Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2026ko ekainaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
2844

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osoko Bilkurak 2025eko abenduaren 18ko bilkuran hartutakoa, Zumarragako Udalaren 2023ko ekitaldiko fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osoko Bilkurak, 2025eko abenduaren 18an egindako bilkuran, honako hau

ERABAKI DU:

Zumarragako Udalaren 2023ko ekitaldiko fiskalizazio-txostena behin betiko onestea; txostena erabaki honen eranskin modura jaso da.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusitakoa betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 18a.

HKEEko lehendakaria,

ANA HELGUERA LÍBANO.

HKEEko idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
ZUMARRAGAKO UDALAREN 2023KO EKITALDIKO FISKALIZAZIO-TXOSTENA

Laburdurak.

AASS: Arau Subsidiarioak.

ABBP: Administrazioko Baldintza Berezien Plegua.

AEFILO: 2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontuaren Egonkortasunari eta Finantzaren Iraunkortasunari buruzkoa.

BEZ: Balio erantsiaren gaineko zerga.

BGAE: Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea.

BPG: Barne Produktu Gordina.

EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.

EBAO: Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala.

EHJAN: Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusia.

EJ: Eusko Jaurlaritza.

FEMP: Udalerri eta probintzien Espainiako Federazioa.

GAO: Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala.

GFA: Gipuzkoako Foru Aldundia.

GLH: Gipuzkoako Lurralde Historikoa.

GODG: Gastu orokorretarako diruzaintza geldikina.

GUK: Gipuzkoako Ur Kontsortzioa.

HAPO: Hiri Antolaketako Plan Orokorra.

HHS: Hiri-hondakin solidoak.

HLBGZ: Hiri izaerako Lursailen Balio Igoeraren gaineko Zerga.

JEZ: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.

KEAO: EAEko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa.

KPIH: Kontsumorako Prezioen Indize Harmonizatua.

LOP: Lurraren Ondare Publikoa.

LPZ: Lanpostuen zerrenda.

OHZ: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga.

SPKL: 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa.

TAOAL: 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.

TMIZ: Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga.

TTEE: Toki Entitateak.

UFFF: Udal Finantzaketarako Foru Funtsa.

UGGASA: Urola Garaiko Garapenerako Agentzia, S.A.

I.– Sarrera.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak berau arautzen duen otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta Urteko Lan Programan erabakitakoari jarraikiz, Zumarragako Udalaren 2023ko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazio-txosten hau egin du.

Fiskalizazioak honako alderdi hauek biltzen ditu:

– Legezkoak: ezargarria den araudia honako alor hauetan betetzen den egiaztatzea: aurrekontua, zorpetzea, eragiketa finantzarioak, pertsonala, obren kontratazioa, hornidurak eta zerbitzuak, dirulaguntzak eta laguntza publikoak ematea eta zuzenbide publikoko diru-sarrerak.

– Kontabilitatekoak: urteko kontuak aplikatzekoak diren kontabilitateko printzipioen arabera egin diren aztertuko dugu.

Gainera, «Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko irizpenak» atalean kudeaketa hobetzeko azaleratu diren prozedurazko alderdiak barne hartu dira.

Zumarragako udalerriak 9.681 biztanle zituen 2023ko urtarrilaren 1ean. Udala partaide da Urolako Industrialdea SA.n (% 4,8), eta Zubillaga Hiltegia SL.n (% 10,8).

Gainera, udalaz gaindiko entitate hauetako kide da:

– Sasietako Mankomunitatea, zeinak Hiri Ondasun Solidoak kudeatzen baititu.

– Urola Garaia Zerbitzuen Mankomunitatea, zeinak enplegua sustatzeko, enpresak dinamizatzeko, berdintasunaren eta beste zenbait zerbitzuren eskualdeko programak garatzen baititu.

– Urretxu-Zumarragako Udal Euskaltegia, helduen alfabetatze- eta euskalduntze-zerbitzua emateko.

– Gipuzkoako Ur Kontsortzioa, GFAri atxikia, zeinak uraren hornidura- eta saneamendu- zerbitzua ematen baitu.

Zumarragako Udalak 2023ko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioari dagozkion egoera-orrien auditoretza egina du; baita 2023ko abenduaren 31ko balantzearen eta data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagokion ekonomiaren eta ondarearen emaitza-kontuaren azterketa-txosten berezi bat ere. Horiek guztiak kanpoko auditoreek egin dituzte. Gure lana auditoretzako txostenak berrikustea izan da eta horretarako, egoki iritzitako proba osagarriak eta auditoretzako beste zenbait prozedura gauzatu ditugu.

Halaber, Zumarragako Udalaren barne-kontroleko atalak egindako txostena aztertu dugu.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 13. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, lan honen behin-behineko emaitzak 2025eko irailaren 17an Zumarragako udalari helarazi zitzaizkion, egindako fiskalizazioari dagokionez egoki iritzitako alegazioak egin eta agiriak aurkez zitzaten.

Alegazio guztiak aztertu eta baloratu dira, eta txosteneko testua ezabatu edo aldatu egin da komenigarri iritzi zaionean, eta bere horretan eutsi zaio txostenean deskribatutako egoera berresten duten azalpenak direla uste izan bada, edo justifikazioekin bat ez badatoz edo adierazitako adierazpenak dokumentu bidez justifikatzen ez badira. Alegazio horiek txosten honi txertatu zaizkio.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

Epaitegi honen ustetan, Zumarragako Udalak zuzentasunez bete du 2023ko ekitaldian ekonomiaren eta finantzaren jarduera arautzen duen lege araudia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

Epaitegi honen iritzira, Zumarragako Udalaren Kontu Orokorrak alderdi esanguratsu guztietan erakusten du 2023ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako eta aurrekontuko printzipio eta irizpideen arabera.

III.– Iritziaren oinarria.

Gure lana Fiskalizazioaren oinarrizko printzipioen eta sektore publikora egokitutako Auditoretzako nazioarteko arauen arabera egin dugu. Arau horien ondorioz gureak diren erantzukizunak aurrerago deskribatu ditugu Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Erantzukizuna atalean.

Zumarragako Udalarekiko independenteak gara, otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta fiskalizazio publikoko jarduera arautzen duen araudian eskatutakoaren arabera gure fiskalizazioari aplikagarriak zaizkion etikako eta independentzia babesteko eskakizunei jarraikiz.

Gure ustez, eskuratu dugun auditoretzako ebidentziak oinarri nahikoa eta egokia ematen du legea betetzeari buruzko eta urteko kontuei buruzko aldeko iritzia emateko.

IV.– Funtsezko gaiak edo alderdi garrantzitsuak.

Ondorioztatu dugu ez dagoela auditoretzan funtsezkoak diren auziak eragingo dituen eta gure txostenean jakinarazi beharrekoak diren arrisku esanguratsurik.

V.– Kudeaketa-, gobernu- eta zuzendaritza-organoen erantzukizuna.

Zumarragako Udalaren Kontu-hartzailetzak Kontu Orokorra egiteko obligazioa du, eta Udalbatzako lehendakaria izango da kontu-emailea, hura baita urteko kontuek ondarearen, finantza-egoeraren, emaitzen eta aurrekontuaren exekuzioaren isla zuzena erakusteko arduraduna, aplikatzekoa den informazio finantzario publikoaren arau-esparruarekin bat etorriz (esparru hori memorietako oharretan identifikatzen da), bai eta beharrezkotzat jotzen duen barne-kontrolarekin bat etorriz ere, urteko kontuak iruzurraren edo akatsen ondorioz oker materialik gabe prestatu ahal izateko.

Aipatu Kontu Orokorra Udalbatzak 2024ko maiatzaren 21ean onartu zuen.

Gainera, erakundearen kudeaketa- eta gobernu-organoek bermatu behar dute ekitaldian zehar egindako jarduerak, aurrekontuko eta finantzako eragiketak eta urteko kontuetan jasotako informazioa bat datozela aplikagarriak zaizkien arauekin; berebat, egoki iritzitako barne-kontroleko sistema bat ezarri behar dute, gauzatutako jarduerak legezko ez-betetzerik ez duela bermatzeko.

VI.– Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren erantzukizuna.

Gure helburua da arrazoizko ziurtasun bat izatea adierazteko finantza-egoerek, oro har, ez dutela iruzur edo errore baten ondoriozko oker materialik eta kontu horietan jasotako jarduerak, aurrekontu- eta finantza-eragiketak eta informazioa bat datozela aplikagarria zaien araudiarekin, gure iritzia jasoko duen fiskalizazio-txosten bat egiteko helburuarekin.

Arrazoizko ziurtasuna izateak ziurtasun maila handia dagoela esan nahi du, baina ez du bermatzen kanpo kontroleko organoak arautzen dituen araudiaren arabera egindako fiskalizazioak beti akats materiala aurkituko duenik, halakorik dagoenean. Akatsak iruzur edo errore baten ondorio izan daitezke eta/edo legea ez betetzearen ondorio, eta materialtzat jotzen dira Epaitegi honen irizpideak aplikatuta, baldin eta arrazoiz aurreikus badaiteke txostenen erabiltzaileen erabakietan eragina izango dutela.

VII.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan jaso dira ekonomia eta finantza jarduera arautzen duten printzipioak betetzea nabarmen eragiten ez duten akatsak ez ezik, baita kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere.

VII.1.– Aurrekontua, kontabilitatea eta diru-sarrerak.

– 2023ko Aurrekontu Orokorreko langileen eranskinak ez ditu zehazten onartutako plantillari dagozkion ordainsariak.

– 2023ko ekitaldiko aurrekontuan 2021eko ekitaldikoak diren 51.494 euroren kredituak gehitu dira, gehiketa jarraituei buruzko araudian ezarritako mugak errespetatu gabe. Gainera, gastu korronterako konprometitu gabeko kredituak gehitu dira, 21.161 eurorenak, gehitu ezin zirenak.

– Udalak 237.241 euroan murriztu beharko luke ekitaldiko emaitza doitua, akats bat izan baita Gastu Orokorretarako Diruzaintza Geldikinaren kontura finantzatutako obligazioen doiketa kalkulatzean.

– «Emaitzetara egozteko dauden jasotako dirulaguntzak» kontuak itzuli behar ez diren dirulaguntzak jasotzen ditu, oraindik emaitzari egotzi ez zaizkion inbertsioak finantzatzeko direnak. Hala ere, kontu horretan 1,3 milioi euroren dirulaguntzak kontabilizatu dira, eta horien inbertsioa oraindik ez da gauzatu. Era berean, ekitaldiko emaitzari gastu korronterako 322.804 euroren dirulaguntzak egotzi zaizkio, oraindik gauzatzeke dauden arren. Bi kasuetan, itzulgarriak direnez gero, Balantzearen pasibo korrontean erregistratu beharko lirateke.

– 2023ko abenduaren 31ko egoera-balantzearen «Diruzaintza» epigrafean 1,3 milioi euroko zenbatekoa erregistratu da, eperako ezarpenetan jarritako diruzaintzako soberakinei dagokiena. Funts horiek «Aldi baterako finantza-inbertsioak» epigrafean birsailkatu beharko lirateke, aplikatu beharreko kontabilitate-irizpideen arabera.

– 2022an, Udalak gauzatan ordaintzeko hitzarmen bat onartu zuen, Z.1.4 «Eizaga Berri 2» eremuko Hitzarmen Batzordeak bete ez zituen betebeharrak bere gain hartzeko, ezinezkoa baitzuen urbanizazio-obrak ordaintzea. Urbanizazioaren kostua 517.475 euroan zenbatetsi da, eta azken likidazioa gauzatzeke dago. Gomendagarria litzateke Kontu Orokorraren Memoriak Z.1.4 «Eizaga Berri 2» eremuan urbanizatzeko dauden obrak finantzatzeko hartutako konpromisoaren berri ematea. Obra horiek 398.565 euroan zenbatetsi dira, kontutan hartu gabe azken likidazioa eta Udalak ordainetan jasoko duen sektoreko partzela.

VII.2.– Pertsonala.

– 2023an indarrean zegoen Lan-baldintzak arautzeko akordioa Udalbatzak 2008an onartu zuen, baina, ez zion nahitaezkoa den publikotasuna eman.

– 2023ko ekitaldiko bi aparteko pagetan oinarrizko ordainsari-kontzeptuengatik likidatutako zenbatekoak araudian ezarritakoak baino handiagoak dira.

VII.3.– Kontratazioa.

Kontratazio-espedienteak.

2021-2023 aldian esleitutako bost kontratu berrikustean, honako alderdi hauek bereizi dira:

– Hiru zerbitzu-espedienteetan (3, 4 eta 5 zk.), 6,9 milioi euroan esleitutakoak, enpresako langileentzako prestakuntza- eta birziklatze-ikastaroak jaso dira esleipen-irizpide gisa; irizpide hori enpresaren antolaketari buruzkoa da eta ez du kontratuaren xedearekin loturarik (A1 akatsa).

– Bi espedientetan (4 eta 5), 1,1 milioi euroan esleitutakoak, administrazio-baldintza berezien pleguak atalase jakin batetik gorako biztanleria duten udalerrietan lan-esperientzia izatea eskatzen du, zerbitzua emateko esperientzia nahikoa egiaztatzea ahalbidetuko duen beste aukerarik aurreikusi gabe (A2 akatsa).

– Bide-garbiketako eta antzeko beste zerbitzu batzuetako kontratuak (3 zk. espedientea), 5,8 milioi euroan esleituak, zerbitzu-kontratuarenak baino iraupen luzeagoa du, eta administrazio-baldintza berezien pleguak ez du justifikatzen zer inbertsio egin behar diren edo zenbateko epea behar den berreskuratzeko. Gainera, ABBPk nahitaezko luzapen-klausula bat jasotzen du, eta hori ez dator bat SPKLren eskakizunekin (A3 akatsa).

– Ispilla kiroldegiko sarbideak kontrolatzeko, garbitzeko, konponketa arruntak egiteko eta mantentze-lanak egiteko 598.000 euroan esleitutako kontratuaren balio zenbatetsiak (4 zk. espedientea) egin daitezkeen bi luzapenen prezioa barne hartzen du, lizitazioaren oinarrizko aurrekontuaren gaineko gehikuntzekin; ordea, kontratuaren ezaugarriak ezin dira aldatu luzapenek irauten duten bitartean (A4 akatsa).

– Ispilla kiroldegiko sarbideen kontrolerako, garbiketarako, konponketa arruntetarako eta mantentze-lanetarako 598.000 euroan esleitutako espedientean (4 zk. espedientea), enpresa esleipendunak ez ditu idatziz eta aldez aurretik datu pertsonalen tratamendu egokia bermatzeko beharrezko konpromisoak bete (A5 akatsa).

– 6,7 milioi euroan esleitutako hiru espedientetan (2, 3 eta 5 zk.), ez da jaso kontratazio-mahaiaren akta kontratazio-organoari egindako esleipen-proposamenarekin (B1 akatsa).

– Jai Alai kalea urbanizatzeko eta oinezkoentzat egiteko 497.000 euroan esleitutako espedientean (1 zk. espedientea), esleipen-ebazpenaren arrazoiak ez du jasotzen esleipen-irizpideen oinarri diren txostenen erreferentzia (B2 akatsa).

– 6,3 milioi euroan esleitutako bi espedientetan (3 eta 5 zk.), nahiz eta kontratuaren formalizazioa kontratatzailearen profilean argitaratu den, ez da EBAOn argitara eman (B3 akatsa).

– 359.605 euroan esleitutako San Isidro kalea berrurbanizatzeko espedientean (2 zk. espedientea), hilabeteko epea gainditu da kontratua sinatu zenetik zuinketa egiaztatzeko akta sinatu den arte (C1 akatsa).

– SPKLari loturik dauden aztertutako espediente guztietan (1, 2, 3, 4 eta 5 zk.), esleipen-ebazpenek ez dute jasotzen kontratuaren xede den jarduera gauzatu behar duten langileei aplikagarriak zaizkien hitzarmen kolektiboei buruzko informaziorik.

Ondasun eta zerbitzu eta inbertsioen kontratazioak eragindako beste gastu batzuk.

– Udalak 2023an 2000. urtean esleitutako zerbitzu-kontratu bat zerbitzuak kudeatzeko kontratu gisa luzatu du, gehienezko 25 urteko iraupenarekin; ordea, izaera aintzat hartuta, gehienezko epeak 4 urtekoa izan behar zuen. 2023an egindako gastua 56.619 eurorena izan da.

– Udalak kontratu txikiaren moldea erabilita, obrak eta ondasun eta zerbitzuen erosketak izapidetu ditu 187.242 euroren zenbatekoarekin; horiek, baina, gutxienez, prozedura ireki sinplifikatu laburtuak erabiltzea eskatzen dute.

VII.4.– Transferentziak eta dirulaguntzak.

– Emandako dirulaguntzen bost espediente aztertzean (hiru izendunak eta bi lehia bidezkoak) ikusi da Udalak ez duela Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean dirulaguntza emateko ebazpenen % 76 argitaratu.

– Udalbatzak Urola Garaiko Mankomunitatean berdintasun, kontsumo, irakaskuntza eta euskara zerbitzuak mankomunatzea erabaki zuen. Hala ere, mankomunitate horrek enplegua sustatzeko eta ekonomia sustatzeko zerbitzuak ere ematen ditu, eta 2023an udalaren ekarpenaren % 38,6 izan dira (131.249 euro). Zerbitzu horiek Udalbatzaren berariazko akordio baten xede izan beharko lirateke, zerbitzua mankomunatzeko edo, halakorik ezean, kasuan kasuko enkarguen bidez izapidetzeko. Gainera, 2023an erabaki zen 2026ra arte 28.770 euro ordaintzea UGGASA Mankomunitatearen garapen-agentziari, turismoa dinamizatu eta sustatzeko, Udalbatzak zerbitzua mankomunatzea erabaki gabe zuela.

– Urretxu-Zumarragako Udal Euskaltegia osatzen duten udalek urteko aurrekontuari egiten dizkioten ekarpenak udalerri bakoitzean erroldatutako biztanle kopuruaren arabera kalkulatzen dira, eta ez matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera, estatutuetan ezartzen den moduan.

VII.5.– Beste alderdi batzuk.

– Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea zuzen betetzeko, Udalak webgunean argitaratu behar lituzke, besteak beste, tokiko ordezkarien ondasunen aitorpenak eta beren jabetzako ondasun higiezinei buruzko datuak.

– Udalak hirigintza-sarreren erregistro bat izan beharko luke, baita diru-sarrera horiei emandako helburuarena ere, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak eskatzen duen moduan. Erregistroak kuantifikatu egin beharko lituzke araudian aurreikusitako helburuei aplikatzeko daudenak.

TXOSTENAREN ONDORIOEI EGINDAKO ALEGAZIOAK

**** Pertsona fisikoen eta juridikoen izenak eta identifikagarri gerta daitezkeen datuak ezabatu dira.

VII.1.– Aurrekontua, kontabilitatea eta diru-sarrerak.

– 2023ko Aurrekontu Orokorreko langileen eranskinak ez ditu zehazten onartutako plantillari dagozkion ordainsariak.

Alegazioa.

2026ko Aurrekontu Orokorrean sartzen den eta azaroko osoko bilkuran onartzea aurreikusten den langileen eranskina dokumentu eguneratu berri bat da, plantillari dagozkion ordainsariak jasotzen dituena, modu horretan, adierazitako gabezia zuzenduz.

– 2023ko abenduaren 31ko egoera-balantzearen «Diruzaintza» epigrafean 1,3 milioi euroko zenbatekoa erregistratu da, eperako ezarpenetan jarritako diruzaintzako soberakinei dagokiena. Funts horiek «Aldi baterako finantza-inbertsioak» epigrafean birsailkatu beharko lirateke, aplikatu beharreko kontabilitate-irizpideen arabera.

Alegazioa.

2025eko ekitaldian zehar dagoeneko zuzendu da akats hori, eta eperako ezarpenetan jarritako diruzaintzako soberakin horiek kontu egokian kontabilizatzen dira dagoeneko. Beraz, ez daude «Diruzaintza» epigrafean, baizik eta «Aldi baterako finantza-inbertsioak» izenekoan.

– 2022an, Udalak gauzazko ordainketa egiteko hitzarmen bat onartu zuen, Z.1.4 «Eizaga Berri 2» eremuko Hitzarmen Batzordeak bete ez zituen betebeharrak bere gain hartzeko, ezinezkoa baitzuen urbanizazio-obrak ordaintzea. Urbanizazioaren kostua 517.475 euroan zenbatetsi da, eta azken likidazioa gauzatzeke dago. Gomendagarria litzateke Kontu Orokorraren Memoriak Z.1.4 «Eizaga Berri 2» eremuan urbanizatzeko dauden obrak finantzatzeko hartutako konpromisoaren berri ematea. Obra horiek 398.565 euroan zenbatetsi dira, kontutan hartu gabe azken likidazioa eta Udalak ordainetan jasoko duen sektoreko partzela.

Alegazioa.

2025eko ekitaldiko Kontu Orokorraren memorian, Z.1.4 «Eizaga Berri 2» eremuan urbanizatzeke dauden obrak, 398.565 eurotan baloratuak, finantzatzeko konpromisoari buruzko informazioa jasoko da, azken likidaziotik eta Udalak ordainetan jasoko duen sektoreko lurzatitik aparte.

VII.2.– Pertsonala.

2023ko ekitaldiko bi aparteko pagetan oinarrizko ordainsari-kontzeptuengatik likidatutako zenbatekoak araudian ezarritakoak baino handiagoak dira.

Alegazioa.

Egungo egoera: Udalak urtean 14 hileko ordaintzen dizkie udal langileei, zenbateko berean kontzeptu finko eta zehatzengatik, eta parekatu egiten ditu ordainsari arrunten eta aparteko ordainsarien (ekainekoak eta abendukoak) zenbatekoak, eta horrela jaso dira urteko aurrekontu bakoitzeko langileen eranskinean.

Horrela banakatzen dira Udalaren ordainsariak:

– Oinarrizko ordainsariak (soldata eta hirurtekoak): Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean (EAOL) ezarritakoaren araberakoak.

– Lanpostu-mailako osagarria: Eusko Jaurlaritzaren dagokion Aginduaren araberakoa.

– Osagarri espezifikoa: Udalak 2021ean onartutako lanpostuen balorazioaren araberakoa.

Horren ondoriozko kopurua zenbateko bereko 14 ordainketetan ematen da, Udalhitz hitzarmeneko 90. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Horrela, aurrekontuko langileen eranskinaren egituraren kontzeptuen banakapena zuzentzea proposatu da, EAOLean ezarritako aparteko ordainsarien zenbatekoetara egokituz, eta diferentzia horiek osagarri espezifikora eramanez, ordainsari gordinen ondoriozko zenbatekoak berdinak izan daitezen; horrela, Udal honek 2021ean onartutako lanpostuen balorazioaren espirituari eutsiko zaio.

Egokitzapen hori plantilla organikoaren onarpenarekin eta 2026rako lanpostuen zerrendarekin (LPZ) batera izapidetu nahi da; beraz, egokitzapena Udalaren aurrekontu orokorreko Langileen eranskinaren banakatzean aplikatu nahi da, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera.

VII.3.– Kontratazioa.

Kontratazio-espedienteak.

– Hiru zerbitzu-espedienteetan (3, 4 eta 5 zk.), 6,9 milioi euroan esleitutakoak, enpresako langileentzako prestakuntza- eta birziklatze-ikastaroak jaso dira esleipen-irizpide gisa; irizpide hori enpresaren antolaketari buruzkoa da eta ez du kontratuaren xedearekin loturarik (A1 akatsa).

Alegazioa.

Bide-garbiketa eta antzeko beste zerbitzu batzuk: 2021COPS0001. Ispilla Kiroldegiko kirol instalazioen harrera, garbiketa, zainketa eta mantenua: 2022COPS0003. Berdeguneen, parkeen, lorategien, pasealekuen eta zuhaiztien kontserbazioa eta mantendua: 2022COPS0010.

Egia bada ere administrazio-klausula partikularren pleguetan jasotako esleipen-irizpidearen idazketak nolabaiteko anbiguotasuna eragin dezakeela, adierazi behar da, praktikan, enpresa lizitatzaileek aurkeztutako eskaintzek zuzen interpretatu dituztela irizpidearen espiritua eta helburua. Zehazki, udalerrian kontratuak zuzenean egikaritzera atxikiko diren langileei zuzenduta dago eskainitako prestakuntza; beraz, ez da enpresako langile guztientzako prestakuntza orokorra.

Gainera, nabarmendu behar da enpresek aurkeztutako eskaintzak, udal-teknikariek baloratu dituztenak, espezifikoki eta berariaz aipatzen dituztela zerbitzua udal eremuan emateari atxikitako langileak, eta ez kontratuarekin zerikusirik ez duten enpresako langileak.

Interpretazio hori berretsi eta indartu egiten da, izan ere, kontratuan, kiroldegiko zerbitzuari buruzko kasu zehatzean, enpresa esleipendunak ez du beste kontraturik Administrazioarekin; horrenbestez, prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langileak, nahitaez, kontratu hau egikaritzeari atxikitakoak izango dira soilik.

Era berean, kontratu honen enpresa esleipendunak langileen prestakuntzaren xehetasunezko plangintza aurkeztu zuen bere proiektu teknikoan, eta bertan zerbitzua hobetzeko hainbat prestakuntza-ekintza aurreikusten dira. Horien artean, Ispilla kiroldegian kirol instalazioak kudeatzeko zehazki erabiltzen den A2Sport softwarea erabiltzeko prestakuntza-ikastaroak biltzen dira.

Elementu horrek modu objektiboan erakusten du prestakuntza-ekintzak kontratuko xedearekin lotura zuzena eta espezifikoa duela, kirol instalazioa behar bezala kudeatzeko eta ustiatzeko behar diren tresnen erabilera eraginkorra bermatzera bideratuta baitago.

Horrenbestez, ondorioztatu behar da ez dela kontratazio publikoaren printzipio gidarien urraketarik gertatu; izan ere, zalantzan jarritako irizpidea, interpretatu eta aplikatu den moduan, behar bezala lotuta dago zerbitzuaren hobekuntza kualitatiboarekin, eta pleguetan xedatutakoaren arabera baloratu da.

Horrela, prestakuntza aplikatua, espezializatua eta kontratuaren xedera bideratua da, eta horrek zuzenean eta objektiboki eragiten du kontratua hobeto egikaritzearekin; beraz, esleipen-irizpide balioduna da, SPKLren eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Auzitegi Nagusiaren (KEAAN) doktrinaren arabera.

– Bide-garbiketako eta antzeko beste zerbitzu batzuetako kontratuak (3 zk. espedientea), 5,8 milioi euroan esleituak, zerbitzu-kontratuarenak baino iraupen luzeagoa du, eta administrazio-baldintza berezien pleguak ez du justifikatzen zer inbertsio egin behar diren edo zenbateko epea behar den berreskuratzeko. Gainera, ABBPk nahitaezko luzapen-klausula bat jasotzen du, eta hori ez dator bat SPKLren eskakizunekin (A3 akatsa).

Alegazioa.

Sektore Publikoko Kontratuen 9/2017 Legearen (SPKL) 29.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, «kontratuen iraupen-epea prestazioen izaera eta kontratistak egindako inbertsioak amortizatzeko beharra kontuan hartuta finkatuko da». Manu horrek esplizituki ezartzen du ezen, kontratua egikaritzeko balio handiko ondasunak edo ekipamenduak eskuratu behar direnean, ohikoa baino epe luzeagoa ezarri ahal izango dela, betiere behar bezala arrazoituta badago.

Aztergai dugun kasuan, bideak garbitzeko zerbitzua behar bezala emateko, ezinbestekoa da makineria eta ekipamendu espezializatua erostea, hala nola, kale-garbigailuak, ibilgailu lagungarriak eta beste bitarteko mekaniko batzuk. Horretarako, hasierako inbertsioa 360.000 euro ingurukoa izango da.

Inbertsio horren zenbatekoa kontuan hartuta, eta aintzatetsiz kontratuan ez dela aurreikusten erakunde esleitzaileak makineria hori lagatzea, ekonomikoki beharrezkoa da ondasun horiek amortizatzeko eta horiek erostearekin lotutako finantzaketa ordaintzeko iraupen-epe bat ezartzea.

Epe egokirik zehazten ez bada, desoreka ekonomiko-finantzarioa gertatuko da kontratua egikaritzean, eta horrek eragin negatiboa izan lezake emandako zerbitzuan, eta, azken batean, zerbitzu honen xede den interes publikoan.

Beraz, kontratuan ezarritako iraupenak ez dio erantzuten legezko mugak gainditzeko asmoari, baizik eta esleipendunak egindako inbertsioa berreskuratuko dela bermatzeko behar objektiboari, kontratu publikoen arloan aplikagarria den doktrina eta jurisprudentziarekin bat etorriz.

Ondorioz, kontratuaren iraupena erabat justifikatzen da, makineria espezializatuan 360.000 euro inguruko hasierako inbertsioa amortizatu behar delako; izan ere, makineria hori izan ezean, ezinezkoa izango litzateke zerbitzua eskatutako kalitate- eta eraginkortasun-baldintzetan ematea.

Justifikazio hori SPKLren 29.4 artikuluak babesten du, eta efizientziaren, jasangarritasun ekonomikoaren eta interes publikoaren babesaren irizpideei erantzuten die.

Azaldutako guztiagatik, kontsiderazio horiek kontuan hartzeko eskatzen da, dagozkion ondorioetarako, ulertuz kontratuaren iraupena legezkoa eta beharrezkoa dela zerbitzua emateko behar den inbertsioa kontuan hartuta, eta luzapen-klausula araudiaren arabera zuzenduko dela.

– Ispilla kiroldegiko sarbideen kontrolerako, garbiketarako, konponketa arruntetarako eta mantentze-lanetarako 598.000 euroan esleitutako espedientean (4 zk. espedientea), enpresa esleipendunak ez ditu idatziz eta aldez aurretik datu pertsonalen tratamendu egokia bermatzeko beharrezko konpromisoak bete (A5 akatsa).

Alegazioa.

Konpromiso hori gerora sinatu da, behin ohartarazita ez zela bete aipatu konpromisoa, eta alegazio honetan behar bezala sinatutako dokumentua atxikitzen da.

Enpresa esleipendunak zerbitzua ematen hasi zenetik bete izan ditu, materialki, datuen babesari buruz ezarritako betebeharrak, eta ez da inolako gorabeherarik edo eskubide-urraketarik gertatu ez-betetze formal horren ondorioz.

Aurreko guztiagatik, eskatzen da konpondutzat eman dadila atzemandako akatsa, eskatutako agiria aurkeztu baita, eta aplikagarri den araudia funtsean betetzen dela jasota baitago.

– 6,7 milioi euroan esleitutako hiru espedientetan (2, 3 eta 5 zk.), ez da jaso kontratazio-mahaiaren akta kontratazio-organoari egindako esleipen-proposamenarekin (B1 akatsa).

Alegazioa.

Lege-xedapenekiko erabateko adostasuna bermatzeko eta kontratazio-prozeduren gardentasuna indartzeko, gaur egun Kontratazio Mahaiaren akta egiten da, dagokion esleipen-proposamenarekin, eta akta hori kontratatzailearen profilean argitaratzen da, kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoarekin bat.

– Jai Alai kalea urbanizatzeko eta oinezkoentzat egiteko 497.000 euroan esleitutako espedientean (1 zk. espedientea), esleipen-ebazpenaren arrazoiak ez du jasotzen esleipen-irizpideen oinarri diren txostenen erreferentzia (B2 akatsa).

Alegazioa.

1.– Espedientean arrazoia behar beste funtsatzeari buruz:

Administrazio-espedientean berariaz adierazten da Kontratazio Mahaiaren akta. Bertan, zera jasotzen da hitzez hitz:

«Udal arkitekto aholkulariak emanda, behin lehiaketa, kuantifikatzeko balio-judizioaren mende dauden irizpideei eta automatikoki ebalua daitezkeen irizpideen mende daudenei dagokienez, arautzen duten baldintzen pleguarekin bat etorriz baloratuta, mahaiak oso-osorik bere egiten du eduki hori, eta «Jai-Alai kalea urbanizatzeko» proiektuko obrak **** enpresaren alde kontratatzea proposatzen du prozedura ireki sinplifikatuaren bidez, puntuaziorik handiena lortu duelako eta lizitazioaren baldintzak betetzen dituelako».

Akta hau udal arkitekto aholkulariak egindako txosten teknikoaren zuzeneko erreferentzia da. Bertan, eskaintzen balorazio zehatza jasotzen da, baldintzen pleguan ezarritako irizpideak kontuan hartuz, balorazio automatikoarenak zein balio-judizioren mendekoenak.

2.– Txosten teknikoaren irisgarritasunari eta publizitateari buruz:

Udal arkitekto aholkulariaren txosten teknikoa, esleipen-proposamena argudiatzekoa, Euskadiko Kontratazio Plataforman jasotzen da, espediente osoaren parte izanik. Txosten hori irisgarria izan da enpresa lizitatzaile guztientzat eta Udalbatzak kontuan izan zuen esleipen-akordioa hartzeko garaian.

3.– Esleipen-akordioan berariaz aipatzeari buruz:

Udalbatzak onartutako esleipen-akordioak bertan honako arrazoi hau jasotzen da berariaz:

«Udal zerbitzu teknikoen txostena, espedientean jasotzen dena, ikusi da».

Formula mota horrek kontratazio publikoko prozeduretan argudiatze modura balio osoa du, espedientean jasotako txosten tekniko batekin zuzenean lotuta baitago, eta kontratazio-organoak erabakia hartzean benetan hartu baitu kontuan.

4.– Ondorioa:

Aurreko guztiagatik, ulertzen da esleipen-akordioaren arrazoiek Sektore Publikoko Kontratuen 9/2017 Legean ezarritako legezko eskakizunak betetzen dituztela, izan ere:

– Eskaintzen balorazioa justifikatzen duten txosten teknikoak aipatzen dira berariaz.

– Txosten horiek espedientean sartuta daude, lizitatzaileentzat eskuragarri.

– Kontratazio Mahaiak eta Udalbatzak, esleipen-organo modura, bere egin dituzte.

– Enpresa lizitatzaileei jakinarazpena egin zaie.

Horrenbestez, espedientetik B2 akatsa kentzea eskatzen da, esleipen-ebazpenean arrazoiak behar beste eta behar bezala ematen direla egiaztaturik gertatzen baita.

Halaber, SPKLri loturik aztertu ditugun kontratu guztietan honako akats orokor hauek atzeman ditugu (1, 2, 3, 4, eta 5 zk. espedienteak):

Esleipen-ebazpenek ez dute kontratuaren xede den jarduera gauzatu behar duten langileei aplikagarriak zaizkien hitzarmen kolektiboei buruzko informaziorik jasotzen.

Alegazioa.

Bide-garbiketa eta antzeko beste zerbitzu batzuk: 2021COPS0001. Ispilla Kiroldegiko kirol instalazioen harrera, garbiketa, zainketa eta mantenua: 2022COPS0003. Berdeguneen, parkeen, lorategien, pasealekuen eta zuhaiztien kontserbazioa eta mantendua: 2022COPS0010.

Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 100. eta 101. artikuluek eskatzen dute lizitazioaren oinarrizko aurrekontuak eta kontratuaren balio zenbatetsiak kostu guztiak kontuan hartzea, lanekoak barne. 2017ko SPKL, 100.2 eta 101.2 artikuluen arabera, eskulana faktore garrantzitsua den kontratuetan, bereziki kontuan hartu beharko dira sektoreko hitzarmen kolektibo aplikagarrietatik eratorritako laneko kostuak. Hau da, administrazioak, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua eta kontratuaren balio zenbatetsia kalkulatzean, sektorean indarrean den hitzarmen kolektiboa hartu behar du erreferentzia modura, eskaintzek hark eskatzen dituen gutxieneko soldata-baldintzak gutxienez betetzen dituztela ziurtatzeko.

Bestalde, 2017ko SPKLko 130. artikuluan pleguan langileen subrogazioari buruzko informazioa emateko betebeharra ezartzen du, legezko arau batek edo hitzarmen kolektibo batek esleipendun berriari subrogazio hori ezartzea behartzen dionean. Kasu horretan, kontratazio-organoak pleguan eragindako langileen datuak eta haien lan-baldintzak eman behar ditu, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa, kategoriak, antzinatasuna eta urteko soldata gordina barne. Betebehar horrekin lizitatzaile guztiek, eskaintza aurkezteko unean, lan-kargak (subrogazio bidez) zein diren jakitea bermatu nahi da.

Gainera, 2017ko SPKLko 201. artikuluan honako betebeharra ezartzen zaie kontratazio-organoei: «behar diren neurriak hartuko dituzte, xedatze aldera kontratuak egikaritzeko orduan kontratistek bete egiten dituztela ingurumenaren, gizartearen edo lanaren arloetan aplikatu beharreko betebeharrak, ezarrita datozenak Europar Batasunaren zuzenbidean, zuzenbide nazionalean, hitzarmen kolektiboetan edo Estatuarentzat lotesleak diren ingurumen, gizarte eta lan-arloetako nazioarteko zuzenbideko xedapenetan bereziki, V. eranskinean jasotakoetan».

Komeni da argitzea, juridikoki, kontrata bateko langileei aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa zehaztea lan-zuzenbideari dagokiola. Hitzarmen baten aplikagarritasuna haren eremu funtzionalaren, lurralde-eremuaren eta eremu pertsonalaren araberakoa da, Langileen Estatutuaren eta ohiko araudiaren arabera. Administrazioak kontratuaren xedeari begira egokiena den arloko indarreko hitzarmena aipatu dezake, eta hala egin behar du, batez ere kostuak kalkulatzeko eta balizko subrogazioez ohartarazteko, baina ez du aplikazio-hitzarmena inposatzen: hori ex lege aplikatuko da. Laburbilduz, dagokion hitzarmen kolektiboa legeak aginduta arautuko da, baldin eta hura aplikatzeko baldintzak betetzen badira, lizitazioko dokumentuetan berariaz aipatu zein ez.

2017Ko SPKLan ez dago esleipenaren administrazio-egintzan kontratuko langileen arloko hitzarmen kolektiboa aipatu beharra agintzeko berariazko esleipenik. Esleipen-ebazpena administrazio-egintza arrazoitua da, eta hautatutako esleipenduna, esleipenaren zenbatekoa, hautatzeko arrazoiak (esleipen-irizpideak eta puntuazioak) identifikatzen ditu, eta gastua onartzea eta kontratua etorkizunean formalizatzea xedatzen ditu (2017ko SPKL, 151. artikulua). Oro har, ebazpen horretan lizitazioaren baldintzak jaso ohi dira segidan, kontratua lizitatzaile irabazlearen eskaintzaren eta pleguetan ezarritako baldintzen arabera esleitzen dela adieraziz.

Adierazitako hiru esleipen-irizpideen kasu zehatzean, hitzarmen kolektiboaren aipamena dagoeneko jasotzen zen espedientean eta kontratuko dokumentuetan.

Hiru espedienteetan Udalaren esleipen-ebazpenak berariaz aipatzen du esleipena pleguen arabera egin dela; beraz, aipamenari helduz, plegu horietan jasotako betebeharrak ebazpenari erantsi zaizkiola ulertu behar da.

Gainera, kontratua sinatzean, esleipendunak pleguko klausula guztiak onartzen ditu, eta horietan argi aipatzen da hitzarmen aplikagarria. Ebazpenean zuzeneko aipamenik egin gabe ere, kontratista legez behartuta dago arloko hitzarmeneko baldintzak aplikatzera, arrazoi hauengatik: (a) hitzarmena lotetsia zaio lan arloko araudi orokorraren arabera, eta (b) onartu dituen kontratuko dokumentuetan hala eskatzen dute esplizituki.

Ondorioak:

1.– 2017ko SPKLak ez du eskatzen esleipen-egintzan aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboari buruzko informazioa ematea berariaz, nahikoa baita pleguetan berau identifikatzea eta ebazpenak horietara igortzea.

2.– Pleguetan hitzarmenari egiten zaion aipamenak oso-osorik betetzen du kontratazio arloko araudia.

VII.3.– Kontratazioa.

Ondasun eta zerbitzu eta inbertsioen kontratazioak eragindako beste gastu batzuk.

Udalak 2023an 2000. urtean esleitutako zerbitzu-kontratu bat zerbitzuak kudeatzeko kontratu gisa luzatu du, gehienezko 25 urteko iraupenarekin; ordea, izaera aintzat hartuta, gehienezko epeak 4 urtekoa izan behar zuen. 2023an egindako gastua 56.619 eurorena izan da.

Alegazioa.

Udalak adierazitako kontratu-egoera erregularizatu da. Ildo horretatik, jakinarazten da zerbitzua lizitatzeko espedientea izapidetu dela, sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Tokiko Gobernu Batzarrak, 2025eko ekainaren 16an egindako bilkuran, erregulazio harmonizatuari lotutako prozedura irekiaren deialdia onartu du, Zumarragako Udaleko kultura eta festa sailak antolatutako marrazketa, pintura eta beste diziplina artistiko batzuetako ikastaroak emateko zerbitzua kontratatzeko. Dagokion deialdia eta iragarkia Kontratatzailearen Profilean argitaratu zen 2025eko ekainaren 18an.

– Tokiko Gobernu Batzarrak **** Sozietateari esleitu zion aipatu zerbitzua 2025eko irailaren 4an egindako saioan.

– Aldeen arteko kontratu administratiboa 2025eko irailaren 19an formalizatu zen.

Udalak kontratu txikiaren moldea erabilita, obrak eta ondasun eta zerbitzuen erosketak izapidetu ditu 187.242 euroren zenbatekoarekin; horiek, baina, gutxienez, prozedura ireki sinplifikatu laburtuak erabiltzea eskatzen dute.

Alegazioa.

Egiaztatu da Udalak, kontratu txikiko prozeduraren bidez, 187.242 euroko zenbatekoan zenbait ondasun eta zerbitzu eskuratzeko izapideak egin dituela, nahiz eta, beren zenbatekoagatik, aipatutako kontratu horiek prozedura ireki sinplifikatu laburren bidez izapidetu behar ziren gutxienez, sektore publikoko kontratazio-araudiaren arabera.

VII.4.– Transferentziak eta dirulaguntzak.

Emandako dirulaguntzen bost espediente aztertzean (hiru izendunak eta bi lehia bidezkoak) ikusi da Udalak ez duela Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean dirulaguntza emateko ebazpenen % 76 argitaratu.

Alegazioa.

Akats hori 2024an zuzendu zen, eta horrela jasotzen da urte horri dagokion Kontu-hartzailetzako barne kontrolerako txostenean (10-11. or.). Bertan zera adierazten da:

«DDBNaren web-orrialdea aztertuta, https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/ES, bertan, 2024. urtearekin lotuta, jasotzen den Zumarragako Udalaren informazioari dagokionez, ekitaldian zehar dirulaguntzak emateko izapidetutako oinarri espezifikoak onartzeko 11 espedienteetatik, guztiak argitaratu dira DDBNan.

Oinarri horiei dagozkien norgehiagoka-lerro guztiak kontuan hartuta, 253 dirulaguntza eman dira, guztietan argitaratu dira datu guztiak (emakidak, onuradunak, egindako ordainketak eta itzulketak).

DDBNan duela bi urte aurreikusitako helburua erdietsi da adierazitako informazioari dagokionez, bai kopuruan zen kalitatean. Beraz, orain argitalpen maila hori mantendu behar da».

Udalbatzak Urola Garaiko Mankomunitatean berdintasun, kontsumo, irakaskuntza eta euskara zerbitzuak mankomunatzea erabaki zuen. Hala ere, mankomunitate horrek enplegua sustatzeko eta ekonomia sustatzeko zerbitzuak ere ematen ditu, eta 2023an udalaren ekarpenaren % 38,6 izan dira (131.249 euro). Zerbitzu horiek Udalbatzaren berariazko akordio baten xede izan beharko lirateke, zerbitzua mankomunatzeko edo, halakorik ezean, kasuan kasuko enkarguen bidez izapidetzeko. Gainera, 2023an erabaki zen 2026ra arte 28.770 euro ordaintzea UGGASA Mankomunitatearen garapen-agentziari, turismoa dinamizatu eta sustatzeko, Udalbatzak zerbitzua mankomunatzea erabaki gabe zuela.

Alegazioa.

1.– Mankomunitatearen helburuen bilakaera eta helburu kopurua areagotzea:

Mankomunitatea 1988an sortu zen. Hasieran zenbait udal zerbitzuren baterako kudeaketa egitea zen helburua. Ordutik, eta berau osatzen duten udalerrien premia aldakorrei erantzunez, bere jarduera-eremuak zabaldu egin dira pixkanaka, eta, besteak beste, enplegua sustatzeko eta ekonomia bultzatzeko zerbitzuak sartu dira, funtsezkoak baitira eskualdearen garapen sozioekonomikoari so.

2.– Estatutuen eta erakundearen benetako jardueraren arteko desadostasuna:

Gaur egun, desadostasuna dago Mankomunitatearen indarreko Estatutuetan jasotako helburu sozialen eta egiaz ematen diren zerbitzuen artean. Horri dagokionez, Mankomunitatea aktiboki ari da lanean Estatutuak aldatzeko izapideak egiten, Estatutuen edukia gaur egungo errealitatera formalki egokitzeko eta dagoeneko modu eraginkorrean ematen diren zerbitzuei (enpleguari eta garapen ekonomikoari buruzkoak, besteak beste) lege- eta administrazio-estaldura emateko.

3.– Beste formula batzuen izaera iragankor eta subsidiarioa (enkargu edo akordio espezifikoak):

Estatutuak eguneratzen diren bitartean, zerbitzuak berariazko enkarguen edo administrazioen arteko hitzarmenen bidez formalizatzeko aukera aurreikusten da, ikuspuntu juridikotik beharrezkotzat jotzen bada, neurri iragankor eta subsidiario gisa, baina ahaztu gabe egiturazko eta behin betiko konponbidea dela gaur egun indarrean dauden Estatutuen egokitzapena.

Ondorioz, alegazio hau aurkeztutzat har dadila, egungo egoeraren izaera iragankorra eta dagoeneko Estatutuak aldatzeko hasitako prozedura bidez konpontzeko borondatea onar daitezela eskatzen da, eta Mankomunitateak zerbitzu horiek ematen jarraitzea onar dadila, Estatutu berriak behin betiko onartu arte.

– Urretxu-Zumarragako Udal Euskaltegia osatzen duten udalek urteko aurrekontuari egiten dizkioten ekarpenak udalerri bakoitzean erroldatutako biztanle kopuruaren arabera kalkulatzen dira, eta ez matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera, estatutuetan ezartzen den moduan.

Alegazioa.

Mankomunitatea sortu zenetik, gastuen banaketa bi udalen artean adostuta egin da, oinarritzat udalerri bakoitzeko biztanle-kopurua hartuz.

Haatik, Estatutuak egokitu egingo dira, jardun hori islatu dezaten, eta egun funtzionamenduan dagoen errealitatearen araberakoak izan daitezen.

BOTO PARTIKULAR DISIDENTEA, HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAREN KONTSEILARI DEN XABIER TXOKARRO AMUNARRIZ JAUNAK, ZUMARRAGAKO UDALAREN 2023-KO FISKALIZAZIO TXOSTENARI JARRITAKOA

HKEEko gainerako kideen iritziari zor diodan errespetu osoz, Zumarragako Udalaren 2023ko fiskalizazio txostenari dagokionez boto partikular hau aurkeztu dut; txosten hori HKEEren Osoko Bilkurak 2025eko abenduaren 18an onartu zuen.

Nahiz, oro har, bat natorren behin betiko txostenaren azken edukiarekin, egoki irizten diot nire botoa desadostasunezkoa izatea eragin zuten honako alderdi hauek azaltzeari; hona hemen xehetasunak:

Lehenengoa.– Boto partikular honen arabera, fiskalizazio-txostenak ez du honako lege haustea jasotzen:

– Guztira 6,7 milioi euroren zenbatekoarekin esleitutako lau espedientetan (2, 3 eta 5 zk.), kontratazio-mahaiaren osaera irregularra izan zen, hiru kide izateko gutxieneko quorumik ez zegoelako.

San Isidro kalea berrurbanizatzeko espedienteari dagokionez (2 zk. espedientea), 360.000 euroan esleitutakoa, kontratazio-mahaiaren osaera honako hau izan zen:

Udalbatzako alkatea, lehendakari lanetan.

Udalbatzako idazkaria.

Udalbatzako kontu-hartzailea.

Hirigintzako administrazio orokorreko teknikaria, Kontratazio Mahaiko idazkaria.

Horrela, bada, Mahaia lehendakari batek, bi kidek eta Kontratazio Mahaiko idazkari batek osatu zuten, eta honenbestez, ez zen bete SPKLren Xedapen Gehigarri Bigarrenak agindutakoa, zeinak gutxienez hiru kidek osatu behar dutela Mahaia baitio.

«Kale-garbiketa eta beste batzuk» izeneko espedienteari bagagozkio (3 zk. espedientea), zeina 5.770.000 euroan esleitu baitzen, kontratazio-mahaiaren osaera honako hau izan zen:

Udalbatzako alkatea, lehendakari lanetan.

Udalbatzako idazkaria.

Zerbitzu eta Hirigintzako goi-mailako teknikaria, udalbatzako bitarteko funtzionarioa, Kontratazio Mahaiko idazkari lanetan.

Kontratazio-espediente honetan, Kontratazio-mahaia hiru kidek osatu zuten; hona hemen akatsak:

1.– Bitarteko funtzionarioaren izendapenak ez ditu zehaztutako baldintzak betetzen; izan ere, SPKLren 326.5 artikuluak ezartzen du «Bitarteko funtzionarioak Mahaian parte hartu ahal izango dute soilik behar besteko kualifikazioa duen karrerako funtzionariorik ez badago eta espedientean hala egiaztatzen bada», eta halakorik ez da egiaztatu.

2.– Estatuko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen 96/2018 txostenaren arabera, «Manua behar bezala interpretatzeko, bereizi behar da, batetik, lehendakaria, eta, bestetik, kideak. Horien artean honako hauek bereizi ahal izango dira: lehenik, idazkaria edo aholkularitza juridikoko funtzioa betetzen duen pertsona; bigarrenik, kontu-hartzailea edo ekonomiaren eta aurrekontuaren kontroleko funtzioa betetzen duen pertsona; eta, hirugarrenik, kideen artean, kontratazio-organoak Korporazioaren zerbitzura dauden karrerako funtzionarioen edo lan-kontratuko langileen artean edo Korporazioko kide hautetsien artean izendatzen dituen beste batzuk. Lege-arauak argi eta garbi zehazten du mahaia hiru kide mota horiek osatu behar dutela, nahiz azken kasuan, Udaleko langileak, edo hautatutako udalkideak edo bietarik edozein izan daitezkeen. Horregatik, bilerak mahaiko kide batzuen presentziarekin soilik egin badaitezke ere, badirudi legegileak erabaki duela mahaiaren osaeran lehen aipatutako hiru motetako kideak egotea, eta hori bat dator hiru baino gutxiago ezin izan daitezkeelako debekuarekin. Hartara, Batzorde honen iritzira, hiruko muga kide kopuruari dagokio.»

Beraz, Kontratazio Mahaia ez dago behar bezala eratuta; izan ere, alde batetik, kontu-hartzailea falta da, eta, beste alde batetik, ez da osatu SPKLk agindutako hiru kide izateko gutxienekoa.

525.000 euroan esleitutako «Berdeguneak, parkeak, lorategiak, pasealekuak eta zuhaitzak zaindu eta mantentzeko» kontratazio-espedientean (5 zk. espedientea), honako hau izan zen kontratazio-mahaiaren osaera:

Lehendakaria: Alkatea.

Kideak:

– Udalbatzako idazkaria.

– Udaleko kontu-hartzailea.

Kontratazio mahaiko idazkaria: Zerbitzu eta Hirigintzako goi-mailako teknikaria, udalbatzako bitarteko funtzionarioa.

Kontratazio-espediente honetan, Kontratazio-mahaia lau kidek osatu zuten; hona hemen akatsak:

1.– Bitarteko funtzionarioaren izendapenak ez ditu zehaztutako baldintzak betetzen; izan ere, SPKLren 326.5 artikuluak agintzen du «Bitarteko funtzionarioek Mahaian parte hartu ahal izango dute soilik behar besteko kualifikazioa duen karrerako funtzionariorik ez badago eta espedientean hala egiaztatzen bada», eta halakorik ez da egiaztatu.

2.– Bi kide soilik egotea, eta, honenbestez, ez da osatu SPKLk eskatzen duen gutxienez hiru kide izateko betekizuna.

Kontratazio Mahaiaren osaeran dauden akats horiek deuseztatu egin dezakete Kontratazio Mahaiak egindako esleipen-proposamena.

Bigarrena.– Boto partikular honen arabera, fiskalizazio-txostenak ez du honako lege haustea jasotzen:

– Eremu publikoa terrazekin eta mahaitxoekin erabiltzeari eta okupatzeari buruzko udal-ordenantzako artikuluak aldi baterako etetea justifikatu zuten mugaketa-arrazoiak jada ez dauden arren, ez da espedienterik bideratu tasa hori likidatzeko aukera emango duen zerga-errolda sortzeko.

Zumarragako gobernu-taldeak proposamena egin zuen Udalak 2022ko ordenantza fiskala bere hartan uzteko, eta horren ondorioz, 2023ko ekitaldirako indarrean dituen ordenantza fiskalak 2022ko berberak dira. Alkateak horren berri 2022ko urriaren 18an eman zion osoko bilkurari, eta 2022an indarrean zegoen ordenantza fiskala luzatu egin zen 2023ko ekitaldirako.

2022ko ekitaldian indarrean dagoen ordenantza fiskalean, eremu publikoa mahaiekin, aulkiekin eta mahaitxoekin okupatzeko tasari dagokionez, honako hau adierazten da: «% 100eko hobaria izango du eremu publikoa mahaiekin, aulkiekin eta mahaitxoekin okupatzeari dagokion 2022ko tasak, COVID-19ak sortutako egoera dela eta».

Halaber, Zumarragako Udaleko kontu-hartzaileak egindako Barne Kontroleko Txostenean, honako hau ebazten da:

«2023ko ekitaldian, merkatuko zerbitzu-tasaren likidazioa berrezarri da, baina ez da halakorik egin eremu publikoa mahaiekin, aulkiekin eta mahaitxoekin okupatzeari dagokion tasarekin. Eremu publikoa terraza eta mahaiekin okupatzeari buruzko udal ordenantzako artikuluak aldi baterako etetea justifikatu zuten muga-arrazoiak jada egon ez arren, ostalaritza-establezimenduek terrazak handituta izaten jarraitu dute, pandemia garaian bezala, eta Udalak ez die baimen berririk eman establezimendu horiei, eta, ondorioz, ez da tasak likidatzea bideratuko duen zerga-errolda espedienterik izapidetu.»

Kontu-hartzailearen iritzira, 2023an ez zegoen arrazoirik eremu publikoa mahaiekin, aulkiekin eta mahaitxoekin okupatzeko tasaren gaineko % 100eko hobariari eusteko, eta dio hobaria kendu beharko litzatekeela, COVID-19aren ondoriozko egoeragatik 2022rako hobaria izaten jarraitzen zuten beste tasa batzuetan egin den modu berean. Ordenantza luzatzea ez zen nahikoa hobariari eusteko; ordea, hobaria COVID-19aren ondoriozko egoerari lotuta zegoen, eta ez zegoen justifikatuta.

Era berean, boto partikular honetatik nabarmendu nahi dugu agerian geratu den akatsa errolda sortu ez izana dela; izan ere, tasa horren gaineko hobaririk izan edo ez, beharrezkoa zen hori sortzea zergapekoak identifikatzeko; Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2/2005 Tributuen Foru Arau Orokorraren 34-2e artikuluan zergapekoa identifikatzen da: «Zerga-salbuespenen, -itzulketen edo -hobarien onuradunak, subjektu pasibo ez direnean». Hori dela eta, gure ustez, zergapekoen eskubideen babesa bermatu ahal izateko, beharrezkoa zen Zumarragako Udalaren 2023ko ekitaldiko «Eremu publikoa terrazekin eta mahaitxoekin okupatzeko tasari» dagokion zerga-errolda egitea.


Azterketa dokumentala