
121. zk., 2026ko ekainaren 29a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (143 KB - 4 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2899
AGINDUA, 2026ko ekainaren 18koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez deialdi publikoa iragartzen baita Baliabide Orokorren Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkari lanpostu bat izendapen askez betetzeko.
Baliabide Orokorren Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkari lanpostua hutsik dagoenez (kodea: 520010; dotazioa: 7), sail honek erabaki du iragartzea izendapen askez beteko dela eranskinean aipatzen den lanpostua, Euskal Funtzio Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 94.9 eta 102.2 artikuluen arabera, eta Enplegu Publikoko Zuzendaritzak aldeko txostena bidali eta gero. Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1) Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek eta EAEko administrazio orokorrarekin lotuta dauden zuzenbide pribatuko ente publikoetako karrerako funtzionarioek, lanpostu-zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean daude zehaztuta).
Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdian, honako egoera hauetan izan ezik:
– Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.
– Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora (2 urte).
Bigarrena.– Eskabideak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira parte hartzeko eskabideak.
EAEko Administrazio Orokorrean eta haren organismo publikoetan jardunean dauden karrerako funtzionarioek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskabideak. Jakina bidez eta Internet bidez sar daiteke atari horretara, helbide honetatik: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/funtzio-publikoa/hasiera/
Gainerako izangaiek erregistro elektronikoaren bidez bidaliko dituzte eskabideak, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Agindu honen eranskinean ezartzen da lanpostuen zerrendaren arabera zer baldintza bete behar diren 520010/7 goi-kargudunaren idazkari lanpostua betetzeko.
Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:
a) Tituluak.
b) Sektore publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, eskaintzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntza-gaitasunak.
f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzio eta zereginekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu eta konpetentzia guztiak.
Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, baldin eta EAEko administrazio orokorraren Langileen Erregistroan ez badaude.
Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio izangaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileak ezin izango dira jabetu esleitutako lanpostuaz.
Laugarrena.– Ebazpena.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren agindu bidez ebatziko da deialdi hau, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Agindu hori EHAAn argitaratu beharko da.
Lanpostua lortzen duenak esleipen-aginduan ezarritako datan jabetu beharko du lanpostuaz, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.
Ebazpen hori arrazoitzeko, kontuan hartuko da izangaiak deialdian eskatzen diren baldintzak eta zehaztapenak bete dituela, izendapena egiteko eskumena dagoela, eta lanpostuari buruz monografian ezarritako eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela. Horretarako, gainerako izangaiekin (baldin badaude) alderatuko dira merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza).
Deialdia hutsik geratu dela deklaratu daiteke, baldin eta izangaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren baldintzak edo izangaietako bat ere ezin bada egokitzat jo, deitutako lanpostua betetzeko behar beste merezimendu eta konpetentzia ez dituelako.
Bosgarrena.– Baliabideak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 18a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
ERANSKINA
Lanpostuaren datuak:
Deitutako lanpostua: goi-kargudunaren idazkaria.
Kodea: 520010.
Dotazioa: 7.
Kidegoa/Eskala: EGC101 Administrarien kidegoa – Administrarien esk.
Kidegoa/Eskala: EGC201 Administrari Laguntzaileen Kidegoa – Administrari laguntzaileen esk.
Lanpostu-mailako osagarria: 18.
Berariazko osagarria: VI-A.
Kokapena:
Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autobobernua.
Baliabide Orokorren Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritza – Vitoria-Gasteizko egoitza.
Herria: Vitoria-Gasteiz.
Hizkuntza-eskakizuna: 2.
Derrigortasun-data: 2006-03-31.
Lanpostu-zerrendako betekizunak edo berariazko ezagutzak:
Hizkuntza eskakizuna: arestian aipatutakoa.
Lan-baldintzak: goi-kargudunekin maiz harremanetan jartzea. Eskuarki, informazio konfidentzialarekin lan egitea. Lan-jardunaldiak luzatzeko prestasuna.
RSS