
121. zk., 2026ko ekainaren 29a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (281 KB - 14 orri.)
- EPUB (139 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2902
AGINDUA, 2026ko ekainaren 17koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskadiko liburutegietarako funts bibliografikoak sortu edo/eta berritzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia egin eta arautzen duena.
Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legeak 20.4 artikuluan ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumena duen sailak liburutegietako funtsak handitzeko laguntza-programak ezarriko ditu urtero bere aurrekontuetan.
Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 6.1.d) artikuluan.
Horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuaren arabera, Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen esparruan Euskadiko Liburutegien Irakurketa Publikoko Sareari dagozkio planifikazio-, funtzionamendu- eta koordinazio-egitekoak garatu eta gauzatzea.
Araudi horrekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren (EIPS) barruan dauden liburutegietako titularrekin batera, bere gain hartu du liburutegi horiek funtsez hornitzeko ardura, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan erabiltzaileen beharrei behar bezala erantzuteko, betiere.
Era berean, agindu hau Sailaren 2025-2028 epealdiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan (DPE 2025-2028) eta 2026ko Dirulaguntzen Urteko Planean (DUP 2026) jasota dago. (Agindua, Jaularitzako Lehenengo Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailbuiruarena, Sailaren 2026ko dirulaguntzen urteko plana onartzen duena, batetik, eta 2025-2028 epealdiko dirulaguntzen plan estrategikoa aldatzen duena, bestetik). Bi plan horiek Sailaren webgunean argitaratu ziren, helbide honetan: PES 2025-2028: Dirulaguntzen Plan Estrategikoa. // PAS 2025, 2026, 2027, 2028: Dirulaguntzen Urteko Planak.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila – Euskadi.eus
Adierazi behar da laguntza-deialdi honek aipatutako DPEren (2025-2028) helburuak lortzen laguntzen duela, erabilera eta interes sozialeko jarduera bat sustatzen den heinean, hala nola liburutegi-funtsak sortzea eta mantentzea Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Zehazki, eta plan horretan zerrendatutako helburu estrategikoei dagokienez, deialdi hau bat dator liburutegien euskal sistema garatzeko helburuarekin.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskadiko liburutegietako funts bibliografikoak berritzearen alde egindako sustapen-lana Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen edukiak bermatzen du.
Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean jasotako aurrekontu-kredituaren barruan.
Hori guztia kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Agindu honen eranskinean jasotako oinarriak onartzea, 2026an Euskadiko liburutegietako bibliografia-funtsak berritu edo/eta handitzeko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egiten duena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 17a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
ERANSKINA
2026ko Euskadiko liburutegietako funts bibliografikoak hornitu edota berritzeko dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak, oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egiten duena.
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen bidez, Euskadiko liburutegietako Funts bibliografikoak berritu edo/eta handitzeko dirulaguntzak emateko 2026ko ekitaldirako deialdia egiten da.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honetan iragarritako dirulaguntzak, gehienez ere, 1.000.000,00 eurokoak izango dira.
Aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira deialdiaren xede den laguntza-lerro bakoitzean, eta prozedura horren ebazpenak erabakiko ditu erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak.
2.– Zenbateko globala honela banakatuko da:
a) 15.000,00 euro, gehienez, liburutegi sortu berriek funts bibliografikoak eskuratu ditzaten.
b) 30.000,00 euro, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren euskal liburutegietako funtsak hornitzeko.
c) 955.000,00 euro, lehendik Irakurketa Publikoko Sarean dauden liburutegiek funts bibliografikoak berritu ditzaten.
3.– Liburutegi sortu berrietarako fundazio-sortei eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren liburutegiei dagokien kopurua agortzen ez bada, soberakina Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako funts bibliografikoak berritzeko erabiliko da.
3. artikulua.– Izapidetzea.
1.– Erakunde interesdunek, prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte nahitaez, honako hauen bidez: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako gainerako erregistro elektronikoak.
2.– Izapidetzeko jarraibideak, ereduak eta eskabide-inprimakia eskuragarri jarriko dira administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide hauetan:
Liburutegi sortu berriak: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1037523
Sarekoak ez diren Liburutegiak: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1037524
Euskadiko irakurketa publikoko sareko Liburutegiak: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1037525
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira arauak, laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak eta, hala badagokio, laguntza emateko proposamena egingo duten organoen osaera. Halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren eta orokorrean eragiten dieten egintzak argitaratuko dira.
3.– Eskaeraren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/
4.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Eskaera eta ondorengo izapideak ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
6.– Deialdiaren xedea betetzen ez duten eskabideak ez dira onartuko.
4. artikulua.– Onuradun izateko eskakizunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, liburutegi publikoen titular direnek, toki-erakunde eskudunek, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal liburutegi publikoen arloan eginkizunak esleituta dituzten udal erakundeek ere, baldin eta haien liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak badira, agindu honetan funtsak hornitzeko eta/edo berritzeko ezarritako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte. Gainera, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak izanik toki-erakundeek kudeatzen ez dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko beste liburutegi batzuek ere jaso ahal izango dituzte laguntzak. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegien titular diren eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren pertsona juridiko pribatuek ere jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta artikulu honetako 4.2 atalean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
EIPSko liburutegietarako dirulaguntzen lerroetan, udalerri bakoitzeko erakunde onuradun bakarra egon daiteke; beraz, eskabide bat baino gehiago dauden udalerrietan, lehentasuna izango du udalak, gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.
Eskatzaile bat baino gehiago badago, eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen dituen erakundeak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, erakunde eskatzaileek liburutegi kopuru bera kudeatzen badute, lehentasuna izango du liburutegi-funts gehien dituenak.
2.– Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako gainerako egoeraren batean dauden erakundeek ezin izango dituzte laguntzak eskuratu.
3.– Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, hala xedatuta baitago Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluaren e) letran, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere ordainduta izan beharko dituzte, bai eskabidea egitean, bai likidazioa egitean.
4.– Baldintza hauek betetzea ere ezinbestekoa da:
1.– Liburutegi sortu berrietarako fundazio-sortak erosteko dirulaguntzak emateko:
a) Erakunde eskatzaileak 2026rako edo azken ekitaldian partida ekonomiko propio bat izatea liburutegi sortu berria(k) funtsez hornitzeko, edo 2026an diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Partida horren gutxieneko kopurua agindu honen 11. artikuluaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion zenbatekoaren ¼ adinakoa izango da.
b) Dirulaguntza jasoko du(t)en liburutegia(k) Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartuta egotea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.
c) Liburutegi horiek sortuak izatea eta jardunean egotea 2026ko Aginduaren eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agindu honetan eskabideak aurkezteko ezarritako azken egunera bitartean, eta helburu horretarako beste inolako dirulaguntzarik jaso ez izana Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskutik.
d) Liburutegiak sortu berriak izatea, eta ez lehendik zirenak eta berriz zabaldu direnak.
e) Liburutegi berriak etengabe jardunean izatea, eta ez aldizkako zerbitzu bereziak izatea edo aldian behingo ekitaldietarako sortuak.
f) Liburutegi berrien titulartasuna udalarena edo toki-erakunde eskudunarena izatea, edota tokiko kapital publikoak % 100eko partaidetza duen entitate publiko batena.
2.– Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren liburutegientzako dirulaguntzak:
a) Liburutegiak Euskadiko Liburutegi Sistemakoak izatea.
b) Liburutegi eskatzaileek beren funts bibliografikoak jendaurrean kontsultatzeko zerbitzua izatea.
c) Funts bibliografikoen katalogoa Interneten eskuragarri egotea.
3.– Lehendik Irakurketa Publikoko Sarean dauden liburutegiei funts bibliografikoak berritzeko dirulaguntzak emateko:
a) Entitate eskatzaileak 2026an partida ekonomiko propio bat izatea funts bibliografikoak berritzeko, edo 2026an diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Partida horren gutxieneko kopurua agindu honen 11. artikuluaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren 1/4 adinakoa izango da.
b) Dirulaguntza jasoko duten liburutegiak Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan sartuta egotea.
c) Eskaera aurkezten den egunean liburutegi hori(ek) jardunean egotea.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduera eta gastuak.
1.– Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako funtsen katalogoan sartuko diren eskuz idatzitako, inprimatutako edo edozein euskarritan erreproduzitutako liburuen, aldizkako edo serieko argitalpenen, grabatuen, mapen, soinu-grabazioen, dokumentazio grafikoaren, argazkien, ikus-entzunezkoen, multimedia-materialen, dokumentazio elektronikoaren eta bestelako material edo informazio iturrien edozein bilduma erosteko dirulaguntzak jaso ahal izango dira, bai eta liburutegiko katalogoan eskuratzeko ere, EIPSkoak ez direnen kasuan.
Dirulaguntza horiek honako funts hauek erosteko diru-ekarpenak izango dira:
1.– Liburutegi sortu berrietarako fundazio funts bibliografikoak eskuratzeko.
2.– EIPSkoak ez diren liburutegietarako funts bibliografikoak eskuratzeko.
3.– Lehendik, Irakurketa Publikoko Sarean dauden liburutegietako funts bibliografikoak berritzeko.
Kasu guztietan beharrezkoa izango da dirulaguntzaren % 25 gutxienez euskaraz argitaratutako obrak erosteko erabiltzea.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da, eta diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, lege honetan aurreikusitako ondorioetarako, diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta dirulaguntzen oinarri arautzaileetan ezarritako epean egiten direnak. Zehazki, 2026ko abenduaren 31 baino lehen benetan ordaindu dena hartuko da egindako gastutzat.
3.– Erakunde onuradunak jarduera azpikontratatu ahal izango du, osorik edo zati batean, dirulaguntza arautzen duen araudiak hala aurreikusten duenean. Onuradunak hirugarrenekin azpikontratatzen duen diruz lagundutako jarduerak ez du dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan finkatutako ehunekoa gaindituko. Aurreikuspen hori agertzen ez bada, onuradunak gehienez diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren ehuneko 50 azpikontratatu ahal izango du.
6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.
1.– Organo instrukzio-egileak automatikoki egiaztatuko du erakunde onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela, haiei baimenik eskatu beharrik izan gabe. Nolanahi ere, eskatzaileak organo instrukzio-egilearen ofiziozko egiaztatze horren aurka ager daitezke, horretarako arrazoiak emanda. Hala eginez gero, ordea, kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.
2.– Eskabidea formatu elektronikoan egiteko inprimaki-ereduak barnean hartuko ditu beharrezko erantzukizunpeko adierazpenak, honako alderdi hauei buruzkoak:
a) Edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraztea, bai eta gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa ere.
Helburu bererako beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskatu edo lortu ez bada, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
b) Eskatzaileak ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, edo ez izatea horretarako ezgaitzen dituen legezko debekurik, sexu-diskriminazioagatiko zehapen administratibo edo penalei dagozkienak barne, edo debeku horrekin zigortuta egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginaren arabera (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori), bai eta otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan (trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko legea) ezarritakoa ere.
c) Oro har, dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debekuetako baten eraginpean ez egotearen adierazpena.
d) Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak. Hala ere, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, subjektu onuradun izateko proposatzen direnek berretsi egin beharko dute erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla, dagokion dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik ordeztutako dokumentazioa aurkeztuta.
3.– Eskabidea legez eratutako toki-erakundeek edo liburutegi publikoen arloan eskumena dutenek egiten badute, agiri bidez egiaztatu beharko dute beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela.
Dokumentu hori Euskadiko Administrazio Orokorraren esku badago, ez da beharrezkoa izango berriro aurkeztea, baina eskatzaileak zer prozeduratan eta zer organori aurkeztu zion adierazi beharko du.
7. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Hilabetekoa izango da agindu honetan araututako eskabideak aurkezteko epea, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen 3. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan.
Entitate eskatzaileek eskabidea eta agiriak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen, Jabetza Intelktualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren arduradunari dagokio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agiriak edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango zaio.
10. artikulua.– Eskaerak ebaluatzea.
Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzako arduradunari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta dagokion ebazpen-proposamena egitea eta Kulturako sailburuordeari helaraztea ere. Ebazpen horretan organo kudeatzailearen txostena jasoko da, eta txosten horretan jasoko da organo kudeatzailearen esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradunek baldintza guztiak betetzen dituztela laguntzak jasotzeko.
Prozeduran interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak baino ez direnez agertzen eta kontuan hartzen, proposamen hori behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko prozesua eta zenbatekoen mugak.
Laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira agindu honen 2. artikuluan zehaztutako laguntza-lerro bakoitzaren diru-baliabideak. Banaketa-prozedura hautatzeko, «Liburutegi publikoen zerbitzua garatzeko IFLA/ Unesco Jarraibideak» dokumentua hartu da oinarritzat, eta, bereziki, liburuak eskuratzeko eta ezabatzeko indize orokorrak, biztanleriaren arabera desiragarria den eskuratze-kopurua ezartzen dutenak. Irizpide horiek Euskal Autonomia Erkidegoko errealitatera eta berezitasunetara egokitzen saiatu da, liburutegi bakoitzaren xede-biztanleriarekiko banaketa proportzionala bilatuz, liburutegi txikienen aldeko konpentsazio txiki batzuekin.
1.– Liburutegi sortu berrietarako funts-sortak eskuratzeko dirulaguntzaren zenbatekoa finkatzeko orduan, prozedura hau beteko da.
Liburutegi sortu berrien funts-sortei dagokien lerroan hasiko da banaketa, eta jarraian azaltzen diren zenbatekoak esleituko dira, biztanleria-irizpidearen arabera egindako taldeak aintzat hartuz:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Biztanleen kopuruak ez die nahitaez erakunde onuradunaren udalerriko biztanle guztiei erreferentzia egiten, baizik eta diruz lagundu nahi d(ir)en liburutegi(ar)en eragin-eremuko biztanleei.
Agindu honen 2.2.a) artikuluan adierazitako zenbatekoa nahikoa bada horrela kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko, kopuru horien arabera banatuko dira dirulaguntzak, eta, soberakinik geratzen bada, funts bibliografikoak berritzeko laguntzetara bideratuko da.
Kalkulatutako kopuruen batura orokorrak banatzeko dagoen zuzkidura gainditzen bada, kopuru horien zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, laguntzen bolumen osoak zuzkidura horrekin bat egin arte.
2.– Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegietarako laguntzak honela finkatuko dira:
a) Atal honetarako partida eskabide guztien artean banatuko da kopuru berdinetan, eta nolanahi ere, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntza ezin izango da 5.000,00 eurotik gorakoa izan.
b) Murrizketen ondorioz soberan geratzen den kopuru osoa murrizketek eragiten ez dieten gainerako eskabideen artean banatuko da, aipatutako formula berriro aplikatuz eta lortutako zenbatekoei gehituz. Soberakinak banatzeko eragiketa hori behar beste aldiz egingo da, harik eta zuzkidura agortu arte, hala badagokio, edo dirulaguntza jakin guztien zenbatekoak baimendutako gehienekora iritsi arte.
c) 2.2.b) artikuluan adierazitako zuzkidura nahikoa bada horrela kalkulatutako zenbatekoak estaltzeko, zenbateko horien arabera esleituko dira laguntzak. Hala ez balitz, taldeko eskaera guztien artean hainbanaketa egingo litzateke. Hainbanaketarako, kasuan-kasuan esleitu beharreko zenbatekoa banaketa proportzionaleko sistemaren arabera finkatuko da, hiruko erregela soil baten bidez. Aitzitik, banaketak soberakin bat sortuko balu, funts bibliografikoak berritzeko lerroaren zuzkidura handituko litzateke.
3.– Azkenik, EIPSko liburutegietako funts bibliografikoak berritzeko dirulaguntzen lerroari dagokion zuzkidura banatuko da.
a) Dauden diru-baliabideak agindu honetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten erakunde eskatzaileen artean banatuko dira.
b) Eskatzaile bakoitzari eman beharreko kopuru zehatza zehazteko, biztanleria-irizpidea aplikatuko da.
c) Banatu beharreko diru-kopurua zehazteko, honako irizpide hau erabiliko da:
Biztanleria-irizpidea: erakunde onuradunaren udalerriak zenbat biztanle dituen hartuko da kontuan. Horretarako, biztanleen araberako multzoak ezartzen dira, zeinei indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko baitzaizkie: zenbat eta biztanle gutxiago izan onuradunek, orduan eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.
d) Biztanleria homologatua (P).
Herri guztiak biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira, eta, horrela, herrien P balore homologatua lortzen, sailkapen honen arabera:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
25.000tik 25.000ra jarraitzen du, bai biztanleriaren tartean, bai P-ri dagokionez ere.
Adibideak: 3.248 biztanleko populazioa duen udalerri bat 4.000rekin parekatuko litzateke, eta 54.949 biztanlekoa duen beste bat 60.000rekin.
e) Indize zuzentzailea (IZ).
Honako koefiziente zuzentzaile hau ezarriko da:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
f) Formula.
Formula hau aplikatuta kalkulatuko da dirulaguntza:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
g) Faktoreak.
a) DK: agindu honetara bideratutako baliabide ekonomikoak, liburu-funtsak berritzera bideratutakoak, gehi, hala badagokio, liburutegi sortu berrientzako eta EIPSekoak ez diren liburutegientzako zuzkiduratik agortu gabeak.
b) B: erakunde onuradun bakoitzari dagokion balorea, hau da, eskatzaile bakoitzaren P eta IZ faktoreen biderkadura.
c) BB: erakunde onuradun guztien B baloreen batura.
Formula hori aplikatzetik ateratzen den kopurua izango da dirulaguntzaren gehieneko muga, eta, gainera, ezin izango da inola ere izan erakunde eskatzaileak xede honetarako bideratutako baliabide propioen % 400 baino handiagoa izan, ezta 150.000,00 euro baino handiagoa ere. Beraz, ondoren aurreikusitako irizpideen arabera kalkulatutako hasierako zenbatekoa handiagoa bada adierazitako muga horiek baino, baimendutako mugetaraino murriztuko da kopuru hori.
4.– Eskatutako jarduerak egiteko onartutako aurrekontuaren % 80raino irits daiteke dirulaguntza. Gehieneko ehuneko hori mantendu egin beharko da azkenean justifikatutako kopuruekiko. Bestela, dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa ezarriko da dagokion kopuruan, eta bidegabe jasotako zenbatekoa itzultzeko prozedura hasiko da.
5.– Deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatuta lortutako zenbatekoak aurreko edo ondorengo zenbaki osora biribilduko dira. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoak deialdian finkatutako kreditua gainditzen badu, finantzaketa handieneko proiektutik kendu egingo da ateratzen den aldea.
12. artikulua.– Bateragarritasunak.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.
13. artikulua.– Ebazpenak, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelktualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren arduradunak egindako proposamena ikusita, deialdi honetako esleipen-ebazpenak ematea. Ebazpen horietan, honako informazio hau adieraziko da: eskatutako dirulaguntza ematea, ukatzea eta, hala badagokio, ez onartzea; ematen bada, erakunde onuradunaren izen soziala eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukapenen eta onartu gabe geratzen direnen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala eta eskabidea ez onartzeko zergatiak azalduko dira.
2.– Hartutako ebazpenak bide elektronikoz jakinaraziko zaizkie erakunde interesdunei, «Nire karpeta» atalaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko kontuan hartu beharreko data, lehenik egiten den jakinarazpen edo argitalpenarena izango da.
Ebazpena bide elektronikoz jakinarazi eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeaz gainera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela aditzera emateko. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.
3.– Aurreko lerrokadan aipatzen diren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Jaurlaritzaren lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritako ondorioetarako.
5.– Hala ere, aurreko lerrokadan adierazitakoa gorabehera, agindu honen 9. artikuluan aurreikusitakoa aplikatzekoa denean, ebazteko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen denboraz, jakinarazpena jaso izanaren eta erantzuteko epearen arabera, betiere 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.
6.– Dirulaguntza ordaindu ahal izateko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta egon behar da. Erregistratuta egon ezean, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa helbide honetan sartuta egingo da: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa
7.– Dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki ahal izango du, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan zerrendatutako betekizunak betetzen direnean.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu dutela ulertuko da.
b) Jarduera aurrera eramatea, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
c) Dirulaguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela. Besteak beste, erakundeak egunean izan behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko zorrak ere.
d) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo dirulaguntzei dagokienez, eta, gainera, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
e) Beste edozein administraziok, erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.
f) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari.
g) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede bererako laguntzarik eskatu bazaie, eta agindu honetako dirulaguntzetarako eskabidea aurkezteko unean ebatzi gabe bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.
h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa betez, ez dute hizkera sexistarik erabiliko. Gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egotea bermatuko dute.
i) Oro har, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.
j) Laguntza hauek jasotzen dituen onuraduna behartuta dago liburutegi informatizatuetako katalogoak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren esku jartzera, hain zuzen ere Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) sar daitezen eta, horrela, herritarrek liburutegietan eskuragarri dauden funtsen berri izan dezaten.
15. artikulua.– Justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.
1.– Dirulaguntzak aurretiaz emango dira ordainketa bakar batean, aurreko paragrafoetan jasotzen denez, Kultura sailburuaren ebazpena argitaratu ondoren.
2.– Bitarteko telematikoen bidez baino ez dira aurkeztuko dirulaguntza justifikatzeko agiriak, 2026ko abenduaren 18a baino lehen.
Ezarritako justifikazio-epea igaro eta administrazio-organo eskudunari aurkeztu ez bazaio, organo horrek onuradunari eskatuko dio hamabost egun balioduneko epe luzaezinean aurkez dezala. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da, dirulaguntza eman duen organoaren erabakiz, bai bere ekimenez, bai goragoko agindu baten ondorioz, beste organo batzuen eskaera arrazoituaren ondorioz edo salaketa baten ondorioz. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak emandako dirulaguntzen finantza-kontrolaren txostenaren ondorioz ere hasiko da. Hala ere, espedientea hasteko eta izapidetzeko prozedura emakida-emailea ez den beste organo batean deskontzentratzeko aukera ezarri ahal izango da; nolanahi ere, espedientea ebaztea azken organo horri dagokio. Dirua itzultzeko prozedura hasteko erabakiak automatikoki etengo ditu ordaintzeke dauden eta dagokion dirulaguntzari dagozkion zenbatekoen igorpenak.
Onuradunak aldez aurretik eskaera egiten badu, eta eskaera horrek behar bezala justifikatzen badu justifikazioa ezarritako epean egitea eragozten duten arrazoiak, organo emaileak epe hori luzatzea erabaki ahal izango du, hura amaitu aurretik, betiere hirugarrenaren eskubideei kalterik egiten ez bazaie.
3.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
4.– Justifikazio dokumentala egiteko, kontu-hartzailearen edo idazkari kontu-hartzailearen «justifikazio-ziurtagiria» aurkeztu beharko da, non zehaztuko baitira egindako gastua eta helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen zerrenda, halakorik balego. Dokumentu hori eskuragarri dago administrazio-prozeduraren informazio-fitxan, helbide hauetan:
Liburutegi sortu berriak: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1037523
Sarekoak ez diren Liburutegiak: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1037524
EIPSko Liburutegiak: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1037525
Halaber, Dirulaguntzak arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, gastuak egin direla egiaztatzeko, jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, bai eta merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako dokumentuak ere, betiere zorrotz beteta Dirulaguntzak arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen Erregelamenduko 73. artikuluan bildutako betekizunak.
Gainera, diruz lagundu daitekeen gastua errazago egiaztatze aldera, zerrenda bat aurkeztu beharko da Excel formatuan, eta gutxienez honako eremu hauek jaso beharko ditu: hornitzailea, faktura-zenbakia, jaulkipen-data, zerga-oinarria, BEZa eta zenbateko osoa. Udalek Excel edo CSV formatuko esportazio bat aurkeztu ahal izango dute, kontabilitate-aplikaziotik zuzenean sortutakoa, baldin eta esportazio horrek aipatutako nahitaezko eremuak baditu eta gastua modu argi eta ordenatuan egiaztatzea ahalbidetzen badu.
Nolanahi ere, Exceleko zerrendarekin batera aplikatu beharreko araudiak eskatzen dituen jatorrizko fakturak eta egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, zerrenda aurkezteak ez baitu ordeztuko gastua egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko betebeharra.
Aurkeztutako agiriak jasota eta aztertuta, edo epe hori igarota, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelktualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren arduradunak likidazio-ebazpenaren proposamena helaraziko dio Kulturako sailburuordeari, ebazpena eman dezan bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
Hauek dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.
c) Dirulaguntzen arloko edozein xedapenek ezarritako beste edozein betebehar orokor ez betetzea, eta, bereziki, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa ez betetzea.
d) Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.
17. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak tratatu egingo dira eta Kultura Ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
• Arduraduna: Kultura Ondarearen, Jabetza Intelktualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritza. Kultura eta Hizkuntza-Politika Saila.
Donostia kalea, 1, 01010, Vitoria-Gasteiz, Araba.
Telefonoa: 945 01 80 00.
Web-orria: https:/euskadi.eus
• Xedea: Kultura Ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.
• Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzearen alde egindako misio bat betetzeko beharrezko tratamendua.
• Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoak.
• Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
• Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web orri honetara: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa2-eu.shtml
Araudia:
• Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)
• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: https://www.boe.es/buscar/doc.php?lang=eu&id=BOE-A-2018-16673
RSS