
120. zk., 2026ko ekainaren 26a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (476 KB - 65 orri.)
- EPUB (1615 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
2864
EBAZPENA, 2026ko apirilaren 21ekoa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Heidelberg Materials Hispania Cementos, SA enpresaren Añorga eta Arrigorriagako lantokietarako hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta argitaratzea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2026ko martxoaren 17an, aipatutako hitzarmenari lotutako dokumentazioa aurkeztu zen REGCONen.
Bigarrena.– 2026ko martxoaren 20an eta 2026ko apirilaren 13an, zuzenketa-errekerimenduak egin dira. Errekerimenduak 2026ko martxoaren 31n eta 2026ko apirilaren 21ean bete dira.
Hirugarrena.– Aipatutako hitzarmenaren izenpetzaileek erabaki dute nork izapidetuko duen hitzarmena erregistratu, gordailutu eta argitaratzeko eskaera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila sortzen du 2. artikuluan, eta, 7. artikuluan, berriz, sail horren egitekoen artean jasotzen du egikaritzea lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena.
Aipatutako sailaren barruan, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza da organo eskuduna Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroa zuzendu eta kudeatzeko, bat etorrita azaroaren 5eko 232/2024 Dekretuak (Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) 13.1.i) artikuluan xedatutakoarekin.
Bigarrena.– Prozedura honetan aplikagarri den araudi substantiboa hauetan jasotzen da: batetik, maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan (Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoan), eta, bestetik, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoan).
Hirugarrena.– Aurkeztutako akordioa inskriba daitekeen egintza bat da, Hitzarmenak eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Dekretuaren 2.1.a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 85., 88., 89. eta 90. artikuluetan ezarritako betekizunen arabera sinatu da.
Behin inskribatze-eskaera eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legezko betekizun guztiak betetzen dituela; beraz, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoak) 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Agindua ematea hitzarmena inskribatu eta gordailutu dadin Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan, eta alderdiei horren berri ematea.
Bigarrena.– Xedatzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 21a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARÍA VICTORIA PORTUGAL LLORENTE.
HEIDELBERG MATERIALS HISPANIA CEMENTOS SA ENPRESAREN AÑORGA ETA ARRIGORRIAGAKO LANTOKIETARAKO HITZARMEN KOLEKTIBOA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Alderdi negoziatzaileak eta aplikazio-eremua.
1.1.1.– Alderdi negoziatzaileak.
Heidelberg Materials Hispania Cementos, SA enpresaren Añorga eta Arrigorriagako lantokietarako hitzarmen kolektiboaren negoziazio-batzordea hauek osatzen dute:
Enpresaren ordezkariak:
Rafael Pascual Díaz jauna.
Luis Fernando Bermúdez Iglesias jauna.
Jorge Tapia Carazo jauna.
Langileen ordezkariak:
– Añorgako enpresa-batzordea:
Laura Egido Ibáñez andrea (LAB).
Zuhaitz Larrea Amilibia jauna (LAB).
Aitor Sarriegi Oyarzabal jauna (LAB).
Josu Uzkudun Agirretxe jauna (LAB).
Ekain Iriarte Chávarri jauna (ELA).
Ainhoa Elola Manterola andrea (ELA).
Luis Mari Sorazu Zulaica jauna (ELA).
Iñaki Uría Jaunarena jauna (ELA).
– Arrigorriagako enpresa-batzordea:
Iñaki San Martín Aguilar jauna (ELA).
Víctor Hugo Muga Valiente jauna (ELA).
Asier Tapia Escolano jauna (ELA).
José Fernando Suárez Torres jauna (CCOO).
Julio César Prieto Villacorta jauna (CCOO).
1.1.2.– Hitzarmenaren alderdi sinatzaileak.
Hitzarmenaren amaierako akordioa lortu da enpresaren ordezkarien eta ELA eta CCOO sindikatuek Añorgako eta Arrigorriagako enpresa-batzordeetan dituzten ordezkarien artean.
1.2.– Lurraldea.
Hitzarmen kolektibo hau Heidelberg Materials Hispania Cementos, SA enpresako lantoki hauetan aplikatuko da:
a) Añorgako ehoketa-planta (Gipuzkoa).
b) Arrigorriagako zementu-lantegia (Bizkaia).
1.3.– Langileak.
Hitzarmen honen hizpaketek Heidelberg Materials Hispania Cementos, SA enpresaren aipatu lantokietako langile guztiei eragiten diete, egiten duten jarduera gorabehera.
1.4.– Iraupena.
Hitzarmen honen indarraldia hiru urtekoa izango da. Ondorioak 2024ko urtarrilaren lehen egunetik 2026ko abenduaren 31ra luzatuko dira, indarraldi desberdina dutela espresuki adierazten den kontzeptuetan izan ezik.
Espresuki itundu da, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako, hitzarmena salatu eta itundutako iraupena amaitu ostean hitzarmenak indarrean jarraituko duela, harik eta bi alderdiek hura ordeztuko duen beste bat sinatzen duten arte.
2. artikulua.– Salaketa.
Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, alderdiek hitzarmen honen indarraldiaren amaiera salatu ahalko dute, gutxienez hilabete eta erdiko epean, hura amaitu baino lehen.
Aurrekoa gorabehera, 2026ko azaroaren 15etik aurrera, hitzarmena automatikoki salatutzat joko da, bi alderdiek aurretiaz jakinarazi behar izanik gabe.
3. artikulua.– Konpentsazioa, xurgapena eta baldintza onuragarriagoak.
Hitzarmen honetan ezarritako baldintza ekonomikoak eta lanaldiari buruzkoak xurgatu eta konpentsatu ahal dira lehendik dauden mota guztietako hobekuntzekin.
Baldintzarik onuragarrienei eutsi egingo zaie, baldin eta, guztira eta urteko zenbaketan, hitzarmenean zehaztutakoak gainditzen badituzte.
4. artikulua.– Interpretazio Batzorde Mistoa eta Batzorde Paritarioa.
4.1.– Interpretazio Batzorde Mistoa.
Interpretazio Batzorde Mistoa eratzen da, hitzarmena izenpetzen duten alderdiek osatuta. Gehienez zortzi kide izango ditu: haietatik lau langileen ordezkariak izango dira, eta beste laurak enpresaren ordezkariak. Bermatuko da sindikatu izenpetzaile guztiak daudela Interpretazio Batzorde Mistoan ordezkatuta. Zehazki, enpresa-batzordeetan ordezkaritza izan duten talde guztiak joko dira sindikatu izenpetzailetzat. Akordioak lortzeko behar diren gehiengoei dagokionez, langileak ordezkatuz batzordeko kide den bakoitzak enpresa-batzordeetan duen presentziaren ordezkaritza proportzionala izango du.
Ordezkaritza sindikal bakoitzak, bai eta batzorde mistoko enpresa-ordezkaritzak ere, gehienez bi aholkulariren laguntza izango du. Aholkulari horiek hitza izango dute, baina botorik ez. Aldez aurretik batzordeari jakinaraziz gero, edozein kidek eduki ahal izango du ordezkoa.
Batzordeak eskumen hauek izango ditu:
a) Hitzarmen kolektibo honetako edozein arau interpretatzea.
b) Hitzarmen honetan bildutako konpromisoak garatzea.
Interpretazio Batzorde Mistoa ordezkarietako edozeinek eskatzen duen bakoitzean bilduko da, eskumen eskuordetuen arabera. Deialdiaren komunikazioarekin batera, interpretazioaren xede den gaia planteatzen duen idazkia aurkeztuko da.
Alderdietako edozeinek batzordea biltzeko eskaera egiten badu, gehienez ere zazpi eguneko epean bildu beharko da batzordea. Batzordea bildutakoan, zazpi eguneko epea izango du bere irizpena emateko. Halaber, interpretatu den gaiaren gainean adostasuna edo desadostasuna egon den jaso beharko da aktan. Batzorde Paritarioan desadostasunik sortuz gero, Lan Gatazkak Judizioz Kanpo Konpontzeari buruzko II. Akordioan (PRECO II) arautzen diren bitartekaritza-prozeduren arabera ebatziko da (2000-04-04ko EHAA).
Kontziliazio edo bitartekaritzako prozedurak alderdietako edozeinek eskatu ahal izango ditu. Arbitraje-prozedura hasteko, beharrezkoa izango da bi alderdien artean akordio komun bat lortzea.
Interpretazio Batzorde Mistoaren erabakiek balioa izan dezaten, alderdi bakoitzeko gutxienez % 51 ordezkatzen duten botoek berretsi beharko dituzte.
Interpretazio Batzorde Mistoaren kide titularrek ordaindutako baimena edukiko dute bilerak egiten diren egunerako. Horrez gain, enpresak ordainduko dizkie lan hori egiteagatik izaten dituzten gastuak.
4.2.– Batzorde Paritarioa.
Negoziazio-alderdien (enpresa- eta lan-arlokoen) ordezkaritzako Batzorde Paritarioa eratu da, legean ezarritako gaiez eta esleitzen zaizkion beste guztiez arduratzeko.
Enpresa-batzordeetan presentzia duten sindikatuek osatuko dute. Zortzi kide izango ditu gehienez: lau, langileak ordezkatzeko, eta lau, enpresa ordezkatzeko. Sindikatu guztiek Batzorde Paritarioan ordezkaritza sindikala dutela bermatuko da.
Funtzionamendu-erregelamenduak kasuan-kasuan indarrean den legedia beteko du edo, halakorik ez badago, Interpretazio Batzorde Mistorako definitutako jarraibideak.
5. artikulua.– Hitzartuarekiko lotura.
Hitzarmen honetan lanaldirako, urteko oporretarako eta ordaindutako orduetarako adostutakoa, bai asanbladetarako bai enpresa-batzordeetako kideentzat eta ordezkari sindikalentzat, osotasun zatiezin bat da. Ondorioz, ezingo dira zatiak isolatuta ulertu.
Hori dela eta, legezko, administrazioko edo justiziako edozein ebazpen bidez hitzarmenaren indarraldian zehar edozein gai aldatzen bada, alde hori xurgatu eta konpentsatutzat joko da, legezko gutxienekoen gainean gainerako gaietan itundu diren hobekuntzekin.
II. KAPITULUA
LANGILEEN ARAUBIDEA
6. artikulua.– Diru-sarrerak, mailak eta soldaten bilakaera.
6.1.– Enpresako zuzendaritzak kontratatuko diren langile finkoen eta aldi baterakoen izena eta maila profesionala jakinaraziko dizkie atal sindikalei.
6.2.– Cementos Rezola enpresara sartu diren langileen soldaten bilakaera taula honen arabera ezarriko da, GEPek 1998-2000 Enplegu Planean jasotako langileei aplikagarri zaien laudoan ezarritakoaren ildotik:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Taulako geziek baldintzaren baten betearazpena adierazten dute:
Labezain, kontramaisu eta 1. mailako analista kategorietarako sustapena lanpostu huts bat dagoen kasuetan bakarrik egingo da. Enpresak askatasun osoz egingo du izendapena, aurreko kategoria betetzen ari diren langileen artetik (fabrikazio-laguntzailea barne).
Administrazioan, 2. mailako ofizial bihurtzeko aukera LH II-ko administrari-titulua edo antzekoa duten pertsonek bakarrik izango dute, 3. mailako ofizialaren kategorian 12 hilabete igaro ondoren. 1. mailako ofizialak askatasunez izendatuko ditu enpresak 2. mailako ofizialen artetik, ofizialen nagusiaren bidez, antolamendu-beharren arabera.
Mantentze-lanetako 2. mailako ofizialak 1. mailako ofizial izatera igaroko dira zuzendaritzaren eta enpresa-batzordearen arteko akordioaren bidez ezarritako proba bat gainditzen dutenean. 2. mailako ofizialak 1. mailako ofizial izatera igaroko dira 2. mailako ofizial gisa emandako aldia amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, baldin eta, egun horretatik sei hilabete igaro ondoren, enpresak ez badie deitzen proba egitera.
Egiaztatutako lanbide-esperientzia duten langileak beste formula baten bidez sartu ahal izango dira, hemen jasotakoa baino handiagoa bada.
Behin-behineko kontratazio guztiak Zerbitzu Laguntzaileetako eta Fabrikazioko VI. mailatik eta Administrazioko VIII. mailatik sartuko dira.
Behin-behineko kontratu baten ondorioz Rezolako plantillan sartu den langile batek, azkenean, lanpostu mugagabe bat lortzen badu, bere lanbide-taldeko maila gorenera iritsi aurreko mailetan jarraitu beharko du, bere lanbide-taldearen bilakaeraren guztizkoaren pareko denboran, aipatutako taularen arabera.
Prestakuntza eta progresioa ondo garatzeko, langileek parte hartuko dute enpresaren prestakuntza-planean planteatzen diren ikastaroetan.
Artikulu honetan aipatutako lanpostuen zerrenda orientagarria da, eta ez ditu inola ere enpresan dauden lanpostu guztiak zehatz-mehatz jaso nahi, ezta lanpostu horien lanbide-sailkapena ekarri ere, soldata-tauletako mailei lotutako soldata-bilakaera delako.
7. artikulua.– Elbarritasunen bat duten langileak.
Ezintasun iraunkor osoa aitortuta duen langileak enpresan lanpostu bat bermatuta izango du. Ezintasun hori lan-istripuagatik gertatzen bada, lanpostu berriaren soldata bermatuta izango du. Lanetik kanpoko istripu baten edo gaixotasun arrunt baten ondorioz gertatu bada, ordura arte jasotzen zuen diru-kopurua errespetatuko zaio, eta administrazioko organismo eskudunak pentsio gisa aitortu dion zenbatekoa kenduko zaio.
Kasuren batean aurreko paragrafoko baldintzak bermatzeko zailtasunak badaude, alderdiek konpromisoa hartzen dute sor daitezkeen kasu zehatzak aztertzeko.
Enpresak bermatuko du edozein arrazoirengatik ezintasun iraunkor osoa duen edozein langilek ezingo duela bere erretiro-pentsioa edo bere lan-egoeraren ondoriozko beste edozein prestazio murriztu arlo horretako egungo legeria aplikatzeagatik.
8. artikulua.– Erretiro-adina.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek, erretiro osorako legezko adina betetzean, une horri dagokion oinarri arautzailearen ehuneko ehunarekin erretiroa har badezakete, behin betiko baja hartuko dute enpresan, langileak hala eskatuta.
III. KAPITULUA
LANALDIA, ATSEDENALDIAK ETA OPORRAK
9. artikulua.– Lanaldia.
Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, hau izango da lanaldia:
a) Lanaldi zatituko langileak: Benetan lan egindako 1.600 ordu urtean.
b) Txandako langileak: Benetan lan egindako 1.600 ordu urtean, haien barruan 20 minutuko atsedenaldia sartuta lan egindako egun bakoitzeko. Atsedenaldia ere benetan lan egindako denbora dela ulertuko da, eta, beraz, ordaindu egingo da.
c) Bulegoko langileak: Benetan lan egindako 1.600 ordu urtean.
Lanaldi zatituko eta bulegoetako langileek 08:00-13:00 ordutegian egingo dute lan San Tomas egunean, Gabon egunean eta Urtezahar egunean, jaiegunak ez badira. Edonola ere, urtean benetan lan egindako orduetara egokitu beharko dira.
10. artikulua.– Egutegia eta ordutegia.
Enpresako zuzendaritzak du laneko ordutegiak eta egutegiak egiteko eskumena, enpresa-batzordeen esku-hartzearekin.
10.1.– Lan-egutegia.
Egutegia dagokion urtearen aurrekoaren abenduaren 1a baino lehen egingo da. Langileak urteko lehen hamabostaldian batuko dira dagokion txandara, oporrak hartuz. Halaxe egingo da hurrengo urteetan ere.
Lan-egutegia egiteko irizpideak jarraian zehazten diren baldintzetan oinarrituko dira:
a) Lanaldi zatituko langileentzat, lanaldia egunean 8 ordukoa izango da astelehenetik ostegunera, biak barne, eta egunean 5 ordukoa (08:00-13:00) ostiraletan, egutegiak hala ezartzen duenean.
b) Urtean langilearen alde sortzen diren orduak egutegiaren egokitzapen (EE) moduan ulertuko dira. Gutxienez 80 ordu izango dira urtean, eta, ahal dela, egun osoetan hartuko dira.
c) Egutegiaren egokitzapeneko orduak noiz hartu langileak berak aukeratuko du, dagokion ataleko arduradunari eskatu ostean. Eskatutako egunean hartu ezin bada, langileak eta ataleko arduradunak beste data bat adostu ahal izango dute. Desadostasuna badago, Batzorde Mistoak interpretatuko du egoera zehatz bakoitza.
d) Egutegiaren egokitzapeneko orduak sortu diren urtean bertan hartuko dira. Hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte hartu ahal izango dira, baldin eta sortuko diren urtean zehar hartzea materialki ezinezkoa izan bada.
e) Lan-sistema hobeto antolatzeko, egutegiaren egokitzapeneko orduak urte osoan zehar banatzea komeni da.
f) Aldi baterako eta gurasotasuneko egoerak benetan lan egindako denboratzat joko dira. Egoera horiek ezingo dute kalterik edo egutegiaren egokitzapenaren murrizketarik sortu, hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen hartzen badira. Data horretan langileak bajan jarraitzen badu, baja amaitzean hartuko ditu egindako lanegunen zioz benetan sortu dituen egunak.
g) Ekoizpen-beharren zioz 2 txandatan (goizez eta arratsaldez) lan egiten duten langileek egutegi bat egingo dute, dagokion lan-ordutegiarekin. Bertan, lanaldi zatituko langileen eskubide berberak jasoko dira oporrak hartu eta egutegia egokitzeko.
Aurretik aipatutako irizpideen arabera ezarritako egutegia beste akordio batek aldatu ahalko du soilik (ez aldeetako batek alde bakarrez hartutako erabaki batek).
10.2.– Lan ordutegia.
10.2.1.– Atal desberdinetarako ordutegiak hauek izango dira:
a) Txandako langileak:
06:00 – 14:00.
14:00 – 22:00.
22:00 – 06:00.
Ordezkapen normalak 06:00-14:00 bitartean egingo dira, nork bere atalean, enpresak bere zerbitzuak beste ordutegi batean edo lanaldi zatituan edo beste atal batean emateko beharrizana ez badauka.
b) Lanaldi zatituko langileak: astelehenetik ostiralera, atalaren arabera:
Goizez 08:00etatik 12:00etara eta arratsaldez 13:00etatik 17:00etara, edo goizez 08:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 14:00etatik 17:00etara.
Lanaldi erdiko egunean, 08:00-13:00.
c) Administrazioko langileak:
Goizez 08:00 – 13:00.
Arratsaldez 14:00 – 17:00.
Lanaldi erdiko egunean, 08:00 – 13:00.
Lan-denbora neurtzeko moduak ziurtatuko du eguneroko lanaldiaren hasieran eta bukaeran langilea bere lanpostuan dagoela.
Enpresaren funtzionamenduaren ondoreetarako, eguna 06:00etan hasiko da, eta hurrengo eguneko 06:00etan amaituko da.
d) Familia-kontziliazioa:
Familia-kontziliazioa sustatzeko, eguneko ordutegian dauden langileek ohiko lan-ordutegia aldatu ahal izango dute, 08:00etatik 17:00etara, 2 ordutan, sartzean eta irtetean, lanaldiaren 8 orduak (ostiraletan 5 ordu) egiten badituzte.
Eskubide hori baliatu ahalko dute baldintza hauek betetzen dituztenek:
– Seme-alaba adingabeak edukitzea edo ezkontideak edo izatezko bikoteak seme-alaba adingabeak edukitzea.
– Bigarren mailarainoko odol-ahaidetasuna duten senideak edo adinagatik edo gaixotasun-istripuagatik beren kabuz moldatu ezin diren beste pertsona batzuk izatea (kasu horretan, langilearekin bizi direnak), eta eskaeraren oinarri diren inguruabarrak justifikatzea.
Aurreko guztia txandakako langileei ere aplikatuko zaie, enpresaren antolamendu-sistema aldatzen ez bada.
Enpresak idatziz justifikatu beharko du langileek egindako eskaerei ezezkoa eman diela.
10.2.2.– Txandako langileentzako lanaldia arau hauen arabera egokituko da:
a) Ziklo osoko txandako lanaldia duten lanpostuetan, sei langile txandakatuko dira lanpostu bakoitzeko.
b) 8 orduko txanda etengabea egiten duten langileek eskubidea dute 20 minutuko atsedenaldia hartzeko, «ogitartekokoa» deritzona. Arrazoi pertsonalak edo lanpostukoak tarteko ezin badute atsedenaldia aipatu aldian hartu, ziklo osoan, langileek eskubidea izango dute zortzi orduko lanaldiaren pareko atsedena izateko.
Atseden-egun hori, Ogitarteko Festa izenekoa, astearteetan ezarriko da Añorgan eta astelehenetan Arrigorriagan, lan-zikloa hasi aurreko egunean, eta inola ere ez du balioko gorabeherei erantzuteko.
Ogitarteko Festako egunak bezperatik gutxienez jakinarazi beharko zaizkio langileari, baina aldez aurretik deitu ez den langilea ez dago behartuta egun horietan lokalizatzeko moduan egotera. Lanaldi horiek ogitartekorako plus gisa ordainduko dira, I. eranskineko taularen arabera.
c) Txandako langileak ezin baditu ziklo osoan pilatutako atsedenaldi horiek gozatu, burututako lanaldiak atsedenaldian zehar egindako etentzat hartuko dira, salbu eta ogitartekoko atsedenaldia konpentsatzeko hartzen den jaieguna.
d) Laneko ziklo osoa bukatu ondorengo astean, zaintaldearen figura sartu da; txanda bakoitzeko egutegian jarriko dira egunak. Zaintaldeko langileek lokalizatzeko moduan egon beharko dute, eta Arrigorriagan gehienez ere 2 orduko epean eta Añorgan gehienez ere 3 orduko epean joan beharko dute lanpostura, hala eskatzen zaienetik. Langileak zaintalde bat duen egunetan, horretarako ezarritako eta soldata-tauletan jasotako plusa jasoko du.
Zaintaldearen egunean lan egindako orduak soldata-tauletako prestutasun-plusaren kontzeptuaren arabera ordainduko dira. Aipatutako plusaz gain, gaueko, «B» jaieguneko edo igandeko plusak ere jasoko dira, inguruabar horiek gertatzen direnean. Edonola ere, beti jasoko da «A» jaiegun-plusa, egutegian hala zehaztuta dagoenean. Sortutako konpentsazio-eguna ordezko egunen kontura egingo da.
e) Adostu da ordezkapen-egunak gehitzea egutegian.
Egokitu beharreko ordezkapen-egunak, ahal dela, zaintalde-astean lan egingo dira, 06:00etatik 14:00etara, larunbatak, igandeak edo jaiegunak ez diren egunetan, gorabeheraren bat estaltzeko ez bada (Añorgan izan ezik, goizeko txandan). Langileek gehiegi lan egin ondoren atsedenaldia eskatzen duteneko absentziak betetzeko erabili ahal izango dira ordezkapenak. Kasu horiek ez dira gorabeheratzat joko.
f) Langile bakoitzaren orduen urteko zenbaketa egingo da. Aurreko urteko txanda-egutegian gehiegizko edo gabeziako lanaldiak hurrengo urteko otsailaren azken egunean doituko dira. Egun horretatik aurrera, langileek ordezkapenak egiteko eskatuko dute.
g) Txandako bajak –bi hilabetetik gorakoak– ordezko batez beteko dira. Mediku Zerbitzuak gaixotasun arruntagatiko eta lan-istripuagatiko aldi baterako ezintasunen gutxi gorabeherako iraupenaren berri emango die zuzendaritzari eta enpresa-batzordeari. Baja hartu eta bi hilabete igaro ondoren, ez da gorabehera estaltzeko betebeharrik izango.
h) Txandako langileek norberaren gauzetarako bi egun hartu ahal izango dituzte urtean zehar. Baimen hori ezin izango da eskatu egutegiko hamabost jaiegunetan, ez Gabon egunean, ez Urtezahar egunean. Egun horiek errekuperatu egingo dira langileari bere zerbitzuak emateko deitzen diotenean, zaintalde-astean dagoela.
11. artikulua.– Atsedenaldia etetea.
11.1.– Produkzio-arrazoiak direla-eta, lanaldi zatituko langileren batek bere lanpostura itzuli behar badu bere lanak amaitu ondoren, eskubidea izango du lan egindako orduengatik aparteko orduak kobratzeko.
11.2.– Deia edo atsedenerako etena ostiraleko 17:00etatik igandeko 22:00etara edo jaiegunaren aurreko eguneko 22:00etatik jaieguneko 22:00etara bitarteko aldian gertatzen bada, langileak plus bat jasotzeko eskubidea izango du kontzeptu horrengatik, I. ERANSKINEKO taulan maila bakoitzerako finkatutako zenbatekoan. Tratamendu bera aplikatuko zaie txandako langileei, egutegiaren ezaugarrien arabera.
11.3.– Ordezkapena 22:00etatik 06:00etara bitarteko txandan egiten ari diren txandako langileek, hurrengo egunean beste ordezkapen bat egin behar ez badute, egun horretan 22:00etatik aurrera lan egindako orduei dagokien denborako atsedenaldi baliokidea hartuko dute, hurrengo lanaldia beren egutegiaren arabera laneguna bada.
12. artikulua.– Lanpostuko txandak.
Lanaldi jarraituan lan egiten duten eta lankideak ordezten ez dituen txandako langileak gehienez hiru orduz egongo dira beren lanpostuan. Ordu horiek aparteko ordu moduan ordainduko dira.
Txanda luze horretatik irtetean garraiobiderik ez badago, arrazoi horrek eragindako gastuak ordainduko ditu enpresak.
13. artikulua.– Lanaldi bereziak.
22:00etatik aurrera, igandetik ostegunera bitartean, biak barne, lanaldi zatituan lan egin ohi duten langileek egindako lanek, aparteko orduak jasotzeaz gain, eskubidea emango dute 22:00etatik aurrera lan egindako ordu-kopuru bera atseden gisa hartzeko. Atseden hori ordaindu egingo da.
14. artikulua.– Oporrak.
14.1.– Oporrak urte naturaleko sortuko dira, eta urte horren barruan hartuko dira.
14.2.– Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, urtean 30 egun natural ordainduko dira arauzko opor gisa, eta 26 lanegun hartu beharko dira nahitaez (4 larunbat eta 4 ostiral barne). Egun horiek lanegun batean hasiko dira.
Txandako langileek 22 opor-egun izango dituzte, egutegiaren arabera benetan lan egindako beste hainbeste egunekin bat datozenak, 26 lanegunen barruan daudelako lau larunbat.
Oporretarako, larunbatak lanegun osotzat hartuko dira.
Oporrak txandako langileen egutegian finkatuko dira, atalka, gehienez ere hiru alditan eta txandaka.
14.3.– Enpresak ofizialaz bestelako egutegiak aztertuko ditu, eta, ahal den neurrian, onartuko ditu, baldin eta dagokien ataletako langile guztiek, batera edo banaka, konpromisoa hartzen badute bajak, absentziak eta abar direla-eta gerta daitekeen beste edozein gorabehera estaltzeko; hau da, zerbitzua beteko dute, baita oporrak hartzen ari direnean ere, eta horrek ez dio enpresari inolako ordainketarik ekarriko, ez dirutan, ez bestelakoetan, gertatzen diren gorabeherengatik, egutegi ofiziala benetako funtzionamendurako aplikatu behar izan denean izan ezik.
Enpresak egutegi ofizialaz bestelako egutegiak onartzeak, baita behin eta berriz eta atal berean onartzeak ere, ez du inola ere eskubiderik edo baldintza onuragarriagorik sortuko.
14.4.– Atalek abenduaren 1a baino lehen aurkeztuko dituzte oporren egutegiak.
Lanaldi zatituko atalek martxoaren 15a baino lehen entregatu beharko dituzte oporren orriak, eta apirilaren 15a baino lehen egin eta onartu beharko dira behin betiko.
14.5.– Lanaren Nazioarteko Erakundearen 132. hitzarmenean ezarritakoaren arabera, langilearen borondatearekin zerikusia ez duten arrazoiengatik gertatzen diren laneko absentziak, hala nola istripua, gaixotasuna edo gurasotasuna tarteko, benetako lan-denboratzat hartuko dira oporrak hartu eta zenbatzeari dagokionez.
14.6.– Oporraldian langilea aldi baterako ezintasun-egoeran sartzen bada, enpresari jakinarazi beharko dio, eta aldi baterako ezintasun-egoerak irauten duen bitartean egoera hori eten egingo da. Ondorioz, geratzen zaizkion egunak enpresarekin adosten duen datan hartuko ditu, urte naturalaren barruan, salbu eta bere egutegian adierazitako oporraldia, osorik edo zati batean, abendua bada; kasu horretan, hurrengo urtean hartu ahal izango dira, enpresarekin adostuta.
Programatutako oporraldia langilearen aldi baterako ezintasunarekin bat badator eta langileak ezin badu oporraldia hartu dagokion aldian, ezintasuna amaitu ondoren hartu ahal izango du, edozein izanda ere ezintasun-aldiaren iraupena. Oporrak noiz hartuko diren zehazteko, enpresarekin adostuko da eguna.
14.7.– Langile horrek abenduaren 31n aldi baterako ezintasun-egoeran jarraitzen badu eta hurrengo urtean alta hartzen badu, aurreko urteko aldi aktiboan sortutako egunak gozatzeko oporrak hartuko ditu berriro.
14.8.– Oporrak langileak lanaldi arruntagatik benetan jasotzen duen soldataren arabera kobratuko dira.
Txandako langileek opor-egunetan lan eginda legokiekeen soldata kobratuko dute.
14.9.– Enpresako kide izateari uzten dion langileari dagokion oporren zenbateko proportzionala ordainduko zaio, artikulu honen 14.2 apartatuan xedatutakoaren arabera, hitzarmen honen xedapen iragankorrean aurreikusitakoa ezertan oztopatu gabe.
14.10.– 60 urtetik gorako langileek eta 18 urtetik beherakoek bi opor-egun gehiago izango dituzte.
14.11.– Lanaldi zatituko langileen oporraldia erdibana hitzartu ahal izango da: % 50 enpresaren irizpidearen arabera, eta beste % 50a langilearen komenigarritasunaren arabera.
14.12.– Oporrak prestatzerakoan, guraso bakarreko familien edo ardurapean adingabeak dituzten banantze-hitzarmenak dituzten familien egoera berezia hartuko da kontuan, familia-kontziliazioa errazteko.
14.13.– Arauzko oporrak jarraian zehazten diren hilabeteetan hartzen dituen langileak konpentsazio ekonomiko hau jasoko du 2026. urtean zehar:
a) Urtarril, otsail, martxo eta azaroan: 409,98 euro.
b) Apiril eta maiatzean: 262,12 euro.
c) Urrian: 203,36 euro.
d) Etenduraren ondorioz: 1.029,05 euro.
a), b) eta c) apartatuetako kasuetan, kopuruak opor-egun guztiei dagozkiela ulertzen da, eta dagokion proportzioa aplikatuko da, baldin eta aldi horien barruko egunak langileak guztira har ditzakeen opor-egunak baino gutxiago badira.
14.14.– Enpresaren beharrengatik, zuzendaritzaren idazki baten bidez, langile baten oporraldia eteten bada, edo oporrak hartzeko hilabete baino gutxiago falta dela jakinarazten bazaio ez dela posible egutegian aurreikusi bezala oporrak hartzea, enpresak 1.029,05 euro ordaindu beharko dizkio etenaren kontzeptuagatik.
15. artikulua.– Ordaindutako baimenak.
Enpresak ordaindutako lizentziak emango ditu, soldata erreala ordainduta, kasu hauetan, lizentzia horiek justifikatzen badira. Lizentzia horiek baimena eragin duen gertakaria jazotzen den unean hartu beharko dira:
a) 18 egun naturaleko lizentzia ordaindua ezkontzeagatik edo izatezko bikote gisa erregistratzeagatik, langileak sei hilabeteko antzinatasuna badu. Antzinatasuna sei hilabetetik beherakoa bada, lizentzia 15 egun naturalekoa izango da.
b) Bost lanegun, ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailarainoko ahaideen (izatezko bikotearen odol-ahaidetasuneko ahaidea barne) istripu edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoagatik, bai eta aurrekoak ez diren beste pertsona batzuen kasuan ere, baldin eta langilearekin etxebizitza berean bizi badira eta haiek benetan zaindu behar badira.
Gaixotasun larriak iraunez gero eta langilearekin batera bizi den ezkontide, seme-alaba, guraso eta neba-arrebei buruzkoa izanez gero, lehen lizentzia amaitu eta hogeita hamar egun igarotzean, epe berdineko eta ordaindutako lizentzia baterako eskubidea izango du langileak.
– Gainera, ordaindu gabeko beste lizentzia batzuk hartzeko eskubidea izango du, denbora bererako, aurreko lizentzia bukatu zenetik ondoz ondoko hogeita hamar egun iragan badira.
– Apartatu honen ondorioetarako, gaixotasuna larritzat hartuko da dagokion medikuak ziurtagirian halakotzat jotzen badu. Zalantzarik izanez gero, Interpretazio Batzorde Mistoak ebatziko du, irizpide orientagarri hauetan oinarrituta: ospitaleratzeko beharra, ebakuntza kirurgiko garrantzitsua, laguntzailearen beharra, eta abar.
– Gaueko txandan lan egiten ari diren langileek gertaera eragilearen aurreko gauean hasi ahal izango dute baimena, baldin eta aldez aurretik ezagutzen badute, eta baimenaren iraupena aldatu gabe.
c) Hiru egun ezkontidea, izatezko bikotekidea edo odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senidea hilez gero. Arrazoi hori dela-eta langileak lekualdatu behar badu, epea bi egunez luzatuko da. Hiru egunetako bat hiletaren eguna izan beharko da.
d) 2 egun natural, osaba-izeba edo iloba hiltzen bada.
e) Egun natural 1, ezkontzako osaba-izeba hiltzen bada.
f) Egun baliodun 1, ohiko etxebizitzaz aldatzeagatik.
g) Egun natural 1, gurasoen, neba-arreben edo seme-alaben ezkontzagatik.
h) Egun natural 1, seme-alaben jaunartze edo batailoiagatik, egitate hori aurrerapen nahikoaz jakinarazita.
i) 3 ordu nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena berritzeko.
j) Hautatutako kargu publikodunek beren jarduera publikorako behar duten denbora izango dute, indarrean dagoen legerian ezarritako mugak gainditu gabe.
k) Hilean 8 orduko lizentzia ordaindua, egiaztagiriarekin, ezkontidearen edo seme-alabaren minusbaliotasun aitortuagatik.
g) apartatuko kasuetarako, bigarren mailako ahaideak ere barnean hartzen dira.
Enpresaren berdintasun-planean ezarritako konpromisoaren arabera, ordaindu gabeko baimen bat ezartzen da adingabeen ikasketa-zentroko tutoretzetarako behar den denborarako.
Era berean, edoskitzeagatiko baimena lanaldi osoetan metatu ahal izango da.
Izatezko bikoteei, egoera hori behar bezala egiaztatzen badute, artikulu honetan ezarritako lizentziak aplikatuko zaizkie.
IV. KAPITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA
16. artikulua.– Soldata-egitura.
Soldata-egitura, mailaka banatuta, hitzarmenaren Interpretazio Batzorde Mistoak zehaztuko du.
17. artikulua.– Ordainsari-kontzeptuak.
17.1.– Kontzeptuak.
Ordainsaria kontzeptu hauek osatuko dute:
– Hitzarmeneko soldata.
– Antzinatasuna.
– Enpresa-osagarria.
– Udako eta Gabonetako aparteko haborokinak.
– Mozkinetako partaidetza.
– Plusak.
Hitzarmen kolektiboa indarrean dagoen bitartean, soldata-berrikuspenak jarraian jasotzen diren ordainsari-kontzeptuen gaineko igoerak islatuko ditu:
2023. urteko soldata-taulei igoera hauek aplikatuko zaizkie oinarrizko soldataren gainean:
– 2024. urtea: % 0.
– 2025. urtea: (2023ko KPIa + 2024ko KPIa + % 1).
– 2026. urtea: (2025eko KPIa + % 0,5).
17.1.1.– Hitzarmeneko soldata.
2024ko urtarrilaren 1etik aurrera maila bakoitzeko jaso beharreko soldatak hitzarmenaren I. eranskineko taulan agertzen dira.
17.1.2.– Antzinatasuna.
Langileek eskubidea izango dute gehienez bi biurteko eta sei bosturteko jasotzeko, enpresan emandako urteen eta hitzarmen honen IV. eranskineko taulan tarte bakoitzerako zehazten den moduluaren arabera.
17.1.3.– Enpresa-osagarria.
Langileek hitzarmen honen V. eranskineko taulan maila bakoitzerako agertzen den hileko zenbatekoa jasoko dute kontzeptu horrengatik.
17.1.4.– Aparteko haborokinak.
Aparteko bi haborokin ezarri dira, bata udakoa eta bestea Gabonetakoa, biak 30 egunekoak lanbide-kategoria guztietarako, sei hilean behin sortzen direnak. Haborokin horiek kalkulatzeko, kontuan hartuko dira I. eranskineko soldata-taulan maila bakoitzerako ageri den hitzarmeneko soldata gehi II. eranskineko taularen arabera mozkinetako partaidetzagatik dagokion zenbatekoa gehi antzinatasunagatik langileak aitortuta duen zenbatekoa.
Gaixotasun arruntagatiko edo lanekoa ez den istripuagatiko aldi baterako ezintasuneko bajak ez du eraginik izango langileak kobratu beharreko kopuruetan. Zenbateko horretatik kontzeptu horrengatik (hainbanaketa) aldi baterako ezintasun-egoeran egon den bitartean jasotako zenbatekoak kenduko dira, 23. artikuluaren arabera, hitzarmenaren VII. eranskinarekin lotuta.
17.1.5.– Mozkinetako partaidetza.
Langileek eskubidea izango dute hilero II. eranskineko taulan maila bakoitzerako agertzen den zenbatekoa kobratzeko, kontzeptu horrengatik.
17.2.– Plusak.
17.2.1.– Urruntasun-plusa.
Urruntasun-plusa ezartzen da Añorgatik eta Arrigorriagatik kanpo bizi diren langileentzat, beren ohiko bizilekuaren eta lantokiaren arteko distantziaren arabera.
Distantzia zehazteko, langilea bizi den herriko zentroa hartuko da abiapuntutzat, eta helmugatzat, berriz, lantegiko sarrera, normalean egiten den ibilbide laburrena kontuan hartuta.
Bi kilometroz goitiko bidean (egunean lau kilometro) 2025ean 0,197 euroko plusa eta 2026an 0,203 euroko plusa ordainduko da egunean egindako joan-etorriko kilometro bakoitzeko, alegia, lantegira joateko bidea eta etxera itzultzeko bidea.
Edozein arrazoi dela-eta langilea lantokira joaten ez den egunengatiko plusa ez da ordainduko.
Bizilekua borondatez aldatzen bada eta horrek joan-etorri gehiago egitea badakar, ordura arte kobratzen zuen plus bera ordainduko da, edo lantegiaren eta egoitza berriaren artean gehienez 6 kilometroko distantziari dagokiona. Bizilekuz aldatzeak joan-etorri txikiagoa badakar, distantzia berriaren arabera ordainduko da plusa.
Plus hori lehen aldiz edo bizilekuz aldatzeagatik sortzen bada, onartutako gehieneko distantzia 6 kilometrokoa izango da.
17.2.2.– Gaueko lanak.
Gaueko txandan lan egiten duten langileek gaueko plusa jasoko dute 22:00etatik 06:00etara bitarteko lanaldi bakoitzeko, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.
17.2.3.– «A» jaieguneko plusa.
Asteko atseden-egunarekin batera ordaindu beharreko jaieguna duten txandako langileek zortzi ordu jasoko dituzte «A» jaieguneko plus gisa, I. eranskineko taulan aurreikusitakoaren arabera. Lanaldi arrunterako ez dira zenbatuko egun horretako orduak.
17.2.4.– «B» jaieguneko plusa.
Urtean ordaindu beharreko 15 jaiegunetako batean lan egiten duten txandako langileek, ohiko soldataz gain, eskubidea izango dute I. eranskineko taulan aurreikusitakoaren zenbatekoa jasotzeko, «B» jaieguneko plus gisa, lan egindako orduengatik.
17.2.5.– Gabon gaueko eta Urtezahar gaueko plusak.
Gabon egunean eta Urtezahar egunean lan egiten duen lanaldi zatituko langileek eta txandakoek Gabon eguneko eta Urtezahar eguneko plusak jasoko dituzte. Gauez, 22:00etatik 06:00etara, lan egiten dutenek aparteko zortzi orduri dagokien kopurua jasoko dute; arratsaldez, 14:00etatik 22:00etara, lan egiten dutenek aparteko ordu biri dagokiena.
17.2.6.– Soldataz kanpoko plusa.
Ekonomatu-konpentsazioaren kontzeptua ezabatzeagatik, langileek 18,34 € jasoko dituzte hilean, urtean hamabi hilabetez.
17.2.7.– Aparteko orduak.
Hitzarmen honen indarraldirako itundu da aparteko orduaren zenbatekoa kalkulatzeko moduluan soldata-kontzeptu hauek hartuko direla kontuan: hitzarmeneko soldata, mozkinak, antzinatasuna eta enpresa-osagarria. Zenbateko horri % 75eko osagarria gehituko zaio, VIII. eranskinaren arabera.
Aparteko orduak aurretik finkatutako zenbatekoan ordaindu ahal izango dira, edo atseden baliokidearekin konpentsatu ahal izango dira (ordu bakoitzeko bat), eta ordu arruntaren balioaren % 75eko osagarria ere jasoko dute. Urtean 80 ordutik gorako ordu guztiak azken modu horretan konpentsatu beharko dira.
Orduak egin eta hurrengo lau hilabeteetan hartu beharko da atseden, departamentu-buruak ados daudela.
Enpresaren aparteko orduen ezaugarriak direla-eta, enpresaren produktibitate-jardueragatik sartzen diren aparteko orduak egiturazko aparteko ordutzat jo daitezke. Horregatik, langileen ordezkariak prest daude organismo eskudunen aurrean aurkeztu behar den bidezko dokumentazioa izenpetzeko.
Edozein arrazoirengatik aparteko orduak eginez gero, gaueko eta jaieguneko edo igandeko plusak kobratuko dira, plus horiek jasotzea eragiten duten inguruabarrak gertatzen direnean.
Langile bakoitzak gehienez urtean hiru aldiz jaso ahal izango ditu igande eta jaiegunetako plusak, batera hartuta, aurreko paragrafoa aplikatzearen ondorioz.
17.2.8.– Dietak eta lekualdaketak.
Kontzeptu horiengatik enpresak ordaindu beharreko zenbatekoak hitzarmenaren III. eranskineko taularen araberakoak izango dira.
17.2.9.– Ogitarteko-plusa.
10.2.2.b) artikuluan zehaztutakoaren arabera, ogitartekorako jaiegunean atseden hartu ezin duten txandako langileek hitzarmenaren I. eranskinean zehaztutako zenbatekoak jasoko dituzte kontzeptu horrengatik.
17.2.10.– Igandeen plusa.
Txandako langileek, beren egutegiaren arabera lan egiten duten igandeetan, hitzarmenaren I. eranskinean kontzeptu horrengatik zehaztutako zenbatekoa kobratuko dute.
17.2.11.– Lan berezietako plusa.
Enpresak plus bat ordainduko du toxikotasun-, arriskugarritasun- edo nekagarritasun-ezaugarri bereziak dituzten lanengatik. Plus horren zenbatekoak VI. eranskinean daude zehaztuta.
Lan-batzorde bat sortu da horrelako lanak aztertzeko, gero eta gutxiago izan daitezen.
17.2.12.– Zaintalde-plusa.
10.2.2.d) artikuluan ezarritakoaren arabera, txandako langileek I. eranskinean ezarritako zenbatekoa jasoko dute beren lan-egutegian ezarritakoaren arabera zaintalde-egoeran jarraitzen dutenean.
17.2.13.– Prestutasun-plusa.
Zaintalde-egunean lan egindako orduak prestasun-plus gisa ordainduko dira, hitzarmenaren IX. eranskinean jasotako kopuruen arabera.
17.3.– Nominaren ordainketa.
Enpresak hilero ordainduko dizkie soldatak langileei. Ordainketa hori banketxeen edo aurrezki-entitateen bidez egingo da.
17.4.– Azken kitapenak.
Langile orok, kitatze-ordainagiria izenpetu baino lehen, enpresa-batzordeko kide bat edo bera afiliatuta dagoen atal sindikaleko ordezkariren bat egotea eskatu ahal izango du, egoki jotzen duen aholkularitza jasotzeko.
18. artikulua.– Ordainsari aldakorra.
Haborokin berezi bat ezartzen da, urtero sortuko dena; hau da, hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzeko urtarriletik abendura lan egindako denboraren araberakoa izango da haren kobrantza, salmenten bilakaera positiboari lehentasuna emateko.
Haborokin hori, hala badagokio, haborokina sortu eta hurrengo urteko urtarrilean ordainduko da, eta linealki banatuko da langile guztien artean.
2026. urteko ordainsari aldakorraren zenbatekoaren kalkulua eragiketa honen emaitza izango da:
– 600.000 tonara iritsi arte, ordaindu beharreko ordainsaria 0,88 eurokoa izango da tona bakoitzeko, gehi 100.000 euroko kopuru finko gehigarria.
– 600.000 tonak gainditzen badira, ordainsariaren zenbatekoa tonen guztizkoa 1,127 euroz biderkatzearen emaitza izango da, lehenengo tonatik aurrera.
Tonako zenbateko horrek, 2027tik aurrera, hitzarmeneko gainerako soldata-kontzeptuen igoera berberak izango ditu.
Kalkulua egiteko kontuan hartuko diren tonak izango dira merkatu nazionaleko zementu- eta klinker-tonak eta Frantziako merkatura esportatzen direnak, kamioiz garraiatzen badira eta urte natural bakoitzean igortzen badira.
V. KAPITULUA
GIZARTE-EKINTZAK
19. artikulua.– Gizarte-jantokiak.
Enpresak konpromisoa hartzen du zerbitzu horiek orain arte eskaini dituen gisa mantentzeko.
19.1.– Kontzeptu horrengatik kostuak izan ditzakeen igoerak % 50ean ordainduko dituzte enpresak eta langileek.
19.2.– Kontzeptu horrengatik langileak 2026an bazkari bakoitzeko ematen duen zenbatekoa hau da:
Arrigorriagako langileak: 4 euros.
Añorgako langileak: 4 euros.
20. artikulua.– Aseguru kolektiboa.
Hitzarmena izenpetu eta hurrengo hilabetetik aurrera, enpresak gertakizun hauetarako asegurua egingo die behin-behineko kontratua duten langile finkoei, kapital hauekin:
– Heriotza naturala: 16.326 euro.
– Lanetik kanpoko erabateko baliaezintasuna: 16.326 euro.
– Lanetik kanpoko baliaezintasun handia: 16.326 euro.
– Lanekoa ez den istripuaren ziozko heriotza: 33.829 euro.
– Laneko istripuaren ziozko heriotza: 120.000 euro.
– Lan-istripuaren edo lanbide-gaixotasunaren ondoriozko erabateko baliaezintasuna edo baliaezintasun handia: 83.967 euro.
Enpresak aurreko paragrafoan jasotako zenbatekoak aurreratuko ditu, baldin eta eskatutako dokumentazio guztia konpainiari eman eta bi hilabeteko epean oraindik ordaindu ez bada.
21. artikulua.– Medikuarenera joatea.
Kontsulta-ordutegia eta lan-ordutegia bat baldin badatoz eta langileak medikuntza orokorreko medikuak agindutako Gizarte Segurantzako espezialistaren batera joan behar badu, eskubidea izango du medikuarenera joateko lanaldi arruntari dagokion soldata galdu gabe. Horretarako, aldez aurretik, aipatutako preskripzioaren egiaztagiria eta, ondoren, kontsultara joan dela egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko ditu. Gainerako kasuetan (hala nola medikuntza partikularrak langileari berari edo lehen mailako senide bati emandako kontsultara joateko), eskubidea izango du urtean gehienez 16 ordu hartzeko, lanaldi arruntari dagokion soldataren arabera ordainduta, eta ordu horiek ere justifikatu egin beharko dira.
Enpresak hilean 15 euroko ekarpena egingo du aseguru medikoaren poliza pribatu bat ordaintzeko. Lan-kontratu mugagabea duten langileek bakarrik eskatu ahal izango dute polizan sartzea.
22. artikulua.– Istripu-bajaren osagarria.
Lan-istripuak edo gaixotasun profesionalak eragindako aldi baterako ezintasun-egoerak hitzarmeneko soldataren, antzinatasunaren, enpresa-osagarriaren eta mozkinen % 100era arte osatuko dira.
23. artikulua.– Gaixotasun-bajaren osagarria.
Gaixotasunagatiko bajan dauden langileek osagarri bat jasoko dute. Osagarri horren zenbatekoa hileko absentismoarekin lotuta egongo da, eta hitzarmenaren VII. eranskinaren arabera aplikatuko da.
24. artikulua.– Prestakuntza.
Batzorde bat sortuko da, sindikatu guztien ordezkaritzarekin, eta baterako prestakuntza-plan bat egingo du. Prestakuntza-orduak, oro har, % 50 lanaldiaren barruan eta % 50 lanalditik kanpo egingo dira. Batzorde horrek prestatuko du plana gauzatzeko prozedura.
25. artikulua.– Aurrerakin itzulgarriak.
Enpresak aurrerakin itzulgarrietarako funts bat jarriko du hitzarmen hau aplikatzen zaien langileen alde, gehienez ere ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) eurokoa.
Funts horren funtzionamendua eta aplikazioa hitzarmenaren Interpretazio Batzorde Mistoak horretarako emandako erregelamenduaren arabera arautuko da. Halaber, horretarako sortutako batzordearen ardura izango da administrazioa.
26. artikulua.– Pentsio-plana.
Hitzarmen honen eraginpeko langileak Geroa Gizarte Aurreikuspeneko Entitatean sartuko dira, eta uko egingo diote Espainiako geografian dauden lantokietako Heidelberg Materials enpresako gainerako langileak sar daitezkeen beste edozein pentsio-plani.
Hau izango da 2026ko abenduaren 31ra arte egin behar den diru-ekarpena: langileak Gizarte Segurantzako araubide orokorrera egiten duen kotizazio-oinarriaren % 4,3. Ekarpenaren % 2,15 langilearen kontura izango da, eta nominan deskontatuko zaio, eta gainerako % 2,15a enpresaren kontura.
VI. KAPITULUA
EKINTZA SINDIKALAK
27. artikulua.– Langileen ordezkariak.
Langileen ordezkari guztiek eskubidea izango dute hilean ordaindutako 30 ordu hartzeko beren lankideen interesen alde lan sindikalak egiteko.
Enpresak lokal egoki bat jarriko du ordezkari horien eskura, barne-zerbitzuko telefono-luzapen batez hornitua, bilerak egiteko.
Enpresaren eta langileen ordezkarien arteko bilerak hilero egingo dira, eta batzordeko idazkariak deituko ditu. Ezohiko bilerak bi alderdiek deitu ahal izango dituzte.
28. artikulua.– Bidegabeko kaleratzearen tratamendua.
Lan-arloko epaitegiak edo dagokion apelazioko jurisdikzio-organismoak bidegabeko kaleratzea deklaratzen duen epaia ematen badu, eraginpeko langileak bi aukera izango ditu: enpresan jarraitzea edo enpresan baja ematea, epaian adierazten den kalte-ordainarekin.
29. artikulua.– Berme sindikalak.
Enpresako jarduera sindikala Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoan xedatutakoaren arabera arautuko da, eta, zehazkiago, arau hauen arabera:
1.– Gutxienez plantillaren % 10eko afiliatuak biltzen dituzten atalak eratu ahal izango dituzte sindikatuek.
Eratutako atal sindikalek eskubidea izango dute ordezkari sindikal bat aukeratzeko, irizpide hauen arabera:
– 100 langile baino gehiago dituzten lantokietan, gutxienez 45 afiliatu dituztenak.*
– 100 langile baino gutxiago dituzten lantokietan, gutxienez 30 afiliatu eduki beharko dira.*
* Ondorio horietarako, langile bat ezin da sindikatu batean baino gehiagotan afiliatuta egon, eta, beraz, behin bakarrik zenbatu ahal izango da.
Langileen legezko ordezkari horiek enpresa-batzordeko kideen eskubide berberak izango dituzte, irizpide hauen arabera ezarritako ordu-kreditua izan ezik:
– 100 langile baino gehiagoko zentroak: 25 ordu hilean.
– 100 langile baino gutxiagoko zentroak: 20 ordu hilean.
Lantoki berean sindikatu bereko ordezkari bat baino gehiago badago, hilean aipatutako orduak banatuko dira haien artean, modu ekitatiboan.
2.– Enpresako edo lantokiko negoziazioak atal sindikal sinatzaileek egin ahal izango dituzte, langileek hala erabakitzen badute.
3.– Langileek eskubidea izango dute lantokian batzar osoak edo partzialak egiteko. Horretarako, enpresak ordaindutako 12 ordu erabili ahal izango dituzte gehienez urtean. Langileen legezko ordezkariek edo enpresarekin adostuta adierazitako gutxieneko baldintzak betetzen dituzten atal sindikalek deitu ahal izango dituzte batzarrak. Batzar orokorrak enpresa-batzordeak bakarrik deitu ahal izango ditu.
4.– Langileen legezko ordezkariek edo sindikatu-ordezkariek gai sindikaletan egindako kilometroak, bidesariak, aparkalekuak eta dietak enpresa-batzordeak ordainduko ditu, orain arteko inguruabar berberengatik.
5.– Langileen legezko ordezkariek eta ordezkari sindikalek dituzten ordaindutako baimen-orduak sindikatu bereko kideen artean metatu ahal izango dira, gutxienez sei hilabeterako, zentral horrek izendatzen duen pertsonan, eta gehienez ere zentral sindikaleko kideek guztira dituzten orduen % 50era arte.
6.– Ezin izango da lanean langilerik diskriminatu sindikatu batean afiliatuta egoteagatik.
7.– Sindikatu bateko afiliatu batek edozein erreklamazio edo zehapen jasan dezakeenean, enpresak idatziz jakinaraziko dio bere ordezkari sindikalari, halakorik balego.
8.– Ordezkari sindikalak eskubidea izango du enpresak entzun diezaion bere afiliatuen edozein arazo negoziatzeko eta adiskidetzeko.
VII. KAPITULUA
LANEKO SEGURTASUNA ETA OSASUNA
30. artikulua.– Laneko arriskuen prebentzioa.
Enpresak eta langileen ordezkariek konpromisoa hartzen dute Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta indarrean dauden erregelamendu eta lege-xedapenetan ezarritakoa aplikatzen laguntzeko. Arrigorriagako eta Añorgako lantokietako Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordeak eratu dira lege horretan ezarritakoa kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko.
31. artikulua.– Arriskugarritasun-plusa, toxikotasun-plusa eta nekagarritasun-plusa.
Enpresako zuzendaritza beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak jartzen ari da toxikotasun-, arriskugarritasun- edo nekagarritasun-kasuak saihesteko, eta prest dago haiek jartzen jarraitzeko.
Zuzendaritzaren filosofia da, hala badagokio, detekta daitezkeen anomaliak arintzea, kontzeptu horrengatik plusak ordaintzearen kaltetan.
Horrek esan nahi du, agintari eskudunak, irmotasunez, nekagarritasun-, toxikotasun- edo arriskugarritasun-kasuren bat dagoela deklaratuko balu, neurri egokiak hartuko liratekeela.
VIII. KAPITULUA
GATAZKAK KONPONTZEA
32. artikulua.– GEP II-ko prozedurak.
Enpresaren hitzarmen kolektiboaren interpretazioari edo aplikazioari buruz sor daitekeen edozein zalantza edo eztabaida ebazteko, bi alderdiak GEP II-ko prozeduren mende jartzen dira, bai gatazka kolektiboei dagokienez, bai banakako gatazkei dagokienez, beren eskumenen esparruan. Beraz, bi alderdietako batek prozedura horietako edozein hasteak bestea horretan parte hartzera behartuko du, eta loteslea izango da bere osotasunean.
IX. KAPITULUA
AUKERA-BERDINTASUNA, LAN-GIROA ETA LGTBI PERTSONAK
33. artikulua.– Emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuneko politika.
Heidelberg Materials Hispania Cementos, SAren zuzendaritzak konpromisoa hartzen du aukera-berdintasuna kudeatzeko, eta enpresako emakume eta gizonengan zuzeneko edo zeharkako eragina duten jarduera guztietan txertatuko du. Horretarako, urteko berdintasuneko helburu eta planak abiarazteko beharrezkoak diren baliabideak esleituko ditu, inolako diskriminaziorik gabeko ingurunea sortzeko.
34. artikulua.– Lan-giroaren gaineko printzipioen adierazpena.
Enpresak konpromisoa hartzen du bere baitan indarkeriarik eta jazarpenik gabeko lan-giroa dagoela zaintzeko. Halaber, gertatzen diren mota guztietako jarduerak prebenitzeko, kontrolatzeko eta zehatzeko adostutako prozedura ezarri eta ezagutaraziko du.
Era berean, onartzen du pertsona ororen eskubidea dela duintasunez tratatua izatea; horregatik, enpresak konpromisoa hartzen du bere eremuan lan egiten duten pertsona guztien duintasuna errespetatuko duen lan-ingurunea mantentzeko, saihestuz eta jazarriz ordenamendu juridikoak babestutako oinarrizko eskubideak urratzen dituzten jokabideak eta, bereziki, berdintasuna, osotasun fisikoa eta morala eta duintasuna urratzen dituztenak.
Era berean, enpresak:
Onartzen du lan-ingurunean indarkeria edo jazarpena jasan duela uste duen pertsona orok eskubidea duela dagokion salaketa aurkezteko, eta horretarako adostutako prozedura eskatzeko eskubidea bermatzen du.
Jazarpena eta indarkeria prebenitzeko informazio, hezkuntza, trebakuntza, jarraipen eta ebaluazio egokia eskaintzeko beharrezkoak diren bitartekoak artikulatzea proposatzen du, baita lantokian lan egiten duten pertsonen jarreretan eta portaeretan eragiteko ere.
Laneko indarkeriari buruzko gatazkak modu autonomoan konpontzeko prozeduraren edukia sistematikoki eta etengabe zabalduko du antolakundearen maila guztietan. Era berean, enpresan zerbitzuak ematen dituzten pertsona guztiei kopia bana emango die. Langile berriei ere jakinaraziko die, aldi baterakoak edo finkoak izan.
Konpromisoa hartzen du langileei informazio garrantzitsua, argia eta espezifikoa emateko garatu behar dituzten jarduerei, lortu behar dituzten helburuei eta horretarako dituzten baliabideei buruz, beharrezkoak diren baimenak eta jarraipena eginez.
35. artikulua.– LGTBI pertsonen berdintasuna eta diskriminaziorik eza.
Heidelberg Materials Hispania Cementos, SAren hitzarmen kolektiboaren alderdi negoziatzaileek, trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko xedatutakoarekin bat etorriz, konpromisoa hartzen dute lan-ingurune bat bermatzeko, zeinean errespetatuko baitira pertsonaren duintasuna, aipatu diren eskubideak eta balioak, eta metodo bat ezarriko baita sexu-orientazioagatiko, genero-identitateagatiko eta genero-adierazpenagatiko jazarpenari eta sexu-ezaugarriengatiko jazarpenari buruzko erreklamazioak prebenitzeko eta azkar konpontzeko, berme egokiekin eta kontuan hartuta konstituzio- eta lan-arauak eta laneko oinarrizko printzipioei eta eskubideei buruzko adierazpenak.
Horretarako, Heidelberg Materials Hispania Cementos, SAren Sexu-orientazioagatiko, genero-identitateagatiko eta genero-adierazpenagatiko jazarpen-egoerak eta sexu-ezaugarriak prebenitzeko, antzemateko eta haien aurrean jarduteko Protokoloa sinatzen dute. Protokolo horri ahalik eta zabalkunde handiena emango zaio, eta enpresari kontratu bidez lotutako pertsona guztiei eragingo die, merkataritza-, lan- edo konfiantzazko kontratuaren bidez, eta enpresaren lantokian edo lantokietan jarduten duen edozein enpresa laguntzaileko langileek errespetatu beharko dute.
36. artikulua.– Lanpostu hutsak, sustapenak eta lanpostu sortu berriak.
Hutsik geratzen diren lanpostuetarako eta lanpostu berrietarako, barne-sustapeneko prozesu bat egingo da, eta enpresako kontratu mugagabea duten langile guztiek eskuratu ahal izango dute.
Kontuan hartuko dira hautagaien prestakuntza praktikoa eta teorikoa, bai eta merezimenduak ere. Enpresak, egokitzat jotzen badu, dagozkion gaitasun-probak deitu ahal izango ditu.
Lanaldi zatituko ordutegia duten lanpostuetarako, txandako langileen eskaerek lehentasuna izango dute.
Hutsik dauden lanpostuen berri emango zaie enpresa-batzordeei, eta lantegietako iragarki-tauletan argitaratuko da.
37. artikulua.– Hitzarmena ez aplikatzea.
Enpresak hitzarmen kolektibo hau aldi baterako ez aplikatzeko asmoa badu (arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak direla-eta) eta langileen ordezkariekin akordiorik lortzen ez bada Langileen Estatutuan ondorio horietarako legez ezarritako prozeduraren barruan, alderdiek hauek egin ahal izango dituzte:
– Kontsulta-aldia amaitu eta bi hilabeteko epean, adostasunik lortu ez bada, gatazkak konpontzeko prozedurak eskatzea, aplikatzekoak diren lanbide arteko akordioetan. Arbitrajea erabili ahalko da soilik baldin eta bi alderdiak espresuki horren mendean jartzen badira.
– Prozedura horiek desadostasuna konpontzen ez badute, bi alderdien arteko akordioa beharko da (enpresaren ordezkaritza eta langileen ordezkaritzaren gehiengoa), hitzarmena ez aplikatzeari buruzko desadostasuna ORPRICCEren (Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoa) esku jartzeko. Akordio hori lortzeko epea 7 egun naturalekoa izango da, aurreko paragrafoan aurreikusitako gatazkak ebazteko prozedura amaitzen denetik zenbatzen hasita.
Aurreko apartatuetan aurreikusitako prozedura bakoitzaren izapide espezifikoei dagokienez, alderdiek organismo horien erregelamendu aplikagarrietara jotzen dute, unean-unean indarrean daudenetara.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
Aldi baterako, langile batzuek sistema zaharraren bidez oporrak hartzeko duten eskubidea agortu arte, likidazio-sistema horri eutsiko zaio.
Gaia ebazteko, 1978. urtera arteko eskubidea errespetatuko da.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
2026ko ekitaldian aparteko lanetatik eta lankideen ordezkapenetatik eratorritako aparteko orduek tratamendu hau izango dute (edozein izanik ere haien arrazoia, lanpostua, ordaintzeko kontzeptuak –adibidez, «aparteko orduak», «prestasun-plusa», «tailer mekanikoko laneratze-plusa», «lanaldia luzatzeagatiko plusa»– edo unea):
Langileek honela baliatu ahal izango dituzte urtean gehienez 80 ordu:
– Kontzeptu horietarako soldata-tauletan agertzen den zenbatekoa jasota, VIII. eta IX. eranskinen arabera.
– Ordu horiek egungo balio ekonomikoaren baliokidea den atseden-denborarekin konpentsatuta, sistema honen arabera:
• Alderdiek adostuta baliatuko dira orduak.
• Alderdiak ados jartzen ez badira, atsedenaldia udan hartuko da (ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean).
• Atsedenaldietan (ahal dela ziklo osoei dagozkienak) oporraldietako kontzeptu berberak jasoko dira (14.8 artikuluaren arabera).
80 ordutik gorako gainerako orduak aurreko puntuan jasotako atseden-sistemarekin konpentsatuko dira.
Lantegiko zuzendaritzak arduratuko dira atseden-egutegia prestatzeaz, Interpretazio Batzorde Mistoaren laguntzarekin.
Atseden-sistema behar bezala ezartzeko eta ebaluatzeko, urtean bi bilera egingo dira martxoko eta urriko lehen hamabostaldian.
Urtearen amaiera iritsitakoan ezin izan badira atsedenak hartu langileari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, atseden hartzeko dauden ekitaldiko orduak soldata-taulen arabera ordainduko dira (VIII. eta IX. eranskinak).
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Segurtasun-pizgarri bat ezarri da enpresaren eta langileen zero istripuko helburu komuna lortzeko egiten diren ahaleginak saritzeko. Hortik kanpo geratzen da Koadroen kolektiboa, kontzeptu hori Helburuen araberako Zuzendaritzaren sisteman sartuta dagoelako.
Oinarriak:
a) Ez dute pizgarri hori jasoko opor-ordezkapenak edo antzekoak betetzeko kontratatu diren enplegatuek, ez eta obra- edo zerbitzu-kontratu zehatzen modalitatean kontratatu direnek eta ekoizpenaren gorabeherengatiko behin-behineko kontratuen modalitatean kontratatu direnek ere, baldin eta kontratuaren iraupena urtebetetik beherakoa bada.
b) Urtean zehar, gutxienez 4 hilabete oso lan eginda egon beharko da.
c) Onuradunek ordainketa egin arte nominan egon behar dutela ezarriko da nahitaezko baldintza gisa. Beraz, ez du sari hau jasotzeko eskubiderik emango ordainketa-data baino lehen lan-kontratua iraungita duen langileak.
d) Saria ekitaldian benetan lan egindako denboraren proportzionala izango da.
e) Behin ekitaldia hasita konpainian sartzen diren langileek pizgarri bat jasoko dute, lan egindako hilabete osoen proportzioan, muga hauetako a) eta b) apartatuak betetzen badituzte.
Formula:
2026an, plantillako pertsona bakoitzak 545 euro-rainoko pizgarria lortu ahal izango du urtean (900 euro urtean arduradunen, kontramaisuen edo taldeburuen kasuan), aurrerago jasotzen diren helburuen betetze-mailaren arabera.
Era berean, 2026tik aurrera, pizgarri honen ondorioetarako konputagarriak diren istripuak TCIFR izenekoan sartutakoak izango dira, egoera hauek barne hartuta:
– Baja eragin duten lan-istripuak.
– Bajarik eragin ez duten istripuak, tratamendu medikoa dutenak.
Tratamendu medikoko kasuak, Heidelberg Materials Taldeak «Segurtasun eta Osasun Datuen Txostena» izenekoan duen definizio estandarraren arabera, lanean gertatzen diren istripuak dira, eta osasuneko profesional baten tratamendua behar dute (osasun-laguntzailea, medikua, fisioterapeuta...), baina horregatik ez da lanegunik galtzen, eta, beraz, ez da baja eragiten duen istripua.
1.– Lantokian istripurik ez duen hilabete bakoitzeko:
Añorgako edo Arrigorriagako lantokian baja eragin duen istripurik gertatzen ez den hilabeteetan, zentro horretako plantillako langile guztiei zenbateko bat ordainduko zaizkie, eragiketa honen arabera kalkulatua: urteko zenbatekoaren % % 50 zati urteko hamabi hilabete.
2.– Lantokian istripurik ez duten urteko 2 hiruhileko bakoitzeko:
Añorgako edo Arrigorriagako lantokian baja eragin duen istripurik gertatzen ez bada urte naturalaren barruan, segidako edo txandako bi hiruhilekotan, zentro horretako plantillako langile guztiei ordainduko zaie urteko pizgarriaren zenbatekoaren % 25.
3.– Bi lantokien artean metatutako TCIFR balioaren eta bajen iraupenaren arabera:
2026an, bi lantokien artean –Añorga eta Arrigorriaga– metatutako TCIFR 7 baino txikiagoa bada eta istripuagatiko bajarik ez badago 150 egunetik gora, bi zentroetako plantillako langile guztiei urtean ordainduko zaizkie urteko pizgarriaren zenbatekoaren % 25.
Hurrengo urteetarako, TCIFR izango da konpainiako zuzendaritzak ezarritakoa.
Urtean zehar istripu hilgarriren bat gertatuz gero, ez dira hiru hilean behingo pizgarriak jasoko (bi hiruhilekotan istripurik ez), ezta TCIFRari dagokiona ere, lantoki bakar batean ere.
Pizgarri hori hitzarmen hau indarrean dagoen urteetan aplikatuko da, eta, beraz, ez da kontsolidagarria hurrengo ekitaldietarako. Konpainia ez dago behartuta etorkizunean egungo sistemari eustera, ez eta jasotzen den soldata finkoaren ordainsari gehigarri bat ordaintzera ere.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Aurreko hitzarmenaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, Enpresako Jarduera Sindikalari buruzko Akordioaren testuari eusten zaio. Enpresaren jarduera sindikala eta hitzarmen kolektibo honen 27. eta 29. artikuluak akordio horri lotzen zaizkio.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Nominak homologatzearen ondorioz eta aurreko hitzarmenak negoziatzean egindako mailakako parekatzearen ondorioz, langileak soldata gisa itundutakoaren gainetik jasotzen dituen zenbatekoak, bere mailaren arabera, izoztuta geratuko dira, eta ez dira xurgatuko, hau da, finko geratuko dira, eta ez dute igoerarik izango etorkizunean. Aldatuko ez den diru-kopuru horri «A plus pertsonal finkoa» izena jarriko zaio.
Langile bat mailaz igotzen bada eta aurretik «A plus pertsonal finkoa» deritzona kobratzen badu, kopuru hori soldata–igoera berrian xurgatuta geldituko da.
Era berean, orain arte langile batek plus pertsonal gisa jasotzen zituen zenbatekoak izoztuta geratuko dira, eta ez dira xurgatuko, salbu eta mailen edo maila-igoeren araberako parekatzearen ondorioz soldatak aipatutako plus pertsonalaren zenbateko berean edo txikiagoan igo badira; kasu horretan, sortutako igoeraren zenbateko berean xurgatuko dira. Plus pertsonalean geratzen den kopuruari «B plus pertsonal finkoa» deituko zaio.
Langile bat mailaz igotzen bada eta aurretik «B plus pertsonal finkoa» deritzona kobratzen badu, kopuru hori soldata–igoera berrian xurgatuta geldituko da.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Hitzarmen honetan zehaztu ez den guztian, Zementuen Sektoreko Gai Zehatzei eta Hutsuneak Betetzeari buruzko Estatuko Akordioan, Eraikuntzako eta Herri Lanetako Gipuzkoako Probintziako Hitzarmen Kolektiboan, Langileen Estatutuan eta aplikazio orokorreko lan-legedian xedatutakoa aplikatuko da.
Añorga, 2026ko martxoaren 4a.
RSS