Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2026ko ekainaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2796

EBAZPENA, 2026ko ekainaren 5ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena UPV/EHUko Enpresak sortzeko arautegia argitaratzeko dena.

2026ko maiatzaren 13an egindako osoko bilkuran, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak UPV/EHUko enpresak sortzeko arautegia onartu zuen, bilkuran aurkeztutako moduan.

Era berean, Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiak adierazten du, arautegiaren argitalpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian egitea, eta indarrean jartzea argitaratzen den egun berean.

UPV/EHUko Estatutuetako 187.1.d) artikuluak idazkari nagusiari esleitzen dio UPV/EHUren akordio guztien publikotasuna bermatzea. UPV/EHUko Estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluari dagokio araudi berriak onartzeko eskumena.

Horregatik guztiagatik,

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– UPV/EHUko enpresak sortzeko arautegia, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2026ko maiatzaren 13ko bilkuran onartutakoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko bidaltzea, eranskinean jasotako baldintzetan.

Bigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa baino ezin izango da aurkeztu ebazpena eman zuen organo beraren aurrean, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke jurisdikzio-ordena horretako epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta ezin izango dira biak aldi berean aurkeztu.

Leioa, 2026ko ekainaren 5a.

UPV/EHUko idazkari nagusia,

LEIRE GARMENDIA ARRIETA.

ERANSKINA
ENPRESAK SORTZEKO ARAUTEGIA
ZIOEN AZALPENA

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (aurrerantzean, UPV/EHU) Estatutuen arabera, erakundearen helburuetako bat da: «Jakintza sortu, kritikatu eta zabaltzea eta jakintzaren aurrerabidea eta gizartearen garapena sustatzea, ikerketaren bitartez eta ikerketaren emaitzak gizarteratuz.» Alde horretatik, ikerketa –ezagutza sortzeko eta gizarteratzeko baliabidea– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen funtsezko eginkizunetako bat da, irakasleen eta ikertzaileen eskubidea, bai eta betebehar bat ere, haien arduraldiaren eta ikasketa mailaren araberakoa.

Ezagutzan oinarritutako enpresen sustapena lehentasun bihurtu da azken urteetan botere publikoentzat, eta horrek lege-esparruaren berrikuspena ekarri du, unibertsitateei eta ikerketa publikoko ekosistema osoari aplikatu beharreko araudietatik eratorritako zenbait murrizketa kentzeko. Bereziki, Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak jarduketa gisa ezartzen du patenteak sortzeko eta ezagutzan oinarritutako erakunde edo enpresak sortzeko politikak sustatzea, eta adierazten du unibertsitateek parte hartu ahal izango dutela patenteetatik edo guztiz edo partzialki funts publikoekin finantzatutako eta unibertsitateetan egindako ikerketen emaitzetatik abiatuta garatutako ezagutzan oinarritutako erakunde edo enpresetan.

Esparru horretan, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak ezartzen du unibertsitateek enpresak sortu edo enpresen sorreran parte hartu ahal izango dutela, eta jarduera horietan irakasle eta ikertzaileek parte hartu ahal izango dutela, honako helburu hauekin: unibertsitateko ikerketa eta emaitzen hedapena sustatzea eta bultzatzea; enpresetan kalitatearen eta berrikuntzaren kultura sustatzea; eta, hobekuntza teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez, enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea. Era berean, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legeak (irailaren 5eko 17/2022 Legeak aldatua) mekanismoak arautu ditu unibertsitate komunitateko kideen mugikortasuna ahalbidetzeko eta unibertsitate-titulartasuneko ikerketaren emaitzen transferentzia arintzeko.

Egungo testuinguruan, kontuan harturik Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikertaldeen eta sailen etengabeko ezagutza eta teknologia sorkuntza, komeni da politika propio bat edukitzea, ekintzailetza arautu eta bultzatzeko, helburua izanik bultzada ematea, bai irakasle-ikertzaileek emaitzen ustiapenean duten inplikazioari, bai gizarteak unibertsitatean sortutako ezagutza berriak eskuratzeko aukerari.

Jarduera horiek bultzatzeko, arautegi hau behar da, arautzeko bai unibertsitate komunitateko kideek eta egresatuei Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean enpresak sortzeko modua, bai enpresa horietan parte hartzeko baldintzak. Hori dela eta, Gobernu Kontseiluak onespena eman dio Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean enpresak sortzeko arautegi honi.

AURRETIKO TITULOA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Arautegiaren xedea eta aplikazio eremua.

Arautegi honen xedea UPV/EHUren baitan sortutako enpresa proiektuei aplikatu beharreko araubide juridikoa ezartzea da, bai eta unibertsitateak berak eta unibertsitate komunitateko kideek enpresa horietan parte hartzeko formulak eta proiektu horiekiko harreman esparrua ezartzea ere.

2. artikulua.– Definizioa.

2.1.– Arautegi hau UPV/EHUk onartutako edo halakotzat aitortutako enpresa proiektu mota hauei aplikatuko zaie:

a) Spin-offa: UPV/EHUk sustatutako edo ikerketako langileek eskatuta sortutako enpresa, helburua izanik UPV/EHUren baitan sortutako emaitzen ustiatzea. Hala badagokio UPV/EHU enpresa hauek sortu edo parte hartu ahal izango du.

b) Start-upa: Unibertsitate komunitateko kideek edo egresatuek partaidetutako enpresa, UPV/EHUren emaitzak ustiatzeko helbururik gabe.

2.2.– Arautegi honen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan:

a) Ikerketako langileak: UPV/EHUko ikertzaileak, teknikariak eta kudeatzaileak.

b) Ikertzaileak: ikerketa jarduera egiten duten UPV/EHUko langileak, jarduera hori ulertuta modu sistematikoan eginiko sormen lan gisa, ezagutzen bolumena handitzeko –barne harturik gizakiari, kulturari eta gizarteari buruzkoak–, ezagutza horien bidez aplikazio berriak sortzeko, eta ezagutza horiek transferitu eta zabaltzeko.

c) Kudeatzaileak: ikerketarekin, garapenarekin eta ezagutzaren eta berrikuntzaren transferentziarekin loturiko kudeaketa, administrazio eta zerbitzu funtzioak betetzen dituzten UPV/EHUko langileak.

d) Teknikariak: ikerketan laguntzeko langileak eta ikerketan, garapenean eta berrikuntzan lankidetza eta asistentzia funtzioak dituzten administrazioko langileak.

e) Egresatuak: titulua aurreko bost urteetan lortu duten edo enpresa sortzeko edo enpresan aritzeko unean gehienez 35 urte dituzten UPV/EHUko tituludunak.

f) UPV/EHUko langileak: UPV/EHUko irakasle-ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak.

g) Unibertsitate Komunitateko kideak: UPV/EHUko ikasleak eta langileak.

h) Emaitzak: ikerketako langileek UPV/EHUn akademia, irakaskuntza eta ikerketa jardueren ondorioz garatutako edo lortutako teknologia, ezagutza, prozesu edo emaitza oro.

I. TITULUA
SPIN-OFFAK SORTZEKO EDO PARTE HARTZEKO ESPARRU JURIDIKOA
I. KAPITULUA
SPIN-OFFAK SORTZEKO ETA JADA SORTUTAKOETAN PARTE HARTZEKO PROZEDURA

3. artikulua.– Baimen eskaera.

3.1.– UPV/EHUko Ikerketako Langileek, baldin eta interesa badute i) UPV/EHUren emaitzen ustiapen komertzialerako spin-off bat sortzeko UPV/EHUren partaidetzarekin edo ii) UPV/EHUren emaitzen ustiapen komertziala xede duen eta jada sortutako enpresa batean parte hartzeko, dagokion Baimen eskaera aurkeztu beharko dute, informazio honekin:

a) Bazkideen edo talde ekintzailearen, UPV/EHUrekin duten lotura aipatuta, eta bateraezintasunen araudia betetzen dutela dioen adierazpena.

b) Spin-offaren proiektuaren garapenaren esparruan ustiatu nahi diren UPV/EHUren emaitzen deskribapen memoria, bai eta UPV/EHUkiko aurreikusitako lankidetzena ere; hala nola, lankidetza kontratuak, egresatuen kontratazioa, praktiketan ari den ikasleria edo industria doktorego tesiak. Memoriak jaso beharko du spin-offak UPV/EHUren kode etikoa betetzen duela adierazten duen deklarazioa.

c) Bazkideen itunaren proposamena eta emaitzen transferentzia kontratuaren zirriborroa edo, hala badagokio, UPV/EHUrekin aurrez sinatutako transferentzia kontratuaren kopia.

d) UPV/EHUk spin-offean parte hartzeko edo spin-offa sortzeko eskaria.

e) UPV/EHUko Ikerketa Langile diren eta spin-offean parte hartu nahi duten ekintzaile taldeko kideen baimen eskariak, hala badagokio:

– bateraezintasunen araudia ez aplikatzeko eskaria (53/1984 Legea), administrazio kontseiluetako edo gobernu organoetako kide izateari eta/edo enpresaren kapitalaren % 10etik gorako partaidetzari dagokionez;

– Spin-offean zerbitzuak emateko bateragarritasun baimena eskatzeko eskaera.

f) Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen inkubazio espazioak erabiltzeko eskaria, hala badagokio.

g) Honako hauek bilduko dituen enpresa plana:

– Bideragarritasun teknikoko azterlana, kontuan harturik arriskuen prebentzioa, ingurumen kudeaketa... bezalako gaiak, indarreko legediaren eta arautegi espezifikoaren arabera.

– Bideragarritasun ekonomiko-finantzarioko azterlana, honako hauek ebaluatuta: proiektuaren potentzial ekonomikoa, finantzaketa alternatiba bideragarriak, beharrezko inbertsio aurreikuspenak, eta lehen urteetako salmenten, gastuen eta kutxa fluxuen aurreikuspena, aurreikusitako errentagarritasun tasa adierazita.

– Bideragarritasun estrategikoko azterlana, proiektuaren abantaila lehiakorrak azalduta, arrakastaz txertatzeko jomuga duen merkatuan.

h) Enpresa jada sortu bada:

– Enpresa eratzeko eskritura.

– Konpainiaren Estatutu Sozialak eta enpresako bazkideek sinatutako Itun Parasozialak.

– Zerga Agentziaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ziurtagiriak, enpresak bi administrazioekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen dutenak.

– Azken lau ekitaldietako urteko kontuak eta memoria, halakorik egonez gero.

3.2.– Ekintzaile taldeko kideren batek lan edo estatutu lotura badu beste erakunde publiko batekin, dagokion baimena eskatu beharko dio bertan aplikatu beharreko araubidearen arabera parte hartu ahal izateko.

4. artikulua.– Spin-off proiektuaren analisia.

4.1.– Behin eskaera aurkeztuta, Ezagutzaren Transferentzia Bulegoak aztertuko du enpresa proiektuaren bideragarritasuna; bereziki, ezagutzari, merkatuari eta finantza arloari buruzko gaiak.

4.2.– Analisi horretan oinarrituta, Ezagutzaren Transferentzia Bulegoak Justifikazio memoria bat idatziko du, honako hauek barne hartuta:

a) Enpresa ezagutzan oinarritutako enpresatzat jotzea, hala badagokio, ustiatu nahi diren emaitzen izaeraren eta enpresak garatuko duen jardueraren arabera, bai eta Unibertsitatearekin aurreikusitako lankidetzaren balorazioa ere.

b) Enpresarekin sinatuko edo sinatzeko dagoen bazkideen itunaren eta emaitzen transferentzia kontratuaren proposamenaren balorazioak.

c) UPV/EHUk enpresaren kapital sozialean parte hartzeko eskariaren balorazioa. Balorazioa positiboa bada, enpresaren kapitalerako ekarpenen proposamena.

d) Ikerketa langileentzat bateraezintasunen araudia ez aplikatzeko eta spin-offean zerbitzuak emateko eskariaren balorazioa.

e) UPV/EHUren inkubazio espazioetan instalatzeko eskariaren balorazioa, hala badagokio.

f) Enpresaren bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioaren balorazioa, bidalitako Negozio Planaren eta, enpresa jada eratuta badago, jasotako informazioaren arabera.

4.3.– Ikerketa Langileek bidalitako Baimen eskaera, Ezagutzaren Transferentzia Bulegoaren Justifikazio memoriarekin batera, transferentzia eta ekintzailetzaren arloko errektoreordetzari bidaliko zaio.

5. artikulua.– Spin-offak baimentzeko prozedura.

5.1.– Transferentzia eta ekintzailetzaren arloko errektoreordetzaren titularrak, dagokion administrazio-espedientea izapidetu ondoren, parte hartzen duten unibertsitate organo edo egituren txostenak jasota, Gobernu Kontseiluari bidaliko dizkio Ikerketa Langileek aurkeztutako Baimen eskaera, Ezagutzaren Transferentzia Bulegoaren Justifikazio memoria eta administrazio espedienteko txostenak. Gobernu Kontseiluak, ebaluatu ondoren, enpresa sortzeko edo bertan parte hartzeko proposamena onartu edo ukatuko du. Balorazioa positiboa bada, proposatuko dira (aurrerantzean, «Proposamena») spin-offa sortzeko edo bertan parte hartzeko baldintzak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen alde egokitzat jotzen diren kontraprestazioak, eta hala badagokio, Ikerketa Langileentzako dagokien baimena.

5.2.– Gobernu Kontseiluaren Proposamena UPV/EHUko Gizarte Kontseiluari bidaliko zaio. Gizarte Kontseiluak berrikusi egingo du eta, ados badago, spin-offa sortzeko eta UPV/EHUk eta haren ikertzaileek bertan parte hartzeko edo jada sortutako spin-offetan UPV/EHUk parte hartzeko baimena emango du.

5.3.– Gobernu Kontseiluak oniritzia eman ahal izango dio spin-off proiektuari, UPV/EHUren akzio partaidetzarik gabe. Kasu horretan, emaitzen transferentzia kontratua sinatuko dute unibertsitateak eta spin-offak.

5.4.– Gizarte Kontseiluaren onespen erabakia eskatzaileei jakinaraziko zaie, bai eta dagokion organo eta administrazio zerbitzuei ere, akordioa gauzatzeko beharrezko alderdi formal guztiak gara ditzaten.

6. artikulua.– Spin-offaren eratzea.

6.1.– UPV/EHUren partaidetza duten spin-offeko bazkide guztiek bazkideen ituna sinatu beharko dute, spin-offa sortu aurretik edo UPV/EHU haren kapital sozialean sartzen den une berean.

6.2.– Spin-offaren eratzeak aldez aurretik emaitzen transferentzia kontratua formalizatzea ekarriko du; bertan arautuko dira UPV/EHUren emaitzen transferentzia spin-offaren alde nola gauzatuko den zehazten duten baldintzak.

II. KAPITULUA
UPV/EHUREN PARTAIDETZA SPIN-OFFEAN

7. artikulua.– Spin-offaren kapital sozialean parte hartzea.

7.1.– Unibertsitateak spin-offaren kapital sozialean parte hartzeko UPV/EHUren baimenak ezarriko du nola eta zer baldintzatan eskuratuko den partaidetza.

7.2.– Spin-offaren kapital sozialean duen partaidetza bere gain hartzeko, UPV/EHUren ekarpenak diru ekarpen zuzenak edo ondasun edota eskubideen ekarpenak izan daitezke; hala nola spin-offaren jarduerarako behar diren UPV/EHUren emaitzak, merkatuko balioaren arabera balioetsiak.

7.3.– UPV/EHUk spin-offean duen partaidetza unibertsitateak berak hartu ahal izango du bere gain zuzenean, edo zeharka, unibertsitateak erabat kontrolatutako erakunde baten bidez.

7.4.– UPV/EHUk partaidetutako enpresek urtero bidali beharko dizkiote kontuak eta kudeaketa txosten bat Ezagutzaren Transferentzia Bulegoari, bai eta legez eskatutako beste edozein dokumentu ere.

8. artikulua.– Administrazio organoan parte hartzea.

8.1.– UPV/EHUk spin-offaren kapital sozialean parte hartzeak berekin ekar dezake unibertsitatearen ordezkariak administrazio organoan egotea.

8.2.– Unibertsitateak bere gain izango du spin-offaren administrazio organoan dituen ordezkariak izendatzea eta, hala badagokio, ordezkatu edo kargutik kentzeko ahalmena. Indarrean dagoen araudiaren arabera, izendapenak bateragarritasun baimena ekarriko du.

8.3.– UPV/EHUk spin-offaren administrazio organoan ordezkari bat izendatzeari uko eginez gero, UPV/EHUk beretzat gordeko du organo horretan behatzaile bat izendatzeko ahalmena, eta behatzaile horrek bileretan parte hartu ahal izango du, hitzarekin baina botorik gabe.

8.4.– UPV/EHUk hazi kapitaleko funts bat sortu ahal izango du bere aurrekontuekin edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin eginiko akordioekin, enpresak sortzen eta finantzatzen laguntzeko.

9. artikulua.– Bazkideen ituna.

9.1.– UPV/EHUren partaidetza duten spin-offen bazkide guztiek bazkideen ituna sinatu beharko dute spin-offa sortu aurretik edo UPV/EHU haren kapital sozialean sartzearekin batera. Itun horretan zehaztuko dira, besteak beste, spin-offaren administrazio eta gobernu arauak, eta UPV/EHU spin-offaren bazkide gisa babesteko mekanismoak, kontuan harturik arautegi honetan, araudi aplikagarrian eta Gizarte Kontseiluaren baimen akordioan ezarritakoak.

9.2.– Bazkideen itunak horrelako kontratuetan ohikoak diren interes publikoaren defentsan aintzat hartuko ditu jardunbide egokiak ezarriko ditu.

9.3.– Bazkideen itunak bazkide berriek itunarekin bat egiteko betebeharra jasoko du, UPV/EHUk espresuki kontrakoa onartu ezean.

10. artikulua.– Parte-hartzearen jarraipena.

10.1.– UPV/EHUk spin-offean zuzenean edo zeharka parte hartzean, edo emaitzak transferitzeko kontratua indarrean egon bitartean, spin-offak konpromisoa hartuko du Ezagutzaren Transferentzia Bulegoaren aurrean informazio betebehar hauek betetzeko, bere kontrol eta jarraipenari begira:

a) Urteko kontuak urtero igortzea, bai eta bere jardueraren bilakaera jasotzen duen kudeaketa txosten bat ere, bereziki aipatuta finantza alderdiak, teknologiaren edo ezagutzaren garapena eta langileen kontratazioa, Ezagutzaren Transferentzia Bulegoak ezarritako parametroetan oinarrituta.

b) Informazioa bidaltzea spin-offaren kapital sozialaren konposizioan edo UPV/EHUren partaidetza ehunekoan aldaketak eragin ditzaketen operazioen aurretik.

10.2.– Spin-offak bidalitako informazioa ikusirik, UPV/EHUk, egoki iritziz gero, auditoriak eskatu ahal izango ditu, ekonomikoak nahiz teknologikoak.

III. KAPITULUA
EMAITZEN TRANSFERENTZIA

11. artikulua.– Emaitzen transferentzia kontratua.

11.1.– UPV/EHUren emaitzen erabilera eta ustiapen komertzialaren eskubideen transferentzia ekainaren 1eko Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 14/2011 Legearen 36 bis artikuluan ezarritako prozeduraren eta baldintzen arabera egingo da.

11.2.– Spin-offaren alde egingo den transferentziaren baldintzak eta UPV/EHUri dagokion kontraprestazioa Gizarte Kontseiluak ezarritako baldintzen arabera, Transferentzia Kontratu batean formalizatuko dira.

11.3.– Emaitzen transferentzia kontratuak kontuan izango ditu interes publikoa babesteko ahalmenak, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legean aurreikusitakoak, bai eta era honetako kontratuetan ohikoak diren jardunbide egokiak ere. Bereziki, UPV/EHUk beretzat gordeko ditu ‘ondasun hobeko’ eskubidea, itzultze eskubidea (interes publikoaren aurkako ustiapen edo ustiapen faltaren kasuan) eta irakaskuntza eta ikerketa jardueretarako doako lizentzia bat.

IV. KAPITULUA
UPV/EHUREN IRTEERA SPIN-OFFETIK

12. artikulua.– Spin-offetik irteteko eskubidea.

12.1.– UPV/EHUk Bazkide Itunean gordeko du spin-offaren akziodun egituratik irteteko ahalmena, bereziki kontratu betebeharrak ez betez gero, jarduera uzten bada edo spin-offak garatutako jarduera UPV/EHUren printzipio gidarien aurkakoa bada. UPV/EHUren irteerak Erregelamendu honetako 5. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aurreikusitako prozedura jarraitu beharko du.

12.2.– Gainera, UPV/EHUk beretzat gordeko du interes publikoa babesteko ahalmena, spin-offak bere betebeharrak betetzen ez dituenean; adibidez, transferitutako emaitzak itzultzea.

13. artikulua.– Spin-offaren partaidetzaren transmisioa.

13.1.– Zuzeneko parte-hartzearen kasuan, Gizarte Kontseilua izango da spin-offetako partaidetzak besterentzea baimentzeko eskumena izango duen organoa, Gobernu Kontseiluak proposatuta. Bi organoek beren eskumenak eskuordetu ahal izango dizkiete horretarako ahalmena duten batzorde delegatuei. Nahitaezkoa izango da Ezagutzaren Transferentzia Bulegoaren Justifikazio memoria, proposatutako transmisio baldintzak eta arrazoiak jasoko dituena.

13.2.– Zeharkako parte-hartzearen kasuan, spin-offeko partaidetzak besterentzeari buruz erabakitzeko gaitasuna dagokio lotutako erakundearen administrazio organoari. Erakunde horrek, dagokion erabakia hartu aurretik, aurreko puntuan aipatutako Ezagutzaren Transferentzia Bulegoaren Justifikazio memoria eskatu ahal izango du.

II. TITULUA
UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO LANGILEAK SPIN-OFFETAN PARTE HARTZEA

14. artikulua.– Spin-offean zerbitzuak emateko baimena.

14.1.– UPV/EHUko Ikerketako Langileek baimena eskatu beharko dute unibertsitateak sortu edo partaidetutako spin-off batean lanaldi partzialeko lan kontratu baten bidez zerbitzuak emateko, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 14/2011 Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

14.2.– UPV/EHUk emandako bateragarritasun aitorpenak ez du Ikerketa Langilearen ez lanaldia ez lan ordutegia aldatuko, eta automatikoki baliogabetuko da sektore publikoan lanpostuz aldatuz gero.

15. artikulua.– UPV/EHUko langileak spin-offean parte hartzeko araubidea.

15.1.– UPV/EHUko langileek spin-offaren kapital sozialean eta administrazio organoan duten partaidetza Administrazio Publikoko langileen bateraezintasunei buruzko araudira egokituko da.

15.2.– Arautegi honetan jasotako araubidearen arabera eratutako spin-offetan parte hartu nahi duten UPV/EHUko ikerketako langileek eskatu ahal izango dute ez aplikatzeko Herri Administrazioen Zerbitzupeko Langileen Bateraezintasunei buruzko 53/1984 Legearen 12.1.b) eta d) artikuluetan ezarritako mugak, kontuan izanik Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 18.3 artikulua eta Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 61.4 artikulua.

16. artikulua.– Emaitzen babestea.

16.1.– Spin-offetan diharduten UPV/EHUko langileek, titulu honetan aurreikusitako edozein aukerari heltzen diotenek barne, unibertsitatearen eta haren ikertaldeen emaitzak babestu beharko dituzte, aintzat harturik bai Unibertsitatearen Jabetza Intelektualaren eta Industrialaren Araubideari buruzko Araudia eta bai erakundeak sinatutako akordio eta hitzarmenak.

16.2.– UPV/EHUk beharrezko diren neurriak hartuko ditu interes gatazketan bere burua babesteko.

16.3.– 14. artikuluan aurreikusitako araubideari heltzen dioten UPV/EHUko ikerketako langileei dagokienez, ikertaldeen ezagutza babestu beharko dute, aintzat harturik jabetza intelektualari eta industrialari buruzko araudia, UPV/EHUn aplikatzekoak diren arauak eta sinatutako akordio eta hitzarmenak.

III. TITULUA
UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATE KOMUNITATEKO KIDEEK EDO EGRESATUEK SUSTATUTAKO START-UPAK

17. artikulua.– UPV/EHUren start-up deklarazioa.

17.1.– Unibertsitate Komunitateko kide edo UPV/EHUko egresatu batek enpresa bat start-up deklaratzea nahi izanez gero, eskaera aurkeztu beharko du dagokion campuseko Ekintzailetza Zuzendaritzan, Ezagutzaren Transferentzia Bulegoaren webgunean eskura daitekeen inprimakia erabilita.

17.2.– Enpresa sustatzaileek Ekintzailetza Zuzendaritzak eskatutako informazioa erantsiko diote eskaerari.

17.3.– UPV/EHUren start-up deklarazioaren inguruan UPV/EHU-ko Start-up Batzordeari erabakitzea dagokio. Hiru urte igarota, ebaluazioa berrikusiko da, start-upak hasierako helburuak betetzen jarraitzen dituela ziurtatzeko.

17.4.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea-ren start-up izaeraren deklarazioak aukera eman diezaioke enpresari «UPV/EHUko start-up» izendapenaren eta irudi korporatiboaren erabilera-lizentzia ez-esklusibo, azpilizentziagabe eta besterenezin bat eskuratzeko. Lizentzia hori ematea UPV/EHU-ko Start-up Batzordearen eskumena da. Start-up Batzordeak edozein unetan eskatu ahal izango du artikulu honetan adierazitako izendapenaren eta/edo irudi korporatiboaren erabilera etetea. Kasu horretan, enpresak berehala utzi beharko dio erabilerari.

17.5.– UPV/EHUren start-up deklarazioak berekin ekarri dezake 18.2 puntuan aipatutako laguntza zerbitzuetako batzu eskuratzea.

17.6.– UPV/EHUren start-up deklarazioak 5 urteko gehieneko iraupena izango du. UPV/EHUk bertan behera utzi ahal izango du deklarazioa, noiznahi eta edozein arrazoirengatik.

17.7.– UPV/EHUk egoki irizten dion dokumentazioa eskatu ahal izango die start-upei, haien bilakaeraren segimendua egiteko.

IV. TITULUA
UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA ENPRESEN ARTEKO ELKARLANA

18. artikulua.– UPV/EHUren ekintzailetza prestakuntza eta laguntza programa.

18.1.– UPV/EHUk, spin-offak eta start-upak sortzen laguntzeko, ekintzailetza sustatzeko politika bat abiatuko du, eta politika horrek barne hartuko ditu ekintzailetza proiektuak laguntzeko eta enpresa horiei aholkularitza emateko programak.

18.2.– Ekintzailetza Zuzendaritzek laguntza programa horiek koordinatu eta zerbitzu hauek eman ahal izango dituzte:

a) Enpresen inkubazioa.

b) Negozio ereduei buruzko aholkularitza.

c) Kapitala eta dirulaguntzak bilatzeari buruzko aholkularitza, bai eta inbertitzaile pribatuen edo arrisku kapitalaren erakundeekin akordioak eta hitzarmenak negoziatzeari buruzkoa ere.

d) Prestakuntza.

19. artikulua.– UPV/EHUren inkubagailuan sartzea.

19.1.– UPV/EHUren spin-offek eta start-upek unibertsitatearen inkubagailu batean sartzeko eskatu ahal izango dute, kasu bakoitzean ezarritako prozedura beteta.

19.2.– Akordio bat sinatuko da horretarako, eta akordio horretan arautuko dira enpresek inkubagailuaren zerbitzu eta instalazioak kontratatzeko baldintzak eta aplikatu beharreko kontraprestazioak.

20. artikulua.– Lankidetza kontratuak.

20.1.– UPV/EHUk eta spin-offek edo start-upek kontratuak sinatu ahal izango dituzte, ikertaldeen bidez edo, bestela, sailen edo ikerketa institutuen bitartez, Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 60. artikuluaren babesean.

20.2.– Kontratuak prestatzean, interes gatazkak saihesteko mekanismoak ezarriko dira, spin-offetan edo start-upetan interes ekonomikorik ez duten pertsonek presta ditzaten UPV/EHUk egin beharreko kontratu horiek, UPV/EHUren aldeko itzulkin egokiak ziurtatzeko.

21. artikulua.– UPV/EHUren spin-offen erregistroa.

21.1.– Ezagutzaren Transferentzia Bulegoa arduratuko da UPV/EHUren spin-off erregistroaz, eta honako hauek jasoko dira erregistro horretan:

a) Onartu edo ezetsi diren spin-offak sortzeko edo aitortzeko eskaerak.

b) Spin-offen egoitza soziala.

c) Spin-off batek erabilera eta ustiapen komertzialerako eskubideak dituen Unibertsitatearen emaitzak, kasuan kasu.

d) UPV/EHUk spin-offaren kapital sozialean eta administrazio-organoan duen partaidetza.

e) UPV/EHUk spin-offetan egindako partaidetzen eskuraketak eta eskualdaketak.

21.2.– UPV/EHUren spin-offek edo Ikerketako langileek spin-off erregistroari jakinaraziko diote aurreko puntuan aipaturiko gaietan izandako edozein aldaketa, informazioa eguneratze aldera.

21.3.– Erregistroak eguneratuta edukiko du spin-offei buruzko informazioa, UPV/EHUk enpresa horiekin partaidetza edo kontratu lotura izan bitartean.

22. artikulua.– UPV/EHUren spin-offen irudi korporatiboa.

22.1.– UPV/EHUk, arautegi honetako araubidearen arabera eratutako edo onartutako UPV/EHUren spin-offei, irudi korporatiboa eta «UPV/EHUren spin-off» izendapena erabiltzeko lizentzia emango die, erabilera ez-esklusibokoa, azpilizentzian eman ezin daitekeena eta transmiti ezin daitekeena, merkatuan haien buruak identifikatzeko helburu bakarrarekin.

22.2.– UPV/EHUren spin-offek nahitaez erabili beharko dute irudi korporatibo eta izendapen hori, haien irudi korporatiboarekin batera.

22.3.– Irudi korporatiboa eta izendapena erabiltzeak ez du inola ere adieraziko enpresak UPV/EHUren izenean ari direnik, ez eta UPV/EHUk enpresa horien jarduerak bermatzen dituenik ere.

22.4.– UPV/EHUk noiznahi eskatu ahal izango du ez erabiltzeko artikulu honetan aipaturiko irudi korporatiboa eta izendapena. Kasu horretan, enpresak berehala utziko dio erabiltzeari.

23. artikulua.– UPV/EHUko ikasleen kontratazioa.

23.1.– Spin-offek eta start-upek ahal duten guztia egingo dute UPV/EHUn ikasi duten ikasleak kontratatzeko, lan merkatuan sar daitezen errazteko.

23.2.– Ondorioz, spin-offek eta start-upak, behar dituzten profesionalak aurkitzeko, UPV/EHUren lan poltsetara jotzen ahaleginduko dira.

23.3.– Halaber, spin-offek eta start-upak praktiketan dauden ikasleak hartzen eta enpresaren arloan lanak eta doktorego tesiak egiten saiatuko dira.

24. artikulua.– Arautegi honetan aurreikusitako organoak.

Arautegi honetan aipatutako organoetako edozeinek arautegian aurreikusitako edozein erantzukizun edo eskumen izateari uzten badio, UPV/EHUk erantzukizun edo eskumen horretaz arduratuko diren erakundeak edo organoak izendatuko ditu.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

UPV/EHU ahalik eta epe laburrenean, arautegi honetako xedapenak legezko araudiaren edozein aldaketetara egokitzen saiatuko da, bereziki bateraezintasunei eta enpresak sortzeari buruzko araudien kasuetan.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzean indarrean sartuko da.


Azterketa dokumentala