak– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari esleitzen dizkio, beste funtzio eta jardun-eremu batzuen artean, familia babesteari eta lan-bizitza eta familia bateragarri egiteari dagozkionak.

Urriaren 29ko 320/2024 Dekretuak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, 14. artikuluan zehazten ditu Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailburuordetzaren eginkizunak, eta haien artean kokatzen du «bizitzako politika publikoen plangintza, ikuskapena eta ebaluazioa egitea: zeharkako politikak, biztanleria-sektoreetan zentratuak, adinaren arabera definituak, honako jardun-arlo hauetan: gazteria, erronka demografikoa, familia-politika eta haur eta nerabeen politika; erronka demografikoaren kudeaketa integrala bultzatzea; erronka demografikoaren 2030erako Euskal Estrategia hedatzea eta haren jarraipena, ebaluazioa eta eguneratzea egitea, foru-aldundiekin, udalekin eta gizarte zibileko beste eragile batzuekin lankidetza-esparru bat garatuz».

Dekretuak 15.c) artikuluan Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzari esleitzen dio, besteak beste, bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko neurriak indartzea eta enpresetan kontziliazio erantzukiderako politikak sustatzea.

Gero eta garrantzitsuagoa da langileen benetako kontziliazio-beharrak ezagutzea eta aitortzea, konponbideak eskaintzeko. Izan ere, konfiantzan eta malgutasunean oinarritutako lan-baldintzek talentua erakartzen eta fidelizatzen laguntzen dute, konpromisoa eta efizientzia hobetzen dituzte, lan-absentismoa saihesten dute, irudia hobetzen dute eta lehiakideekiko aldeak markatzen dituzte.

Behar horiek ezagutzeko modu on bat da egoeraren diagnostiko bat egitea, benetako informazioa emango duena langileen ezaugarriei eta beharrei buruz eta entitatean edo mikroenpresan kontziliazioa aplikatzen eta integratzen den moduari buruz. Egoera ezagututa, kontziliazio-plan bat diseinatu daiteke, lortu beharreko erronkak eta helburuak ezartzeko, abian jarri beharreko ekimenei lehentasuna emateko, kontziliazio-neurrien komunikazio eta kudeaketa moduak hobetzeko, erabilera- eta gozatze-baldintzak bermatzeko, eta jarraipena, ebaluazioa eta egokitzapena egiteko oinarriak finkatzeko.

Baina entitate guztiek ez dituzte kontziliaziorako diagnostikoa eta plana modu autonomoan egiteko behar diren baliabide material eta profesionalak. Entitate edo pertsona autonomo batzuek laguntza profesionala behar dute kalitatezko diagnostikoa egin eta kontziliazio-plan bat ezartzeko.

Agindu honek laguntza-lerro bat arautzen du, zeinak baliabide ekonomikoak eskaintzen baitizkie EAEn lantokiak dituzten entitate edo pertsona autonomoei, baldin eta aholkularitza-enpresa baten zerbitzuak kontratatu behar badituzte diagnostikoa eta lehen kontziliazio-plan bat egiteko. Zehazki, bi laguntza-modalitate arautzen dira: kontziliazioko lehen proiektua (diagnostikoa eta plana) egiteko laguntzak, eta indarraldia amaitu zaion kontziliazio-proiektu bat eguneratzeko laguntzak.

Laguntza-lerro honen bidez, handitu egin nahi da kontziliazioaren aldeko apustua egiten duten eta EAEn establezimenduak dituzten entitate edo mikroenpresen multzoa, publiko zein pribatuak izan. Apustu horren bidez, beren langileen bizi-baldintzak hobetu nahi dituzte, eta diagnostiko batean eta kontziliazio-plan batean oinarritzen dute jardun hori.

Agindu honek laguntzen lerroaren bosgarren deialdia arautzen du. Dirulaguntza hori Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren 2025eko otsailaren 21eko Aginduaren bidez onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, zeinak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren 2025-2028 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen baitu, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan jasotako xedapenak betez, eta Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzak legealdi honetarako ezarritako lehentasunezko ildoekin bat etorriz.

Agindu honetan araututako laguntzak izapidetzeko nahikoa aurrekontu-kreditu dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 7/2025 Legean, abenduaren 23koan (2025eko abenduaren 30eko EHAA, 251. zk.).

Dirulaguntzen agindu hau Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak emandako arau-esparruari lotzen zaio.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia egitea, entitate edo pertsona autonomoek aholkularitza- eta kontsultoretza-zerbitzuak kontrata ditzaten, langileentzako bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioaren arloko diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko, I. eranskinean jasotako baldintzetan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araubide juridikoa.

Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako erregelamenduan jasotako oinarrizko araudia. Halaber, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legea eta aplikatzekoak diren administrazio-zuzenbideko gainerako arauak aplikatuko dira. Halakorik ezean, zuzenbide pribatuko arauak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 2a.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Xedea.

1.– Agindu honen bidez onartzen dira entitateei edo pertsona autonomoei bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko aholkularitza-zerbitzuak kontratatzeko laguntza ekonomikoak emateko oinarriak, eta 2026ko deialdia egiten da.

2.– Dirulaguntza Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) lantokiak dituzten entitate, mikroenpresa edo pertsona autonomoei zuzenduta dago, baldin eta kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plan bat egitea kontratatu nahi badute eta ez badute aurretiko diagnostikorik edo planik.

Halaber, kontziliazio-proiektuen eguneratzeak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta aurreko proiektuaren ekintza-plana gauzatzeko aurreikusitako gehieneko epea igaro bada.

3.– Diruz lagunduko da kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko entitate edo pertsona autonomoak kontratatzen duen aholkularitza-zerbitzuen kostuaren % 70. Beraz, dirulaguntzatik kanpo geratzen da planean jasoko diren neurriak ezartzea.

2. oinarria.– Hautaketa eta zuzkidura ekonomikoa.

1.– Deialdi hau norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen deialdirako zuzkidura ekonomikoaren iturri izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan zehaztutako kasuan kasuko aurrekontu-kredituak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren dirulaguntzak finantzatzeko, laurehun eta hogei mila (420.000) euroko kreditua ezarri da Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean (2025eko abenduaren 30eko EHAA, 251. zk.); haietatik 210.000 euro 2026ko ordainketa-kredituaren kargura emango dira eta 210.000 euro 2027ko konpromiso-kredituaren kargura.

Guztizko zenbateko hori honako laguntza-modalitate hauen artean banatuko da:

a) Lehen planak egitea. Zuzkidura osoaren hiru laurden (3/4) erabiliko dira, 315.000 euroko zenbatekoa (157.500 euro 2026ko ordainketa-kredituaren kargura eta 157.500 euro 2027ko konpromiso-kredituaren kargura).

b) Dauden planak eguneratzea. Zuzkidura osoaren laurden bat (1/4) bideratuko da, 105.000 euro (52.500 euro 2026ko ordainketa-kredituaren kargura eta 52.500 euro 2027ko konpromiso-kredituaren kargura).

Jarduketak baloratu eta emango diren dirulaguntzen zenbatekoak ezagutu ondoren, planak eguneratzera bideratutako zenbatekoa ez bada agortzen eskaerarik ez dagoelako edo entitate edo pertsona autonomo eskatzaileek baldintzak betetzen ez dituztelako, aurrekontu-soberakina automatikoki erabili ahal izango da kreditu nahikorik ez izateagatik erantzun ezin izan diren lehen planeko eskabideak finantzatzeko, edo alderantziz.

3. oinarria.– Onuradunak. Eskakizunak.

1.– Agindu honetako dirulaguntza baten onuraduna izateko, entitate edo pertsona autonomoek, eskaera aurkezten den egunean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan xedatzen diren betekizun espezifikoak bete behar dituzte, eta, gainera:

a) Nortasun juridiko propioa eta independentea izan behar dute eta dagokien erregistroan izena emanda egon behar dira. Inskripzio hori egiaztatzeko, dagokion erregistroko inskripzio-ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko da (Merkataritza Erregistroa, Fundazioen Erregistroa, Elkarteen Erregistroa, Kooperatiben Erregistroa...). Nortasun juridiko ezberdinez osatutako taldeetako parte diren entitateek modu independentean aurkeztu beharko dituzte eskabideak.

