Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2026ko ekainaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2918

64/2026 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Imsersorekin (Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuarekin), Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin, sinatutako lankidetza-hitzarmena, Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Munduko III. Kongresua antolatzeko eta egiteko (2026ko ekaina).

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Imsersorekin (Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuarekin), Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin, sinatutako lankidetza-hitzarmena, Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Munduko III. Kongresua antolatzeko eta egiteko (2026ko ekaina). Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 22a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 22KO 64/2026 EBAZPENARENA
ADINEKOEN ETA GIZARTE ZERBITZUEN INSTITUTUAREN, EUSKO JAURLARITZAREN, GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN ETA DONOSTIAKO UDALAREN ARTEKO HITZARMENA, ADINEKOEKIN LAGUNKOIAK DIREN HIRI ETA KOMUNITATEEN MUNDUKO III. KONGRESUA ANTOLATZEKO ETA EGITEKO
ELKARTU DIRA:

María Teresa Sancho Castiello, Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuko (aurrerantzean, Imserso) zuzendari nagusia, Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaile den aldetik, Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioari atxikia, Gizarte Eskubideen Estatu Idazkaritzaren bidez. Kargu horretarako izendatu zuten abenduaren 27ko 1217/2023 Errege Dekretuaren bidez (abenduaren 28ko BOE, 310. zk.), eta kargu horretarako ahalmena du, Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuaren egitura organikoa eta eginkizunak ezartzen dituen urriaren 13ko 1226/2005 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako eskudantzien arabera.

Nerea Melgosa Vega, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua, zeinak esku hartzen baitu Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua izendatzeko lehendakariaren ekainaren 24ko 29/2024 Dekretuaren arabera (2024ko ekainaren 25eko EHAA, 124. zk.), Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.1 artikuluarekin eta Gobernu Kontseiluaren 2026ko apirilaren 21eko Erabakiarekin lotuta, horretarako gaitzen baitu.

Maite Peña López, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuko foru diputatua, foru-diputatuak eta diputatu nagusiordea izendatzeari eta Diputatuen Kontseiluko idazkaria izendatzeari buruzko ekainaren 30eko 5/2023 Foru Dekretuaren bidez izendatua (2023ko uztailaren 1eko GAO, 127. zk.), urtarrilaren 22ko 2/2024 Foru Dekretuaren bidez aldatua (2024ko urtarrilaren 23ko GAO, 16. zk.), Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean eta hura ordezkatuz, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 40. artikuluak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Antolaketa Instituzionalari, Gobernuari eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 1. eta 3. artikuluek ematen dizkioten eskumenen esparruan eta oinarri hartuta Diputatuen Kontseiluak 2026ko maiatzaren 12an hartutako erabakiaren bidez hitzarmen hau sinatzeko emandako ahalmena. Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2026ko maiatzaren 26an egindako bilkuran berretsi dute Hitzarmena.

María Jesús Idoeta Madariaga, Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Ekintza Komunitarioko zinegotzi ordezkari gisa, kargu horretarako izendatu baitzuten eta bertan eskumen eskuordetuak baititu 2023ko uztailaren 6ko Alkatetzaren Dekretuaren bidez (zeina 2025eko urriaren 29ko Dekretuaren bidez aldatu baitzen), eta bat etorriz Tokiko Gobernu Batzarraren 2023ko uztailaren 6ko Erabakiaren bidez (zeina 2025eko urriaren 29ko Erabakiaren bidez aldatu baitzen) eskuordetutako eskumenekin, eta berariaz baimendua izan delarik ekitaldi honetarako 2026ko maiatzaren 19ko Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiaren bidez, Donostiako Udalaren izenean eta hura ordezkatuz.

Parte-hartzaileek, beren karguen arabera eta eman zaizkien ahalmenak erabiliz, egintza hau emateko gaitasuna eta eskumena aitortzen diote elkarri, eta, ados jarrita, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Munduko Sarea Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatu zuen 2010ean, biztanleriaren zahartze azkarrari erantzuteko, mundu osoko hiriak, komunitateak eta erakundeak ikuspegi komun baten inguruan konektatzeko helburuarekin, alegia, haien inguruneak duintasunez eta kalitatez zahartzeko leku hobeak izatea.

Bigarrena.– Adinduen eta Gizarte Zerbitzuen Institutua (Imserso) Gizarte Segurantzaren Erakunde Kudeatzailea da, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 66.1.c) artikuluak agindutako helburuak betetzeko sortua.

Institutu horren egitura eta eginkizunak urriaren 13ko 1226/2005 Errege Dekretuak arautzen ditu. Dekretu horrek, 1. artikuluko i) letran, Imsersori esleitzen dizkio atzerriko eta nazioarteko erakundeekiko harremanak eta bere ekintza-eremuko gai eta kolektiboetan nazioarteko lankidetza-programetarako laguntza teknikoa.

Eskumen-eremu horretan, Imsersok Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Sarearen koordinazio nazionala gauzatzen du Espainian.

Era berean, Imsersori legez esleitutako eskumenen esparruan, arestian aipatutako gaiei buruzko hitzaldiak, kongresuak eta mintegiak antolatzea dago.

Azaldutakoaren arabera, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Imserso izendatu du Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Munduko Kongresua antolatu, kudeatu, diseinatu eta koordinatzeko erakunde arduradun. Kongresua Donostian egingo da, 2026ko ekainean, eta bi erakundeak izango dira sustatzaile.

Zeregin hori behar bezala gauzatzeko, Imsersok, administrazio antolatzailea den aldetik, hitzarmen hau sinatzen duten erakundeen lankidetza eskatuko du. Entitate horiek, beren eskumenen esparruan, kongresu honen antolaketan modu koordinatuan eta kooperatiboan parte hartzeko borondatea adierazten dute. Hala, EAEko administrazio publikoek beren gain hartzen dute antolatzaileen ministerioa.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15. artikuluko g) apartatuaren arabera, «Zahartze- eta zaintza-politika» arloa du esleituta, eta arlo horretan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion eginkizunak betetzen ditu.

Eginkizun horiek betez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak (aurrerantzean, Eusko Jaurlaritza edo EJ) «Euskadi Lagunkoia» izeneko proiektua sustatu eta finantzatu du. Proiektu horretan, III. Kongresuaren gaiarekin eta planteamenduekin bat datozen hainbat ekintza jasotzen dira, eta, beraz, uste du III. Kongresua Euskadin egiteak eremu horretan garatzen ari den jarduerak babesten eta bultzatzen dituela.

Laugarrena.– Gipuzkoako Foru Aldundiak (aurrerantzean, GFA), Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 30.1 artikuluaren babesean, foru-eremuko gizarte-eskumenak ditu esleituta.

Ildo horretan, irailaren 30eko 7/2024 Foru Dekretuaren 7.1 artikulutik ondorioztatzen denez (Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak eta haien jarduketa-eremuak eta funtzioak berriro zehazten ditu), Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuari dagozkio, besteak beste, jardun-arlo eta eginkizun hauek: mendekotasunaren arreta eta gizarte-zerbitzu komunitarioak.

Era berean, GFAk 20>30 Zainketa eta Gizarte Politiken Agenda ezarri du, Gipuzkoa benetako zaintzalurralde bihurtzeko ekimen bat. Gipuzkoako Foru Aldundiak horizonte estrategiko baten aldeko apustua egin du, non pertsonek eta komunitateek osatzen duten muina; horien inguruan antolatzen da arreta-, zaintza- eta laguntza-sistema. Ikuspegi berri hori funtsezko bost zutabetan oinarritzen da: eskubide sozialak, prebentzioa, pertsonalizazioa, hurbiltasuna eta parte-hartzea. Eta sei printzipio gidaritan garatzen da: gizarte-ongizatea eta bizi-kalitatea, erakunde-jasangarritasuna, zerbitzuen zeharkakotasuna, gizarte-ekitatea, genero-berdintasuna eta hizkuntza-eskubideak.

Bosgarrena.– Donostiako Udalak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 29. artikuluaren babesean, udal-eremuko gizarte-eskumenak ditu esleituta. Era berean, 2025eko urriaren 29ko Ordezkaritzei buruzko Akordioaren aldaketaren arabera, Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren eremuan Lagunkoia programa sustatzea eta kudeatzea sartzen da, bai eta Arloaren Zuzendaritza eta Kudeaketa Orokorrari buruzko eskudantziak eta ahalmenak ere, «Gizarte Zerbitzuak eta Gizarte Ekintza» Ordezkaritzan jasotakoak.

Donostia izan zen, 2009an, Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatutako Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Munduko Sareari atxiki zitzaion estatuko lehen hiria. Harrezkero, Donostia Lagunkoia plana garatu du eta Dublingo Adierazpena sinatu du, eta zeharkako udal-estrategia bat finkatu du, adin guztietarako Donostia batean zahartzen ari den gizarte baten eraikuntzaren ondoriozko erronkei eta aukerei modu integratuan heltzeko.

Metatutako esperientziak eta hiri lagunkoien mugimenduaren barruan hiriak duen zeregin aitzindariak justifikatzen dute Donostiako Udalak Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Munduko Kongresua antolatzen parte hartzea, aipu hori ikaskuntzak partekatzeko eta nazioarteko lankidetza indartzeko aukera gisa ulertuta, adin guztietarako ingurune bidezkoago eta atseginagoen alde.

Kongresua, bereziki, Donostiako Kursaal Kongresu Jauregiko instalazioetan egingo da. Izan ere, eraikin horren instalazioak eta azpiegiturak bat datoz kongresuaren ondoriozko antolaketa-beharrekin, bai teknologiari, bai ekipamenduari, bai edukierari dagokienez, ekitaldira 700 pertsona inguru bertaratzea espero baita. Era berean, Kongresuaren esparruan, ekitaldi sozial bat egingo da San Telmo Museoan.

Seigarrena.– Imsersok, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak adierazi dute elkarlanean aritu nahi dutela, modu koordinatuan, Donostian, 2026ko ekainean, Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Munduko Kongresua antolatzeko eta egiteko behar diren jarduketak garatzen.

Ildo horretan, urtarrilaren 26an, aldeen arteko jarduera-protokolo orokor bat sinatu zen, nazioarteko biltzar hori antolatzeko jarraitu beharreko lankidetza- eta jarduera-ildo nagusiak jasotzen zituena. Gainera, Imsersok dagoeneko egin ditu Kongresuaren zabalkundea eta publizitatea bermatzeko eta bertara joango diren pertsonen izen-ematea ahalbidetzeko beharrezkoak diren jarduera batzuk, hala nola Kongresuaren webgunea sortzeko eta kudeatzeko zerbitzuak kontratatzea. Sinatutako protokolo orokorraren ondorioz, sinatzaileetako batzuk konpromiso batzuk lantzen aritu dira, beren aurrekontuetan aurreikusitakoaren arabera formalizatu direnak.

Akordio hau III. Kongresuaren xede eta helburuen eta erakunde parte-hartzaileen eskumenen batetortzean oinarritzen da, adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko neurriak sustatu eta bultzatzeari dagokionez, kontuan hartuta III. Kongresuaren garapenak esleitzen zaizkien eginkizun horiek hobeto betetzen laguntzen duela.

III. Kongresua gaiari buruzko interesen bateratzetik abiatuta batera antolatzeko aukerak eskatzen du baliabide publikoen jarduera koordinatua eta eraginkorra ahalbidetuko duten akordioak ezartzea, xede horretara bideratuko direnak.

Azaldutakoaren arabera, alderdiek hitzarmen hau formalizatzen dute, klausula hauen arabera:

ESTIPULAZIOAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuaren (Imserso), Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren arteko lankidetza-esparrua ezartzea, Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Munduko Kongresua antolatu, koordinatu, garatu eta egiteko, Donostian, 2026ko ekainaren 16, 17 eta 18an. Kongresuaren egoitza nagusia Donostiako Kursaal Kongresu Jauregia izango da, hargatik eragotzi gabe San Telmo Museoan ekitaldi sozial bat egitea eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan egin beharreko jarduera osagarriak.

Programa ofiziala egun horietan garatuko bada ere, hitzarmen honen xedean sartutzat jotzen dira, halaber, 2026ko ekainaren 15ean eta 19an antolatzen eta egiten diren Kongresuari lotutako jarduerak, haren edukiarekin eta garapenarekin lotura zuzena dutelako.

Bigarrena.– Bi aldeen konpromisoak.

1.– Kongresuaren antolaketa orokorra Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuari (Imserso) dagokio, OMEk Kongresuaren sustatzaile izendatutako erakundea den aldetik. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala lankidetzan arituko dira ekarpen osagarriak eginez –gauzazkoak, logistikoak, teknikoak edo ekonomikoak– ekitaldiaren kalitatea eta irismena indartzeko.

2.– Imserso, Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioari (Espainiako Gobernua) atxikita dagoelarik, honako jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

– Kongresuaren zuzendaritza, antolaketa eta koordinazio orokorra bere gain hartzea, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearekin (OME) eta Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Mundu Sarearekin hitz egitea ere.

– Programa teknikoa eta Kongresua definitzea eta OMEren eta enbaxadoreen eta batzorde zientifikoko kideen parte-hartzea koordinatzea.

– Hirugarren herrialdeekiko eta sektoreko erakundeekiko nazioarteko harremanak kudeatzea.

– Kongresuaren Idazkaritza Tekniko eta Kudeaketa Digitalaren berezko jarduerak garatu eta finantzatzea, bai eta sare sozialen profilen kudeaketa ere.

– Batzorde Zientifikoko kideen, enbaxadoreen eta, hala badagokio, diru-sarrera txikiko edo ertaineko herrialdeetako txostengileen eta/edo moderatzaileen joan-etorrien eta ostatuen gastuak kudeatzea eta beren gain hartzea. Ildo horretan, Kongresua egitea 2026rako Gizarte Zerbitzuetan Espezializatutako Prestakuntza Planean (Imsersoko zuzendari nagusiaren 2026ko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez onartua) jasotako prestakuntza-ekintza gisa jasotzen da.

– Kongresuaren ohiko funtzionamenduari lotutako ustekabeko beste gastu batzuk bere gain hartzea, betiere gastu horiek Kongresua behar bezala garatzeko beharrezkoak badira eta beste alderdiek beren gain hartu ez badituzte.

– Kursaal Biltzar Jauregiko jatetxe-gastuen zati bat finantzatzea, Eusko Jaurlaritzarekin batera. Kontzeptu horri lotutako konpromiso ekonomikoen hasierako aurreikuspenak hitzarmen honen eranskinean jasoko dira.

– Lagunkoitasun-esperientziei lotutako kultura-jarduerei lotutako garraiobideak finantzatzea.

Kontzeptu horiei lotutako konpromiso ekonomiko zehatzak hitzarmen honen eranskinean jasoko dira.

Imsersoren partaidetzaren gehieneko zenbatekoa berrehun eta hirurogeita hamabost mila (275.000,00) eurokoa da, zergak barne, 1003.6004.35.91.226.60 aurrekontu-aplikazioaren kontura («Bilerak, hitzaldiak, ekitaldiak eta ikastaroak egitea»), Institutuaren 2026rako aurrekontuei dagokienez.

Imsersok kudeatuko du Kongresuaren jarraipena egiteko eta hura koordinatzen laguntzeko Donostiara joango diren institutuko pertsonen bidaia. Pertsona horiek, nolanahi ere, dagokien zerbitzuagatiko kalteordainaren kontura joango dira.

3.– Eusko Jaurlaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren bitartez (OGEDS), III. Kongresua behar bezala garatzeko beharrezkoak diren jarduerak finantzatzeko konpromisoa hartzen du, gehienez ere ehun mila (100.000,00) eurorekin. Zenbateko hori bat dator 2026rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ondorio horietarako aurreikusita dagoenarekin (atala: 11 OGEDS; programa: 3123 «gizarte-zerbitzuak»; zerbitzua: 12; Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritza; kontzeptua: 244; Azterlanak, lan teknikoak eta profesional independenteen zerbitzuak; partida: 26/0326). Aurretik izandako elkarrizketen arabera, ekitaldiaren honako kostu hauek finantzatuko dituzte, hitzarmen honi eranskin gisa erantsi zaion hasierako aurrekontu global zenbatetsiaren barruan:

– Kongresua egingo den espazio fisikoaren (Kursaal jauregia) alokairuaren kudeaketan eta finantzaketan laguntzea, ekitaldiaren egoitza nagusi gisa, baita Kongresua behar bezala egiteko behar diren baliabide tekniko eta pertsonaletan ere, III. Kongresuaren egunetako batean (hasiera batean, 2026ko ekainaren 16an). Antolakundean parte hartzen duten hiru euskal administrazioek batera hartuko dute beren gain alokairu horren kostua. Kontzeptu horri lotutako konpromiso ekonomiko zehatzak hitzarmen honen eranskinean jasoko dira.

– Kursaal Kongresu Jauregiko jatetxe-gastuen zati bat, Imsersorekin batera. Kontzeptu horri lotutako konpromiso ekonomikoen hasierako aurreikuspenak hitzarmen honen eranskinean jasoko dira.

– Ekitaldia behar bezala garatzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuk, baldin eta aurreko biak ez badira iristen goian adierazitako zenbateko mugara; esate baterako, zeinu-mintzairaren kostua edo ekitaldiaren aurkezle hirueledunaren kostua (euskara/gaztelania/ingelesa), ezarritako muga ekonomikoen barruan beharrezkoak diren beste kontzeptu batzuk izan baitaitezke.

4.– Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du jarduketa eta jarduera hauen ondoriozko gastuak izapidetu, kontratatu, kudeatu, finantzatu eta ordaintzeko. Horretarako, dagozkion administrazioespedienteak bideratuko ditu (estipulazio honen 9. apartatuan jasotakoarekin bat etorriz):

– Kursaal Jauregia, Kongresua egingo den espazio fisikoa eta egoitza nagusia ekainaren 15eko eta 18ko jardunaldietan behar bezala garatzeko prest egoteko beharrezkoak diren kudeaketa guztiak egitea, eta, beraz, higiezinaren erabilerak sortzen dituen gastuak ordaintzea, bai eta egiten diren jarduerak eta ekitaldiak egiteko behar diren baliabide tekniko eta pertsonalak ere. Horregatik, eta horretarako, GFAk dagozkion espedienteak izapidetuko ditu, bere izaerari dagozkion prozeduren bidez, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuko foru-diputatuak ahalmena izan dezan, zuzenbidean eskatzen den bezain zabal, behar diren kontratuak formalizatzeko eta, oro har, administrazioen arteko hitzarmen hau gauzatu den helburu komuna gauzatzeko beharrezkoak diren egintzak sustatzeko eta gauzatzeko.

Kontzeptu horiei lotutako konpromiso ekonomiko zehatzak hitzarmen honen eranskinean jasoko dira. Gastu hori lehentasunezkoa izango da, eta, beraz, apartatu honetan aurreikusitako gainerako jarduketak ondoriozko soberakinarekin finantzatuko dira, kontzeptu horretarako bideratutako zenbatekoa kendu ondoren, eta inola ere ezingo da gainditu ezarritako gehieneko ekarpena.

– Era berean, euskararako aldibereko itzulpen- eta interpretazio-zerbitzua ematea, horretarako programatuta dauden esku-hartzeetan. Kontzeptu horri lotutako konpromiso ekonomikoak hitzarmen honen Eranskinean jasoko dira.

– Kongresuaren programari edukiak ematea, Gipuzkoako Foru Aldundiko eragileek parte hartuz eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan garatutako proiektu eta esperientzia garrantzitsuak aurkeztuz, hala nola tokiko zaintza-ekosistemen proiektua, «Hariak» estrategia, «Hariak Kantuz» eta «Adinberri Saioa» ekimenak, Adinberri Fundazioak sustatuak (GFAko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuari atxikitako fundazioa), bai eta interesgarritzat jotzen diren eta Kongresuaren helburuekin koherenteak diren beste batzuk ere.

– Kongresuaren programa ofizialaren osagarri diren dibulgazio- edo partaidetza-jarduerak egiten laguntzea, betiere interesgarriak badira eta topaketaren gai orokorrarekin zerikusia badute. Adibidez, «Baso terapia» (baso-bainuak) saioak egitea BSTK Basotik Fundazioaren eskutik (Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako fundazio publikoa), eta Gipuzkoako gizarteari jakinaraztea, podcast tematiko baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Historikoan zainketen, laguntzen eta parte-hartze komunitarioaren arloan eta lagunkoiak diren hiri eta komunitateei dagokienez bultzatutako aurrerapenak eta ekimenak.

– Probintzia mailan, Kongresuari lotutako jardueretan partaidetza eta inklusio komunitarioa sustatzea, lurraldeko eta komunitateko eragileen inplikazioa bultzatuz aurreikusitako espazio eta dinamiketan.

– Biltzarretik eta jarduera paralelo guztietatik eratorritako ikaskuntzak sistematizatzen eta biltzen parte hartzea, hala badagokio, ondoriozko materiala (liburua, txostena, gida edo adosten diren beste formatu batzuk) prestatzen lagunduz, ondoren zabaltzeko.

Deskribatutako jarduketak finantzatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren bidez, konpromisoa hartzen du hirurogeita hamabost mila (75.000,00) eurokoa gehieneko kopuru ekonomikoa emateko, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2026ko ekitaldiko aurrekontu orokorren parte den Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren aurrekontuko 1.0350.500.226.08.02.2026 aurrekontu-partidaren kargura.

5.– Donostiako Udalak konpromisoa hartzen du jarduketa eta jarduera hauen ondoriozko gastuak tramitatu, kontratatu, kudeatu, finantzatu eta ordaintzeko, eta, horretarako, dagozkion administrazioespedienteak bideratuko ditu (estipulazio honen 9. apartatuan jasotakoarekin bat etorriz):

– Kongresua egingo den espazio fisikoaren (Kursaal jauregia) alokairuaren kudeaketan eta finantzaketan laguntzea, ekitaldiaren egoitza nagusi gisa, baita Kongresua behar bezala egiteko beharrekoak diren baliabide tekniko eta pertsonaletan ere 2026ko ekainaren 17an. Kontzeptu horri lotutako konpromiso ekonomiko zehatzak hitzarmen honen eranskinean jasoko dira, eta espazioak kudeatzen dituzten erakundeekin indarrean dauden akordioen arabera dagozkion baldintza onuragarriak eta deskontuak aplikatuko dira.

Gastu hori lehentasunezkoa izango da, eta, beraz, apartatu honetan aurreikusitako gainerako jarduketak ondoriozko soberakinarekin finantzatuko dira, kontzeptu horretarako bideratutako zenbatekoa kendu ondoren, eta inola ere ezingo da gainditu ezarritako gehieneko ekarpena.

– Ekainaren 17an San Telmo Museoko klaustroaren alokairua erraztea, Kongresuaren esparruan gizarte-ekitaldi bat egiteko, gunea kudeatzen duten erakundeekin indarrean dauden akordioen arabera dagozkion baldintza onuragarriak eta deskontuak aplikatuz. Kontzeptu horri lotutako konpromiso ekonomikoak hitzarmen honen Eranskinean jasoko dira.

– Ekainaren 15ean Udaleko Osoko Bilkuren Aretoa eskuragarri jartzea ongietorri-ekitaldi instituzionala egiteko, bai eta topaketa garatzeko behar den tokiko logistika babestea ere, udalzerbitzuekin, Donostia Turismoarekin, Convention Bureaurekin eta inplikatutako beste zerbitzu publiko batzuekin elkarrizketa koordinatuz.

– Kongresuaren edukian, garapenean eta zabalkundean laguntzea, tokiko esperientzia eta aktibazio komunitarioa eskainiz, honako jarduera hauen bidez:

a) Kongresuaren programari edukiak ematea, aktibazio komunitarioaren bidez, tokiko esperientziaren ekarpenaren bidez eta hiriarentzat eta Lagunkoiak diren Hirien Mundu Sarerako erabilgarria den ondare bat sortuz, Donostia Lagunkoia programako proiektuen, praktiken eta ikaskuntzen trukea eta eragile sozialekin, komunitarioekin eta hiriko profesionalekin garatutako beste esperientzia batzuk barne.

b) Tokiko esperientzia Kongresuaren kontakizun globalean kokatuko duten ekimenak bultzatzea, lagunkoitasun-mugimendua hiriaren eguneroko bizitzan eta zaintzen duten inguruneen eraikuntzan nola gauzatzen den erakutsiz.

c) Kongresuari lotutako partaidetza-prozesuak eta elkarrizketa-espazioak sustatzea, bai aurreko fasean, bai ondorengoan, adinekoen ekarpena eta gizarte-balioa sustatuz, bai eta tokiko ekosistemako eragileen arteko elkarrizketa ere.

d) Kongresutik eta jarduera paraleloetatik eratorritako ikaskuntzak, esperientziak eta materialak sistematizatzea, ondoriozko materiala (liburua, txostena, gida edo adosten diren beste formatu batzuk) prestatzen lagunduz, ondoren zabaltzeko.

e) Kongresuaren komunikazio publikoan laguntzea, parte hartzen duten gainerako erakundeekin koordinatuta, hedapen egokia eta orekatua bermatuz, Kongresuaren aurrerapenak eta jarduerak udal-kanalen bidez zabalduz eta Kongresua tokiko komunikazio-ekosistemarekin lotuz, bitartekoak, kultura-, komunitate- eta hezkuntzaeragileak barne, eta ekintza horiek gainerako erakundeekin koordinatuz koherentzia eta ikusgarritasun partekatua bermatzeko.

Deskribatutako jarduketak finantzatzeko, Donostiako Udalak konpromisoa hartzen du hirurogeita hamabost mila (75.000,00) eurokoa gehieneko kopuru ekonomikoa emateko, dagokion ekitaldiko udalaurrekontutik zehazten den aurrekontu-partidaren kargura, zeina Donostiako Udalaren aurrekontu orokorren parte baita.

6.– Aurrekontuan adierazitako gastuak eta aurreikusitako kostuak aurreikuspentzat hartu behar dira, eta, adierazitako gehieneko mugaren barruan, xedearen arabera aldatu ahal izango dira, behin betiko kostuaren arabera, formalki onartutako aurrekontu-baliabideen barruan.

7.– Bigarren puntuan alderdi bakoitzak bere gain hartutako betebeharren esparruan, agertutako bakoitzak aurreikusitako kontzeptuek aurreikusitako ekarpen-aurreikuspena agortzen ez badute, III. Kongresua garatzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuetara berresleitu ahal izango dira, betiere horietako bakoitzak aurreikusita duen gehieneko muga gainditzen ez badute, finantzaketaren aurrekontu-xedera egokitzen badira eta hasieran beste erakunde batek bere gain hartu ez dituen gastuak badira.

8.– III. Kongresuaren kostu osoak hasieran aurreikusitako ekarpenak agortzen ez baditu, hasieran aurreikusitako zenbatekoak ez agortzea ez da hartuko hitzarmen honen ez-betetzetzat.

9.– Agertutako administrazio bakoitza izango da erantzule, III. Kongresua behar bezala garatzeko beharrezkoak diren ondasun edo zerbitzuen hornitzaileekiko harremana formalizatzeko administrazioprozedurak izapidetzeari dagokionez aurreikusitako gastuei dagokienez. Era berean, administrazio bakoitzak izango du ordainketen erantzukizuna, administrazio bakoitzarekin harremana amaitu duten hornitzaileen aurrean. Prozedura horien izapidetzeak prestazioak betetzen direla bermatu beharko du, eta, horretarako, III. Kongresuaren beharrak bete beharko ditu hitzartutako egunetan. Gastu komunei dagokienez, esaterako, Kongresu Jauregiaren errentamendua, alderdiek erabakiko dute kasu bakoitzean zein den kudeatzeko modurik eraginkorrena.

10.– Ez-betetzea gertatuz gero, ez-betetzea egin duen alderdiari ez zaio inolako erreferentziarik egingo ekitaldiaren garapenean, eta ez zaio antolatzaile izaera izateagatik egokituko litzaiokeen gonbidapenik emango.

Hirugarrena.– Jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoa.

Hitzarmen honen jarraipena egiteko, jarraipen-batzorde bat eratzea sustatuko da, erakunde sinatzaile bakoitzeko ordezkari banak osatua:

– Imserso: ikasketa-koordinatzailea.

– Eusko Jaurlaritza: Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Hirugarren Sektorea eta Gizarte Ekintza Sustatzeko zuzendaria.

– Gipuzkoako Foru Aldundia. Zentroen kudeaketa integraleko zerbitzuburua.

– Donostiako Udala: Udaleko Zeharkakotasunaren arduraduna.

Era berean, titularrek edozein unetan izendatu ahal izango dituzte ordezkoak, horiek ez badaude.

Lehendakaritza txandaka beteko da administrazio guztien artean egiten diren bileretan, goiko paragrafoan ezarritako ordenari jarraituz. Edonola ere, Imsersoko pertsona bat izango da idazkaria.

Hartu beharreko erabakiak kideen gehiengoz hartuko dira, betiere aldeko botoa ematen ez dutenentzat hitzarmen honetan aurreikusitakoez bestelako konpromisorik ez badakarte.

Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Hitzarmenaren helburuak betetzen direla zaintzea.

b) Interpretazio-zalantzak argitzea eta baterako jarduketak koordinatzea.

c) Emaitzak ebaluatzea eta gauzatzeari buruzko azken txostena egitea.

d) Alderdiek hartutako konpromisoak behar bezala betetzen direla zaintzea.

Hitzarmen hau sinatu eta III. Kongresua egin arte, gutxienez hamabostean behin bilduko dira, aurrez aurre edo telematikoki, eta egokitzat jotzen den guztietan, konprometitutako jarduketen progresioa eta sor daitezkeen gorabeherak aztertzeko.

Jarraipen-batzordeko titularrek egoki iritzitako pertsonak izendatu ahal izango dituzte batzordearen bileretan parte har dezaten, batez ere gai teknikoei dagokienez, baldin eta gainerako kideek haien presentzia onartzen badute. Nolanahi ere, hitza izango dute, baina botorik ez.

Batzordeak hitzarmen honetan aurreikusitakoaren arabera jardungo du, eta, modu osagarrian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren hirugarren atalean xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.– Euskararen erabilera.

Hitzarmen honen esparruan, kongresuari buruzko dibulgazio-material, seinaletika, dokumentazio eta euskarri digital guztiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egingo dira gutxienez, hizkuntzaberdintasunaren printzipioa eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuz.

Era berean, hiru euskal administrazio publikoek konpromisoa hartzen dute Kongresuari lotutako jarduera publikoetan eta komunikazio-jardueretan euskararen erabilera sustatzeko, ponentzietan, materialetan eta jendearentzako arretan euskararen presentzia sustatuz.

Bosgarrena.– Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.

Alderdi sinatzaileek kontuan hartu beharko dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan indarrean dagoen legeria, eta, bereziki, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua. Hitzarmen hau dela-eta egiten diren argitalpen eta komunikazio guztietan, hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatuko da.

Seigarrena.– Finantzaketa.

Alderdi bakoitzak bere gain hartutako jarduketak finantzatzeko konpromisoa hartzen du, bigarren klausulan xedatutakoaren arabera, eta hitzarmen honek ez du funtsen transferentzia zuzenik ekarriko alderdi sinatzaileen artean.

Parte hartzen duen erakunde bakoitzak bere aurrekontuen kargura hartuko ditu hitzarmen honen arabera dagozkion jarduera eta konpromisoetatik eratorritako gastuak.

Alde horretatik, agertutako administrazioek, hirugarren klausulan ezarritako jarraipen-batzordearen esparruan, III. Kongresua garatzeko beren gain hartutako kostuen azken balantzea jarriko dute gainerako erakundeen esku, dokumentu honetan jasotako mugen eta akordioen barruan. Balantze horretan, nolanahi ere, ordaindutako fakturen erreferentzia jasoko da, banakako kostuarekin eta hornitzailearen identifikazioarekin.

Zazpigarrena.– Eraginkortasuna eta indarraldia.

Hitzarmen hau 2026-12-31ra arte egongo da indarrean; harta, seigarren estipulazioan aipatzen den funtsen gastu-balantzea, agertutako bakoitzak egiaztatu beharko duena, hitzarmena amaitu baino lehen egiaztatu beharko du.

Urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoak, 48.8 artikuluan adierazitakoaren arabera, hitzarmen hau eraginkorra izango da zazpigarren xedapen gehigarrian aipatzen den Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denean, formalizatzen denetik 5 egun balioduneko epean. Halaber, formalizatzen denetik 10 egun balioduneko epean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta beste aldizkari ofizial batzuetan ere argitaratu ahal izango da.

Zortzigarrena.– Aldaketak.

Hitzarmen honen edukia aldatu ahal izango da, alderdiek aho batez eta berariaz hala erabakitzen badute. Erabaki hori eranskin baten bidez formalizatuko da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 50. artikuluaren arabera izapidetuko da, sinatzeko egin zen izapide berari jarraituz.

Arau espresurik ez badago, sinatzaileen ahobatezko erabakia beharko da hitzarmenaren edukia aldatzeko. Aldaketa hori aipatutako legearen 50. artikuluan xedatutakoaren arabera izapidetuko da, eta sinatzeko izapidetze berari jarraituko zaio.

Bederatzigarrena.– Hitzarmena azkentzeko eta suntsiarazteko arrazoiak.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluaren arabera, hitzarmen hau azkendu egingo da haren xede diren jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoiren bat dagoenean.

Hitzarmena azkenduko da aurreikusitako jarduketak betetzen direnean, eta, bereziki, III. Kongresuaren garapena eta likidazio-jarduketak gauzatzen direnean edo suntsiarazteko arrazoiren bat dagoenean.

Akordioa suntsiarazteko arrazoi dira:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea.

b) Sinatzaileak aho batez hala erabakitzea.

c) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.

Halakoetan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio bete ez duen alderdiari, epe jakin baten barruan bete ditzan betegabetzat jotako betebehar edo konpromisoak. Errekerimendu hori jakinaraziko zaie hitzarmenaren betearazpenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta sinatu duten gainerako aldeei.

Errekerimenduan adierazitako epea igaro ondoren ez betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen aldeak hitzarmena suntsiarazteko arrazoia badagoela jakinaraziko die alderdi sinatzaileei, eta hitzarmena suntsitutzat emango da. Hitzarmena arrazoi horregatik suntsiarazten bada, gerta daiteke sortutako galerak ordaindu behar izatea, hala aurreikusi bada.

d) Erabaki judizial batek hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzea.

e) Indarrean dagoen legerian aurreikusitako beste edozein arrazoi.

Hamargarrena.– Ez-betetzeak eta ondorioak.

Administrazio sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez baditu, horietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio bete ez duen alderdiari, epe jakin batean bete ditzan bete gabekotzat jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, errekerimendua igorri zuen administrazioak beste alderdi sinatzaileei jakinaraziko die badagoela hitzarmena suntsiarazteko kausa bat, eta hitzarmena suntsitutzat joko da.

Hitzarmenaren konpromisoak eta xedea ezin badira gauzatu hitzarmenetik eratorritako betebeharrak betetzeko gerora sortutako ezintasunagatik, arrazoi materialak edo legalak direla-eta, administrazio sinatzaileek hitzartuko dute abian diren jarduketak amaitzeko modua, alderdi guztien interesei kalte gutxien eragingo diena.

Hamaikagarrena.– Publizitatea eta gardentasuna.

Hitzarmen honekin lotutako kanpo-proiekzioa duen edozein jardueratan, erakunde sinatzaile guztien lankidetza jasoko da, eta haien izena eta logotipoak jasoko dira, betiere erakunde guztiek xede horretarako ematen dituzten kanpo-irudiko jarraibideak errespetatuz.

Ekitaldiaren kartelak, euskarriak edo edozein publizitate-elementu egitea sustatzen duen erakundeak konpromisoa hartzen du hitzarmen honetan parte hartzen duten antolatzaile guztien izaera aipatzeko. Ildo horretan, material horietan Hirugarren Kongresuaren izenburua, data eta non egin zen adierazi beharko da, eta horietako bakoitza nahitaez gainbegiratu beharko da jendaurrean zabaldu aurretik.

Horretarako, administrazioek konpromisoa hartzen dute euskarri edo argitalpen bakoitzaren ardura duen administrazioari elementu edo euskarri horiek emateko. Emandako irudiak berandutzea edo desegokiak izatea dagokion erakundearen erantzukizun bakarra izango da, eta euskarriak gutxienez bost egun baliodun lehenago eskatu beharko zaio.

Aipamen horiek guztientzat berdinak izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntzakoofizialtasuna bermatuko da. Gainera, EAEko administrazioek bermatuko dute III. Kongresua egin ondoren egiten diren zabalkunde-jarduketetan dagozkion eskubideak biltzen direla, dagokion jarduketa, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetan hedatzen dela bermatzeko.

Hamabigarrena.– Datuen babesa.

Hitzarmen hau betearazteko behar diren datu pertsonalen tratamendua honako hauetan xedatutakoaren arabera egingo da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. Hirugarrenei ez zaie daturik emango. Datu pertsonaletarako irispidea duten pertsona guztiek datuak babesteko araudia bete beharko dute, eta betebehar horrek proiektua amaitu ondoren ere iraungo du.

Hamahirugarrena.– Lortutako emaitzak eta jabetza intelektuala.

Hitzarmen hau betetzeko egiten diren ponentzia, hitzaldi eta gainerako aurkezpenen titulartasuna, bai eta horiek babesten dituzten ikus-entzunezko materialena, grafikoena eta abarrena ere, horiek egin eta eman dituzten pertsonena izango da, kontraturen batetik eratorritako produktuen emaitzen kasuan izan ezik; kasu horretan, administrazio kontratatzaileari egokituko zaio titulartasuna.

Hitzarmena sinatzen duten erakundeek III. Kongresuaren esparruan ekoitzitako materialaren egileekin adostu ahal izango dute material hori eskuragarri izatea, egokitzat jotzen dituzten formulen eta irismenaren bidez. Ildo horretan, edozein administraziok III. Kongresuaren edukiak zabaltzeko interesa badu, alderdiek konpromisoa hartzen dute Kongresuaren esparruan sortutako materialaren gainean dituzten eskubideen eskuragarritasuna sustatzeko.

Etorkizunean alderdietako batek Hirugarren Kongresuaren edukiari eta materialari buruzko argitalpenak edo ikus-entzunezko ekoizpenak egin nahi baditu, aldez aurretik idatziz jakinarazi beharko die gainerako alderdiei, eta OMEri eta Aholkularitza Batzorde Zientifikoari jakinarazi beharko die, legez beharrezkoak diren gainerako baimenak alde batera utzi gabe.

Alderdietako batek hitzarmen honen xede diren jardueren bideoen, argazkien edo ikus-entzunezko beste edozein materialen grabazioak eta edizioak egiten baditu, horien titulartasuna egiten duen aldearena izango da, eta alderdi horrek konpromisoa hartuko du beste alderdiari kopia bat lagatzeko, eskatuz gero. Lagapen horrek berekin ekarriko du beste alderdiari baimena ematea hitzarmen honen arabera egindako ikus-entzunezko materiala herrialde guztietan eta indarrean dagoen legeriak baimentzen duen eperik luzeenean erreproduzitzeko, eraldatzeko, banatzeko eta jendaurrean komunikatzeko, baita Internet bidez publikoaren eskura jartzeko ere.

Era berean, alderdien lankidetzaren emaitzen gaineko jabetza intelektualaren eskubideak kasuan kasuko materiala edo obra egin duen alderdiarenak izango dira.

Hamalaugarrena.– Izaera juridikoa eta aplikatu beharreko araubidea.

Hitzarmen hau administratiboa da, administrazio artekoa, eta haren araubide juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan araututakoa izango da, eta lege horretan ezarritakoaren arabera arautuko da, bai eta administrazio publikoen arteko lankidetzaren arloan aplikatzekoak diren gainerako arauen arabera ere.

Hitzarmena interpretatzean eta betetzean sor daitezkeen auziak batera ebatziko dira Jarraipen Batzordean. Hori ezinezkoa bada, administrazioarekiko auzien jurisdikzioak izango du hitzarmen hau garatzean alderdien artean sor daitezkeen auziak ebazteko eskumena, eta uztailaren 13ko 29/1998 Legeak, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duenak, xedatutakoaren mende egongo dira.

Eta, ados daudela adierazteko eta aurretik adostutako guztia behar bezala jasota gera dadin, alderdiek protokolo hau sinatu dute digitalki, eta dokumentuaren formalizazio-datatzat azken sinatzailearen data hartuko da.

Egoitza elektronikoa, 2026ko maiatzaren 28a.

Imsersoko zuzendari Nagusia,

MARÍA TERESA SANCHO CASTIELLO.

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuko foru diputatua,

MAITE PEÑA LÓPEZ.

Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Ekintza Komunitarioko zinegotzi ordezkaria,

MARÍA JESÚS IDOETA MADARIAGA.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala