
120. zk., 2026ko ekainaren 26a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (323 KB - 28 orri.)
- EPUB (155 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2867
AGINDUA, 2026ko ekainaren 16koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira ekoizpen-inbertsioa egiten duten eta, hala, Euskal Autonomia Erkidegoan dibertsifikazio edo/eta hazkuntza-jarduketak eragiten dituzten enpresei zuzendutako dirulaguntzen oinarriak, eta dirulaguntza horien deialdia egiten baita 2026ko ekitaldirako. Dibertsifika 2026 Programa.
EAEko industriak eraldaketa handiei egin behar die aurre, hala nola digital eta teknologikoari, energetiko eta ingurumenekoari, demografikoari eta sozialari. Horretarako, beharrezkoa da ekoizpen-prozesuak une oro egokitzea, teknologia berriak txertatzea eta giza kapitala etengabe prestatzea.
Halaber, testuinguru geopolitiko eta ekonomikoa ziurgabea da, besteak beste Ukrainaren inbasioagatik, Ekialde Hurbileko gatazkagatik edo nazioarteko ezegonkortasun politikoagatik. Horrek ziurgabetasuna sortzen du merkatuetan, eta eragin zuzena dauka lehiakortasunean. Hala, arriskuan jartzen da Europa, eta, beraz, EAE, pisu industrial eta teknologiko globala galdu baitezakete AEB eta Txina bezalako potentzien aurrean.
EAEko industria-sareak egoera horri erantzun behar dio, bere lehiakortasunari eusteko. Horretarako, beharrezkoa da estrategia azkarragoak hartzea, berrikuntza lehenestea eta enpresa-erresilientzia indartzea. Era berean, industriak talentua erakarri eta atxiki behar du, eta etengabeko prestakuntza sustatu, lan-merkatuaren eskari berriei erantzuteko.
Erronka hauek jorratzeko baliatzen ari den estrategia bat dator Europako agendarekin, zeina funtsezko hiru ardatzetan oinarritzen baita: industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago. Horrez gain, apustu egiten du lankidetza publiko-pribatua eta berrikuntza motor giltzarri izan daitezen eraldaketa industrialean.
Testuinguru horretan, bereziki garrantzitsua da administrazioa sinplifikatzea. Ildo horretatik, funtsezkoa da burokrazia murriztea eta administrazio-prozedurak azkartzea, hartara inbertsioa erraztu eta proiektu eraldatzaileak gauzatzeko.
Eusko Jaurlaritzak EAEko industriaren sektorearen egoeraren gaineko analisi bat egin du, erreferentea izango dena Euskadi 2030 – Industria Planean jasotako politiken planifikazioa orientatzeko. Analisi horrek helburutzat dauka EAEko industriari eragiten dioten joera eta aldaketa globalak identifikatzea, eta, gainera, aukera emango du EAEko industria-sarearen lehiakortasuna eta diferentziazioa indartzeko.
Eremu horretan, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak apustua egin du itzuli beharrik gabeko laguntzak lortzera bideratutako finantza-tresna berri bat garatu eta aplikatu dadin: Dibertsifika Programa.
Laguntza horiek jasotzen dira, hain zuzen, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko uztailaren 15eko Aginduaren bidez 2025., 2026., 2027. eta 2028. urteetarako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, 2026ko maiatzaren 18ko Aginduaren bidez aldatutakoan. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren (www.euskadi.eus) web-orrian dago argitaratuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari eskainitako «Planak eta proiektuak» atalean.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.1 eta 10.1 artikuluen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 10. artikuluari loturik, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua da organo eskuduna programa honen oinarriak onartu eta deialdia egiteko.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea agindu honetako eranskinean biltzen diren oinarriak, eta, 2026ko ekitaldirako, dirulaguntza ez-itzulgarriak deitzea ekoizpen-inbertsioa egiten duten eta, hala, Euskal Autonomia Erkidegoan dibertsifikazio- edo/eta hazkuntza-jarduketak eragiten dituzten enpresentzat. Dibertsifika 2026 Programa.
Agindu honen xedapenak aplikatuko zaizkie 2026an deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzei, harik eta laguntzak guztiz likidatzen diren arte.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, hil biko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.
Agindu honek ondorioak sortuko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 16a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea eta araudi aplikagarria.
Dirulaguntzaren xede izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan lehiakortasuna eta hazkuntza hobetzea eragiten duten ekoizpen-inbertsioak, jarduketa hauen bidez:
– Enpresaren jarduera negozio-, produktu-, zerbitzu- eta merkatu-lerro berrietara dibertsifikatzeko ekoizpen-inbertsioak.
– Enpresaren produktibitatea eta lehiakortasuna hazi eta hobetzea bultzatzen duten ekoizpen-inbertsioak.
Dirulaguntzei hauek aplikatuko zaizkie:
1.– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamendua (AO, L 187, 2014-06-26), zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz; erregelamendu hori (aurrerantzean, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra) 2023ko ekainaren 23ko (EB) 2023/1315 Erregelamenduaren bidez aldatu zen. Laguntza horiek sartuta daude inbertsiorako eskualde-laguntzei buruzko 13. eta 14. artikuluetan eta ETEen inbertsio-laguntzei buruzko 17. artikuluan.
Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko (EB) 2022/2472 Erregelamendua, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako sektoreei dagokienez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (AO, L 193, 2014-07-01). Aipatu laguntzak erregelamenduaren 17. artikuluan jasota daude (Nekazaritza-produktuak eraldatu eta merkaturatzearekin lotutako inbertsioak egiteko laguntzak).
Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko (EB) 2022/2473 Erregelamendua, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzei dagokienez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko (EB) 2023/1315 Erregelamenduaren bidez aldatu zen (EBAO, L 369, 2014-12-24). Aipatu laguntzak erregelamenduaren 46. artikuluan jasota daude (Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzeko laguntzak).
2.– Subsidiariotasunez, laguntza sektorialei buruzko araudiaren mende egongo dira, baldin eta Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 1. artikuluan adierazitako laguntza-kategorien esklusioa errespetatzen bada; izan ere, erregelamendua ez da aplikatuko honako hauetan:
a) I+G+B laguntza-araubideak, baldin eta estatu-laguntzen batez besteko urteko aurrekontua 150 milioi eurotik gorakoa bada estatu kideko, indarrean jarri osteko seigarren hilabetetik aurrera;
b) 1.2.a) artikuluan jasotako araubideen aldaketak, erregelamendu honen arabera laguntza-araubidearen bateragarritasunari eragin ezin diezaioketen aldaketez edo onartutako ebaluazio-planaren edukiari nabarmen eragin ezin diezaioketen aldaketez bestelakoak;
c) Esportazioarekin lotutako jardueretarako laguntzak, zehazki, zuzenean lotura dutenak esportatutako kantitateekin, establezimenduetarako laguntzekin eta banaketa-sare baten funtzionamenduarekin, edo esportazio-jarduerari lotutako beste ohiko kostu batzuetarako laguntzak;
d) Inportatutako produktuen ordez herrialdekoak erabiltzeari lotutako laguntzak.
3.– Dirulaguntza-prozedura honi aplikatu beharreko araubide juridikoa hauek osatzen dute:
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– Dirulaguntzen oinarrizko araubidea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko manuak eta hura gauzatzeko erregelamenduan jasotakoak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako erregelamendua).
– Dirulaguntzei buruzko araudi horiek erregulatzen ez duten gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura gauzatzeko erregelamenduaren alderdi ez-oinarrizkoak aplikatuko dira, osagarri gisa.
Era berean, prozedura honen araubide juridikoa osatzen dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta aplikazio orokorreko administrazio-araubidearen gainerako xedapenek.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak baimendutako kredituen arabera, dirulaguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du: 39.000.000,00 euro bideratuko dira, 1. oinarriaren xedea betetzeko.
2.– Emango diren dirulaguntzen bolumen osoak ez du gaindituko aipatutako zuzkidura, ez eta hura eguneratzearen ondorioz ateratzen dena ere –gehienez ere, aurreikusitako zenbatekoaren % 100 gehiago–, betiere kreditu-loturaren araubideari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldaketaren araubideari jarraikiz eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatzen bada, Industria Sustatzeko sailburuordeak horren berri emango du, ebazpen bat argitaratuz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, baina horrek ez du luzatuko eskaerak aurkezteko 12. oinarrian emandako epea.
3. oinarria.– Entitate onuradunen betekizunak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahalko dituzte industriako eta produktu-prozesu industrialarekin zerikusia duten zerbitzu lotuetako enpresa txiki eta ertainek (ETE), haien barruan sartuta zerbitzu logistikoak, baina bazter utzita garraioa, baldin eta lagundu beharreko inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan badaude.
Enpresa txiki eta ertainak (ETE) dira 250 pertsonari baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.
ETEen kategorian, enpresa txikitzat jotzen dira 50 langile baino gutxiagori lana ematen dietenak eta, gehienez ere, urteko negozio-bolumenean edo urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa dutenak.
Enpresa elkartuen eta lotuen kasuan, deialdi honetako 2. oinarrian zerrendatutako erregelamenduaren (EB) 4., 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera zenbatuko dira langileak eta mugak.
2.– Onuradun izan ahalko dira industriako eta produktu-prozesu industrialarekin zerikusia duten zerbitzu lotuetako enpresa handiak, haien barruan sartuta zerbitzu logistikoak, baina bazter utzita garraioa, baldin eta lagundu beharreko inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Hedatuaren barruan badaude.
Ezkerralde Hedatua da eremu bat zeina, bere ezaugarri sozioekonomikoengatik eta langabezia-indize handiagatik, industria-krisiak beste leku batzuetan baino eragin handiagoa izan duelako edo egiturazko hondatze-egoeran dagoelako, sustapen ekonomikoan oinarritutako tratamendu bereizia behar duen.
Hala, Ezkerralde Hedatua izango da Batzordearen 2022ko martxoaren 17ko Erabakian jasota dagoena –SA 100859 (2021/N) Estatu Laguntzari buruzko Erabakia, Espainiarako 2022-2027 Eskualde Dirulaguntzen Mapa onartzen duena–; hau da: Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Erandio, Galdames, Güeñes, Karrantza Harana, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopuerta, Trucios-Turtzioz, Valle de Trápaga-Trapagaran eta Zierbena.
Enpresa handiei hasierako inbertsioetarako bakarrik emango zaizkie dirulaguntzak (aktibo materialetan eta immaterialetan inbertitzea: establezimendu berri bat sortzea; lehendik dagoen establezimendu baten ahalmena handitzea; establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea, aurrez establezimenduan ekoizten ez ziren produktuen bidez, eta lehendik dagoen establezimendu baten ekoizpen-prozesu globalean funtsezko eraldaketa bat egitea). Inbertsio horiek izango dira, hain zuzen ere, jarduera berriak erakartzeko edo produktu berrien bidez edo prozesu berritzaile berrien bidez lehendik dauden establezimenduak dibertsifikatzeko, 2022-2027 aldirako onartutako eskualde-laguntzen mapa berrian identifikatutako eremuetan.
3.– Enpresa handiek 1.500.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute gutxienez; ETEek, aldiz, 200.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute gutxienez.
4.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira:
– Autonomia-erkidegoko administrazio instituzionala osatzen duten entitateak.
– Armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketan diharduten entitateak.
5.– Agindu honetako dirulaguntzen onuradun soilik izan daitezke enpresak, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen egunean dituztenak Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak.
6.– Halaber, interesdunek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko dute eskaeran, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
7.– Onuradun izateko, eskatzaileek enpresaren baliabide propioak aplikatu beharko dituzte. Baliabide propioak izango dira proiektura bideratuta dauden baliabide diruz ez-lagungarriak, eta diruz lagundu daitekeen inbertsioaren zenbatekoaren % 25 izan beharko dira gutxienez.
4. oinarria.– Debekuak.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ezingo dira dirulaguntza hauen onuradun izan pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta onuradun edo entitate laguntzaile izateko debeku hauetakoren batean badaude:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabe, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso dutenak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa adierazteko eskaera egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratu direnak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat efikaza bihurtu bada salbu–, epailearen esku-hartzearen menpe daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-epe hori oraindik amaitu gabe egonik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea; edo ez badira Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek erregulatzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak.
f) Dirulaguntzak itzuli behar izateagatik sorrarazitako betebeharren ordainketa egunean ez dutenak.
g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.
h) Epai irmoaren bidez zehatuta daudenak, eta, horrenbestez, dirulaguntzak lortzeko aukera galduta dutenak, lege honetan edo beste batzuetan ezarritakoari jarraikiz.
Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
Halaber, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko hautazko neurriak martxan jarri direla egiaztatu ez dutenak.
2.– Hauek ere ezingo dituzte eskuratu agindu honetan deitutako dirulaguntzak:
a) Krisialdian dauden enpresak. Enpresa bat krisialdian egongo da, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014/C 249/01, 2014-07-31), baldin eta gutxienez inguruabar hauetako batean badago:
– Erantzukizun mugatuko sozietate bat bada eta harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu bada metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz, metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino.
– Sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea badute, kontabilitatean ageri diren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz.
– Enpresa porrot- edo kaudimengabezia-prozedura batean badago edo bere estatuko zuzenbidean ezarritako irizpideak betetzen baditu porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten mende jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta.
– ETEa ez den enpresa bat bada, aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala-ratioa 7,5etik gorakoa izan denean eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera dagoenean.
b) Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluak baztertutako sektoreetako enpresak –erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko (EB) 1315/2023 Erregelamenduaz aldatu zen (AO, L 167, 2023-06-30), zeinaren bidez zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (AO, L 187, 2014-06-26)–. Erregelamendu horren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, 100 milioi eurotik gorako kostu diruz lagungarriak dituzten inbertsiorako eskualde-laguntzak Europako Batzordeari jakinarazi beharko zaizkio.
c) Erregelamendu hauetan zerrendatutako sektoreetako enpresak, baldin eta beren inbertsioak diruz lagungarriak badira nekazaritzako, elikagaigintzako eta arrantzatik zein akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzen programen esparruan: (EB) 2472/2022 Erregelamendua, Batzordearena, 2022ko abenduaren 14koa, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, nekazaritza- eta basogintza-sektoreei eta landa-eremuetako sektoreei dagokienez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta; eta (EB) 2473/2022 Erregelamendua, Batzordearena, 2022ko abenduaren 14koa, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzei dagokienez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.
Enpresa handiak ez dira sartzen nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzearekin lotutako inbertsioetarako laguntzetan; izan ere, mikroenpresei eta ETEei soilik eman ahal izango zaizkie horrelako laguntzak.
d) Eskaeraren aurreko bi urteetan Europako Esparru Ekonomikoan (EEE) jarduera berdin edo antzeko bati amaiera eman dioten enpresak, edo, laguntzaren eskaera aurkezteko unean, inbertsioa osatu eta gehienez bi urteko epean jarduera horri amaiera emateko plan zehatzak dituzten enpresak.
e) Berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
3.– 30.000,00 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak Merkataritza-eragiketetan berankortasuna ekiditeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartutako subjektuak badira, ezingo dira onuradun izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.
4.– Halaber, ez zaie dirulaguntzarik emango Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrari eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluak ezarritako kasuan daudenei ere.
5.– Oinarri honen 1.e) apartatuan ezarritako inguruabarra egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio –agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da–, eta organo kudeatzaileak ofizioz bilduko du inguruabar horiei buruzko informazioa, baldin eta interesduna aurka ez badago.
6.– Aurreko apartatuetan adierazitako inguruabarrak bete beharko dira laguntza-eskaera aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatzen denera arte.
7.– Eskatzaileak, debeku horiek ez dagozkiola egiaztatzeko, 1.e) apartatuan ezarritakoa izan ezik, erantzukizunpeko adierazpena egingo du.
Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi eskatu ahal izango du aurkez dakizkiola erantzukizunpeko adierazpenean jasotako betebeharrak betetzearen egiaztagiriak. Halaber, entitate onuradunak eman zaion dirulaguntza osoa justifikatu arte gerta litekeen edozein aldaketaren berri eman beharko du.
Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, administratibo edo zibilak.
5. oinarria.– Entitate laguntzailea.
1.– Agindu honen ondorioetarako, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia izango da entitate laguntzailea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluan ezartzen denari jarraikiz. Horretarako, lankidetza-hitzarmena egingo da.
2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak funtzio hauek izango ditu:
a) Aurkeztutako dokumentuak ikuskatzea, eta, akatsik aurkituz gero organo kudeatzaileari, zuzenketak proposatzea.
b) Egiaztatzea betetzen direla dirulaguntzak eskuratu ahal izateko ezarri diren baldintzak eta betekizunak.
c) Aztertzea laguntzari espresuki uko egiteko eskaerak.
d) Jardueren eta proiektuen ebaluazioari buruzko eta egin beharreko negozio- eta enplegu-planari buruzko txosten teknikoa egitea eta balorazio-batzordeari bidaltzea.
e) Balorazio-batzordeari laguntzea eskaerak aztertzen eta ebaluatzen, 10. oinarrian ezarritako adjudikazio-irizpideen arabera.
f) Egiaztatzea ea jarduera egin den eta dirulaguntzaren helburua bete den, eta onuradunei jarraipena egitea, egiaztatzeko ea jarraitzen duten dirulaguntzak jasotzeko eta proiektuak gauzatzeko betekizunak betetzen.
g) Baloratzea ea entitate onuradunek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez.
h) Egiaztatzea, dirulaguntzak ordaindu aurretik, entitate onuradunek diruz lagundutako ekintzak egin dituztela frogatzen duten egiaztagiriak, bai eta ekintzen kostua egiaztatzen dutenak ere.
i) Ordaintzea proposatzea.
j) Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari proposatzea dirulaguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, horren barruan sartuta entitate onuradunak agindu honetako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar diren neurriak.
k) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.
3.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren betebeharra da men egitea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak deialdi honen kudeaketaren gainean egin ahal dizkion egiaztapen-jarduketei nahiz Kontrol Ekonomiko Bulegoak egiten dutenei, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituenei ere.
6. oinarria.– Babesa jaso dezakeen inbertsioa.
1.– Dirulaguntza jasoko dute entitate onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dituzten inbertsioek, baldin eta 2026ko ekitaldian hasten badira, eskaera egin ondoren, eta, gehienez, 2027ko abenduaren 31ra arte, betiere kasuan kasuko ezaugarrien eta enpresa-planen arabera.
2.– Dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiborako aktibo finkoak eskuratzea, baldin eta betekizun hauek betetzen badira:
a) Azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan bildutako Kontabilitate Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera, kategoria edo epigrafe hauetakoren batean dauden aktiboak izatea:
– 203 Jabetza industriala eta patenteak.
– 206 Aplikazio informatikoak.
– 210 Lursailak eta ondasun naturalak.
– 211 Eraikuntzak.
– 212 Instalazio teknikoak.
– 213 Makineria.
– 214 Lanabesak.
– 215 Beste instalazio batzuk.
– 217 Informazio-prozesuetarako ekipamenduak.
Indarrean dagoen sektore-erregulazioa betez –abenduaren 26ko 24/2013 Legea, Sektore Elektrikoari buruzkoa, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimen-prozedurak erregulatzen dituena– elektrizitatea banatzen edo garraiatzen duen konpainiari laga behar zaizkion azpiegitura elektrikoetarako inbertsioen kasuan, ez da eskatuko aurreko epigrafeetan xedatutakoa.
«Lursailak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko. Neurri bera aplikatuko zaie ezaugarri horietako inbertsioak egiten dituzten logistikako biltegiei ere.
Nolanahi ere, aktiboek lotura zuzena izan beharko dute gaitasun berriak garatzen dituzten dibertsifikazio-jarduketekin edo/eta hazkuntzakoekin, laguntza eskatzen den negozio-, produktu-, zerbitzu- eta merkatu-lerroei dagokienez.
Logistikako biltegiak diruz laguntzeko moduko aktibotzat hartuko dira.
Aktiboen preziotzat haien balio «garbia» hartuko da; hots, fakturatutako zenbatekoari balio erantsiaren gaineko zerga kenduta ateratzen den zenbatekoa.
b) Lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Diruz lagungarria izango da, halaber, establezimendu baten aktiboak eskuratzea, baldin eta establezimendu hori konkurtso-prozedura bidezko likidazioagatik itxita badago, eta hirugarren batek merkatu-baldintzetan eskuratu ezean ateak itxiko lituzkeen establezimendu batetik datozen aktiboak eskuratzea. Jada erabilita dauden eraikin edo beste eraikuntza batzuk eskuratzen badira, berriei dagokien tratamendua emango zaie.
c) Enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte irautea. ETEen kasuan, berriz, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.
Indarrean dagoen sektore-erregulazioa betez –abenduaren 26ko 24/2013 Legea, Sektore Elektrikoari buruzkoa, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimen-prozedurak erregulatzen dituena– elektrizitatea banatzen edo garraiatzen duen konpainiari laga behar zaizkion azpiegitura elektrikoetarako inbertsioen kasuan, ezingo da eskatu apartatu honetan aipatutako aldirik.
d) Aktiboak ez egotea hirugarrenei lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.
Betekizun hau ez da eskatuko indarrean dagoen sektore-erregulazioa betez –abenduaren 26ko 24/2013 Legea, Sektore Elektrikoari buruzkoa, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimen-prozedurak erregulatzen dituena– elektrizitatea banatzen edo garraiatzen duen konpainiari laga behar zaizkion azpiegitura elektrikoetarako inbertsioen kasuan.
e) Enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek edo lotuek egindakoak ez izatea, Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa).
f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute dirulaguntzarik jaso.
g) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak berariaz jaso dezala kontratua amaitzean hura erosteko aukera, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat har dadin, eta inbertsioa gauzatzeko konpromisoa, bi alderdiek sinatua.
h) Ordezkapen-inbertsioa ez da ezein kasutan hartuko dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat.
i) Dirulaguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati merkatu-baldintzetan erosi beharko zaizkio, eta gutxienez bost urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, aldi hori hiru urtekoa izango da.
Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, birgaitu eta hobetzen badira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.4 artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Hala, aldi honetan, onuradunak ondasunak dirulaguntza eman zen helburu zehatzerako erabili beharko ditu: bost urtez gutxienez, erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eta bi urtez gutxienez, gainerako ondasunen kasuan.
Erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eskrituran jaso beharko da inguruabar hori eta emandako dirulaguntzaren diru-zenbatekoa; datu horiek dagokion erregistro publikoan inskribatu beharko dira.
3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak eta horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu baino lehen; salbuespen izango da obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egiten bada.
Eskaintzak justifikazioan sartu behar dira, edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskaeran. Aurkezten diren eskaintzak hautatzeko, efizientzia eta ekonomiaren irizpideak erabiliko dira, eta, eskaintza ekonomikoena aukeratzen ez bada, egindako aukera espresuki justifikatu beharko da memoria batean.
Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz nahitaezkoa bada eskaintza batzuk eskatzea eta aurkezten ez badira edo eskaintzarik merkeena hautatzen bada, behar bezala justifikatu gabe, organo emaileak ondasunaren edo zerbitzuaren peritu-tasazioa egiteko eskatu ahal izango du, eta onuradunak ordaindu beharko ditu horrek eragiten dituen gastuak. Halako kasuetan, bi balio hauetatik txikiena kontuan hartuz kalkulatuko da dirulaguntza: onuradunak adierazitako balioa edo tasazioaren ondoriozkoa.
4.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioak espresuki adierazi beharko dira eskaeran, eta kanpo-kontroleko kontu-ikuskapenetan oinarrituta baloratuko dira.
Enpresa elkartu edo lotuaren ondoreetarako, arau hauek bete beharko dira: Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. eranskina (AO, L 187, 2014-06-26); erregelamendu horrek deklaratu zuen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarriak direla, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Halaber bete beharko da Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2472/2022 Erregelamenduan (AO, L 357, 2022-12-21) eta 2022ko abenduaren 14ko 2473/2022 Erregelamenduan (AO, L 357, 2022-12-21) adierazitakoa; erregelamendu horiek deklaratu zuten zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarriak direla, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.
5.– Dirulaguntzen eragin pizgarria bermatzeko, inbertsioa eskaera aurkeztu ondoren hasten duten enpresek ere jaso ahal izango dute dirulaguntza; edonola ere, inbertsioa gauzatzen 2026ko ekitaldian hasi beharko dira beti.
«Inbertsioak hastea» esaten denean, hau esan nahi da:
• Lursailen eta eraikuntzen kasuan, lanak hasten direnean.
Lursailak erostea eta prestatzeko lanak egitea, hala nola baimenak lortzea eta aldez aurreko bideragarritasun-azterketak egitea, ez dira hartzen «lanen hasieratzat».
• Gainerako aktiboen kasuan, ekipoak eskatzeko kontratu bat sinatu denean edo inbertsioa itzulezin egiten duen beste konpromisoren bat dagoenean. Aktiboen erosketa likidazioko konkurtso-prozeduran dagoen establezimendu batetik badator, judizialki adjudikatzen den unea izango da.
6.– Dena den, deialdi hau argitaratu eta/edo eskaera aurkeztu baino lehen egiten diren inbertsioak ere hartuko dira kontuan, eskatzaileak, inbertsioak abiarazi aurretik, laguntza eskuratzeko aldez aurretiko idatzizko eskaera bat aurkeztu badu eta, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014, 2022ko abenduaren 14ko (EB) 2472/2022 eta 2022ko abenduaren 14ko (EB) 2473/2022 erregelamenduen 6.2 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, informazio hau jasotzen badu bertan: enpresaren izena eta tamaina, egin beharreko inbertsioen deskribapena (hasiera- eta amaiera-egunak barne), inbertsioen kokapena, kostuen zerrenda, eskatutako laguntza-mota (itzuli beharrik gabeko laguntza) eta hura gauzatzeko behar duen finantzaketa publikoaren zenbatekoa. Kasu horretan, interesdunak behin betiko eskaera bat aurkeztu beharko du horretarako epea irekitzen denean, agindu honen 14. oinarrian adierazten den moduan.
7. oinarria.– Enpleguaren arloko betekizunak.
1.– Nahitaezkoa da hasierako plantilla mantentzea, zeina termino garbietan neurtuko baita, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ematen duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua oinarritzat hartuta (enpresak aurkeztuko du).
2.– Ondore horietarako, egun dauden enpresen kasuan, hasierako plantilla kalkulatzeko, aukera hauetatik handiena hartuko da abiapuntu gisa:
a) «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria, deialdia argitaratu aurreko azken 12 hiletakoa.
b) Edo «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria, deialdia argitaratu aurreko azken 36 hiletakoa eta, betiere, enplegu-galera esanguratsuak egiaztatzen badira.
3.– Sortutako enpleguari gutxienez hiru urtez eutsi beharko zaio enpresa onuradunean, enplegua sortu den egunetik edo denbora-muga amaitzen denetik zenbatzen hasita, luzapenak barne. Justifikatzeko, hiru urteko batezbesteko aritmetikoak kalkulatu ahalko dira.
8. oinarria.– Dirulaguntzen intentsitatea.
1.– Ezkerralde Hedatuan, dirulaguntzaren intentsitatea izango da babestu daitekeen inbertsioaren % 10ekoa. Zenbateko hori handitu egin ahalko da enpresa onuradunaren motaren arabera, edo sektore estrategikoan sartuta egoteagatik, honela:
- Enpresa motagatik:
• Enpresa txikia: +% 20.
• Enpresa ertaina: +% 10.
- Sektore estrategikoan sartuta egoteagatik:
• Hazi sektore estrategikoagatik: +% 2.
• Irabazi sektore estrategikoagatik: +% 1,5.
- Proiektu eraldatzailea izateagatik: +% 3.
2.– Aurreko apartatuan sartzen ez diren guneetan, dirulaguntzaren intentsitatea lagundu daitekeen inbertsioaren % 15ekoa izango da, baldin eta enpresa txikiak badira, eta % 5ekoa, baldin eta enpresa ertainak badira. Zenbateko horiek handitu egin ahalko dira, sektore estrategikoan sartzen badira, honela:
– Hazi sektore estrategikoagatik: +% 2.
– Irabazi sektore estrategikoagatik: +% 1,5.
– Proiektu eraldatzailea izateagatik: +% 3.
3.– Inola ere ez dira gaindituko kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorrak baimendutako gehieneko intentsitateak.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
4.– Dirulaguntzek enpresa bakoitzeko 1.000.000,00 euroko gehieneko muga izango dute.
5.– Hazi sektore estrategikoan, sektore hauek sartzen dira: aeroespaziala, biosanitarioa, soluzio digital aurreratuak: zibersegurtasuna, AA eta Quantum, sare adimendunak eta biltegiratzea, eta erregai berriztagarriak.
6.– Irabazi sektore estrategikoan, sektore hauek sartzen dira: automobilgintzako osagaiak, mugikortasun jasangarria, fabrikazio aurreratua, energia eta metalurgia.
9. oinarria.– Laguntzen bateragarritasuna, metaketa eta mugak.
Edozein administrazio publikok deialdi honetako dirulaguntzen xede berarekin emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira laguntza hauekin, baldin eta laguntza guztien baturak ez badu gainditzen eskualde-xedeko 2022-2027 aldirako estatu-laguntzei buruzko gidalerroen 7.4 apartatuan ezarritako muga (AO, C 153, 2021-04-29). Dirulaguntza horiek Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzari jakinarazi behar zaizkio.
Dirulaguntza hauek bateragarriak izango dira proiektu edo jarduketa bererako emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta laguntza-neurri horiek diruz laguntzekoak diren beste kostu batzuei buruzkoak badira edo, diruz laguntzekoak diren kostuen berdinak –osorik edo partez– izanda ere, dirulaguntzen baturak ez badu gainditzen Batzordearen (EB) 651/2014 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera eman daitekeen laguntzaren intentsitatea edo diru-zenbateko handiena.
Baldin eta Batasunaren finantzaketa –Batasuneko erakundeek, agentziek, enpresa erkideek edo beste organo batzuek zentralki kudeatua eta estatu kidearen zuzeneko edo zeharkako kontrolik gabea– Estatuko laguntzekin konbinatzen bada, azken horiek soilik hartuko dira kontuan jakinarazpen-atalaseak eta gehieneko laguntza-intentsitateak errespetatzen diren zehazteko, baldin eta diruz laguntzekoak diren kostu berberetarako emandako finantzaketa publikoaren guztizko zenbatekoak ez baditu gainditzen Europako araudi aplikagarrian ezarritako gehieneko finantzaketa-ehunekoak.
Dirulaguntza beste diru-sarrera batzuekin bateragarria dela onartu ondoren, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunak diruz lagundutako jarduerak eta jarduketak neurriz kanpo ez finantzatzeko konpromisoa adieraziko du eskaeran. Hori gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa murriztuko da.
10. oinarria.– Balorazio-irizpideak.
Diruz lagun daitezkeen ekoizpen-inbertsioak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1.– Hazi sektore industrialetara dibertsifikatzea, Euskadi 2030 – Industria Planean definitutakoaren arabera. Kontuan hartuko da enpresak gaur egun zein sektoretan jarduten duen. 10 puntura arte.
a) Gaur egun Hazi sektoreetakoak diren eta intentsitate teknologiko handia duten enpresak (8-10 puntu).
b) Gaur egun Ez Hazi sektoreetakoak diren eta intentsitate teknologiko ertaina duten enpresak (4-7 puntu).
c) Gaur egun Ez Hazi sektoreetakoak diren eta intentsitate teknologiko txikia duten enpresak (1-3 puntu).
2.– Hazkunde historikoa. 10 puntura arte.
a) Azken 3 urteetan, enpresaren negozio-bolumena igo egin da, urtean % 15 edo gehiago (8-10 puntu).
b) Azken 3 urteetan, enpresaren negozio-bolumena igo egin da, urtean % 10 edo gehiago (4-7 puntu).
c) Azken 3 urteetan, enpresaren negozio-bolumena igo egin da, urtean % 10 edo gutxiago (1-3 puntu).
3.– Hazkunde organikoa. 10 puntura arte.
a) Enpresak planteatzen du bere diru-sarrerak urtean % 20 edo gehiago igoko direla (8-10 puntu).
b) Enpresak planteatzen du bere diru-sarrerak urtean % 10 edo gehiago igoko direla (4-7 puntu).
c) Enpresak planteatzen du bere diru-sarrerak urtean % 10 edo gutxiago igoko direla (1-3 puntu).
4.– Produktua/zerbitzua/negozio-eredua. Produktuaren, zerbitzuaren edo negozio-ereduaren eremuetan dibertsifikatzea. 10 puntura arte.
a) Enpresak kontzienteki argudiatu du produktu, zerbitzu edo negozio-eredu berriak garatuko dituela proiektuarekin hazteko (8-10 puntu).
b) Enpresak hobekuntzak edo bilakaerak planteatu ditu egungo produktuaren edo zerbitzuaren gainean, proiektuarekin hazi eta garatu ahal izateko (4-7 puntu).
c) Enpresak ez du garapen edo negozio-eredu berririk planteatu, baina hazteko asmoa du (1-3 puntu).
5.– Merkatuak. Nazioartekotzeko bidean dibertsifikatzea, bere merkataritza-planean oinarrituta. 10 puntura arte.
a) Enpresak nazioarteko merkatu berriak lantzen ditu, kanpoko merkatuetan fakturazioaren % 50 gainditzeko (8-10 puntu).
b) Enpresak nazioarteko merkatuak lantzen ditu, kanpoko merkatuetan fakturazioaren % 25 gainditzeko (4-7 puntu).
c) Enpresak bere nazioartekotze-prozesua hasi du (1-3 puntu).
6.– Proiektuaren izaera eraldatzailea. 20 puntura arte.
a) Enpresa liderra da proiektu eraldatzaile batean, eta proiektu horrek eragin esanguratsua du EAEn; horren barruan sartzen dira kalitatezko enplegua sortzea, EAEko enpresa-sarea indartzea eta inbertsioak erakartzea. Enpresa gidaria da, eta beste enpresa batzuetan jarduten du, hazkundea sustatuz (16-20 puntu).
b) Enpresa partaidea da proiektu eraldatzaile batean, eta proiektu horrek eragin esanguratsua du EAEn; horren barruan sartzen dira kalitatezko enplegua sortzea, EAEko enpresa-sarea indartzea eta inbertsioak erakartzea. Enpresa partaide aktiboa da enpresa-lankidetzako proiektu batean (11-15 puntu).
c) Enpresa liderra da proiektu eraldatzaile batean, eta proiektu horrek nolabaiteko eragina du EAEn; horren barruan sartzen dira kalitatezko enplegua sortzea, EAEko enpresa-sarea indartzea edo inbertsioak erakartzea. Enpresa gidaria da, eta beste enpresa batzuetan jarduten du, hazkundea sustatuz (6-10 puntu).
d) Enpresa partaidea da proiektu eraldatzaile batean, eta proiektu horrek nolabaiteko eragina du EAEn; horren barruan sartzen dira kalitatezko enplegua sortzea, EAEko enpresa-sarea indartzea edo inbertsioak erakartzea. Enpresa partaide aktiboa da enpresa-lankidetzako proiektu batean (1-5 puntu).
11. oinarria.– Balorazio-batzordea.
1.– Balorazio-batzordearen funtzioak hauek izango dira:
a) Aurkeztutako eskaerak ebaluatzea, agindu honen 10. oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Balorazio-batzordeak bere ebaluazioa egingo du, kontuan hartuta entitate laguntzaileak egin duen txosten teknikoa, zeinak inbertsioen eta enpleguaren azterketaren emaitza zehazten baitu.
b) Organo kudeatzaileari txosten bat igortzea, zeinean zehaztuko baita zein den eskaeren baremazioa 10. oinarriko balorazio-irizpideak eskaera desberdinetan aplikatu ondoren, eta zeintzuk diren diruz lagun daitezkeen jarduketak, haien arteko lehentasuna eta proposatutako zenbatekoa nahiz ezetsi asmo direnena, horretarako arrazoiak adierazita.
Gainera, txostenean agertu behar da ezen, oinarri arautzaileetan onuradun izateko ezarritako baldintza administratiboak eta teknikoak bete arren, 2. oinarrian finkatutako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik eskaera ezetsi eta dirulaguntza ukatu zaien eskatzaile guztien zerrenda antolatua. Zerrenda horretan, zehaztu behar dira deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera eskaera bakoitzari emandako puntuazioa eta laguntzaren zenbateko zenbatetsia. Azken horiei dagokienez, laguntza emateko epea 2026ko azaroaren 30era arte izango da, eta, horretarako, kontuan hartuko dira oinarrietan proiektua gauzatzeko ezartzen den gehieneko epea eta proiektua gauzatzeko epea.
c) Aholkuak ematea administrazio-errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoari, agindu honetan deitutako dirulaguntzak emateko ebazpena aurkaratzeko arrazoia eskaeraren balorazioa bera denean.
2.– Batzorde hori baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta bertan parte hartzen badute (aurrez aurre edo era telematikoan) batzordeburuak eta idazkariak (edo haien ordezkoek) eta gainerako kideetako batek, gutxienez.
Apartatu honetan batzordearen funtzionamenduaz aurreikusten ez den guztia dela eta, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri moduan.
3.– Batzordea hauek osatuko dute:
Batzordeburua:
Jon Echezortu Urretavizcaya, Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzako arduraduna. Ordezkoa: Rosa M.ª Murillas Maza, zuzendaritza horretako arduraduna.
Batzordekideak:
Alberto Fernández González, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria. Ordezkoa: Xabier Lopez de Lacalle Dominguez, zuzendaritza horretako arduraduna.
Cristina Oyón Echevarría, SPRI taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko titularra. Ordezkoa: Amaia Martínez Muro, SPRI taldeko arlo bereko arduraduna.
Aitor Cobanera Rodriguez, SPRI taldeko Enpresa Sustapeneko titularra. Ordezkoa: Laura Izaguirre Lafuente, SPRI taldeko arlo bereko arduraduna.
Idazkaria:
Imanol Cuétara Camiruaga, SPRI taldeko Ekintzailetza Saileko arduraduna. Ordezkoa: María Aguirrezabal Rodriguez, SPRI taldeko arlo bereko arduraduna.
12. oinarria.– Organo kudeatzailea.
Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzei buruzko kudeaketa-lanak egitea.
13. oinarria.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskaerak aurkezteko epea agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2026ko uztailaren 30ean bukatuko da.
2.– Eskaerak eta hurrengo oinarrian ageri den dokumentazioa, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honi loturiko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Herritarrei Arreta Integrala eta Kanal Anitzekoa eta Zerbitzu Publikoetarako Bide Elektronikoetatik Sartzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritakoarekin.
3.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskaera egiteko formulariora) helbide honetan dago (https://www.euskadi.eus/servicios/1264602). Halaber, helbide horretan egingo dira ondorengo izapide guztiak, horren barruan sartuta jakinarazpenak eta justifikazioak.
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Eskaera ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetzen bada, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Halaber, eskatzaileak hirugarrenen erregistro elektronikoan alta eman beharko du, edo bere datuak aldatu beharko ditu, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
4.– Eskaera bakarra aurkeztu beharko da, beteta, enpresak aurreikusita dituen jarduketa guztietarako, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonaren sinadura onartuarekin, eta, eskaerarekin batera, hurrengo oinarrian adierazten diren dokumentuak aurkeztu beharko dira, euskarri gisa.
5.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza-eskaera eta eskatutako dokumentuak. Era berean, dirulaguntza-eskaerak eragiten dituen jarduketetan eta prozedura osoan entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legean ezarritakoaren arabera.
6.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak dagoeneko badituen indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskaeran adierazi beharko da dokumentuok noiz eta zer organotan aurkeztu ziren.
7.– Eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituen. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori; dena dela, halakorik eginez gero, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion bakoitzean.
8.– Era berean, dirulaguntza eskatzeak berekin badakar organo kudeatzaileak kontsulta egitea Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistro eta Gordailuari, egiaztatzeko ba ote dagoen indarrean berdintasun-planik; izan ere, Estatuko araudiaren arabera, 50 langiletik gorako enpresetan, plan hori beharrezkoa da dirulaguntzak eskatzeko. Era berean, plan hori edukitzeko betebeharrik ez duten enpresen kasuan ere egiaztatuko da hori, baldin eta eskatzaileek berdintasun-plana izatea aitortu badute enpresa berritzaileei emandako puntuazioaz baliatzeko.
9.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak beste edozein dokumentu edo informazio eskatu ahal izango die entitate eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu, behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko haiek aurkeztutako eskaera. Agindu honetan espresuki aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
10.– Datu pertsonalak tratatuko dira Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako araudi aplikagarrietan xedatutakoaren arabera.
Datuen arduraduna Industria Garatzeko eta Administratzeko zuzendaria da, eta haren aurrean erabili ahal izango dira datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailera jo beharko da.
14. oinarria.– Eskaerarekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak.
1.– Enpresa eskatzaileak eskaera bat bete beharko du (bitarteko elektronikoen bidez), eta, bertan, dokumentu hauek atxiki beharko ditu:
a) Eskatzaileak egin beharreko inbertsioen memoria xehatua, honako hauek jasoko dituena: enpresaren industria-plana (produktu, zerbitzu edo negozio-eredu berriak deskribatzen dituen memoria teknikoa eta proiektuaren deskribapen-memoria, bertan adierazita egungo sektorea eta sektore objektiboa), ekonomia- eta finantza-plana eta negozio-plana (diru-sarreren proiekzioak, merkataritza-plana eta/edo nazioartekotze-plana), lotutako lan-plana, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren deskribapena, aurrekontu xehatuarekin, eta hura gauzatzeko epeak.
Aurreikuspen bat ere jasoko da, eta bertan adieraziko da zein diren laguntza jaso dezakeen inbertsio-proiektuko jarduketen zenbatekoa eta finantzaketa –propioa edo beste ente publiko edo pribatu batzuen bidezkoa–.
b) Sozietateen gaineko zergaren azken hiru aitorpenak, edo hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarenak, edo azken hiru ekitaldietan Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuak eta dokumentu gehigarriak. Enpresa eskatzailea bateratu beharreko talde batekoa bada, azken hiru urteetako taldeko urteko kontu bateratuak aurkeztu beharko ditu.
c) Enpresako plantillaren bilakaerari buruzko memoria xehatua, urteka. Memoria hori azken hiru ekitaldi ekonomikoei buruzkoa izango da, datuak lanbide-kategoriaren eta sexuaren arabera bereizita egongo dira, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak igorritako dokumentuak barne hartuko ditu: «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostena, urteko deialdia argitaratu aurreko 12-36 hilabeteei dagokiena.
d) Enpresaren tamaina egiaztatzeko dokumentua, hau da, enpleguaren urteko datuak, negozio-bolumena eta negozioaren balantze orokorra, baita, hala badagokio, enpresari lotutako edo bazkidetutako gainerako enpresena eta talde osoarena ere. Horren barruan, talde osoaren antolakuntza-eskema gehitu beharko da, parte-hartzeekin eta enplegu-datuekin, ustiapen- eta balantze-kopuruekin, eta hori guztia dirulaguntzak eskatu aurreko bi ekitaldiei dagokienez.
e) Eraketa-eskrituraren kopia, enpresa sortu berria bada bakarrik.
f) Jarduera sailkatuaren lizentzia (udalekoa), jarduera-lizentzia lortzearen mende dauden inbertsioen kasuan.
g) Inbertsio berak lortzeko entitate honen edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eskatu eta/edo jasoz gero, adierazi zein diren entitateak eta zenbatekoak.
h) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzei dagokienez, Merkataritza-eragiketetan berankortasuna ekiditeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak zenbateraino bete diren egiaztatzeko, bide hauek erabiliko dira:
a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek ziurtagiri bat aurkez dezakete, adierazten duen iritsi direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-mailara; ziurtagiria pertsona fisikoak sinatu behar du, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo haren baliokideak, ordezkaritza-ahal nahikoa duela. Horrez gainera, ondoko b) letran aurreikusten diren frogabideak ere erabil ditzakete inguruabar hori egiaztatzeko, beren erregulazioa betez gero.
b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:
1. Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako ziurtagiria, zeinean banakatuta jasoko baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera ondorioztatzen bada iristen dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen da), uztailaren 5eko 15/2010 Legeak –zeinak abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen baitu– hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen duen informazioaren arabera.
Ziurtagiri hori balizkoa izango da, harik eta hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatzen diren arte.
2. Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena», zeinaren bidez, erreferentziazko data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarria berrikusita, ondorioztatzen baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak antzemanez gero, ez dutela eragozten apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea.
Apartatu honetan eskatzen den betekizuna betetzat joko da, baldin eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legean (azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan) aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa bada.
i) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, betekizunak betetzeari eta emandako datuen zehaztasunari buruzkoa; hau da,
– Enpresa eskatzaileak betetzen dituela laguntzaren deialdi-agindu honen artikuluetan eskatutako betekizun guztiak.
– Eskaerako datu guztiak egiazkoak eta osoak direla, bai eta aurkeztutako dokumentazio guztia ere.
– Aitortu dituela beste erakunde publiko edo pribatu batzuei inbertsio berberetarako eskatu dizkien edo haiengandik jaso dituen laguntzak.
– Bere gain hartzen duela aurkezten dituen dokumentuen egiazkotasunaren erantzukizuna.
– Egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluak ezarritakoaren arabera. Agindu horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen esparruan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeaz dihardu.
– Betetzen dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
– Konpromisoa hartzen duela aurretik adierazitakoa betetzeko, adierazpen hau aurkezten duenetik deialdia ebatzi eta emandako dirulaguntza osoa justifikatu arteko denbora-tarte osoan.
– Konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluak ezarritakoaren arabera.
– Konpromisoa hartzen duela diruz lagundutako jarduerak eta jarduketak neurriz kanpo ez finantzatzeko, dirulaguntza likidatu arteko aldian, ezertan eragotzi gabe etorkizunean xede bera betetzeko jaso ditzakeen laguntzen zenbatekoa adierazteko betebeharra.
j) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, zehaztuz ez dagoela legezko debeku hauen eraginpean:
– Ez duela jaso, epai irmo bidez, laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren kondenarik, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurra eta legearen aurkako ordainarazpena edo hirigintza-delitua.
– Ez duela eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez dagoela ezein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta, ez dagoela esku-hartze judizialaren eraginpean edo ez dagoela desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
– Ez duela administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea; edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek erregulatzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Zerga-egoitza ez dago erregelamenduz paradisu fiskaltzat jotzen den lurralde edo herrialde batean.
– Ez duela galdu, epai irmo baten bidez, dirulaguntzak eskuratzeko aukera, hala ezartzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, ez duela zehapen administratibo edo penalik jaso sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik zehapenean ezarritako aldian. Espainiako araudiaren arabera berdintasun-plana indarrean eduki behar badu, berdintasun-plana daukala, eta, 50 langile baino gehiago edukiz gero, egiaztatu dezakeela ezarri dituela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Espainiako legeek ezartzen duten bezala.
– Ez dagoela Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluak xedatutako kasuan.
– Ez duela zehapenik jaso, administrazio-bidean aurreikusitako ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoaren arabera, edo, halakorik jaso badu, dagoeneko aplikatu dituela behar diren zuzenketa-neurriak gauzatu eta ordaindu duela dagokion zehapena.
– Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den lanpostu-kuota, edo egiaztatu duela abian ipini dituela hori betetzeko neurri alternatiboak.
– Ez dagoela berreskuratze-agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpoko eta barne-merkatuarekin bateraezin deklaratu duen aurretiazko erabaki baten eraginez.
– Ez dela krisian dagoen enpresa, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera.
– Ez daukala dirulaguntzak jasotzeko debekurik, enpresa hauei ere eragiten dienik: eraldatzearen, bat-egitearen edo ondorengotzaren bitartez debekua jaso duen beste enpresa baten jarraipena edo ondorengoa direla uste izan daitekeen enpresak, zuzendaritzan dauden pertsonak edo bestelako inguruabarrak direla eta.
2.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi eskatu ahal izango du dokumentuak aurkezteko, egiaztatu dadin betetzen direla eskatzen diren betekizunak eta ez dagoela erantzukizunpeko adierazpenetan jasotako debekurik. Halaber, entitate onuradunak gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko du, eman zaion laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte.
Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, administratibo edo zibilak.
3.– Eskaerak osorik betetzen ez badira edo haiekin batera eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, entitate eskatzaileari bitarteko elektroniko bidez eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala falta dena edo aurkez ditzala behar diren dokumentuak bide bera erabiliz. Horretaz gainera, adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, organo kudeatzaileak ebazpena eman eta gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den bezala.
4.– Nolanahi ere, dirulaguntza hauen organo kudeatzaileak, Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariak, beste edozein dokumentu edo informazio osagarri eskatu ahal izango die entitate eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko. Agindu honetan espresuki aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
15. oinarria.– Prozeduraren instrukzioa.
1.– Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritza da prozedura kudeatzeko eskumena duen organoa, eta ofizioz egingo ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen diren jarduketa guztiak, gero, datu horietan oinarrituz, ebazpen-proposamena egiteko. Era berean, egiaztatuko du eskaera bakoitzean betetzen direla eskatutako betekizunak, eta hori espresuki jasota geratuko da nahitaezko txostenean.
2.– Espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Bertan, dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzaileen zerrenda agertu beharko da, zenbatekoa zehaztuta, eta haien ebaluazioa eta hura egiteko baliatutako balorazio-irizpideak argitu beharko dira. Proposamen hori behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da ezen, organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera, onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
16. oinarria.– Dirulaguntzak emateko ebazpena.
1.– Agindu honetan eskatutako betekizunak betetzen dituzten eskaerak prozedura bakar batean izapidetuko dira, puntuazioaren arabera, eta Industria Sustatzeko sailburuordeak ebatziko ditu, Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzak egindako ebazpen-proposamena ikusita, deialdi honetako 2. oinarrian esleitutako kreditua agortu arte.
Eskaera batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute, espedientea osatu zen egunak ezarriko du adjudikazio-ordena.
Baldin eta onuradunen batek uko egiten badio dirulaguntzari eta uko horren bidez kreditu nahikoa libre geratzen bada kreditu faltagatik ukatutako eskaeretako bati gutxienez erantzuteko, organo eskudunak erabakiko du, jakinarazpena egiten denetik 15 egun igaro baino lehen, beste deialdi bat egin gabe, dirulaguntza beste eskatzaile bati edo batzuei ematea, puntuazio-ordenaren arabera.
2.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo, hala badagokio, ukatzen diren, eta honako hauek jasoko dira:
– Onuradunen zerrenda, agindu honetan ezarritako irizpideekin lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, datu hauek adierazita: entitate eskatzailearen izena, aurkeztutako inbertsioaren zenbatekoa, diruz lagundu daitekeen inbertsioarena eta emandako laguntzarena. Banakako eranskin bat gehituko zaie, zeinean espresuki jasoko baitira emandako dirulaguntzaren zehaztasunak.
– Ukatutako eskaeren zerrenda, arrazoiak adierazita. Halaber, aurrekontu-krediturik ez egoteagatik soilik ukatu direnak ateratako puntuazioaren arabera antolatuta agertuko dira, oinarri honen 1. apartatuan xedatzen denaren ondorioetarako.
3.– Ebazpena eman eta jakinarazteko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, eta, horretarako, 6 hilabeteko epea egongo da, gehienez ere, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek ulertu behar dute laguntza-eskaera ezetsi egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluak ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Dirulaguntza emateko ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko iragarki-taulan argitaratuko dira, eta bakarka jakinaraziko zaizkio interesdun bakoitzari. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtero argitaratu behar dira adjudikaziodunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoarekin.
5.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari hilabeteko epean, baldin eta esanbidezko egintza bada edo, edozein momentutan, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 123. eta 124. artikuluetan dioenarekin.
17. oinarria.– Inbertsioak justifikatzea eta dirulaguntzak ordaintzea.
1.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak izena emanda egon beharko du administrazio honen hirugarrenen erregistro egokian. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa
2.– Dirulaguntza ordaintzeko, abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuak xedaturikoa bete beharko da (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubidea arautzen duena). Hala, berme errealak eskatu ahal izango dira edozein ordainketa aurreraturen kasuetan, ordainketa horien zenbatekoa, bakanduta edo batera, 180.000 eurotik gorakoa denean, eta ordainketaren edo aurreratutako ordainketen nominala gehi urtebeteko epea gainditzen ez duten interesak estali beharko dituzte, baita nominalaren ehuneko hamabosteraino ere, balizko erreklamazio judizial edo estrajudizialaren kostu eta gastuetarako.
3.– Lehen ordainketa, aurreratua, emandako dirulaguntzaren % 21,15ekoa, interesdunak laguntza onartu ondoren egingo da, edo dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean, espresuki uko egin ezean.
4.– Gainerako ordainketak egiteko, enpresa onuradunak apartatu hauek bete beharko ditu, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta):
– Erantzukizunpeko adierazpena, zeinean entitatearen lege-ordezkariak bere erantzukizunpean baieztatzen baitu dokumentazioan emandako datuak egiazkoak direla eta gastua justifikatzeko dokumentazioa ez dela aurkeztu beste dirulaguntza-programa batzuk justifikatzeko.
– Dirulaguntzaren xede diren inbertsio gauzatuen adierazpena.
– Fakturen koadroa, inbertsioaren gastuen eta diru-zenbatekoen zerrenda sailkatuarekin (BEZa kanpoan utzita) eta ordainagiriekin.
– Adierazpen bat, zeinaren bidez zehazten baita ezen, laguntza jaso ondoren, onuraduna ez dagoela berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela deklaratu duelako.
– Adierazpen bat, zeinaren bidez zehazten baitira diruz laguntzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25era edo gehiagora iristen diren baliabide propioen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa, dirulaguntzak alde batera utzita.
– Proiektuko jarduerak beste ente publiko edo pribatu batzuek ere finantzatu badituzte, edo eskatzailearen beraren finantzaketa ere eduki badute, proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda xehatua erantsiko da, zenbatekoa eta jatorria adierazita, finantzaketa-iturri bakoitzeko. Zerrenda horri gastu horien kopia erantsiko zaio. Jasotako funtsek sorrarazten dituzten finantza-etekinak ere egiaztatu beharko dira, hala badagokio.
– Behar denean, dirulaguntzarako onartzen den gastuaren zenbatekoak kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluari jarraikiz, onuradunak eskatu beharreko hiru aurrekontuak.
5.– Bigarren ordainketa egingo da, baldin eta enpresa onuradunak, 2027ko maiatzaren 31 baino lehen, egindako eta onartutako inbertsioen gutxienez % 25eko justifikazioa aurkezten badu. Aurkeztutako justifikazioari dagokion zenbatekoa ordainduko da, aldez aurretik ordaindutako % 21,15 deskontatuta, eta, gainera, epe horretan eskatzen bada, beste aurrerakin gehigarri bat egin ahal izango da, emandako dirulaguntzaren % 39,10era iritsi arte.
6.– Diruz lagundutako jarduerak egin izanaren azken justifikazioa 2028ko otsailaren 28a baino lehen egin beharko da, eta egindako inbertsioak ebaluatuko dira, data horretara arte aurkeztutako inbertsioen eta gastuen aitorpenetan oinarrituta.
7.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte aitortzen diren inbertsioak. Aurkeztutako fakturek bat etorri beharko dute lehen aipatutako fakturen koadroan zehaztutakoekin. Fakturak ikuskatzaileen esku egon beharko dira, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (entitate edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita. Horretaz gainera, beharrezkotzat jotzen diren dokumentu eta informazio osagarri guztiak eskatu ahal izango dira, aitortutakoa egiaztatzeko.
8.– Laguntza guztiz ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzako teknikariek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu ondoren, zuzendari horrek, programa honen kudeatzailea izaki, ebazpena emango du, zeinean adierazitako baitu zein den enpresa onuradunari inbertsio justifikazioen zioz ordaindu behar zaion zenbatekoa –osoa edo partziala–.
9.– Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko aldia amaitu baino lehen egiazki ordaindu diren gastuak. Onuradunak bere merkataritza-eragiketetan egindako gastu diruz lagungarriak sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dira, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetan berankortasuna ekiditeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeetan.
10.– Enpresa batek laguntza ez-legitimoren bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu bada eta laguntza hori itzuli ez bada, hura ezereztu izanaren justifikazioa aurkeztu beharko da azken ordainketarako eskaerarekin batera. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez da ordainduko harik eta aipatutakoa justifikatu arte.
11.– Dirulaguntza ezingo da ordaindu, baldin eta onuradunak ez baditu egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela-medio zorduna bada.
18. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak ezartzen dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan, Europako erregelamendu aplikagarrietan eta oinarri hauetan. Bereziki, onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunak espresuki eta idatziz uko egin ahal izango dio laguntzari, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean, eta, betiere, dirulaguntza jaso aurretik.
2.– Laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabiltzea, eta hitzartutakoaren arabera inbertsioa egitea eta enpleguari eustea, bai eta alderdi horiek justifikatzea ere.
3.– Inbertsioa gauzatzeko eta sortutako enpleguari eusteko epearen barruan, organo kudeatzaileari igortzea eskatzen zaien informazio osagarri oro, bai eta gertatzen diren aldaketak ere, administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izan ditzan inbertsioak garatzeari eta gauzatzeari buruz. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.
4.– Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.
5.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko organo kudeatzaileari jakinaraztea helburu bera betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla beste edozein administraziotatik edo ente publiko nahiz pribatuetatik.
Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
6.– Baldin eta aldatu bada laguntza ematerakoan kontuan izan zen edozein egoera objektibo edo subjektibo, horren berri ematea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko organo kudeatzaileari.
Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
7.– Enpresak laguntza ez-legitimorik badu, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu, horren berri eman beharko zaio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko organo kudeatzaileari.
8.– Eman den laguntzaren indarraldian egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuko xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitako gainerako enteekiko betebeharrak ere (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen da); halaber, egunean izatea jasotako funtsak itzultzeko betebeharra, zorduna izanez gero itzulketaren bidezkotasunari buruzko ebazpen baten bidez.
9.– Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuak izatea, pertsona onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro izatea, bermatzeko egiaztatze- eta kontrol-ahalmenak era egokian gauzatzen direla.
10.– Gordetzea diruz lagundutako proiektuekin zerikusia duten behin betiko fakturak eta jasotako funtsak nola erabili diren egiaztatzen duten dokumentuak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku uztea, bost urtez, dirulaguntza likidatzen denetik zenbatzen hasita, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.
11.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea eta diruz lagundutako ekintzak direla aipatzea toki ikusgarri batean, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren logotipo korporatiboa agerian jarrita, bat etorrita abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak erregulatutako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoarekin.
12.– Itzultzea jasotako funtsak, edo garaturiko jarduerarako nahiz jarduketarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
13.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar duen dokumentazio guztian eta material guztietan.
14.– Bermatzea herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera, diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.
15.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, halakotzat hartuta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan erregulatutakoa.
16.– Enpresa handien kasuan, lagundutako inbertsioek gutxienez bost urteko amortizazio-aldia izango dute, eta gutxienez bost urte iraun beharko dute enpresaren aktiboan. ETEen kasuan, berriz, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.
17.– 2027ko martxoaren 31rako, gutxienez diruz lagundutako inbertsio guztien % 25 onartzea.
18.– Beste edozein betebehar, arau hauen arabera eska daitekeena: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eta haiek garatzeko arauak.
19. oinarria.– Emandako laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza ematen duen organoak, hots, Industria Sustatzeko sailburuordeak aldatu ahal izango ditu emandako dirulaguntzak, alderdi batek eskatuta edo ofizioz, kasu hauetan:
a) Aurreikusten denean ez direla gauzatuko proiektuko jarduketa guztiak, eta, ondorioz, gauzatutako eta justifikatutako jarduketen behin betiko gastua txikiagoa izango dela dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino. Halaxe jokatuko da, era berean, inbertsio guztia gauzatuta, aurreikusten denean justifikatutako behin betiko gastua txikiagoa izango dela dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino.
b) Aldi berean beste edozein entitate publiko edo pribatuk helburu bererako emandako laguntzak eta dirulaguntzak jasoz gero.
c) Ezarritako gauzatze-epeak luzatu nahi direnean. Kasu horretan, luzapena ezin izango da izan 3 hilabete baino luzeagoa.
d) Proiektua gauzatzean aldaketak gertatzen direnean helburuei, jarduketei, faseei, gastu-kontzeptuei eta egutegiari dagokienez.
2.– Dirulaguntza ematen duen organoak dirulaguntza aldatzea erabaki ahal izango du oinarri honen 1. apartatuan adierazitako kasuetan, betekizun hauek betetzen direnean:
a) Alderdi batek eskaturik, aldaketa bat egin nahi denean aurreko apartatuan ezarritako inguruabarretako batean oinarrituta, inguruabarra ezagutu bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, proiektua gauzatzeko epea amaitu baino lehen.
b) Alderdi batek eskatuta, aldaketa bat egin nahi denean oinarri honen 1. apartatuaren a) letran ezarritako kausan oinarrituta, beharrezkoa izango da emandako dirulaguntzaren % 60 gutxienez gauzatuta eta justifikatuta egotea. % 60tik beherako ehunekoa gauzatzea edo justifikatzea erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta, ondorioz, jasotako laguntza oro itzuli beharko da.
c) Oinarri honen 1. apartatuaren c) letran adierazitako gauzatze-epe aldatu nahi denean, interesdunak aldaketa hori eskatu beharko du gutxienez gauzatze-epea amaitu baino bi hilabete lehenago.
d) Aldaketak ezin du handitu dirulaguntzaren zenbatekoa.
e) Onuradunaren borondateak ezin du eduki zerikusirik aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
f) Gauzatu den edo gauzatzekoa den inbertsioa oinarri arautzaileen xedeen artean egon behar da.
g) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
h) Aldaketak ezin die kalterik egin hirugarrenen eskubideei.
3.– Alderdi batek eskaturik gertatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko eskaeran, onuradunak behar bezala justifikatu beharko du zergatik egin nahi duen aldaketa hori, eta, behar denean, dokumentu bidez egiaztatu beharko du.
4.– Industria Sustatzeko sailburuordeak erabakiko du aldaketa, halakorik bada. Inbertsioa gutxitzearen ondorioz ebazpena aldatzeko baimena ematen bada, zenbateko hori dagokion proportzioan murriztuko da.
5.– Nolanahi ere, aldaketa horiek ez dute eragingo inolaz ere emandako laguntzaren zenbatekoa gehitzea, ez eta laguntza emateko ebazpenean itzulketarako ezarri ziren baldintzak aldatzea ere.
20. oinarria.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.
1.– Baldin eta enpresa onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, Industria Sustatzeko sailburuordeak –aldez aurretik Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariak ez-betetzearen espedientea hasi eta izapidetu duela eta hor interesdunari entzunaldia eman zaiola– ebazpen administratibo baten bidez deklaratuko du dirulaguntzarako eskubidea bertan behera utzi dela eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzen printzipala eta dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra dagoela, betiere arau hauetan ezarritako baldintzetan: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta haiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondoreetarako.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean ezarritako kasuetan, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta berandutze-interesak eskatuko dira, zehazki, dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa egitea bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko sortutako interesak, edo zordunak itzulketa egiten duen egunera arte sortutakoak (baldin eta itzulketa lehenago egiten bada itzulketaren bidezkotasuna erabakitzen den eguna baino).
2.– Dirulaguntzaren xede den jarduketaren kostuaren gaineko soberakina itzuli beharko da, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada.
3.– Onuradunaren betetze-maila ia erabatekoa bada, eta hark egiaztatzen badu asmo irmoa duela dirulaguntza onartu zuenean hartu zituen konpromisoak betetzeko, ezingo da deklaratu kobratzeko eskubidea guztiz galdu duela, eta, ondorioz, jasotako dirulaguntza osoa itzuli beharko duela. Aitzitik, deklaratuko da dirulaguntzaren ordainketa partzialerako eskubidea duela, eta, behar denean, itzulketa partziala egin behar duela. Itzuli beharreko zenbatekoa jarduketaren betetze-mailaren araberakoa izango da.
Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zatizko zenbateko hori bat etorriko da emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazio hori egiaztatu ostean eta entitate emaileak onartzen duenean.
4.– Erabateko ez-betetzeak hauek dira, besteak beste:
a) Deialdi honen 3.3 oinarrian ezarritako gutxienekoak ez gauzatzea, hau da, enpresa handiak, gutxienez 1.500.000,00 euroko inbertsio onartua egiten ez dutenak, edo 200.000,00 eurora iristen ez diren ETEak.
b) Enpleguari ez eustea agindu honen 7. oinarrian zehazten diren baldintzetan.
c) Onartutako inbertsioak ez hastea 2026ko ekitaldian.
d) Diruz lagundutako inbertsioak egiteko aurreikusitako epeak ez betetzea (gehienez, 2027ko abenduaren 31).
e) Diruz lagundutako inbertsioen % 60 baino gutxiago ez gauzatzea edo justifikatzea.
f) Enpresaren baliabide propioak ez aplikatzea: diruz laguntzeko modukotzat jotako inbertsioaren zenbatekoaren % 25, gutxienez.
g)18. oinarriko betebeharrak ez betetzea.
5.– Itzulketa-betebeharren erantzukizunen araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan xedatutakoa izango da.
Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren arabera, onuradunaren kide elkartuek eta taldeetako pertsonek eta entitateek onuradunaren itzulketa-betebeharraren erantzukizun solidarioa edukiko dute, egiteko konpromisoa hartu duten diruz lagundutako jarduerei dagokienez. Onuradunak jarduteko gaitasunik ez badauka, beraren legezko ordezkariek itzulketa-betebeharraren erantzukizun solidarioa edukiko dute. Kideek, partaideek edo titularkideek erantzukizun solidarioa izango dute, nork bere partaidetzen arabera, ondasun-erkidegoen edo bestelako edozein unitate ekonomikoren edo ondare bananduren kasuan.
6.– Entitate onuraduna konkurtso-prozedura batean hasten bada, administrazioak, emandako dirulaguntza itzulgarriak berreskuratzeko, kasuan-kasuan aplikagarriak diren xedapenek aitortzen dioten lehentasuna izango du, eta, hala badagokio, itzultzeko betebeharraren erantzukizun subsidiarioa deribatzeko espedienteak hasi ahal izango ditu pertsona juridikoen ordezkarien aurka, edozein izanik ere haien izaera, hala ezartzen baita urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren 100.2 artikuluan (1/2021 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duena).
RSS