Enpresaburu gisa jarduten duten eta plantilla beren kargura duten autonomoen kasuan, dagokien erregistroan enpresaren inskripzioa aurkeztu beharrean, autonomo direla egiaztatu beharko dute, Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) alta emateko ebazpena aurkeztuta.

b) EAEn kokatutako establezimenduren bat izatea.

c) Entitateak eskatzen duen laguntzaren xedea izan behar da EAEn dauzkan establezimenduen egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egitea kontratatzea. Ez da emango dirulaguntzarik EAEtik kanpoko establezimenduen egoeraren diagnostikoa edo ekintza-plana egiteko.

d) Era berean, laguntza honen onuradun izan daitezke euskal sektore publikoa (autonomikoa, forala eta tokikoa) osatzen duten eta nortasun juridiko propioa duten erakundeak, baldin eta diruz lagundu daitekeen jarduerak ez badu xede bererako finantzaketa espezifiko eta izendunik mendeko administrazioaren aurrekontuetan edo atxikita dauden administrazioaren aurrekontuetan. Hori eskabide-formularioan txertatutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adierazi beharko da.

i) Euskal sektore publikoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak.

ii) Euskal sektore publikoko sozietate publikoak, fundazioak eta partzuergoak.

iii) 3/2022 Legearen 4.2 artikuluan aurreikusitako atxikipen-araubiderik gabeko nortasun juridiko independentea duten euskal sektore publikoko erakunde publikoak.

2.– Ezin izango dira onuradun izan honako egoera hauetakoren batean dauden eskatzaileak:

a) Aurreko deialdietan dirulaguntza horren funtsak jaso izana, betiere finantzatutako ekintza-planak ez badu amaitu dagokion deialdian xedatutakoaren arabera hura ezartzeko ezarritako epea.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

c) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

d) Administrazioarekin egindako edozer kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuz gero.

e) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak legez ezarritako moduan ez betetzea. Baldintza hori betetzea ezinbestekoa da, bai onuradun izateko, bai izaera horri eusteko, dirulaguntza likidatu arte.

g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.

h) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoak, 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

i) Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak jasotzeko aukera galdu izana, hala ezartzen duen edozein legeren arabera.

j) Sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaienak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.

k) Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

Baldin eta beren berdintasun-plana ez badago inskribatuta Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan (REGCON), plantillan 50 langile baino gehiago dauzkaten entitate eta pertsona autonomoek aurkeztu beharko dute berdintasun-plana erregistratuta dagoela frogatzen duen dokumentazioa edo indarrean dagoen berdintasun-planaren dokumentua. Plana indarrean ez badago, berritzen, berrikusten edo negoziatzen ari delako, horren aurretik indarrean egon den berdintasun-plana aurkeztu beharko dute, eta horrekin batera erantzukizunpeko adierazpena ere bai, azaltzen duena zergatik ez dagoen indarreko berdintasun-planik eta argitzen duena plana (lehena zein berritua) prestatzen ari dela. Eskaera egiten den egunean halakorik ez dutenak ez dutela baldintza betetzen ulertuko da.

l) Zehapena jaso dutenak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean jasotako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta hartu beharreko zuzenketa-neurriak hartu eta zehapena ordaindu arte.

m) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu ez dutenak.

n) Jokabide LGTBIfobikoak egin, bultzatu edo sustatu izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne, otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerakoak eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoak, 82. artikuluan xedatutakoaren arabera.

o) Erabilera militarreko armamentua edo teknologia ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa izatea, Europako Segurtasun Estrategian sartzen ez dena, Lankidetzari eta Elkartasunari buruzko otsailaren 15eko 3/2024 Legearen 10.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

p) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako egoeretako batean daudenak.

3.– Onuradunak adierazi beharko du ez dagoela a), d), e), h), i), j), k), l), m), n), o) edo p) letretan adierazitako ezein kasutan, eskaera-formularioan jasotako baldintzetan emandako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

Erantzukizunpeko adierazpenak, hasiera batean, prozeduran aurkeztu beharreko dokumentazioa ordezten du. Beren burua onuradun izateko proposatzen dutenek egiaztatu beharko dute erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla, ordeztutako dokumentazioa aurkeztuta, dena delako dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.

Hala ere, agintaritza eskudunak ezin badu egiaztagiria eman, horren ordez erantzukizunpeko adierazpen bat egin ahal izango da, administrazioko edo notariotza publikoko agintari baten aurrean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.9 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Administrazioak ofizioz egiaztatuko ditu b), c), f), g) eta j) letretan aurreikusitako inguruabarrak, elkarreragingarritasunaren bidez, eskatzailea berariaz egiaztapen horren aurka egon ezean, edo, hala dagokionean, baimenik ematen ez badu. Kasu horietan, erakunde eskudunek emandako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

Baldin eta eskatzaileak erabakitzen badu frogagiriak bere kabuz aurkeztea, eskabidea aurkezten den datan eguneratuak, erantsi egin beharko ditu.

g) letran aurreikusitako betekizunari dagokionez, eskatzaileak egoitza fiskala Espainiako Estatutik kanpo duenean, egoitza fiskala egiaztatzeko eskumena duen agintaritza fiskalak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Aholkularitzak kontratatzeko dirulaguntzak emango dira, 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko maiatzaren 31ra bitartean honako bi elementu hauek egiten laguntzeko:

a) Eskatzailearen bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa.

b) Bizitza pertsonala, lana eta familia kontziliatzeko ekintza-plana.

2.– Diagnostikoa eta plana osagarriak dira; beraz, biak egin behar dira. Ez da emango dirulaguntzarik bietako bat bakarrik egiteko.

3.– Diagnostikoa eta ekintza-plana EAEn kokatuta dauden erakunde edo pertsona autonomo eskatzailearen establezimenduei dagozkienak izango dira. Biak landu beharko dira eskaera-inprimakian adierazten diren EAEko establezimenduetan berariaz aplikatzeko. Erakundeak edo pertsona autonomoak EAEn lantoki bat baino gehiago dituenean, oro har, diagnostiko eta ekintza-plan bakarra egingo da zentro guztietarako, zentro bakoitzaren berezitasunak barne hartuta.

Salbuespen gisa, diagnostiko eta plan bereiziak egitea erabaki ahal izango da, lantokien artean antolamendu-errealitate bereiziak daudela agerian uzten duten inguruabar objektiboak daudenean.

Horretarako, honako elementu hauek hartu ahal izango dira kontuan, besteak beste:

a) Autonomia funtzionala edo antolaketa-autonomia bereizia duten zentroak egotea.

b) Tamainari, sexuen araberako banaketari, lanbide-kategoriei edo zerbitzuak emateko araubideari dagokionez, osaera oso desberdinak dituzten plantillak egotea.

c) Kontziliazioaren arloan berariazko premiak dakartzaten jarduera edo eginkizun bereiziak betetzea.

d) Lan-baldintzak, antolaketa-sistemak, txandak, ordutegiak edo zerbitzuak emateko modalitateak argi eta garbi bereizita egotea zentroen artean.

Erabakia berariaz arrazoitu beharko da eskabidean.

4.– Diagnostikoan aztertu behar da nolakoa den eskatzailearen egoera bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren arteko kontziliazioan, eremu hauetan gutxienez:

a) Entitatearen edo pertsona autonomoaren abiapuntuko egoera: eskatzailearen eta bere inguruabarren azterketa zehatza eta espezifikoa: entitate mota; lanpostu mota; plantillaren profila (adina, sexua, denbora entitatean...); ezaugarriak eta muga espezifikoak, produkzio-sektorearen eta lanpostuen arabera, garatzen duen jardueraren edo bezeroen beharren araberako mugak; neurriak eta beharrak jakinarazteko modua; neurriak baimentzeko irizpideak; presentzia sindikala; negoziatzeko modua; plantillaren kontziliazio-premien ezagutza-maila, etab.). Plantillari buruzko datu guztiak sexuaren arabera bereizi beharko dira.

b) Kontziliazioak entitatearen barne-politikan duen presentzia-maila: kontziliazioak entitatearen kudeaketa-eremuetan duen integrazio-maila (plantillaren kudeaketan, emaitzen ebaluazioan...); kontziliazioak entitatearen kulturan duen presentzia; kontziliazioari ematen zaion garrantzia, langileak erakartzeko eta fidelizatzeko modu gisa; entitatearen eta erantzukizun-karguak dituztenen erresistentzia-maila edo proaktibotasuna kontziliazioarekiko.

c) Eskatzaileak kontziliaziorako onartzen eta sustatzen dituen neurriak (nahitaez bete beharreko neurriak, hitzarmenean adostutako neurriak, neurri propioak, hobekuntzak). Neurriek izan dezaketen eraginaren analisia, generoari erreparatuz. Entitateak bere langileen kontziliazio-beharrak ezagutzeko eta kontziliazio-neurriak haietara egokitzen saiatzeko duen jarreraren analisia (kontsulta modua, aldizkakotasuna, negoziazio modua, etab.).

d) Langileen bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioa hobetzeko beste laguntza- baliabiderik dagoen/eskaintzen ote den.

e) Langileei dauden kontziliazio-neurriak eta horiek eskatzeko moduak jakinarazteko prozedurak dauden. Langileek zer neurritan ezagutzen dituzten neurriak, zer-nola balioesten dituzten, eta zer-nola erabili. Proposamenak egiteko aukera.

f) Entitatearen kontziliazio-neurriak ebaluatzeko, horien jarraipena egiteko eta hobetzeko adierazleak edo prozedurak dauden.

5.– Planak izan beharreko ezaugarriak: entitate edo pertsona autonomo kontratatzailearentzat berariaz egin behar da, eta hark EAEn dauzkan establezimenduen ezaugarrietara moldatu behar da. Abiaburutzat aurreko diagnostikoaren emaitzak hartu behar dira, eta, haien arabera, erronkak, jarduteko ildo estrategikoak, lortu beharreko helburu zehatzak eta haiek lortzeko neurri espezifikoak proposatu behar dira. Gainera, haien guztien egutegia finkatu beharko da, planaren indarraldiaren barruan, ezartzen diren lehentasunak kontuan hartuta.

Orobat, planean, neurriak abian jartzeko eragile arduradunak zehaztu behar dira, neurri bakoitzerako erabiliko den aurrekontua zenbatetsi behar da, eta emaitzak neurtzeko aukera emango duten adierazleak eta jarraipen-formulak ezarri behar dira. Planak hiru urteko indarraldia izan beharko du gutxienez.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira diruz lagundu daitezkeen jardueren izaerari zalantzarik gabe erantzuten dioten, behar-beharrezkoak diren eta agindu honen 4.1 oinarrian ezarritako epean egiten diren guztiak.

Diruz lagundutako gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Agindu honetan ezartzen diren ondorioetarako, egindako gastutzat hartuko dira agindu honen 16. oinarrian ezartzen den justifikazio aldia amaitu baino lehen egiaz ordaindu direnak.

3.– Inola ere ez dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko berreskura edo konpentsa daitezkeen zeharkako zergak.

Zeharkako zergak berreskuratu edo konpentsatu ezin dituzten entitateek eta mikroenpresek diruz lagundu daitezkeen gastu modura sartu ahal izango dute haien zenbatekoa.

4.– Diruz lagundu daitekeen jarduketaren % 100 kontratatu dezake onuradunak.

5.– Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako zenbatekoa baino (15.000 euro), gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak onuradunak, zerbitzua jaso baino lehen, salbu eta merkatuan ez badago zerbitzuok emateko edo hornitzeko behar beste entitate (zerbitzuon ezaugarri bereziak direla eta), edo dirulaguntza jaso aurretik egin bada gastua.

6.– Aurreko paragrafoetan zehazten ez den guztirako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen deun abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

6. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kontziliazioaren egoeraren diagnostikoa eta plana egiteko kontratatzen den aholkularitza-zerbitzuaren kostuaren % 70 izango da (BEZik gabe), eta, gehienez, 10.500 euro onuradun bakoitzeko.

Gainera, gehieneko kopuruak ezartzen dira proiektuaren kosturako, plantillako pertsonen kopuruaren arabera, haiei zuzenduta baitago proiektua:

Hona hemen:

20 pertsona baino gutxiagoko plantillei zuzendutako proiektuak: 7.000 euro + BEZa.

21 eta 50 pertsona arteko plantillei zuzendutako proiektuak: 8.000 euro + BEZa.

51 eta 100 pertsona arteko plantillei zuzendutako proiektuak: 10.000 euro + BEZa.

100 pertsona baino gehiagoko plantillei zuzendutako proiektuak: 15.000 euro + BEZa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, gehieneko kostua –proiektuaren xede diren EAEko zentroetako plantilla osatzen duten pertsonen kopuruaren arabera onartzen dena– hartuko da erreferentziatzat. Aurkezten den proiektuaren kostua plantillako langileen kopuruaren araberako kategoriari dagokion gehieneko kopurua baino gehiago bada, dirulaguntza kategoriarako ezarritako gehieneko kopuruaren arabera kalkulatuko da.

Erakunde osoari buruzko proiektu bat (diagnostikoa eta plana) egiteko eskaera aurkeztu ahal izango da, baldin eta egoitza EAEn badu, edo EAEn kokatuta dauden lantokietarako soilik. Nolanahi ere, erakundeak egoitza non duen kontuan hartu gabe, proiektu bat baino gehiago aurkeztu ahal izango da 4.3 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direnean. EAEtik kanpo egoitza duten erakundeak direnean, edo proiektua EAEn kokatutako lantoki baterako edo batzuetarako bakarrik eskatzen denean, plantillaren adierazle gisa laguntza eskatzen den lantokietako pertsona kopurua hartuko da, erakundea osatzen duten pertsona guztien kopuruaren ordez.

Eskatzailea BEZaren aitorpenetik salbuetsita badago eta ezin badu jasanarazi, dirulaguntzaren zenbatekoa aholkularitza-proiektuaren kostuaren arabera kalkulatuko da, BEZa sartuta.

7. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Laguntza hau eskatu nahi duten pertsona juridikoek eta pertsona autonomoek modu telematikoan egin behar dituzte izapide guztiak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan eta Herritarrei Arreta Integrala eta Kanal Anitzekoa eta Zerbitzu Publikoetarako Sarbide Elektronikoari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Eskabide-eredua, proposamen teknikoaren eredua eta eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa

3.– Agindu honetako administrazio-prozeduraren informazio-fitxa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1209005

4.– Eskabidearen ondoko izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean dagoen espediente digitalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta sinatzeko onartzen diren baliabideak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da.

Ordezkaria ez badago inskribatuta EAEko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan, eskatzaileak hura bere ordezkaria dela frogatu beharko du, zuzenbidean onartutako modu baten bidez, ordezkaria existitzen dela eta haren irismena zein den modu sinesgarrian egiaztatuta.

EAEko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoa helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

8. oinarria.– Eskabideak nola eta non aurkeztu.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da zenbatzen, eta 2026ko irailaren 30ean amaituko da.

2.– Eskabidea oso-osorik bete beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan horretarako berariaz jarritako formularioan. Horrekin batera, proposamen teknikoa eta agindu honen 9. oinarrian zehazten diren gainerako agiri nahitaezkoak aurkeztu beharko dira.

3.– Onuradunak edo eskatzailearen ordezkari dela egiaztatzen duen pertsonak sinatuko du eskabidea, digitalki. Proposamen teknikoa digitalki sinatu beharko du aholkularitzako entitateak.

4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren arabera, eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko Eusko Jaurlaritzaren esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak. Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, eskatzaileek berariaz kontsultaren aurka egin ezean edo, hala dagokionean, egiaztapen hori egiteko baimenik ematen ez badute; kasu horretan, eskatzailea bera arduratuko da horiek aurkezteaz.

Era berean, erakunde edo pertsona autonomo eskatzaileei ez zaie eskatuko aurretik edozein administraziori aurkeztutako dokumenturik. Horretarako, dokumentu horiek noiz eta zein administrazio-organotan aurkeztu zituen adierazi beharko du eskatzaileak, eta Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzak bildu beharko ditu, baldin eta eskatzaileak prozeduran berariaz aurka egin ez badio. Salbuespen gisa, aurreko apartatuetan aipatutako dokumentuak ezin badira eskuratu, eskatzaileari berriz eskatu ahal izango zaio haiek aurkezteko.

5.– Ez zaio dirulaguntza bat baino gehiago emango eskatzaile berari, baldin eta diagnostiko eta plan bereiziak egiteko aukera ematen duten 4.3 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez badira, behar bezala justifikatuta. Eskatzaile bakoitzari dirulaguntza bat emango zaio gehienez. Entitate edo pertsona autonomo batek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, sarrera erregistroaren arabera epearen barruan aurkeztutako azkena bakarrik hartuko da kontuan, eta azkena aurkeztuta aurrekoetan atzera egin duela ulertuko da, non eta eskatzaileak besterik adierazten duen, horren arrazoiak azalduta.

6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta dokumentazioa. Berdin egingo da laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

7.– Eskatzaileak adieraziko du egiazkoak direla eskabideko datuak eta horrekin batera bidalitako dokumentaziokoak, eta betetzen dituela laguntzaren onuraduna izateko indarrean dagoen araudian ezartzen diren baldintzak. Egiaztapen hori dirulaguntza jaso aurretik egin beharko du.

9. oinarria.– Nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Nolanahi ere, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira, dirulaguntza eskuratu ahal izateko baldintzak betetzen direla frogatzeko:

a) Behar den erregistroan (Merkataritza Erregistroa, Elkarteen Erregistroa, Fundazioen Erregistroa, Kooperatiben Erregistroa...) inskribatuta dagoelako ziurtagiri eguneratua.

Enpresaburu gisa ari diren autonomoek Langile Autonomoen Araubide Bereziko (LAAB) altaren ebazpena aurkeztu beharko dute.

b) Plantillako langileen kopuruaren frogagiriak: eskaeraren aurreko hilabeteko Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinak eta langile-zerrenda izenduna (TC2 eredu zaharra).

Proiektua ez bada EAEko langile guztientzat planteatzen, edo entitateak edo pertsona autonomoak EAEtik kanpo plantilla badu, proiektua aurkezten den EAEko lantokian/lantokietan zenbat langile dauden egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

c) Honako hau azaltzen duen dokumentua: bizitza-pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioaren arloko diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko aholkularitza-entitateak aurkeztutako proposamen teknikoa, haren sinadura digitalarekin. Egoitza elektronikoan dagoen proiektu teknikoaren formatuan bakarrik aurkez daiteke proposamen teknikoa.

d) Eskatzailea BEZa aitortzetik salbuetsita badago, hori egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du, kasuan-kasuan eskuduna den administrazioak emana.

e) Kasu bakoitzean eskumena duen administrazioari eskatutako egoitza fiskalaren ziurtagiria.

f) Ofizioz egiaztatzeari uko egiten badio, edo, hala dagokionean, 3.3 oinarrian aurreikusitako inguruabarrei buruzko baimenik ematen ez badu, dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, eskabidea aurkezten den egunean eguneratuta.

g) 50 pertsona baino gehiagoko plantilla duen entitatea edo pertsona autonomoa bada, enpresaren Berdintasun-Planaren erregistro-ziurtagiria aurkeztu beharko du, edo indarrean dagoen planaren dokumentua, baldin eta beren berdintasun-plana ez badago inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan (REGCON). Beren plana indarrean ez badago, berritzeko, berrikusteko edo negoziatzeko fasean daudelako, lehen indarrean zegoen berdintasun-plana aurkeztu beharko dute, bai eta erantzukizunpeko adierazpen bat ere, une horretan indarrean dagoen planik zergatik ez duten eta plana prestatzen ari diren (lehenengo plana edo hurrengoak) zehazteko.

h) Aurkeztu beharreko dokumentazioa espediente elektronikoarekin batera bidaliko da, honen bidez: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak edozein momentutan eskatu ahalko du jatorrizko agiriak aurkezteko, egiazkoak diren egiaztatze aldera.

10. oinarria.– Eskabideak zuzentzea eta hobetzea.

Baldin eta dirulaguntzaren eskabidea ez badago osorik beteta, edo aurreko oinarrian ezartzen diren derrigorrezko agiri guztiak berarekin batera aurkezten ez badira, edo agiriok bete beharreko baldintza guztiak betetzen ez badituzte edo beren edukia nahikoa ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko aldian akatsak zuzentzeko edo agiriak aurkezteko edo osatzeko, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela pentsatuko dela eta laguntzak kudeatzen dituen organoak hori deklaratzen duen berariazko ebazpena eman beharko duela, baita jakinarazi ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatzen denarekin bat etorriz.

11. oinarria.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da.

Eusko Jaurlaritzako Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritza izango da agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak kudeatzeko eskumena daukan organoa, eta, gainera, horrek hautatuko ditu dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko eskumena daukaten balorazio batzordeko kideak, 13. oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

Eskabideak ebaluatu ondoren, Balorazio Batzordeak txostena egingo du egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko, 12. oinarrian adierazitako balorazio-irizpideekin bat etorriz. Ildo horretan, eskatzaileen hurrenkera ezarriko du, puntuazio handienetik txikienera ordenatuz.

Hainbat eskabideren artean puntu-berdintasuna egonez gero, agindu honetako 12. oinarriko c) irizpidean puntuazio handiena dutenen alde ebatziko da berdinketa.

Nolanahi ere, laguntzaren emakidadun izateko proposamena egin ahal izateko, onuradunak 100etik gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu, 12. oinarrian ezarritako irizpideen arabera.

Organo kudeatzaileak egokitzat jotzen dituen datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak egingo ditu ofizioz, eta espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena aztertu ondoren, ebazpen-proposamena egingo du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Proposamen horretan, behar bezala arrazoituta, puntuazio onena lortu duten eskatzaileei laguntza ematea proposatuko du, agindu honen 2.3 oinarrian adierazitako aurrekontu-kreditua agortu arte.

Era berean, dirulaguntzak emateko espedienteak organo kudeatzailearen txostena izango du. Txosten horretan jasoko denez, organo kudeatzailearen esku dagoen informaziotik, ondoriozta daiteke onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza horiek eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.

Behin betiko ebazpen-proposamena dirulaguntzaren onuradun izateko proposatutakoei jakinaraziko zaie, 10 egun balioduneko epe luzaezinean onarpena jakinaraz dezaten. Jakinarazten ez badute, ulertuko da onuradun izateko proposatutako entitateek edo pertsona autonomoek uko egin diotela eskabideari.

Eskatutako gastuaren % 70ari dagokion zenbatekoa ezin bada osorik estali deialdiko funtsekin, erakunde onuradunak aukera izango du erabilgarri dagoen zenbatekoa onartzeko edo dirulaguntzari uko egiteko.

Eskatzaileetako batek uko eginez gero, erreserban geratu den hurrengo erakundeari edo pertsona autonomoari emango zaio dirulaguntza –onuradun izateko baldintzak betetzeagatik, baina aurrekontua agortu delako–, puntuaziorik altuena lortu duenari.

12. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan lehenengo proiektuen eskabideak baloratzeko, haietako bakoitzari dagokion puntuazioaren arabera:

A) Entitate eskatzaileak kontziliazioarekin duen harremana eta konpromisoa, eta proiektua hasteko arrazoia (10 puntu gehienez).

A.1.– Entitateak edo pertsona autonomo kontratatzaileak kontziliazioaren arloan izandako ibilbidearen laburpena, arlo horren gaineko interesa, esperientzia eta ibilbidea adierazten dituena (1,5 puntu gehienez).

A.2.– Eskatzaileak proiektua aurrera eramateko duen jarrera eta motibazioa. Proiektua abian jartzeko arrazoi zehatzak (1,5 puntu gehienez).

A.3.– Diagnostikoa eta plana egiteak eragin dezakeen barne- eta kanpo-inpaktuaren aurreikuspena, genero-inpaktuari arreta berezia eskainiz ikuspegi intersekzionaletik (4 puntu gehienez).

A.4.– Entitateak edo mikroenpresak proiektuarekiko konpromiso publikoa izatea. Eskatzaileak proiektua gauzatzeko asmoa daukala azaldu die plantillako langileei (3 puntu gehienez).

B) Kontziliazioari buruzko prestakuntza diagnostikoaren fasean. Diagnostikoa egiten duen bitartean, aholkularitza-entitateak prestakuntza espezifikoa emango du kontziliazio erantzukideari eta zuzendaritzarako eta plantillarako kontziliazio-neurriei buruz (10 puntu gehienez).

B.1.– Aurreikusitako prestakuntza-planaren azalpena (helburuak, datak, hartzaileak) (2 puntu gehienez).

B.2.– Prestakuntza horretan zuzendaritzari eta langileei helaraziko zaizkien kontziliazio erantzukidearen arloko ideia nagusiak (2 puntu gehienez).

B.3.– Entitateari edo mikroenpresari prestakuntza eskainiko zaion moduaren azalpen arrazoitua: formatua (presentziala/online), metodologia (elkarrizketak, world kafea, prestakuntza-tailerra, hitzaldia, bideoak), aurreikusitako saioen kopurua eta egingo diren prestakuntza-taldeen kopurua (2 puntu gehienez).

B.4.– Kontziliazio erantzukideari buruzko prestakuntza-saio presentzialak sartzea entitateko gerentziarentzat eta giza baliabideen arduradunentzat, gutxienez 2 ordukoak (2 puntu gehienez).

B.5.– Kontziliazio erantzukideari buruzko prestakuntza-saioak sartzea plantillarentzat, gutxienez 2 ordukoak (puntu 1 gehienez).

B.6.– Kontziliazio erantzukideari eta kontziliazio-neurriei buruzko aurkezpen bat egitea (ppt, bideoa edo antzekoa), langile guztiei bidaltzeko (puntu 1 gehienez).

C) Proposatutako lana entitate eskatzailearen ezaugarri eta beharretara egokitzea (25 puntu gehienez).

C.1.– Proiektuaren laburpen orokorra. Honako hauek zehaztu behar dira: diagnostikoa eta kontziliazio-plana egiteko proiektua osatzen duten faseak, fase bakoitzeko mugarriak, haietako bakoitzean egin nahi diren lan-saioen kopurua eta mota, eta egikaritzeko denborak. Proiektuaren bi osagaiak (diagnostikoa eta plana) nola uztartzen diren zehaztu behar da (5 puntu gehienez).

C.2.– Entitate kontratatzailearentzat proposatutako proiektu motaren azalpen arrazoitua. Lan-proposamena entitatearen ezaugarrietara (tamaina, sektorea, plantillaren profila, marra gorriak, zuzendaritzaren beharrak, lanpostu motak, ekoizpen-erritmoak, egungo erronkak, kontziliazioarekin lotutako zailtasunak, lan-giroa...) eta plantillara (profila, adinaren eta sexuaren arabera, esperientzia, lanpostu motak...) egokitzen delako justifikazioa (10 puntu gehienez).

C.3.– Proiektuaren dinamizazioa: talde eragilea. Proiektuaren motor izango den taldearen azalpena. Proiektuaren fase bakoitzean aurreikusitako osaera eta funtzioak. Zuzendaritzaren, ordezkaritza sindikalaren eta plantillaren presentzia barne hartzea baloratuko da, baita emakumeen eta gizonen presentzia orekatua ere (5 puntu gehienez).

C.4.– Proiektuan ariko diren eragileen eta horretarako erabiliko diren formulen azalpena, proiektuaren fase bakoitzean (2,5 puntu gehienez).

C.5.– Proiektua entitatearen politiketan integratzeko formulak (2,5 puntu gehienez).

D) Diagnostikoa (20 puntu gehienez).

D.1.– Diagnostikoarekin lortu beharreko helburuak (3 puntu gehienez).

D.2.– Diagnostikoan aztertuko diren esparruak/alderdiak. Agindu honen 4.4 oinarrian zehaztutako guztiak sartzea balioetsiko da (5 puntu gehienez).

D.3.– Entitatearen diagnostikoa egiteko behar den informazioa lortzeko eta egiaztatzeko aurreikusitako metodologia. Entitateari eskatuko zaion informazioa eta hori antolatzeko erabiliko diren tresnak (4 puntu gehienez).

D.4.– Parte hartzeko dinamikak sartzea diagnostikoan, plantillaren beharrei buruzko informazioa lortzeko (2 puntu gehienez).

D.5.– Plantillako kideek beren beharrak zein diren komunikatzeko parte har dezaten laguntzeko tresnak aplikatzea (4 puntu gehienez).

Kontziliazio-beharrei buruzko online galdetegi bat emango zaie langile guztiei (puntu 1).

Diagnostikoa egiten den bitartean, parte hartzeko gune irekiak eskainiko dira (puntu 1).

Plantilla osoari irekitako talde-dinamikak antolatuko dira, informazio kualitatiboa biltzeko. Horietan, emakumeen eta gizonen parte-hartzea bermatuko da – betiere biak plantillan badaude –, eta haien ordezkaritza orekatua sustatuko da (2 puntu). Talde-dinamikak lanpostu-mota desberdinetako ordezkarien kopuru jakin batera mugatzen badira, informazio kualitatiboa biltzeko, bi sexuen parte-hartzea bermatuz, atal honetan puntu 1 emango da.

D.6.– Diagnostikoaren emaitzak plantillari jakinarazteko moduaren azalpena (2 puntu gehienez).

E) Kontziliaziorako ekintza-plana egitea (20 puntu gehienez).

E.1.– Plana egiteko erabiliko den metodologia. Nola hautatu erronkak eta beharrak, nola ezarri helburuak, nola zehaztu eta lehenetsi haiek lortzeko ekintza-neurriak (5 puntu gehienez).

E.2.– Planean sartuko diren helburuak eta neurriak zehazteko, hautatzeko eta lehenesteko proposatutako irizpideak eta eragileak. Langileek helburuak eta neurriak hautatzean eta lehentasuna ematean duten parte-hartzea baloratuko da (5 puntu gehienez).

E.3.– Plana sindikatuen ordezkaritzarekin eta plantillarekin alderatzeko formulak eta uneak egotea (5 puntu gehienez).

Aukerak:

Talde eragilean bakarrik kontrastatzea: puntu 1.

Talde eragilearekin + plantillako ordezkaritza sindikalarekin kontrastatzea: 2 puntu.

Talde eragilearekin + ordezkaritza sindikalarekin + plantillarekin kontrastatzea (ekarpen zuzenak egiteko aukerarekin): 5 puntu.

E.4.– Planaren iraupena. Egutegi-proposamenaren justifikazioa (5 puntu gehienez).

F) Prestakuntza-planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko neurriak (15 puntu gehienez).

F.1.– Planeko neurriak ezarriko direla eta haien jarraipena egingo dela bermatuko duen kontrol-organo bat egon dadin planteatzea. Entitatearen kudeaketa-organoetan sartzea balioetsiko da (5 puntu gehienez).

F.2.– Planaren jarraipenerako formulak. Neurrien aplikazioaren jarraipena egiteko eta planeko helburuak ebaluatzeko eta berraztertzeko entitateari emango zaizkion tresnak. Sar litezkeen adierazle moten proposamena (5 puntu gehienez).

F.3.– Entitateko eragileei planaren berri emateko metodologia. Planaren berri barnean (plantilla) zein kanpoan (bezeroak, web-orria...) zabaltzea baloratuko da (5 puntu gehienez).

Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan eguneratze-proiektuetarako eskabideak baloratzeko, haietako bakoitzari dagokion puntuazioaren arabera:

A) Entitate eskatzaileak kontziliazioarekin duen harremana eta konpromisoa, eta proiektua hasteko arrazoia (5 puntu gehienez).

A.1.– Entitateak edo pertsona autonomo kontratatzaileak kontziliazioaren arloan izandako ibilbidearen laburpena, arlo horren gaineko interesa, esperientzia eta ibilbidea adierazten dituena (0,75 puntu gehienez).

A.2.– Eskatzaileak proiektua aurrera eramateko duen jarrera eta motibazioa. Proiektua abian jartzeko arrazoi zehatzak (0,75 puntu gehienez).

A.3.– Diagnostikoa eta plana egiteak eragin dezakeen barne- eta kanpo-inpaktuaren aurreikuspena, genero-inpaktuari arreta berezia eskainiz ikuspegi intersekzionaletik (2 puntu gehienez).

A.4.– Entitateak edo mikroenpresak proiektuarekiko konpromiso publikoa izatea. Eskatzaileak proiektua gauzatzeko asmoa daukala azaldu die plantillako langileei (1,5 puntu gehienez).

B) Kontziliazioari buruzko prestakuntza diagnostikoaren fasean. Diagnostikoa egiten duen bitartean, aholkularitza-entitateak prestakuntza espezifikoa emango du kontziliazio erantzukideari eta zuzendaritzarako eta plantillarako kontziliazio-neurriei buruz (5 puntu gehienez).

B.1.– Aurreikusitako prestakuntza-planaren azalpena (helburuak, datak, hartzaileak) (puntu 1 gehienez).

B.2.– Prestakuntza horretan zuzendaritzari eta langileei helaraziko zaizkien kontziliazio erantzukidearen arloko ideia nagusiak (puntu 1 gehienez).

B.3.– Entitateari edo mikroenpresari prestakuntza eskainiko zaion moduaren azalpen arrazoitua: formatua (presentziala/online), metodologia (elkarrizketak, world kafea, prestakuntza-tailerra, hitzaldia, bideoak), aurreikusitako saioen kopurua eta egingo diren prestakuntza-taldeen kopurua (puntu 1 gehienez).

B.4.– Kontziliazio erantzukideari buruzko prestakuntzako saio presentzialak sartzea entitateko gerentziarentzat eta giza baliabideen arduradunentzat, gutxienez 2 ordukoak (puntu 1 gehienez).

