Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2026ko ekainaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2848

EBAZPENA, 2026ko ekainaren 17koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, dekretu-proiektu honen entzunaldia eta jendaurrean jartzeko izapidea egitea erabakitzen duena: eraikuntza- eta eraispen-obretako hondakinak eta materialak sortzeari eta kudeatzeari buruzko eta ondoren erabiltzeko hondakintzat hartzeari noiz uzten dioten erabakitzeko irizpideei buruzko dekretu-proiektua.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2022ko apirilaren 7ko Aginduaren bidez, hasiera ematea erabaki zen Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntza- eta eraispen-hondakinei aplikatu beharreko araubide juridikoa ezartzen duen dekretu-proiektua egiteko prozedurari.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 7.1 artikuluaren arabera, xedapen orokorren proiektuak idatzi ondoren eta entzunaldiaren eta jendaurrean jartzeko izapideak egin aurretik, dekretu-proiektuek prozedura hasteko agindua eman zuen organoaren aldez aurreko onarpena izan beharko dute.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoa betez, 2026ko ekainaren 11n Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak agindua eman zuen dekretu-proiektu hau aldez aurretik onartzeko: eraikuntza- eta eraispen-obretako hondakinak eta materialak sortzeari eta kudeatzeari buruzko eta ondoren erabiltzeko hondakintzat hartzeari noiz uzten dioten erabakitzeko irizpideei buruzko dekretu-proiektua.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten dieten xedapen orokorren kasuan, entzunaldiaren izapidea egin behar da, eta, xedapen orokorren izaerak hala eskatzen duenean, jendaurrean jartzeko izapidea ere egin behar da. Bestalde, artikulu horren 4. apartatuak ezartzen du entzunaldia eta, hala badagokio, jendaurrean jartzeko izapidea arrazoizko epe batean egin behar direla, eta epe hori ezin izango dela hogei egun baliodunetik beherakoa izan.

Azkenik, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 7. artikuluak f) letran xedatzen duenez, saileko zuzendariei dagokie, besteak beste, beren jardun-arloetan arau-garapena proposatzea. Halaber, dekretu horren 18.2.d) artikuluak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari esleitzen dio hondakinak sortzeko eta kudeatzeko jarduerek bete behar dituzten ingurumen-prozedurak izapidetzea eta ebaztea, bai eta hondakinak prebenitzeko eta balorizatzeko jarduerak bultzatzea ere.

Ondorioz, eta adierazitakoarekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Dekretu-proiektu honen entzunaldia eta jendaurrean jartzeko izapidea egitea: eraikuntza- eta eraispen-obretako hondakinak eta materialak sortzeari eta kudeatzeari buruzko eta ondoren erabiltzeko hondakintzat hartzeari noiz uzten dioten erabakitzeko irizpideei buruzko dekretu-proiektua. Izapide hori hogei egun balioduneko epean egingo da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Ezagutaraztea, alegazioak aurkezteko eskubidea baliatzeko, eraikuntza- eta eraispen-obretako hondakinak eta materialak sortzeari eta kudeatzeari buruzko eta ondoren erabiltzeko hondakintzat hartzeari noiz uzten dioten erabakitzeko irizpideei buruzko dekretu-proiektuaren testua Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula Elektronikoan kontsultatu ahal izango dela esteka honen bidez: https://www.euskadi.eus/jendeaurreko_erakustaldia/aurre-kontsulta-eraikuntza-eta-eraispen-hondakinei-buruzko-dekretu-proiektuari-dagokiona/web01-tramite/eu/

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala