Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2026ko ekainaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2922

AGINDUA, 2026ko ekainaren 16koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena eta laguntza horien 2026. urterako deialdia egiten duena.

Nekazaritza-sektoreko belaunaldien arteko erreleboa lehentasunezko arazoa da Europan, estatuetan eta eskualdeetan. Europako Batzordeak erronka horretan sakontzeko eskatu die estatu kideei, kontuan izanda nekazaritzako elikagaien sektorearen jasangarritasunean, landa-garapenean eta lurralde-orekan duen eragin kritikoa. 2020ko Nekazaritza Erroldaren arabera, 65 urte baino gehiago dituzte EAEko nekazaritzako ustiategien titularren % 30,6k, eta % 10ek soilik dituzte 40 urte baino gutxiago. Bestalde, errolda bereko datuen arabera, ustiategien % 26an soilik da titulartasuna emakume batena.

Hori dela eta, EAEk estrategia integral propio bat diseinatu du –Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek landu dute elkarrekin–, gure berezitasunak jorratzen dituena eta gazteak nekazaritza-sektorean sartzeari eragiten dioten eremu guztietan jarduten duena. Estrategia hori Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordeak onartu zuen, eta sektoreari eta hedabideei aurkeztu zitzaien 2025eko apirilaren 4an.

Hona hemen zerk justifikatzen duen EAEko estrategia hori:

1.– Sektorea zahartuta dago: 65 urtetik gorako titularren ehunekoa handia izateak eta gazteen presentzia urriak ekintza zehatzak eta egokituak eskatzen dituzte.

2.– Nekazaritza abandonatzeko arriskua: erreleborik ezak arriskuan jartzen du ustiategi askoren jarraitutasuna.

3.– Lerrokatze estrategikorako aukera: hiru lurralde historikoetako ikaskuntzak integratzea.

4.– Nekazaritza-sektoreak landa-iraunkortasunean duen zeregina: ekoizteaz gain, nekazaritza-sektoreak ingurumenari, paisaiari, kulturari eta lurralde-kohesioari eusten laguntzen du.

Estrategia hori garatzea, gainera, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren funtsezko erronketako bat da; izan ere, jasota dago Eusko Jaurlaritzaren 2024-2028 Gobernu Programaren 94. konpromisoan (1. ekimena). Era berean, erronka hori garrantzitsuenen artean dago hiru foru-aldundien ekintza politikoan, hura kudeatzeaz arduratzen diren sailen barruan.

Estrategia 2025-2028 aldian (legealdiaren iraupena) garatzeko eratu da, eta 25 milioi eurotik gorako aurrekontu-zuzkidura du lau urteetarako, baina abian jartzen diren jarduketak eta haien finantzaketa 10 urtean jarraitzeko asmoarekin sortu dira.

Esku hartzeko funtsezko zortzi arloren eta horietatik eratorritako 22 jarduketaren inguruan antolatuta dago estrategia:

1.– Arau-esparrua: indarrean dagoen araudia berrikustea eta egokitzea.

2.– Euskal nekazaritza-sektorearen balorizazioa: sektorearen gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-aintzatespena handitzea.

3.– Gazteak sektorera hurbiltzea: haien interesa sustatzea eta hurbilketa aktiboa egitea.

4.– Erreleboa behar duten nekazaritzako ustiategietarako sarbidea: erreleborik ez duten ustiategi bideragarrien trantsizioa erraztea.

5.– Gazteak instalatzeko prozesua: nekazari berrientzako hasierako faseak sinplifikatzea eta egituratzea.

6.– Instalatutako gazteek finantzaketa eskuragarri izatea: instalatzen diren gazteentzako finantza-baliabide egokiak bermatzea.

7.– Prestakuntza eta aholkularitza: gaitasun teknikoak eta enpresa-gaitasunak hobetzea.

8.– Bizi-kalitatea: landa-inguruneko pertsonen ongizatea eta jasangarritasuna sustatzea.

Oinarrietan aurreikusitako laguntzak estrategiaren 3. eta 5. arloetan sartzen dira, eta laguntzok estrategia horretan aurreikusitako jarduketa nabarmenetako bat dira nekazaritzako ustiategien titularren zahartzearen egiturazko arazoari aurre egiteko. Horretarako, urtean 1,5 milioi euroko zuzkidura bideratzea aurreikusten da 2026an, 2027an eta 2028an, eta hurrengo aurrekontuetan kontsignatu beharko dira.

Aginduaren xedea da belaunaldien arteko erreleboa sustatzea ustiategi bideragarrietako titularrek ondorengorik ez duten kasuetan. Horretarako, bi laguntza-lerro ezarri dira:

1. lerroa, ustiategiak nekazaritzako test-gune iragankor gisa antolatzen dituzten ustiategien titularrentzat; nekazaritzako test-gune iragankortzat hartzen direnetan, ustiategi baten titularrak, lan-kontratu bidez, ustiategia eskuratzeko konpromisoa duen pertsona batekin edo batzuekin partekatzen du ustiategiaren kudeaketa.

Laguntza-lerro honen helburua da sektorean sartu nahi duen pertsona ustiategiaren kudeaketara moldatzea gehienez ere bi urtez, esperientzia eta ezagutza eskuratu ditzan behin betiko titulartasuna lortu aurretik.

2. lerroa ustiategien titularrentzat da, ustiategiok nekazaritza-sektorean instalatzen diren pertsonei (48 urte arte) lagatzea sustatzeko.

Laguntza-lerro honen helburua da pizgarri bat ematea ustiategian erreleborik ez duten titularrei, ustiategi hori nekazaritza-sektorean instalatu nahi duen pertsona bati lagatzeko. Pizgarri hori eskualdaketaren truke jasoko duen erosketa- edo errentamendu-balioaren (gutxienez 15 urteko errentamendua) gehigarri gisa hartzen da, eta gure baserritarren lurren lagapenarekiko errezeloak ezabatzea du helburu, eta, beraz, gure erkidegoan lurzoru produktiboa abandonatzea saihestea.

Alabaina, gure ustiategietan familia-erreleboa denez ohikoena, bigarren lerro horrek konpentsazio bat ere aurreikusten du familia-erreleboa sustatzeko, eta, horrela, gure nekazaritza gaztetzea errazteko.

Bi laguntza-lerroak Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren babesean ematen dira –erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz–, eta, beraz, dirulaguntzok indarrean jarri eta ezarritako hogei egun balioduneko epean jakinaraziko zaizkie Europako Batzordearen zerbitzuei.

Deialdiak aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean.

Halaber, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan adierazitakoarekin, deialdi hau sartuta dago Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026ko, 2027ko eta 2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2026ko martxoaren 4ko Aginduan. Aipatutako plan estrategiko hori Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren webgunean dago argitaratuta: (https://www.euskadi.eus/elikadura-landa-garapen-nekazaritza-eta-arrantza-sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2026-2028/web01-s2elika/eu/).

Horrenbestez, Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.1 artikuluan emandako eskumena baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Oinarri arautzaileak eta deialdia.

Agindu honek I. eranskinean agertzen diren belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta laguntza horien 2026. urterako deialdia onartzen ditu.

Azken xedapenetako lehenengoa.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.

Azken xedapenetako bigarrena.– Ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 16a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.– Oinarri hauen xedea da belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko laguntzen arau erregulatzaileak onartzea 2026ko ekitaldirako.

2.– Laguntza hauek itzuli behar ez diren dirulaguntzatzat hartu behar dira, eta, laguntzok emateko, Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

2. oinarria.– Definizioak.

1.– Nekazaritzako test-gune iragankorra: nekazaritza-arloko ekimen mota bat da, eta, bertan, ustiategi baten titularrak ustiategiaren kudeaketa partekatzen du ustiategia eskuratzeko konpromisoa duen pertsona batekin edo batzuekin, lan-kontratu bidez edo beste modu batzuetan.

2.– Lagatzailea: nekazaritzako ustiategi baten titularra den pertsona fisikoa edo juridikoa, ustiategia eskualdatu nahi duena edo ustiategiaren erabilera errentamendu bidez laga nahi duena.

3.– Testatzailea: ustiategiaren titularrarekin sinatutako lankidetza-proiektu baten bidez nekazaritzako test-gune iragankorrean sartzen den pertsona.

4.– Lagapen-hartzailea: nekazaritza-sektoreko eskualdatutako ustiategian lanean hasiko den pertsona fisiko edo juridikoa.

5.– Ekoizpen estandar osoa (PET): ustiategi batek sortzen dituen urteko diru-sarrera gordin teorikoak, ekoizpen-unitateen eta azken 5 urteetan haiengatik jasotako batez besteko prezioaren arabera.

6.– Lankidetza-proiektua: lagatzaileak eta testatzaileak edo lagapen-hartzaileak sinatutako dokumentua, nekazaritzako ustiategi edo ekoizpen-sektore baten ezagutzaren, jabetzaren, zuzendaritzaren eta kulturaren eskualdatze ordenatua errazteko belaunaldi zahar batetik gazteago batera.

3. oinarria.– Laguntza-lerroak.

1.1 oinarriko xedea garatzeko, laguntza-lerro hauek ezarriko dira:

a) 1. lerroa, nekazaritzako test-gune iragankorrak: ustiategien titularrentzako laguntzak, baldin sektorean sartu nahi duten testatzaileei ustiategiak nekazaritzako test-gune gisa aldi baterako antolatzen badizkiete.

b) 2. lerroa, belaunaldien arteko erreleboa sustatzea: nekazaritzako ustiategietako titularrentzako laguntzak, baldin eta ustiategia nekazaritza-sektorean instalatzeko interesa duten pertsonei lagatzen badiete, oinarri hauetan ezarritako hautagarritasun-betekizunen arabera.

4. oinarria.– Finantzaketa.

1.– 2026an, 1.500.000 euro erabiliko dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira.

2.– Lehen lerrora 500.000 euro bideratuko dira, eta bigarren lerrora, gainerako 1.000.000 euroak. Behar izanez gero, soberako funtsak lerro batetik bestera aldatu ahal izango dira, baldin eta gehikuntzaren ondorengo saldoarekin nahikoa kreditu badago beste lerroko soberako saldoa jaso duen lerroko eskaerari erantzuteko.

3.– Deialdi honen barruan emango diren laguntzek ezingo dute gainditu aipatutako aurrekontu-zuzkidura. Horrenbestez, zenbateko oso hori agortu ondoren ez dira laguntza gehiago emango. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta emango da inguruabar horren berri, dirulaguntza berriak ematea eteteko edo ukatzeko emandako Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

5. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.

Bi laguntza-lerroen onuradun izan ahalko dira nekazaritzako ustiategiak lagatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoak, baldin betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Adina eta egoera:

Erretiro-adina izatea edo eragiketaren amaieran adin horretara iristea. Pertsona juridikoa bada, bazkide guztiek bete behar dute betekizun hori. Eragiketaren amaieratzat hartuko da lankidetza-proiektua amaitzen den unea (1. lerroa) edo eskualdatzearen unea (2. lerroa).

b) Erregistro- eta jarduera-betekizunak:

1.– Ustiategiak EAEko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea, eta ETE bat izatea Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

2.– Eskaera egin aurreko ondoz ondoko azken 7 urteetan gutxienez nekazaritzan aritu izana. Eskatzailea, eskaera egiten duen egunean, erretiroa hartuta badago edo ezintasun iraunkorra edo absolutua badu, izaera hori lortu zuen unea hartuko da erreferentziatzat zazpi urteko epea zenbatzeko, aldi hori, nolanahi ere, eskaera-data baino lehenagokoa izan dadin.

3.– Bigarren lerroan, lagapenaren ondorengo bost urteetan nekazaritza-jarduerarekin lotutako laguntzarik ez eskatzeko konpromisoa, bai eta EAEko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan alta berriz ez emateko konpromisoa ere, salbu eta autokontsumorako erreserba txiki bat badu.

c) Ustiategien betekizunak:

1.– Lagatzen den ustiategiaren jabetza-balioak 25.000 eurokoa izan behar du, gutxienez, ekoizpen estandar osoan (PET).

2.– Ustiategi asoziatiboen kasuan, titular eskatzailearen partaidetzaren ehunekoa laga ahal izango da.

6. oinarria.– Testatzaileak 1. lerroan bete beharreko betekizunak eta lagapen-hartzaileak 2. lerroan bete beharrekoak.

1. lerroko testatzaileak eta 2. lerroko lagapen-hartzaileak betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Adina eta lotura pertsonala:

1.– Pertsona fisikoa bada, 18 urtetik (lankidetza-proiektua sinatzen den egunean edo lagapenaren unean) 48 urtera (proiektua sinatzen den egunean edo lagapenaren unean) bitartean izatea, biak barne.

2.– Pertsona juridikoa bada, bazkide guztiek bete behar dute aurreko apartatuan ezarritako adinarekin lotutako betekizuna.

3.– Lehen lerroan –nekazaritzako test-gune iragankorrak–, ezin izango da lehen mailako odol- edo ezkontza-ahaidetasunik izan ustiategiaren titularrarekin.

4.– Inola ere ez da izango lagatzailearen ezkontidea, ez eta izatezko bikotekidea ere.

b) Betekizun profesionalak:

1.– Baldin 18 urtetik 40 urtera bitartean baditu, biak barne, Gaztenek prozeduran onartuta egotea, edo prozesu horretan izena ematea eta enpresa-plan bat izatea, agindu hau argitaratzen den egunean enpresa-plana amaitu ez duten pertsonak barne. Dena dela, Gaztenek prozeduratik igaro ez bada, eskabidearekin batera enpresa-plan bat aurkeztu beharko du, IV. eranskinean adierazitako edukiarekin.

2.– Baldin 41 urtetik 48 urtera bitartean baditu, biak barne, enpresa-plan bat aurkeztu beharko du, IV. eranskinean adierazitako edukiarekin, eta ez da nekazari aktiboa izango abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren edo ordezko arauaren arabera, eta figura hori lortu beharko du 9. oinarrian aipatzen den lankidetza-proiektua sinatzen denetik urte eta erdiko gehieneko epean.

3.– Pertsona juridikoa bada, bazkideen % 50ek gutxienez bete behar dute betekizun hori.

7. oinarria.– Onuradun izateko debekuak.

1.– Ezin izango dira laguntzen onuradun izan nekazaritzako ustiategiak lagatzen dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, baldin deialdi honen aurreko bost urteetan animalien trazabilitatearen, ongizatearen, higienearen eta osasunaren arloko arau-hausteengatik zehapena jaso badute.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren arabera, ezingo dira onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonak:

a) Epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.

d) Pertsona fisikoak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak agintzen duen eran (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko agindua).

f) Dirulaguntzak organo emaileari itzuli behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen (20/2023 Legea) edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.

i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisikoak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

k) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu dutenak, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

l) Krisialdian dauden enpresatzat hartu daitezkeenak, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroen arabera (2014/C 249/01).

m) Estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

3.– Lehen apartatuan jasotako debekua automatikoki egiaztatuko dute Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek.

4.– Bigarren apartatuaren e) eta f) letretan jasotako debekuak Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarriko dira. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.

5.– Oinarri honen 2. apartatuaren c) letran jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren irismena zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

6.– Eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena egin baino lehen, egiaztatu beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Dagokion laguntzaren edo dirulaguntzaren ordainketa egiaztatzen den arte, gutxienez, bete beharko dituzte betebehar horiek. Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztuko dira, zerga-organo edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko organo eskudunek emanak, hurrenez hurren. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek ofizioz eskatuko dituzte ziurtagiri horiek. Interesdunak horren aurka egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

7.– Bigarren apartatuan adierazitako onuradun izateko debekuen eraginpean ez daudela justifikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan, eskabide-ereduetan agertzen den ereduaren arabera.

8.– Laguntza-eskabidea aurkezten denetik emango den dirulaguntza likidatzen den arte bete beharko dira betekizun horiek.

8. oinarria.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da laguntza-eskabideak aurkezteko epea, eta 2026ko irailaren 30ean bukatuko da.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraikiz, pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak; aurkezpenaren ondorengo izapideak ere bitarteko horien bidez egin beharko dira. Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15.1.a) artikuluan jasotako pertsonek ere elektronikoki aurkeztuko dituzte haien eskabideak eta egingo dituzte ondorengo izapideak. Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkeztu ditzakete eskabideak:

– Aurrez aurre: eskabideak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuaren arabera. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian aurkeztu beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Zuzenean zerbitzuaren bidez ere aurkeztu ahal izango dira.

– Bide elektronikoa: eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan. Laguntza-lerro bakoitzaren oinarri espezifikoetan, inprimaki elektronikoetarako esteka ematen da:

• 1. lerroa: Nekazaritzako test-gune iragankorrak:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/_1270301

• 2. lerroa: Belaunaldien arteko erreleboa sustatzea:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/_1270302

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egiteko (baita gastua justifikatzeko izapidea ere), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, eta haien esteka laguntza-lerro bakoitzaren oinarri espezifikoetan ematen da.

5.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza jada egiaztatutzat joko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago. Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, ordezkaritza egiaztatzeko, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua bete behar da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutan egiaztatu beharko da.

6.– Eskabide-ereduak II. eta III. eranskin gisa agertzen dira, eta bertan jasotzen da betekizun guztiak betetzen direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, 7. oinarriko 7. apartatuan xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, eranskin horietan adierazitako dokumentazioa eman behar da. Lankidetza-proiektuari dagokionez, hurrengo oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

9. oinarria.– Lankidetza-proiektuak.

1.– Lankidetza-proiektuak geroxeago adierazten den edukia izan beharko du. Hazi Fundazioak, 11. oinarrian ezarritakoaren arabera izendatutako entitate laguntzailea den aldetik, proiektuaren edukia ebaluatuko du, laguntzen betekizunak eta helburuak betetzen dituela ziurtatzeko.

2.– Lankidetza-proiektuak argia eta zehatza izan beharko du, eta aldeek sinatu beharko dute. Alderdi hauek bilduko ditu:

a) Ustiategiaren hasierako egoera:

i) Nekazaritzako ustiategiaren deskribapen xehea, lagapena egiten den unekoa.

ii) Lagatako ustiategiaren titularraren jabetza osatzen duten elementuen (lursailak, azpiegiturak, azienda, makineria, etab.) eta ustiategiari lotutako eskubideen zerrenda. Bai ustiategia osatzen duten elementuen deskribapena bai eskualdatutakoena ekoizpen estandar osoaren (PET) arabera baloratu beharko dira.

iii) Dirulaguntzen arloan nekazaritza-arloko EAEko administrazioekin hartutako konpromisoen zerrenda.

b) Lagatzailearen konpromisoak:

i) 1. lerroan, nekazaritzako test-gune iragankorretan:

a) Baterako lan-baldintzei dagokienez: argi eta garbi ezarriko dira ustiategiaren baterako erabileraren eta kudeaketaren baldintzak eta iraupena. Kudeaketa horrek barne hartuko du testatzaileari aholkularitza ematea kudeaketatik eratorritako praktiketan.

b) Testatzailearen ordainsariari dagokionez: ustiategiaren titularrak testatzaileari ustiategia eskuratu arte bertan dagoen bitartean ordainduko dion ordainsaria ezarriko da, 16.2 oinarrian xedatutakoaren arabera.

ii) 2. lerroan, erreleboa sustatzekoan:

a) Nekazaritza-jarduera uzteari dagokionez: berariaz ezarriko da titular aktibo gisa baja eman behar dela EAEko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan. Autokontsumorako azalera edo azienda txiki bat izanez gero, beste alta bat eskatu beharko du erregistro horretan.

b) Lagatzen diren jabetzako elementuei dagokienez: argi eta garbi zehaztuko da ustiategiko zer elementu (lurrak, makineria, biltegiak edo beste azpiegitura batzuk, etab.) lagatzen diren. Ekoizpen estandar osoaren (PET) arabera baloratu beharko dira.

c) Eskubideak eskualdatzeari dagokionez: ustiategiari lotutako eskubideak eskualdatuko dira.

d) Ezagutza transmititzea: ustiategia kudeatzean eskuratutako esperientzia eta praktikak transferitzen laguntzea.

c) Testatzailearen edo lagapen-hartzailearen konpromisoak:

i) Bi lerroetan:

a) Enpresa-planari dagokionez: lankidetza-proiektuak enpresa-plan bat aurkezteko konpromisoa barne hartuko du; plan horrek ustiategirako epe labur eta ertaineko helburuak eta xedeak jasoko ditu, bai eta ustiategiaren jasangarritasuna eta bideragarritasuna hobetzeko inbertsio- edo jarduera-plana aurkezteko konpromisoa ere.

b) Aholkularitzari dagokionez: lagatzailearen eta kanpoko aholkularien prestakuntza eta aholkularitza jasotzeko berariazko konpromisoa jasoko du proiektuak.

ii) 1. lerroan –nekazaritzako test-gune iragankorrak–, testatzaileak lagatzen den ustiategia eskuratzeko konpromisoa hartuko du, lankidetza-proiektua bere gain hartzen duenetik 2 urte igaro baino lehen. Hala ere, testatzaileak konpromiso horri uko egin ahal izango dio lankidetza-proiektua sinatu eta gehienez ere sei hilabetera, inolako zigorrik gabe. Era berean, justifikatutako arrazoiak daudenean, konpromisoa hautsi ahal izango da bi urteko epean, inolako zigorrik gabe.

iii) 2. lerroan, erreleboa sustatzekoan, betebehar hauek izango ditu lagapen-hartzaileak:

a) Ustiategiaren zuzeneko kudeaketa bere gain hartzea, titulartasuna edo titularkidetasuna –ustiategi asoziatiboaren kasuan– onartuz, eta jarduera modu eraginkor eta jarraituan garatzea.

b) Lagatako unitatea gutxienez 5 urtez ustiatzea eta ustiategia bere izenean inskribatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, ustiategi asoziatibo batean sartzen denean izan ezik.

d) Eskualdatutako elementuak:

i) Lurralde-oinarria: lagatzen diren ustiategiko lurzatien zerrenda.

ii) Ondasun higigarriak eta higiezinak: transferitutako instalazioen, makinen eta abereen xehetasuna.

iii) Ustiategiari lotuta lagatzen diren eskubideak: NPBko laguntzen eskubideak, ureztapena erabiltzeko eskubideak edo ustiategiari lotutako beste batzuk.

e) Transferentzia-modalitatea:

– Salerosketa-kontratua edo gutxienez 15 urteko iraupeneko errentamendu-kontratua, eskualdatuko diren elementu guztiak berariaz zehazten dituena.

f) Lagatzailearen autokontsumorako erreserba, hala badagokio:

– Lagatzaileak azalera edo azienda txiki bat autokontsumorako mantentzea erabakitzen badu (gehienez 7.500 m2 edo 0.2 NLU), argi adierazi behar da lankidetza-proiektuan.

g) Epeak eta betetzeko baldintzak:

i) Lagapena gauzatzeko kronograma xehatua.

ii) Bi aldeen epe laburreko eta luzeko betebeharrak.

h) Gatazkak konpontzea:

– Klausulak ezarriko dira lagatzailearen eta lagapen-hartzailearen artean egon daitezkeen desadostasunak konpontzeko.

Oinarri honen 2. puntuko D, E, F eta G letrak erreleboa sustatzeko 2. lerroari dagozkion lankidetza-proiektuetan baino ez dira eskatuko.

10. oinarria.– Organo kudeatzailea eta adjudikazio-prozedura.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari dagokio prozedura hau kudeatzea. Horretaz gain, txosten bat egin beharko du, jasota utziz eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela eskatzaileak laguntza eskuratzeko behar diren betekizun guztiak betetzen dituela.

2.– Laguntzak ondoz ondo emateko prozeduraren bitartez ebatziko da deialdia, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskatzaileek oinarri hauetan ezartzen diren betekizunak bete besterik ez dute egin beharko; haien artean ez da konparaziozko balioespenik egingo, ez eta baterako aintzatespenik ere. Egiten diren eskaerak ordenan ebatziko dira, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.

11. oinarria.– Entitate laguntzailea.

1.– HAZI Fundazioa entitate laguntzaile izendatu da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak hitzarmen bat sinatuko du HAZIrekin, haren helburu sozialarekin zerikusia duten lanak, zerbitzuak eta edozein jarduera zehazteko eta xehatzeko entitate laguntzailea den aldetik, betiere horrek ez badakar administrazio-ahalak baliatzea.

3.– HAZI Fundazioak jarduera hauek egingo ditu, besteak beste:

a) Aurkeztutako lankidetza-proiektuen eskabideak hasieran ebaluatzea, dokumentazioa gainbegiratuz, eta, hala badagokio, zuzenketak proposatzea organo kudeatzaileari.

b) Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan laguntzea.

c) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzak gauzatu izana eta ekintzen kostua ziurtatzen duten agiriak egiaztatzea.

d) Dirulaguntza emateagatik egin beharreko jarduera egin dela egiaztatzea, bai eta emate horri lotutako xedea bete dela ere, eta jarraipena egitea, laguntzak emateko eta proiektuak gauzatzeko betekizunak betetzen jarraitzen dela ziurtatzeko.

e) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak hala aginduta, programa behar bezala kudeatzeko beharrezkoa den beste edozein jarduketatan laguntzea.

f) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak programa honen kudeaketari lotuta egin ditzakeen egiaztapen-jarduerak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere.

12. oinarria.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamena.

1.– Espedientea eta 10. oinarriaren 1. paragrafoan aipatutako balorazio-batzordearen txostena kontuan hartuta, Nekazaritza eta Arrantzako zuzendariak behar bezala arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen horretan, dirulaguntza zein eskatzaileri ematea proposatzen den eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko dira.

2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.

3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, emandako behin-behineko ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

13. oinarria.– Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena eta errekurtsoak.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena egin ondoren, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari dagokio deialdia ebaztea.

2.– Ebazpenak barnean hartu beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan aurreikusitakoa, eta hau gutxienez:

a) Dirulaguntza eman zaion eskatzailearen edo eskatzaileen zerrenda.

b) Xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, bai eta justifikatzeko modua ere.

3.– Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea dagokion erregistro elektronikoan aurkezten den egunetik aurrera. Adierazitako epea igaro eta bertan ezarritako jakinarazpena egin ez bada, eskatzaileek ulertu ahal izango dute dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 5. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.

4.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez jakinaraziko zaio onuradun bakoitzari (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), edo postaz, pertsona fisikoek aurkezteko aukeratzen duten moduaren arabera.

5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin.

14. oinarria.– Laguntzen zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Lehen lerroan, nekazaritzako test-gune iragankorrei buruzkoan, ustiategiaren titularrari urtean 17.000 euroko oroharreko laguntza emango zaio ustiategira sartzen den pertsona bakoitzeko, gehienez ere bi urtez. Diruz lagundu daitekeen gastua testatzailea ustiategia kudeatzen eta eramaten gaitzeko prestatzen emango duen denboraren konpentsazioari dagokio; denbora hori eskualdaketa gauzatzen den artekoa izango da (gehienez bi urte).

2.– Bigarren lerroan, erreleboa sustatzekoan, lagatzailearen aldeko oroharreko zenbatekoa izango da laguntza, eta diruz lagundu daitekeen gastua ustiategia eskualdatzeko eragiketa gauzatzeari dagokio, irizpide hauen arabera:

a) Lagapen-hartzailearen adina: prima aldatu egingo da eskualdaketa egiten zaion pertsonaren arabera:

– 18 urtetik eta 40 urtera bitartekoa, biak barne.

• 50.000 euroko oinarrizko prima, lagapen-hartzailea ez bada titularraren odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko lehen mailako ahaidea.

• 40.000 euroko oinarrizko prima, lagapen-hartzailea titularraren odol-ahaidetasunezko lehen mailako ahaidea bada.

– 41 urtetik eta 48 urtera bitartekoa, biak barne.

• 35.000 euroko oinarrizko prima, lagapen-hartzailea ez bada titularraren odol-ahaidetasunezko lehen mailako ahaidea.

• 25.000 euroko oinarrizko prima, lagapen-hartzailea titularraren odol-ahaidetasunezko lehen mailako ahaidea bada.

Ustiategi asoziatiboen kasuan, jaso beharreko zenbatekoa eskualdatutako titulartasunaren ehunekoaren baliokidea izango da.

b) Lagapen-hartzailearen jabetza-sistema. Primak % 10 igoko dira kasu hauetan:

– Lagatako ustiategia emakume bati edo titulartasun partekatuko erregimen bati pasatzen bazaio.

– Lagatako ustiategia ordezkaritza orekatua duen pertsona juridiko bati pasatzen bazaio.

15. oinarria.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Lehen lerroaren kasuan, 17.000 euroko lehenengo ordainketa bat egingo da, gehienez 20 eguneko epean, dirulaguntza ematea ebazten denetik aurrera. Gainerako 17.000 euroak bigarren ordainketa batean ordainduko dira, lankidetza-proiektuak aurrera jarraitzen duela egiaztatzen denean. Zuzendaritzak egoera hori egiaztatzen duen dokumentazioa eskatuko dio onuradunari, eta 2026ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du.

2.– Ordainketa bakarra egingo da bigarren lerroaren kasuan, eta eragiketako eskualdaketaren ondoren egingo da. Hori egiaztatzeko, onuradunak lagapen horren egiaztagiria bidali beharko dio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari; adibidez, salerosketa-kontratua, errentamendu-kontratua, etab.

16. oinarria.– Onuradunen betebehar orokorrak eta espezifikoak.

1.– Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte. Hauek dira, besteak beste:

a) Emandako laguntza onartzea. Hala, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamar eguneko epean onuradunak dirulaguntza espresuki onartzen ez badu, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzak nola erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren ala ez egiaztatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

c) Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari jakinaraztea beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu izana bestelako administrazio bati edo ente publiko edo pribatu bati helburu bererako, eta, hala badagokio, eskuratu izana.

Hori jakin bezain laster eman beharko da egoeraren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

d) Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari. Hori jakin bezain laster eman beharko da egoeraren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzea, harik eta dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte. Alderdi hori automatikoki egiaztatuko dute Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek. Hala ere, onuradunak berariaz egin diezaioke uko egiaztatze horri; hala eginez gero, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.

f) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezartzen den moduan.

g) Gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa adieraztea.

2.– Gainera, laguntza-lerro bakoitzari dagozkion betebehar espezifiko hauek bete beharko dituzte onuradunek:

a) 1. lerroan, nekazaritzako test-gune iragankorrei buruzkoan:

i) Testatzaileari edo testatzaileei ustiategian gehienez ere bi urtez lan egiten uztea, zer lagapen- eta aholkularitza-baldintzaren mende egongo den edo diren ezarriko duen lankidetza-proiektu bat formalizatuz. Lankidetza-proiektu horren edukiak 9. oinarrian ezarritakoaren araberakoa izan beharko du.

ii) Lankidetza-proiektua sinatzen denetik bi urte igaro baino lehen ustiategia eskuratzeko konpromisoa hartzea. Hala ere, testatzaileak konpromiso horri uko egin ahal izango dio lankidetza-proiektua sinatu eta gehienez ere sei hilabetera, inolako zigorrik gabe. Era berean, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak arrazoi justifikatuak daudela uste duenean, konpromisoa bi urteko epean hautsi ahal izango da, inolako zigorrik gabe, gertaera horren arrazoiak baloratu ondoren.

iii) Testatzaileari bere lanagatik ordaintzea, eskuratzea egin arteko egonaldiak irauten duen bitartean. Lagatzaileak ezin izango du inola ere finantzatu lankidetza-proiektua sinatu aurreko azken urtean ustiategian jada dagoen eskulanik. Salbuespen izango dira prestakuntza-praktiken ondoriozko kontratu-harremana egon den kasuak.

b) 2. lerroan, belaunaldien arteko erreleboa sustatzekoan:

i) Lankidetza-proiektu batean zehaztutako nekazaritzako ustiategiaren jabetzako aktiboak lagatzea; proiektu horrek, gainera, barne hartuko du lagapen-hartzaileari eskubideak eta ezagutzak transferitzea. Alabaina, lagatzaileak autokontsumorako azalera edo azienda txiki bat mantendu ahal izango du (gehienez 0,75 hektarea edo 0,2 NLU, erregistroan ustiategitzat hartu dezaten aukera gutxien ematen duenaren arabera), eta hori lankidetza-proiektuan finkatuko da.

ii) Lagapenaren ondorengo bost urteetan nekazaritza-jarduerarekin lotutako laguntzarik ez eskatzeko konpromisoa, bai eta EAEko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan alta berriz ez emateko konpromisoa ere, salbu eta autokontsumorako erreserba txiki bat badu.

iii) Ustiategiko soldatapeko pertsona bati lagatzen bazaio ustiategia, orduan ere eskuratu ahal izango du laguntza lagatzaileak, nahiz eta lagapen-hartzailearekin lan-kontratua izan.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu diruz lagundutako jarduerari buruz.

17. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste entitate publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira.

2.– Horretarako, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko; edo, hala badagokio, sobera jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak itzultzeko prozedurari ekiteko aginduko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako prozedura aplikatuta horretarako.

18. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen oinarri hauetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluaren arabera, laguntza eman zuen organo eskudunak dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari ebazpen baten bidez, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzun eta gero), eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, bidezkoak diren gainerako akzioak kontuan izanda.

2.– Prestakuntza-aldia aldez aurretik amaitzea ez-betetze partziala da, eta jasotako laguntza proportzionalki itzultzea ekarriko du, lankidetza-proiektua aktibo egon den denboraren proportzioan.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria izango organo eskuduna itzulketa-espedientea abiarazi eta izapidetzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40.1 artikuluan adierazitako deskontzentrazioaren arabera.

4.– Baldin eta itzulketa-prozedura arau-hauste administratibo baten ondorioz hasi bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehapen-prozedura hasteko.

5.– Era berean, dirulaguntzarekin lotutako jarduketaren kostuarekiko gehiegizko zenbatekoa itzuli beharko da, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasunaren muga gainditzen bada; horrek, dena dela, ez du eragotziko bestelako zehapenak jarri ahal izatea, ez eta kalte-galeren ordainak eta erantzukizun penala exijitzea ere, hala badagokio. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien ondorioetarako.

6.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.6 artikuluaren arabera, onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara, eta onuradunak argi eta garbi egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzeko jarduna egin duela, dirulaguntzaren zati bat ordainduko zaio; edo, hala badagokio, zati bat itzuli beharko du, eta gauzatutako jarduerak erabateko betetze-mailari begira duen proportzioaren arabera egingo da kalkulua. Edonola ere, onuradunak kobratu ahal izango duen zenbateko partziala bat etorriko da onartutako dirulaguntzatik behar bezala justifikatu den egiazko zenbatekoarekin, eta laguntza ematen duen entitateak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren ordainduko zaio.

19. oinarria.– Atzera-egitea eta uko-egitea.

1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin ahalko du eskabidean, baina eskatutako laguntzak emateko prozedurako ebazpena jakinarazi baino lehen. Jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da atzera-egitea, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, erabat onartuko du atzera-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du.

2.– Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Onuradunek laguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango diete laguntzei, eta inbertsioa amaitu aurretik, betiere administrazioak inolako ordainketarik egin ez duenean. Jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da uko-egitea, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak, ebazpen baten bidez, erabat onartuko du uko-egitea, eta amaitutzat emango du prozedura. Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

20. oinarria.– Laguntzen bateragarritasuna.

Oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzek Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa bete beharko dute (erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz), eta bateragarriak dira beste edozein entitate publiko edo pribatuk helburu bererako emandako beste edozeinekin, baldin eta dirulaguntza guztien baturak ez baditu gainditzen ezarritako gehieneko ehunekoak eta mugak. Batura hori handiagoa bada, berriz, gehiegizko kopuruari dagokion zenbatekoa kenduko zaio.

21. oinarria.– Emandako dirulaguntzak publiko egitea.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26. artikuluaren 2. apartatuarekin bat etorriz, emandako dirulaguntzen zerrenda argitaratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, honako hauek adierazita: zenbatekoa, finantzatutako jarduketa eta pertsona edo entitate onuraduna.

22. oinarria.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna, eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzaren aurrean gauzatuko ditu dagozkion eskubideak.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/095100-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/eli/es/lo/2018/12/05/3).

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala