Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2026ko ekainaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2836

3/2026 FORU ARAUA, ekainaren 12koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerrietan egiten diren egonaldi turistikoen gaineko zergarena.

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi dutela «3/2026 Foru Araua, ekainaren 12koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerrietan egiten diren egonaldi turistikoen gaineko zergarena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2026ko ekainaren 12a.

Diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Tokiko Autonomiaren Europako Gutunak 9. artikuluan ezartzen duenez, toki entitateen finantza baliabideek proportzionalak izan behar dute Konstituzioan edo legeetan aurreikusten diren eskumenekiko, eta haien sistema finantzarioek izaera dibertsifikatua eta ebolutiboa eduki behar dute, esleituak dituzten eskumenak baliatzeak dakartzan kostuen benetako bilakaerari egoki jarraitzea ahalbidetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, Toki Ogasunei buruzko xedapenak arautzen ditu 15. Sekzioko 39. artikulutik 42. artikulura bitartean, biak barne.

Azken artikulu horretan esaten du lurralde historikoetako erakunde eskudunek toki entitateen beste tributu propioen araubidea mantendu, ezarri eta arautu dezaketela, bakoitzak bere lurraldearen barruan.

Bestalde, uztailaren 5eko 11/1989 Gipuzkoako Hazienda Lokalen Foru Arau erregulatzaileak Gipuzkoako udalerrien zergen erregulazioa jasotzen du 19. artikuluan.

Euskal Autonomia Erkidegoko toki ogasunek udalerrien autonomiari eta finantza nahikotasunari buruz dituzten jarduketa printzipioetan oinarrituta (Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean jasota daude printzipio horiek), tributuak finantzaketa indartzen du toki entitateen finantza jasangarritasuna ziurtatzeko eta, horrela, herritarrei zerbitzuak egoki ematen zaizkiela bermatzeko.

Egonaldi turistikoen gaineko zerga bat onesteak ez du aurrekaririk toki entitateen eremuan; hala ere, badira zenbait autonomia erkidego (Katalunia, Balear Uharteak eta Galizia) sektore horretan zerga formula autonomikoak ezarri dituztenak ingurumenaren ikuspegitik eta alde sozialetik turismoak dakarren kostu gero eta handiagoa gizarteari konpentsatzeko eta turismo sektorearen lehiakortasuna harmonizatu eta hobetzeko, udal esparruan turismo jasangarri, arduratsu eta kalitatezko bat eskainiz eta ostatu plazak hobetuz, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerrietan ematen diren zerbitzu publikoen kalitatea gehiegi kaltetu edo narriatu gabe.

Zerga honen erregulazioak Gipuzkoako Lurralde Historikoko turismo establezimenduetan egoteagatik pertsona fisikoek agerian jartzen duten ahalmen ekonomiko berezia zergapetzen du, baina, betiere, haren ondorioz sortzen den karga tributarioa modulatuz turismo jarduerak Gipuzkoako udalerrietan dituen errealitate desberdinak kontuan hartuta.

Atariko tituluan xedatu bezala, foru arau honek berehalakoa den tributu bat sortzen eta arautzen du, hain zuzen ere, turismoko ostatu establezimenduetan –baita gurutzaontzi turistikoetan ere– egoteagatik pertsona fisikoek agerian jartzen duten ahalmen ekonomiko berezia zergapetzen duena. Lurralde historiko osoan aplikatuko da, eta establezimenduak Gipuzkoako zein udalerritan kokatuta dauden, eta bertako udalek izango dute hura ordainarazteko eskumena.

Foru arauaren I. tituluak zerga egitatea eta tributuaren salbuespenak arautzen ditu. Horrela, 4. artikuluak dio zerga egitatea turismo establezimenduetan eguneko edo zatikiko egiten diren egonaldiek eratuko dutela, izan bertan lo eginda izan lo egin gabe; eta hurrengo artikuluan tribututik salbuesteko kasuak zerrendatzen dira, horiek aplikatzeko baldintzak ere barne.

Bestalde, foru arau honen II. tituluak zergaren aplikazio eremu subjektiboa arautzen du. Zergaren subjektu pasiboen definizioan pertsona fisikoak sartzen ditu zergadun gisa, baita haren ordezkoaren figura garrantzitsua ere, eta zerga zorraren gainean izan daitezkeen erantzukizun kasuak arautzen ditu.

Horren ondoren, foru arauak honako hauek ezartzen ditu III. tituluan: zerga oinarria, egonaldi unitateen arabera kalkulatua; kuota tributarioa, gutxieneko eta gehieneko karga tasa jakin batzuk aplikatuta aterako dena turismoko ostatu establezimendu motari erreparatuta; hobariak eta errekarguak ezartzeko aukera; eta, azkenik, zergaren sortzapena eta exijigarritasuna, egonaldi turistikoaren hasieran gertatuko dena, kasuan-kasuko egonaldi unitateen arabera.

Artikulatua osatuz, IV. tituluak zergaren kudeaketari buruzko alderdiak aipatzen ditu, eta horien artean daude zergaren autolikidazioa eta ordainketa, ukitutako establezimenduak identifikatzeko modua, informatzeko betebeharraren zehaztapena, eta zerga kudeatu, ikuskatu, bildu eta berrikusteko ahalmenak babesten dituzten eskumenen eremua.

Horrez gain, testuak hiru xedapen gehigarri jasotzen ditu. Lehenengoak ezartzen du udalek dagokien ordenantza fiskala onartu ezean foru arauan aurreikusten diren gehieneko karga tasak aplikatuko direla. Bigarrenak, bere aldetik, dio 2026ko otsailaren 5a baino lehen egindako erreserbei ez zaiela zerga exijituko. Eta, azkenik, hirugarrenak foru araua berrikusi eta aztertzeko epealdi bat zehazten du.

Bukatzeko, azken xedapenetan honako hau egiten da: lehenengoan, udal araudia aldatzen da tributu hau tokiko esparruan araututakoen barruan sartzeko; bigarrenean, behar den arau gaikuntza ematen da; eta, azkenik, hirugarrenean, zehazten da araua noiz jarriko den indarrean eta zer ondorio izango dituen.

ATARIKO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Foru arauaren xedea.

Foru arau honen xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerrietan egonaldi turistikoen gaineko toki izaerako zerga baten funtsezko elementuak sortzea eta arautzea.

2. artikulua.– Izaera eta aplikazio eremua.

1.– Egonaldi turistikoen gaineko zerga zeharkako tributu bat da, erreala eta berehalakoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko edozein udalerritan turismoko ostatu establezimenduetan egiten diren egonaldiak zergapetzen dituena, foru arau honetan ezarritakoaren arabera.

2.– Foru arau honetan xedatutakoa Gipuzkoako Lurralde Historiko osoan aplikatuko da, uztailaren 5eko 11/1989 Gipuzkoako Hazienda Lokalen Foru Arau erregulatzailearen 19. artikuluko 1. apartatuan jasotakoarekin bat.

3. artikulua.– Definizioak.

Foru arau honen ondorioetarako, definizio hauek ezartzen dira:

1.– Ostatu zerbitzu turistikoak: helburu horretarako erabiltzen diren azpiegitura, instalazio, ekipamendu edo altzarietan ostatu hartzea ahalbidetzen duten zerbitzuak.

2.– Egonaldia: ostatu zerbitzua erabiltzea, gaua bertan emanda edo eman gabe.

3.– Egonaldi unitatea: establezimendu turistiko berean pertsonaren etengabeko egonaldiak irauten duen denbora, egunetan edo egun zatikitan konputatua.

4.– Egonaldi jarraitua: pertsona bat turismoko ostatu establezimendu berean egotea, etenik gabe, erreserba, kontratu edo onarpen dokumentu bat edo gehiago egon ala ez.

Egonaldiak egiten badira maiz errepikatzen diren lan arrazoiengatik, lanik egiten ez den egunetako aldi baterako absentziek ez dute egonaldi jarraitua etenaraziko, betiere zergadunak establezimendu berean ostatu hartuta jarraitzen badu.

5.– Gurutzaontzi turistikoa: xede bakarra plazerra edo aisialdia izanik, itsasoz edo bide nabigagarrietatik bidaiariak garraiatzen dituen itsasontzi handia, beste zerbitzu asko ere badituena eta bertan bi gautik gorako egonaldia egitea dakarrena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 1177/2010 (EB) Erregelamenduak ezarritakoarekin bat (Itsasoz eta bide nabigagarrietatik bidaiatzen duten bidaiarien eskubideei buruzko Erregelamendua, 2006/2004 (EE) Erregelamendua aldatzekoa).

6.– Ostatu plazen kopurua: turismo establezimenduko ohe finkoen kopurua, ohe osagarriak izan ezik. Ohe bikoitzak bi plaza direla joko da. Kanpinetan, plaza kopurua baimenduta duten pertsona kopurua adinakoa izango da.

7.– Egonaldiaren egun edo zatiki kopurua: establezimendu turistikoak sartu eta irteteko ordutegiei buruz ezarritako arauak edo erabilerak aplikatzearen emaitza.

8.– Intentsitate turistikoa: udalerrian dauden ostatu plazen ratioa, udalerriko zuzenbidezko biztanleen kopuruarekin alderatuta.

I. TITULUA
ZERGA EGITATEA ETA SALBUESPENAK

4. artikulua.– Zerga egitatea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko hurrengo establezimendu turistikoetan zergadunek, eguneko edo zatikiko, egiten dituzten egonaldiek eratzen dute zergaren zerga egitatea, gaua bertan emanda zein eman gabe:

a) Turismo-establezimenduak, aplikatu beharreko turismo-araudian aurreikusitako kategorien arabera:

1.– Hotelak.

2.– Pentsioak.

3.– Apartamentu turistikoak.

4.– Kanpinak eta kanpatzeko beste modalitate batzuk.

5.– Nekazaritza-turismoko establezimenduak.

6.– Landetxeak.

7.– Aterpetxeak.

8.– Turismoko beste ostatu establezimendu batzuk.

b) Erabilera turistikoko etxebizitzak, turismoari buruzko araudi aplikagarrian aurreikusitako modalitateen arabera:

1.– Erabilera turistikoko etxebizitzak, osorik alokatuak.

2.– Erabilera turistikoko etxebizitza partikularrak, logelaka alokatuak.

c) Itsas bidaia turistikoko ontziak: Gipuzkoako portu batean egiten dutenean geldialdia.

Aurrekoaren arabera, irteera edo helmuga Gipuzkoako portu batean duten gurutzaontzien bidaien hasierak eta iritsierak kanpoan geratzen dira.

Ondorio horietarako, geldialdia egin dela ulertuko da gurutzaontzi turistikoak Gipuzkoako portu batean ainguratuta edo amarratuta daudenean.

5. artikulua.– Salbuespenak.

Zergaren aplikaziotik salbuetsita daude honako hauek:

a) Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoaren Akordioko edozein Estatu kidetako Administrazio publikoek helburu turistikoekin antolatutako gizarte programek diruz lagundutako egonaldiak.

Salbuespen kasu hau aplikatu ahal izateko, bi agiri hauetako bat aurkeztu beharko da: egindako erreserbaren frogagiria edo programa soziala sustatzen duen entitateak luzatutako faktura, non identifikatu behar baita zein programa den, zer Administrazio publikok finantzatzen duen eta zein pertsona diren haren onuradunak.

b) Hemezortzi urtetik beherako pertsonek egindako egonaldiak.

Salbuespen hau aplikatzeko, adingabearen nortasuna eta adina frogatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira (nortasun agiria, pasaportea, familia liburua edo antzeko beste dokumentu batzuk), eta halako dokumentaziorik eduki ezean, gurasoaren, tutorearen edo adin nagusiko laguntzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

c) 100eko 65eko desgaitasun maila edo handiagoa edo II. edo III. graduko mendekotasuna frogatzen duten pertsonen egonaldiak, bai eta haiekin doazen pertsonenak ere; desgaitasun edo mendekotasuna duen pertsona bakoitzeko gehienez laguntzaile batena.

Salbuespen hau aplikatzeko, ezinbestekoa da agiri bidez frogatzea salbuespenaren egitatezko baldintzak bete egiten direla, eta zergadunak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du, dela pertsona desgaitu gisa, dela mendeko pertsona gisa, dela laguntzaile gisa.

Erantzukizunpeko adierazpenak desgaituaren edo mendeko pertsonaren identifikazio-datuak jaso beharko ditu, bai eta, hala badagokio, harekin doan pertsonarenak ere. Ukitutako pertsonak bat baino gehiago badira, erantzukizunpeko adierazpena batera aurkez daiteke, eta haren barruan zergadun guztien datuak jaso beharko dira. Kasu horretan, nahikoa izango da adierazpen hori haietako batek bakarrik sinatzea, adinez nagusia bada.

d) Turismoko ostatu establezimenduetan ematen diren egonaldiak, haien arrazoia hezkuntza sistemako maila eta gradu guztietako ikasketak egitea (unibertsitateko hirugarren ziklora arte) edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoek antolatutako ikerketa akademikoko planetan edo talentu programetan parte hartzea denean.

Salbuespen hau aplikatu ahal izateko, agiri bidez frogatu beharko da salbuespenaren egitatezko baldintzak bete egiten direla.

e) Edozein pertsonak osasun arrazoiengatik egiten dituen egonaldiak, bai eta harekin doazen pertsonenak ere. Tratamendua behar duen pertsona bakoitzeko, laguntzaile bat onartuko da gehienez.

Salbuespen hau aplikatu ahal izateko, zergadunak osasun zentroaren ziurtagiri bat edo txosten mediko bat aurkeztu beharko du, bertan adierazita jasotako osasun laguntza Euskal Osasun Zerbitzuaren zerbitzu zorroaren parte dela. Horri erantzukizunpeko adierazpen bat erantsi beharko zaio, dela pazientearena, dela laguntzailearena, eta bertan pazientearen identifikazio datuak jaso behar dira, bai eta harekin doan pertsonena ere, halakorik badago. Ukitutako pertsonak bat baino gehiago badira, erantzukizunpeko adierazpena batera aurkez daiteke, zergadun guztien datuak barruan sartuta, eta ukitutako zergadunetako batek bakarrik sinatu ahal izango du, baldin eta adinez nagusia bada.

f) Ezinbesteko kausengatik egiten diren egonaldiak.

Salbuespen honen ondorioetarako soil-soilik, ezinbesteko kausatzat hartuko dira honako hauek: hondamendi naturalengatik, larrialdi egoerengatik edo pertsonentzat aparteko arriskua dakarten indarkeriazko ekintzengatik aurreikusi ezin daitezkeen gertakariak edo, aurreikusgarriak izanik ere, saihestezin gertatzen direnak, establezimendu turistikoa urgentziaz eta behin-behinean okupatu beharra dakartenean edo larrialdi edo segurtasun publikoaren alorreko neurri publikoren bat aktibatzea eragiten dutenean.

Era berean, eta salbuespen honen ondorioetarako soil-soilik, ezinbesteko kausek eragindakoekin parekatzen dira zergadunak, etxebizitza fisikoki ezin erabiltzea dakarten ezohiko zirkunstantzia objektiboengatik, bere egoitzako udalerrian egiten dituen egonaldiak. Horrelakoak gertatuko dira, esate baterako, etxebizitzan ezin denean bizi bertan obrak egin behar izateagatik edo bertan ezbeharren bat gertatzeagatik.

Salbuespen hau aplikatzeko, zergadunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute (ukitutako zergadunak bat baino gehiago izanez gero batera aurkeztu daitekeena), eta, bertan gertakaria zein izan den utzi beharko da jasota; harekin lotuta neurri publikoren bat aktibatu bada, hura frogatu beharko da segurtasun publikoaren edo larrialdien arloan eskumena duen Administrazio publikoak emandako dokumentua erantsita, salbu eta ezinbestekotasuna ekarri duten zirkunstantziak legezko deklarazio baten edo udal administrazioak ezagutzen duen ageriko egoera baten ondorio badira. Erantzukizunpeko adierazpenean zergadunen identifikazio datuak jaso beharko dira, eta haietako edozeinek sinatu ahal izango du, adinez nagusia bada.

II. TITULUA
EREMU SUBJEKTIBOA

6. artikulua.– Subjektu pasiboak.

1.– Foru arau honetako 4. artikuluan aipatutako turismoko edozein ostatu establezimendutan egonaldi bat egiten duten pertsona fisiko guztiak izango dira zergaren subjektu pasibo, zergadun gisa.

Turismoko gurutzaontzien kasuan, zergaduntzat hartuko dira zergaren sortzapenaren unean igarobidean dauden itsasontziko bidaiariak.

2.– Zergadunaren ordezko gisa, honako hauek egongo dira behartuta foru arau honetan eta berau garatzeko xedapenetan ezarritako betebehar material eta formalak betetzera, bai eta hura kudeatu eta aplikatzeko ematen direnak ere konplitzera:

a) Edozein pertsona fisiko edo juridiko, bai eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen diren entitateak ere, aurreko 4. artikuluan aipatutako establezimendu turistikoetako edozeinen ustiapenaren titular badira.

b) Turismoko gurutzaontzien kasuan, itsas nabigazioaren arloan indarrean dagoen legeriaren arabera, zergaren sortzapenaren unean igarobidean dagoen itsasontzi turistikoaren armadorearen edo ontzi konpainiaren izenean jarduten duen kontsignatarioa.

3.– Kontrako frogarik ezean, ulertuko da Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan turismoko ostatu establezimenduaren jardueraren titular gisa izena emanda ageri den pertsona dela haren ustiapenaren titularra. Pertsona hori fisikoa edo juridikoa izan daiteke, baina baita Gipuzkoako Zergen buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35. artikuluko 3. apartatuan aipatutako entitate bat ere.

7. artikulua.– Zerga zorraren erantzule solidarioak.

Egonaldiengatik sortutako kuoten zerga zorren ordainketan, erantzule solidarioak izango dira egonaldi horiek zergadunekin zuzenean kontratatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, edo haien kontratazioan bitartekari gisa dihardutenak, erreserbaren formalizazioan edo egonaldiaren prezioaren kobrantzan esku hartzen dutenean.

III. TITULUA
ZERGA OINARRIA, KUOTA ETA SORTZAPENA

8. artikulua.– Zerga oinarria.

1.– Zergaren zerga oinarria kalkulatzeko, aintzat hartuko da zenbat egonaldi unitate egiten dituen zergadunak egonaldi jarraitu batean turismoko ostatu establezimendu berean.

Turismoko gurutzaontzietan egindako egonaldien kasuan, itsasontzia ainguratu edo amarratzen denetik konputatzen den hogeita lau orduko tarte edo zatiki bakoitza hartuko da egonaldi unitatetzat.

2.– 24 ordutik beherako egonaldiak egonaldi unitate bat direla joko da.

3.– Zerga oinarria zuzeneko zenbatespenaren metodoaren bidez zehaztuko da, eta, horretarako, aintzat hartuko dira aurkeztutako aitorpenak edo dokumentuak, Administrazioak egiaztatutako liburu eta erregistroetan jasotako datuak, eta zerga betebeharraren elementuekin zer ikusia duten gainerako dokumentu, frogagiri eta datuak.

9. artikulua.– Karga tasak.

1.– Aurreko artikuluaren arabera zehaztutako zerga oinarriari tokian tokiko ordenantza fiskalak finkatuko dituen karga tasak aplikatuko zaizkio, betiere turismoko ostatu establezimendu mota bakoitzerako jarraian adierazitako gutxieneko eta gehieneko tasa hauen barruan:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Aurreko taulako zenbatekoak eurotan adierazten dira, egonaldi unitate bakoitzeko.

3.– Nolanahi ere, zergadun bakoitzeko eta ostatu establezimendu berean egindako egonaldi jarraitu bakoitzeko, 6 egonaldi unitate konputatuko dira gehienez.

10. artikulua.– Zerga kuota.

Zerga kuota honela kalkulatuko da: egonaldi jarraitu bakoitzean egindako egonaldi unitate kopurua bider turismo establezimendu motaren arabera aplikatu beharreko karga tasa.

11. artikulua.– Hobariak eta errekarguak.

1.– Udalek, ordenantza fiskal bidez, 100eko 100era arteko hobaria ezarri ahal izango dute zergakuotaren gainean, honako kasu hauetan:

i) Udalerrian 25 ostatu plaza edo gutxiago daudenean.

ii) Udalerriko intentsitate turistikoa 100eko 1 baino txikiagoa denean eta, gainera, ostatu plazen kopurua ez denean 75 baino handiagoa.

2.– Era berean, ordenantza fiskal bidez, udalek 100eko 50era arteko errekargua ezarri ahal izango dute zerga kuotaren gainean, honako kasu hauetan:

i) Udalerrian 750 ostatu plaza edo gehiago daudenean.

ii) 5.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerrietan, udalerriko intentsitate turistikoa 100eko 10ekoa edo handiagoa denean.

Errekargu horiek bateraezinak izango dira elkarren artean.

3.– Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, erreferentziatzat hartuko da Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak urtero egiten duen argitalpenetik udal mugarte bakoitzerako ondorioztatzen diren ostatu plazen kopurua. Argitalpen hori Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan (ETEE) eta Euskal Estatistika Erakundean (EUSTAT) dagoen informazioan oinarrituta egiten da. Dena den, horrek ez du eragotziko dagokion udalak behar diren egiaztapenak egitea ondorio horietarako konputatu beharreko ostatu plazen kopurua zehazteko.

12. artikulua.– Sortzapena eta galdagarritasuna.

1.– Turismoko ostatu establezimendu berean modu jarraituan egiten den egonaldia, egonaldi unitate bakoitzeko konputatua, hasten den unean sortuko da zerga.

2.– Ulertuko da egonaldi turistikoa hasten dela turismoko ostatu establezimenduaren titularrak turismoko ostatu plaza zergadunaren eskura jartzen duen unean.

Turismoko gurutzaontzien kasuan, itsasontzia Gipuzkoako Lurralde Historikoko porturen batera heltzen den unean hasiko da egonaldia.

3.– Zergadunaren ordezkoak egonaldia amaitu aurreko edozein unetan exijitu ahal izango dio zergadunari zergaren ordainketa.

Ondorio horietarako, zergadunak behar den informazioa emango dio ordezkoari, exijitu beharreko zerga kuota zehaztu dezan, eta, hala badagokio, beharrezko dokumentuak ere jarriko ditu haren esku, aplikatu beharreko salbuespenetarako eskubidea ematen duten inguruabarrak betetzen direla frogatzeko.

Nolanahi ere, zergaduna behartuta egongo da dagokion zenbatekoa ordezkoari ordaintzera, eta ezin izango dio beste pertsona edo entitate bati jasanarazi.

IV. TITULUA
ZERGAREN KUDEAKETA

13. artikulua.– Zerga autolikidatzea eta zerga zorra ordaintzea.

1.– Zergadunaren ordezkoa behartuta dago zergaren autolikidazioa aurkeztu eta sinatzera eta dagokion zerga zorra ordaintzera.

Hala ere, turismoko ostatu establezimenduek ez dute autolikidaziorik aurkeztu beharko, baldin eta zerga kuotaren gainean udalerriak onetsitako 100eko 100eko hobaria aplikatzen badute, foru arau honen 11. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Establezimendu turistiko bat baino gehiago ustiatzen dituen zergadunaren ordezkoak modu agregatuan eta autolikidazio bakarrean ordaindu ditzake ustiatutako ostatu establezimendu turistiko bakoitzagatik zergan sortutako kuotak.

3.– Likidazio aldia hiru hilean behingoa izango da, urte naturala banatzen den hiruhileko bakoitzaren arabera, eta zergadunaren ordezkoak ordenantza fiskalaren bidez ezarritako epean, terminoetan eta moduan aurkeztu beharko ditu hiruhileko horiei dagozkien autolikidazioak.

14. artikulua.– Ostatu establezimenduen identifikazioa.

1.– Zerga honi dagozkion jarduketetan, establezimendu turistikoek ematen zaien identifikazio kodearen bitartez egon behar dute identifikatuta, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan (ETEE) duten identifikaziotik abiatuta.

2.– Zergaren kudeaketa errazteko, Eusko Jaurlaritzan turismo arloko eskumena duen sailak urtero argitaratuko ditu udal mugarte bakoitzeko ostatu plazen kopurua, ETEEn eta EUSTATen eskuragarri dagoen informazioan oinarrituta.

15. artikulua.– Informatzeko betebeharrak.

Zergadunaren ordezkoak, turismoko ostatu establezimendua kokatuta dagoen udal mugarteko udalak eskatuta, udalerrian izan diren egonaldiei buruzko informazioa eman beharko dio udalari, ahalmen tributarioen preskripzio eta iraungipen epeetan zerga kudeatu, likidatu, bildu eta ikuskatzearen ondorioetarako soil-soilik.

Informazio horretan, honako hauek jasoko dira: ostatu hartutako pertsona kopurua, sarrera eta irteera datak, zenbat orduz izan diren itsasontziak ainguratuta edo amarratuta, eta, hala badagokio, zer beste zirkunstantziek justifikatzen duten salbuespenak aplikatzea, betiere turismo eta segurtasun arloko araudi aplikagarrian aurreikusitako identifikazio betebeharrak eragotzi gabe.

Datu pertsonalak datu pertsonalen babesari buruzko araudiaren arabera tratatuko dira.

16. artikulua.– Eskumenen eremua.

1.– Zerga kudeatu, ikuskatu eta borondatezko epean zein epe exekutiboan biltzea, zerga zehapenak ezartzea, eta tributua aplikatzean eta zerga zehapenak ezartzean emandako egintzak berrikustea turismoko ostatu establezimendua edo portua kokatuta dagoen udal mugarteko udalari dagokio.

2.– Zehazki, udalei dagokie hobariak eta errekarguak ezartzea, zerga zorrak zehazteko likidazioak egitea, kobrantzako dokumentuak jaulkitzea, bidegabeko diru-sarreren itzulketari buruzko espedienteak ebaztea, egintza horien aurka aurkezten diren errekurtsoak ebaztea, eta, azkenik, zergadunari apartatu honetan aipatutako gaien inguruko laguntza eta informazioa ematea. Zerga hau aplikatzeko egintzak eta jarduketak eta zerga zehapenak ezartzeko burutzen direnak beti berrikusi ahal izango dira uztailaren 5eko 11/1989 Gipuzkoako Hazienda Lokalen Foru Arau erregulatzailearen 14. artikuluan jasotakoarekin eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrean (martxoaren 8ko 5/2005 Foru Araua) jasotzen diren xedapenekin bat.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Karga tasak.

Foru arau honek ondorioak dituen egunean foru arau honen 9. artikuluan aurreikusitako karga tasak kasuan kasuko ordenantza fiskalaren bidez finkatu ez badira, turismo-ostatuko establezimendu-mota bakoitzarengatiko gehieneko tasak aplikatuko dira.

Kasu horretan, hiruhileko autolikidazioak dagokion likidazio-aldia amaitu eta hurrengo hilaren lehen hogeita bost egun naturaletan aurkeztu beharko dira.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– 2026ko otsailaren 5a baino lehen egindako erreserbak.

Foru arau honen 12. artikuluan eta azken xedapenetako hirugarrenean aurreikusitakoa gorabehera, zergadunek 4. artikuluan aipatutako ostatu establezimenduetan egiten dituzten egonaldiengatik ez da zergarik exijituko, baldin eta haien erreserba 2026ko otsailaren 5a baino lehen egin bada.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Foru Araua berrikusi eta aztertzea.

Foru arau honen eragina eta beharrak aztertu eta baloratuko dira, aplikatzen denetik bi urte natural osoan behin, eta egin beharreko aldaketak egingo dira foru arau honen 9. artikuluan ezarritako tarifan. Azterketa hori urtarrilaren 27ko 5/2015 Dekretuan sortutako Euskadiko Turismo Mahaiarekin lankidetzan egingo da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aldatzea uztailaren 5eko 11/1989 Gipuzkoako Hazienda Lokalen Foru Arau erregulatzailea.

Uztailaren 5eko 11/1989 Gipuzkoako Hazienda Lokalen Foru Arau erregulatzailearen 19. artikuluko 1. apartatuari beste letra bat gehitzen zaio, d) letra, honela dioena:

«d) Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru arau hau garatu eta exekutatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak.


Azterketa dokumentala