Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2026ko ekainaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2819

AGINDUA, 2026ko maiatzaren 12koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa – Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

2022ko abuztuaren 17an, orduko Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean sartu zen Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa – Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestua izeneko elkargoaren estatutuen aldaketa onartzeko eskaera. Aldatzen den testua Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2021eko martxoaren 4ko Aginduaren bidez onartutakoa da (agindu horren bidez, Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa – Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren estatutuetan egindako aldaketak onartu ziren), eta agindu horren eranskin gisa argitaratu zen aldatutako testua, 2021eko apirilaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (67. zk.).

Estatutuak aldatzeko erabakia 2022ko uztailaren 22an onartu zen, elkargo horretako Gobernu Batzordearen ezohiko batzarrean, organo horretako idazkariak emandako ziurtagirian jasota dagoen bezala.

Elkargoak ordezkatzen duen lanbidearen arloko eskumena duenez, Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Justizia Zuzendaritzaren eta Legelarien Euskal Kontseiluaren nahitaezko txostenak jaso ziren. Era berean, txostena eskatu zitzaion Lehiaren Euskal Agintaritzari, eta hala egin zuen.

Txosten horietan proposatutako aldaketak egin ondoren, estatutuetarako testua aurkeztu du elkargoak.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen Euskal Herriaren Autonomia Estatutua, eta haren 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkideagoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, Profesionalen elkargoei eta kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38.6 artikuluan, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2020 Dekretuaren 11.1.m) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1 n) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikuluan eta otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa – Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestua izeneko elkargoaren estatutuetan egindako aldaketa onartzea.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Aldatutako estatutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, agindu honen eranskin gisa, eta interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak; haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 12a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

ERANSKINA
GIPUZKOAKO ABOKATUEN ELKARGO PRESTUAREN ESTATUTUAK
LEHEN TITULUA
ELKARGOA
LEHEN KAPITULUA
ABOKATUTZA

1. artikulua.– Abokatutzaren funtzio soziala.

1.– Abokatutza lanbide libre eta independentea da, gizarteari interes publikoko zerbitzu bat ematen diona eta independentziaren, askatasunaren, duintasunaren, osotasunaren, leialtasunaren eta sekretu profesionalarekiko errespetuaren printzipio gidariekin bat etorriz gauzatzen dena.

2.– Abokatuek zorrotz bete behar dituzte Estatutu honetatik eta gainerako ordenamendu juridikotik ateratzen diren arau deontologikoak eta lanbidearen gainerako betebeharrak. Betebehar eta eskakizun deontologiko horiek betetzea abokatuen laguntza jasotzen duten pertsonen edo abokatuekin zerbitzuak itundu dituztenen eskubidea da.

2. artikulua.– Laguntza juridikorako eskubidea.

Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa – Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestua arduratuko da pertsona bakar bati ere ez dakion abokatu bidezko laguntza tekniko-juridikoa ukatu bere eskubide eta interesak defendatzeko, berak aukeratutako edo ofiziozko abokatua izan, doako laguntza juridikorako eskubidea aitortuta edo aitortu gabe, horretarako ezarritako eskakizunen arabera.

3. artikulua.– Lehia-erregimenean jardutea.

1.– Abokatuaren lanbidea lehia aske eta leialaren araupean gauzatzen da, hura arautzen duten xedapenen arabera.

2.– Abokatuaren lanbidea lehia-erregimenean gauzatzea bateragarria izango da beti lanbidearen arau deontologikoak betetzearekin.

4. artikulua.– Abokatuak.

Abokatuak dira, lanbide horretan jardutea gaitzen duen titulu ofizialaren jabe eta abokatu-elkargo batean jardule gisa kide izanik, modu profesionalean aritzen direnak aholkularitza juridikoa ematen, liskarrak konpontzen eta inoren eskubide eta interes publiko zein pribatuak defendatzen, auzibidetik kanpoko bidean, auzibidean edo arbitraje-bidean; horiei bakarrik dagokie abokatu izena.

5. artikulua.– Jardun profesionalaren eremua.

1.– Abokatuak bere lanbidean jardun ahal izango du, legez ezarritako moduan, Espainiako edozein jurisdikzio- eta administrazio-organoren aurrean, bai eta edozein erakunde edo pertsona publiko eta pribaturen aurrean ere. Halaber, kasu bakoitzean aplikatzekoak diren arauen arabera, arbitroa, bitartekaria edo esku-hartzailea izan daiteke gatazkak edo auziak ebazteko jurisdikzioaz bestelako metodoetan.

2.– Nazioarteko edo nazioz gaindiko jurisdikzio-organoen aurrean ere jardun ahal izango du, organo horien arau erregulatzaileek horretarako aukera ematen badute.

3.– Abokatuaren esku-hartze profesionala nahitaezkoa izango da edozein motatako prozesuetan eta edozein jurisdikzioren aurrean, ordenamendu juridikoak hala xedatzen duenean.

4.– Abokatuak izan dezake bezeroaren ordezkaritza prozesala, legeak beste lanbide batzuetarako esklusiboki erreserbatu ez badu.

6. artikulua.– Abokatuen jardueraren lurralde-eremua.

1.– Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa – Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuan sartzeak lanbidea Estatu osoan egikaritu ahal izateko gaitasuna ematen du, legeetan ezarritakoaren arabera, baita mugaz haratago ere, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan eta Europako Esparru Ekonomikoaren Akordioa sinatu zuten herrialdeetan, arautzen duten gidalerroen eta horiek Estatuko legeriara egokitzen dituzten errege-dekretuen arabera.

2.– Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa – Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuko kideek, lurralde historikoaz kanpo profesionalki jarduten dutenean, Elkargo honen arauez gain, jarduera burutzen duten lurraldeko elkargoaren arauak, deontologia eta diziplina-araubidea bete beharko dituzte, eta hura izango da eskuduna sor litezkeen diziplina-prozedurak izapidetu eta erabakitzeko.

Era berean, beste elkargo batzuetako abokatuek Gipuzkoan jarduten dutenean profesionalki, Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa – Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuaren arauak, deontologia eta diziplina-araubidea bete beharko dituzte eta, diziplina-espedientea irekiz gero, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak dagokion Elkargoari jakitera emango dio eta, behar izanez gero, beharrezkotzat jotzen dituen aurrekariak eta txostenak eskatuko dizkio.

BIGARREN KAPITULUA
GIPUZKOAKO ABOKATUEN ELKARGOA

7. artikulua.– Izaera eta aplikatu beharreko araubide juridikoa.

1.– Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa da, izaera profesionalekoa eta legeak babestua. Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak aitortzen dute, eta nortasun juridiko propioa eta bere helburuak betetzeko gaitasun osoa dauka.

2.– Elkargoak erabateko autonomia eta Elkargoa antolatzeko erabateko gaitasunarekin arautu eta gauzatuko ditu bere helburuak eta eginkizunak, eta honako hauek arautuko dute: bere Estatutuek, haren garapenean onartutako erregelamendu arautzaile, diziplinario eta/edo barne-araubideko erregelamenduek, barne-arauek, dagozkien eskumenetan egindako akordio korporatiboek, Euskal Autonomia Erkidegoko tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Legeak, Elkargo Profesionalen Estatuko Legeak, Abokatutzaren Euskal Kontseiluko Estatutuak, Espainiako Abokatutzaren edo haren organoen Estatutu Orokorrak, eta Estatuko eta autonomia-erkidegoetako izaera orokorreko edo partikularreko gainerako xedapenek.

3.– Elkargoaren jarduna eta funtzionamendua demokratikoak izango dira, eta honako printzipio hauek sustatuko dira, besteak beste: gardentasuna, partaidetza, asoziazioa, adierazpen-askatasuna eta kideen arteko berdintasuna.

8. artikulua.– Izendapena, eremua eta egoitza.

1.– Gipuzkoako abokatutza-lanbidearen ordezkaritza eta defentsa betetzen duen elkargo profesionalaren izena honako hau da: Ilustre Colegio de la Abogacia de Gipuzkoa – Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestua.

2.– Elkargoak Gipuzkoako lurralde historiko osora hedatzen du bere lurralde-eremua, eta bakarra da bertan.

3.– Elkargoak Donostian ditu helbidea eta egoitza: Mandasko Dukearen Pasealekua 11, behea.

Gobernu Batzarrak hala erabakita, hiri bereko beste leku batera eraman ahal izango da.

4.– Elkargoak ordezkaritzak, egoitza osagarriak eta beste bulego batzuk ezarri ahal izango ditu bere lurralde-eremuan, Elkargoaren xede eta eginkizunak ahalik eta hobekien betetzeko komenigarritzat jotzen diren barruti judizialetan.

5.– ICAGI akronimoaren erabilerak Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuaren izendapenari egingo dio erreferentzia: Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa – Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestua.

9. artikulua.– Kideak.

ICAGI elkargokide egiteko eskaera egin duten eta onartuak izan diren pertsona guztiek osatuko dute, mugarik gabe, betiere gaitasun-baldintzak betetzen badituzte eta inolako debeku, ezgaitasun edo bateraezintasunik ez badute, eta elkargokide egiteko baldintzak betetzen badituzte.

10. artikulua.– Hizkuntza ofizialak.

1.– Euskara eta gaztelania dira Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa – Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuaren bi hizkuntza ofizialak.

2.– Elkargoak euskararen erabilera sustatu eta bultzatuko du Justizia Administrazioan.

3.– Elkargoak elkargokide guztiei eta, oro har, herritar guztiei bermatuko die Elkargoarengana nahi duten hizkuntza ofizialean jotzeko eskubidea eta Elkargoa ere beraiengana hizkuntza horretan zuzentzeko eskubidea, ahoz nahiz idatziz.

Elkargoak dagozkion neurriak hartu eta beharrezkoak diren baliabideak bideratuko ditu ofiziozko txandan eta doako laguntza juridikoan abokatuek aukeratu den hizkuntza ofizialean jardun eta lan egitea berma dadin.

4.– Bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkezten diren dokumentuek balio juridiko osoa izango dute prozedura bakoitzean dagozkien ondorioetarako. Itzulpenik behar izanez gero, Elkargoaren kontu izango da.

5.– Erabili beharreko inprimaki edo eredu ofizialak bi hizkuntzetan idatzi beharko dira.

6.– Komunikazio orokor, zirkular eta deialdi guztiak bi hizkuntza ofizialetan igorriko dira. Espediente partikularren banakako jakinarazpenak aurreko idatz-zatietan ezarritakoaren araberakoak izango dira.

11. artikulua.– Tratamendua eta ikur korporatiboak eta nortasunekoak.

1.– Elkargoak tradizioz eman zaion tratamendua izango du, hau da, Elkargo Txit Prestuarena.

2.– Korporazioak armarri bat dauka, honako deskribapen honekin: Gipuzkoako armarria, armarriaren eremuan, Justiziaren balantzak inguratuta eta errege-koro irekiak koroatuta.

Aurrekoari kalterik egin gabe, Gobernu Batzarrak beste sinbolo korporatibo eta identifikagarri batzuk onartu ahal izango ditu, sinbolo horiek erabiltzeko eta oroimenerako.

3.– Elkargoak ohorezko ikurrak eta sariak izango ditu, eta horiek erabili edo eman ahal izango ditu. Gobernu Batzarrari dagokio, hala badagokio, horiek sortu eta aitortzea.

12. artikulua.– Elkargoaren funtsezko helburuak.

a) Abokatutzaren jarduna antolatzea.

b) Lanbidearen ordezkari izatea esklusibotasunez eta legeek ezarritako ordezkaritza izatea bere helburuak betetzeko eta, bereziki, lanbidea defendatzeko Administrazioaren, erakundeen, auzitegien, entitateen eta partikularren aurrean, lanbidearen interesekin zerikusia duten auzietan alderdi izateko, eta hori guztia indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz.

c) Elkargokideen eskubide eta interes profesional eta asistentzialak defendatzea eta babestea.

d) Abokatuaren lanbidean sartzeko prozesuan esku hartzea.

e) Kideen lanbide-prestakuntza iraunkor eta espezializatua.

f) Arau deontologikoak ezartzea, kontrol deontologikoa egitea eta diziplina-araubidea aplikatzea, herritarren eta profesionalen eskubideak bermatzeko.

g) Abokatuen zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaileen eta bezeroen interesak babestea.

h) Justizia Administrazioaren funtzionamenduan, sustapenean eta hobekuntzan laguntzea.

i) Konstituzioan aldarrikatutako estatu sozial eta demokratikoa defendatzea.

j) Giza eskubideak sustatu eta defendatzea.

k) Defentsarako eta doako justizia eskuratzeko eskubide konstituzionala bermatzen laguntzea, doako laguntza juridikoa legeetan ezarritakoaren arabera antolatuz eta emanez.

l) Kontziliazio- eta berdintasun-politikak sustatzea.

m) Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean eta Estatuko nahiz autonomia-erkidegoko araudiak jasotako gainerakoak.

n) Lanbidearen interesetarako onuragarriak diren, aurrekoekin zerikusia duten eta Elkargoaren xedeak eta eginkizunak betetzera bideratuta dauden gainerako helburuak.

13. artikulua.– Elkargoaren eginkizunak.

ICAGIri dagokio, bere helburuak betetzearren, oro har Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean eta Estatuko nahiz autonomia-erkidegoko indarreko araudian adierazten diren eginkizunak betetzea, bereziki honako hauek:

Abokatutzaren ordezkaritza eta defentsa izatea Administrazioaren, erakundeen, auzitegien, entitateen eta partikularren aurrean, eta legitimazioa izatea abokatu-lanbidearen eskubide eta interesei eragiten dieten auzi eta kausa guztietan alderdi izateko, eta bidezkoak diren akzio penal, zibil, administratibo edo sozialak egikaritzeko.

Estatutuak onartzea, aldatzea, idaztea (hala badagokio), eta erregelamendu arautzaile, diziplinario eta/edo barne-araubideko erregelamenduak onartzea edo ordezkatzea.

Aurrekontuak eta elkargokideen ekarpenak egitea eta onartzea.

Ekarpen ekonomikoak ezarri eta eskatzea.

Elkargoko kideen jarduera profesionala antolatzea, prestakuntza, deontologia eta duintasun profesionala eta partikularren eskubideei zor zaien errespetua zainduta, eta arlo profesionalean eta Elkargoari dagokion arloan diziplina- eta zigortze-ahalmena egikaritzea.

Elkargokideen erregistroa egitea, gutxienez honako hauek barne hartuko dituena: titulu akademiko ofizialaren benetako testigantza eta, hala badagokio, lanbidean aritzeko gaitzen duenarena, Elkargoan alta eman den eguna, egoitza, telefono eta posta elektroniko profesionala, sinadura eguneratua eta lanbidean aritzeko gaikuntzari eragiten dioten inguruabar guztiak.

Eskaerak egiteko eskubidea gauzatzea, legeari jarraikiz.

Doako laguntza juridikoko zerbitzuak eta ezarrita dauden edo aurrerantzean ezar litezkeen bestelako laguntza eta orientazio juridikoko zerbitzuak antolatzea eta kudeatzea, bereziki gizarte-sektore ahulenen edo babes gehien behar dutenen mesedetan.

Elkargokideen intereseko jarduera eta zerbitzu erkide profesionalak, prestakuntzakoak, kulturalak, laguntzakoak, aurreikuspenekoak, aseguramendukoak eta antzeko beste batzuk antolatzea eta sustatzea.

Elkargoko kideek jardun profesionalean eta harreman korporatiboetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak egoki erabil ditzaten bultzatzea.

Praktika juridikoko eskola bat sortzea eta/edo mantentzea abokatutzan hasi ahal izateko, elkargokideen etengabeko prestakuntzarako, hobekuntzarako eta lanbide-espezializaziorako ikastaroak antolatzeko, ikasketa-planen lanketan parte hartzeko, lanbideari dagozkion irakaskuntza-zentroen antolakuntza-arauen berri emateko eta horiekin etengabe harremanetan egoteko.

Arbitraje-auzitegi bat sortzea eta/edo mantentzea, arbitraje-prozeduren administrazioa eta kudeaketa ahalbidetzeko eta horien garapena sustatzeko.

Lanbide-intrusismoa galarazteko eta hari jazartzeko neurriak hartzea, eta elkargokideen arteko lehia desleiala eragoztea ordenamendu juridikoarekin bat etorriz, betiere legeetan ezarritako terminoetan.

Erantzukizun zibileko nahitaezko asegurua betetzen dela bermatzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 12. artikuluan edo hala eskatzen duen beste edozeinetan aurreikusten den moduan.

Lanbideari dagozkion gaietan parte hartzea Administrazioaren organo aholku-emaileetan, eta lanbide arteko erakunde edo elkarteetan. Eta, hala badagokio, ordezkariak izendatzea gai juridikoei buruzko ezagutzak eskatzen dituen edozein auzitegitan, baldin eta horretarako errekerimendua egiten badiote.

Abokatutzaren ordezkaritza ziurtatzea gizarte-kontseiluetan eta unibertsitateko patronatuetan, horiek arautzen duten arauetan ezarritako terminoetan.

Botere judizialarekin eta gainerako botere publikoekin lankidetzan jardutea haien arau erregulatzaileei jarraikiz dagozkien organoetako partaidetzaren bitartez. Orobat, azterketak egitea, txostenak jaulkitzea, estatistikak prestatzea eta bere xedeekin lotutako beste zenbait jarduera egitea, eskatzen dizkiotenean edo beren ekimenez erabakitzen dutenean.

Ordainsarien irizpide orientagarriak ezartzea, kostuen tasazioaren eta abokatuen kontuen zinaren ondorio esklusiboetarako. Irizpide horiek baliozkoak izango dira, halaber, doako laguntza juridikoko kostuen tasazioari dagozkion ordainsariak kalkulatzeko.

Ordainsari profesionalak eztabaidatzen direneko prozedura judizial edo administratiboetan informazioa ematea, legeria aplikagarrian aurreikusitako terminoetan.

Txosten partzialak jaulkitzea ordainsari profesionalei buruzko gaiak eztabaidatzen diren prozesu judizialetan.

Prozedura administratibo eta judizialetan peritu-txostenak jakinaraztea eta jaulkitzea, hala eskatzen zaionean edo esku-hartzea aurreikusten denean, indarrean den legeriarekin bat etorriz.

Elkargoko kideez eta beraiei ezarritako zehapen irmoez egindako informazio-eskariei erantzutea, eta Europar Batasuneko estatu kide bateko edozein agintari eskudunek 17/2009 Legea betez (17/2009 Legea, azaroaren 23koa, zerbitzu-jardueretan askatasunez sartzeari eta aritzeari buruzkoa) egindako ikuskaritza- edo ikerkuntza-eskariei kasu egitea, batez ere informazio-eskaerak eta kontrol-, ikuskapen- eta ikerketa-eskaerak behar bezala arrazoituta egoteari dagokionez eta hortik ateratako informazioa soil-soilik eskaeraren helbururako erabiltzeari dagokionez.

Interesdunek eskatu ondoren, adiskidetza-, bitartekotza- edo arbitraje-bideetan esku hartzea arrazoi profesionalen ondorioz Elkargoko kideen artean edo horien eta bezeroen artean sor daitezkeen arazoetan.

Arbitraje-funtzioak egikaritzea bere erabakipean jartzen dituzten gaietan, eta arbitraje- edo bitartekotza-erakundeak edo gatazkak ebazteko ordezko beste edozein metodo sustatzea edo horietan parte hartzea.

Bere kideen zerbitzuen erabiltzaileen eta kontsumitzaileen interesak babesten lagunduko duten eginkizun guztiak eta Estatutu hauetan edo Estatuko nahiz autonomia-erkidegoko legeriak ezarritakoetan xedatzen duen beste edozein.

Gipuzkoako abokatuen artean harmonia, berdintasuna eta lankidetza sustatzea.

Elkargokideek honako hauek betetzen dituztela bermatu edo horiek betearaztea: Estatutu hau, arau deontologikoak, lanbideari eragiten dioten gainerako lege-xedapenak eta Elkargoko organoek beren eskumeneko gaietan hartutako arauak eta erabakiak.

Diziplina-ahala eta zehatzeko ahala erabiltzea.

Administrazio eskudunak eskuordetutako eginkizun guztiak, lege-xedapenetan edo eskuordetze-hitzarmen edo -akordioetan aurreikusitako irismenarekin eta terminoetan.

Lanbidearen interesentzat onuragarriak diren, aurrekoekin zerikusia duten eta Elkargoaren helburuak betetzera bideratuta dauden gainerako eginkizun guztiak.

Eta Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean eta aplikagarria den Estatuko nahiz autonomia-erkidegoko araudian (abokatuen elkargoetan indarrean dagoena) jasotzen diren gainerakoak.

14. artikulua.– Elkargoaren gizarte-ekintza.

1.– Elkargoak kontuan hartuko du, bereziki, zein sozietatetan integratu eta sozietate horrekiko duen erantzukizuna. Horregatik, gizarte-ekintzako programak sustatu, antolatu eta gauzatu ahal izango ditu, sektorerik ahulenen mesederako, bai eta oinarrizko eskubideak, bizikidetzarako balio demokratikoak edo nazioarteko lankidetza sustatu eta zabaltzeko ere.

2.– Elkargoak doako zerbitzuak antolatu eta eman ahal izango ditu, kanpoko finantzaketa publiko edo pribatuarekin edo gabe, doako beste aholkularitza-zerbitzu batzuetara sarbiderik ez dutenak eta premia, desabantaila edo gizarte-bazterketako arriskuan daudenak aholkatzeko, betiere laguntza juridikoari buruzko legeriaren ondorioz Elkargoak dituen eskumenei kalterik egin gabe.

3.– Elkargoak, 1. idatz-zatian aurreikusitako helburua betetzearren, zaurgarritasun-egoeran dauden elkargokideei lagundu ahal izango die.

4.– Elkargoak berariazko aurrekontu-partida bideratuko du helburu hori betetzeko, eta partida horrek Gobernu Batzarrak adostutako zenbatekoa izango du.

15. artikulua.– Doako laguntza juridikoa eta ofiziozkoa.

1.– Elkargoari dagokio, bere helburuak agindutako funtzio publikoarekin bat etorriz betetzeko, doako laguntza juridikoko zerbitzu guztiak eta orientazio juridikoko zerbitzua antolatzea, aholkularitza eta orientazioa emateko eta bere uziak bideratzeko, baita doako justiziaren onura eskatzeko espedientea izapidetzea ere, indarrean den legeriaren arabera.

2.– Elkargoak doako laguntza juridikoko zerbitzuek behar bezala funtzionatzen dutela eta indarrean dagoen araudira eta legeriara egokitzen direla bermatu beharko du.

3.– Abokatuei dagokie:

Doako laguntza juridikorako eskubidea duten pertsonei aholkularitza eta defentsa juridikoa ematea, legeriak hala xedatzen duenean edo indarreko legeriaren arabera auzitan aritzeko baliabide ekonomikorik ez dutenean.

Guardiako zerbitzuetan laguntza eta defentsa juridikoa ematea, indarrean dagoen araudiaren eta legeriaren arabera eta, hala badagokio, zerbitzua dagokion Administrazioarekin emateko hitzarmenen arabera.

Edozein jurisdikzioren edo administrazioaren aurrean bere eskubideak erabili nahi dituenari aholkularitza eta defentsa juridikoa ematea abokatuaren esku-hartzea beharrezkoa denean, betiere indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz eta laguntzeko profesionalik ez duenean, hala eskatzen duenean edo judizioz izendatzen zaionean; kasu horietan, dagozkion ordainsariak ordaindu beharko dira.

4.– Laguntza-zerbitzuetara, doako defentsa-zerbitzuetara eta orientazio juridikoko zerbitzuetara atxikita dauden abokatuek dagozkien askatasun, independentzia eta arreta profesionalarekin beteko dituzte abokatutzari dagozkion eginkizunak, betiere honako hauek kontuan hartuta: lanbidea arautzen duten arau deontologikoak, doako laguntza juridikoa arautzen duten arauak, urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea edo hori ezartzen duen beste edozein arau edo lege, eta Gobernu Batzarrak xede horrekin hartutako akordioak eta arauak. Horrenbestez, Elkargoan erroldatutako abokatu guztiek zerbitzua eman beharko dute nahitaez, indarrean dagoen legeriari jarraikiz.

Dena den, profesional kopuru nahikoa izateagatik posible denean, boluntarioekin antolatu ahal izango dira zerbitzuak.

5.– Indarrean dagoen legeriaren arabera, Gobernu Batzarrari dagokio doako laguntza juridikoaren eta ofiziozkoaren funtzionamendua, espezialitateak, banaketa-arauak, eta zerbitzuan eta dagozkion txandetan aritzeko baldintzak adostea/eta edo onartzea, eta bertan hasteko eta jarraitzeko prestakuntza ezartzea.

6.– Laguntza-zerbitzuak, doako defentsa juridikoa eta orientazio juridikoko zerbitzuak ematen dituzten abokatuek etengabeko prestakuntza beharko dute zerbitzu horiek etenik gabe ematen jarraitu ahal izateko.

16. artikulua.– Web-orria, leihatila bakarra. Egoitza elektronikoa.

1.– Elkargoak web-orri bat izango du eta, leihatila bakarraren bidez, abokatuek eta sozietate profesionalek behar diren izapide guztiak egin ahal izango dituzte elkargoko kide izateko, jarduteko eta baja emateko, bide elektronikoz eta urrutitik.

2.– Elkargoak beharrezko guztia egingo du, profesionalek, leihatila bakar horren bidez, honako hauek doan egin ditzaten:

Abokatutzan sartzeko eta jarduteko behar diren informazio osoa eta formularioak eskuratzea.

Dokumentazio eta eskaera guztiak aurkeztea, elkargokide egiteko dokumentazioa barne.

Interesdunak diren prozeduren izapidetze-egoeraren berri izatea, baita prozeduren nahitaezko izapide-egintzen eta ebazpenen jakinarazpena jasotzea ere, diziplina-prozeduren ebazpenena barne.

Elkargokideek ohiko eta ezohiko batzar nagusietarako deia egitea eta Elkargoaren jardunaren berri ematea, hargatik eragotzi gabe beste baliabide batzuk ere erabili ahal izatea, modu osagarrian edo esklusiboan.

Elkargoko kideen gaikuntza profesionalaren egoera argitaratzea, diziplina-zehapen ezeztatu gabeei buruzko informazioa barne, betiere Datu Pertsonalak Babesteko Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

3.– Leihatila bakar horren bidez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak hobeto defendatzeko, Elkargoak honako informazio hau emango du doan:

Elkargokideen erregistrorako sarbidea. Erregistro hori etengabe eguneratuko da, eta bertan jasoko dira abokatuen izen-abizenak, elkargokide-zenbakia, eskuratutako titulu ofizialak, egoitza profesionala eta lanbide-gaikuntzaren egoera, eta sozietate profesionalen izena.

Sozietate profesionalen erregistrorako sarbidea, Legean deskribatutako edukia barne hartuko duena.

Kontsumitzaile edo erabiltzailearen eta elkargokide baten artean edo haren eta dagokion elkargoaren artean gatazkarik sortzen bada, egon dauden erreklamazio-bideak eta, hala badagokio, jar daitezkeen errekurtsoak.

Zerbitzu profesionalen hartzaileei laguntza eskaintzen dieten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte edo erakundeen datuak, edo administrazio publiko eskudunaren webgunearekiko esteka.

Espainiako Abokatutzaren Kode Deontologikoaren eta aplikagarriak izan daitezkeen beste batzuen edukia.

4.– Eta hori guztia legeriaren arabera eskura daitezkeen beste baliabide teknologiko batzuei kalterik egin gabe.

17. artikulua.– Elkargokideei eta kontsumitzaile eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzua.

1.– Elkargoak elkargokideek aurkeztutako kexa edo erreklamazioei erantzun beharko die.

2.– Elkargoak abokatutzaren zerbitzuen kontsumitzaile edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu bat izango du. Zerbitzu horrek izapidetu eta ebatziko ditu elkargo-jarduerari edo elkargokideen jarduerari buruz aurkezten diren kexa eta erreklamazio guztiak, bai eta haren ordezkari gisa edo haren interesen alde jarduten duten kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarte eta erakundeek aurkezten dituztenak ere.

3.– Elkargoak, kontsumitzaile edo erabiltzaileentzako arreta-zerbitzuaren bidez, kexak edo erreklamazioak ebatziko ditu, kasuaren arabera, modu hauetakoren batean: gatazkak ebazteko judizioz kanpoko sistemari buruzko informazioa emanez; espedientea beharrezkoak diren informazio- eta diziplina-espedienteak hasteko eskumena duten elkargoko organoetara bidaliz; espedientea artxibatuz; edo egokia den beste edozein erabaki hartuz.

Gobernu Batzarrak arautu beharko du kexak eta erreklamazioak ebazteko prozeduraren izapidetzea.

4.– Zerbitzu hori arautzean, berariaz aurreikusi beharko da kexak eta erreklamazioak modu elektronikoan eta urrutitik aurkeztu ahal izango direla.

18. artikulua.– Urteko memoria.

Elkargoak gardentasun- eta erantzukizun-printzipioak bete behar ditu bere kudeaketan, eta urteko memoria bat egin beharko du Legean eta Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean xedatutakoarekin bat etorriz. Urteko memoria web-orriaren bidez argitaratu beharko da urteko lehen seihilekoan.

HIRUGARREN KAPITULUA
ELKARGOKIDE EGITEA

19. artikulua.– Nahitaez elkargoko kide egitea.

1.– Abokatutzan jarduteko ezinbesteko baldintzak izango dira abokatutzaren lanbidean aritzeko gaitzen duen titulu ofiziala edukitzea eta Elkargoko kide izatea, egoitza profesional bakar edo nagusiari dagokiona.

2.– Egoitza profesional nagusitzat joko da abokatuak lanbidean jarduteko gehien erabiltzen duen bulegoa, lanean jarduteko erabil ditzakeen beste egoitza, bulego edo kokapen batzuekin alderatuta, edo, horrelakorik izan ezean, bere jarduera profesionalaren administrazio-kudeaketa eta zuzendaritza zentralizatuta dituen lekua, edo Espainiako lurraldean dagoen tokiko bakarra, edo, azkenik, Espainian duen egoitza pertsonalekoa.

3.– Lehen idatz-zatian ezarritakoak ez die kalterik egingo urriaren 30eko 34/2006 Legeak, auzitegietako abokatu- eta prokuradore-lanbideetan sartzeari buruzkoak, hirugarren xedapen gehigarrian funtzionario publiko jakin batzuentzat ezartzen dituen salbuespenei.

20. artikulua.– Elkargokideak.

Elkargoa honako elkargokide hauek osatzen dute eta osatuko dute:

Jarduleek, hau da, profesionalki abokatutzan aritzen direnek. Egoiliarrak edo ez-egoiliarrak izan daitezke, bulego bakarra edo nagusia Elkargoaren lurraldean duten ala ez kontuan hartuta.

Ez-jarduleek, hau da, profesionalki abokatutzan aritzen ez direnek eta, beraz, abokatu izendatzeko eskubiderik ez dutenek.

Inskribatuta daudenek, hau da, legeriaren arabera beren jatorrizko herrialdeko tituluarekin Espainian jardun dezaketenek.

Ohorezkoek. Izendapen hori jasotzen duen pertsona oro, Gobernu Batzarrak hala erabakita, abokatutzaren edo elkargoaren beraren mesedetan egindako merezimendu edo zerbitzuak direla eta.

Elkargo-erroldaren zerrenda ordena alfabetikoaren araberakoa izango da, eta elkargokide egin zen eguna eta zenbakia adieraziko dira; abokatuak zerrenda desberdinetan banatuko dira, izaeraren arabera.

21. artikulua.– Elkargoan sartzeko bete beharreko baldintzak.

1.– ICAGIn jarduneko egoiliar gisa sartzeko, honako betebehar hauek bete beharko dira:

Adinez nagusia izatea.

Espainiako, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide bateko edo hirugarren herrialdeetako nazionalitatea izatea, kalterik egin gabe nazioarteko itun edo hitzarmenetan xedatutakoari eta atzerritartasunari buruzko araudian atzerritarrek Espainian lanbidean jarduteko duten eskubideari buruz jasotako betekizunak betetzeari.

Abokatutzan jarduteko gaitzen duen titulu ofiziala izatea, salbu eta lege-mailako arauetan ezarritako salbuespenetan. Hori egiaztatzeko, dagokion unibertsitateko titulua eta Justizia Ministerioak jaulkitako Abokatutzan sartzeko gaitasun-ziurtagiria aurkeztuko dira. Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estaturen bateko nazionalak gaitzeko titulazioa egiaztatzeko, Legean ezartzen diren homologazio-baldintzak bete beharko dira.

Gaztelaniaren eta/edo euskararen ezagutza egiaztatzea, zuzenbidean baliozkoa den edozein bide erabilita, salbu eta aurreko betekizuna betetzetik modu sinesgarrian ondorioztatzen denean.

Bulego profesional bakar edo nagusia Elkargoaren lurralde-eremuan izatea, eta izaera profesionaleko telefono-zenbaki bat, posta-helbidea eta helbide elektronikoa jakinaraztea, Elkargoarekin harremanetan jartzeko eta jakinarazpenetarako.

Elkargoak finkatutako sarrera-kuota ordaintzea. Kuota horrek ezin izango ditu gainditu inskripzioa izapidetzearekin lotutako kostuak, Abokatutzaren Euskal Kontseiluak eta Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak ezarritako elkargokide izateko kuotak; eta banku-kontu bat eman beharko da, Elkargoaren kuotak eta bestelako betebehar ekonomikoak helbideratzeko.

Zigor larriak ezartzea edo abokatutzan jarduteko desgaitzea dakarten delituen ondoriozko aurrekari penalik ez izatea.

Aurreko 3 urteetan abokatutzan intrusismoagatik ebazpen irmo baten bidez kondenatua ez izatea, kondena horren ondoriozko aurrekari penalak ezeztatu direnean izan ezik.

Abokatu-elkargo batetik kanporatzeko diziplina-zehapenik ez izatea, edo zehapen hori jasoz gero, birgaitua izatea; birgaitze hori Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da.

Abokatutzan jarduteko ezgaitasun-, bateraezintasun-, debeku, ezgaitze- edo etete-kausarik ez izatea; hori guztia Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

Dagokion Gizarte Segurantzako araubidean alta ematea edo, kasua bada, Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Bereziaren ordezko gizarte-aurreikuspeneko mutualitate batean sartzea, indarrean dagoen legeriaren arabera.

Beste abokatuen elkargo batzuetan jarduneko egoiliar gisa sartuta ez egotea. Hori egiaztatzeko, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak jaulkitako ziurtagiria aurkeztuko da; hala ere, lekualdaketa egin ahal izateko, jatorrizko elkargoan baja emango da Elkargo honetan alta emateko.

Erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea, abokatuak bere jardun profesionalaren ondorioz izan litzakeen erantzukizunak estaltzeko, betiere tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko legeari edo hala eskatzen duen beste edozein legeri jarraikiz, horietan ezartzen diren gutxieneko estaldurekin eta bermeekin.

2.– Elkargo honetan jarduneko egoiliar gisa sartzea nahitaezkoa izango da abokatuaren egoitza profesional bakar edo nagusia Elkargoaren lurralde-eremuan dagoenean.

3.– Elkargoan jarduneko abokatu ez-egoiliar gisa sartzeko, bere egoitza profesional bakar edo nagusiari dagokion elkargoan egoiliarra dela egiaztatu beharko du, hark eta Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak jaulkitako ziurtagiriarekin, eta ziurtagiri horrek 1.i), j) idatz-zatietan aurreikusitako edukia izan beharko du. Horrez gain, sarrera-kuota ordaindu beharko du f) idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera, eta izaera profesionaleko telefonoa, posta-helbidea eta helbide elektronikoa eman beharko ditu, komunikazio eta jakinarazpenetarako.

4.– Elkargokide ez-jardule gisa sartzeko, artikulu honetako 1. paragrafoko a), b), c), d), f), g), h) eta i) idatz-zatietan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Era berean, egiaztatu beharko da ez duela abokatutzan jarduteko ezgaitasunik edo debekurik, j) idatz-zatian aurreikusitako moduan. Abokatu-elkargo batean baino gehiagotan ez-jardule gisa sartu dela egiaztatzen bada, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean aurreikusitakoa aplikatuko zaio.

5.– Elkargoan izena emateko eskatu duen pertsona aurretik Europar Batasuneko beste estatu batean aritu denean, Elkargoak jatorriko estatuko agintari eskudunei eskatu ahal izango die, bere kabuz edo Legelarien Euskal Kontseiluaren edo, hala badagokio, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiaren bitartez, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorraren 11, 12 eta 18. artikuluetan aurreikusitako abokatutzan aritzeko ezgaitasun-, bateraezintasun- edo debeku-kausaren bat biltzeko aukerari buruzko informazioa.

6.– Elkargokide egitean, Elkargoak datu profesionalak jakinarazteko baimena izango du, horiek Elkargoaren gidetan sartzeko eta hirugarrenei lagatzeko, betiere Elkargoaren eginkizunak betetzeko helburuarekin, eta datu pertsonalak babesteko legean aurreikusitakoari jarraikiz.

22. artikulua.– Kide egiteko eskaerak egin, onartu edo ukatzea.

1.– Elkargoan sartzeko eskaerak dekanoari zuzendu behar zaizkio eta eskaera aurkezten den unean elkargokide izateko behar diren baldintza guztiak betetzen direla frogatu behar da Gobernu Batzarrak erabakitako forma dokumentalean.

2.– Gobernu Batzarrak, eginbideak bete eta behar diren txostenak eta dokumentuak jaso ondoren, sartzeko eskaerari buruzko erabakia emango du, eta elkargokide egiteko betekizunak betetzen dituztenak onartuko ditu gehienez ere bi hilabeteko epean.

Aurkeztu den dokumentazioa osatu gabe dagoenean, eskaera egin duenari jakinaraziko zaio, eta dokumentazioa osatzeko epe bat emango zaio.

3.– Eteteko edo uko egiteko erabaki arrazoituaren aurka, Estatutuetan ezarritako errekurtsoak ezarri ahal izango dira.

4.– Dagokion ebazpena bi hilabeteko epean jakinarazten ez bada, isiltasun positiboaren ondorioak sortuko dira eskatzaileak elkargokide izateko betekizunak betetzen baditu.

23. artikulua.– Zin egitea edo hitza ematea.

1.– Jardun profesionalean hasi aurretik, abokatuek zin edo promes egingo dute Konstituzioari eta gainerako ordenamendu juridikoari men egin dietela eta lanbidearen arau deontologikoak beteko dituztela, askatasunez eta independentziaz, fede onez, bezeroarekiko leialtasunez, kontrako alderdiarekiko errespetuz eta sekretu profesionala gordez.

2.– Zin edo promes hori idatziz egin ahal izango da Elkargoko dekanoaren aurrean edo eskuordetutako Gobernu Batzarreko kidearen aurrean, Batzarrak berak ezartzen duen forma eta protokoloekin.

3.– Gobernu Batzarrak aldian behin ekitaldi solemneak egitea erabaki ahal izango du, zin edo promes egiteko eta/edo hura jendaurrean berresteko, Batzarrak berak ezarritako forma eta protokoloarekin.

4.– Elkargokidearen espediente pertsonalean jaso beharko da zin edo promesa egin dela.

24. artikulua.– Abokatu izaera egiaztatzea.

1.– Elkargoan sartzean, elkargokide-zenbaki bat esleituko zaio, lanbide-jarduketak egiten dituenean izenaren ondoan adierazi beharrekoa. Elkargoak horren frogagiria jaulkiko du.

2.– Elkargoak Abokatutzaren Kontseilu Nagusiari jakinaraziko dio abokatuen zerrenda, izandako altak eta bajak adierazita. Zerrenda horretan abokatuen datu profesionalak agertuko dira, hala nola izen-abizenak, elkargokide-zenbakia, dauzkaten titulu ofizialak, lanbide-helbidea eta lanbide-gaikuntzaren egoera, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa.

3.– Elkargoko idazkariak urtero igorriko die, ahal dela bide elektronikoz, Elkargoari atxikitako abokatuen zerrenda bere lurraldeko epaitegi eta auzitegi guztiei, bai eta espetxeei eta atxiloketa-zentroei ere. Zerrenda aldian behin eguneratuko da, dagozkion alta eta bajekin. Zerrenda horren bidalketaren ordez, datuak behar bezala eguneratuta dituen web-orrirako zuzeneko sarbidea jarri ahal izango da.

4.– Elkargoko idazkariak egiaztatu ahal izango du jardun judizialetan parte hartzen duten abokatuak jardule gisa daudela sartuta Elkargo honetan edo Espainiako beste batean.

25. artikulua.– Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako abokatuek abokatu-lanbidean jardutea Espainian.

1.– Europar Batasuneko estatu kide batean modu iraunkorrean kokatuta dauden abokatuek Espainian askatasunez garatu ahal izango dituzte, noizbehinkako prestazio-erregimenean, abokatutzaren berezko jarduerak, indarrean dagoen araudian arautzen diren baldintzetan.

2.– Europar Batasuneko eta Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideetako abokatuek eskubidea izango dute beren lanbide-jarduera Espainian gauzatzeko, modu iraunkorrean eta jatorrizko lanbide-tituluarekin, «inskribatutako abokatu» izenarekin, Espainian Europar Batasuneko beste estatu kide batean lortutako lanbide-titulua duen abokatu-lanbidean aritzeari buruzko araudian aurreikusitako moduan eta mugekin.

3.– Inskribatutako abokatuak lanbidean jardun ahal izango du, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean oro har aurreikusitako jarduteko moduen arabera.

4.– Noizbehinkako prestazio-erregimenean dauden abokatuek, abokatu bisitariek eta inskribatutako abokatuek itunduta jardun beharko dute Espainian kolegiatutako abokatu batekin, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

5.– Kasu bakoitzean, Ituna bi profesionalek sinatutako idazkiaren bidez jakinarazi beharko zaio ICAGIri. Era berean, lanbide-jardueran garatzen diren jarduketa guztietan jaso beharko da Ituna dagoela.

6.– Itunak kolegiatutako abokatua behartzen du inskribatutako abokatuaz edo abokatu bisitariaz joatera eta laguntza ematera lanbideko jardunetan.

26. artikulua.– Intrusismoa.

1.– Estatutu honen ondorioetarako, intrusismotzat jotzen da Gipuzkoan inoren arazoetan abokatu gisa jardutea:

Abokatuen elkargo profesional batean jardule gisa sartuta egon gabe, edo lanbidean jarduteko desgaituta edo etenda egonda, abokatuei dagozkien lanak eta eginkizunak egiten dituztenek. Bereziki, intrusismoa egingo dute abokatuen parte-hartzea beharrezkoa ez den gaietan abokatuei dagozkien lanak egiten dituztenek, Zuzenbidean gradudun edo lizentziadunak izan ala ez.

Abokatuei dagozkien lanak egiten dituztenek, bateraezinak izanik, edo ezgaituta edo debekupean egonik, edo sartzeko behar diren baldintzetakoren bat galduta izanik.

Abokatu izena erabiltzen dutenek abokatu izan gabe, Estatutu honetan ezarritakoaren arabera.

Abokatu izan edo ez, pertsona juridikoak barne, aurreko idatz-zatietan lanbide-intrusismo gisa kalifikatutako praktikak babesten dituztenek. Bereziki intrusismo-praktikak babesteko beren bulegoa edo sinadura ematen duten abokatuek.

27. artikulua.– Elkargokide izateari uztea.

1.– Elkargokide-izaera galdu egingo da:

Heriotzagatik.

Borondatezko bajagatik.

Nahitaez ordaindu beharreko kuota sei hilabetez ez ordaintzeagatik.

Lanbidean jarduteko desgaikuntza dakarren zigor nagusia edo osagarria dakarren kondena irmoagatik.

Elkargotik kanporatzeko zehapenagatik, diziplina-espedientearen ondoriozko ebazpen irmo baten bidez erabaki bada.

2.– Elkargoko kide izateari uztea dela eta, Elkargoko Gobernu Batzarrak aurreko idatz-zatiko a) letraren kasuan onartu beharko du eta gainerako kasuetan ebazpen arrazoitu baten bidez erabakiko du, eta, behin irmoa denean, berehala jakinaraziko zaio Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiari eta, hala badagokio, Abokatutzaren Euskal Kontseiluari.

3.– Lehenengo paragrafoko c) idatz-zatiaren kasuan, elkargokideek beren eskubideak birgaitu ahal izango dituzte, zor dutena eta interesak legezko tasan 2 puntu gehituta ordainduz, eta, hala badagokio, Estatutuetako 31. artikuluan horri buruz ezarritako betekizunak betez.

4.– Gainerako kausaren bat dutenak kendu egingo dira elkargokideen zerrendatik.

28. artikulua.– Abokatutzan jarduteko ezintasuna.

1.– Abokatutzan jarduteko ezgaitasuna dakarten kausak dira:

Izaeragatik edo intentsitateagatik abokatuei ematen zaien defentsa- eta aholkularitza-eginkizuna betetzea eragozten duten eragozpenak.

Abokatutzan jarduteko desgaitzea edo etetea, ebazpen judizial irmo baten bidez.

Jardun profesionala etetea edo abokatuen edozein elkargotik kanporatzea dakarten diziplina-zehapen irmoak; zigor horiek eraginkorrak izango dira lurralde nazional osoan.

2.– Aurreko edozein arrazoirengatik ezgaitasuna gertatuz gero, elkargokidea automatikoki igaroko da ez-jardule izatera, eta elkargokide-izaera galtzeko arrazoia izan liteke; gertaera hori eragin duen arrazoia amaitzen denean, ezgaitasuna desagertuko da.

3.– Ezgaitasun-kausa amaitzen denean, jarduneko elkargokidearen izaera berreskuratuko da eskaera egin ondoren, betiere baja emateko kausa izan ez bada. Baja emateko kausa izan bada, berriz ere elkargokide izateko eskaera egin beharko da, kanporatua izan denean salbu; kasu horretan, 106. artikuluan aurreikusitako birgaitzea eskatu beharko da.

4.– Abokatuen edozein elkargotatik kanporatzeko diziplina-zehapena ezarri bazaio, ezgaitasuna ez da desagertuko harik eta abokatua kanporatzeko erabakia hartu zuen Elkargoaren Estatutuetan edo, halakorik ezean, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean aurreikusitako terminoen arabera birgaitzen den arte.

5.– Ezgaitasunak desagertu egingo dira horiek eragin dituzten kausak amaitzen direnean edo diziplina-erantzukizuna azkentzen denean.

29. artikulua.– Debekuak.

Abokatuek honako debeku hauek dituzte:

Lokalak edo zerbitzuak partekatzea bateraezinak diren profesionalekin, horrek sekretu profesionalaren babesari eragiten badio.

Abokatutzan modu egokian jardutea eragozten duten izaera profesionaleko elkarte-loturak izatea, Estatutu honetan ezarritakoaren arabera.

30. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Abokatutzaren jarduna guztiz bateraezina izango da:

Botere Judizialaren, Estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko administrazioen eta haien mendeko edo haiei lotutako zuzenbide publikoko erakundeen zerbitzura dauden edozein kargu, eginkizun edo enpleguren betetzearekin, horien araubide erregulatzaileak hala ezartzen duenean.

Lege mailako arau bidez bateraezintzat jotzen den beste edozein jarduerarekin.

Abokatuek ezin izango dute aurreko paragrafoetan aipatutako bateraezintasunak dituzten pertsonekin izaera profesionaleko elkarte-loturarik izan; era berean, ezin izango dute lokalik edo zerbitzurik partekatu, horrek sekretu profesionalaren babesari eragiten badio.

Bateraezintasun-kausaren bat duen abokatuak berehala utzi beharko dio bateraezinak diren bi jardueretako batean jarduteari; abokatutzan egiten badu, gehienez ere hamabost eguneko epean formalizatu beharko du jardule gisa baja, ICAGIko Gobernu Batzarrari jakinarazpena bidalita. Hala egiten ez badu, Gobernu Batzarrak kautelaz eten ahal izango du lanbidean jardutea, automatikoki ez-jardule izatera pasatuz eta, aldi berean, dagokion diziplina-espedientea hastea erabakiz.

Bateraezintasun-kausagatik jardueretako batean jarduteari eten beharraren arau-haustea ez da desagertuko pertsonaren edo sozietatearen jardun profesionala mantentzen bada.

2.– Abokatutzaren jarduna bateraezina izango da:

Datxezkion askatasuna, independentzia edo duintasuna gutxiestea ekar dezakeen edozein jarduerarekin, edo abokatutzako jardun egokiarekin, baldin eta horrek interes-gatazka sortzen badu eta Estatutu honetan eta Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiaren Estatutuan jasotako printzipioak errespetatzea eragozten badu.

Kontu-auditoretzaren jarduerarekin, legez aurreikusitako moduan.

Bateraezintasuna jardun profesionala hasi ondoren sortzen bada, abokatuak jarduera berehala bertan behera utzi eta bezeroari jakitera emateaz gain, beste abokatu bat izenda dezala eskatu beharko dio bezeroari, eta behar den denboran bakarrik jarraituko du bere eginkizunak betetzen, defentsa-gabeziarik gerta ez dadin.

3.– Abokatutza beste batzuekin batera egikaritzen denean Estatutuetan aurreikusitako moduren batean, taldeko kideren bati edo abokatu kolaboratzaileren bati ezarritako bateraezintasuna edo debekua taldeko kide guztiengana zabalduko da.

31. artikulua.– Berriz sartzea.

1.– Abokatuek beren borondatez hala erabakitzen dutenean, eta baja egiteko arrazoia desagertzen denean, berriz ere jardule gisa sartzea eskatu ahal izango dute.

Kasu horietatik salbuetsita geratzen da kanporatze-zehapenaren ondoriozko baja, kasu horretan, Estatutu hauetan aurreikusten denaren arabera bakarrik birgaitu ahal izango baita.

2.– Berriz sartzeko ezinbesteko baldintza izango da lanbidean jarduteko baldintzak betetzen direla (21. artikuluan xedatutakoari jarraikiz) edo hura eragozten zutenak desagertu direla frogatzea, eta, hala badagokio, Gobernu Batzarrak berriz sartzeko ezarritako kuota ordaintzea.

Ez da berriz sartzeko kuotarik ordaindu beharrik izango baja diziplina-zehapenagatik izan bada (kanporatu egin denean salbu) eta interesatuak mugaegunetik aurrera berriz sartzea eskatu badu, ezta bajaren arrazoia eginkizun publikoak, hautapen bidezkoak nahiz izendapen librekoak, egiteagatik sortutako bateraezintasuna edo debekua izan denean ere.

Bajaren arrazoia kuotak ez ordaintzea izan denean, berriz sartu ahal izateko ezinbestekoa izango da baja egin zen egunera arte zor zena eta interesak legezko tasan bi puntu gehituta ordaintzea. Berriz sartzeko eskaera bajak eragina sortu zuen egunetik urtebete igaro aurretik egin bada ere, denboraldi horri dagozkion kuotak ordaindu beharko dira. Bajak eragina sortu zuen egunetik urtebete igaro bada, berriz ordaintzeko zeuden kuotez eta interesez gain, berriz sartzeko kuota ordaindu beharko da.

LAUGARREN KAPITULUA
LANBIDEAN JARDUTEKO MODUAK

32. artikulua.– Jarduteko erregimenak.

Abokatutza honela gauzatu ahal izango da: banaka, norberaren kontura, bulego baten titular gisa; beste batzuekin elkarlanean, lan-harreman berezian edo erkidean; besteren kontura, enpresako abokatu gisa, lan-harreman erkidearen araubidean; jardun kolektiboan, zuzenbidean zilegi diren moduetatik edozeinetan elkartuta eta elkarlan multiprofesionalean; eta Legean eta bereziki Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean onartutako edozein modalitatetan.

33. artikulua.– Zerbitzu juridikoak linean edo Internet bidez.

Lineako edo Internet bidezko aholkularitza juridikoa ematea Estatutu hauetan eta Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean eta gainerako ordenamendu juridikoaren mende dagoen lanbidean jarduteko modu bat da.

34. artikulua.– Abokatua ordeztea eta laguntzea.

1.– Lankide bati agindutako gai baten zuzendaritza profesionala beste abokatu bati agintzen bazaio, azken horrek ordeztearen berri eman beharko dio lankideari, jaso izana agerrarazteko moduko moduren batean, bezeroaren enkargua jaso duela egiaztatuz.

Jakinarazpena enkargua onartu bezain laster egingo da, jarduketa oro hasi aurretik. Ordezkatutako abokatuak, ahalik eta lasterren, jakinarazpena jaso duela adierazi beharko du, eskatzailearen esku jarri beharko du berak duen gaiari buruzko dokumentazioa, eta beharrezko datu eta informazioak eman beharko dizkio.

Profesionalen arteko ordezkapena espediente judizial elektroniko baten esparruan egiten bada, Justizia Administrazioan informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera arautzen duen legearen eta lege hori garatzeko xedapenetan ezarritakoa beteko da.

Abokatu-zuzendaritza berria bere gain hartzen duenak bezeroari jakinarazi beharko dio, hala badagokio, aurrez zuzendaritza izan duen profesionalak ordainsariak kobratzeko eskubidea izango duela eta horiek nahitaez ordaindu beharko direla, baita desadostasunak badaude ere.

Ordezkapena gertatuz gero, jasotako informazioari eta dokumentazioari buruzko sekretu profesionala errespetatu eta gorde beharko da, lankideen arteko komunikazioen konfidentzialtasunari arreta berezia jarrita.

Ezarritako betebeharrak nahitaez bete behar dira auzi judizialetan eta estrajudizialetan, defentsan, aholkularitzan, kudeaketan eta aurrez beste lankide bati enkargatutako gaietan, baita bezeroak kargua utzi duela jakinarazten duenean ere.

2.– Doako laguntza juridikoko eta ofiziozko zerbitzuetako profesionalen izendapenek izaera pertsonala dute, eta, beraz, ezin izango dira ordeztu, 1/1996 Legearen 21 bis artikuluan edo Elkargoaren baimenean aurreikusitakoari kalterik egin gabe.

Abokatu-laguntzako izendapenek izaera pertsonala dute, eta, beraz, trukatu edo uko egiteko, Elkargoaren akordioak edo dagokion lege-araudia bete beharko dira.

3.– Aldian behin, abokatuari lankide batek lagun diezaioke edo ordeztu dezake beren esku-hartze profesionaletan, baita esku-hartze judizialetan, ikustaldietan, epaiketetan edo bestelako eginbide judizialetan ere. Ordezkapena egiteko nahikoa izango da ordezko abokatuak bere erantzukizunpean egindako adierazpena aurkeztea.

35. artikulua.– Sozietate profesionalak eta horien erregistroa.

1.– Abokatutzan jarduteko eratzen diren sozietate profesionalei aplikatuko zaizkie sozietate profesionalei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legea edo hura ordezten duen legeria, horiek garatzeko arauak, aplikagarri den araudi autonomikoa, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorra, Estatutu hauek eta hura garatzen duten arauak.

2.– Era berean, arau berberek eraenduko dituzte sozietate profesionalak, baldin eta jarduera profesional bat baino gehiago gauzatzea helburu badute, eta horietako bat abokatutza bada.

3.– Elkargoak sozietate profesionalen erregistro bat izango du, eta bertan honako hauek inskribatuko dira, Elkargoan sartu ahal izateko:

Helburu sozial bakarra abokatutza duten sozietate profesionalak, sozietate-egoitza Elkargoaren lurralde-eremuan dutenak.

Abokatutzan aritzen diren diziplina anitzeko sozietate profesionalak, sozietate-egoitza Elkargoaren lurralde-eremuan dutenak.

4.– Inskripzioan idatziz jasoko dira indarrean dagoen araudiak kasuan kasuko sozietate-formaren inskripziorako eskatzen dituen baldintzak eta, gutxienez, honako alderdi hauek:

Sozietatearen izena eta helbidea.

Eratze-eskritura publikoaren data eta identifikazio-aipamena eta notario baimen-emailea; egilesleen identifikazioa, bazkide profesionalak diren ala ez adierazita; eta sozietatearen iraupena, baldin eta denbora jakin baterako eratu bada.

Xede soziala eratzen duen jarduera profesionala.

Bazkide profesionalen eta ez-profesionalen identifikazioa eta, haiei dagokienez, elkargokide-zenbakia eta dagokien elkargo profesionala.

Administrazioaz eta ordezkaritzaz arduratzen diren pertsonen identifikazioa, bakoitza bazkide profesionala den ala ez adierazita.

5.– Bazkide eta administratzaileen aldaketa eta kontratu sozialaren aldaketa oro Sozietate Profesionalen Erregistroan inskribatu beharko da.

6.– Ordenamendu juridikoak abokatu jarduleen gainean ematen dizkion eskumen berberak egikarituko ditu Elkargoak inskribatutako sozietate profesionalen gainean, bereziki deontologia profesionalari eta zehatzeko ahala egikaritzeari dagokienez.

Sozietate Profesionalen Erregistroan inskribatuta ez badago ere, zuzenbidean onartutako beste edozein bideren bitartez egiaztatu ahal izango da sozietate profesionala existitzen dela, eta hark dagozkion Elkargoaren betebeharrak bete beharko ditu, bereziki deontologikoak.

7.– Egiten diren inskripzio guztiek sortuko dituzte Gobernu Batzarrak zerbitzuaren kostuaren arabera zehaztutako eskubideak.

8.– Sozietate profesionalek Estatutuetan edo geroago erabaki ahal izango dute elkargo-arbitrajearen mende jartzea bazkideen artean, bazkideen eta administratzaileen artean eta horietako edozeinen eta sozietatearen artean sortzen diren eztabaidak, baita funtzionamenduari, banantzeari, baztertzeari eta likidazio-kuota zehazteari buruzkoak ere.

BIGARREN TITULUA
LANBIDEAN JARDUTEKO ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

36. artikulua.– Betebehar orokorrak.

Abokatuen betebehar orokorrak dira:

Lege-, estatutu- eta deontologia-arauak betetzea, eta organo korporatiboen erabakiak betetzea.

Legez ezartzen diren esku-hartze profesionalak egitea, eskubide eta askatasunen defentsa bermatzeko eta abokatutzaren eginkizun soziala betetzeko.

Abokatu-defentsari eta doako laguntza juridikoari dagozkion nahitaezko zerbitzuak ematea, legeetan eta horiek garatzen dituzten arauetan eta Estatutu honetan aurreikusitako moduan eta kasuetan.

Beren eskubideak edozein jurisdikzio edo administrazioren aurrean egikaritu nahi dituztenei aholkularitza eta defentsa ematea, baldin eta ez badute abokaturik defentsarako edo aholkularitzarako; halakoetan, abokatuen ordainsariak ordaindu behar dira.

Eskatu zaion defentsa- edo aholkularitza-enkargua erabateko profesionaltasunez gauzatzea, modu zintzo, leial, egiazko eta arduratsuan.

37. artikulua.– Abokatuen betebeharrak eta eskubideak.

Abokatuek, lanbidean aritzen direnean eta bezeroei, lankideei, justizia-auzitegiei, gainerako botere publikoei, gainerako alderdiei eta edozein hirugarreni dagokienez, legeek, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrak, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak onartutako Kode Deontologikoak, Europako Abokatuen Kode Deontologikoak, Estatutu hauek, Elkargoaren Gobernu Batzarraren erabakiek eta Abokatutzaren Estatutu Profesionala arautzen duten arau guztiek ezartzen dituzten eskubideak eta betebeharrak izango dituzte.

38. artikulua.– Abokatuen eta elkargokideen eskubide eta betebehar korporatiboak.

1.– Abokatuen eta elkargokideen eskubideak dira, Elkargoari dagokionez:

Taldeak eratzen parte hartzea.

Batzordeak eta lantaldeak eratzen parte hartzea.

Elkargoak sustatzen dituen jardueretan parte hartzea.

Hasierako eta etengabeko lanbide-prestakuntza izatea.

Elkargoari babesa eskatzea bere eginkizuna betetzean artegatu, asaldatu edo presionatu egiten dutenean, ziurtatuz irizpide tekniko eta profesionalek soilik gidatuko dutela abokatua, bezeroaren defentsarik onena egin dezan, eta bezeroak defentsarako eta justizia egiteko duen konstituzio-eskubidea bermatuta gera dadin. Horrelakoetan Gobernu Batzarrari dagokio kasu bakoitzean emandako babesaren hedadura eta modua zehaztea, baita hura ukatzea ere.

Dekanoei, estatutuen arabera haien ordezkoak direnei edo dekanoak xede horretarako izendatutakoei eskatzea abokatuaren bulego profesionalean egin beharreko erregistroetan izatea, bai eta hartan esku hartutako dokumentu, euskarri informatiko edo artxiboak berrikusteko eginbideetan ere, sekretu profesionala zaintzen dela zainduz, eta, bereziki, erregistroa eta gainerako jarduketak erabakitzeko oinarria zen ez-zilegiaren ikerketara soilik mugatzen direla zainduz.

Elkargoko arazoetan parte hartzea, proposamenak eta iradokizunak eginez.

Elkargoko karguetara iristea, lege edo estatutuetako arauek ezartzen duten moduan.

Ohiko nahiz ezohiko batzar nagusietarako deialdia jasotzea eta eztabaida eta botazioetan parte hartzea.

Elkargoaren zerbitzu eta instalazioak erabiltzea eta gozatzea, erabilera eta funtzionamendua arautzen duten arauak errespetatuz.

Estatutu honetan jasotako gainerako eskubideak.

Dagokionean aplikatzekoa den goragoko mailako araudiaren edo erregulazioaren ondorio direnak.

2.– Abokatuen eta, hala badagokio, elkargokideen betebeharrak dira, Elkargoari dagokionez:

Bulegoa Gipuzkoako lurraldean irekita mantentzea Estatutu honetan aurreikusitakoaren arabera. Betebehar hori elkargokide jarduleei baino ez zaie eskatuko.

Jarduneko abokatu egoiliarren kasuan, beren bulego bakar edo nagusiaren, posta-helbidearen, telefono-zenbakiaren edo helbide elektronikoaren aldaketak jakinaraztea.

Egoiliarrak ez direnen eta elkargokide jarduleak ez direnen kasuan, posta-helbide, telefono-zenbaki eta helbide elektroniko profesionalen aldaketak jakinarazi beharko dira Elkargoan sartzeko eskaeran.

Elkargoarekiko harremanetarako, baliozkoa den helbide elektroniko bat jakinaraztea, oro har edo modu partikularrean erabiltzen duena ez bada; eta, edozein kasutan, eguneratuta mantentzea.

Bere eginkizunak betetzeko abokatuak behar duen askatasunaren, independentziaren edo duintasunaren aurkako atentatu oro Elkargoaren aurrean salatzea, batez ere sekretu profesionala urratzeko mehatxua edo arriskua baldin badago.

Elkargoaren aurrean salatzea lanbide-intrusismoa gertatzen denean eta lanbidea legez kontra egikaritzen denean, salatuak lanbidea bere osotasunean edo gai batean edo mota bateko gaietan egikaritzeko suspentsioa, inhabilitazioa, ezgaitasuna, bateraezintasuna edo debekua duelako; baita lanbidea irregularki egikaritzen denean ere, lehiaren babesari, lehia desleialari edo antzeko edukiei buruzko legeriaren aurkako egintzak burutuz.

Ohiko eta ezohiko kuotak eta Elkargoak ezarritako gainerako kargak, edozein eratakoak izanda ere, Gobernu Batzarrak edo Batzar Nagusiak horretarako ezarritako moduan eta epeetan ordaintzea. Karga korporatiboak izango dira Elkargoak, Legelarien Euskal Kontseiluak edo Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak ezarritako guztiak.

Bere lanbide-jardueraren ondorioz izan dezakeen erantzukizun zibila estaltzeko aseguru bat kontratatzea, Estatutu honetan aurreikusitako terminoetan.

Estatutu-arauak edo Elkargoko organoek beren eskumenen esparruan hartzen dituzten erabakiak (beren eginkizunen egikaritze normala oztopatzen edo eragozten dutenak) betetzea.

39. artikulua.– Ordainsari profesionalak kobratzeko eskubidea.

Abokatuak kontraprestazio bat jasotzeko eskubidea du bere zerbitzuengatik, bai eta eragindako gastuak itzultzekoa ere.

Ordainsarien zenbatekoa eta ordaintzeko modua (finkoa, aldizkakoa edo ordukakoa, edo beste edozein) askatasunez hitzartuko dute bezeroak eta abokatuak, arau deontologikoak eta lehiaren defentsari eta lehia desleialari buruzko arauak errespetatuz.

Bere jarduketa hasi aurretik, abokatuak bere jardunaren ordainsari eta kostuei buruzko informazioa emango dio bezeroari, enkargu-orria edo antzeko beste baliabide bat aurkeztuz. Bertan, honako alderdi hauek jasoko ditu gutxienez: enkarguaren xedea; berariaz sartzen diren jardun zehatzak; kontraprestazioa; ordejarritako gastuetarako edo abokatuaren lan-prezioan sartzen ez diren beste inguruabar batzuetarako eskatzen diren kantitateak; kantitateak ordaintzeko uneak; enkargua aldez aurretik amaitzearen ondorioak, uko egiteagatik, amore emateagatik, haren xedea galtzeagatik eta beste arrazoi batzuengatik; eta jakinarazitakoak aldaketak izan ditzakeela dioen ohartarazpena, horrek enkarguaren garapenean eragin dezakeelako (abokatuak aldaketa horren berri eman beharko dio bezeroari), enkargu-orria edo antzeko beste baliabide bat aurkeztuz.

Elkargoak ezin izango du ezarri ordainsari profesionalei buruzko baremorik, tarifarik edo bestelako orientaziorik, gomendiorik, gidalerrorik edo araurik.

Elkargoak ez du kontsultarik onartuko, ez enkargu profesionalaren aurrekorik ez ondorengorik, ordainsari jakin batzuk gehiegizkoak edo egokiak iruditzen zaizkion adierazteko.

Elkargoak ez du izango hurrengo paragrafoetan aurreikusitakoaz bestelako esku-hartzerik bezeroak abokatuari zor dizkion ordainsariak zehazteko:

Elkargoak txostena eman beharko du, soilik errekerimendu judiziala egiten zaionean, bai ofizioz bai alderdi batek eskatuta, ordainsari profesionalak eztabaidatzen diren prozesuetan, txostenak eta peritu-irizpenak emateko legez gaitutako korporazioa den aldetik eta prozesu-legeek ezarritako terminoetan.

Ordainsari profesionalen inguruan egon daitezkeen desadostasunak judizioz kanpo ebazteko, Elkargoak bitartekaritza- edo arbitraje-prozeduren bidez esku hartu ahal izango du; prozedura horiek lotesleak izango dira alderdientzat, itundutako terminoetan.

40. artikulua.– Kostuak tasatzeko eta kontuei zin egiteko irizpide orientatzaileak.

Elkargoak ordainsariei buruzko irizpide orientagarriak prestatu edo proposatu ahal izango dizkio Legelarien Euskal Kontseiluari, kostuak tasatzeko eta abokatuen kontuei zin egiteko soil-soilik. Irizpide horiek baliozkoak izango dira, halaber, doako laguntza juridikoko kostuen tasazioari dagozkion ordainsariak kalkulatzeko.

Elkargoak, errekerimendu judiziala egiten zaionean, txosten orientagarria emango du kostuak tasatzeko eta kontuei zin egiteko prozeduretan, prozesu-legeek ezarritako terminoetan.

HIRUGARREN TITULUA
ELKARGOAREN ANTOLAKETA

41. artikulua.– Elkargoaren gobernua gidatzen duten printzipioak.

1.– Honako printzipio hauek eraenduko dute Elkargoaren gobernua: demokraziak, autonomiak, gardentasunak, parte-hartzeak, adierazpen-askatasunak eta kide direnen berdintasunak.

2.– Elkargoaren antolaketari eta funtzionamenduari dagokienez, Legeak, Estatutu hauek, Abokatutzaren Estatutu Orokorrek eta gainerako ordenamendu juridiko aplikagarriak eraentzen dituzte Elkargoaren organoak.

42. artikulua.– Gardentasuna.

1.– Elkargoa gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 19/2013 Legearen edo horren ordez ematen den legeriaren mende dago, zuzenbide publikoko korporazioa den aldetik, administrazio-zuzenbidearen mendeko jarduerei dagokienez.

2.– Gobernu Batzarra izango da Legean ezarritako publizitate aktiboko betebeharrak betetzeaz eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzen dela bermatzeaz arduratuko den organoa, legean ezarritako terminoetan.

43. artikulua.– Organoak.

1.– Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko nahitaezko organoak dira:

a) Batzar Nagusia.

b) Gobernu Batzarra.

c) Dekanoa.

Dekanoak jaun edo andere txit prestuaren tratamendua izango du. Dekanoaren ohorezko izendapena biziartekoa izango da.

2.– Gobernu Batzarrak bere eginkizunak hobeto betetzeko egokitzat jotzen dituen batzorde iraunkorrak edo aldi baterakoak eta lantaldeak sortu eta/edo onartu ahal izango ditu.

LEHEN KAPITULUA
BATZAR NAGUSIA

44. artikulua.– Definizioa eta eskumena.

1.– Batzar Nagusia elkargoaren borondaterako organo gorena da bere eskumenekoak diren gaietan, betiere Estatutu honetako xedapenekin bat etorriz eta legez ezarritako mugekin.

Batzar nagusiak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

Elkargokide guztiek hitz egiteko eta botoa emateko aukera izango dute batzar nagusietan, baldin eta Elkargoarekiko betebeharrak egunean badituzte eta lanbidean aritzeko etendurako diziplina-zehapenik betetzen ari ez badira.

Elkargokide jarduleen botoak jarduleak ez direnen balio bikoitza izango du.

2.– Batzar Nagusiari bakarrik dagozkio honako eginkizun hauek:

a) Elkargoaren Estatutua onartu eta berau aldatu edo berritu dadila onartzea.

b) Ekitaldi bakoitzeko aurrekontuak eta urteko kontuak eztabaidatu eta, hala badagokio, onartzea.

c) Gobernu Batzarra edo bere kideetako edozein gaitzetsi edo zentsuratzeari buruz eztabaidatu eta, hala badagokio, erabakitzea.

d) Aparteko kuoten ezarpena onartzea.

e) Elkargoaren ondarearen inbertsioa edo erabilera onartzea, ondasun higiezinak direnean.

f) Gobernu Batzarrak proposatzen dituen barne-araudiari buruzko erregelamenduak onartzea.

g) Elkargoa desegin eta likidatzea, Legeak zuzenean ezartzen duen egoeretan izan ezik.

h) Gobernu Batzarrak agindutako gaiak.

i) Legeek, erregelamenduek edo Estatutu honek esleitzen dizkion gainerako gaitasunak.

45. artikulua.– Ohiko batzar nagusiak.

1.– Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak ohiko bi batzar nagusi egingo ditu urtero, lehen seihilekoan bata eta azken hiruhilekoan bestea.

2.– Urte bakoitzeko lehen seihilekoan egin beharreko ohiko batzar nagusiak gai-zerrenda hau izango du:

1.– Aurreko urtean zehar Elkargoarekin eta lanbidearekin lotuta izan diren gertakaririk garrantzitsuenak aipatuko ditu dekanoak.

2.– Aurreko ekitaldiko gastuen eta sarreren kontu orokorra aztertzea eta bozkatzea.

3.– Gai-zerrendan ageri diren gaien irakurketa, eztabaida eta bozketa.

4.– Galde-eskariak.

3.– Urte bakoitzeko azken hiruhilekoan egin beharreko ohiko batzarrak gai-zerrenda hau izango du:

1.– Gobernu Batzarrak prestatu duen aurrekontua aztertzea eta bozkatzea.

2.– Deialdian ageri diren gaien irakurketa, eztabaida eta bozketa.

3.– Galde-eskariak.

46. artikulua.– Ezohiko batzar nagusia.

1.– Ezohiko batzar nagusietan, Batzar Nagusiaren eskumeneko edozein gai jorratu ahal izango da. Dekanoaren edo Gobernu Batzarraren ekimenez egingo dira, edo elkargokideek idatziz eta modu arrazoituan eskatuta, betiere eskatzaileen kopurua, gutxienez, elkargokide guztien ehuneko hogeikoa bada, edo jarduleen ehuneko hamarrekoa bada.

2.– Ezohiko batzar nagusien gai-zerrendan ezin izango da sartu edo eztabaidatu deialdietan adierazten ez den beste gairik.

47. artikulua.– Prozedura.

1.– Batzar nagusirako deia gutxienez hamabost egun baliodun lehenago egin beharko da, eta epe hori zortzi egunetara murriztu ahal izango da dekanoaren edo Gobernu Batzarraren ustez presazko edo premiazko arrazoiak daudenean.

Deialdia elkargokide guztiei jakinaraziko zaie, eta Elkargoaren iragarki-oholean eta jauregi judizialetako toga-aretoetan argitaratuko da, baita Elkargoaren atari elektronikoan ere, eta elkargokide guztiei jakinaraziko zaie, bitarteko telematikoen bidez. Batzarrerako deian, gai-zerrenda, lekua eta data adieraziko dira, eta, behar izanez gero, behar diren dokumentuak edo horien aterakin edo laburpenak ere erantsiko dira.

2.– Gai-zerrenda dekanoak finkatuko du, Gobernu Batzarrari entzun ondoren.

Elkargokideek, idazki arrazoitu bidez eta gutxienez berrogeita hamar kidek sinatuta, ohiko batzar nagusietako gai-zerrendan aztertu beharreko gaiekin lotutako proposamenak edo batzar nagusiari esleitutako beste edozein gai sartzea proposatu ahal izango dute, batzar-eguna bitarteko epearen lehen erdian. Proposamenak eta/edo gai berriak horiek proposatzen dituztenen bozeramaile batek defendatuko ditu, eta, horren ondoren, Gobernu Batzarraren iritzia emango du kideetako batek. Nolanahi ere, proposamenak Elkargoaren erroldara helaraziko dira ICAGIk une oro erabiltzen dituen ohiko komunikabideen bidez, ahal izanez gero, bide elektroniko edo telematikoen bidez.

3.– Batzar nagusirako deiak bertan jorratu beharreko gai guztiak adieraziko ditu, baita bilera-lekua eta lehen deialdiko data, eta, behar izanez gero, bigarren deialdiko bilerarena ere, bi deialdien artean gutxienez hogeita hamar minutuko tartea utzita. Gai-zerrendarekin zerikusia duten dokumentuak Elkargoaren egoitzan aztertzeko eskubidea ere adieraziko da, Gobernu Batzarrak ezarritako moduan.

4.– Lehen deialdian, elkargokideen erdiak gehi bat bildu beharko dira batzarra balio osoz eratzeko. Bigarren deialdian ez da quorum berezirik beharko batzarra balio osoz eratzeko.

5.– Dekanoa izango da ohiko nahiz ezohiko batzar nagusiko lehendakaria. Beraz, dekanoak zuzenduko du batzarra, hitz egiteko txanda emanez eta deliberazioen erabilera egokia bermatuz; gainera, gai bat behar adina eztabaidatuta noiz dagoen erabakiko du, bozketa egiteko.

6.– Gobernu Batzarreko idazkariak egiten diren bilkuren akta jasoko du, eta akta hori Batzarrak berak onartu ahal izango du bilera egin eta berehala, edo, hala izan ezean, dekanoak eta batzar nagusian bertan bildutako elkargokideen artetik hautatutako hiru ordezkarik, batzarraren ondorengo hamar egun balioduneko epean.

48. artikulua.– Boto-eskubidea.

1.– Batzar nagusirako deialdia egin aurretik elkargoko kide izan diren guztiek hitz egiteko eta botoa emateko aukera izango dute ohiko eta ezohiko batzar nagusietan.

2.– Elkargokide jarduleen botoak jarduleak ez direnen balio bikoitza izango du.

Bozketetan parte hartzeko, hauteskundeetakoak barne, egunera egon behar da kuoten ordainketan.

3.– Elkargokideek beren botoa delegatu ahal izango dute beste elkargokide batzuengan, baina ezingo da, norberarenaz gainera, beste hiru elkargokide baino gehiagoren botoa baliatu, Estatutu honetan xedatutakoez bestelako salbuespenik gabe.

Botoaren delegazioa bileraren hasieran frogatu beharko da elkargokide delegatzaileak sinatutako idazki bidez, eta idazki horretan, elkargokide delegatzailearen eta delegatuaren identifikazio-datuak eta delegazioa zein deialdi zehatzi dagokion adierazi beharko dira. Sinadura NANaren kopiaren bitartez, edo, ahal izanez gero, Idazkaritzan dauden datuen bidez egiaztatu ondoren, dekanoak edo bere ordez bileraren buru den pertsonak, boto delegatua onartu, edota, bestela, ukatu ahal izango du, adierazitako baldintzak betetzen ez direlako; eta hori aktan jaso beharko da.

Ordezkatutako pertsona batzarrera joaten bada, delegazioa ezeztatu egin dela ulertuko da beti.

49. artikulua.– Erabakiak hartzea eta eraginkortasuna.

1.– Arau orokor modura, bozketak eskua altxatuz egingo dira.

Arau hori salbuetsi eta bozketa sekretua izango da honako kasu hauetan: a) 50. artikuluan zehaztutako kasuetan; b) bildutakoen ehuneko hamabostak hala eskatzen duenean; c) bozketak pertsonen ohore edo irudi onari zuzenean eragin diezaiokeenean.

2.– Gehiengoak kontatzeko orduan, gehiengo osotzat joko da emandako boto guztien erdia gehi bat, eta horretarako kontuan izango dira abstentzioak ere, eta, boto sekretua denean, baita zuriak eta baliogabekoak ere.

Gehiengo soilez onartutzat edo ez onartutzat joko da bozketan boto gehien lortzen duen gaia, abstentzioak eta, kasua balitz, boto zuriak eta baliogabeak kontuan izan gabe.

Kontaketaren ondorio guztietarako, 48.2 artikuluan xedatutakoa izango da kontuan.

3.– Ezingo da inolako quorum kualifikaturik galdatu batzar nagusiaren eraketa edo bozketak baliozkoak eta eraginkorrak izateko, salbuespen bakarrak Estatutu honetan ezarritakoak izanik.

Era berean, erabakiak hartzeko sistema arrunta gehiengo soilezkoa izango da, Estatutu honetan ezarritako salbuespenekin bakarrik.

Dekanoak, edo bere ordez bilerako buru denak, ukatu egingo du idatz-zati honetan ezarritakoaren aurkako eskaera oro, batzarkide guztiak eskaerarekin ados egon arren.

4.– Erabakiak nahitaez bete beharko dituzte elkargokide guztiek eta Gobernu Batzarrak.

Hala ere, Gobernu Batzarrak modu arrazoituan erabaki ahal izango du betearazpena etetea, legea betetzeko arrazoiengatik bakarrik, baldin eta legeen edo Estatutuen aurkakoak direla uste badu; eta auzia Legelarien Euskal Kontseilura igorriko du, hark ebazpena eman dezan.

50. artikulua.– Gobernu Batzarra edo bere kideetakoren bat zentsuratzeko batzar nagusia.

1.– Gobernu Batzarraren edo bertako kideren baten aurkako zentsura-botoa horretarako deitutako ezohiko batzar nagusiari dagokio beti.

2.– Ezohiko batzar nagusirako deialdi-eskaera elkargokide jarduleen ehuneko hogeik sinatu behar du gutxienez; sinatzaileek elkargoan gutxienez hiru hilabete lehenago sartuta egon behar dute; eta eskaerak argi eta garbi adierazi behar ditu zer oinarri dituen.

3.– Zentsurak aurrera egiteko, beharrezkoa izango da:

a) Boto-eskubidea duten elkargokide guztien erdiak gehi batek bozketan parte hartzea. Botoa isilpean, zuzenean eta norberak emango du nahitaez, eta beraz, kasu honetan ezingo da botoa eskuordetu.

b) Zentsurak kontatutako botoen gehiengo osoa lortzea, 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Zentsura-mozioa aurrera aterako balitz, eragindakoek orduantxe bertan utziko diote beren eginkizunak betetzeari.

Onartutako zentsura Gobernu Batzar osoaren aurkakoa izango balitz, Legelarien Euskal Kontseiluak batzorde kudeatzaile bat sortzea erabakiko du, kideak izendatuz; horrek Gobernu Batzarrari dagozkion eginkizunak beteko ditu eta hauteskundeetarako deia egingo du, gehienez ere hilabeteko epean.

5.– Zentsura-mozioa onartzen ez bada, edo ezohiko batzar nagusia balioz eratzen ez bada, ezarritako quoruma bertaratu ez delako, ezin izango da beste moziorik aurkeztu aurrekoa aurkeztu denetik urtebete igaro arte.

BIGARREN KAPITULUA
GOBERNU BATZARRA
LEHENENGO ATALA
BATZARRA KIDE ANITZEKO ORGANO GISA

51. artikulua.– Gobernu Batzarraren izaera, osaera eta funtzioak.

1.– Gobernu Batzarra da Elkargoa gidatu eta administratu ohi duen organoa, Batzar Nagusiari dagozkion ahalmenei kalterik egin gabe.

2.– Gobernu Batzarra honako hauek osatuko dute: dekanoak, idazkariak, diruzainak eta 13 diputatuk, edo Gobernu Batzarrak proposatuta Batzar Nagusiak ezarritakoak, zenbaki ordinalen bidez zerrendatuta; 1. zenbakia duen pertsonak izango du dekanordearen kargua.

3.– Gobernu Batzarraren eginkizunak dira:

a) Korporazioaren eta elkargokideen interesetarako komenigarritzat jotzen diren jarduera guztiak egin daitezela adostea.

b) Oro har, Elkargoa zuzendu eta administratzea.

c) Barne-araubideari, araubideari eta diziplinari buruzko erregelamenduak egitea, eta horiek Batzar Nagusiari proposatzea, beharrezkotzat edo egokitzat jotzen denean, onartutzat eman ditzan.

d) Doako laguntza juridikoa arautzea, hura arautzen duten lege eta erregelamenduen esparruan.

e) Elkargoan abokatu jardule edo elkargokide ez-jardule gisa sartzeko eskaera egiten dutenak kide egiteko erabakia hartzea, eta Europar Batasunekoak edo Europako Esparru Ekonomikokoak diren abokatuei izena emateko eta Elkargoan sartzeko eskaerei erantzutea. Presako kasuetan ahalmen hori dekanoak egikaritu ahal izango du, eta Gobernu Batzarrari aurkeztuko zaio berresteko.

f) Abokatuei babesa ematea beren independentzia eta askatasuna, abokatutzari zor zaion begirunea, sekretu profesionalaren zaintza eta defentsa-eskubidearen eta -eginbeharraren babesa edozein arrazoiren ondorioz mugatuta edo nahasita daudenean. Horretarako, beharrezkoak diren neurri guztiak hartu beharko dira, Justizia Administrazioaren funtzionamendu zuzena edo lanbidean jarduteko askatasuna eta independentzia oztopatzen dituztenen aurkako akzioak baliatzekoa barne.

g) Elkargoko kideek eta hirugarrenek planteatzen dizkioten kexak aztertzea.

h) Abokatuek justizia-auzitegiekin eta lankide eta bezeroekin jokabide ona izan dezaten zaintzea, eta beren eginkizunak betetzen ari direnean behar den prestasun eta gaitasun profesionala erakusten dutela begiratzea.

i) Arau deontologikoak errespetatu eta bete, ezagutzera eman, ezagutu eta irakatsi daitezen bermatzea eta sustatzea.

j) Intrusismoaren eta lanbidea modu irregularrean egikaritzearen aurka hartu beharreko neurriak hartzea, bidezkoak liratekeen akzioak egikarituz.

k) Elkargoaren bitartez, ahal den neurrian bateratzea eta sustatzea Elkargoko kideen erantzukizun profesionalaren aseguramendua.

l) Elkargokideen eta beste edozein abokaturen gainean diziplina-ahala eta zehatzeko ahala egikaritzea Gipuzkoan gauzatutako jarduketa profesionalekin lotuta, honako hauetan ezarritako terminoetan: Euskal Autonomia Erkidegoko tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Legean, autonomia-erkidegoko araudian, Abokatutzaren Estatutu Orokorrean, Europako Abokatutzaren Kontseiluaren Kode Deontologikoan, Estatutu hauetan, Elkargoaren Diziplina Prozeduraren Erregelamenduan edo hura ordezten duenean, eta gainerako araudi aplikagarrian.

m) Gobernu Batzarraren hauteskundeetarako deia egitea eta, hala badagokio, Elkargoari interesatzen zaizkion gaiak elkargokide guztien kontsulta loteslera jartzea.

n) Elkargoan sartzeko kuota eta elkargokideek ordaindu beharreko kuota arruntak onartzea, Elkargoaren kargei eta zerbitzuei eusteko, eta hala dagokionean, horiek ezabatzea erabakitzea. Batzar Nagusiari aparteko kuotak proposatzea, onar ditzan. Kuotak biltzea.

o) Aurrekontuen proiektua onartzea eta Batzar Nagusiari kontuak ematea.

p) Elkargoaren aurrekontua eta ondarea kudeatu eta administratzea, Batzar Nagusiaren ahalmenei kalterik egin gabe.

q) Ikastaroak, mintegiak eta hitzaldiak antolatzea, eta, oro har, etengabeko prestakuntza sustatu eta laguntzen dituzten jarduerak antolatzea.

r) Perituaren kontsultak, txostenak eta irizpenak ematea, arbitrajeak administratzea eta arbitraje-laudoak ematea. Auzitegiek hala eskatzen dutenean, ordainsariei buruzko peritu-txostenak eta -irizpenak ematea.

s) Elkargo-zerbitzuak zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

t) Elkargoko langileak, zerbitzukoak eta Elkargoko batzordeei erantzuteko behar diren kolaboratzaileak kontratatzea.

u) Delegazioak, atalak, batzordeak edo azterketa-taldeak sortzea eginkizunak betetzeko edo Elkargoko kideen edo Elkargoaren eginkizunak betetzeko edo intereseko jarduerak abian jartzeko, edo abokatutza defendatzeko eta sustatzeko, eta haien funtzionamendua arautzea eta, hala badagokio, eskuordetzen dituen ahalmenak finkatzea.

v) Sozietateak, elkarteak edo fundazioak eratzea Elkargoaren xedeak hobeto lortzeko.

w) Praktika Juridikoko Eskolaren egitura organikoa, funtzionamendua, zuzendaritza, araubide juridikoa eta ekonomikoa arautzea.

x) Arbitraje-auzitegiaren egitura organikoa, funtzionamendua, zuzendaritza, araubide juridikoa eta ekonomikoa arautzea.

y) Kexak eta erreklamazioak aurkezteko zerbitzua arautzea.

z) Batzar Nagusiari gaiak aurkeztea.

Aa) Boto telematikoaren prozedura arautzea.

Bb) Urtero, lankideen aisialdia eta senidetasuna sustatzen laguntzeko topaketak edo ekitaldiak antolatzea.

Cc) Oro har, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak, Estatutu hauek eta Abokatutzaren Estatutu Orokorrak esleitzen dizkion guztiak, abokatuen lanbidea hobeto antolatu eta abokatuen interesak defendatzeko komenigarriak direnak, edota Estatutu honek beste organo bati esleitzen ez dizkion gainerakoak.

52. artikulua.– Eginkizunak eskuordetzea.

1.– Gobernu Batzarrak honako ahalmen hauek eskuordetzea erabaki ahal izango du:

a) Dekanoarengan, 51. artikuluko e) idatz-zatian ezarritakoa.

b) Gobernu Batzarreko kide batengan edo 63. artikuluaren arabera eratutako batzordearengan, 51. artikuluko o), p), q), r), s) eta ab) idatz-zatietan aurreikusitako ahalmenak. Bestalde, 51. artikuluan aipatzen diren gainerako ahalmenak ezin izango dira eskuordetu, baina Gobernu Batzarrak beharrezkotzat jotzen dituen txosten edo laguntza teknikoak eskatu ahal izango ditu.

2.– Eskuordetze bidez hartzen diren erabakiek berariaz adieraziko dute egoera hori, eta Gobernu Batzarrak hartutako erabakitzat joko dira. Eskuordetutako ahalmenak ezin izango dira berriz eskuordetu.

Eskuordetzea edozein unetan ezeztatu ahal izango du Gobernu Batzarrak.

53. artikulua.– Osaera eta agintaldia.

1.– Gobernu Batzarrak hogei kide izango ditu gehienez, eta hamar gutxienez.

Gobernu Batzarreko kide bakarreko organoak dira dekanoa, dekanordea, idazkaria eta finantzetako karguak.

Gobernu Batzarreko gainerako kideak bokalak izango dira, eta diputatuen izendapena izango dute. Elkargoko erabileren arabera, lehentasun-ordenari jarraituz zenbakituko dira.

Gobernu Batzarrak, bere kideen artetik, diputatu bat izendatuko du prestakuntza eta tradizioz liburuzainari esleitu ohi zaizkion eginkizunak antolatu eta gidatzeko ardurak beregana ditzan. Horrela izendatutako diputatuak Estatutu honetako 61. artikuluan eskatutako eginkizunak beteko ditu.

2.– Gobernu Batzarreko kideen agintaldia bost urtekoa izango da.

3.– Gobernu Batzarrak bi urte eta erdiro berrituko ditu bere kideen erdiak. Agintaldian zehar hutsik geratzen diren karguen eraginez ez da hauteskunde-prozesurik abiaraziko, baldin eta hutsik gelditzen diren karguak guztira kideen erdiak gehi bat ez badira; dekanoaren kasuan, berriz, ez da hauteskunde-prozesurik abiaraziko, kargua agintaldia amaitzeko bi urte baino gehiago geratzen direla hutsik geratzen ez bada. Kasu horietan, hautatuen agintaldiak iraupen hau izango du: ordezkoen edo kargua utzi dutenen bost urteko epetik geratzen dena, eta epe hori amaitzen denean, haien karguak hauteskunde bidez esleituko dira.

4.– Gobernu Batzarreko kideek honako arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Heriotza.

b) Uko egitea.

c) Hautua egiteko estatutuek ezarritako betekizunak eta gaitasun-betekizunak hasieran ez izatea, ezaguna izan gabe, edo gerora galtzea. Hori dekanoak aitortu beharko du, Gobernu Batzarrak txosten loteslea egin ondoren, eta interesdunak ez du horretan parte hartuko, baina entzun egingo zaio erabakia hartu aurretik.

d) Hautuak edo izendatuak izan zireneko epe-muga edo epea amaitzea.

e) Gobernu Batzarraren ondoz ondoko hiru bileretara edo txandakako bostetara ez joatea urtebeteko epean, justifikatu gabe, Gobernu Batzarrak berak hala erabaki ondoren.

f) Zentsura-mozio bat onartzea.

54. artikulua.– Hautagarritasuna.

1.– Gobernu Batzarreko kide (dekano gisa edo beste kide baten gisa) izateko hautatuak izan daitezke, honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Hauteskundeetarako deia egiten den egunean Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan elkargokide jardulea eta egoiliarra izatea.

b) Gobernu Batzarreko karguak betetzeko zehapen irmoz desgaituta ez egotea.

c) Elkargoak edo beste edozein abokatuk diziplina-zehapenik ezarri ez izana, zehapenak dirauen bitartean edo birgaituak izan diren bitartean.

d) Epai irmo bidez kondenatuta ez egotea eta, beraz, kargu publikoetarako desgaituta edo etenda ez egotea, egoera horrek dirauen bitartean.

e) Beste abokatuen elkargo bateko Gobernu Batzarreko kide ez izatea.

f) Europako, nazioko, autonomia-erkidegoko, probintziako edo tokiko organo betearazleetan edozein kargu politiko izatea.

g) Hautagaiak aurkezteko epea ixten den egunean Elkargoaren ohiko eta ezohiko kuotak ordainduta izatea, eta, hala badagokio, diziplina-erantzukizunagatik ezarri ahal izan zaizkien zehapen ekonomiko irmoak ordainduta izatea, betiere horien betearazpena eteten ez bada.

2.– Dekano edo dekanorde hautatua izateko, gutxienez hamar urte egin beharko ditu elkargokide jardule gisa Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan.

Idazkari hautatua izateko, gutxienez bost urte egin beharko ditu elkargokide jardule gisa Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan.

Gainerako diputatuen kasuan, gutxienez bi urte egin beharko dituzte elkargokide jardule gisa Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan.

3.– Antzinatasun-urteek hautagai izendatu diren egunaren aurreko urteak izan behar dute.

4.– Gobernu Batzarreko kargu guztiak berriz hautatu ahal izango dira kargu bererako edo beste kargu baterako, agintaldi kopurua dena dela.

55. artikulua.– Gobernu Batzarreko kideen betebeharrak.

1.– Gobernu Batzarreko kideek behar den ardura eta dedikazioarekin bete behar dituzte beren eginkizunak, Elkargoari eta beren lanbidea egikaritzeari dagozkion legeen, erregelamenduen, Estatutu honen eta gainerako arauen esparruan.

2.– Gobernu Batzarreko kideek isilpean gorde behar dituzte beren eztabaidak eta ezin dute Elkargoko informazio erreserbatua edo beren kargua betetzeagatik bakarrik ezagutzen dutena beren helburu pribatuetarako erabili.

Betebehar eta debeku horiek aplikatuko zaizkie, halaber, Gobernu Batzarrak deituta egindako bileretan izan direnei.

3.– Gobernu Batzarreko kide bat gai jakinen batean alderdi interesduna bada, gai horri buruzko eztabaida eta bozketatik kanpo geratuko da, eta aktan jasota geratuko da bertan izan ez dela edo bilera-aretotik kanpo irten dela, edo abstenitu egin dela. Abstenitzeko arrazoiak izango dira Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean adierazten direnak, baita interes-gatazkak sortzen dituen beste edozein ere.

56. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Gobernu Batzarra gutxienez hilean behin bilduko da ohiko bileran, abuztuan izan ezik. Bestalde, ezohiko bileran bilduko dira dekanoak hala erabakitzen duenean edo gutxienez bere kideetako ehuneko hogeiak hala eskatzen duenean, eta deialdiaren xedea adierazi beharko da eskaeran.

Oro har, bilerak aurrez aurre egingo dira, baina, dekanoak hala erabakitzen duenean, bideokonferentzia bidez edo kideen presentzia fisikoa ez dakarren beste edozein sistemaren bidez bildu ahal izango dira. Kasu horietan beharrezkoa izango da, besteak beste, bilerara bertaratuko diren kideak identifikatzea, komunikazioari jarraitutasuna ematea, eztabaidetan parte hartzeko aukera ematea eta botoa emateko aukera izatea.

2.– Bileretarako deia idatziz egingo da, eta jasota geratuko den edozein bideren bitartez jakinaraziko da. Gutxienez bi egun lehenago egingo da, dekanoaren iritziz presazkoa denean izan ezik.

Eta gai-zerrenda, eta bilera-lekua eta -eguna adieraziko dira bertan.

Gai-zerrendatik kanpora ezingo da beste gairik jorratu, dekanoak hala erabakitzen edo onartzen duen kasuetan izan ezik.

3.– Bilera lehen deialdian balio osoz eratu ahal izateko, Gobernu Batzarreko eskubide osoko kideen gehiengo osoa beharko da gutxienez, betiere dekanoa bertan badago edo, dekanoak hala eskuordetuta, dekanordea bertan badago. Kontaketa hori egiteko, 53. artikuluan jasotako edozein arrazoirengatik Gobernu Batzarrean postu hutsak egongo balira, postu huts horiek ez dira kontuan hartuko.

Bigarren deialdian, berriz, Batzarreko kideen heren batek bildu beharko du gutxienez; dekanoak edo dekanordeak ere bertan izan beharko du, eta ordu-erdiko tartea utzi beharko da lehen deialdiaren eta bigarrenaren artean.

Hala ere, Gobernu Batzarra baliozkotasunez eratuta geratuko da, aurrez deialdia ez egin arren, kide guztiak bilduta badaude eta horiek aho batez hala erabakitzen badute.

4.– Batzarrerako deia eragin duten arrazoiak presa larrikoak direnean, alde batera utziko dira gai-zerrenda eta arestian ezarritako deialdia aldez aurretik ezagutzeko baldintza, eta nahikoa izango da Gobernu Batzarreko kideei edozein baliabideren bitartez jakinaraztea deialdiaren arrazoia zein den eta bilkura non eta zer ordutan egingo den.

5.– Erabakiak onespenez edo botoen gehiengo soilez hartuko dira. Gobernu Batzarreko kide batek eskatuta, eta dekanoak bidezkotzat jotzen badu, bozketa idatziz eta isilpean egin ahal izango da. Berdinketa gertatuz gero, dekanoak boto erabakitzailea izango du.

6.– Hartutako erabakien akta idazkariak jasoko du eta bileraren bukaeran edo hurrengoaren hasieran onartuko da. Akta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera idatziko da.

BIGARREN ATALA
DEKANOA

57. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Dekanoa da Elkargoko kide bakarreko organo gorena, Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera aukeratua.

2.– Dekanoari dagokio:

a) Elkargoaren ordezkaritza instituzional ofiziala izatea botere publikoekiko, erakundeekiko, korporazioekiko eta pertsona ezagunekiko harreman guztietan, eta ordezkaritza hori egintza zehatzetarako eskuordetzea.

b) Elkargoaren jarduera zuzendu eta koordinatzea, eta, bereziki, Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzarraren erabakiak betetzen direla zaintzea.

c) Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzarraren bilkurak deitzea, gai-zerrenda onartzea, bilkuretako buru izatea eta horiek zuzendu eta amaitutzat ematea. Lan-saioetara joaten direnean sortzen dituen talde, batzorde, atal edo lantalde guztien buru izatea, eta berdinketa gertatuz gero, kalitatezko botoa erabiltzea.

d) Elkargokideen artean leialtasun- eta adiskidetasun-harremanak mantentzen direla zaintzea, hala badagokio, konponbideak arbitratuz.

e) Hala eskatzen zaionean, langile guztiei aholkularitza eta babesa ematea.

f) Elkargokide berrien sarrera erabakitzea, premiazko kasuetan.

g) Elkargoaren ordezkari izatea edozein negozio edo egintza juridiko egiterakoan. Dena den, ezingo du Elkargoaren izenean kontraturik izenpetu eta bere gain obligaziorik hartu Gobernu Batzarraren aurretiazko erabakirik gabe.

h) Gastuak egiteko baimena ematea eta ordainketak agintzea.

i) Gobernu Batzarreko idazkariak egin eta igortzen dituen aktak eta ziurtagiriak aztertzea.

j) Legeek, erregelamenduek eta Estatutu honek ematen dituen gainerako guztiak eta, oro har, aurrekoak ahalik eta hobekien betetzeko behar diren guztiak.

k) Dekanoari emandako ahalmenak indarrean dagoen legerian eta Estatutu hauetan ezarritako terminoetan eta mugekin eskuordetu ahal izango dira.

HIRUGARREN ATALA
GOBERNU-BATZARREKO KIDE BAKARREKO BESTE ORGANO BATZUK

58. artikulua.– Dekanordea.

1.– Dekanordeak dekanoak eskuordetzen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu. Era berean, bere gain hartuko ditu dekanoaren eginkizunak, haren postua edozein arrazoirengatik (esate baterako, hil egin delako, kanpoan edo gaixorik dagoelako edo bera ukitzen duen arazoren batean abstenitu delako) hutsik dagoenean.

2.– Dekanordeak ordeztu ezin duen kasuetan, gainerako diputatuei dagokie, aurrentasun-ordenan, haren eginkizunak betetzea.

59. artikulua.– Idazkaria.

1.– Dekanoari edo dekanoa ordezten duen pertsonari bere eginkizunetan laguntzea dagokio idazkariari, Elkargoa gobernatzeko prozedurak gordetzen direla eta Elkargoaren jardunetan legea betetzen dela bermatuz.

2.– Idazkariari dagokio:

a) Elkargoko organoek hartutako erabakiak legezkoak direla zaintzea.

b) Elkargoko dokumentazioa zaintzea.

c) Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzarrak egiten dituzten bileren aktak idatzi eta eskuestea.

d) Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzarrak egiten dituzten bileretan jorratu beharreko gaiak bideratzea.

e) Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzarraren bileretarako deiak egitea, Estatutu honetan ezarritakoaren arabera eta dekanoak eman ditzakeen aginduei jarraituz.

f) Gipuzkoako elkargokideen errolda eramatea, dagokion araubideari eta jarduera profesionalari buruzko egoeran eragina izan dezaketen xehetasun guztiekin.

g) Ziurtagiriak egitea, dekanoaren oniritziarekin.

h) Oro har, Elkargoko administrazio-organoen idazkariari dagozkion eginkizun guztiak eta aurreko horiei berezko zaizkien eta idazkaritza ahalik eta ongien gauzatzeko beharrezkoak diren gainerakoak.

3.– Diputatuek ordeztuko dute idazkaria, horien lehentasun txikienetik handienerainoko ordenan.

60. artikulua.– Finantzen diputatua.

Finantzen diputatuari dagokio:

a) Urteko aurrekontuen eta kontuen aurreproiektua egitea.

b) Kuota arruntak aldatzeko proposamenak lantzea eta, behar izanez gero, aparteko kuotak proposatzea.

c) Aldian-aldian, eta gutxienez hiru hilean behin, diru-sarrera eta gastuen egoeraren eta aurrekontuen betetze-mailaren berri ematea Gobernu Batzarrari.

d) Diru-bilketa eta kontabilitatea kontrolatzea eta Elkargoko funtsak zaintzea. Elkargoarekiko betebehar ekonomikoak betetzen ez dituzten elkargokideei buruz hartu beharreko neurriak har ditzala proposatzea Gobernu Batzarrari.

e) Kontu korronteak ireki eta ixtea. Banku-kontuetan funtsak sartu eta ateratzea, dekanoarekin edo Gobernu Batzarrak izendatutako beste kargu batekin edo, hala badagokio, idazkariarekin edo gerentziarekin batera, hark izendatutakoaren arabera.

f) Elkargoko ondasunen inbentarioa eramatea.

g) Aurrekoekin lotura duten edo Gobernu Batzarrak ematen dizkion gainerako guztiak.

61. artikulua.– Prestakuntzako diputatua.

1.– Prestakuntzako diputatuari dagokio:

a) Elkargokideen prestakuntzan lagunduko duten ikastaro, mintegi eta hitzaldien urteko programa bat eta horiek finantzatzeko sistema edo baliabideak proposatzea Gobernu Batzarrari, onar dezan.

b) Elkargoaren erantzukizunpean edo beste organismo edo erakunde batzuekin elkarlanean, profesionalki prestatu eta egunera egoteko ikastaro edo mintegiak antolatzea.

c) Praktika Juridikoko Eskolari buruz Elkargoari dagozkion erantzukizunak betetzea Elkargoaren izenean.

d) Elkargoko liburutegia zuzendu eta antolatzea, obren katalogoa zaintzea, eta liburutegiko materiala, datu-basea eta prestakuntzako bestelako materiala erosteari buruz erabakitzea, onartutako aurrekontuen barruan.

e) Aurrekoekin zerikusia duten gainerakoak.

2.– Aurreko eginkizun horiek betetzean, Gobernu Batzarrak izenda ditzakeen batzordeek edo lantaldeek lagunduko diote prestakuntzako diputatuari.

62. artikulua.– Diputatuak.

1.– Diputatuek Gobernu Batzarreko bokal gisa jardungo dute, eta Gobernu Batzarrak edo Dekanotzak aginduko dizkien eginkizunak garatuko dituzte.

2.– Bereziki egokituko zaie batzarretan esku hartzea, Gobernu Batzarraren eta azterketa-talde eta batzarren arteko lotura-lana egitea eta barruti judizialez arduratzea, Gobernu Batzarrak edo Dekanotzak ematen dien funtzio-banaketaren arabera.

HIRUGARREN KAPITULUA
ELKARGO-EGITURAREN BARRUKO BATZARRAK, LANTALDEAK, TALDEAK ETA ZERBITZUAK

63. artikulua.– Batzordeak.

1.– Gobernu Batzarrak egokitzat jotzen dituen batzorde iraunkorrak edo aldi baterakoak sortu ahal izango ditu bere eginkizunak hobeto betetzeko; horretarako, batzordeen iraupena, osaera, eginkizunak eta antolamendua finkatuko ditu eta, hala badagokio, Elkargoaren partida esleituko du aurrekontuetan, bere jarduerak ordaindu ahal izateko.

Gobernu Batzarrak sortutako batzordeetan dekanoa izango da buru –dekanoak berak bideratuko ditu eztabaidak, eta kalitatezko botoa izango du berdinketa gertatuz gero–, edo diputatuetako bat, dekanoak hala proposatuta. Hark Gobernu Batzarraren berezko eginkizunak bete ahal izango ditu eskuordetze bidez, sortzeko erabakian hala jasota geratzen bada; dena den, kasu jakin batzuetan eskuordetza bereganatu edo ukatu ahal izango du.

2.– ICAGIko kide diren abokatuek batzordeak sortu ahal izango dituzte interes juridiko erkideko jarduerak edo hertsiki juridikoak ez diren jarduerak betetzeko. Batzordea eratzeko hamabost abokatu bildu beharko dira gutxienez, eta hori behar bezala egiaztatu beharko da Estatutuak aurkezten direnean; gutxieneko kopuru hori aldiro eskatu ahal izango da batzarra eten edo desegin arte, eta kopuru hori ez mantentzea nahikoa arrazoi izango da batzordea desegiteko.

Batzordeek Elkargoaren erregistroan gordailutuko dituzte beren estatutuak, eta Gobernu Batzarrak estatutu horiek onartu beharko ditu. Estatutuak une horretan geratuko dira balio osoz eratuta eta, hala badagokio, aurrekontu-partida propioa izango dute Elkargoaren aurrekontuetan, beren jarduerak ordaindu ahal izateko. Era berean, Gobernu Batzarrak onartu beharko du Estatutuak aldatzeko proposamen oro.

Gobernu Batzarrak zuzkiduraren kontrol fiskal eta ekonomikoa egingo du, eta Batzarrari dagokio gastu-unitate bakoitza egikaritu aurretik onartzea, Batzordeak hala eskatuta eta eskaera justifikatua aurkeztuta.

Bertaratuz gero, dekanoa izango da batzordeen buru, eta hark bideratuko ditu eztabaidak (kalitatezko botoa izango du berdinketa gertatuz gero). Dekanoa bertan ez badago, Batzarraren Estatutuetan araututakoa izango da kontuan eta, araututa ez badago, bilkurako kideen gehiengo bidez hartuko da erabakia.

Batzordeak Gobernu Batzarrerako ordezkari bat izendatuko du bere kideen artean.

Batzordeek urteko jarduera-memoria egingo dute Gobernu Batzarrari aurkezteko, Elkargoaren jarduerak eta aurreko ekitaldiko diru-sarrera eta gastuen kontua onartzeko Elkargoaren ohiko batzar nagusia egin baino lehen.

Batzordeen estatutuek bermatuko dute haien barne-funtzionamendu demokratikoa eta Elkargoaren eskubideak bete-betean erabil ditzaketen Elkargoko kide guztien sarbidea eta parte-hartzea. Gobernu Batzarrak, dena den, batzorde bakoitzaren kide kopurua mugatu ahal izango du, eraginkortasun-arrazoiengatik.

3.– Batzordeetako kideek eztabaiden sekretua gordetzeko zin edo promes egingo dute dekanoaren edo hark eskuordetutako pertsonaren aurrean.

4.– Estatutu hauek indarrean sartzean zeuden batzordeek beren izena mantendu eta Estatutu hauek bete beharko dituzte.

64. artikulua.– Deontologia Batzordea.

1.– Deontologia Batzordea iraunkorra da, eta honako eginkizun hauek ditu:

Ofizioz edo alderdi batek hala eskatuta, arau deontologikoen irismena interpretatzea, eta, bereziki, gatazka-kasuetan aplikatu beharreko araua zehaztea, bezeroaren eskubide eta interesak eta lanbidearen duintasun edo kontsiderazio soziala ondoen babesten dituena aplikatzeko. Bere txostena ez da loteslea izango.

Sor litezkeen interes-gatazkei buruzko kontsultetan, dagokion txostena egitea, abokatuek soilik eskatuta. Deklarazioaren ondorio bakarra abokatua diziplina-ondorioetatik aske uztea izango da.

Diziplina-prozeduretako instruktorea izendatzea.

Gobernu Batzarrak aurrekoekin lotuta agintzen dizkion gainerakoak, eta, bereziki, diziplina-prozeduretan txostenak egitea.

2.– Dekanoa izango da Deontologia Batzordeko buru. Batzordeak ez ditu hamar kide baino gutxiago edo hamabost baino gehiago izango. Gobernu Batzarrak izendatuko ditu Deontologia Batzordeko kideak, eta hura osatzean lanbidea bere osotasunean ordezkatzen saiatuko da, hainbat printzipioren arabera: batzordekideek lanbidean daramatzaten urteak, espezialitate nagusia eta beste batzuk.

3.– Gobernu Batzarreko kideak Deontologia Batzordeko kide izan daitezke. Elkargokide ez-jarduleek ere parte hartu ahal izango dute, gutxienez hogei urtez jardun badute lanbidean, edota, bestela, dekanoaren, dekanordearen edo lehen diputatuaren kargua bete izan badute.

Ezin izango da Deontologia Batzordeko kide izendatu iraganean falta larri edo oso larriren batengatik diziplina-zehapena izan dutenak, ezarritako zehapena edo hura ezarri duen abokatu-elkargoa dena dela.

4.– Txostenak egitean, Batzordeak txostengile bat izendatuko du, eta hark Batzorde osoaren iritzia adieraziko du. Batzordearen txostenari boto partikularrak erantsi ahal izango zaizkio, desadostasuna agertu duen alderdiak hala eskatzen duenean.

65. artikulua.– Azterketa-taldeak.

Gobernu Batzarrari dagokio azterketa-taldeen eraketa onartzea, bere ekimenez edo gutxienez hamar kidek eskatuta, izaera juridikoko gai zehatz bat ikertzeko, prestatzeko eta zabaltzeko.

Gobernu Batzarrak azterketa-talde bakoitzaren egitura eta funtzionamendua ezarriko ditu, zer epealditarako eratu den berariaz adierazita, epea mugagabea izan baitaiteke.

Azterketa-taldeen funtzionamendu-arauek bermatuko dute haien barne-funtzionamendu demokratikoa eta Elkargoaren eskubideak bete-betean erabil ditzaketen Elkargoko kide guztien sarbidea eta parte-hartzea. Dena den, Gobernu Batzarrak talde bakoitzeko kideen kopurua mugatu ahal izango du, eraginkortasun-arrazoiak direla eta.

Azterketa-taldeek, aldian behin eta/edo Gobernu Batzarrak hala eskatuta, jardueraren txostena egingo dute.

Azterketa-taldeak Gobernu Batzarraren mende egongo dira eta, hark talderik izendatu ez badu, ordezkari bat izendatu beharko dute kideen artean, Gobernu Batzarraren aurrean jarduteko.

66. artikulua.– Taldeak eratzeko eskubidea.

1.– Elkargoko abokatuek beren berariazko interesak defendatzeko, Justizia sustatzeko eta lanbidearen objektuarekin lotutako gainerako xedeetarako taldeak eratu ahal izango dituzte Elkargoaren baitan.

2.– Taldeek Elkargoaren Erregistroan gordailutuko dituzte beren estatutuak. Gobernu Batzarrak estatutu horiek onartu beharko ditu eta, une horretan, balio osoz eratuta geratuko dira taldeak. Era berean, Gobernu Batzarrak estatutuak aldatzeko proposamen oro onartu beharko du. Taldeak eratzeko 25 elkargokide bildu beharko dira gutxienez, eta hori behar bezala egiaztatu beharko da Estatutuak aurkezten direnean; gutxieneko kopuru hori aldiro eskatu ahal izango da hura eten edo desegin arte, eta kopuru hori ez mantentzea desegiteko nahikoa arrazoi izango da.

3.– Taldeek egiten dituzten jardun eta komunikazio guztiak behar bezala identifikatu beharko dituzte beraiek egindako gisa, Elkargoari egozteko modukoak izan ez daitezen eta, gainera, Gobernu Batzarrak aldez aurretik baimendu beharko ditu beti.

4.– Elkargoa bereziki saiatuko da abokatu gazteen taldeari laguntzen eta talde horrek gazteen kolektiboaren alde egiten dituen jardun profesional eta trebakuntzakoei babesa ematen.

5.– Elkargoan eratuta dauden edo eratuko diren taldeek Gobernu Batzarraren mendean jardungo dute.

6.– Taldeek Gobernu Batzarrerako ordezkari bat izendatuko dute kideen artean.

7.– Taldeek urteko jarduera-memoria egingo dute Gobernu Batzarrari aurkezteko, Elkargoaren ohiko batzar nagusia egin baino lehen, Elkargoaren jarduerak eta aurreko ekitaldiko diru-sarrera eta gastuen kontua onartzeko.

8.– Taldeek aurrekontu-partida propioa izango dute Elkargoaren urteko aurrekontuetan, Gobernu Batzarrak berak esleitua, eta partida hori jarduerak ordaintzeko erabiliko da. Gobernu Batzarrak zuzkiduraren kontrol fiskal eta ekonomikoa egingo du, eta Batzarrari dagokio gastu-unitate bakoitza egikaritu aurretik onartzea, taldeak hala eskatuta eta eskaera justifikatua aurkeztuta.

9.– Taldeen estatutuek taldeen barne-funtzionamendu demokratikoa bermatuko dute, baita Elkargoaren eskubideak bete-betean erabil ditzaketen Elkargoko kide guztien sarbidea eta parte-hartzea ere.

10.– Estatutu hauek indarrean sartzean dauden taldeek eta gazte abokatuen taldeak beren izendapenak mantenduko dituzte, eta Estatutu hauen mende geratuko dira.

67. artikulua.– Praktika Juridikoko Eskola.

Elkargoak Praktika Juridikoko Eskola bat izango du Elkargoaren egituran. Eskola hori Gobernu Batzarraren mendekoa izango da eta abokatutzan jarduteko hasierako prestakuntzan lagunduko du, hala badagokio, tituludun berriak abokatutzan has daitezen, betiere abokatu gisa lan egiten hasteko, etengabe prestatzeko eta hobetzeko aukera izateko, ezagutza praktikoak eskaintzeko eta lanbidean espezializatzeko (modu egokian lan egin ahal izateko), eta prestakuntza deontologikorako.

Ahalmen hori beharrezkotzat jotzen diren lankidetza-hitzarmenen bidez gauzatu ahal izango da.

Praktika Juridikoko Eskolaren bidez, Elkargoak Legeak abokatutzaren jardun profesionalerako lanbide-gaitasuna egiaztatzeko ezartzen dituen prozesuetan eta probetan parte hartuko du.

Gobernu Batzarrari dagokio Praktika Juridikoko Eskolaren egitura organikoa, funtzionamendua, zuzendaritza, araubide juridikoa eta ekonomikoa arautzea.

68. artikulua.– Arbitraje Auzitegia.

1.– Elkargoak Arbitraje Auzitegi bat izango du Gobernu Batzarraren mendeko elkargo-egituraren baitan. Arbitraje Auzitegiaren bidez, Elkargoak indarreko legerian ezarrita dagoen arbitraje-eginkizuna bete eta Zuzenbide Publikoko korporazio gisa dagokion arbitro-eginkizuna bete ahal izango du.

Arbitraje Auzitegiak administratu, kudeatu eta bultzatuko du arbitraje-prozeduren garapena. Arbitrajea Zuzenbidean egingo da beti, bi alderdiek berdintasunezko arbitrajea aukeratzen dutenean salbu, betiere Estatutuak eta Arbitraje Prozedurarako Erregelamendua beteta.

2.– Gobernu Batzarrak, Arbitraje Auzitegiaren goi-organoak proposatuta eta indarrean dagoen legeriaren arabera, Arbitraje Auzitegiko arbitroen zerrendan sartzeko betekizunak ezarriko ditu: espezializazioa, jarduneko urteak, hasierako eta etengabeko prestakuntza eta abar. Arbitraje-prozeduran inplikatutako alderdiek berariaz izendatu ezean, zerrenda hori aplikatuko da dagokion txandaren arabera.

3.– Arbitraje Auzitegiari esleitutako eginkizunak betetzeko, Gobernu Batzarrak akordioak sustatu ahal izango ditu beste Auzitegi, arbitraje-erakunde edo epaimahai batzuekin, eta, oro har, baita arbitrajea indartu, hedatu eta sustatzeko helburua duten jarduerak ere.

69. artikulua.– Bitartekotza-zerbitzua.

1.– Ilustre Colegio de la Abogacía de Gipuzkoa – Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuaren Bitartekotza Zerbitzua, ICAGI Bitartekotza, Gobernu Batzarraren mende dago, Elkargoaren egituraren baitan, eta, haren bidez, bitartekaritza sustatzen da haren esparru guztietan. Horrez gain, Elkargoari eskatzen zaizkion bitartekotza-eskaerak kudeatzen eta administratzen ditu, Estatutuekin, Erregelamenduarekin eta bitartekotza-arloan indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz.

2.– Elkargoak eskualdeko, nazioko, Europako edo nazioarteko erakundeetan parte hartuko du, hitzarmenak egingo ditu eta, oro har, bitartekotza hedatzeko eta sustatzeko helburua duten jarduera guztiak garatuko ditu, baita gatazkak konpontzeko beste metodo alternatibo batzuk ere.

LAUGARREN TITULUA
ELKARGOAREN EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA ETA HAIEN AURKARATZEA

70. artikulua.– Xedapen orokorrak.

1.– Elkargoari Legeak eman dizkion edo administrazio publiko batek eskuordetu dizkion eginkizun publikoak betetzea Administrazio Zuzenbidearen mende egongo da. Honako hauek zuzenduko dute eginkizun horiek betetzen direla: Euskal Autonomia Erkidegoko tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Legeak, autonomia-erkidegoko edo Estatuko araudi espezifikoak eta, modu osagarrian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidegoa arautzen duen Legeak.

2.– Gainerako egintzak eta Elkargoaren organoek hartzen dituzten erabakiak Estatutu hauen eta Zuzenbide Pribatuaren mende egongo dira, eta aurkaratu, haien aurkako erreklamazioa jarri edo bere izaeraren beraren ondorio izan daitezkeen erantzukizunak eskatu ahal izango zaizkie gaiaren ondorioz dagokien jurisdikzioaren aurrean.

Bereziki, izaera zibil edo penaleko arazoak dagokien araubide juridikoaren mende geratuko dira. Zuzenbide pribatuari dagozkio: ondarearekin, hirugarrenen kontratazioarekin, Elkargoaren araubide ekonomikoarekin eta Administrazio Zuzenbideari eta Lan Zuzenbideari atxiki gabeko elkargokideekin lotutako gai guztiak, kontratatutako langileekiko eta langile kolaboratzaileekiko lan-harremanei dagozkien gaiak, eta Langile lan-kontratudunen eta langile laguntzaileen kontratazioa, eta Praktika Juridikoko Eskolaren kontratazioarekin lotutako gaiak, baita zerga- eta ogasun-arlokoak ere.

71. artikulua.– Epeak zenbatzea.

1.– Estatutu honetan egunetan adierazitako epeak egun baliodunei dagozkiela ulertuko da, berariaz besterik aurreikusi ezean.

2.– Administrazio Zuzenbideari atxikitako egintzen epeak Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako xedapenen arabera zuzenduko dira.

72. artikulua.– Elkargoaren erabakien bete beharra eta eraginkortasuna.

1.– Elkargoko organoen erabakiak eta egintzak, administrazio-zuzenbideari lotu gabeko gaietan, berehala bete beharrekoak dira, erabakietan bertan bestelakorik xedatzen ez bada behintzat.

2.– Administrazio-zuzenbidearen mendeko erabakiak eta egintzak baliozkotzat joko dira eta ondorioak sortuko dituzte ematen diren egunetik aurrera, haietan beste zerbait xedatzen denean edo diziplina-gaiei buruzkoak direnean izan ezik. Eraginkortasuna atzeratuta geratuko da egintzaren edukiak hala eskatzen duenean edo jakinaraztearen edo argitaratzearen mende dagoenean.

3.– Honako hauek zuzenduko dute egintza eta erabaki horien etendura: Euskal Autonomia Erkidegoko tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Legeak, autonomia-erkidegoko edo Estatuko araudi espezifikoak, eta, modu osagarrian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidegoa arautzen duen Legeak.

73. artikulua.– Elkargoaren ebazpenak jakinaraztea.

1.– Elkargoko organoek hartutako ebazpen, egintza edo erabaki oro hartzaileari jakinarazi beharko zaio, edo banaka, zuzenean eta pertsonalki eragiten dion orori. Elkargokide batek ez badu baldintza hori betetzen, ezin izango da diziplina-zehapenik jarri. Jakinarazpen-erregimen horretatik salbu geratuko dira Elkargoko kide guztientzat interes orokorrekoak diren erabakiak, eta zirkular elektroniko eta/edo publizitate bidez jakinaraziko dira, Elkargoaren web-orriaren bidez. Erregimen horretatik salbuetsita geratuko dira, halaber, batzar nagusietarako deialdiak, horiek Estatutu hauen 47. artikuluan jasotako moduan jakinaraziko baitira.

2.– Aurreko idatz-zatian ezarritakoari kalterik egin gabe, eta prozeduren gehieneko epearen barruan jakinarazteko betebeharra betetzat jotzeko, nahikoa izango da gutxienez ebazpenaren testu osoa jasotzen duen jakinarazpena, eta jakinarazpenaren berri emateko ahalegina egiaztatzen duena.

3.– Ahal izanez gero, jakinarazpen pertsonala bitarteko elektronikoen bidez egingo da. Jakinarazpena Elkargoak oro har edo partikular gisa erabiltzen duen baliozko helbide elektronikora bidaliko da, beste helbide bat jakinarazi ezean, edo atxikita dagoen elkargoari helarazitako helbide elektronikora.

Elkargokide ez-jarduleen eta hirugarren interesdunen kasuan, horiek jakinarazpenetarako adierazitako bitartekoa erabiliko da.

Alderdi interesdunaren bat-bateko agerraldiaren harira ere egin ahal izango da, Elkargoko bulegoetan.

4.– Jakinarazpen pertsonala ezin bada egin aurreko idatz-zatian aurreikusitako moduan, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitako edozein modutan gauzatu ahal izango da, eta, posible ez izanez gero, Elkargoaren iragarki-oholean argitaratuko da. Bi sistemak aldi berean erabil daitezke, eta horrela egiaztatuta geratuko da jakinarazteko ahalegina egin dela, eta dagozkion ondorioak izango ditu argitaratzen den egunetik hamabost egun baliodun igaro ondoren.

5.– Gobernu Batzarrak beharrezko neurriak ezarri eta dagozkion arauak eman ahal izango ditu artikulu honetan jasotako jakinarazpenak bitarteko elektroniko eta/edo telematikoen bidez egin daitezen, teknologiaren arabera. Horrez gain, jakinarazpenak bitarteko horren bidez bakarrik egin daitezela eta elkargokideek bide horretatik jaso ditzatela xedatu ahal izango du, eta ondorio horietarako ezarritako prozedurei buruzko publizitate zehatza eman beharko du. Era berean, eta Gobernu Batzarrak hala erabakiz gero, elkargokideak nahitaez erabili beharko ditu bitarteko elektronikoak Elkargoarekin harremanetan jartzeko.

74. artikulua.– Errekurtsoak.

1.– Administrazio Zuzenbideari dagozkion Elkargoko organoen behin betiko erabaki eta egintzek, diziplina-arloan eta hauteskundeen arloan izan ezik, amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta zuzenean errekurritu daitezke administrazioarekiko auzien jurisdikzioan. Hala ere, interes legitimoa dutenek berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute, hala badagokio, dekanoaren eta Gobernu Batzarraren erabaki eta egintzen aurka.

2.– Berraztertzeko errekurtsoa egintza edo erabakia eman zuen organo berean jarriko da hilabeteko epean, eta iraupen bereko epean ebatzi beharko da.

3.– Diziplina-arloan, interes legitimoa dutenek errekurtsoa jarri ahal izango dute Gobernu Batzarraren erabakien aurka, Legelarien Euskal Kontseiluak ebatz dezan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aldez aurretik eta nahitaez.

4.– Diziplina-arloko errekurtsoa hilabeteko epean jarriko da Elkargoaren Idazkaritzan, eta horrek Legelarien Euskal Kontseiluari helarazi beharko dio aurkeztu den egunaren hurrengo hamabost egunetan, bidezkoak diren txosten eta aurrekariekin.

5.– Isiltasunak ezetsi egingo ditu artikulu honetan ezarritako errekurtsoak, eta irekita geratuko da administrazioarekiko auzien bidea.

BOSGARREN TITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA

75. artikulua.– Printzipio orokorrak.

1.– Elkargoak autonomia ekonomiko eta finantzarioa du, elkargo profesionalen legerian ezarritakoaren arabera.

2.– Aurrekontuek urte naturalarekin bat datorren indarraldia izango dute, eta kontabilitatea oro har onartutako kontabilitate-printzipioetara egokituko da.

76. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Elkargoaren baliabide ekonomikoak dira:

a) Elkargoaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideek sortzen dituzten edozein motatako etekinak, eta kontuetan gordailututako funtsen etekinak.

b) Elkargoan sartzeko kuotak.

c) Elkargokideek ordaindu beharreko kuotak, arruntak eta apartekoak.

d) Ziurtagiriak eta bisak egiteagatik, erregistratzeagatik edo dokumentuak bidali edo inskribatzeagatik ezar daitezkeen eskubideak.

e) Edozein gairi buruzko irizpenak, txostenak, ebazpenak eta kontsultak egiteagatiko eskubideak, ordainsariei buruzko txostenak barne (auzitegiek eskatzen dituztenean), Gobernu Batzarrak ezarritako zenbatekoan, eta Elkargoaren beste zerbitzuak ematea.

f) Irizpen, txosten, kontsulta, ziurtagiri, hitzaldi, idazkaritzaren jardun edo antzeko beste elkargo-zerbitzuen erabiltzaileengandik jasotako diru-kantitateak.

g) Elkargoaren beste zerbitzu batzuk emateagatik jasotako kantitateak.

h) Gobernu Batzarrak ezartzen dituen zigor ekonomikoen zenbatekoa; kopuru hori etengabeko prestakuntza-lanetara bideratu beharko da.

i) Aurreko ekitaldietako inbertsiotik datozen errentak, hala badagokio.

j) Elkargokideen artean hirugarrenen zerbitzuak eta jarduerak sustatzeagatiko diru-sarrerak.

k) Estatuak, autonomia-erkidegoak eta gainerako erakunde partikularrek emandako dirulaguntzak edo dohainak.

l) Elkargoaren ondarean sartzen diren ondasunak. Elkargoak edozein kontzepturengatik jasotzen dituen kantitateak, kultura- edo ongintza-arloko aldi baterako edo betiko enkarguren bat betetzearren, ondasun edo errenta jakin batzuk eskaintzen dituenean.

m) Legezkoa den beste edozein.

77. artikulua.– Aurrekontua.

1.– Elkargoaren aurrekontua orientagarria izango da eta diru-sarrera eta gastu guztiak barne hartuko ditu.

2.– Aurrekontua Gobernu Batzarrak egingo du, finantzen diputatuak proposatuta, eta urte bakoitzeko azken hiruhilekoan egiten den ohiko batzar nagusian eztabaidatu eta onartuko da.

Batzar Nagusiaren bilera horretarako deian laburpen-koadro bat erantsiko da, eta elkargokideek eskubidea izango dute Elkargoaren egoitzan proiektua bere osotasunean aztertzeko, Gobernu Batzarrak adierazitako denboran, moduan eta bideen bidez.

3.– Dena delako arrazoiengatik, aurrekontua urte bakoitzaren hasieran onartu gabe geratuko balitz, aurrekoa luzatuko da automatikoki, honako berezitasun hauekin:

a) Luzapenak ez du eraginik izango inbertsioen kapitulu edo programetan, lehendik onartutako urte anitzeko konpromisoen kasuan izan ezik.

b) Lan-araubidean dauden Elkargoko langileen ordainsarien kopuruei, aplikatu beharreko hitzarmenaren arabera egin beharreko gehikuntzak egingo zaizkie.

4.– Aurrekontuen egitura, kudeaketa eta likidazioa, eta kontabilitate-sistema, irabazi-asmorik gabeko erakundeei buruzko legeriak xedatzen duenaren arabera egingo dira.

78. artikulua.– Kontuak ematea.

1.– Gobernu Batzarrak, finantzen diputatuak egindako proposamenaren arabera, urte bakoitzeko abenduaren 31n itxitako ekitaldiari dagozkion kontuak formulatuko ditu, eta hurrengo urteko lehen seihilekoan egin beharreko ohiko batzar nagusian eztabaidatu eta onartu beharko dira.

2.– Gobernu Batzarrak kontuen auditore bat izendatuko du, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 euskal Legeko 50.3 artikuluan xedatutakoa betetzearren.

79. artikulua.– Ondarea eta kudeaketa.

1.– Gobernu Batzarrak kudeatuko du Elkargoaren ondarea, finantzen diputatuaren bitartez eta behar den laguntza teknikoarekin.

2.– Ondasun higiezinak erosi, kargatu edo besterentzeko, Batzar Nagusiaren onarpena beharko da.

3.– Ahal izanez gero, Elkargoaren kapitala berme goreneko baloreetan inbertituko da, Gobernu Batzarrak higiezinetan edo beste ondare batzuetan inbertitzea erabakitzen duenean salbu.

SEIGARREN TITULUA
HAUTESKUNDE ARAUBIDEA

80. artikulua.– Sufragio unibertsala.

1.– Gobernu Batzarreko kideak zuzeneko bozketa sekretu bidez hautatuko dira. Hauteskundeetarako deia egiten den egunaren aurretik Elkargoan sartuta dauden elkargokide guztiek parte hartu ahal izango dute hautesle gisa, Elkargoaren kuoten ordainketan egunera badaude, Gobernu Batzarraren erabakiz ordaintzetik libre egon ezean.

2.– Abokatu jarduleen botoak jarduleak ez direnen balio bikoitza izango du.

81. artikulua.– Karguen iraupena.

Gobernu Batzarreko kideen agintaldia bost urtekoa izango da, aldez aurretik amaitzeko eta berriz hautatzeko arrazoiei kalterik egin gabe.

82. artikulua.– Hauteskundeetarako deia.

1.– Gobernu Batzarrari dagokio hauteskundeetarako deia egitea.

Hauteskundeetarako deia bozketa egin beharreko eguna baino gutxienez bi hilabete lehenago erabakiko da.

2.– Deialdia erabaki eta hurrengo bost egun baliodunetan jakinaraziko zaie elkargokideei, eta bertan adieraziko dira hauteskundeen lekua eta eguna, hautetsontziak irekitzeko eta ixteko orduak, hautagaitzak aurkezteko epeak eta muga-eguna, eta hautatu behar diren karguak.

Era berean, eta epe horretan bertan, botoa emateko eskubidea duten elkargokide jarduleen eta ez-jarduleen zerrenda bereiziak jarriko dira Elkargoko iragarki-oholean, leihatila bakarrean eta/edo Legearen arabera erabilgarri dauden beste baliabide teknologiko batzuetan; eta, hala badagokio, kuotak edo ezarri zaizkien zehapen ekonomiko irmoak ordaindu gabe dituztenak adieraziko da, horien exekuzioa etenda ez badago behintzat. Kuotak edo zehapen ekonomikoak ordaindu gabe dituzten elkargokideek hautesle-izaera lortuko dute zor dituzten kopuruak ordaintzen dituztenean.

83. artikulua.– Hautagarritasun-baldintzak.

Estatutu honen 54. artikuluan ezarritako hautagarritasun-baldintzak bete beharko dira hauteskundeak egiteko deialdia erabakitzen den datan.

84. artikulua.– Hautesle-zerrenden aurkako erreklamazioak.

1.– Elkargokideek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte hautesle-zerrenden aurka, zerrenda horiek jakitera eman ondorengo bost egun balioduneko epean.

2.– Erreklamazioak egiteko epea bukatu ondoren, Gobernu Batzarrak hiru eguneko epea izango du erreklamazio horiei buruzko erabakia emateko, eta erreklamaziogile bakoitzari hurrengo bi egunetan emango dio bere ebazpenaren berri, eta zuzenketarik egin behar izanez gero, erakusgai jarri diren hedabideetan argitaratuko ditu.

85. artikulua.– Hautagaiak aurkeztu eta aldarrikatzea.

1.– Hauteskunde-eguna baino hogei egun natural lehenagora arte aurkeztu ahal izango dira hautagaitzak.

2.– Hautagaitzak bateratuak izan daitezke hainbat kargutarako, edo banakakoak kargu jakin batzuetarako, eta hautagaiek bakarrik izenpetu beharko dituzte. Elkargokide bakar batek ere ezingo du kargu batera baino gehiagora aurkeztu.

Beren hautagaitza aurkezten duten Gobernu Batzarreko kideek, kargu bererako nahiz beste baterako, beren eginkizunak betetzeari utziko diote hautagai aurkezten diren egunetik aurrera.

Praktika Juridikoko Eskolako edo Abokatu Gazteen Elkarteko kide, koordinatzaile edo estatutu-organoko beste arduradunen batek bere hautagaitza aurkezten badu edozein kargurako, bere kargu guztiak utziko ditu automatikoki, eta jarduneko kide gisa geratuko da aukeratzen denak kargu hartu arte, bere erantzukizunari berariaz uko egiten badio izan ezik.

3.– Gobernu Batzarrak, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunean, hautagai izendatuko ditu hautagai izateko baldintzak betetzen dituztenak, eta hautetsitzat joko ditu aurkaririk ez dutenak. Horren ondoren, iragarki-oholean, leihatila bakarrean eta/edo Legeak ezartzen duen bestelako baliabide teknologikoetan argitara dadila aginduko du, eta hautagai guztiak jakinaren gainean jarriko ditu.

4.– Hautagaiek edo hautagaitzek hautagaitza-aldarrikapenaren aurka aurkeztutako errekurtsoak Gobernu Batzarrari aurkeztu beharko zaizkio, errekurtsoak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo sei eguneko epean. Ezin izango da bestelako elkargo-errekurtsorik aurkeztu beste ezein organo edo kontseiluren aurrean, eta administrazioarekiko auzien jurisdikziora jo ahal izango da.

86. artikulua.– Hauteskunde-egunera arteko jardunak.

1.– Hautagaiak izendatu ondoren, Gobernu Batzarrak hauteskunde-mahaia eratuko du; izan ere, hark zuzenduko du hauteskunde-prozesua eta hura izango da hauteskundeen buru.

2.– Dekanoa izango da hauteskunde-mahaiko buru, eta mahai horretako kide izango dira idazkaria, hauteskunde-mahaian idazkari-lanak beteko dituena, eta Gobernu Batzarreko beste kide bat, Gobernu Batzarrak berak izendatua. Ordezkoak ere izendatuko ditu.

Hauteskunde-mahaiko kideek ezin izango dute hautagai gisa parte hartu hauteskundeetan. Dekanoa eta/edo idazkaria hauteskundeetara hautagai gisa aurkeztuko balira, ordeztuak izango dira Estatutu honetako 58. eta 59. artikuluetan, hurrenez hurren, xedatutakoaren arabera.

Ordezkoek ere hautagai gisa parte hartzen badute, Gobernu Batzarrak Gobernu Batzarreko beste kide batzuekin osatuko du hauteskunde-mahaia. Eta, arrazoiak arrazoi, hori guztia ezinezkoa balitz, Gipuzkoan jarduten duten eta egoitza bertan duten elkargokide guztien arteko zozketa bidez osatuko du mahaia Gobernu Batzarrak.

Aurreko idatz-zatian xedatutakoa aplikatu beharko da Gobernu Batzarra Batzorde Kudeatzaile batek ordezten duenean ere.

3.– Hauteskunde-mahaiak prestatuko du boto-paperaren eredua. Hautagaiek ere prestatu ahal izango dituzte beren boto-paperak, hauteskunde-mahaiak onartutako eredu bera erabiliz.

Era berean, hauteskunde-mahaiak Elkargoaren egoitzaren erabilera antolatuko du hauteskunde-kanpainako ekitaldietarako. Printzipioz, eskaerak aurkezten diren hurrenkeraren eta horietan hobesten diren leku, egun eta orduen arabera ebatziko dira, eta ahalik eta ekitaterik handienarekin, berdintasun-baldintzak bermatzeko.

Hautagaiek pertsonalki Elkargoko kideengana zuzendu nahi badute, beren kargura egin beharko dute, posta bidez bidaltzeko izendatzen den enpresaren bitartez. Elkargoak konfidentzialtasun-akordioa izenpetuta izango du enpresa horrekin, datuak datu pertsonalak babesteko lege organikoaren eta gainerako arau aplikagarrien arabera babesteko.

4.– Hautagaiek ezin izango dituzte Elkargoaren zerbitzuak erabili hauteskunde-kanpainak egiteko, hala nola programak edo boto-paperak bidaltzeko.

Hala ere, Elkargoak argitaratutako hautesle-zerrendak helaraziko dizkie hautagaiei, horiek hala eskatuz gero.

87. artikulua.– Posta bidezko botoa eta boto telematikoa.

1.– Botoa emateko eskubidea duten elkargokideek posta bidez eman ahal izango dute botoa. Bere botoa hala ematea erabakitzen duenak, hautesle-erroldan sartuta dagoela eta elkargoko kuoten ordainketan egunera dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria eskatu beharko du Elkargoko idazkaritza teknikoan, hauteskunde-eguna baino gutxienez hamar egun lehenago.

2.– Idazkaritzak posta ziurtatu bidez bidaliko ditu edo pertsonalki banatuko ditu eskatutako ziurtagiri hori, boto-paperak eta bi gutun-azal zuri, hauteskundeak egin baino gutxienez bost egun natural lehenago.

3.– Boto-emaileak boto-papera igorritako gutun-azal txikian sartu beharko du eta, itxi ondoren, Elkargoak bidalitako gutun-azal handienaren barruan sartuko du, hauteslearen ziurtagiriarekin eta bere NANaren, pasaportearen edo hori ordezkatzen duen agiriaren kopiarekin batera, edo elkargokidearen txartelarekin batera. Gutun-azal hori posta ziurtatu bidez bidali beharko da Elkargora, edo norberak entregatu beharko du haren egoitzan, eta boto-kontaketa egiten hasi baino lehen Idazkaritzan sartzen bada bakarrik onartuko da.

4.– Gobernu Batzarrak botoa postaz eskatzeko sistema telematiko bat gaitu ahal izango du Estatutu hauetan araututako leihatila bakarraren bidez edo Legearen arabera xedatzen diren beste bitarteko tekniko batzuen bidez, eta beraz, elektronikoki bakarrik egitea eskatu ahal izango da.

5.– Gobernu Batzarrak, eskura dituen bitarteko teknologikoak kontuan hartuta eta bitarteko material eta pertsonalen erabilgarritasunarekin bat etorriz, bozketa telematikoki egitea erabaki ahal izango du, baina, horretarako, honako hauek egiaztatzeko aukera eman behar du: boto-emailearen nortasuna, elkargokide-izaera, jardulea den ala ez, eta mezuaren edukia aldatzeko ezintasuna, betiere telematikoki emandako boto aktiboaren izaera ordezkaezina, askea eta sekretua bermatuz, eta bozketa-prozesuaren hasiera eta amaiera finkatuz.

88. artikulua.– Bozketa.

1.– Hauteskunde-mahaia deialdian adostutako lekuan, egunean eta orduan eratuko da.

Hautagaitza bakoitzak edo, hala badagokio, hautagaitza batean sartuta ez dagoen kargu baterako hautagaiak, hauteskunde-mahaian ordezkatuko duen ikuskatzaile bat izendatu ahal izango du elkargokideen artean.

2.– Hauteskundeak garatzeko, gutxienez sei ordu eta gehienez zortzi ordu izango dira, Gobernu Batzarrak hauteskundeak deitzean epe luzeagoa adierazten duenean izan ezik.

3.– Hauteskunde-mahaian hautetsontzi bereiziak egongo dira Elkargoko kide jarduleen eta ez-jarduleen botoak jasotzeko. Hautetsontziak itxita egongo dira bozketak irauten duen bitartean.

4.– Hauteskunde-mahaia eratu ondoren, lehendakariak hasiera emango dio bozketari. Amaitzeko aurreikusitako orduan, bozketa-gelako ateak itxi egingo dira eta une horretan barruan dauden Elkargoko kideek bakarrik eman ahal izango dute botoa. Hauteskunde-mahaiko kideak izango dira bozkatzen azkenak.

5.– Boto-emaileek hauteskunde-mahaiaren aurrean egiaztatu beharko dute beren nortasuna. Hauteskunde-mahaiak egiaztatu egin beharko du hauteskundeetarako egin den erroldan dagoela eta, hala ez bada, boto-eskubidea ukatuko dio; era berean, Elkargoko kuotak ordainduta dituela egiaztatu beharko du. Lehendakariak boto-emailearen izen-abizenak ahoskatuko ditu, botoa emango duela adieraziko du eta, gero, dagokion hautetsontzian sartuko du gutun-azala.

89. artikulua.– Boto-kontaketa.

1.– Bozketa amaitzen denean, botoak zenbatuko dira, boto-paper guztiak ozen irakurrita.

2.– Erabat baliogabetzat joko dira bozketaren eduki zorrotzaz bestelako adierazpenak dituzten botoak, edo ezabapenak edo urratuak dituzten botoak. Kargu berarentzat hautagai bat baino gehiago edo hauteskundeetan parte hartzen ez duten pertsonen izenak adierazita duten boto-txartelak ere partzialki baliogabetzat joko dira, kargu horri dagokionez. Botoa kargu batzuetarako bakarrik duten eta eskatutako baldintzak betetzen dituzten boto-paperak baliozkoak izango dira behar bezala adierazitako pertsona eta karguetarako.

3.– Boto-kontaketa amaitzean, mahaiburuak emaitza iragarriko du, eta kargu bakoitzerako boto gehien lortu duten hautagaiak hautatutzat aldarrikatuko ditu. Boto-berdinketa izanez gero, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan jardunean denbora gehien daramana joko da hautatutzat.

90. artikulua.– Errekurtsoak.

Hauteskunde-prozesuan edo emaitzaren aurka jartzen diren errekurtsoak ondorio bakar baterako onartuko dira eta ez dute bozketa bertan behera utziko, ezta hautetsien izendapena eta kargu-jabetzea ere, salbuespenezko arrazoiengatik berariazko ebazpen arrazoitu bidez hala erabakitzen denean salbu.

91. artikulua.– Epeak.

Gobernu Batzarrak kapitulu honetan ezarritako epeak luzatu ahal izango ditu, deialdia egiteko erabakian edo ondorengo une batean, baina gehienez ere bikoiztu egin ahal izango ditu.

Deialdia egiten den egunaren eta hauteskunde-egunaren artean bi hilabete baino gehiago daudenean luzatuko da bereziki.

92. artikulua.– Karguaz jabetzea.

1.– Hautagai hautatuak hauteskunde-egunetik gehienez ere hamar eguneko epean egin beharko den lehen gobernu-batzarrean egingo dira beren karguen jabe. Batzar horretarako deia egitea bozketa egin arte dekanoaren kargua bete duenari dagokio beti.

Hautetsiak karguaz jabetzen direnean amaitu egingo da kargu horietan aurrez zeudenen agintaldia.

2.– Gobernu Batzarreko idazkariak haren osaera berriaren berri emango dio Abokatutzaren Kontseilu Nagusiari, Legelarien Euskal Kontseiluari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Tituludunen Erregistroari, eta kasu bakoitzean eskatzen diren alderdiak adieraziko dira.

ZAZPIGARREN TITULUA
ANTOLAKETA TEKNIKO ETA ADMINISTRATIBOA

93. artikulua.– Idazkaritza teknikoa.

Elkargoak idazkaritza teknikoa izango du, eta hark agintzen zaion laguntza tekniko eta administratiboa emateko eginkizuna izango du, eta gerente izendatutako pertsonaren erantzukizuna izango du.

Estatutu honetan aurreikusten diren kide anitzeko edo bakarreko organoek, hala nola diziplina-prozeduren instruktoreak, honako hauek agindu ahal izango dizkiote idazkaritzako titularrari, betiere organo eskuordetzaileak gainbegiratuta: administrazio-izaerako eginkizunak, kontabilitatekoak, kutxa kontrolatzekoak, jakinarazpenak, argitalpenak eta laguntza teknikoko antzeko beste batzuk.

94. artikulua.– Gerentzia.

1.– Gerente izendatutako pertsonari dagokio idazkaritza teknikoaren titulartasuna, eta Elkargoko bulegoaren funtzionamendu egokia, berehalako zuzendaritza eta lan-kontratuko langile eta laguntzaileen koordinazioa ziurtatzea eta Elkargoaren organoek hartutako erabakiak betearaztea.

2.– Gerenteak erabakitzeko askatasuna izango du Gobernu Batzarrak finkatutako irizpideen barruan, eta hari erantzungo dio bere jardunak.

3.– Gerenteak Gobernu Batzarraren bilkuretan parte hartu ahal izango du bere eskumeneko gaien berri emateko; hitz egiteko eskubidea izango du, baina ez botoa ematekoa.

95. artikulua.– Langile lan-kontratudunen kontratazioa eta langile laguntzaileen izendapena.

1.– Eman dizkioten eginkizunak betetzeko, Elkargoak langile lan-kontratudunak eta langile laguntzaileak izango ditu.

2.– Gobernu Batzarrari dagokio, idazkariak edo gerenteak proposatuta, langile lan-kontratudunen kontratazioari edo langile laguntzaileen izendapenari buruzko erabakiak hartzea.

3.– Elkargoko langile lan-kontratudunak izango dira, lan-araudia betez eta kasu bakoitzean hitzartzen diren lanaldi eta baldintzekin, Elkargoaren ohiko eginkizunei eta haren mendeko zerbitzuei erantzuteko mendekotasun-erregimenean kontratatzen direnak.

4.– Zerbitzu-araubideko langileak izango dira araubide horretako terminoetan eta baldintzetan kontratatzen direnak.

5.– Laguntzaileak izango dira behin-behinean edo noizean behin Gobernu Batzarrari edo haren atalei beren eginkizunak hobeto betetzen laguntzen dieten Elkargoko kideak.

ZORTZIGARREN TITULUA
DIZIPLINA-ERANTZUKIZUNA

96. artikulua.– Printzipio orokorrak.

1.– Estatutu honetan, Abokatutzaren Estatutu Orokorrean, Kode Deontologikoan, Euskal Autonomia Erkidegoko tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Legean eta lanbideari aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebehar profesionalak betetzen ez dituzten abokatuei eta sozietate profesionalei diziplina-erantzukizuna egotziko zaie, eta, horrez gain, beste erantzukizun penal, zibil edo administratibo batzuk izan ditzakete.

2.– Agintaritza Judizialak abokatuen eta sozietate profesionalen gain dituen diziplina-ahalmenak lege prozesalek xedatutakoaren araberakoak izango dira.

3.– Diziplina-zehapenak, zehapen judizialak eta korporatiboak jaso egingo dira elkargokidearen edo sozietate profesionaleko kidearen espediente pertsonalean.

97. artikulua.– Diziplinazko zehapenaren eskumena eta irismena.

1.– ICAGIko Gobernu Batzarrari dagokio abokatuei diziplinazko zehapenak ezartzeko ahalmenaz baliatzea.

Gipuzkoako lurraldean gertatzen diren eta zehagarriak izan daitezkeen egite edo ez-egite guztietan erabil daiteke ahalmen hori, baita beste abokatu-elkargo batzuetako abokatuak badira ere.

2.– Elkargoko kide ez-jarduleek artikulu honetako aurreikuspenak bete beharko dituzte bere Elkargoko jarduketari lotuta aplikatzekoak zaizkien alderdi guztietan.

3.– Gobernu Batzarreko kideei zehapenak ezartzeko ahalmena Legelarien Euskal Kontseiluari dagokio, salbuespen honetan salbu: Abokatutzaren Kontseilu Nagusiko kide gisa beren eginkizunak betetzean arau-hausteak egin direnean, horrelakoetan Kontseilu Nagusiak izango baitu zehatzeko ahalmena.

4.– Arau-hausleak Zuzenbideko lizentziatu-titulua ez duelako edo abokatu jardule gisa Elkargoan sartu gabe dagoelako lanbide-intrusismoa gertatzen den kasuetan, Gobernu Batzarrak, egintza horien berri duenean, Justiziako gaietan eskumena duen Sailari jakinaraziko dio, hark dagokion espedientea instruitu eta ezarri beharreko zigorra ezar dezan; hala ere, auzitegietan egokitzat jotzen diren egintzak gauzatu ahal izango dira, egokitzat joz gero.

LEHEN KAPITULUA
ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

98. artikulua.– Abokatuen arau-hausteak.

Arau-haustetzat joko dira honako hauetan aurreikusitakoak:

• Euskal Autonomia Erkidegoko tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Legean.

• Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorreko 124., 125. eta 126. artikuluetan edo etorkizunean ordezten dituztenetan.

• Estatutu honetan, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean, Espainiako Abokatutzaren Kode Deontologikoan eta Europako Kontseiluaren Kode Deontologikoan jasotako arau eta betebehar deontologikoetan.

Eta Estatutu honetan jasotakoak, hau da:

1.– Arau-hauste oso larriak:

a) Bezeroaren interesen kontrako egintzak kulpaz gauzatzea.

b) Soilik abokatuaren esku ez dauden emaitzak eskaini edo agintzea, nahiz eta hori publizitate-egintza baten ondorio ez izan.

c) Bi urteko epean gutxienez bi arau-hauste larri egitea.

2.– Arau-hauste larriak:

a) Eskatu zaion defentsa- edo aholkularitza-enkargua profesionaltasunez eta osorik ez gauzatzea.

b) Estatutu-arauak edo Elkargoko organoek beren eskumenen esparruan hartzen dituzten erabakiak (beren eginkizunen egikaritze normala oztopatzen edo eragozten dutenak) ez betetzea.

c) Elkarrekin adostutako familia-prozedura batetik eratorritako izapidetze-, gauzatze-, errekurtso- edo aldatze-prozesuan jardutea, bi alderdien abokatu gisa esku hartu den kasuetan.

d) Beste abokatuen edo Abokatutzako gobernu-organoen edo horietako kideen, eta beren lanbidea betetzearen ondorioz harremanak mantentzen dituzten pertsona edo erakundeen duintasuna larriki laidotzea, hala nola horietako edonori fisikoki erasotzea.

e) Bi urteko epean gutxienez bost arau-hauste arin egitea.

f) Oso larritzat jotzen diren arau-hausteak, gertakariak eta inguruabarrak aztertu ondoren, arau-hauste oso larritzat jotzeko nahikoa arrazoi ez dagoela uste denean.

3.– Arau-hauste arinak:

a) Elkargoaren baitan eratutako taldeen jarduera eta jakinarazpenak berorienak direla ez identifikatzea, beren jatorriari buruz objektiboki oker pentsatzera eramaten badute.

b) Aurreko artikuluan larritzat jotako arau-hausteak, gertakariak eta inguruabarrak aztertu ondoren, arau-hauste larritzat jotzeko nahikoa arrazoi ez dagoela uste denean.

c) Estatutu honetan edo antolamendu profesionaleko arauetan ezarritako gainerako betebeharrak urratzea, edo beren eskumenak gauzatzean Elkargoak edo abokatuen kontseiluek hartutako erabakiak ez betetzea, horiek arau-hauste larritzat jotzen ez direnean.

99. artikulua.– Ofiziozko defentsa-zerbitzuaren eta abokatu-laguntzaren antolaketa-erregimenari dagozkion jarduketen arau-hausteak.

Ofiziozko txandako defentsa-zerbitzuen eta abokatu-laguntzaren antolaketa-erregimenari dagozkion jarduketetan:

1) Arau-hauste oso larriak izango dira:

a) Ofiziozko txandari eta/edo guardiei buruzko gaiak justifikatzean gezurra esatea.

b) b) ofiziozko txandaren eta/edo guardien bidez esleitutako gaiak enkargatzen zaizkionean, horiek ofiziozko txandara atxikita ez dagoen beste letratu bati eskuordetzea edo ordeztea.

c) Justifikatutako arrazoirik gabe, guardiaren egun osoan aurkitzeko edo lan egiteko moduan ez egotea.

d) Bertaratzeak eta/edo izendapenak atzitzea.

e) Zerbitzuaren funtzionamendu arrunta galarazten edo larriki aldatzen duten egintzak eta ez-egiteak.

2) Arau-hauste larriak izango dira:

a) Elkargoari ez jakinaraztea ofiziozko txandako defentsa-zerbitzuan eta abokatu-laguntzaren zerbitzuan jarduteko bateraezintasun-arrazoiren bat duela.

b) Justifikaziorik gabe, guardian eskatu zaion laguntza ez ematea.

c) Justifikaziorik gabe, zerbitzuan berandu sartzea.

d) Epaitegian epaituari laguntza ez ematea, polizia-etxean laguntza eskaini ondoren.

e) Zerbitzua baimenik gabe delegatu edo ordeztea, ordeztuaren nahiz ordezten duenaren kasuan.

f) Atxiloketa-zentroetan, polizia-egoitzetan eta egoitza judizialetan guardiako eginkizunetan laguntzea, ez dagozkion egunetan, Elkargoaren baimenik edo justifikatutako arrazoirik gabe.

g) Laguntza-parteak hilabeteko epean ez bidaltzea.

h) Doako Laguntza Juridikorako eskaera aurreikusitako epean ez aurkeztea, horrekin epaituari kalte egin bazaio.

i) Defendaezintasun-alegazioak egitea, ausarkeria nabarmenekoak direnean.

j) Elkargoari ordainsariak kobratu izana ez jakinaraztea, beste alderdiari kostuak ordaintzera zigortzen zaionean nahiz bezeroak ordaindu behar duenean, doako justizia eman edo aitortu ez zaiolako, eta letratuak aurrez dagokion sari ekonomikoa jaso duenean funts publikoen kargura.

k) Ofiziozko txandan egindako izendapenarekin lotutako gaiak jorratzeko orduan Elkargoak egindako eskakizunak ez kontuan izatea, eta partikular horri buruzko jakinarazpenak jasotzeari uko egitea, edo Elkargoaren eta abokatuaren arteko komunikazioa eragoztea edo oztopatzea.

3) Arau-hauste arinak izango dira:

a) Aurreko idatz-zatian zerrendatutako arau-hausteak, larritzat jotzeko nahikoa arrazoi ez dagoenean.

b) Elkargoari egoitza profesionala, telefono-zenbakiak edo beste edozein datu edo inguruabar aldatu izana ez jakinaraztea, horrek zerbitzuaren funtzionamendua nahas dezakeenean.

c) Aurrez ohartarazi edo justifikatu gabe, guardiatik eratorritako jarduketetara berandu joatea.

d) Abokatu-laguntzaren guardia justifikaziorik gabe ukatzea edo trukatzea.

e) Elkargoan doako laguntza juridikoaren eskaera berandu aurkeztea, horrekin epaitua kaltetu bada.

f) Laguntza-parteak hilabeteko epean ez bidaltzea.

g) Ofiziozko txandako defentsa-zerbitzuen eta abokatu-laguntza zerbitzuaren erabaki edo arau espezifikoak betetzean axolagabekeriaz jokatzea.

100. artikulua.– Sozietate profesionalen arau-hausteak.

Arau-haustetzat joko dira honako hauetan aurreikusitakoak:

• Euskal Autonomia Erkidegoko tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Legean.

• Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorreko 124., 125., 126., 129., 130. eta 131. artikuluetan edo etorkizunean ordezten dituztenetan.

• Estatutu honetan, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean, Espainiako Abokatutzaren Kode Deontologikoan eta Europako Kontseiluaren Kode Deontologikoan jasotako arau eta betebehar deontologikoetan.

101. artikulua.– Abokatuen zehapenak.

Arau-hausteak honako hauetan ezarritakoaren arabera zehatuko dira:

• Euskal Autonomia Erkidegoko tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Legean.

• Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorraren 127. artikuluan.

Kautelazko neurriak:

Doako Laguntza Juridikoko Zerbitzuen erabiltzaile batek jarritako salaketaren ondorioz diziplina-espediente bati hasiera ematen bazaio, salatutako egintzaren larritasunak hala eskatzen duenean, Abokatutzaren Estatutu Orokorraren 127. artikuluan eta urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean, erregelamenduetan edo etorkizunean horiek ordezkatuko dituztenetan xedatutakoaren arabera arautuko da.

102. artikulua.– Ofiziozko txandako defentsa-zerbitzuen eta abokatu-laguntzaren antolaketa-erregimenari dagozkion zehapenak.

Ofiziozko txandako defentsa-zerbitzuen eta abokatu-laguntzaren antolaketa-erregimenari dagozkion arau-hausteak honela zigortuko dira:

a) Arau-hauste arinak egiteagatik, abokatua zerbitzu horietatik kanpo geratuko da gehienez ere sei hilabetez.

b) Arau-hauste larriak egiteagatik, abokatua zerbitzu horietatik kanpo geratuko da sei hilabete eta egun bat eta urtebete arteko epean.

c) Arau-hauste oso larriak egiteagatik, abokatua zerbitzu horietatik kanpo geratuko da gutxienez urtebete eta egun bat eta bi urte arteko epean.

Horrelako jarduketengatik diziplina-espediente bat hasten denean, egitatearen larritasunak hala eskatzen duenean, ustez erantzule den abokatua zerbitzu horietatik kautelaz bereiztea erabaki ahal izango da, gehienez ere sei hilabetez, diziplina-espedientea ebatzi arte.

Zehapena bete ondoren, berriz ere ofiziozko txandako defentsa-zerbitzuan edo abokatu-laguntzaren zerbitzuan hasteko, abokatuak berriz hasteko eskaera egin beharko dio Elkargoari, une horretan eskatzen zaizkion baldintzak betetzen dituen espezialitateetan.

103. artikulua.– Sozietate profesionalen zehapenak.

Honako hauetan arautuko dira zehapenak:

• Euskal Autonomia Erkidegoko tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Legean.

• Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorreko 127., 128. eta 132. artikuluetan.

• Elkargoaren Estatutuan.

104. artikulua.– Proportzionaltasun-printzipioa.

Edozein zehapen ezartzean, arau-haustea eragin duen egitatearen larritasunaren eta aplikatutako zehapenaren arteko egokitasuna gordeko da. Horretarako, nolanahi ere, berrerortzea eta errepikatzea dagoen gogoan hartuko da, bereziki kontuan hartuta hirugarrenei edo lanbideari eragindako kalteen izaera eta garrantzia.

BIGARREN KAPITULUA
ZEHAPEN-PROZEDURA

105. artikulua.– Prozedura. Betearazpena. Azkentzea. Preskripzioa. Ezeztatzea.

Diziplina-erantzukizuna deklaratzeko edo ez deklaratzeko eta, hala badagokio, zehapena, betearazpena, azkentzea, preskripzioa eta ezeztatzea ezartzeko prozedura kontraesankorra honako hauek arautuko dute: Euskal Autonomia Erkidegoko tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Legeak, autonomia-erkidegoko araudiak, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrak, ICAGIren Diziplina Prozeduraren Erregelamenduak edo hura ordezten duenak, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidegoa arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

HIRUGARREN KAPITULUA
BIRGAIKUNTZA

106. artikulua.– Kanporatutako edo desgaitutako abokatuak birgaitzea.

1.– Abokatuak, diziplinazko zehapena ezarri bazaio elkargo batetik kanporatzeko, lanbidean jarduteko birgaitzea eskatu ahal izango dio Gobernu Batzarrari. Kanporatutako abokatua birgaitzeko, bost urteko epea igaro beharko da kanporatze-zehapena bete denetik, eta egiaztatu beharko da gainditu egin direla lanbide-deontologiaren arloan Elkargoak oro har ezartzen dituen prestakuntza-jarduerak, bai eta balio eta betebehar profesional eta deontologikoen duintasunik edo mespretxurik ez izatea ere. Izan ere, hori ezinbesteko baldintza izango da berriz ere lanean hasteko.

Eskaerari buruzko ebazpena emateko, inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

Kanporatze-zehapenaren ondorengo aurrekari penalak eta bete gabeko aurretiazko diziplina-zehapenak.

Zehatutako arau-haustearen ondoriozko kalte-galeren garrantzia, eta, hala badagokio, erreparaziorik eza, haien izaera kontuan hartuta.

Bezeroekin, lankideekin, agintariekin eta lanbide-erakunde korporatiboarekin duten harremanari buruzko beste edozein inguruabar, abokatuak etorkizunean lanbidean jarduteko duen jokabidearen eragina hautematea ahalbidetzen duena.

2.– Lanbidean jarduteko aldi baterako desgaikuntza ezartzen duen diziplina-zehapena jaso duen abokatuak lanbidean jarduteko birgaitzea eskatu ahal izango dio Gobernu Batzarrari, zehapenaren herena igaro ondoren, eta honako hauek hartu beharko ditu barne:

Zehatutako pertsonaren alegazioak.

Deontologia Batzordearen txostena.

Arau-hausteak kaltetutako pertsonen edo horien jaraunsle legitimoen alegazioak.

3.– Gobernu Batzarrak hilabeteko epe erkidea emango du alegazioak aurkezteko, eta hamabost eguneko epean ebatziko ditu alegazio-epea bukatu ondoren.

4.– Kanporatze-zehapena birgaitzeko prozeduraren ebazpena Gobernu Batzarraren erabaki bidez amaitu ahal izango da, hari uko eginez, guztiz adostuz edo betetzeko geratzen den epearen zati baterako birgaituz.

Birgaitzea erabakitzen bada, Gobernu Batzarrerako hautagai izateko eskubidea galtzea erabaki ahal izango da, zehapen-epe guztirako edo jatorrizko epearen zati baterako.

5.– Birgaitzeko ebazpenen berri eman beharko zaie zehapenen berri ematen zitzaien organoei.

BEDERATZIGARREN TITULUA
ESTATUTUA ALDATZEA

107. artikulua.– Ekimena.

1.– Estatutua aldatzeko ekimena dagokie:

a) Gobernu Batzarrari, bere kideen gehiengo osoak hartutako erabaki bidez.

b) Elkargokide jardule eta ez-jardule guztien ehuneko hamarrari edo gehiagori.

2.– Aldatzeko proposamena aurreko idatz-zatiko b) letran adierazitako ekimenaren arabera izapidetzen denean, proposatzen den aldaketari edo aldaketei buruzko testua aurkeztu beharko zaio Gobernu Batzarrari, dagozkion arrazoiak emanez, horretarako ezohiko batzar nagusirako deia egiteko helburu hutsarekin.

Nolanahi ere, Gobernu Batzarrak proposamenari buruzko txostena egin ahal izango du egokitasunari eta legezkotasunari dagokienez.

3.– Ezohiko batzarrerako deiarekin batera, proposatutako aldaketaren edo aldaketen testua edo testuak gehituko zaizkio, eta, hala badagokio, baita aurreko 2. idatz-zatian aurreikusitako Gobernu Batzarraren txostena ere.

108. artikulua.– Prozedura.

1.– Ezohiko batzar nagusirako deiaren eta batzarra egiten den egunaren artean hogeita hamar egun balioduneko tartea egongo da gutxienez.

2.– Batzarrerako deia argitaratu ondorengo lehen hogei egun baliodunetan aurkeztu ahal izango dira zuzenketa-proposamen arrazoituak, baldin eta gutxienez berrogeita hamar elkargokidek proposatu eta sinatu badituzte.

107.1.b) artikuluan aurreikusitako ekimena denean, Gobernu Batzarrak aldatzea proposatzen den testua mantentzea defendatu, edo zuzenketak aurkeztu ahal izango ditu. Bi kasuetan, Gobernu Batzarraren proposamena bozkatuko da lehenengo, eta, proposamen hori onartuz gero, bertan behera geratuko dira dagozkion zuzenketak.

3.– Ekimenean zehazki aipatutako artikulu edo aginduei buruzko zuzenketa- proposamenak bakarrik egin ahal izango dira. Gobernu Batzarrak ez du eztabaidarako txertatuko aurreko baldintza hori betetzen ez duen, edo formalki beteta ere, azken batean ekimenean adierazitakoez bestelako aginduetan eragina duen zuzenketarik.

4.– Zuzenketa-proposatzaileek edozein unetan aurkeztu ahal izango dituzte zuzenketa transakzionalak, baita Batzar Nagusian bertan ere.

5.– Batzar nagusia balio osoz eratzeko, gutxienez elkargokideen % 25eko quoruma osatu beharko da lehen deialdian. Bigarren deialdian ez da quorum zehatzik beharko.

6.– Botoen gehiengo soila lortzen duten zuzenketak onartuko dira.

Baztertu egingo dira, eta, beraz, ez dira bozkatuko, eztabaidatzeko unean, proposatzaile edo sinatzaileetako bakar batek ere defendatzen ez dituen zuzenketak, eta ezingo da eskuordetu sinatu ez zituztenengan.

7.– Onartu ondoren, aldaketa horien berri emango zaie Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeko 33.5 artikuluak aipatzen dituen organoei eta Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiari.

8.– Agindu honetan aurreikusitako prozedura aplikatu beharko da Estatutua partzialki nahiz osorik aldatzen denean.

HAMARGARREN TITULUA
DESEGITEA ETA LIKIDATZEA

109. artikulua.– Desegitea.

Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestua Eusko Legebiltzarraren lege bidez bakarrik desegin ahal izango da, 18/1997 Legeko 31.3 artikuluko kasuan salbu.

Elkargoa desegiteko eta likidatzeko arrazoiak izango dira:

1.– Elkargoak dituen helburuak, Estatutuetako 11. artikuluan jasota daudenak, lortzea ezinezkoa dela argi eta garbi ikustea.

2.– Elkargoko gobernu-organoak behin betiko gelditzea, eta horrenbestez, horien funtzionamendua eta horiek berritzea ezinezkoa izatea.

110. artikulua.– Likidazioa.

Elkargoa desegiteko prozedurak likidazio-aldia irekiko du, eta Batzar Nagusiak berak erabakiko du, Eusko Legebiltzarraren Legeak onar dezan, likidazioari dagokionez komenigarritzat jotzen dena. Bertan, likidatzaileen kopurua ezarri eta eginkizun hori bete behar duten elkargokideak izendatuko dira; era berean, haien eskumenak eta likidaziorako jarraitu beharreko prozedura ezarriko dira eta, hala badagokio, baita gerakinaren norakoa ere.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Estatutu hauetan aurreikusten ez den guztian honako hauek izango dira aplikatzekoak: Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak beren hurrenez hurrengo eskumen-esparruetan onartzen dituzten elkargo profesionalen legeak, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorra, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiaren Kode Deontologikoa, Europako Abokatuen Kode Deontologikoa, ICAGIren Diziplina Prozeduraren Erregelamendua eta Abokatutzaren Estatutu Profesionala erregulatzen duten gainerako arauak.

Administrazio-zuzenbideari lotutako Elkargoaren organoen erabakiei eta egintzei dagokienez, Estatutu hauetan aurreikusten ez den guztian, administrazio-legeak, administrazio-prozedura erkideari buruzkoak eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen legea beteko dira.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Gaur egungo Gobernu Batzarraren berritze partziala.

1.– Estatutu honetako 53. artikuluan xedatzen dena betetzearren, Gobernu Batzarreko kargu hauek hautetsiko dira 2022ko abenduaren 31 baino lehen:

• Dekanoa.

• 1. diputatua (dekanordea).

• 5. diputatua.

• 6. diputatua.

• 10. diputatua.

• 12. diputatua.

• 13. diputatua.

• Diruzaina edo finantzen diputatua.

2.– Gainerako karguak 2025eko ekainean hautatuko dira eta, horregatik, aurreko idatz-zatian aipatzen den kargu-berritzeak eraginik egiten ez dien gaur egungo titularrak beren karguetan mantenduko dira.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Oro har, Estatutu hauek indarrean jartzen diren egunean izapidetzen ari diren prozedurek amaitu arte jarraituko dute, hasi zirenean kontuan izandako araudiaren arabera.

Hala eta guztiz ere, Laugarren Tituluan (Elkargoaren egintzen araubide juridikoa eta haien aurkaratzea) xedatutakoa, araudi aplikagarriari, epeen zenbaketari, administrazio-zuzenbideari lotutako egintzen bete beharrekotasunari eta indarrari, Elkargoaren ebazpenak jakinarazteari eta errekurtsoei dagokien guztian, izapidetzen ari diren prozedura guztiei aplikatuko zaie Estatutu hauek indarrean jartzen direnetik.

AZKEN XEDAPENAK
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Indarrean jartzea.

1.– Estatutu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratu eta bi hilabetera jarriko da indarrean.

2.– Hala ere, Azken Xedapen honetako 1. idatz-zatia ez zaio aplikatuko Lehen Xedapen Iragankorreko 1. idatz-zatian Gobernu Batzarreko karguak berritzeari buruz xedatutakoari, eta Batzar Nagusiak Estatutu hau onartu eta berehala sartuko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Behin betiko onespena.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko organo eskudunaren eta, hala badagokio, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiaren behin betiko onarpenari dagokionez, legezkotasunari buruzko prebentziozko kontrol-eginkizunak egikarituz galdatutako aldaketak negoziatu edo onartzeko, Batzar Nagusiak Gobernu Batzarrari eskuordetzen dio horretarako ahalmena, bidezkoa dena erabaki dezan, izapide horretatik sor litezkeen aldaketak batzarrean onartu beharrik gabe, Gobernu Batzarrak berak Batzar Nagusiaren onarpena beharrezkotzat jotzen ez badu behintzat. Hala ez bada, Gobernu Batzarrak bere jarduketen eta kudeaketen berri eman beharko du lehen ohiko batzar nagusian.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren aurreko Estatutua eta Estatutu honetan aurreikusitakoaren aurkako xedapen guztiak indargabetuta geratuko dira.


Azterketa dokumentala