B.5.– Kontziliazio erantzukideari buruzko prestakuntza-saioak sartzea plantillarentzat, gutxienez 2 ordukoak (0,5 puntu gehienez).

B.6.– Kontziliazio erantzukideari eta kontziliazio-neurriei buruzko aurkezpen bat egitea (ppt, bideoa edo antzekoa), langile guztiei bidaltzeko (0,5 puntu gehienez).

C) Proposatutako lana entitate eskatzailearen ezaugarri eta beharretara egokitzea (12,5 puntu gehienez).

C.1.– Proiektuaren laburpen orokorra. Honako hauek zehaztu behar dira: diagnostikoa eta kontziliazio-plana egiteko proiektua osatzen duten faseak, fase bakoitzeko mugarriak, haietako bakoitzean egin nahi diren lan-saioen kopurua eta mota, eta egikaritzeko denborak. Proiektuaren bi osagaiak (diagnostikoa eta plana) nola uztartzen diren zehaztu behar da (2,5 puntu gehienez).

C.2.– Entitate kontratatzailearentzat proposatutako proiektu motaren azalpen arrazoitua. Lan-proposamena entitatearen ezaugarrietara (tamaina, sektorea, plantillaren profila, marra gorriak, zuzendaritzaren beharrak, lanpostu motak, ekoizpen-erritmoak, egungo erronkak, kontziliazioarekin lotutako zailtasunak, lan-giroa...) eta plantillara (profila, adinaren eta sexuaren arabera, esperientzia, lanpostu motak...) egokitzen delako justifikazioa (5 puntu gehienez).

C.3.– Proiektuaren dinamizazioa: talde eragilea. Proiektuaren motor izango den taldearen azalpena. Proiektuaren fase bakoitzean aurreikusitako osaera eta funtzioak. Zuzendaritzaren, ordezkaritza sindikalaren eta plantillaren presentzia barne hartzea baloratuko da, baita emakumeen eta gizonen presentzia orekatua ere (2,5 puntu gehienez).

C.4.– Proiektuan ariko diren eragileen eta horretarako erabiliko diren formulen azalpena, proiektuaren fase bakoitzean (1,25 puntu gehienez).

C.5.– Proiektua entitatearen politiketan integratzeko formulak (1,25 puntu gehienez).

D) Diagnostikoa (10 puntu gehienez).

D.1.– Diagnostikoarekin lortu beharreko helburuak (1,5 puntu gehienez).

D.2.– Diagnostikoan aztertuko diren esparruak/alderdiak. Agindu honen 4.4 oinarrian zehaztutako guztiak sartzea balioetsiko da (2,5 puntu gehienez).

D.3.– Entitatearen diagnostikoa egiteko behar den informazioa lortzeko eta egiaztatzeko aurreikusitako metodologia. Entitateari eskatuko zaion informazioa eta hori antolatzeko erabiliko diren tresnak (2 puntu gehienez).

D.4.– Parte hartzeko dinamikak sartzea diagnostikoan, plantillaren beharrei buruzko informazioa lortzeko (puntu 1 gehienez).

D.5.– Plantillako kideek beren beharrak zein diren komunikatzeko parte har dezaten laguntzeko tresnak aplikatzea (2 puntu gehienez).

Kontziliazio-beharrei buruzko online galdetegi bat emango zaie langile guztiei (0,5 puntu).

Diagnostikoa egiten den bitartean, parte hartzeko gune irekiak eskainiko dira (0,5 puntu).

Plantilla osoari irekitako talde-dinamikak antolatuko dira, informazio kualitatiboa biltzeko. Horietan, emakumeen eta gizonen parte-hartzea bermatuko da –betiere biak plantillan badaude–, eta haien ordezkaritza orekatua sustatuko da (puntu 1). Talde-dinamikak lanpostu-mota desberdinetako ordezkarien kopuru jakin batera mugatzen badira, informazio kualitatiboa biltzeko, bi sexuen parte-hartzea bermatuz, atal honetan 0,5 puntu emango dira.

D.6.– Diagnostikoaren emaitzak plantillari jakinarazteko moduaren azalpena (puntu 1 gehienez).

E) Kontziliaziorako ekintza-plana egitea (10 puntu gehienez).

E.1.– Plana egiteko erabiliko den metodologia. Nola hautatu erronkak eta beharrak, nola ezarri helburuak, nola zehaztu eta lehenetsi haiek lortzeko ekintza-neurriak (2,5 puntu gehienez).

E.2.– Planean sartuko diren helburuak eta neurriak zehazteko, hautatzeko eta lehenesteko proposatutako irizpideak eta eragileak. Langileek helburuak eta neurriak hautatzean eta lehentasuna ematean duten parte-hartzea baloratuko da (2,5 puntu gehienez).

E.3.– Plana sindikatuen ordezkaritzarekin eta plantillarekin alderatzeko formulak eta uneak egotea (2,5 puntu gehienez).

Aukerak:

Talde eragilean bakarrik kontrastatzea: 0,5 puntu.

Talde eragilearekin + plantillako ordezkaritza sindikalarekin kontrastatzea: puntu 1.

Talde eragilearekin + ordezkaritza sindikalarekin + plantillarekin kontrastatzea (ekarpen zuzenak egiteko aukerarekin): 2,5 puntu.

E.4.– Planaren iraupena. Egutegi-proposamenaren justifikazioa (2,5 puntu gehienez).

F) Prestakuntza-planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko neurriak (7,5 puntu gehienez).

F.1.– Planeko neurriak ezarriko direla eta haien jarraipena egingo dela bermatuko duen kontrol-organo bat egon dadin planteatzea. Entitatearen kudeaketa-organoetan sartzea balioetsiko da (2,5 puntu gehienez).

F.2.– Planaren jarraipenerako formulak. Neurrien aplikazioaren jarraipena egiteko eta planeko helburuak ebaluatzeko eta berraztertzeko entitateari emango zaizkion tresnak. Sar litezkeen adierazle moten proposamena (2,5 puntu gehienez).

F.3.– Entitateko eragileei planaren berri emateko metodologia. Planaren berri barnean (plantilla) zein kanpoan (bezeroak, web-orria...) zabaltzea baloratuko da (2,5 puntu gehienez).

Balorazioa errazteko eta aukera-berdintasuna eta objektibotasuna bermatzeko, Balorazio Batzordeak eskala bat erabiliko du proiektua gauzatzeko proposamen teknikoan aurkezten diren irizpideetako bakoitzari dagokion puntuazioa mailakatzeko. Eskalaren oinarria da puntuazio-tarte bakoitza 3 mailatan zatitzea. Hala: irizpidea aipatzea, bestelako azalpenik eman gabe, gehienez 0,5ekin puntuatuko da 0-2 urkiletan, eta 1 punturekin gainerakoetan; irizpidea azaltzea urkilaren tarteko puntuazioarekin puntuatuko da; eta irizpidea entitatearen ezaugarrietara eta beharretara nola egokitzen den arrazoituta, justifikatuta eta egokituta azaltzea urkilaren gehieneko puntuazioarekin puntuatuko da.

G) Aurreko deialdietan diruz lagundutako kontziliazio-plan bat gauzatu izana (10 puntu).

G.1.– Planaren inplementazioaren laburpena, esperientzia eta ibilbidea, planaren bidez gauzatu ahal izan diren neurri berriak zehaztuz eta, hala badagokio, planaren zer alderdi ezin izan diren gauzatu justifikatuz (3 puntu).

G.2.– Planaren neurrien jarraipena egitea, helburuak, adierazleak eta kontrol-organoak ebaluatzeko eta berrikusketarako formulak eta tresnak adieraztea (2 puntu).

G.3.– Egungo egoeraren diagnostikoa. Enpresaren egoeraren laburpena, kontziliazio-plana ezarri aurreko egoerarekin alderatuta (2 puntu).

G.4.– Planaren garapenean plantillak parte hartzea (Kontziliazio-planaren ezarpenaren ondorioz ezarri diren inkestak, partaidetza-espazioak eta komunikazio-estrategiak egitearen laburpena, baita arlo horretan emandako kontziliazio erantzukideko prestakuntza ere) (3 puntu).

H) Antzinatasunaren arabera, planak eguneratzeko beharraren justifikazioa (10 puntu).

H.1.– Duela urtebete baino gutxiagoko indarraldia duten planak. Plana egokitzea justifikatzen duten ezaugarriei eta beharrei dagokienez enpresan izan diren aldaketen azalpen zehatza. Plana eguneratzea proposatzen den erakundearen ezaugarrien arabera zehaztea (5 puntu).

H.2.– Duela hiru urte baino gutxiago indarraldia amaitu zaien planak. Plana egokitzea justifikatzen duten ezaugarriei eta beharrei dagokienez enpresan izan diren aldaketen azalpen zehatza. Plana eguneratzea proposatzen den erakundearen ezaugarrien arabera zehaztea (7 puntu).

H.3.– Duela hiru urte baino gehiago indarraldia amaitu zaien planak. Plana egokitzea justifikatzen duten ezaugarriei eta beharrei dagokienez enpresan izan diren aldaketen azalpen zehatza. Plana eguneratzea proposatzen den erakundearen ezaugarrien arabera zehaztea (10 puntu).

I) Erakundeak edo mikroenpresak kontziliazio erantzukidearen arloan hartutako konpromiso publikoaren justifikazioa (10 puntu).

I.1.– Enpresa kontziliazio erantzukidearen alde modu publikoan egiten duten sareen parte da, eta, horrela, kontziliazioaren onurak zabaltzen ditu, jardunbide egokiak partekatzeko, sinergiak sortzeko edo kontziliazioaren arloko lankidetza-proiektuak garatzeko aukera ematen duten lankidetza-proiektu publiko zein pribatuen bidez (2 puntu).

I.2.– Enpresa Kontzilia 30 proiektuaren parte izan zen, edo aktiboki parte hartzen du Kontzilia Komunitatean, eta bere kongresu eta jardunaldietara joaten da kontziliazio erantzukidea publikoki bultzatzen lagunduz (4 puntu).

I.3.– Enpresak aktiboki zabaltzen ditu kontziliazioaren onurak, enpresaren barruan zein kanpoan, eta, horrela, egindako ekintzen eta erakundeak kontziliazioarekin duen konpromisoaren kanpoalderako komunikazio-politika garatzen du, sentsibilizatzeko edo gizarte-kontzientzia sortzeko balio duena (4 puntu).

J) Kontziliazioaren integrazio-mailak enpresaren kudeaketan (elkarren artean metatu daitezkeen 20 puntu).

J.1.– Enpresak konpromisoa hartzen du kontziliazioaren kudeaketaren inguruko aitorpenen batera aurkezteko (3 puntu).

J.2.– Plana eguneratzean, aurreko urteetan definitutako eta abian jarritako ekintzak zehazten dira, eta aurreko planaren autoebaluazioan oinarritutako hobekuntza-ziklo bat garatzen da (2 puntu).

J.3.– Kontziliazio-plana eguneratzeak enpresa-estrategiarekin integratzea aurreikusten du, eskaintzen dituen produktu eta zerbitzu motak, erakundeko pertsonengan eta bezeroengan duen eragina eta enpresaren gizarte-konpromisoan duen eragina kontuan hartzen dira. Gainera, kontziliazio-neurriek prozesuak eguneratzeari eta berrikuntzari dagokienez izan ditzaketen hobekuntzak ulertzen ditu, eta lortutako emaitzak neurtzen laguntzen duten adierazleak ezartzen ditu (5 puntu).

J.4.– Eguneratze-planean, gutxienez 2 urtez garatu beharreko praktikak sartzen dira, kontziliazioaren kudeaketa enpresa-estrategiarekin erlazionatzen dutenak, erakundearen erabaki estrategikoek pertsonengan eta horien kontziliazioan duten eragina aurreikusiz. Planak erakundearen errealitatea, jarduera-sektorea eta plantillaren profila hartzen ditu kontuan neurri egokituak ezartzeko (5 puntu).

J.5.– Eguneratze-planak kontziliazioaren kudeaketa enpresa-estrategiarekin erlazionatzeaz gain, haren erabakiek eta ekintzek pertsonengan duten eragina aurreikusten du. Horrez gain, helburu argiak eta adierazleak ezartzen ditu, horien analisia eta emaitzen neurketa egutegian jartzen ditu, eta emaitzen barne-komunikaziorako neurriak ezartzen ditu (5 puntu).

Balorazioa errazteko eta aukera-berdintasuna eta objektibotasuna bermatzeko, Balorazio Batzordeak eskala bat erabiliko du proiektua gauzatzeko proposamen teknikoan aurkezten diren irizpideetako bakoitzari dagokion puntuazioa mailakatzeko. Eskalaren oinarria da puntuazio-tarte bakoitza 3 mailatan zatitzea. Hala: irizpidea aipatzea, bestelako azalpenik eman gabe, gehienez 0,5ekin puntuatuko da 0-2 urkiletan, eta 1 punturekin gainerakoetan; irizpidea azaltzea urkilaren tarteko puntuazioarekin puntuatuko da; eta irizpidea entitatearen ezaugarrietara eta beharretara nola egokitzen den arrazoituta, justifikatuta eta egokituta azaltzea urkilaren gehieneko puntuazioarekin puntuatuko da.

13. oinarria.– Balorazio Batzordea.

1.– Balorazio Batzordean gutxienez hiru pertsona eta gehienez lau ariko dira. Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzako langile publikoak izan beharko dute. Haietako bat batzordeko idazkari izendatuko dute; hitz egin ahal izango du, baina ezin izango du eman botorik.

2.– Balorazio Batzordean neurriak hartuko dira sexu bateko eta besteko pertsonen kopurua orekatua izan dadin. Gainera, Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, organoa osatu aurretik, Haur, Nerabe eta Familia zuzendariaren ebazpen baten bidez.

14. oinarria.– Ebazpena.

1.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak ebatziko du prozedura, behin Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzak emandako behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren.

2.– Ebazpenak, dirulaguntza nori emango zaion edo nortzuek jasoko duten azaltzeaz gain, adieraziko du zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta eskatzen dituzten gainontzeko baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskabideak berariaz ezetsi egin direla ere.

3.– Era berean, zerrenda bat ere sartuko da. Zerrenda horretan jasoko dira, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditu delako, entitate onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabideak, eta adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion eskabide bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.

4.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa), eta jakinarazpen-ondorioak izango ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera. Lege horren 40. artikuluan eskatutako alderdiak jaso beharko ditu argitalpenak.

5.– Eskatzaileek abisua jasoko dute eskabidean adierazitako gailu elektronikoan edo helbide elektronikoan, jakinarazteko ebazpena egoitza elektronikoan argitaratu dela. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

Halaber, onuradunen zerrenda argitaratuko da EHAAn, guztiek haren berri izan dezaten.

6.– Deialdia ebazten duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

7.– Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskatzaileek dirulaguntzaren eskabidea ezetsitzat jo ahal izango dute.

15. oinarria.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik aldi berean laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, edo, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira.

Ondorio horietarako, aldaketa garrantzitsutzat hartuko dira, besteak beste, eragindako pertsonen kopuruan izandako aldaketak, dirulaguntza kalkulatzeko aplikatu beharreko zenbatekoaren tartea aldatzea dakartenean, bai eta diruz lagundutako proiektuak eragindako zentroen kopuruan izandako aldaketak ere.

16. oinarria.– Laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

1.– Dirulaguntza zatika ordainduko da. Lehenengo zatia, zenbatekoaren % 50, dirulaguntza ematen den unean ordainduko da, eta gainontzeko % 50 jarduketa guztiak egin eta eragindako gastu guztiak justifikatu ondoren (muga-eguna: 2027ko ekainaren 30a), hurrengo oinarrian zehazten den moduan.

Bigarren ordainketa 2027ko otsailaren 15etik aurrera egingo da, diruz lagundutako jarduera guztiak justifikatu ondoren.

2.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren ondorioetarako, onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diagnostiko osoa, dirulaguntza emateko aurkeztutako proposamen teknikoaren arabera egina.

b) Entitatearen kontziliaziorako ekintza-plana, dirulaguntza emateko aurkeztutako proposamen teknikoaren arabera egina.

c) Jasotako funts publikoak nola erabili diren azaltzen duen justifikazio-memoria. Memorian, lan-prozesua eskabideko proiektu teknikoaren eta lortutako helburuen arabera azaldu behar da. Horri dagokionez, egindako eta laguntza emateko baloratu ziren jarduketak zehaztu beharko dira.

Gainera, zehaztu behar da zer diru-sarrera erabili diren proiekturako eta zein izan diren horretarako finantzabideak (agindu honetako dirulaguntza barne), bai eta dirulaguntza jaso duen jarduketaren amaierako gastua ere.

Dirulaguntza eman zaien jarduketen kostua ordaintzeko funts guztien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa frogatu behar dira.

d) Aholkularitzak emandako zerbitzuen kostua frogatzen duen faktura, behar bezala banakatuta.

e) Faktura ordaindu izanaren egiaztagiria.

Merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak diren edo administrazio-eraginkortasuna duten fakturak edo antzeko froga-balioa duten agiriak dirulaguntza jaso duten jarduketen inguruan egindako gastua edo erabilitako funtsak zuzen egin edo erabili direla frogatzeko behar bezain xehatuak izan behar dira.

Beraz, bankuko egiaztagiriaren frogagirian egiaztagiri horren bidez ordaindutako fakturaren kontzeptua eta zenbakia aipatu behar dira.

Era berean, gastuak faktura elektronikoen bidez ere frogatu ahal izango dira, zerga-arloan onartzeko eskatzen diren baldintzak betez gero.

3.– Ordainketa egiteko, Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzak edozein momentutan eskatu ahal izango du jatorrizko agiriak aurkezteko, egiazkoak diren egiaztatzeko.

4.– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartutakoaren aldean, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez justifikatutako zenbatekoa hasieran aurreikusitako kostua baino txikiagoa bada, dagokion likidazioa egingo da, eta dirulaguntza benetan justifikatutako kostu errealera egokituko da.

17. oinarria.– Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

1.– Onuradunek dirulaguntzak onartzen badituzte, dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudian oro har ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta agindu honetatik ondorioztatzen diren betebehar guztiak ere.

Zehazki, honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

b) Dirulaguntza erabiltzea eman den helburu zehatzerako, eta diruz lagundutako jarduera edo jarduerak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak edo Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzak egiaztatzeko aukera ematea.

c) Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetzari frogatzea betekizunak eta baldintzak bete direla, proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko edo baliatzeko kontuan hartutako helburua bete dela.

d) Ekintza-planean aurreikusitako neurriak ezartzearen ondoriozko emaitzei buruzko eragin-memoria bat ematea –generoari arreta berezia jarrita–. Memoria hori neurriak ezartzen direnetik 18 hilabete igaro ondoren aurkeztuko da, epe hori amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean.

e) Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetzak egiten dituen egiaztatzeak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrolak ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratutako dirulaguntzei eta bestelako laguntzei dagokienez. Era berean, onartu beharko ditu Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak xedatzen dituen guztiak.

f) Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetzari jakinaraztea beste administrazio edo entitate publiko batzuei edo entitate pribatuei xede bererako aurkeztutako laguntza-eskaera guztiak eta haiek emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide guztiak.

g) Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren zein subjektiboren aldaketa.

f) eta g) letretan aipatzen diren inguruabarren berri izan bezain laster eman beharko da haien berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

h) Honako hauek izatea: kontabilitate-liburuak, izapideak eginda dituzten erregistroak eta behar bezala ikuskatutako gainerako dokumentuak, kasu bakoitzari aplikatzen zaion merkataritza- eta sektore-legediak eskatutako baldintzekin; bai eta egiaztapenerako eta kontrolerako ahalmena era egokian erabiltzen dela ziurtatzeko deialdi-agindu honek eskatu adina kontabilitateko egoera-orri eta erregistro zehatz ere.

i) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, zeren eta egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

j) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. Artikuluan jasotako hedatze-neurriak hartzea. Ildo horretan, gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, modu argian jaso beharko da Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz. Dekretu horrek Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen du.

k) Agindu honetan edo dirulaguntzen arloko araudian arautzen diren kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

l) Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon beharko du. Entitatea ez badago erregistratuta, edo baldin badago baina erregistro horretan bere buruari buruz eskuragarri dauden bankuko datuak aldatu nahi baditu, dagozkion kudeaketak egin beharko ditu, hemendik: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

m) Diruz lagundutako jardueran egin nahi diren aldaketa guztiak idatziz jakinaraztea. Horretarako, nahitaez beharko da Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetzaren berariazko onarpena.

n) Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzari igortzea agindu honen 16.2 oinarrian ezartzen diren frogagiriak, eta haien jarraipenean eta ondoko ebaluazioan laguntzea.

o) Aipatutako itzulketa-prozedura edo zehapen-prozeduretako bat hasiko balitz, Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzari jakinaraztea.

p) Hizkuntzaren eta irudien erabilera intersekzionala errespetatzea, eta, bereziki, sexuaren eta generoaren alderdia, diruz lagundutako jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentazio eta material guztietan.

q) Planean ezarritako neurrietakoren bat abian jartzea plana egiten denetik urtebete igaro baino lehen.

r) Entitateko pertsona bat prozesuaren dinamizazioaren arduradun izendatzea, agindu honen eskabide-orrian zehazten den bezala.

s) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 51. artikuluan ezarritako baldintzetan.

t) Eta, oro har, beste edozein, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Onuradunek, entitate laguntzaileek eta dirulaguntzaren xedearekin edo justifikazioarekin lotura zuzena duten hirugarrenek Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontroleko funtzioak betetzeko eskatzen zaien dokumentazio guztia eman beharko dute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

18. oinarria.– Ez-betetzeak, erantzukizunak eta dirua itzultzea.

1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntza emateko baldintzak, edo ez badu betetzen agindu honetan eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudian adierazitako betebeharren bat, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako kasuren bat gertatzen bada, jasotako zenbatekoa itzuli beharko du, osorik edo zati batean.

2.– Itzuli beharreko zenbatekoa, hala badagokio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. eta 37. artikuluetan adierazitako irizpideak kontuan hartuta ezarriko da.

3.– Ez-betetzea mailakatzeko, eta proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau adierazten da:

a) Emandako laguntzaren zenbateko osoa itzultzera behartuko dute honako hauek:

a.1.– Ez justifikatzea edo nahikoa ez justifikatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legean eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera.

Hala, proiektua benetan gauzatu dela frogatzen duen dokumentazioa ez aurkeztea (diagnostikoa, kontziliazio-plana, justifikazio-memoria, entitate-aholkulariaren faktura eta entitate eskatzaileak faktura ordaindu izana frogatzen duen egiaztagiria) erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta emandako laguntzaren % 100 itzuli beharko da.

Era berean, justifikazio-agiri guztiak aurkezten badira, eta horiek aztertu ostean ikusten bada plana edo diagnostikoa ez datorrela bat laguntza ematea eragin duen proposamen teknikoa betetzearekin, emandako laguntzaren % 100 itzuli beharko da.

a.2.– Dirulaguntza eskuratzea agindu honen 3. oinarrian eskatutako baldintzak bete gabe edo faltsututa.

a.3.– 17. oinarrian adierazitako betebeharrak ez betetzea, 1.i) apartatuan adierazitakoa izan ezik.

b) Emandako laguntzaren % 25ari dagokion zatia itzuli beharko da:

b.1.– Proiektua benetan gauzatu dela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren (diagnostikoa, kontziliazio-plana, justifikazio-memoria, entitate-aholkulariaren faktura eta entitate eskatzaileak faktura ordaindu izana frogatzen duen egiaztagiria), uste bada betetze-maila ez dela erabatekoa, baina proposamen teknikora nabarmen hurbiltzen denean, eta bere konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa bat egiaztatzen denean.

b.2.– Ez betetzea 17.1 oinarriaren j) atalean xedatutakoa.

4.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egingo da itzulketa-prozesua.

19. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira EAEko Administrazio Orokorrak eta Euskal Sektore Publikoko gainerako erakundeek xede eta helburu berarekin emandako beste laguntza batzuekin, betiere hurrengo atalean ezarritako mugen barruan.

2.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateratu daitezke beste administrazio eta entitate publiko batzuek eta entitate pribatuek xede bererako emandako beste dirulaguntza batzuekin, baldin eta dirulaguntza guztien baturaren guztirako zenbatekoa ez bada dirulaguntza honen xede den jarduketaren guztirako kostua baino gehiago.

3.– Beste laguntzarik jasoz gero, baldin eta guztien batura dirulaguntza honen xede den jarduketaren guztirako kostua baino gehiago bada, soberakina bateraezintzat joko da eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak emango duen laguntzaren zenbatekotik kenduko da, 15. oinarrian ezarritakoaren arabera.

20. oinarria.– Datu pertsonalen tratamendua.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio gehiago:

https://www.euskadi.eus/rgpd/1209005

https://www.euskadi.eus/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1512

21. oinarria.– Estatu-laguntzak.

Europako araudiaren arabera, agindu honetan jasota dauden dirulaguntzak ez dira estatu-laguntzak. Beraz, Europar Batasunaren aurrean ez da egin behar inolako izapiderik eta ez zaio ezer jakinarazi behar.


Azterketa dokumentala