Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2026ko ekainaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
2921

EBAZPENA, 2026ko ekainaren 23koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Bilboko Hiri Trenbidearen Kabiezeseko kotxetegien oinarrizko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen duena, eta titularrei dei egiten diena okupazioaren aurreko aktak egiteko.

2026ko otsailaren 13ko Ebazpenaren bidez, «Bilboko Hiri Trenbidearen Kabiezeseko kotxetegien oinarrizko proiektua» onetsi zen. Ebazpena 2026ko otsailaren 27an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (40. zk.).

Proiektuaren helburu nagusia da Kabiezesko etorkizuneko kotxetegien eta haien trenbide plataformaren oinarrizko proiektua garatzea, Ballonti ibarbidearen eta A 8aren arteko eremuan. Oinarrizko proiektu horrek eraikuntza proiektuaren aurreko fasea osatzen du, eta azpiegitura berriaren ezaugarri geometrikoak zehazten ditu, baita ukitutako ondasun eta eskubideen definizio zehatza biltzen ere, 2015eko irailaren 29ko 38/2015 Trenbide Sektorearen Legearen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak haien identifikazio xehatua biltzen du (desjabetzeen eranskinean jaso dira lurzatien zerrenda eta planoak).

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2026ko martxoaren 5eko Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedura hastea eta desjabetzeen eranskinaren zerrenda jendaurrean jartzea. Interesdunei jakinarazi zitzaien, eta 2026ko martxoaren 23an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta «El Correo» eta «Deia» egunkarietan argitaratu zen. Ondasun eta eskubideen zerrenda hori Ortuellako udaletxeko iragarki-taulan ere jarri zen.

Izapide honetan lau alegazio-idazki aurkeztu dira; Zerbitzu Teknikoetara bidali dira, neurriak hartzeko eta kontuan hartzeko, akatsak zuzendu behar badira ere. Erantzuna zuzenean interesdunei bidali zaie.

Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda egin da.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera –lege hori abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatu zuen gero–, trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuk onesteko edo lehendik daudenak aldatzeko lursail berriak erabili behar badira, horietan identifikatutako eraginpeko ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioa egingo da, eta okupatu beharrekoa eta presakoa dela deklaratuko da. Legezko adierazpen horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara jotzeko ahalmena ematen dio administrazioari; hartara, lurrak okupatu edo ukitutako ondasunak eskuratuko ditu, ondasun edo eskubide horiek deskribatzen dituzten aktak egin ondoren (aktetan titularrak identifikatuko dira eta baloraziorako beharrezkoak diren datuak jasoko), eta okupazioaren aurreko gordailu gisa perituak zehaztutako zenbatekoa eta, hala badagokio, okupatzeko presak eragindako kalteen zenbatekoa ordaindu edo kontsignatu ondoren.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Bilboko Hiri Trenbidearen Kabiezeseko kotxetegien oinarrizko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta haiek okupatu beharra deklaratzea, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako ondorioekin.

Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea Ortuellako Udalera, zerrenda horretan adierazitako egunean eta orduan ager daitezen, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzeko; hala ere, beharrezkoa izanez gero, aukera egongo da lursailetara joateko, interesdunek hala eskatuta.

Egintza horretara interesdunek berek joan behar dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek; titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, eta abar), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein agiri ere. Egoki iritziz gero, beren perituekin eta notario batekin batera aurkeztu ahal izango dira, baina peritu eta notario horiek haiek ordainduko dituzte.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, akatsik egonez gero horiek zuzentzeko. Horretarako, Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari zuzendu behar zaio.

Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi (2) hilabeteko epean. Hala ere, aldez aurreko errekerimendua egin ahal izango da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 23a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala