Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2026ko ekainaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
2920

EBAZPENA, 2026ko ekainaren 23koa, Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasunaren zuzendariarena, zeinaren bidez epea irekitzen baita Euskadiko Erlijioen Kontseiluan parte hartzeko, eliza, erlijio-konfesio edo elkarte edo horien federazioen ordezkariak eta bizikidetzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun eta interes kualifikatua duten pertsonak eta erakundeak izendatzeko eskaerak aurkezteko.

Maiatzaren 26ko 82/2026 Dekretuaren bidez, Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren osaera eta funtzionamendua arautzen da, eta dekretu horren IV. kapituluan kontseilu hori osatuko duten elizen, erlijio-konfesioen edo -elkarteen edo haien federazioen ordezkariak eta bizikidetzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun aitortua eta interes kualifikatua duten pertsonak eta erakundeak izendatzeko prozesua arautzen da.

Dekretu horren 7.b) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Euskadiko Erlijioen Kontseiluak hamar kide izango ditu, gehienez, IV. kapituluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten elizen, erlijio-konfesioen eta erlijio-komunitateen edo horien federazioen ordezkari gisa. Horretarako, erakunde horiek izendapen prozeduran parte hartzea eskatu ahal izango dute.

Era berean, 7.c) artikuluaren arabera, Kontseiluak gutxienez bi kide izango ditu bizikidetzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun aitortua eta interes kualifikatua duten erakundeen edo pertsonen ordezkari gisa, eta kide horiek izendapen prozeduran parte hartu ahal izango dute.

82/2026 Dekretuaren 18. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, izendatzeko prozedura lau urterik behin hasiko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian dagokion deialdia argitaratuz. Eskabideak aurkezteko hamabost egun balioduneko epea emango da.

Eskabideetan bokal titular eta ordezko izendatzen diren pertsonak identifikatuko dira, bai eta Estatuarekin lankidetza-akordioak dituzten edo errotze nabarmena aitortuta duten eta Euskal Autonomia Erkidegoan presentzia duten eliza, erlijio-konfesio edo -elkarte edo haien federazioen ordezkarien kasuan, aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatu ere:

a) Estatuko Erlijio Erakundeen Erregistroko inskripzioaren egiaztagiria.

b) Gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan aitortutako kultu-egoitza edo -zentro bat izatearen egiaztagiria.

20.1 artikuluaren arabera, Estatuarekin lankidetza-akordioak dituzten edo errotze nabarmena aitortuta duten eta Euskal Autonomia Erkidegoan presentzia duten eliza, erlijio-konfesio edo -elkarte edo haien federazioen ordezkariek Euskadiko Erlijioen Kontseiluan parte hartzeko eskaera aurkeztu behar dute, eta Estatuan hura ordezkatzen duen organoaren abala duten eta Kontseiluan kide titular eta ordezko gisa ofizialki ordezkatzen dituzten pertsonak izendatu behar dituzte.

Euskadiko Erlijioen Kontseiluan ordezkaritza eskatu nahi duten gainerako eliza, erlijio-konfesio edo -elkarte edo federazioek parte hartzeko eskaera aurkeztu behar dute, eta hautagai titularrak eta ordezkoak izendatu.

Era berean, 20.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, bizikidetzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun aitortua eta interes kualifikatua duten pertsonek eta erakundeek Euskadiko Erlijioen Kontseiluan ordezkaritza eskatu nahi badute, parte hartzeko eskaera aurkeztu beharko dute, eta hautagai titularrak eta ordezkoak izendatu beharko dituzte.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta eta hautagaitza guztiei eskatzen zaizkien baldintzak betetzen direla egiaztatuta, Aniztasunerako, Bizikidetzarako eta Belaunaldi arteko Elkartasunerako zuzendariak 82/2026 Dekretuaren 9.3 artikuluan aurreikusitako izendapenak egingo ditu.

82/2026 Dekretuaren 4.2 artikuluaren arabera, Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren osaeran neurri egokiak hartuko dira emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua lortzeko. Era berean, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betez, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua errespetatu beharko da erabakiak hartzeko eremu guztietan, eta pertsona anitzeko administrazio-organoetan ordezkaritza orekatutzat joko da bi sexuek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 9.d) artikuluan xedatutakoaren arabera, Dibertsitatearen, Bizikidetzaren eta Belaunaldi arteko Elkartasunaren zuzendariari dagokio erlijioen eta kulturen arteko bizikidetza sustatzea, erlijio-aniztasunaren eta haren adierazpen guztien eskubide eta betebeharren errespetuan oinarrituta, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eliza, erlijio-konfesio eta -elkarteen bizikidetza integratua finkatzea ere euskal gizartean.

Eginkizun horiek betez, Euskadiko Erlijioen Kontseilua osatuko duten erakunde eta pertsona ordezkarien izendapen-prozesua abiatzeko, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da, eta parte hartzeko eskabideak aurkezteko hamabost egun balioduneko epea ezartzen da.

Horren indarrez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hamabost egun balioduneko epea irekitzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eliza, erlijio-konfesio eta -elkarte edo horien federazioen ordezkariek eta bizikidetzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun eta interes kualifikatua duten pertsona eta erakundeen ordezkariek Euskadiko Erlijioen Kontseiluko kideak izendatzeko prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkez ditzaten.

Bigarrena.– Parte hartzeko eskabideak ebazpen honen I. eranskineko eredua betez aurkeztuko dira, eta honako dokumentazio hau erantsi beharko zaie:

a) Estatuko Erlijio Erakundeen Erregistroko inskripzioaren egiaztagiria.

b) Gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan aitortutako kultu-egoitza edo -zentro bat izatearen egiaztagiria.

c) Estatuak aitortutako errotze nabarmena duten eliza, erlijio-konfesio eta -elkarteen kasuan, horiek Estatuan ordezkatzen dituen organoak emandako abalaren egiaztagiria.

Hirugarrena.– Bizikidetzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun eta interes kualifikatu aitortua duten pertsonek eta erakundeek, Euskadiko Erlijioen Kontseiluan ordezkaritza eskatu nahi badute, parte hartzeko eskaera aurkeztu behar dute, eta hautagai titularrak eta ordezkoak izendatu. Horretarako, II. eranskina bete beharko da.

Laugarrena.– Parte hartzeko eskabideak Eusko Jaurlaritzako Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasun Zuzendaritzari zuzendu beharko zaizkio, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako edozein modutan aurkeztu ahal izango dira.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta eta eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatuta, Aniztasunerako, Bizikidetzarako eta Belaunaldien arteko Elkartasunerako zuzendariak dagozkion izendapenak egingo ditu, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoari jarraikiz. Ondorio horietarako, ordezkaritza orekatutzat joko da bi sexuek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 23a.

Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasunaren zuzendaria,

JOSÉ MARÍA EZKERRA FERNÁNDEZ.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala