Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2026ko ekainaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2794

81/2026 DEKRETUA, maiatzaren 26koa, Hezkuntza Sailaren mendeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan, Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan maisu-maistrentzat gordetako lanpostuen zerrendak onartzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoen otsailaren 19ko 2/1993 Legeak irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolaketa arautzen du; bertan, lanpostu-zerrenden figura arautzen da, eta figura horren oinarrizko printzipioak eta aintzat hartu behar diren prozedura-bideak adierazten dira. Aipatutako legea 4/2023 Legegintzako Dekretuaren bitartez harmonizatu da. Bada, II. tituluko I. kapitulua irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolaketari buruzkoa da (4/2023 Legegintzako Dekretua, irailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoen Legearen testu bategina onartzen duena).

Parametro hauen bitartez identifikatzen dira erantsitako zerrendetan jasotzen diren lanpostuak: espezialitatea, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasuna. Eredu linguistikoen arabera zehazten dira hizkuntza-eskakizunak, Hizkuntza-eskakizunak irakasleen lanpostuei aplikatzea arautzeari buruzko martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuan (apirilaren 2ko EHAA) ezarritako proportzioetan; dekretu hori urtarrilaren 18ko 6/2000 Dekretuaren bidez aldatu zen (urtarrilaren 20ko EHAA). Helduen ikastetxeetan, lanpostuei hizkuntza-eskakizunak aplikatzeko, uztailaren 23ko 182/2002 Dekretuan ezarritako irizpideak jarraitu dira.

Horren ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko maiatzaren 26an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Onartu egiten dira, 2025-2026 ikasturterako, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan, Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan eta lurralde-ordezkaritzetan lanpostua duten maisu-maistren lanpostuen zerrendak. Dekretu honetako I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan jasotzen dira zerrenda horiek.

2. artikulua.– 1. artikuluan aipatutako lanpostu-zerrendetako lanpostuak maisu-maistren kidegoko funtzionarioentzat eta irakasle lan-kontratudunentzat daude gordeta.

3. artikulua.– Irakasle-lana ikastetxe bitan edo gehiagotan egiten bada, lanpostu ibiltari gisa sailkatzen dira lanpostu horiek. Ikastetxea bakarra izanik ere, irakasle-lana herri batean baino gehiagotan kokaturiko egoitzetan egiten bada, lanpostu horiek ere lanpostu ibiltari gisa sailkatzen dira.

Lanpostu horietan jarduteak joan-etorriengatiko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea sortuko du, araudiak ezarritako zenbatekoetan.

4. artikulua.– Lekualdatze-lehiaketaren bidez beteko dira 1. artikuluan aipatutako lanpostuak. Hala ere, berezitzat jotzen diren lanpostuak, dagozkien eginkizunen izaeragatik ezagutza edo trebetasun espezifikoak baloratu behar badira, berariazko lehiaketa bidez beteko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskararen irakaskuntza espezialitateko lanpostuak:

Jarraian adierazten diren baldintzetako bat betetzen duten maisu-maistrek eskatu ahal izango dituzte lanpostu horiek:

a) Urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera OHOko Euskal Filologiaren arloko lanpostuetan aritzeko gaituak izatea.

b) 2. hizkuntza-eskakizuna edo hizkuntza-eskakizun horren hizkuntza-ziurtagiri homologatu edo baliokideetakoren bat lortzera bideratutako probak gainditu izana.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehen Hezkuntzako aholkulari-lanpostuak:

Jarraian adierazten diren baldintzetako bat betetzen duten maisu-maistrek eskatu ahal izango dituzte lanpostu horiek:

a) Urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera aholkulari-lanpostua betetzeko gaikuntza izatea aitortuta.

b) Hezkuntza Bereziko Arloan edo Pedagogia Terapeutikoan gaikuntza dakarten titulazioetako baten jabe izatea edo, halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren arabera aipatutako arloan gaikuntza dakarten egoeretako batean egotea (1993-11-23ko EHAA).

c) Honako lizentziatura, gradu edo titulu baliokide hauetako baten jabe izatea: Psikologia; Pedagogia; Psikopedagogia; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, psikologiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, pedagogiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, hezkuntza-zientzien alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, psikologiako espezialitatean; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, hezkuntza-zientzien espezialitatean; Filosofia eta Letrak, psikologiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, pedagogiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, hezkuntza-zientzien alorrean.

d) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatu edo homologatutako aholkulari ikastaroren bat gainditu izana. Ikastaro horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren IV. eranskinean zerrendatutakoak dira (1993-11-23ko EHAA).

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honetan ezarri diren lanpostuetara sartzeko eta horietan jarduteko, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikuluan aipatzen den ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko maiatzaren 26an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala