
118. zk., 2026ko ekainaren 24a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (153 KB - 6 orri.)
- EPUB (152 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Prestatu eta trebatzeko ikastaroak
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2814
EBAZPENA, 2026ko ekainaren 8koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, lanpostuan euskara erabiliz hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko deialdia egiten duena.
2024an, 19/2024 Dekretua argitaratu zen, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa (aurrerantzean, 19/2024 Dekretua). Dekretu horren hirugarren kapituluaren bigarren atalak euskararen jakite-maila frogatzeko eta ebaluatzeko bi sistema berri ezarri ditu 28. eta 29. artikuluetan. 29. artikulua da, hain zuzen, nork bere lanpostuan euskara erabiliz euskararen jakite-maila ebaluatzeko bidea zabaldu duena, hizkuntza-eskakizunak (aurrerantzean, HE) egiaztatze aldera.
Halaber, egiaztatze-sistema hori garatzeko, 2025eko azaroaren 4ko Agindua eman zuen (aurrerantzean, agindua) Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Agindu horretako 5. artikuluak hainbat zehaztapen erantsi zizkion 19/2024 Dekretuan xedatutakoari. Artikulu horretan jasota daude, beraz, sistema horren oinarrizko baldintzak eta ondorioak:
Langilearen lanpostuaren HEak derrigortasun-data izan behar du.
Langileak gutxienez urtebeteko jarduna izan beharko du lanpostuan.
Bi urtean behin bakarrik erabili ahalko du sistema hau.
Erabiltzen duen urtean ezingo da aurkeztu urte horretako IVAPeko ohiko deialdietara.
Aipatutako araudia kontuan hartuta, 19/2024 Dekretuaren 29. artikuluak ezarritako sistema gauzatzeko prozedura prestatu du IVAPeko Ebaluazio Arloak.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Lanpostuan euskara erabiliz hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko sistemaren oinarri arautzaileak onartzea, eta horien araberako deialdia egitea.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 8a.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,
LEIRE CORRALES GOTI.
LANPOSTUAN EUSKARA ERABILIZ HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA EGIAZTATZEKO PROZEDURAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da euskararen jakite-maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura bat garatzea, euskal sektore publikoko entitateetan lanpostuei esleitutako hizkuntza-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko. Hain zuzen, sistema horrek aukera ematen du lanpostuan euskara erabiliz hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko.
2. oinarria.– Aplikazio-eremu subjektiboa.
Sistema honek 19/2024 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan zehazten den aplikazio-eremua hartzen du.
Euskal sektore publikoa osatzen duten administrazio publikoek eta entitateek, euren langileen hizkuntza-eskakizunak 19/2024 Dekretuko 29. artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatzeko, aginduaren 2. artikuluak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte.
3. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.
3.1.– Entitate bakoitzak ordezkari bat izendatu behar du solaskide gisa. Ahal den heinean, hizkuntza-normalizazioko teknikaria izango da.
3.2.– Solaskideek izapidetze elektronikoaren bidez eskaera egin eta dokumentazioa aurkeztu behar dute.
Eskabideak izapidetzeko, identifikaziorako eta sinadura elektronikorako entitate-zigiluaren ziurtagiria erabili behar da (https://www.izenpe.eus/entitate-zigiluaren-ziurtagiria/webize00-cnempresas/eu/ Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin daiteke, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu behar da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/.
4. oinarria.– Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko prozeduraren urratsak.
Hauek dira HE egiaztatzeko prozeduraren oinarrizko urratsak:
Eskaera aurkeztea.
Eskaera onartzeko edo baztertzeko ebazpena ematea.
Idatzizko ekoizpena aurkeztea.
Ebaluazioa egiteko bisita-eguna eta -ordua zehaztea.
Ebaluazioa egiteko bisita egitea.
Txosten-teknikoak epaimahaiari bidali, eta epaimahaiak ebazpen-proposamena IVAPeko zuzendariari helaraztea.
Ebaluazioaren emaitza jasotzen duen ebazpena ematea.
Ziurtagiria eskuratzea.
5. oinarria.– Eskaerak.
5.1.– Eskaeren formularioa.
Eskaera entitateak egin behar du, 3.1 oinarrian aipatutako solaskidearen bitartez.
Eskaerak aurkezteko formulariorako esteka IVAPen webgunean egongo da eskuragarri, «Hizkuntza-eskakizunak» ataleko «Deialdiak» azpiatalean, «Lanpostuan HE egiaztatzeko deialdia» aukeraren barruan (Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdiak).
Eskabiderako zuzeneko esteka hau da: https://www.euskadi.eus/web01-sedeform/eu/x43kToolkitWar/form/fdp?procedureId=1267401&tipoPresentacion=1&language=eu
5.2.– Eskabideak aurkezteko epea.
Lanpostuan euskara erabiliz HE egiaztatzeko aukera izateko, eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa da, deialdia egiten duen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
5.3.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
a) Prozeduran parte hartu ahal izateko, eskabidean datu hauek jaso behar dira:
– Interesdunaren datuak (lanpostua, adina, ikasketak, egiaztatutako HE, antzinatasuna, egokitzapen-beharrak eta formularioko gainerako datuak).
– Lanpostuaren datuak, bi ataletan banatuta: batetik, lanpostuaren deskribapena (funtzioak, zereginak, ezarritako HE eta derrigortasun-data), eta, bestetik, bestelakoak (lanpostuak organigramaren barruan duen lekua eta haren kokaleku fisikoa, lan-harremanak eta horien graduazioa eta maiztasuna). Entitateak adierazi behar du interesdunak batez beste lanpostuko eginkizunen % 75 euskaraz egiten dituela.
– Solaskidearen datuak. Ahal dela, entitateko hizkuntza-normalizazioko teknikaria izango da.
b) Eskabidearekin batera, entitateak oinarri hauen eranskinean dagoen zinpeko adierazpena erantsi behar du, eta bertan adierazi behar du, besteak beste, eskabidea nork edo nortzuek bete duten. Zinpeko adierazpena entitatean hizkuntza-normalizazioaren arloko eskumena duen arduradunak sinatu beharko du. Adibidez, Eusko Jaurlaritzaren kasuan, zerbitzu-zuzendariek; udaletan, alkateek; organismo autonomoetan, zuzendariek; eta, foru-aldundietan, arloko diputatuek.
5.4.– Akatsak zuzentzea eta eskaerari oniritzia ematea.
Eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta bada, forma-akatsak badaude, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak badaude, 10 egun balioduneko epea emango zaio solaskideari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskaeran atzera egin duela eta dagokion izapidea egiteko eskubidea galdu duela jakinaraziko zaio ebazpen baten bidez.
IVAPek eskaera aztertu eta oniritzia emango dio, hala badagokio, ebazpen bidez. Ebazpen horren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, hilabeteko epean.
6. oinarria.– Idatzizko ekoizpenaren lagina.
6.1.– Oniritziarekin batera, IVAPek entitateari eskatuko dio langilearen idatzizko ekoizpenaren lagin bat bidaltzeko 5 egun balioduneko epean. Lagin hori deialdia argitaratu aurreko 12 hilabeteetan langileak bere lanpostuko zereginak betetzean sortutako idatzizko ekoizpenaren zati batek osatu behar du. IVAPek ezarriko ditu lagin bakoitzak bete beharreko ezaugarriak (dokumentu mota eta kopurua, betiere lanpostuarekin lotura zuzena dutenak).
Ez da onartuko adimen artifizialaren edota itzultzaile neuronalen laguntzaz osatutako testurik.
6.2.– Bidalitako laginak ez baditu betetzen IVAPek ezarritako ezaugarriak, entitateak 5 egun balioduneko epean zuzendu beharko du.
Zuzenketaren ondoren, lagina oraindik ez bada egokia edo agerikoa bada ez datorrela bat egiaztatu nahi den jakite-mailarekin, eskaera ukatu ahalko du IVAPek ebazpen bidez. Ebazpen horren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, hilabeteko epean.
7. oinarria.– Bisitak entitateetan.
IVAPeko bi ebaluazio-teknikarik goiz bateko bisita egingo diote entitateari, data eta ordua adostu ondoren. Entitateak gelak eta baliabideak jarri behar ditu elkarrizketak egiteko.
Lanpostuaren hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-dataren arabera egingo dira bisitak, daten hurrenkerari jarraituta, zaharrenetik berrienera. Hala ere, entitate bereko langile bik edo gehiagok ebaluazio-eskaera eginez gero, IVAPek aukera izango du langile horiek egun berean ebaluatzeko.
Interesdunari bere lanarekin lotutako idatzizko zein ahozko atazak zuzenean egiteko eskatuko zaio, bere lanpostu fisikoan bertan. IVAPek ebaluazioa egin ahal izateko, idatzizko ekoizpena jaso eta elkarrizketak grabatu egingo dira. Eskatzaileak euskaraz lan egiten duela ziurtatzeko zein haren jakite-maila neurtzeko, behaketak egingo dira, eta haren arduradunekin eta lankideekin ere elkarrizketak egingo dira.
8. oinarria.– Ebaluazioa.
8.1.– Bisita-egunean jasotako materialean oinarrituta egingo du ebaluazioa IVAPek; solaskideari aldez aurretik eskatutako materialak izaera orientagarria izango du, ez ebaluagarria.
Ez da baloratuko adimen artifizialaren zein edozein motatako itzultzaile neuronalen bitartez sortutako testurik, ezta horien laguntzaz osatutakorik ere.
19/2024 Dekretuaren 29.4 atalak ezarri bezala, IVAPi dagokio idatzizko eta ahozko ulermen- eta adierazpen-trebetasunak ebaluatzea, euskararen jakite-maila egiaztatzeko eta ebaluatzeko modu gisa, hizkuntza-eskakizuna betetzen dela egiaztatze aldera, eta, horretarako, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratua eta IVAPeko ebaluazio-irizpideak aplikatuko ditu. Hauek dira irizpide horiek:
https://www.ivap.euskadi.eus/zuzenketa-irizpideak-he/webivap00-a3heere/eu/
Ebaluazioa egiteko, beraz, bisita-egunean zuzenean sortutako ekoizpena erabiliko du IVAPek. Horrekin batera, egoerak hala eskatzen badu, eskatzaileak lanpostuan euskaraz jarduten duen edo ez egiaztatzeko teknikak erabili ahal izango ditu IVAPek.
8.2.– Egiaztatu nahi duen HE asimetrikoa baldin bada, eta HE horretako trebetasunen bat dagoeneko egiaztatuta baldin badauka langileak, egiaztatu barik daukan trebetasuna bakarrik ebaluatuko zaio.
9. oinarria.– Epaimahaia.
1.– Hauek osatuko dute epaimahaia:
Epaimahaiburua: Edurne Ramón Olano, IVAPeko zuzendariordea. Ordezkoa: Oihana Lertxundi Egurbide.
Bokala: Julián Cabezas Urquiaga, Ebaluazio Arloko burua. Ordezkoa: Irene Fernandez Maiztegi.
Idazkaria: Miren Aintzane Iturria Egaña, ebaluazio-teknikaria. Ordezkoa: Edurne Saenz de Cortazar Fernandez de Gaceo.
2.– Aholkulari espezialistak.
Epaimahaiari laguntzeko, Ebaluazio Arloko bi teknikari arituko dira bisita bakoitzean, aholkulari espezialista gisa. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik hartzen baitute parte kalifikazio-organo horretan. Epaimahaiaren jarduera Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluaren eta hurrengo artikuluen araberakoa izango da.
Bi aholkulariek txosten batean jasoko dute ebaluazioa, eta epaimahaiari igorriko diote txostena, sinatuta. Epaimahaiak, txosten horretan oinarrituta, erabaki-proposamena egin eta IVAPeko zuzendariari bidaliko dio.
3.– Abstentzio-eskubidea eta errekusatze-eskubidea baliatzeko, eskaera bidali beharko zaio IVAPi.
10. oinarria.– Ebaluazioaren emaitza.
IVAPeko zuzendariaren ebazpen batean jasoko da ebaluazioaren emaitza, eta entitateari jakinaraziko zaio. Ebazpen horren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke.
11. oinarria.– Ziurtagiriak.
11.1.– Ebaluazioaren bidez IVAPek lanpostuaren HEren jakite-maila egiaztatu badu, ziurtagiria egingo dio langileari, eta bere erregistrora bidaliko du. IVAPen erregistrotik era automatizatuan erantsiko dira Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan.
11.2.– Ziurtagiri partziala.
Desgaitasunen bat duten pertsonen kasuan, baldin eta desgaitasunaren balorazioan eta diagnostikoan eskumena duen organoak emandako txostenaren arabera ezin bazaie ebaluatu gaitasun-maila jakin bat, dela idazmenean eta irakurmenean, dela mintzamenean eta entzumenean, ez dituzte egiaztatu beharko ebaluatu ezin zaizkien adierazpen- eta ulermen-trebetasun horiek. Kasu horietan, hizkuntza-eskakizun partziala egiaztatuko zaie.
RSS