Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2026ko ekainaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2818

79/2026 DEKRETUA, maiatzaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen diona «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, SL» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, eta baimena ematen diena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko akzioen ordezkariei ados egon daitezen sozietatearen estatutuetako 6. artikuluaren aldaketarekin.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 110.1 artikuluak honako hau xedatzen du: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Era berean, EOLen 111.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren zuzeneko edo zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariek onartu behar dituzte estatutu sozialak, eta Gobernu Kontseiluak emango du horiek aldatzeko baimena.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Azaroaren 29ko 460/1994 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena eman zitzaion «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, SL» erantzukizun mugatuko sozietateko kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Harrezkero, Euskal Autonomia Erkidegoak % 50eko partaidetza du sozietate horren kapitalean; Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, gainerako % 50ekoa.

«Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, SL» sozietatearen xedea edozelako arte-lan eta -sorkuntza motak eskuratu eta ustiatzea da, baita arte-erakusketak eta -erakustaldiak antolatzea ere.

Sozietatearen Ezohiko Batzar Orokorrak 2026ko martxoaren 23an egindako bilkuran (ez zen aldez aurreko deialdirik egin, bazkide guztiak bertan zeudelako) erabaki zuen, besteak beste, kapital-gehikuntza bat proposatzea, beharrezko baliabideak lortzeko xedez, eta horiei esker ekin ahal izateko Bilboko Guggenheim museoaren bilduma propioko eskuratze-programari 2026ko ekitaldian. Proposamen horrek hau dakar: Eusko Jaurlaritzak sozietatean beste 3.327 partaidetza sozial harpidetzea, 1.999.560,27 euroko baliodunak guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, SL» sozietatearen kapitalean duen partaidetza-ehunekoari eutsi diezaion. Halaber, sozietatearen estatutuetako 6. artikulua aldatzea erabaki zuen, sozietatearen kapitalari buruzkoa.

3.327 partaidetza sozial horiek harpidetzeko kreditu egoki eta nahikoa dagoenez, eta lehen paragrafoan adierazitakoarekin bat, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.

Horretaz gain, kapital-gehikuntzaren ondorioz, beharrezkoa da «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, SL» sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzea, sozietatearen kapitalari dagokiona, hain zuzen.

Hori dela eta, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko maiatzaren 26an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, SL» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte har dezan, 1.999.560,27 eurorekin, sozietatearen batzar nagusiak adostutako gehikuntza osoari dagokionez; horretarako, sozietatearen 3.327 partaidetza sozial eskuratuko ditu ordainketa bakarrean –bakoitzaren balio nominala 601,01 eurokoa da–.

EAEko Administrazio Orokorrak bere gain hartutako partaidetza sozialen balio nominal osoa 2026ko maiatzaren 31 baino lehen ordainduko da, eskudirutan eta Europako moneta erkidean.

Gehikuntzaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietatearen kapitalean 71.048.397,15 euroko partaidetza izango du (118.215 partaidetza sozial). Kapital sozialaren % 50eko partaidetza izango du, eta beste % 50a Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio. Guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, SL» enpresaren kapital soziala 142.096.794,30 eurokoa izango da (236.430 partaidetza sozial).

2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko akzioen ordezkariei ados egon daitezen «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, SL» sozietatearen estatutuetako 6. artikuluaren aldaketarekin, aipatutako gehikuntzaren ondorioz kapital sozialaren zifra berriaren arabera egokitu beharko baita.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko maiatzaren 26an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.


Azterketa dokumentala