Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2026ko ekainaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2868

EBAZPENA, 2026ko ekainaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ibarreta 10 AEko 2. partzelaren (Arrasate, Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2026ko otsailaren 19an, Arrasateko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Ibarreta 10 AEko 2. partzelaren (Arrasate, Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2026ko apirilaren 16an eta espedientean jasota dago emaitza. Era berean, Arrasateko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Era berean, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitako kasuen artean dago; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-ondore nabarmenik –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edo plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzakeelako.

Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari lotuta dauden proiektuei baimena emateko. Natura 2000 Sareko espazioei ere ez die eragiten, ezta natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeriak edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako araubideren bat duten espazioei ere.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aztertzen da ea planak ondore nabarmenak izan ditzakeen ala ez ingurumenean, eta, beraz, bete behar duen ala ez ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ibarreta 10 AEko 2. partzelaren (Arrasate, Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian jasotako terminoetan:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Planaren esparrua Ibarreta 10 AEko 2. partzela da. Antolamendu xehatua du, indarreko Arrasateko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak ezarritakoa. Partzelaren erabilera nagusia «Jarduera ekonomiko-industriala Tamaina Handia» da, eta jarduera bakar bat jasotzera bideratuta dago.

Planaren helburua da esparruaren antolamendu xehatu berria definitzea, egungo partzela berrantolatu eta banatu ahal izateko, jarduera industrial bat baino gehiago ezartzeko. Horiek horrela, proposatzen da hasierako partzela 5 partzela industrialetan banatzea; horietatik bitan, tamaina handiko erabilera industriala mantenduko da, eta gainerakoek, azalera askoz txikiagoa izango dutenek, erabilera industrial arrunta izango dute.

Esparruak 114.240 m2-ko azalera du, eta dauden eraikinen oinplano-azalera 68.504 m2-koa da, barne hartuta instalazioak, deposituak, eraikin eta eraikuntza osagarriak eta 660 aparkaleku.

Planean jasotako gehieneko eraikigarritasuna (71.721 m2) Arrasateko indarreko plangintzan ezarritako gehieneko eraikigarritasuna (74.500 m2) baino txikiagoa da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan zer-nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da bateraezintasunik aurkitu hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: planak eragina du hiri-lurzoru industrial finkatuan. Hortaz, etorkizunean ezartzen diren jarduera industrialetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak zaratari, lurzoruei, urei, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira. Aramaio ibaiarekiko eta GI 2620 errepidearekiko gutxieneko tarteak errespetatzen dira. Halaber, Planak uholde-arriskuaren arloko mugak jasotzen ditu, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 37.5 artikuluan ezarritakoarekin bat.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planak Arrasateko Garagarza auzoan dagoen hiri-lurzoru industrial finkatuko 114.240 m2 antolatzen ditu.

Planaren xede den eremu osoa erabilera industrialeko hiri-lurzoru finkatua da, erabat urbanizatua eta zati handi batean eraikia. Proiektuaren eremua ez dator bat Natura 2000 sareko eremuekin, interes geologikoko guneekin, babestutako ingurune-eremuekin, ez eta inbentarioan sartutako beste eremu babestu edo natura-interesekoekin ere. Era berean, ez daude naturaguneen katalogoetan dauden beste zenbait espazio, LAGen azpiegitura berdean sartutako elementuak. Halaber, ez da identifikatu kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere. Eremuan dagoen landarediari dagokionez, lorategi-gune txikiak daude, bai eta zuhaitz gazteak ere Aramaio ibaiaren erriberan. Ibaia industrialdearen hego-ekialdetik igarotzen da.

Planaren xede den eremuaren zati garrantzitsu bat 500 urteko errepikatze-denborako uholdeek urez bete dezaketen gune batean dago, baina lehentasunezko fluxu-gunetik kanpo. Lehentasunezko fluxu-eremuak muga du Aramaio ibaiaren ibilguarekin.

Esparruaren zati bat Aramaio ibaiaren zaintza-eremuan eta Hego Antiklinorioaren lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017-006); azken hori, kalteberatasun handiko gisa dago sailkatuta akuiferoen kutsadurarako.

Aztertutako dokumentazioan dagoen azterlan akustikoaren arabera, planaren eremuan gaur egun zein etorkizunean (20 urteko aurreikuspena), bete egiten dira kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak, lurzorutik 2 metroko altueran eta leihodun eraikuntzen fatxada eta garaiera guztietan.

Proiektuaren eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen den lurzati bat dago (Geoiker kodea: 20055 00023; azalera:106.294 m2). Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko apirilaren 21eko Ebazpenaren bidez, Fagor Electrodomésticosen garai bateko partzelaren zati bati dagokion lurzoruaren kalitatea deklaratu zen. Eremuaren gainerako zatian ezarri nahi den jarduera berri orok aurretiaz jaso beharko du dagokion lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena.

Aztertutako dokumentazioarekin bat, Plana egokitu egiten da Plan Hidrologikoan ezarritako mugetara, uholde-arriskuko eremuko jarduketei dagokienez, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo (45.1 artikulua). Gainezka egin dezaketen guneetan sestra azpiko eraikuntzarik egiteko debekua errespetatzen du, estankotasuna bermatzen ez bada.

Aurreikusitako eraikuntzak Aramaio ibaiarekiko 10 metroko gutxieneko tartea mantentzen du, eta, beraz, bete egiten da EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean ezarritakoa.

Aurreko guztia aintzat hartuta, hau da, planaren xede den eremu osoa erabilera industrialeko hiri-lurzoru finkatua dela, erabat urbanizatua eta zati handi batean eraikia, eta plana barne-antolamendura eta partzela banatzera mugatzen dela, ez da ingurumen-afekzio nabarmenik aurreikusten.

Hori dela eta, planak indarreko plangintzarekiko proposatutako aldaketen ondorioz izan litezkeen afekzioak soilik kontuan izanda, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz. Hori guztia gorabehera, eremuan gauzatzen diren jarduketak eta jarduerak aplikatzekoa den indarreko araudia bete beharko dute nahitaez, bereziki arlo hauei buruzkoa: lurzoruak, urak, zarata, hondakinak, isuriak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.

C) Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezarri behar dira, planak ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Ibarreta 10 AEko 2. partzelaren (Arrasate, Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar ez dakion, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak plangintzan txertatzen badira.

Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

Proiektuaren eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen den lurzati bat dago (Geoiker kodea: 20055 00023; azalera:106.294 m2). Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko apirilaren 21eko Ebazpenaren bidez, Fagor Electrodomésticosen garai bateko partzelaren zati bati dagokion lurzoruaren kalitatea deklaratu zen. Eremuaren gainerakoan ezarri nahi den beste edozein jarduketa berrirako, ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (horren bidez garatzen da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea) xedatutakoa bete beharko da.

Gainera, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako kasuren bat gertatzen bada.

Hondeaketa-lana egin behar bada eta lurzati horietan ateratako materialak 500 m3-ko bolumena gainditzen badu, nahitaezkoa izango da gaika hondeatzeko plan bat aurkeztea, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakunde egiaztatu batek egina. Planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean deskribaturiko edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du lanei ekin aurretik.

Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu oinarridunak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Arrasateko Udalari eta Ingurumeneko Sailburuordetzari, azken horrek zehazteko zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

Uholde-arriskuarekin lotutako neurriak.

Organo eskudunak prozedura aplikagarrien esparruan ezarritako baldintzak alde batera utzi gabe, Planaren garapenerako proiektuek bat etorri beharko dute Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan ezarritakoarekin.

Zortasun-eremuetan edo ibilguen zaintza-eremuetan egingo diren jarduketetarako, nahitaezkoa izango da Uraren Euskal Agentziak obrak egiteko baimena ematea.

Ezingo dira edozein motatako hondakinak pilatu, ez eta uholde-arriskua nabarmen areagotuko duten betelanak egin ere, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 37.6 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek erantsi beharko zaizkie planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei:

– Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta eragin gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan zehaztutakoaren arabera kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balioztatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Gune zehatz bat egokituko da, hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta antzekoak) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira abian. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.

Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Ustekabean ezer isuriz gero, berehala jaso beharko dira lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineriaren parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, uholde-arriskuko eremuetatik urrun.

– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua) eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua).

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, beharrezkoa izango da inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egitea, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.

Obrek irauten duten bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorrak egitean eta zaratak eta bibrazioak sorburuan murriztean ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailari, hark erabakiko du eta zer neurri hartu.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, lehentasunez, erratz-makina mekanikoak erabiliko dira, solido esekiak dituzten jariatze-urak sortzea saihesteko.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ebazpen honen edukia Arrasateko Udalari jakinaraztea.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Ibarreta 10 AEko 2. partzelaren (Arrasate, Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 8a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala