Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2026ko ekainaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
2801

88/2026 DEKRETUA, ekainaren 2koa, Giza Eskubideen «René Cassin» saria arautzen duena.

«René Cassin» sariaren helburua da jendaurrean aintzatestea eta saritzea beren ibilbide pertsonal edo profesionalarekin giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza ematen duten pertsonak edo kolektiboak.

Sariaren izena 1887ko urriaren 5ean Baionan jaiotako René Cassin jaunaren oroimenez egiten da. I. Mundu Gerrako esperientzia tragikoak biziki markatu zuen, eta gudari ohien eta gerrako biktimen defendatzaile sutsua bihurtu zen. 1948an, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren inspiratzaile nagusia izan zen, eta 1950eko Giza Eskubideen Europako Hitzarmena egiteko, funtsezko zeregina izan zuen. Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an, giza eskubideen alde egindako borroka nekaezinagatik, eta sari hori Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Institutua sortzeko baliatu zuen.

«René Cassin» sariaren lehen edizioa 2003. urtean egin zen, eta, harrezkero, urtero arautu eta deitu izan da, giza eskubideen arloan eskumena duen saileko titularraren agindu bidez.

2013 eta 2024. urteen artean, «René Cassin» sariaren urteko deialdia urriaren 16ko 427/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera egin zen (Giza Eskubideen «René Cassin» saria arautzen du).

«René Cassin» sariaren deialdien 20 urte baino gehiagoko ibilbide honetan, epaimahaiak eta giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzak metatutako esperientziak agerian uzten du saria esleitzeko baldintzak aldatzea komeni dela. Helburua da hautagaitza gehiago aitortzea eta giza eskubideen aldeko pertsona eta erakunde aktibisten parte-hartzea handitzea.

«René Cassin» sariaren ibilbideko urte hauetan, emakumeen parte-hartzea eta ekarpen soziala nabarmendu dira, hautagaitzen bidez. Saria 2003. urtean banatu zen lehen aldian, emakumez osatutako erakunde bat saritu zuten. Hurrengo urteetan, «René Cassin» saria sei emakumeri, bi emakume-elkarteri eta LGTBI kolektiboko elkarte bati eman zaie. Horregatik, hautagaitzak baloratzeko irizpideen artean, «hautagaitzak emakumeen eskubideetan izan duen eragina» mantentzen da, eta honako hau erantsi: «hautagai-zerrendaren ibilbidean Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.3 artikuluan ezarritako printzipioak» (gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, kolektibo minorizatuak, ikuspegi intersekzionala, batez ere generoarena) aplikatzea.

Dekretu berriak, dirulaguntzen arloan indarrean dagoen legeriara egokituta eta prozesuaren parte-hartzea eta gardentasuna handituta, alderdi garrantzitsuak jasotzen ditu, bai araugintzakoak, bai operatiboak, hala nola: edizio bakoitzean bi sari emateko aukera, bata pertsona fisiko batentzat eta bestea pertsona juridiko batentzat, eta azken hiru edizioetan aurkeztutako hautagai-zerrendetara jotzeko aukera. Deialdi batean hautagaitza egokirik aurkezten ez bada, epaimahaiak azken hiru urteetan hautagai izan diren eta sarituak izan ez diren pertsonak edo erakundeak hautatu ahal izango ditu.

Hala ere, malgutasunari eusten zaio, epaimahaiak, egiaztatutako merezimenduen arabera, saria pertsona fisiko edo juridiko bati eman diezaion.

Dekretuak atzerriko pertsona eta erakundeei edo egoitza kanpoan dutenei irekitzen die partaidetza, baldin eta tokiko, erkidegoko edo estatuko erakunde baten bidez aurkezten badira eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio- eta sinadura elektronikoko bitartekoak badituzte. Horrek sariaren nazioarteko proiekzioa errazten du, bai eta giza eskubideen aldeko ekimen globalak sartzea ere.

Beste berrikuntza esanguratsu bat saridunek saria lortu eta hurrengo bi edizioetan sariaren sustapenean eta ikusgarritasunean laguntzeko hartzen duten konpromisoa da. Konpromiso horren helburua da sariaren aintzatespen publikoa indartzea eta gizarte-kontzientziazioa sustatzea giza eskubideen arloan, eta Administrazioak antolatutako ekitaldi instituzionaletan, informazio-kanpainetan edo sentsibilizazio-jardueretan parte hartuz gauzatu daiteke.

Giza eskubideen «René Cassin» saria arautzen duen dekretu berria aurrerapauso bat da gardentasunean, parte-hartzean eta aintzatespenean, egungo araudi-eskakizunekin lerrokatuz eta saria hautagai-aniztasun handiago bati irekiz. Erantzukizunpeko adierazpena eta hedatzeko konpromisoa bezalako eskakizunek sariaren prestigioa eta gizartean duen eragina indartzen dituzte.

Azkenik, dekretu berriak alderdi arauemaile eta operatibo garrantzitsuak jasotzen ditu, dirulaguntzen arloan indarrean dagoen legeriara egokituz eta prozesuaren parte-hartzea eta gardentasuna indartuz. Aldaketa horien helburua da «René Cassin» sariak gure gizartean giza eskubideekiko konpromisoa ikusarazteko eta aitortzeko tresna eraginkorra izaten jarraitzen duela bermatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 20. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Justizia eta Giza Eskubideen Sailari dagokio giza eskubideak sustatzeko eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko politika publikoa bultzatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak sustatzea, aurreko paragrafoetan zerrendatutako gaietan.

Ondorioz, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2026ko ekainaren 2an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Dekretu honen xedea da «René Cassin» saria arautzea. Sari horren helburua da irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoek, publiko zein pribatuek, giza eskubideen arloan egindako jarduera nabarmena jendaurrean aitortzea.

2. artikulua.– Sariaren ezaugarriak.

1.– Epaimahaiaren irizpidearen arabera, saria irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko publiko zein pribatu bati ematen zaio, baldin eta horretarako merezimendu nahikoak egiaztatzen baditu.

2.– Saria saritutako pertsona fisiko edo juridiko bakoitzarentzako ohorezko aipamen batek, aintzatespen publiko batek eta diru-zenbateko batek osatzen dute.

3.– Diru-zenbatekoa ordainketa bakarrean ordainduko da, saria eman ondoren.

3. artikulua.– Deialdia.

1.– Urtero, sariaren deialdia egingo da, giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpen bidez.

2.– Ebazpen horretan honako hauek ezarriko dira: sariak dakarren diru-zenbatekoa, hautagaitzak aurkezteko eskatzen diren baldintza zehatzak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, hautagaitzak aurkezteko epea, modua eta lekua, eta epaimahaiaren osaera.

3.– Era berean, deialdiaren ebazpenak ezarriko du pertsona fisiko edo juridikoei, sari bakarra emango zaien, edo bi sari emango diren, bata pertsona fisikoentzat eta bestea pertsona juridikoentzat.

4.– Deialdiaren ebazpenak saria barne hartzen duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aipatuko du, eta saria emateak planaren helburuak lortzen nola laguntzen duen adieraziko du.

4. artikulua.– Hautagaitzak aurkeztea.

1.– Saria jaso ahal izango dute beren jarduera eta ibilbidearekin gure gizartean giza eskubideen balioak sustatzen laguntzen duten edo nabarmen lagundu duten irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatuek.

2.– Saria lortu nahi duten irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoek, publiko edo pribatuek, nahiz beste edozein pertsona fisiko edo juridikok, publiko edo pribatuk aurkez ditzakete hautagaitzak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan horretarako prestatutako eredua erabiliz aurkeztu beharko dira. Eredu hori nahitaez erabili beharko da kasu guztietan.

Pertsona juridikoek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute hautagaitza, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 14.2 artikuluarekin bat etorriz.

Manu horretan sartzen ez diren pertsona fisikoek aukera izango dute aurkezpena telematikoki egiteko, egoitza elektronikoaren bidez, edo aurrez aurre, gaitutako herritarrentzako arreta-bulegoetan.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Atzerriko edo atzerrian bizi diren irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoek, publiko zein pribatuek, parte hartu ahal izango dute, baldin eta eskabidea pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatu baten bidez aurkezten bada eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-bitartekoak eta sinadura elektronikoa baditu.

4.– Hautagai-zerrenda, dagokion dokumentazioarekin batera, euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango da, pertsona fisiko edo juridiko eskatzailearen aukeran. Prozedura osoan, hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Honako hauek aurkeztu beharko dira sarirako hautagai bakoitzarekin batera:

a) Sarirako proposatutako hautagaitzaren ekarpena egiaztatzen duen dokumentazioa.

b) Hala badagokio, hautagai-zerrendak aurkezten dituztenek proposatutako hautagaitzaren alde aurkezten dituzten abalak edo atxikimenduak.

c) Hautagai gisa proposatutako pertsona fisikoak edo juridikoak sari honetan parte hartzearekin ados dagoela adieraztea.

d) Parte hartzeko adostasun-adierazpenaz gain, hautagai diren pertsona fisiko edo juridikoek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, haren bidez adierazteko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuen eraginpean ez daudela.

e) Aurreko paragrafoetan aipatutako dokumentazioarekin eta adierazpenekin batera, hautagai diren pertsona fisiko edo juridikoek, saria lortuz gero, konpromisoa adierazi beharko dute saria sustatzen eta ikusgai jartzen laguntzeko hura lortu eta hurrengo bi edizioetan.

5. artikulua.– Sariaren kudeaketa.

1.– Giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritza da saria emateko prozedura kudeatzeko organoa.

2.– Giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritza atxikita dagoen sailburuordetzak edo goragoko organoak du saria ematea ebazteko eskumena.

3.– Dirulaguntza kudeatzeko eta emateko, printzipio hauek hartuko dira kontuan: publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza. Halaber, ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasun-printzipioa eta baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia-printzipioa beteko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Saria merezi duen pertsona fisikoa edo juridikoa erabakitzeko, epaimahai bat eratuko da. Giza eskubideekin zerikusia duten ospe handiko 9 pertsonak osatuko dute, eta giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez izendatuko dira.

2.– Epaimahaiaren osaera sariaren deialdiaren ebazpenean jakinaraziko da, eta trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango du.

3.– Epaimahaiburua sailburuordetzaren titularra izango da, edo giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzari atxikita dagoen goragoko organoa. Giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularra izango da idazkaria, eta hitza izango du, baina botorik ez.

4.– Epaimahaiaren funtzionamendua, deialdiei, aurrez aurreko edo urrutiko saioei, bertaratzeari, quorumari, erabakiak hartzeari eta aktei dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoaren arabera arautuko da.

5.– Emandako botoen gehiengo sinplez hartuko dira erabakiak, eta gerta litezkeen berdinketak epaimahaiburuak ebatziko ditu. Idazkariak hartzen diren jarduera eta erabaki guztien akta egingo du, saria emateko proposamen arrazoitua idatziko du, eta epaimahaiburuari aurkeztuko dio, sina dezan.

6.– Epaimahaiko kideak abstenitu egingo dira eta errekusatuak izan daitezke Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

7.– Epaimahaikideek, bileretan, gaztelania eta euskara erabili ahal izango dituzte. Halaber, deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta beste idazki batzuetan Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

7. artikulua.– Saria emateko prozedura.

Giza eskubideen «René Cassin» saria norgehiagoka-prozeduraren bidez emango da, lehiaketa-erregimenean, dekretu honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Hautagaitzak baloratzea eta esleipen-proposamena egitea epaimahaiari dagokio, 9. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Merezimenduak baloratzeko orduan, alderdi kualitatiboak eta konparatiboak aztertuko dira, sariaren ohorezko izaera eta aintzatespen-izaera kontuan hartuta.

8. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Saria emateko proposamena egiteko, epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Proposatutako pertsona fisiko edo juridikoak luzaroan parte hartu izana jarduera garatzen duen edo garatu duen giza eskubideen eremuan.

b) Giza eskubideen balioak garatzeko egindako jarduerak berezko garrantzia izatea.

c) Proposatutako pertsona fisiko edo juridikoak egindako jarduerak edo ibilbideak oihartzuna eta eragina izatea EAEko gizartean eta nazioartean.

d) Hautagaitzaren ibilbideak emakumeen eskubideetan izan duen eragina.

e) Hautagaitzaren ibilbidean Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.3 artikuluan ezarritako printzipioak aplikatzea (gizonen eta emakumeen berdintasuna, kolektibo minorizatuak, ikuspegi intersekzionala, bereziki generoarena).

9. artikulua.– Epaimahaiaren txostena.

1.– Epaimahaiaren txostenak adieraziko du zer arrazoi duen aurreko artikuluan jasotako balorazio-irizpideetan oinarrituta hartutako erabakia justifikatzeko, eta, hala badagokio, saritutako pertsona fisiko edo juridikoaren ibilbidearen balorazioa egingo eta hura saritzeak duen esanahia adieraziko du.

2.– Epaimahaiak, halaber, bere txostenean proposatu ahal izango du saria eman gabe uztea proposatutako pertsona fisiko edo juridikoek saria merezi ez dutela uste duenean.

3.– Hautagaitzarik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak egokitzat jotzen ez badira, edo baldintzak betetzen ez badituzte, epaimahaiak azken hiru urteetan hautagai gisa aurkeztu diren eta saririk jaso ez duten pertsona fisiko edo juridikoei saria ematea proposatu ahal izango du.

Giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzak aurreko paragrafoan aipatutako hautagaitzei eskatuko die 4.5 artikuluko a), c), d) eta e) letretan ezarritako betekizunei buruzko dokumentazioa eguneratzeko.

4.– Epaimahaiak saria esleitzeko proposamena jasotzen duen txostena helaraziko dio giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzari.

10. artikulua.– Saria ematea.

1.– Epaimahaiak sariduna proposatzen duen txostena egin ondoren, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori irabazle izateko proposatutako pertsona fisiko edo juridikoari jakinarazi beharko zaio, eta hamar eguneko epea emango zaio saria onartzeko.

Onarpena epe barruan egiten bada, organo kudeatzaileak behin betiko ebazpen-proposamena igorriko dio saria emateko prozedura ebazteko eskumena duen organoari.

Epe hori igarotakoan ez bada berariazko onarpen-jakinarazpenik egin, edo proposatutako pertsona fisikoak edo juridikoak uko egiten diola adierazten badu, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta saria eman gabe utziko du.

2.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, saria emateko prozedura ebazteko eskumena duen organoak saria emateko edo eman gabe uzteko ebazpena emango du.

3.– Behar bezalako publikotasunaren ondorioetarako, ebazpena, saria ematekoa edo eman gabe uztekoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Saria gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Epe hori igaro eta saria emateko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, hautagaitzak ezetsitzat jo ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

11. artikulua.– Saria ematea eta aintzatespen publikoa.

Giza eskubideen arloan eskumena duen zuzendaritzak horretarako antolatutako ekitaldi publikoan emango da saria.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da urriaren 16ko 427/2013 Dekretua, Giza Eskubideen «René Cassin» saria arautzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi osagarria.

Dekretu honetan berariaz arautzen ez den guztirako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren indarreko gainerako arauak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko ekainaren 2an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala