Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2026ko ekainaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2761

AGINDUA, 2026ko maiatzaren 19koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko 2026an.

Baliabide genetikoen –batez ere autoktonoen– kontserbazioa, karakterizazioa eta hobekuntza eredugarri izan da Europako legeria berria diseinatzeko eta FAOren mundu-estrategia diseinatzeko. Eredu horrek laguntza-mekanismoak ezarri behar izan ditu, politika horiek abeltzain-elkarteen jarduerara moldatzeko.

Elkarte horiek, batetik, ustiategiak modernizatzeko ahaleginak koordinatu eta bultzatzen dituzte, liburu genealogikoak kudeatuz, hautaketa-programak baliatuz eta errendimenduen kontrola eginez. Bestetik, lortutako emaitzak jakinarazten dituzte, eta abereak eta haien produktuak merkaturatzen laguntzen dute; horrela, apurka-apurka programa berritzaileak eta teknologia berriak aplikatuta, produkzioa eraginkorragoa izatea eta abeltzaintzako ustiategiak errentagarriagoak izatea lortzen dute. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak eta mendi-nekazaritzako inguruak garatzen eta sustatzen laguntzen dute.

Zootekniari dagokionez, oso garrantzitsua izan da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko ekainaren 8ko 2016/1012 (EB) Erregelamendua argitaratzea. Erregelamendu hori arraza puruko ugalketarako animaliak, ugalketarako txerri hibridoak eta haien ugalketarako materiala hazteko, salerosteko eta Batasunean sartzeko baldintza zootekniko eta genealogikoei buruzkoa da, eta Kontseiluaren 652/2014 (EB) Erregelamendua eta 89/608/EEE eta 90/425/EEE Zuzentarauak aldatzen ditu, bai eta animalien hazkuntzaren arloko zenbait egintza indargabetu («Animalien hazkuntzari buruzko Erregelamendua»).

Neurriak erabat eraginkorrak direla ziurtatzeko eta hartzaile izan daitezkeenek laguntzak eskuratzeko eta gozatzeko aukera berberak dituztela bermatzeko, eta araudi zooteknikoaren aplikazioa homogeneoa izan dadin, urriaren 24ko 240/2017 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen duena.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea indarrean jarri zenean, eta 240/2017 Dekretua ez zenez egokitu hasiera batean Azken Xedapenetako Lehenengoaren lehen apartatuan aurreikusitako hamabi hilabeteko epean, ez eta hasierako epe hori luzatu eta hurrengo hamabi hilabeteetan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025erako Aurrekontu Orokorren Legearen azken xedapenetako bigarrenaren arabera (hogeita lau hilabeteko aldi iragankorra), dekretu hori ex lege indargabetuta geratu da, eta urtero agindu arautzaile bat egitea erabaki da.

Era berean, agindu honek laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia batera onartzen ditu, erregulazio mugagabea ezarri beharrean, interes publikoko arrazoiek hala eskatzen dutelako. Bereziki, laguntzen araubide juridikoa aldian-aldian egokitu behar da arraza garbien abeltzaintza-sektorearen bilakaerara, ekitaldi bakoitzeko aurrekontu-baliabideetara, bai eta araudi aplikagarriaren balizko aldaketetara ere – bereziki Estatu-laguntzen arloko Europar Batasuneko araudira –. Hori dela eta, komenigarria da esparru arautzaile malgu eta urtero berrikus daitekeena ezartzea. Aukera horri esker, baliabide publikoen kudeaketa eraginkorragoa eta efizienteagoa bermatzen da, bai eta laguntzak lortu nahi diren helburuetara behar bezala egokitzea ere, eta, aldi berean, erakunde onuradunen segurtasun juridikoa bermatzen da.

Halaber, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2026ko martxoaren 4ko Aginduan jasota daude deialdi honen bidez deitutako laguntzak. Agindu horren bidez, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026., 2027. eta 2028. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zen. Aipatutako plan estrategiko hori Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren webgunean dago argitaratuta. Zehazki, arraza garbien elkarteentzako laguntzak Ardatz Estrategikoan sartzen dira: «Hazkunde- eta ongizate-eredua», Helburu estrategikoa: «Lehen sektorea eta arrantza. Helburua: «Tokiko arraza eta barietateetan oinarritutako ekoizpena sustatzea.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa dauka Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 7/2025 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Laguntzak ematea ebazterakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen dirulaguntza jarduera arautzen duten publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraituz: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak aplikatzeko, kontuan izango da zer irizpide ezartzen diren agindu honetan.

Hori dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteentzako 2026ko dirulaguntzen oinarriak onartzea eta deialdia egitea. Agindu honen eranskinean daude jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri horietan prozeduraren arloan aurreikusi gabeko guztiari dagokionez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 19a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK ETA DEIALDIA

1. oinarria.– Xedea eta organo kudeatzailea.

1.– Agindu honen xedea da, batetik, oinarri arautzaileak ezartzea, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei emango zaizkien dirulaguntzetarako deialdia egitea 2026ko ekitaldirako. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio kudeaketa.

2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak ez dira itzuli beharrekoak izango.

3.– Dirulaguntza hauek bat datoz Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

4.– Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduari lotutako laguntzen argitalpenari eta informazioari dagokienez –erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako sektoreei dagokienez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz–, adierazi behar da laguntza-programa hau kudeatzeko ardura duten agintariek konpromisoa hartzen dutela erregelamendu horren 9. artikuluan definitutako betebeharrak zorrotz betetzeko eta errespetatzeko.

2. oinarria.– Finantzaketa.

1.– Ekitaldi honetarako, 600.000 euro erabiliko dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko dira.

2.– Baldin eta diru-zuzkidura hori nahikoa ez bada elkarte onuradun guztiei diruz lagundu ahal zaizkien gastuen zenbatekoa estaltzeko, hainbanatu egingo da dirulaguntzaren zenbatekoa, deialdiaren 4. oinarriak ezarritakoaren arabera.

3. oinarria.– Pertsona Onuradunak.

1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan jarduten duten arraza garbien abeltzain-elkarteek, baldin eta Animalia Arrazak Sustatzeko Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude. Arraza garbien euskal elkarteek liburu genealogikoa eramateko aitorpena beharko dute, eta, gainera, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko eta animalia-arrazak sustatzeko entitateak arautzeko ekainaren 2ko 81/2015 Dekretuan ezarritako xedapenak bete beharko dituzte.

2.– Enpresa txiki eta ertaina izatea (ETE), Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera (erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

3.– Ezin izango dute lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonek edo erakundeek:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso izana.

b) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnek.

d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean xedatutako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ez betetzea, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

g) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehaztutako moduan.

h) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta beraz, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraiki. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak eta, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Ez bete izana desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako lanpostuen erreserba-kuota, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

k) Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, baita gainfinantzaketan ez erortzeko konpromisoa ere, arau beraren 9.4.h) artikuluari jarraikiz.

l) Era berean, ezingo dira onuradun izan tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloan arau-hauste astunak edo oso astunak egiteagatik ebazpen irmo baten bidez zehatuak izan diren entitateak, 4/2023 Legearen 82. artikuluan aurreikusitakoak barne.

4.– Ezingo dira onuradun izan pertsona fisiko edo juridikoen talde publiko edo pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, baldin eta bertako kideren batek aurrez adierazitako debekuetako bat badu –a) eta j) letren artekoak–.

5.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: haien buru diren pertsonak edo beste inguruabar batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.

6.– Inola ere ezingo dira lege honetan erregulatutako dirulaguntzen onuradun izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4.5 eta 4.6 artikuluetan ezarritako debekuren bat jaso duten elkarteak.

7.– Era berean, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan zigor-arloko arau-hauste baten zentzuzko zantzuak egoteagatik inskribatzeko administrazio-prozedura etenda duten elkarteak, Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, harik eta ebazpen judizial irmoa eman, eta, horren bitartez, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte.

8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluak ezartzen duenez, 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio eremuan sartzen diren subjektu baino ez direnean, lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak ezingo dira onuradun edo entitate laguntzaile izan. Egoera hori deialdi honen II. eranskinean ezarritakoaren arabera egiaztatuko da.

9.– Horrez gain, aplikatzekoak diren europar erregelamenduetan ezarritakoa betetzeko:

a) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati, bai eta eskuratu duten ala ez.

b) EB 2022/2472 Erregelamenduaren 2. artikuluko 59. puntuaren arabera krisian dagoen enpresa ez izatea.

c) Berreskuratze-agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

10.– Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 19.3 artikuluan xedatuta dagoen bezala, nekazaritzaren arloan eskumena duten EAEko administrazioek ez diete laguntzarik ez dirulaguntzarik emango nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte edo erakundeei, baldin eta ez badute emakumeen presentzia gutxienez orekatua zuzendaritza-organoetan.

11.– Ez zaie inolako laguntzarik emango beren onarpen-prozesuan edo funtzionamenduan jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik diskriminatzen duten elkarteei. Era berean, ez zaie laguntzarik emango beren jardueraren bidez pertsona fisikoen zein juridikoen aurkako gorrotoa edo indarkeria sustatzen edo justifikatzen duten elkarteei, edo terrorismo-delituak edo delitu horiek egikaritzen parte hartu dutenen delituak edozein bitartekoren bidez goresten edo justifikatzen dituztenei, edo delitu terroristen biktimen edo haien senideen izen ona galtzea, gutxiestea edo umiliatzea dakarten ekintzak egiten dituztenei.

12.– Onuradun izan daitezkeen nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen zein juridikoen taldeetako kide guztiek bete beharko dituzte aurreko apartatuetan jasotako eskakizunak.

13.– Era berean, dirulaguntzak jasotzeko debekuek enpresa hauei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla-eta, horiek tartean izan dituzten beste enpresa batzuen jarraipentzat edo deribaziotzat hartzekoei –eraldaketa, bat-egite edo ondorengotzaren ondorioz–.

14.– Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak betetzen direla, salbu eta erakunde eskatzaileak berariaz aurka egiten badu; kasu horretan, dagozkion ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu. Egiaztapen hori dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik zein dirulaguntza ordaindu aurretik egingo da, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.f) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Era berean, ahal denean, organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du erregistro publikoetan edo elkarreragingarritasun-sistemetan kontsultak eginez egiazta daitezkeen baldintzak betetzen direla, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatutako berdintasun-planak daudela.

4. oinarria.– Dirulaguntzen araubidea.

1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak esleitzean, onuradun izan daitezke eskabidea epearen barruan eta ezarritako eran aurkeztu duten elkarte guztiek, baldin eta eskatzen diren baldintza subjektibo eta objektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-araubidea izango da elkarte onuradunen artean, lehiaketa-sistemaren bidez, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

3.– Dirulaguntzaren hainbanatzea egingo da elkarte onuradunen artean kasu honetan: elkarte onuradun guztien artean diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa estaltzeko bestekoa ez denean aurrekontu-partida. Honela egingo da hainbanaketa:

a) Inprimakian aurkeztu beharreko txosten deskriptiboak ebaluatuko dira, hamargarren artikuluko b) letrako interes zientifiko eta teknikoari dagokion puntuazioa lortzeko.

b) Agindu honen 7. oinarrian jasotako gainerako kuantifikazio-irizpideak aplikatuko dira, eta, aurreko atalari gehituta, elkarte bakoitzerako puntu kopuru bat lortuko da.

c) Puntu guztiak batu ondoren, elkarte bakoitzari dagokion puntu-portzentajea kalkulatuko da, eta portzentaje hori dagokion ekitaldian aurrekontuan ezarri den gehieneko kopuru osoari aplikatuko zaio.

d) Elkarte batek ezin du ezein kasutan diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa gainditzen duen dirulaguntzarik jaso. Horrela, c) atalean ateratzen den zenbatekoak diruz lagun daitekeen gastua gainditzen duenean, soberakina egoera horretan ez dauden gainerako elkarte onuradunen artean banatuko da.

e) Soberakina –elkarte bati diruz lagun dakiokeen gastuaren zenbatekotik ateratzen dena– metatu egingo da, eta gehieneko kopurura iritsi ez diren gainerako elkarteen artean banatuko da. Horretarako, beste banaketa bat egingo da, egoera berean dauden elkarteen puntuen guztizko partzialari dagokion portzentajearen arabera. Eragiketa hori behin eta berriro egingo da, harik eta aurrekontu-partida agortzen den arte.

5. oinarria.– Diruz lagun daitezkeen kostuak.

Gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz, baldin eta 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egiten badira:

1.– Abere-sariketak antolatzeak eta lehiaketa horietan parte hartzeak dakartzan gastuak.

a) Abere-sariketen antolaketak eta haietan parte hartzeak dakartzan gastuen % 80raino lagundu ahal izango da diruz (probak, lehiaketak eta azokak, Euskadiko txapelketaren maila dutenak); era berean, diruz lagundu ahal izango dira Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren egutegiaren barruan abere-sariketetan parte hartzeak dakartzan kostuak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen eremuan egiten badira.

b) Parte-hartze gastuen, bidaia-gastuen eta abere-garraio gastuen % 100eraino lagundu ahal izango da diruz; abere-garraiorako dirulaguntza Euskadiko txapelketetara eramateko eskatzen denean, kanpoan utziko dira sariketa egiten den lurralde historikoan dauden ustiategietako abereei dagozkienak.

c) Elkarteek adierazi egin beharko dute zer sariketa egingo duten dirulaguntzari dagokion aldian, zeintzuetara joango diren, eta adierazi beharko dute zein arrazak parte hartuko duten, eta ekitaldiak egingo diren egunak eta tokiak.

d) Sariketak antolatzeko, honako hauek izango dira finantzatu daitezkeen kontzeptuak: sariketa egiten den tokiari, lokalari edo instalazioari dagozkion gastuak, barne direla alokairuak, inskripzio-gastuak eta gastu arruntak; argitalpenen gastuak; eta kategoria bakoitzeko lehenengo sariari eskudirutan eman beharreko sari jakin batzuk.

e) Karteletan, informazio-liburuxketan eta lehiaketako beste publizitate-material batzuetan Eusko Jaurlaritzaren ikurra agertuko da. Gainera, karteletan, dosierretan, txostenetan eta gainerako informazio eta publizitatean rol-aldaketak sustatu beharko dira, eta estereotipatuak ez diren erreferenteak/ereduak eta askotarikoak transmititu beharko dira, emanaldietan emakumeen presentziari balioa emanez. Era berean, material horietan hizkuntzaren erabilera ez-sexista egingo da.

2.– Liburu genealogikoak sortu edo artatzeko gastuak.

a) Elkarte onuradunek liburu genealogikoa eramateko aitorpena beharko dute, edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan dagokion liburu genealogikoa eskuordetuta kudeatzeko aitorpena.

b) Honako gastu hauek lagundu daitezke, ondoren aipatzen den mugaraino lagundu ere:

– % 90eraino lagundu ahal izango dira diruz bazkideek autonomia erkidegoaren, estatuaren eta Europako erkidegoaren eremuetan dituzten interesak defendatzeko elkarteei aitortzen eta ematen zaizkien ordezkaritza-funtzioek eragindako gastuak; besteak beste, ostatu, bidaia edo otordu gastuak.

– % 100eraino lagundu ahal izango dira diruz funtzionamendu-gastu arrunt hauek:

i) Nominapeko langileen gastuak.

ii) Bulego-gastuak.

iii) Gastu orokorrak.

– Profesional independenteen zerbitzuak; besteak beste, kudeaketa, aholkularitza, edo elkarte eskatzailearen jarduerarekin zuzenean lotutako kontsultak.

– Abere-arrazak hazteko programetara bideratutako kongresu zientifikoetan izena ematea, dietak eta bidaia-gastuak. Kongresu horietan, elkarteak modu aktiboan parte hartuko du, «paper» moduan, ponentzian, poster zientifiko baten erakusketan edo hautaketa- edo kontserbazio-programekin lotutako beste lan batzuen aurkezpenean.

– Zenbait funtzionamendu-gastutan (bulegoko langileen gastuak, bulegoen alokairuak, aseguru-primak, garbiketaren eta komunitatearen gastu orokorrak, bulegoko materiala, argitalpenen kuotak, eta kontserbazio- eta konponketa-gastuak), 50 eurotik gorako fakturak (BEZ barne) soilik izango dira diruz laguntzeko modukoak.

iv) % 100eraino lagundu ahal izango da diruz hirugarren erakunde batzuek honako hauek egitea: arrazari buruzko ikerketa genetikoak, kontserbazio-programara lotutako jarduerak edo liburu genealogikoak eta hazitarako abereen eta ugalketarako emeen katalogoak editatu eta argitaratzea. Kasu horretan, barruan sartzen dira laginak hartzea, garraioa eta laborategiko analisiak, baita emaitzen ustiapena ere. Ez dira diruz laguntzekoak izango filiazio-analisiak, liburu genealogikoaren ondorioetarako: inskripzioa, kalifikazioa eta filiazioaren kontrola.

v) 81/2015 Dekretuaren eranskineko Euskal Herriko abere-arraza autoktonoen kasuan, % 100eraino lagundu ahal izango dira diruz honako hauek: epaile kalifikatzaileak prestatzea, prestakuntza egiteko lokalaren edo instalazioaren alokairua, prestakuntzako materiala editatu eta banatzea, eta prestatzaileen ordainsariak, bidaia-gastuak, ostatu-gastuak eta mantenu-gastuak barne direla.

vi) Hazkuntza-zentroak eta estazioak baliozkotzeko lanekin lotutako gastuak.

vii) Galzorian dauden arrazen kasuan, hobetzeko programan deskribatutako germoplasma-bankuak eratzeko eta mantentzeko gastuak.

3.– Proba genetikoen, ganaduaren errendimenduaren edo gaitasun funtzionalaren gastuak.

a) Errendimendua kontrolatzeko probak ezarri eta garatzeak dakartzan gastuak ordaintzera bideratuko dira dirulaguntzak, baita arraza garbiak hautatzeko ofizialki onartutako programetarako ere. Zaldi-arraza autoktonoetan animaliak hezteko eta haien gaitasun funtzionala baloratzeko gastuak ere sartzen dira. Kasu guztietan, kalitate genetikoari, abereen errendimenduari edo gaitasunari buruzko proba horiek hazkuntza-programan islatu behar dira, hobetzeko helburuak zehaztuta.

b) Ganaduaren kalitate genetiko edo errendimendua zehazteko proben gastuak % 70eraino lagundu ahal izango dira diruz.

c) Hona hemen diruz lagun daitezkeen jarduerak:

i) Material inbentariagarria, ekipo informatikoak, softwarea eta bulegoko materiala alokatzea, eta balorazio genetikorako testak egiteko lokal edo zentroak alokatzea.

ii) Hobekuntza-programa koordinatuko duten langile tekniko eta administratiboak kontratatzea eta haien gastuak estaltzea. Kanpoan gelditzen dira ustiategian laginak hartzera bideratutako langileen kostuak.

iii) Elkarteak izendatutako animalia-genetikan kualifikatutako zentroaren laguntza teknikoa, hura hobetzeko, garatzeko eta eguneratzeko programa egiteko, ebaluazio genetikoa egiteko eta analisi genetikoak burutzeko, produkzioan interesgarriak diren molekula-markatzaileak aztertzeko edo produkzio- edo ugalketa-indizeei eragiten dieten alterazio genetiko edo kromosomikoak detektatu eta prebenitzeko. Kanpoan gelditzen dira informazioa jasotzeko, laginak hartzeko, laborategira eramateko eta analisiak egiteko gastuak.

iv) Arrazak hobetzeko planetarako hautaketa-proba ofizialak eta testatze zentroetako probak antolatu eta egitea, baita garraio-gastuak eta probetan parte-hartzeak dakartzan gastuak ere.

v) Hobetzeko programetan parte hartzen duten ugalketarako abereen argitalpen eta katalogoak.

vi) Hautaketa-probetan parte hartzen duten abereen aseguruak.

vii) Balorazio genetikoen probak.

viii) Zaldi-arraza autoktonoen kasuan, mantentze-gastuak, animalien aseguruak, entrenamenduak eta lehen urteko lehiaketetan parte hartzeko gastuak.

6. oinarria.– Diruz lagundu ezin diren gastuak.

1.– Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Elkarte eskatzaileak, zerbitzuak emateagatik edo errentamenduengatik, bera parte den edo bere parte diren beste elkarte batzuei ordaintzen dizkien gastuak. Salbuetsita daude, eta diruz lagundu ahal izango dira, hobekuntza-programaren barruan garatutako zerbitzuei dagozkien gastuak, baldin eta goi-mailako edo beheragoko erakunde batek bakarrik egin baditzake, ofizialki horretarako onartutako bakarra delako.

b) Elkarte eskatzailearen gobernu-organoetako kideren bat kontratatzeak eragin ditzakeen langileria eta zerbitzu profesionalen gastuak.

c) Elkarte eskatzailearen soldatapeko langileen kaleratzeek eta erretiro aurreratuak eragindako kalte-ordainak.

d) Ustiategi elkartuei egindako analisiei dagozkien gastuak.

e) Partaide dituen bigarren mailako edo goragoko elkarteei ordaindutako kuotak.

f) Banku-kontuetako interes zordunak.

g) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

h) Tributuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak dira baldin eta dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen baditu eta dirulaguntza jaso duen jarduerarekin zerikusia badute. Inoiz ez da diruz lagunduko balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), salbu eta hura ez denean berreskuratzeko modukoa BEZari buruzko legeria nazionalaren arabera. Laguntza-eskaeretan, zergak ordaindu diren lurralde historikoa eta elkartearen BEZaren araubidea jaso beharko dira, eta, salbuespena edo hainbanaketa aplikatu bada, eskatzaileak agiri bidez egiaztatu beharko du.

i) Banku-gastuak.

j) Ezingo da gasturik diruz lagundu, baldin eta gastuok ez badira ordaindu aplikagarri den araudi sektorialak ezarritako epeetan, edo, halakorik ezean, Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeetan.

2.– Dena dela, diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten dioten gastuak bakarrik lagunduko dira diruz, behar-beharrezko direnak eta uneko urtean egiten direnak. Laguntzaren ondorioetarako, kanpoan geratuko dira eskumena duen sailaren ustez elkartearen funtzionamendu edo ordezkaritzarako beharrezko edo funtsezko ez diren gastuak.

7. oinarria.– Kuantifikazio-irizpideak.

Eskabide bakoitza baloratzeko, honako kuantifikazio-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta azken 2 urteetan sortu berri den elkartea: 5 puntu.

b) Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta beren emaitzek arloaren hobekuntzari, garapenari eta modernizazioari ekar diezaieketen abantailak ere. Memoria deskribatzaileak baloratuko dira: 15 puntura arte, baloraziorik onena jaso duen proiektuari.

c) Elkartea osatzen duten ustiategien edo enpresen tamaina edo bolumena, Azienda Larrien Unitatearen kopuruaren arabera neurtuta, Euskadiko abeltzaintza-ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituen otsailaren 25eko 50/2025 Dekretuaren II. eranskinaren arabera. Espezieren bat ez badago ordezkatuta aipatutako dekretuan, Estatuko edo EBko beste erreferentzia batzuk hartuko dira kontuan. Kalkulurako erabiliko diren erroldak ARCA-Arrazen Informazio Sistema Nazionalean duela gutxi argitaratutakoak izango dira. Era berean, espezie baten errolda ARCAn ordezkatuta ez badago, erroldak SITRANeko informazioaren bidez lortuko dira: 45 puntu gehienez, eta AzLU gehien dituen elkarteak lortuko ditu. Gainerako eskaeretarako puntuazioa hiruko erregela baten bidez egingo da.

d) Euskal Herriko arraza autoktonoa, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko eta animalia-arrazak sustatzeko entitateak arautzeko ekainaren 2ko 81/2015 Dekretuaren eranskinean sartuta dagoena: 10 puntu.

e) Galzorian dagoen arraza, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko eta animalia-arrazak sustatzeko entitateak arautzeko ekainaren 2ko 81/2015 Dekretuaren eranskinean sartuta dagoena: 10 puntu.

f) Eusko Jaurlaritzak Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eman dion elkartea, edo euskararen normalizazio-plana duena. Bi kasuetan, indarrean egon beharko dute: 5 puntu.

Irizpide hori erakunde onuradunen jardueretan eta eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko helburuekin duen loturagatik ezartzen da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea deialdiaren agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta hilabetekoa izango da.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraikiz, pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, eta baita aurkezpenaren ondorengo izapideak ere. Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15.1.a) artikuluan jasotako pertsonek ere elektronikoki eskatuko dituzte haien eskabideak eta egingo dituzte ondorengo izapideak.

3.– Eskatzaileek bide elektronikoz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1046110

4.– Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egiteko (baita gastua justifikatzeko izapidea ere), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

7.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

8.– Laguntzen eskatzaile bakoitzak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Pertsona juridikoen kasuan, entitatea eratzeko eskritura eta ondorengo aldaketen eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan inskribatu dela adierazten duen zigilua jarrita.

b) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.

c) Eskuordetuta arraza garbiko liburu genealogikoak eramateko baimena duten elkarteen kasuan, estatu-esparruko federazioak edo konfederazioak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta bertan azaldu beharko da elkarte hori dela Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean liburu genealogikoa kudeatzeko baimena duen elkarte aitortua.

d) Gastuen aurrekontua, gastu-kapitulua adierazita, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoaren arabera, eta diruz lagundu daitekeen gastuaren banakapena eta eskatutako dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa barne.

e) Elkarte eskatzaileak ekitaldi honetarako duen urteko aurrekontuaren kopia.

f) Hala badagokio, egoitza fiskala duen lurraldeari dagokion foru-aldundiak emandako BEZaren salbuespen-ziurtagiria, edo dagokion ekitaldian aplikatu beharreko hainbanaketaren ziurtagiria.

g) Deskripzio-memoria; bertan, aurreikusitako jardueren eta ekimenen edukia zehaztuko da, eskatutako diruz laguntzeko moduko gastuen arabera. Plana egiteko datak, giza baliabideak eta baliabide materialak zehaztuko dira, bai eta haren beharra ebaluatzeko eta eskaera 7. oinarrian ezarritako irizpideen arabera baloratu ahal izateko erabilgarriak izan daitezkeen beste alderdi batzuk ere.

h) Zinpeko aitorpena, ordezkaritza-ahalorde nahikoa duen pertsonak behar bezala sinatua, eskabidean aurkeztutako gastu berberak ordaintzeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuei egindako dirulaguntza-eskabideak adierazita.

i) Ustiategi elkartuen zerrenda eta ustiategi horietako bakoitzak aurreko ekitaldian egindako ekarpena.

j) Elkartearen zuzendaritza-organoa osatzen duten pertsonen zerrenda, eskaeraren datan, generoaren arabera banakatuta.

k) Pertsona juridiko eskatzaileek, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 19.3 artikuluak ezarritakoaren arabera, zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia orekatua dagoela ziurtatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte, eta, gainera, berau osatzen duten pertsonen izena, abizenak, NAN zenbakia eta sexua zehaztu.

l) Elkartearen sozietate-erabakia, behar besteko ordezkaritza-ahalmena duen pertsonak sinatua. Erabaki horren bidez, laguntza-eskaera egitea erabakitzen da, eta adierazten da elkarteak, eskabidea aurkezteko unean, agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla. III. eranskina.

m) Erantzukizunpeko adierazpena, ordezkaritza-ahal nahikoa duenak behar bezala izenpetua, hauek adierazteko: aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla, aginduan ezarritako eskakizun guztiak betetzen dituela laguntzarako eskubidea izateko aitorpena lortzeko, hori egiaztatzeko agiriak badituela, eskatzen zaionean Administrazioaren eskura jarriko dituela agiri horiek, eta aurreko betebeharrak aipatutako aitorpen horri dagokion aldi osoan betetzeko konpromisoa hartzen duela.

n) Elkarteak Eusko Jaurlaritzak BIKAIN-Euskararen Kalitate Ziurtagiria izatea, edo euskararen normalizazio-plana izatea.

o) Laguntza kuantifikatzeko entitate eskatzaileak aurkeztu nahi duen beste edozein agiri osagarri.

9.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NAN eta IFK zenbakiak, zerga-betebeharren ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean direla egiaztatzen duten agiriak, pertsona eskatzaileek edo onuradunek horretarako berariazko baimena eman beharrik izan gabe, berariaz aurka egiten denean salbu; kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo agiria aurkeztu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren arabera. Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren otsailaren 13ko Aginduaren arabera egingo da egiaztatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak bai Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa.

10.– Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badituzte eskatutako agiriak, eta berariaz adierazten badute ez dela aldaketarik izan, ez dituzte agiri horiek aurkeztu beharrik izango, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin. Alabaina, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu dituzten adierazi beharko dute. Prozeduran eskatzen diren datu eta agiriak kontsultatu edo bildu eta egiaztatuko ditu Administrazioak, eta ez da interesdunen adostasunik eskatuko Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan aipatutako kasuetan.

11.– Laguntza-eskaera eta eskatzen den dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

12.– Baldin eta eskabideak ez baditu biltzen oinarri honetan eskatutako agiriak, osorik ez badago edo akastuna bada, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak interesdunari hutsa zuzentzeko eskatuko dio, hamar egun luzaezineko epean, eta adieraziko dio, halaber, horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. apartatuko 68. artikuluan xedatutakoa betetzeko, interesduna legez behartuta badago eskabidea modu telematikoan aurkeztera eta modu presentzialean aurkezten badu, betebehar hori bete gabe utzita, hori zuzentzeko eskatuko zaio eta eskabidea legez ezarritako bide elektronikotik aurkezteko. Eskabideari kasurik egiten ez bazaio, edo oinarri honetan ezarritako epetik kanpo erantzuten bazaio, eskabideak ez du baliorik edo eraginkortasunik izango, eta aurkeztu gabetzat joko da. Eskaeraren aurkezpen-data aurkezpen elektronikoaren data da.

14.– Edonola ere, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango dio eskatzaileari, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 73.2 artikuluan ezarritakoarekin.

15.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

9. oinarria.– Balorazio Batzordea.

1.– Balorazio Batzordea izeneko kide anitzeko organo batek aztertu eta ebaluatuko ditu eskabideak. Organoa Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari atxikitako hiru kidek osatuko dute: presidentea, Félix Guarrotxena Arlunduaga; programaren teknikari arduraduna, Marcos Barroso Vinagre; eta idazkaria, Julián López Escudero. Hauek izango dira ordezkoak: María Aldazabal, Ainara Pagonabarraga eta Maite Chacón.

2.– Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean. Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

3.– Balorazio-batzordeak funtzio hauek izango ditu:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Azken horiei dagokienez, zerrenda bat egingo da, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten inbertsio- eta sarrera-eskaerak ebaluatzea, eta proiektua zein ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila baloratzea, laguntza-mota kontuan hartuta, Agindu honetan ezarritakoaren arabera.

c) Egindako ebaluazioaren emaitzak jasoko dituen txostena egitea, ezarritako laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboetan oinarrituta.

d) Hainbanaketa aplikatzea, baldin eta dirulaguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek eskatutako zenbatekoen batura deialdiaren xedea baino handiagoa bada, agindu arautzaile honen 10. oinarriaren arabera.

10. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak du deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8. artikuluaren arabera, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak eragozteko.

3.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko ardura duten Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako teknikariek txosten espezifiko batean jasoko dute eskabide bakoitzaren ebaluazioaren emaitza. Txostena behar bezala justifikatu eta arrazoituko da.

4.– Eskabidea aztertzeko, onuradun izateko baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da lehenik.

5.– Ondoren, eskabide bakoitza honela baloratuko da:

a) Gastu-aurrekontu xehatu bakoitzerako, diruz lagundu daitekeen gastu-zenbateko bat lortuko da gastu-kapitulu bakoitzean, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera, eta eskabide bakoitzean diruz lagundu daitekeen gastuaren batura kalkulatuko da.

b) Onartutako eskabide guztietan diruz lagundu daitezkeen gastuen batura ez bada deialdiaren guztizko zenbatekoa baino handiagoa, elkarte bakoitzari diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa emango zaio.

c) Dirulaguntza honen aurrekontua gainditzen bada, hainbanatzea egingo da, modu honetan:

i) Eskabidearekin batera aurkeztuko diren deskripzio-memoriak ebaluatuko dira, interes zientifiko eta teknikoari dagokion puntuazioa lortzeko, eta 7. oinarriko gainerako kuantifikazio-irizpideak aplikatuko dira. Eskabide bakoitzari puntuazio bat emango zaio.

ii) Eskabide guztiek lortutako puntuen guztizkotik abiatuta, eskabide bakoitzari dagokion puntu-ehunekoa kalkulatuko da, eta ehuneko hori uneko deialdiaren aurrekontu-partidari aplikatuko zaio.

iii) Pertsona onuradun batek ezin du ezein kasutan diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa gainditzen duen dirulaguntzarik jaso. Hala gertatuz gero, eskabide horri diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbateko bera esleituko zaio, eta aldea egoera horretan ez dauden gainerako elkarte onuradunen artean banatuko da.

iv) Aurreko puntuan lortutako aldea gainerako elkarteen artean banatuko da, hasieran diruz lagundu daitekeen gastura iristea lortu ez duten gainerako eskaeren puntuen guztizko partzialari dagokion puntuazioaren ehunekoaren arabera. Eragiketa hori behin eta berriro egingo da, harik eta aurrekontu-partida agortzen den arte.

11. oinarria.– Ebazpen-proposamena.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, kide anitzeko organoaren espedientea eta txostenak ikusita, lerro bakoitzarentzat behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, non adierazi beharko baitu dirulaguntza zein entitate eskatzaileri ematen dion, eta zenbat.

2.– Ebazpen-proposamen hori interesdunei jakinaraziko zaie, eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Jakinarazpen hori bitarteko elektronikoen bidez egingo da, «Nire Karpeta» ataletik.

Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan adieraziko ditu dirulaguntza jasotzeko proposatzen diren eskatzaileen zerrenda eta bakoitzari dagokion zenbatekoa, bai eta, hala badagokio, eskabideak ebaluatzeko erabilitako balorazio-irizpideak ere.

3.– Eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena egin baino lehen, egiaztatu beharko dute, dirulaguntzak itzultzeari buruzko betebeharrez gain, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Egiaztapen hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluaren arabera egingo da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da. Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztatze horri, eta, orduan, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamenek ez diete administrazio-arloko eskubiderik ekartzen onuradun izateko proposatutakoei.

12. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak ebatziko du deialdia. Ebazpen bakarra emango du, eta hor jasoko dira eskatutako zein laguntza emango diren eta zein ukatuko.

Laguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txosten bat jasoko da, non adieraziko baita organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek dirulaguntzak jasotzeko eskakizun guztiak betetzen dituztela.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

a) Baietsitako eskabideei buruz:

i) Onuradunen izena edo sozietate-izena, eta IFKa edo NANa.

ii) Laguntzaren xedea.

iii) Diruz lagundu daitekeen gastua, laguntzaren zenbateko osoa eta diruz lagundutako jarduketen deskribapen laburra.

iv) Ordaintzeko modua eta epea.

v) Laguntza justifikatzeko modua.

vi) Laguntza emateko zein xedapen hartu den oinarri gisa, hots, agindu hau.

b) Ezetsitako eskaerei dagokienez:

i) Eskabidea aurkezten duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFK edo NANa.

ii) Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

3.– Jakinarazpena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera egingo da. Lege beraren 45.1.b) artikuluaren arabera, esleipen-prozedura norgehiagoka bada, prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, eta argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu.

Azken kasu honetan, argitalpenaren egunean bertan, interesdunei horren berri emango zaie https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean, bertan sartu ahal izateko. Abisu hori informatzeko baino ez da izango.

4.– Agindu honek ondorioak dituenetik aurrera sei hilabete igarota, berariazko ebazpenik ez badago, eskabidea ukatu egin zaiela ulertu beharko dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

13. oinarria.– Pertsona onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamar eguneko epean onuradunek ez badiote dirulaguntzari berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Aurreko betebehar horretaz gain, agindu honetan iragarritako laguntzen onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluko betebeharrak.

Onuradunak, entitate laguntzaileak eta dirulaguntzaren xedearekin edo justifikazioarekin zerikusia duten hirugarrenak behartuta daude Estatuko Administrazioaren, autonomia-erkidegoen edo toki-korporazioen Kontu Hartzailetza Nagusiari laguntzera eta kontrol-eginkizunak betetzean eskatutako agiri guztiak ematera, dirulaguntza ematen duen administrazioaren esparruan, bai eta, Europar Batasuneko araudiari jarraikiz, finantza-kontroleko eginkizunak esleituta dituzten organoei ere; horretarako, honako ahalmen hauek izango dituzte:

a) Irispide librea izango dute egiaztatu beharreko agirietara, programa eta fitxategi informatikoetara barne.

b) Irispide librea izango dute negozio-lokaletara, bai eta dirulaguntzaren xede izan den jarduera egiten den establezimendu eta toki guztietara eta dirulaguntzaren kargura finantzatutako eragiketak egiazkoak eta erregularrak diren egiaztatzeko arakatu beharreko tokietara ere.

c) Fakturak, ordainagiriak, agiri baliokideak edo ordezko agiriak eta dirulaguntza behar ez bezala eskuratu, jaso edo erabili delako zantzuak dituzten eragiketei buruzko beste edozein agiri lortu edo atxikitzea.

d) Irispide librea izango dute dirulaguntzak kobratzeko edo funtsak baliatzeko erabiltzen diren finantza-entitateetako banku-kontuetako informaziora.

Eginbehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren arabera, hargatik eragotzi gabe dagozkion zehapenak ezartzea, hala badagokio.

3.– Horrez gain, hauek ere onuradunen betebeharrak izango dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluaren arabera:

a) Jarduera deialdiaren xede den urtean egitea edo dirulaguntza emateko arrazoi izan den egoeran egotea.

b) Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten eskakizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela.

c) Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

d) Helburu bererako, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla jakinaraztea entitate esleitzaileari. Hori jakin bezain laster eman beharko da egoeraren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Laguntza eman duen entitateari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak. Hori jakin bezain laster eman beharko da egoeraren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Egiaztatzea, emate-ebazpena proposatu baino lehen eta berau ordaintzeko unean, egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, bat etorriz zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoarekin.

g) Erakundearen izaera juridikoak horrela ezarriz gero, kontabilitate-liburuak, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako agiriak aurkeztea onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoerak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egingo direla bermatzeko.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil daitezkeen bitartean.

i) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

j) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari itzultzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari itzultzea.

k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

l) Diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

14. oinarria.– Gastuaren justifikazioa.

1.– Emandako laguntzaren xede den proiektua burutu dela justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan:

a) Egindako jarduketen justifikazio-memoria, proiektuaren betetze-mailari, egikaritze-mailari eta azken emaitzei buruzko informazioa jasoko duena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. eta 73. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

b) Langile-gastuak: nominen bidez, nominak ordaindu izanaren frogagirien bidez eta altan dauden langileen txostenaren bidez justifikatuko dira, kotizazio-kontuaren kode batean (ITA), dirulaguntzaren xede diren jarduerak egin diren hilabeteei dagokienez. Era berean, langileak dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko zenbat denbora behar duen egiaztatzen duen agiria.

c) Fakturak eta merkataritzari buruzko trafiko juridikoan froga gisa balioa duten edo administrazio-eraginkortasuna duten gainerako agiriak, deialdiaren urteko data izan beharko dutenak. 2.500 eurotik gorako fakturen kasuan, banku-ordainagiria erantsi beharko da.

d) Aurkeztutako diruz lagundu daitezkeen fakturak epe barruan ordaindu behar izan dira, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen 4. artikuluan ezartzen den bezala.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, ordezkaritza-ahal nahikoa duenak behar bezala izenpetua; bertan zehaztuko da fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu beste dirulaguntza-programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehaztuko da zer dirulaguntza-programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo ordainketa egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz. Erantzukizunpeko adierazpen horretan zehaztuko da, halaber, onuradunak egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

f) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoko kontratazioaren araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez kontratazioa egin aurretik, salbu eta gastuaren ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago hura hornitzen edo ematen duen behar adina erakunde.

Hiru eskaintzetatik bat hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da ekonomikoki abantailatsuena den proposamena hautatzen ez bada.

2.– Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, 2027ko urtarrilaren 11ra artekoa izango da egindako gastua justifikatzeko agiriak aurkezteko epea.

3.– Organo kudeatzaileak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio. Eskaera hori arrazoitu egin beharko da.

15. oinarria.– Ordainketa.

1.– Dirulaguntza ondoren zehazten den moduan ordaindu beharko da:

a) Lehenengo ordainketa emakidaren jakinarazpenaren ondoren egingo da, eta zenbatekoa emandako zenbatekoaren % 50 izango da. Ordainketa hori jaso eta hilabeteko epea igarotakoan egingo da.

b) Gainerako zenbatekoa dirulaguntzaren xede diren gastu guztiak 14. oinarrian ezarritakoaren arabera behar bezala justifikatu ondoren ordainduko da.

2.– Agiri horiek osatu eta gehienez bi hilera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu Ogasun eta Finantza Sailak ordainketa egin dezan.

3.– Diruz lagundu daitekeen gastua ez bada ezarritako gehieneko epeetan egiten, edo inbertsioa egin izanaren egiaztagiriak ez badira epean aurkezten, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala dagokionean, agindu honen 20. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura jarriko da abian.

4.– Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean hirugarrenen alta eginda izan beharko du. Alta emateko, azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzari beste laguntzarik eskatu ez bazaio edo emandakoa aldatu nahi bada, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

16. oinarria.– Pertsona onuradunek diruz lagundutako jarduerak kontratatzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikulua aplikatuz, diruz lagundutako jardueraren egikaritzea onuradun ez diren hirugarrenei azpikontratatu ahalko die onuradunak. Proiektua egikaritzeko azpikontratua diruz lagunduko den jardueraren % 70ekoa izan daiteke gehienez. Hala ere, ehuneko hori % 95era igo ahal izango da liburu genealogikoaren kudeaketa-gastuetan.

2.– Hirugarrenei azpikontratatutako jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoa baino % 20 handiagoa bada, eta, gainera, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa, idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Elikadura eta Landa Garapeneko Sailburuordetzak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.

Kontratua formalizatzeko baimen-eskaera laguntza-eskaerarekin eta baimena emateko edo ukatzeko ebazpenarekin batera aurkeztuko da, eta gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, interesdunak eskabidea ezetsi zaiola ulertu beharko du, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan. Prozedurako ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuordeari. Horretarako hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo nahi duenean, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. paragrafoko eskakizunak betetzea saihesteko.

4.– Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute izango betebeharrik, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo egikaritzeko erantzukizun osoa Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren aurrean.

5.– Aurreko apartatuan jasotakoaren ondorioetarako, onuradunen erantzukizuna da agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea hirugarrenekin itundutako diruz lagundu daitekeen jarduera egikaritzean, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez; kontratistek, aldiz, agindu honen 13. oinarrian adierazitako lankidetza-eginbeharra bete beharko dute, muga horiek benetan errespetatzen direla behar bezala egiaztatu ahal izateko.

6.– Onuradunek ezin izango dute inola ere honako hauekin hitzarmenik egin diruz lagundutako jarduera osorik ala partez egikaritzeko:

a) 3. oinarrian ezarritako eskakizun orokorrak betetzen ez dituzten pertsonak edo entitateak.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo entitateak.

c) Bitartekariak edo aholkulariak, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren guztizko kostuaren ehuneko jakin bat badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Pertsona onuradunarekin loturaren bat duten pertsona edo entitateekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:

i) Aldez aurretik Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetzaren berariazko baimena eskuratzea, ebazpen arrazoitu baten bidez.

ii) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez gainditzea lotutako entitateak egindako kostua. Kostua egiaztatzeko, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza berberak bete beharko dira.

e) Deialdi eta programa berean dirulaguntza eskatu duten eta eskakizunak ez betetzeagatik edo behar adinako balorazioa ez lortzeagatik dirulaguntzarik gabe geratu diren pertsona eta entitateekin.

17. oinarria.– Emandako dirulaguntza aldatzea.

1.– Emandako dirulaguntzak aldatu ahal izango dira, alde batek eskatuta edo, hala badagokio, ofizioz, honako kasu hauetan:

a) Proiektuko jarduketa guztiak ez direla gauzatuko aurreikusten denean eta, ondorioz, gauzatutako eta justifikatutako jarduketen behin betiko gastua dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino txikiagoa izango dela aurreikusten denean. Era berean, jarduketa guztiak egikarituta, behin betiko gastu justifikatua dirulaguntzaren ebazpenean emandako zenbatekoa baino txikiagoa izango dela aurreikusten denean.

b) Beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bererako emandako laguntzak edo dirulaguntzak lortuz gero.

c) Egikaritzeko ezarritako epeak luzatu nahi direnean. Kasu horretan, luzapenak ezin izango ditu gainditu ezarritako gehieneko epeak.

d) Proiektua egikaritzean aldaketak gertatzen direnean helburuei, jarduketei, faseei, gastu-kontzeptuei eta egutegiari dagokienez.

2.– Dirulaguntza ematen duen organoak dirulaguntza aldatzea erabaki ahal izango du oinarri honen 1. apartatuan adierazitako kasuetan, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Onuradunak eskatuta, aurreko apartatuko a) eta b) letretan ezarritako inguruabarretako edozeinetan oinarritutako aldaketa bat egin nahi denean, inguruabarra ezagutu bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, egikaritze-epea amaitu baino lehen.

b) Onuradunak eskatuta, aurreko apartatuko a) letran ezarritako kausan oinarritutako aldaketa bat egin nahi denean, emandako dirulaguntzaren % 60 gutxienez egikaritu eta justifikatu izana. Dirulaguntzaren % 60 baino gutxiago egikaritzen eta justifikatzen bada, ez-betetze handitzat hartuko da, eta emandako dirulaguntza osorik itzultzeko arrazoia izango da.

c) Dirulaguntzaren zenbatekoa ez handitzea.

d) Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak ez egotea onuradunaren borondatearen mende, eta behar bezala arrazoitu eta justifikatu izana.

e) Oinarri arautzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

g) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez eragitea.

18. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Baldin eta pertsona onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluaren arabera, Elikagaien eta Landa Garapeneko sailburuordeak, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (osorik ala partez) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (osorik ala partez, proiektuaren egikaritze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin.

Aipatutako diru-zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza izango da organo eskuduna itzulketa-espedientea abiarazi eta izapidetzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40 artikuluaren arabera.

3.– Espedientea hasteko ebazpenean, hauek jakinaraziko zaizkio onuradunari: itzulketa-prozeduraren hasiera, bete ez diren eginbeharrak eta ukitutako dirulaguntza-zenbatekoa. Prozeduraren ebazpenak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta bidezkoak diren berandutze-interesak itzultzeko erabakiko du.

4.– Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren sailburuordeari dagokio itzulketa osoaren edo partzialaren espedientea hastea, eta espediente hori ebaztea.

5.– Baldin eta itzulketa-prozedura arau-hauste administratibo baten ondorioz hasi bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehapen-prozedura hasteko.

19. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin ahalko du eskabidean, baina atzera-egite hori eskatutako laguntzak emateko prozedurako ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko da. Baliabide elektronikoen bidez egin ahal izango da, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako titularraren aurrean. Hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du atzera egitea, eta amaitutzat emango du atzera egiteko prozedura.

2.– Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Uko-egitea idatziz aurkeztuko zaio Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari, eta hark, ebazpen baten bidez, uko-egite hori onartuko du, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura. Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

3.– Nolanahi ere, ematen diren atzera-egite edo uko-egite kasuetan, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea 94. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

20. oinarria.– Dirua itzultzeko arrazoiak.

1.– Bidezkoa izango da dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdutzat ematea eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzultzea eta dagokion berandutze interesa eskatzea, honako kasu hauetan:

a) Entitate onuradunak ez badu dirulaguntza eskatutako eta emandako helbururako erabiltzen, ez badu dirulaguntza eragin zuen jarduketa egiten, ez badu justifikatzen eskatutako helburuetarako erabili duela, edo, oro har, organo eskudunak ezarritako baldintzetako edozein betetzen ez badu.

b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan xedatutako gainerako kasuetan ere egin beharko da itzulketa.

2.– Dirulaguntzaren xede den jarduketaren kostuaren gaineko soberakina itzuli beharko da, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 21. oinarrian adierazitakoari jarraikiz.

3.– Itzulketa-prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da, eta ebazpena emateko eskumena Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordearena izango da.

4.– Onuradunaren egikaritze-maila ia erabatekoa bada, eta hark egiaztatzen badu dirulaguntza onartu zuenean hartu zituen konpromisoak betetzeko asmo irmoa duela, ezingo da deklaratu kobratzeko eskubidea guztiz galdu duela, eta, ondorioz, jasotako dirulaguntza osorik itzuli behar duela. Aitzitik, dirulaguntzaren ordainketa partzialerako eskubidea duela deklaratuko da, eta, hala badagokio, itzulketa partziala egin behar duela. Itzuli beharreko kopurua jarduketa osoaren egikaritze-mailaren araberakoa izango da.

Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbatekoa benetan eta behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, organo emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

5.– Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

21. oinarria.– Bateragarritasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein entitate publikok zein pribatuk helburu bererako emandako beste edozeinekin, baldin eta dirulaguntza guztien baturak deialdi honen oinarriek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak gainditzen ez baditu. Muga hori gaindituz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio programa honen babespean emandako dirulaguntzari.

2.– Beste entitate publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, baliteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak eta laguntza ematea eragin zuen helburua mantendu beharko dira. Horretarako, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala badagokio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

22. oinarria.– Datuak babestea.

Agindu hau aplikatuta jasotzen diren datu pertsonalak tratatzeko orduan, berariaz beteko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Datuak babesteari buruzko informazioa lortzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa1-eu.shtml

I. ERANSKINA
ORDAINKETA-EPEAK BETETZEA

(Eranskin honen ondorioz aurkeztu beharreko dokumentazioa ez zaie eskatuko irabazi-asmorik gabeko entitateei. 30.000,00 euro edo gutxiagoko dirulaguntza eskatzen bada ere, ez da eskatuko).

Onuradunaren edota entitate lankidearen izaera lortzeko, merkataritza-eragiketetan berandutzearen aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitateak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu egin beharko dute Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoari jarraikiz bete dituztela ordainketa-epealdiak.

Betetze-maila egiaztatzeko, frogagiri hauek aurkeztu ahal izango dira:

a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta.

Horrez gainera, hori egiaztatzeko, hurrengo b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete, beren araudia betez gero.

b) Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako agiri hauetako bat aurkeztu ahal izango dute:

1.– Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertuko baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen 2010eko uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioari kasu eginez.

Ziurtagiri horrek balioa izango du hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2.– Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria egiterik ez badago, adostutako prozedurei buruzko txostena aurkeztu ahal izango da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egina, zeinean ondorioztatuko baita, oinarritzat hartuz erreferentzia-data batean sozietatearen hornitzaileei ordaintzeko dauden fakturen lagin bati egindako berrikusketa, salbuespenik gabe bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, edo, salbuespenik aurkituz gero, salbuespenek ez dutela eragotzi apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea.

Lege horri dagokionez, ordainketa-epeak betetzeko eskakizuna betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epe horien betetze-maila Enpresak Sortu eta Hazteari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa denean.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala