
118. zk., 2026ko ekainaren 24a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (193 KB - 11 orri.)
- EPUB (122 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Bestelako xedapenak
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2822
EBAZPENA, 2026ko ekainaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren AU.16 Oriagain hirigintza-eremuaren plan partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko otsailaren 27ko Ebazpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza zenak, EAED-223INET espedientearen esparruan, Lasarte–Oriako (Gipuzkoa) arau subsidiarioetako A.37–Oriagain hirigintza-eremuaren plan partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin zuen, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 73. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Lasarte-Oriako Udalak Planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, jendaurrean 45 egunez jarri baitzen, 2025eko otsailaren 26ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko (38. zenbakia) iragarkiaren bidez. Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen.
Lasarte-Oriako Udalak azaldu du jendaurreko informazioaren aldian alegazio bat aurkeztu dela, eta ukitutako administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin egindako kontsulta-izapidean jasotako txostenak ere igorri ditu, administrazio-espedientean jasotako emaitzarekin eta edukiarekin.
2026ko maiatzaren 13an, Lastarte-Oriako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko AU.16 Oriagain hirigintza-eremuaren plan partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko.
Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu zituen: planaren behin betiko proposamena, 2025eko uztailekoa; ingurumen-azterketa estrategikoa, 2025eko irailekoa; eta jendaurreko informazioaren izapidearen eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidearen inguruko azalpenak emateko zenbait dokumentu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.
Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena babesteko maila handia bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak bateratuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu; ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak ezarriko ditu; eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen-, eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.
Orobat, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren arabera, II.A eranskinean zehazten denari jarraituz ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planei, programei eta horien aldaketei eta berrikuspenei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egingo zaie. Eranskin horretan jasotako plan eta programen artean, etorkizunean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten eta arlo jakin batzuei –hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilera– erreferentzia egiten dieten planak eta programak daude.
Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Lasarte-Oriako Udalak, bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, beharrezkoa den guztia xedatu dute aurrera eraman ahal izateko planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura: ingurumen-azterketa estrategiko bat egin behar da, eta haren irismena aurrez ezarri, kontsulta publikoen bidez eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.
Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du, organo eskuduna baita abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du dekretu horrek). Adierazpenean, baloratzen da ingurumenaren arloko alderdiak egoki txertatu direla planaren proposamenean; era berean, adierazpenak aipatzen du zer inpaktu nabarmen eragingo duen plan horrek ingurumenean, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barne, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Kontuan hartu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lasarte-Oriako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko AU.16 –Oriagain– hirigintza-eremuaren plan partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:
A) AU.16 Oriagain hirigintza-eremuaren plan partzialaren (aurrerantzean, Plana) helburua da indarrena dagoen Lasarte-Oriako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren agindua betetzea, eremu horren hirigintza-egituraren antolamendu xehatua ezarrita. Plan orokor hori 2024ko azaroaren 7an onartu zen behin betiko.
Eremua Lasarte-Oriaren hiri-ehunaren hegoaldean dago, Oria Gain baserritik hurbil. Eremuak 39.511 m2-ko azalera dauka, forma irregularra, eta beheranzko malda bat dauka hegoaldetik iparralderanzko noranzkoan. Planaren xede den eremuko lurzoruak lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatuta daude osorik. Gaur-gaurkoz, ez dute eraikuntzarik edo azpiegiturarik, eta landa-erabilerarako baliatzen da. Sektorearen hirigintza-garapena bizitegi-erabilera ezartzeko izango da.
Sektorearen zonakatze xehatuari dagokionez, bizitegi-partzelak (4.625,75 m2), bide-sareak (657,31 m2) eta aparkalekuek (564,97 m2) 5.848,03 m2-ko okupazioa izango dute. Sektorearen azaleraren gainerakoa (33.662,97 m2) lokal libreen espazioetarako (16.693,75 m2), espazio libreen sistema orokorrerako (16.193,22 m2) eta azaleko uretarako (776 m2) izango da.
Partzela eraikigarri bakarraren barruan U formako bizitegi-eraikin bakarra aurreikusten da. Eraikin horrek 4.625,75 m2-ko azalera izango du, erabilera nagusietarako 11.400 m2(t)-ko sestra gaineko eraikigarritasuna, eta partzelaren inguratzailearen baliokidea, gutxi gorabehera 4.625,75 m2(t)-ko sestra azpiko eraikigarritasuna, erabilera osagarrietarako (aparkalekua). Horrez gain, gehienez ere 456 m2(t)-ko eraikigarritasun fisikoa antolatzen du, hirigintza-estandarrak betetzen direla bermatzeko. Eraikinaren profila eta altuera desberdinak dira hiru hegaletan: ekialdeko hegalak (A sekzioa) S+BS+7 profila du (27,5 m), hegoaldeko hegalak (B sekzioa) S+BS+3 profila (16,4 m), eta mendebaldeko hegalak (C sekzioa) 48 m-ko gehieneko altuera eta S+BS+13 profila. Mendebaldeko hegala, altuera handienekoa, etxebizitzak, horiei lotutako produkzio-lokalak eta ekipamendu komunitario publikoa ezartzeko erabiliko da.
Etxebizitzak eraikitzeko lurzoru osoa babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko erabiliko da. Aurreikusten diren 100 etxebizitza guztietatik, 40 produktibotzat jotzen dira, jarduera ekonomiko baimenduak egingo diren inguruko guneei lotuko baitzaizkie.
Bide-sareari dagokionez, ibilgailuak Azkorte bidetik sartuko dira. Bide hori eremuaren ekialdean dago, noranzko bikoitzekoa da eta espaloia du goranzko aldean. Eremuan aurreikusten diren ibilgailuentzako bide bakarrak aparkalekuetara sartzeko bideak dira. Sektorea zeharkatuko duten bidegorriek garrantzi berezia izango dute, proiektuak udalerriko bi ibilbide berde garrantzitsuenak lotuko baititu, Plazaolako bide berdea, esaterako.
Aparkaleku pribatua sestra azpian egongo da, etxebizitza-eraikinaren azpian, eta 160 plaza izango ditu ibilgailuetarako. Aparkaleku publikoa sektorearen erdigunean dago, Azkorte bidetik datorren bideak ematen duen sarbideari jarraituta. Planak, hirigintza-estandarrekin bat etorrita, turismoetarako 38 aparkaleku, motozikletetarako 10 aparkaleku eta bizikletetarako 34 aparkaleku proposatzen ditu.
Hiri-espazio libreetarako erabiliko dira eremuaren hegoaldeko berdeguneak eta eraikinaren ingurua; guztira 16.693,75 m2-ko azalera. Sistema orokorretarako espazio libreak sektorearen ekialdeko eremuan egongo dira (16.193,22 m2). Halaber, eremuaren hegoaldean, ibai-ibilguak daude (776 m2), sektorea iparraldetik hegoaldera zeharkatzen dutenak.
Eremuaren urbanizazio-lanei dagokienez, lur-mugimendua, nagusiki, lurpeko aparkalekuak egiteak eragingo du, eta, gutxiago, bizitegi-partzela garatzeko plataformak sortzeak. Hegoaldean 3 metro inguruko indusketa egingo da, eta behealdean birkokatuko da, erdiko plataforma zabalagoa sortzeko. Ekialdean eta mendebaldean, eraikina bera topografiara egokituko da, eta, horrela, lur-mugimendua murriztuko da. Lurren balantzean, gutxi gorabehera 20.000 m3-ko soberakina egongo dela kalkulatzen da.
Bestalde, Planak drainatze-sistema orokorra definitzen du. Sistema horrek drainatzea eta saneamendua bereizten dituen sarea du, eta beste hornidura-sare bat, energia elektrikoaren, gasaren eta telekomunikazioen hornidurarako proposatutakoa.
Gainera, Planak hirigintza-jarduera osagarrien multzo bat aurreikusten du, sektorearen kanpoko lurzoruetan, oinezkoak eta ibilgailuak sektorera sartzeko azpiegiturak hobetzeko. Zehazki, hauek dira proposatutako jarduketak:
– Bi igogailu jartzea Zelaide kaletik sartzeko modu berri gisa.
– Jarduerak egitea Brunetetik sartzeko bidean, jarduketaren aurrealde osoan.
– Beste zerbitzu-azpiegitura batzuk.
Planaren eremua Lasarte-Oriako hiri-ehunaren hegoaldean dago, Andoainera doan A-1 errepidearen ekialdean, Oria Gain baserritik gertu dagoen lursail batean. Landa-eremua da, eraikinik gabea, eta nekazaritza eta abeltzaintzarako erabiltzen da, hala nola belardietarako eta baratzeetarako. Gaur egun, betelan heterogeneoen pilaketak daude eremuaren erdialdean.
Lurrazaleko hidrologiari dagokionez, eremua Oriako Unitate Hidrologikoaren barruan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan. Demarkazio horren barruan, Oria VI ur-masaren arroan dago (Kodea: ES028MAR002662). Eremuaren hegoaldea bi ibai-ibilguk zeharkatzen dute. Ubide horiek eremuaren mendebaldeko mugan elkartzen dira, eta Oria ibaian isurtzen dira, eremutik 200 bat metrora. Bi ibilguak erabat bideratuta daude harri-lubeta eta hormigoiarekin.
Alderdi hidrogeologikoa aztertuta, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Andoain-Oiartzun lurpeko masaren gainean dago eremua, Andoain Kuaternarioko sektorean eta Ipar Antiklinorioko jabariko sektorean. Eremuan ez dago interes hidrogeologikoko lekurik.
Ingurumen-azterketa estrategikoren arabera, eremuan dagoen landaredia honako hauek osatzen dute: bide asfaltatu txikian zehar landatutako zuhaitz-heskai bat (eremuaren iparraldea mugatzen du); belardi-zelai erruderalizatua (eremuaren erliebe-zatirik leunenean) eta zuhaixka-formazioak eta baso gaztea (hegaletan eta hegoaldeko herenean). Haritzez (Quercus robur) eta lizarrez (Fraxinus excelsior) osatutako zuhaitz-heskaiak du interes botanikorik handiena eremuan. Eremuaren goiko aldean dagoen belardi-zelai erruderalizatuan belardi-espezie arruntak dira nagusi (gramineoak, lekadunak, konposatuak, etab.), eraldatutako eremuetako espezie erruderalekin batera. Partzela ez denez erabiltzen, gero eta gehiago inbaditzen dute sasiek eta zuhaixkek, batez ere sahatsak (Salix atrocinerea). Eraldatutako lurzoruak daudenez, espezie exotiko inbaditzaileek kolonizatzen dute eremua; espezie horien artean, Cortaderia selloana da ugariena. Zuhaixka-formazioei dagokienez –baso gazteak–, gune horietan zuhaixkak eta zuhaitz gazteak dira nagusi, tamaina txikikoak. Masa horietan hariztietako espezie karakteristikoak (Betulus alba, Quercus robur, Corylus avellana, etab.) eta espezie exotikoak (Pinus radiata, Robinia pseudoacacia) daude nahastuta.
Eremuan dagoen fauna hiri-periferiako berezko espezieek osatzen dute, batez ere deskribatutako landazabaleko landarediari lotutakoek.
Eremuan ez dago naturagune babesturik, interes geologikoko lekurik edo beste katalogo batzuetako espaziorik (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan jasotako natura-intereseko guneen zerrenda). Inguruan ez dago hezegune edo korridore ekologikoak dituen interesgunerik, ez eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko eremu babestuen erregistroko elementurik ere. Era berean, aztergai den eremuan ez dago arriskuan dauden fauna- eta flora-espezieen berri, eta ez da hauteman Batasunaren intereseko habitatik. Aztergai dugun eremuan ez da identifikatu kultura-ondareko elementurik.
Paisaiari dagokionez, eremua Lasarte-Oriako ikuspen-arroaren barruan dago, zeina oso arruntzat jotzen baita, eta paisaia-balio oso txikia du. Ez dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan.
Plan Partzialaren eremua Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta ez badago ere, iraganean jatorri ezezaguneko zabor-botatzeak egin dira partzela horretan, eta, horregatik, «Lasarte-Oriako Oria-Gain A-37 sektorean jatorri ezezaguneko zabor-materialak karakterizatzea» agiria idatzi zuen Dinamek 2021eko uztailean. Dokumentazio hori aztertuta ondorioztatzen denez, kutsadura-zantzuak daude, eta, beraz, ingurumen-organoak lurzorua ikertu behar zela iritzi zion, eta, hala badagokio, indusketa-plana egin. Horren ondorioz, lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren prozedura hasiko litzateke. Hori horrela, ingurumen-azterketa estrategikoaren 3. eranskinean «Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Oria-Gain A-37 sektorean dagoen kokalekuko lurzoruaren kalitatearen ikerketa xehatua» jasotzen da, Dinamek idatzia 2022ko azaroan.
Ez da bestelako ingurumen-arriskurik antzeman; izan ere, eremuak ez du uholde-arriskurik, eta ez da hauteman akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasunik.
Zaratari dagokionez, inguruko soinu-foku nagusia ibilgailuen zirkulazioa da, batez ere A-1 autobidekoa eta Zirkuito ibilbidea eta Zelaialde kalea hiri-bideetakoa. Aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, egungo egoeran, eremuko maila akustikoak 55-60 dB (A)-tik beherakoak dira goizez eta arratsaldez. Gauez, maila akustikoak 45 dB (A)-tik beherakoak dira. Eremuaren zatirik handiena A-1 errepidearen eragin akustikoko eremuaren barruan dago, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zarataren mapa estrategikoen arabera.
Bizitegi-garapen berria gauzatzeko eta eraikinak, bideak eta aparkalekuak eraikitzeko lanek eragingo dute inpaktu gehien. Ekintza horien ondorioz, hondakinak, atmosferarako isurketak, makinen joan-etorria, isurketak, zaratak eta abar sortuko dira, eta landarediari, azaleko eta lurpeko urei, lurzoruei (isurketen ondorioz) eta biztanleei eragin dakieke, atmosfera- eta soinu-isurketak direla-eta hiri-ingurutik gertu.
Ingurumen-azterketa estrategikoaren arabera, Planak zuhaitz gazte eta zuhaixken 4.532 m2ko landaredi-azalerari eragingo dio. Azalera hori honako formazio hauetan banatzen da: Zuhaixka-erako eta baso gazteko 2.144 m2, belardi eta zelai erruderalizatuko 2.188 m2 eta espezie autoktonoko zuhaitz-eskaieko 200 m2. Pasaia-integrazioko azterketaren arabera, harizti-baso mistoko 1.913 m2, zuhaixka-orlako 298 m2 eta haltzadiko 194 m2 berreskuratuko dira, hau da, espezie autoktonoko formazioen 2.405 m2. Gainera, zuhaitz-landaredi gaztea duen 25.575 m2-ko azalerari eutsiko zaio. Azalera horretan, gainera, dagoen landaredi-masaren egoera hobetzeko, honako hauek egingo dira: espezie inbaditzaileak kentzeko tratamendua eta espezie autoktonoen aleen saneamendua eta garbiketa selektiboak.
Eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak ukitzeari dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoaren arabera aritu beharko da. Ildo horretan, jarduketak egiten ari dira A-37 Oriagain sektorea izeneko espedientearen esparruan (DCS-0073/24-AV).
Ustiapen-fasean, inpaktu posibleak eraikin berrietarako lanetan baliabideak kontsumitzea eta hondakinak sortzea izango dira, baita paisaia-inpaktua eta eremuko zaratak ere.
Egoera akustikoarekin lotuta, bizitegi-garapen berriak dagozkion kalitate akustikoari buruzko helburuak beteko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak xedatutakoaren arabera. Inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, etorkizuneko agertokian eremuaren kanpoko zarataren maila akustikoak 55-60 dB(A).– tik beherakoak dira egunez eta arratsaldez. Gauez, maila akustikoak 45 dB (A)-tik beherakoak dira. Fatxadako zaratari dagokionez, hots-kutsaduraren eragin handiena jasoko duten fatxadek 59-58 dB(A)-ko maila dute egunez, 58-57 dB(A)-koa arratsaldez eta 50-49 dB(A)-koa gauez; mugan dago gaueko aldirako, baina ez du balioa gainditzen.
B) Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta ondorioztatzen da nahikoa justifikatu dela Eusko Jaurlaritzako aurreko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko otsailaren 27ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideak barnean hartzea.
Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Ondorioztatzen da ingurumen-arloko izapidetze-prozesuan adierazitako alderdi guztiak behar besteko zorroztasunez jorratu direla, plangintza-prozesuan gerta litezkeen ingurumen-eraginak kontuan hartu direla bermatzeko moduan.
C) Plana izapidetzeko prozesuan, ez da gehitu jarduketa berririk, ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen duenik, eta ez da hauteman planean birdefinitu edo kendu beharreko jarduketarik dagoenik.
D) Neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak hartzeko orduan, kontuan hartuko dira indarrean dagoen araudia eta apartatu hauetan xedatutakoa, bai, halaber, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoa –aurrekoa galarazten ez duen heinean–. Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:
D.1.– Ekologia eta paisaia leheneratzeari buruzko neurriak.
Planaren arautegian, eremua garatzeko baldintzatzaile gisa, honako neurri hauek sartu beharko dira: landaredia babestea, espezie inbaditzaileak desagerraraztea eta kontrolatzea, ingurumena leheneratzea eta paisaia integratzea. Berariaz jaso beharko da Plana garatzeko proiektuak «Leheneratze-proiektu» bat izango duela eta bertan garatuko direla leheneratze ekologiko eta paisajistikoko planak proposatutako jarduketak, gauzatzeko behar adinako xehetasunez, aurrekontua barne. Egin beharreko jarduketak ezarriko ditu proiektu honek. Besteak beste, honako hauek:
– Ingurumena eta Paisaia Leheneratzeko Planak zehaztu egin beharko ditu aurreikusitako landareztatzeak, espezieak, landaketa-esparrua, mantentze-lanak, etab.
– Planaren garapenak eragindako eremu guztiak eta espazio libreak sartuko dira, Atzekoerreka errekaren ertzak barne, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko eta eremuko landaredi potentzialaren berezko espezieak erabiltzeko, eta harizti azidofiloaren eta harizti/baso misto atlantikoaren berezko espezieak proposatuz.
– Atzekoerreka erreka leheneratzeko, haltzadi kantauriarraren berezko espezieak lehenetsiko dira.
– Berdeguneak loreztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» liburuxkan jasotakoa beteko da (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako eskuliburua). Espezie autoktonoak erabiliko dira, eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua murrizteko. Landareztatze- eta lorategi-lanetan, ez da sekula ere erabiliko inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.
Leheneratze-proiektuak bermatuko du espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo direla; horrela, higadura-prozesuak ekidingo dira, bai eta solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa ere.
D.2.– Jabari publiko hidraulikoa babesteko neurriak.
– Planean jasoko da urbanizazioak eta eraikuntzak gutxienez 5 m-ko atzerapena izango duela Atzekoerreka errekarekiko.
– Egiten diren jarduketek arroaren erakundearen baimena beharko dute aldez aurretik.
D.3.– Uren kalitatea babesteko neurriak.
Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek neurriak aurreikusi beharko dituzte azaleko uretara ahalik eta solido gutxien iristeko (adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak).
Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatu beharko du.
Euri-urei dagokienez, hiriko drainatze-sistemek jatorrian minimizatu beharko dute hirigintza-garapenaren inpaktua, euri-jariatzeek eragindako karga kutsatzaileari dagokionez, eta jariatze-uren bolumena murriztera bideratutako neurriak hartu beharko dituzte, hala nola gainazal eta akabera iragazkorrak, edo zoladura edo okupazio iragazgaitzaren kopurua behar-beharrezkoa den azaleretara minimizatzea. Horregatik, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren 146.ter artikuluaren arabera, Plana jabari publiko hidraulikoan garatzeko proiektuek –esaterako, urbanizazio berriak, industrialdeak eta, oro har, hirigintza-garapenak– drainatze jasangarriko sistemak izan beharko dituzte. Horretarako, gida hau kontuan hartzeko gomendatzen da: «Uholde-arriskura egokitzeko gida: Drainatze jasangarriko hiri-sistemak. 2019. MITECO».
D.4.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak.
– Eremua kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin (A-37 Oriagain sektorea, DCS-0073/24-AV espedientea) bat etortzeari dagokionez, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzekoak) eta lege hori garatzen duen 209/2019 Dekretuak xedatutakoa bete beharko da.
– Edonola ere, Lasarte-Oriako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
D.5.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak, aurreikusitako jarduketak gauzatu bitartean.
Aurrekoei kalterik egin gabe, Planaren araudiak barnean hartuko du Plana garatzeko proiektuen hirigintza-lizentziak ematean sustatzaileek nahitaez bete beharreko baldintzak sartzeko betebeharra, honako hauei dagokienez:
– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihesteko prebentzio-neurriak, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunerako kaltegarriak izan daitezkeen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan zehaztutakoaren arabera kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balioztatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Sortzen diren olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko dira.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Gune espezifiko bat egokituko da, hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta antzekoak) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira abian. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Nolanahi ere, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeen zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Lurzorua eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isurketek eraginik izan ez dezaten; bereziki, makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isurketen eraginpeko lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineriaren parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, ibilgutik urrun. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
– Airearen kalitatea babestea: garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
– Kalitate akustikoaren babesa obretan: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarrita dagoenera.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraisketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan eta obrak egitean erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere, besteak beste.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 2013/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoaren azterketan analizatu beharko da zer onura akustiko lortzea espero den neurri zuzentzaileak aplikatuz, eremu akustikoetan edo eraikin sentikorretan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
D.6.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.
Planaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren giden gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.
Era berean, eta aipatutako eremuaren berrurbanizazioari dagokionez, kontuan hartu beharko dira «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gidako» gomendioak. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.
Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
– Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztaezinen bidez.
– Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Eraikinen barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
– Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.
– Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
– Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
– Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.
– Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.
– Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
– Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.
D.7.– Klima-aldaketa apaltzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.
Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak diseinatuko dira kontuan hartuta klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak.
E) Ingurumen-jarraipeneko plana.
Planaren ingurumen-jarraipenak ingurumen-azterketa estrategikoan ezarrita dagoenari jarraituko dio, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planeko aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.
Aurreikusitako urbanizazio-proiektuak zehaztu egin beharko ditu obrak egin bitartean egin beharreko kontrolak, batez ere ibai-uren kalitatearekin, inpaktu akustikoarekin eta lur-mugimenduekin lotutakoak –bereziki, bat datozelako kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin–. Halaber, hala badagokio, kontserbatu beharreko natura-intereseko elementuei buruzko kontrolak zehaztuko ditu. Era berean, ingurumen-jarraipenean, espazio libreen eta Atzekoerreka errekaren leheneratzearen arrakasta kontrolatuko da.
F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko gidalerro orokorrak.
Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta 2024ko otsailaren 27an Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak emandako ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.
Arreta berezia jarriko da alderdi hauetan, besteak beste: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; hondakinak egoki kudeatzea; jabari publiko hidraulikoa babestea; eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.
Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren AU.16 Oriagain hirigintza-eremuaren plan partziala onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotzen bada plana onetsi gabe, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaitu egingo da, eta hortik aurrera ez du ondoriorik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Lasarte-Oriako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Agintzea ebazpen hau argitara dadila Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 8a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS