Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2026ko ekainaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2845

AGINDUA, 2026ko ekainaren 18koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, zeinaren bitartez xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean aurreikusitako Arbitraje Batzordeko Idazkaritzaren titularraren kargu-uztea eta ordezkoaren izendatzea eta finkatzen baita aipatutako Arbitraje Batzordearen egoitza.

Maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak Arbitraje Batzorde bat arautzen du, eta, Itunaren 66. artikuluaren 1. apartatuak ezarritakoaren arabera, eginkizun hauek ditu batzorde horrek:

a) Estatuko Administrazioaren eta foru-aldundien artean edo foru-aldundien eta beste autonomia-erkidegoetako administrazioen artean sortzen diren gatazkak ebaztea, bai tributu itunduen lotuneen aplikazioari dagokionez, bai administrazio bakoitzari zenbateko zatia dagokion zehazteko, sozietateen gaineko zergaren edota balio erantsiaren gaineko zergaren baterako tributazioaren kasuetan.

b) Banakako tributu-harremanetako arazo zehatzetan ekonomia-itun hau interpretatzeko eta aplikatzeko orduan administrazio interesdunen artean sor litezkeen gatazkak erabakitzea.

c) Zergadunen egoitza dela-eta sor litezkeen desadostasunak ebaztea.

Bestetik, abenduaren 28ko 1760/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako Arbitraje Batzordearen Erregelamenduak, maiatzaren 24ko 392/2022 Errege Dekretuak emandako idazkeran, honako hau ezartzen du 7. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan:

«1.– Arbitraje Batzordeak idazkari bat izango du. idazkari hori ezin izango da Batzordeko kide izan, eta Estatuko Administrazioaren edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo foru-aldundien zerbitzura dagoen pertsona izan beharko du.

2.– Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak izendatuko dute, txandaka, Arbitraje Batzordeko idazkaria, hiru urterako izendatu ere.

(...)».

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak, 2021eko uztailaren 29an, akordio bat onartu zuen Arbitraje Batzordearen baliabideak egokitzeko eta esleitu dituen funtzioak betetzeko gaitasuna hobetzeko, zeina Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak berretsi baitzuen 2024ko azaroaren 13an. Akordio horretan, besteak beste, aholkularitza teknikoaz arduratuko diren bi pertsona izendatu ziren, horietako bat Estatuko Administrazioak izendatuta eta bestea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak izendatuta. Pertsona horiek txandaka izendatuko dira, hiru urteko aldietarako, Arbitraje Batzordeko Idazkaritzaren eginkizunak betetzeko, Arbitraje Batzordearen Erregelamenduaren 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Datorren ekainaren 30ean iraungiko denez Idazkaritzako eginkizunak betetzeko hiru urteko epea –Ogasun Ministerioaren titularrak izendatutako aholkularitza teknikoaren arduraduna ari da betetzen–, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailaren titularrak izendatu behar du Idazkaritzako eginkizunak uztailaren 1etik aurrera beteko dituen pertsona.

Horrenbestez, eta Ekonomia Itunean jasotako Arbitraje Batzordearen Erregelamenduaren 7. artikuluan xedatutakoa betez, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Pablo Urrecha Benguria kargutik kentzea Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak aurreikusten duen Arbitraje Batzordeko Idazkaritzan.

Bigarrena.– Francisco Javier Fernández Larios izendatzea Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak aurreikusten duen Arbitraje Batzordeko Idazkaritzako titular.

Hirugarrena.– Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak aurreikusitako Arbitraje Batzordeari egoitza gisa helbide honetan dagoen higiezina ezartzea: Gaztelako Atea kalea 15, 01007 Vitoria-Gasteiz.

Laugarrena.– Agindu hau Ogasuneko ministroari eta Arbitraje Batzordeko lehendakariari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, denek izan dezaten horren berri.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Agindu honek 2026ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 18a.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.


Azterketa dokumentala