
120. zk., 2026ko ekainaren 26a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (194 KB - 12 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2871
AGINDUA, 2026ko ekainaren 2koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez 2025-2026 ikasturterako beka-deialdia egiten baita nautika- eta arrantza-arloko ikasketak egiteko, honako ikastetxe hauetan: Pasaiako Blas de Lezo LHII; Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskola.
Arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza-politika egokiari eustea da, besteak beste, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren helburuetariko bat. Horregatik, arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuteko, beharrezkoa da itsas langileei eta, oro har, merkatuaren eskakizunetara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiei bekak emateko deialdia egitea, Europatik eskatzen denari egokitutako prestakuntza jaso dezaten arrantza-sektore osoaren mesedetan.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta dirulaguntza publikoen arloan aplikatzekoa den araudi autonomikoan xedatutakoaren arabera, deialdiak honako printzipio hauek ditu oinarri: publizitatea, norgehiagoka, aukera-berdintasuna, objektibotasuna, gardentasuna, eraginkortasuna eta efizientzia. Printzipio horiek bermatzen dute prozedura irisgarria, diskriminaziorik gabea eta baliabide publikoak hobeto erabiltzera bideratua izatea.
Ekonomiaren Garapen, Elikadura, Landa-garapen eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 438/2024 Dekretuan ezarritakoaren eta dekretu hori aldatzen duen abuztuaren 28ko 165/2025 Dekretuaren arabera –438/2024 Dekretua aldatzekoa–, Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko Sailburuordetzari dagozkio: «Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako prestakuntza. Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea. Kirol-nabigazioko irakaskuntza». Bestalde, 438/2024 Dekretuaren 14.1.p) artikuluak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari esleitzen dio egiteko hau: «itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea».
Adierazi behar da aurreko ekitaldietako deialdietan parte-hartze handia izan dela, eta horrek agerian uzten duela ikasleek interes handia dutela nautikako eta arrantzako ikasketak egiteko. 2023-2024 ikasturtean 173 pertsonak jaso zuten beka, hots, 169 gizonezkok eta 4 emakumezkok, eta, 2024-2025 ikasturtean, 142 pertsona izan ziren onuradunak, hots, 135 gizonezko eta 7 emakumezko. Datu horiek agerian uzten dute, alde batetik, gisa horretako laguntzak eskatzen jarraitzen ari dela, eta, bestetik, prestakuntza nautiko-arrantzakoaren alde egiten dutenentzako laguntza ekonomikoari eutsi beharra, baita sektorean emakumeen parte-hartzea sustatzen jarraitu beharra ere.
Eskumen-esparru horren barruan, eta lehen paragrafoan aipatutako helburu hori lortzeko, hain zuzen ere, egin dugu beken deialdi hau, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraikiz. Horrekin lotuta, 2025eko ekitaldian, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2025eko ekainaren 4ko Agindua argitaratu zen, zeinaren bidez beka-deialdia egiten baita nautika- eta arrantza-arloko ikasketak egiteko, 2024-2025 ikasturtean, honako ikastetxe hauetan: Pasaiako Blas de Lezo LHII, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskola (2025eko ekainaren 10eko EHAA, 108. zk.).
Deialdi hau Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026., 2027. eta 2028. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoan jasota dago, zeina Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2026ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez onartu baitzen, eta bertan aurreikusitako helburuak, jarduketak eta adierazleak lortzen laguntzen du.
Zehazki, laguntza-lerro hau hazkunde- eta ongizate-ereduari buruzko ardatz estrategikoan txertatzen da, lehen sektorea eta arrantza-sektorea sustatzeari eta ekoizpen-egitura sendotzeari lotutako helburuaren barruan, eta nautikako eta arrantzako irakaskuntzen arloko gaikuntza eta prestakuntza bultzatzea du helburu.
Beka hauen bidez, prestakuntza espezializaturako sarbidea erraztu nahi da, horrela, hartzaileen lanbide-kualifikazioa hobetzeko, eta, ondorioz, arrantza-sektorea indartu, profesionalizatu eta belaunaldi-aldaketa bultzatzeko, bat etorriz aipatutako planean aurreikusitako helburuekin, jarduerekin eta adierazleekin.
Halaber, oraingo deialdian, berriz ere aukera ematen da lantokiko prestakuntzako moduluei (LP) bekak emateko, heziketa-zikloen parte diren aldetik (B eta C mailak), baldin eta 3. zerrendako arrantza-ontzietan egiten badira, hala ezartzen baita Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua eta ezarpena arautzen dituen ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.).
Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, bat etorriz Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretuan xedatutakoarekin, eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak proposatuta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia eta oinarri arautzaileak.
Agindu honen xedea da 2025-2026 ikasturterako beka-deialdiaren oinarriak onartzea, nautika- eta arrantza-arloko ikasketak egiteko, honako ikastetxe hauetan: Pasaiako Blas de Lezo LHII; Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskola. Deialdiaren oinarriak agindu honen I. eranskinean daude jasota.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hileko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 2a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
I. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK
1. oinarria.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da beka-deialdia egitea nautika- eta arrantza-arloko ikasketak egiteko, 2025-2026 ikasturtean, honako ikastetxe hauetan: Pasaiako Blas de Lezo LHII; Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskola.
2. oinarria.– Finantzaketa.
1.– Gehienez ehun eta hogeita hamabi mila eta hirurogeita hamasei euro (132.076 euro) bideratuko dira 2025-2026 ikasturterako iragarritako bekak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko guztizko zenbatekoa % 40 emendatu ahal izango da. Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpen baten bidez egingo da emendatze hori, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita. Argitalpenak, baina, ez du eragingo eskabide berriak aurkezteko epe bat hastea, ezta ebazteko beste epe bat hastea ere.
3. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Eskatzaile guztiek, onuradun izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte:
a) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako legezko debekuren baten pean.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko nautika- eta arrantza-arloko irakaskuntzak ematen dituzten hiru eskoletako batean matrikulatuta egon izana, 7. oinarrian adierazitako ikasketetan, 2025-2026 ikasturtean.
2.– Gainera, 7. oinarriko B eta C mailetan dauden eskatzaileek betekizun espezifiko hauek bete beharko dituzte:
a) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskolatzeko beka- eta laguntza-deialditik kanpo geratu izana (Hezkuntzako sailburuaren 2025eko uztailaren 28ko Agindua, unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko beka, laguntza eta sorospenetarako deialdia egiten duena 2025-2026 ikasturterako – 2025eko abuztuaren 8ko EHAA, 149. zk.).
b) Prestakuntzaren zati praktikoa (lantokiko prestakuntza) jarduneko arrantza-ontzidiaren erroldan 3. zerrendan inskribatuta dauden arrantza-ontzietan egitea, hala ezarrita baitago Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua eta ezarpena arautzen dituen ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.).
c) Lehenengo mailan, enpresako prestakuntza egitea, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuan eta Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.
4. oinarria.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, 5. oinarrian aipatzen diren nahitaezko agiriak aurkeztu beharko dira.
2.– Eskatzaileek, pertsona fisikoak direnez, aurrez aurre nahiz elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:
– Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztuko dira zuzenean: Blas de Lezo LHII (Marinos kalea 2, 20110 Pasaia, Gipuzkoa) eta Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII (Ongintza kalea zg, 48370 Bermeo, Bizkaia); Eusko Jaurlaritzako Zuzenean arreta emateko bulegoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko batean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuaren arabera.
Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian aurkeztu beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten.
– Elektronikoki: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, helbide hau erabiliz: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030111
Eskabidea eta agiriak aurrez aurre edo elektronikoki aurkezteak ez dakar bide bera erabili beharra prozeduraren hurrengo izapideetan; aitzitik, noiznahi aldatu ahal izango da modua.
3.– Eskabidea, zinpeko adierazpena, justifikazioak eta gainerako agiriak, baita agindu honen bidez onartzen diren gainerako nahitaezko ereduak eta memoriak ere, nola izapidetu jakiteko argibideak –aurrez aurre nahiz elektronikoki– egoitza elektronikoaren helbide honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030111 Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/.
4.– Agindu honen bidez onartzen den eskabide-eredu normalizatuak II. eranskinean xedatutako edukia izango du.
5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordetzeen erregistro elektronikoaren bitartez.
6.– Baldin eta eskabideak ez baditu biltzen oinarri honetan eskatutako agiriak, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari hutsa zuzentzeko eskatuko zaio, hamar egun luzaezineko epean, eta adieraziko zaio, halaber, horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
7.– Beka jasotzeko eskabidea, eskatutako agiriekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5. oinarria.– Agiriak.
1.– Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren edo AIZren fotokopia.
b) Familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia. Baldin eta familia-unitateko kideren batek ez badu aipatutako aitorpena aurkezten, aurkeztera behartuta ez dagoelako, horixe egiaztatu beharko du foru-ogasunaren ziurtagiri baten bidez, eta, era berean, egiaztatu beharko ditu, nominen edo ordainagirien bidez, lanagatik, langabezia-subsidioarengatik, pentsioarengatik edo antzeko kontzeptuengatik jasotako zenbatekoak.
c) Familia-elkarbizitzaren ziurtagiria.
d) 2025-2026 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko nautika- eta arrantza-arloko irakaskuntzak ematen dituzten eskoletako batean matrikulatu izanaren egiaztagiria.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izateari buruzkoa.
f) Erantzukizunpeko adierazpena, dagokion Foru Ogasunarekiko zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekiko ordainketa-betebeharrak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izateari buruzkoa.
g) Hirugarrenaren altaren inprimakia. Elektronikoki izapidetu daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
h) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat ere ez izateari buruzkoa:
– Ez kondenatuta egon izana, epai irmo bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Ez egin izana hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaririk, ez egotea kaudimengabetzat deklaratuta prozedura batean, ez egotea hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, eta ez egotea epailearen esku-hartzearen mende edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
– Ez eragin izana Administrazioarekin egindako kontraturen baten amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
– Pertsona fisikoa ez egotea lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa; 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena. Halaber, ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargurik, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako zehaztapenen arabera.
– Egunean izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, erregelamenduz zehazten den moduan.
– Egoitza fiskala ez izatea paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean.
– Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera –agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da–.
– Ez zehatuta egotea, ebazpen irmo bidez, dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzera, hala ezartzen duen legearen arabera. Zehazki, ez jaso izana zehapen administratibo edo penalik sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako epea iragan gabe.
2.– Dirulaguntza-eskaera aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari zuzenean eskuratu ditzan beste administrazio publiko batek egindako agiri guztiak, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoarekin.
3.– Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, eskatzaileek administrazio honetan edo beste administrazio publiko batean aurkeztu badituzte eskatutako agiriak, eta berariaz adierazten badute ez dela aldaketarik izan, ez dute agiri horiek aurkeztu beharrik izango, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin.
Kasu horretan, eskatzaileak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu zituen agiri horiek. Prozeduran eskatzen diren datu eta agiriak kontsultatu edo bildu eta egiaztatuko ditu Administrazioak, eta ez da interesdunen adostasunik eskatuko Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan aipatutako kasuetan.
Hala ere, interesdunek aurka egin ahal izango dute. Horrelakoetan, interesdunak berariaz alegatu beharko ditu aurka egitea eragin duten arrazoiak, eta tratamenduaren arduradunak haztatuko ditu. Interesdunak tratamenduari aurka egiten diola adierazten badu, agiriak aurkeztu beharko ditu, hargatik eragotzi gabe eskabidearen hartzaile den organoaren egiaztatze-ahalak.
4.– Aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.
6. oinarria.– Laguntzen organo kudeatzailea eta laguntzak emateko prozedura.
1.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
2.– Agindu honen bidez deitutako laguntzak emateko prozedura lehiaketaz besteko norgehiagoka da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan arautua. Horrela, eskatutako betekizunak eta baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiek jasoko dute beka.
7. oinarria.– Ebaluazio-batzordea.
1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, eta kide hauek izango ditu:
a) Batzordeburua: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Arrantza Egituren Zerbitzuko arduraduna.
b) Idazkaria: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako pertsona bat.
c) Bokalak: Pasaiako Blas de Lezo LHIIko, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHIIko eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskolako zuzendariak.
2.– Ebaluazio-batzorde horren jardunean, behar diren neurriak hartuko dira eskabideen balorazioan parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.
3.– Balorazio-batzordeak aztertuko ditu aurkezten diren eskaerak, hurrengo oinarrietako irizpideen arabera dagokien puntuazioa emango die, eta egindako ebaluazioaren emaitza zehazten duen txostena egingo du.
8. oinarria.– Beka esleitzeko irizpideak.
Hautagai bakoitzari puntuak esleitzeko, irizpide hauek baliatuko dira:
1.– Egin beharreko ikasketen maila:
– A maila – Arrantzako kapitaina: 8 puntu.
– B maila – Goi-mailako heziketa-zikloak: 8 puntu.
– C maila – Erdi-mailako heziketa-zikloak: 6 puntu.
– D maila – Itsasbazterreko patroi balioaniztuna (36/2014 Errege Dekretua, urtarrilaren 24koa, arrantza-sektoreko titulu profesionalak arautzen dituena; 2014ko otsailaren 17ko BOE, 41. zk.): 6 puntu.
– E maila – Oinarrizko mailako heziketa-zikloa: 6 puntu.
Gainera, lantokiko prestakuntza (LP) 3. zerrendako arrantza-ontzietan egiten bada, Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzko ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.), pertsona bakoitzari puntuazio hau esleituko zaio:
– B maila – Goi-mailako heziketa-zikloak: 4 puntu.
– C maila – Erdi-mailako heziketa-zikloak: 3 puntu.
2.– Ohiko bizilekuko herritik ikastetxea dagoen herrira dagoen distantzia; kalkulua egiteko, kontuan hartuko da zer distantzia dagoen herrigunetik ikastetxera, eskala honi jarraituz:
– 1. taldea: 50 kilometro baino gehiago: 16 puntu.
– 2. taldea: 31 eta 50 kilometro artean: 8 puntu.
– 3. taldea: 11 eta 30 kilometro artean: 4 puntu.
– 4. taldea: 5 eta 10 kilometro artean: 2 puntu.
3.– Eskatzailearen inguruabar pertsonal eta familiarrak:
– Ezkontidea edo izatezko bikotekidea izateagatik (ezkontideak lan egiten ez badu): 2 puntu.
– Seme-alaba bakoitzarengatik: 2 puntu.
– Anai-arreba bakoitzarengatik (adingabe emantzipatu gabeak badira edo langabezian badaude, eta euren familia-unitatean ezkontide bakarrak egiten badu lan): puntu 1.
4.– Eskatzaileak edo haren familiak aurreko urtean lortutako diru-sarrera gordinak, edozein dela ere haien jatorria, baldin eta eskatzailea ekonomikoki familiaren mende bizi bada:
– 0 eta 6.000 euro arteko diru-sarrerak: 8 puntu.
– 6.001 eta 12.000 euro arteko diru-sarrerak: 4 puntu.
– 12.001 eta 18.000 euro arteko diru-sarrerak: 2 puntu.
9. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Diruz laguntzeko modukotzat joko dira 2025-2026 ikasturtean kontzeptu hauen inguruan egin eta ordaindutako gastuak:
a) Ohiko bizilekutik kanpo bizitzeak eragindako gastuak. Gehienez 2.000 euro.
b) Ikastetxera joan-etorriak egiteak eragindako gastuak. Gehienez 500 euro.
c) Mantenu-gastuak. Gehienez 1.000 euro.
d) Ikasmaterialerako gastuak. Gehienez 500 euro.
10. oinarria.– Bekaren zenbatekoa.
1.– Agindu honen eskakizunak betetzen dituzten hautagai guztiek izango dute beka jasotzeko eskubidea. Beken zenbatekoa bi mila laurehun eta lau euro eta bost zentimokoa (2.404,05 euro) izango da gehienez, eta bekadun bakoitzari esleitutako puntuen arabera eta proportzioan kalkulatuko da. Puntuaren balioa honela kalkulatuko da: bekei esleitutako zenbatekoa zati bekadun guztiek lortutako puntu guztien kopurua, agindu oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera.
2.– Ikasturtea errepikatzen duten ikasleen kasuan, balorazio-irizpideak aplikatuta legokiekeen beka arruntaren % 50 lortu ahal izango dute gehienez, baldin eta aurreko ikasturteko aprobetxamendu txarra behar bezala justifikatuta badago eskola edo ikasketekin zerikusia ez duten arrazoi larriengatik. Arrazoi horiek behar bezala baloratuko ditu agindu honen 7. oinarrian sortzen den ebaluazio-batzordeak.
11. oinarria.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamena.
1.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, balorazio-batzordearen espedientea eta txostena ikusita, lerro bakoitzarentzat behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, non adierazi beharko baitu dirulaguntza zein pertsona eskatzaileri ematen dion, eta zenbat.
2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Jakinarazpena bitarteko elektronikoen bidez egingo da, «Nire karpeta» atalaren bidez, salbu eta interesdunak izapidea aurrez aurre egin badu; kasu horretan, posta arrunt ziurtatuaren bidez egingo da jakinarazpena.
Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan adieraziko ditu dirulaguntza jasotzeko proposatutako eskatzaileen zerrenda eta bakoitzari dagokion zenbatekoa, bai eta, hala badagokio, eskabideak ebaluatzeko erabilitako balorazio-irizpideak ere.
3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, emandako behin-behineko ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan xedatutakoarekin.
4.– Eskatzaileek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, bekaren behin betiko ebazpen-proposamena eman aurretik. Egiaztapen hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluaren arabera egingo da –agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da–. Era berean, zuzendaritza kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren IFZa ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko egiaztatze horri; hala eginez gero, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.
5.– Bekak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta bertan adieraziko da, haren esku dagoen informazioaren arabera, eskatzaileek bekak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
6.– Onuradun izateko proposatutako pertsonek erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute, ordeztutako agiriak aurkeztuz.
7.– Behin betiko ebazpen-proposamena ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio.
8.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpenaren proposamenek ez dute inolako eskubiderik sortzen proposatutako onuradunaren alde administrazioaren aurrean.
12. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartuta, Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuari helaraziko zaio, eta hark prozeduraren ebazpena emango du.
2.– Bekak emateko eta ukatzeko ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Epe hori bukatuta ebazpen espresurik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dituzte eskabideak, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoarekin.
3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatutakoarekin. Dena den, interesdunei banaka jakinaraziko zaie ebazpen osoa horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Nolanahi ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo noiznahi, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoarekin.
13. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Beken onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ildo horretan, onuradunen betebeharra da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia ematea.
2.– Halaber, betebehar espezifiko hauek izango dituzte:
a) Matrikulatuta dauden modulu edo irakasgai guztiak gainditzea; hala badagokio, prestakuntza praktikoa gainditzea; eta eskoletara bertaratzeari buruzko gutxieneko baldintza hauek betetzea:
– Justifikatu gabeko hutsegiteek ezin dute ikaslearen eskola-orduen % 15 gainditu.
– Justifikatutako hutsegiteek ezin dute ikaslearen eskola-orduen % 30 gainditu.
b) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.
14. oinarria.– Justifikazioa.
Bekaren gehieneko zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuetara mugatuko da, eta, ildo horretan, onuradunak gastu horien ziurtagiriak (originalak edo kopia konpultsatuak) aurkeztu beharko ditu, hilabeteko epean, ikasturtea amaitzen den egunetik aurrera. Justifikazio hori 9. oinarrian zehaztutako gastuei buruzkoa izango da: ohiko bizilekutik kanpo bizitzeak eragindako gastuak, ikastetxera joan-etorriak egiteak eragindako gastuak, mantenu-gastuak eta ikasketa-materialerako gastuak.
15. oinarria.– Bekaren ordainketa.
Ikasketa teorikoen kasuan, edozein dela ere beka bakoitzari dagokion zenbatekoa, emandako laguntzaren zenbateko osoa ordainketa bakarrean gauzatuko da, ikasturtea amaitu ondoren; horretarako baldintza izango da ikasleak horiei probetxua ateratzea eta matrikulatu den modulu edo ikasgai guztiak gainditzea. Aldez aurretik, ebaluazio-batzordeko kideek probetxu hori baliozkotuko dute, zeinek egiaztatuko baitute ikasleek matrikulatuta zeuden modulu edo irakasgaiak gainditu dituztela, baita deialdi honetan eskatzen diren bertaratze-ehunekoak ere.
16. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntzaren eskatzaileak aukera izango du eskabide horretan atzera egiteko. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko da atzera. Atzera egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen modu bat erabiliko da, eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egite hori eta prozedura bukatutzat joko du eskatzaile horri dagokionez.
2.– Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio emandako bekari. Emandako beka onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen modu bat erabiliko da, eta organo emaileak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko egite hori eta prozedura bukatutzat joko du entitate horri dagokionez.
17. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo, hala badagokio, beka emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzuli beharra dakarren egoeraren batean badago –Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitakoak–, laguntza eman zuen organo eskudunak, ebazpen baten bidez, beka jasotzeko eskubidea kenduko dio (osorik edo partez) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio jaso duen beka (osorik edo partez) eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluaren arabera. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Zehazki, ikasleak beka jasotzeko eskubidea galduko du ikastarora huts egiten badu. Hutsegitea honela neurtuko da:
– Justifikatu gabeko hutsegiteak % 15 baino gehiago badira, beka galduko du, eta jasotako kopuruak itzuli beharko ditu.
– Justifikatutako hutsegiteak % 30 baino gehiago badira, aurreko atalean azaldutako ondorio berberak izango dira. Nolanahi ere, eskoletara itzultzen den unean bertan aurkeztu beharko du ikasleak hutsegitearen justifikazioa.
3.– Halaber, ikasleek lantokiko prestakuntzarako (LP) beka jasotzeko eskubidea galduko dute, baldin eta ez badute modu sinesgarrian egiaztatzen prestakuntza hori egin dutela. Horretarako, prestakuntza praktikoa egin den arrantza-ontziko armadorearen idazki bat aurkeztu beharko dute.
4.– Arrantzaren arloko eskumena duen sailburuordea izango da itzulketa-espedientea hasteko eta izapidetzeko organo eskuduna, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40.1 artikuluan adierazitako deskontzentrazioarekin.
5.– Baldin eta itzulketa-prozedura arau-hauste administratibo baten ondorioz hasi bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehapen-prozedura hasteko.
18. oinarria.– Bateraezintasuna.
Agindu honen bidez egiten den deialdiko bekak bateraezinak dira funts publikoen kontura helburu bererako jasotako bestelako laguntzekin. Bekaren onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, baldin eta beste administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen bati xede bererako dirulaguntzak edo laguntzak eskatu badizkio, eta jaso badituzte. Horretarako, hamabost egun naturaleko epea izango dute, egoera horren berri izaten den egunetik aurrera, eta, edonola ere, jasotako funtsak erabili direla justifikatu aurretik.
19. oinarria.– Datuen babesa.
Datu pertsonalak «Nautika- eta arrantza-arloko ikasketak egiteko bekak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
Arduraduna: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila.
Xedea: nautika- eta arrantza-arloko beken jarraipena, kontrola eta kudeaketa.
Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean gauzatutako eginkizun bat betetzea.
Hartzaileak: arrantza-sektoreari zuzenean edo zeharka lotutako EAEko arrantza-prestakuntzako zikloetako eta arrantzako titulu profesionaletako ikasleak.
Eskubideak: interesdunak eskubidea du datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: helbide honetan kontsultatu daiteke datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/037400-capa2-eu.shtml
II. ERANSKINA
ESKABIDE-INPRIMAKIAREN EDUKIA
Laguntza eskatzeko inprimakia webgune honetan dago eskuragai:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030111
Eduki hau izango du:
– Nautika- eta arrantza-arloko bekak, 2025-2026 ikasturtea.
– Kodea.
– Organo instrukzio-egileari zuzendua.
– Nortasun-datuak.
– Titularra.
– Ordezkaria.
– Eskatzailearen datu fiskalak zer lurralde historikotan dauden.
– Jakinarazpen- eta komunikazio-kanala.
– Abisuak jasotzeko datuak.
– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.
– Datu-babesari buruzko oinarrizko informazioa.
– Eskatzen duen laguntza-lerroa, Aginduaren arabera.
– Zerga-egoitza.
– Balorazio-irizpideak, Aginduaren arabera.
– Informazio osagarria.
– Erantzukizunpeko adierazpen hauek:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izateari buruzkoa.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat ere ez izateari buruzkoa; 5.1.g) oinarrian daude zehaztuta debekuok.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, deialdi-aginduan ezarritako eskakizunak betetzeari buruzkoa.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, eskabideko datu guztiak eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak eta osoak izateari buruzkoa, eta dagokion erantzukizuna bere gain hartzeari buruzkoa.
Halaber, onuradunaren baimen inplizitua agertu beharko da, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak automatikoki egiazta dezan zerga-betebeharrak egunean dituela eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela; aukera izango du baimen hori espresuki ukatzeko, eta, kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.
RSS