
116. zk., 2026ko ekainaren 22a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (169 KB - 4 orri.)
- EPUB (232 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
2760
EBAZPENA, 2026ko ekainaren 9koa, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariarena, zeinaren bidez ziurtatzen baita Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolatzeko plazak sortu direla (0-3 urte) 2021eko urtarrilaren 1etik 2026ko ekainaren 30era arte, Haur Hezkuntzako Lehen Zikloan Eskolatzea Bultzatzeko Programaren esparruan, lehentasunez 1 eta 2 urteko haurrentzat, titulartasun publikoko plaza berriekin.
Osagaia: 21O.1I Titulartasun publikoko Haur Hezkuntzako lehen zikloko plazak sortzea (lehentasunez, 1 eta 2 urtekoentzat) – NextGeneration funtsak.
2021-2022 ikasturteaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoak Haur Hezkuntzako lehen zikloan eskolatzea bultzatzeko programan parte hartzen du, lehentasunez 1 eta 2 urteko haurrentzat, titulartasun publikoko plaza berriekin. Programa hori NextGenerationEU Europar Batasuneko BEM Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen du, HLHKM Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren bitartez, «Hezkuntza-sistema modernizatzea eta digitalizatzea, 0-3 urteko hezkuntza goiztiarra barne» 21. osagaiaren esparruan (01 inbertsioa, BEEP Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, CID 309 helburua lortzeko (0-3 urteko Haur Azpiproiektua, EAE).
Programa honen helburu nagusia haurrek eta haien familiek Haur Hezkuntzako lehen zikloan plaza irisgarria, eskuragarria, inklusiboa eta kalitate handikoa izateko duten eskubidea zabaltzea da, titulartasun publikoko plaza berriak sortuz (lehentasunez, 1 eta 2 urtekoentzat). Ezarpen progresiboan, lehentasuna eman beharko zaie pobreziako edo gizarte-bazterketako arrisku handiena duten eremuetan ikasleak sartzeari eta landa-eremuetara hedatzeari. Ziklo honetako eskolatzearen hedapenak kontuan hartu behar du konpentsatu egin behar dela ekonomia-, gizarte-, lurralde- eta kultura-jatorriko desberdintasunek ikasleengan duten eragina. Gainera, plaza publiko berriak sortzeko, Haur Hezkuntzako lehen ziklorako gutxieneko baldintzak bete beharko dira.
Ministerioak autonomia-erkidego guztientzat erabilitako irizpideen arabera, 2021eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra arte 1.518 plaza sortzea esleitu zitzaion Euskal Autonomia Erkidegoari, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialeko akordio hauen arabera: 2021eko azaroaren 25ekoa, 2022ko abenduaren 13koa eta 2023ko abenduaren 13koa; hurrenez hurren, ebazpen hauetan argitaratu ziren akordioak: 2021eko abenduaren 23koa (abenduaren 29ko «Estatuko Aldizkari Ofiziala»), 2022ko abenduaren 28koa (abenduaren 20ko «Estatuko Aldizkari Ofiziala») eta 2023ko abenduaren 19koa (abenduaren 26ko «Estatuko Aldizkari Ofiziala»). Kopuru hori 1.385 plazatara murriztu zen, Ministerioak 2026ko apirilean egindako birbanaketarekin.
Eusko Jaurlaritzak hainbat jarduera egin ditu 1.385 plazen mugarria lortzeko:
2023an, zuzeneko 2 dirulaguntza eman zituen 0-2 urteko plaza publiko berriak sortzeagatik.
2024an, lehia askeko dirulaguntzetarako lehen deialdia egin zuen, eta, ondoren, lehiarako bigarren deialdia.
Aipatutako deialdien helburua izan da Euskal Autonomia Erkidegoko udalei diruz laguntzea Haur Hezkuntzako titulartasun publikoko lehen zikloko plaza berrien azpiegitura- eta funtzionamendu-gastuen finantziazioan: Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan 2021eko urtarrilaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitartean sortutako plazetarako izan da laguntza.
Europako Batzordeak, orain arte, honako mekanismo hauek ezarri ditu titulartasun publikoko plaza berriak sortu direla egiaztatzeko (lehentasunez, 1 eta 2 urtekoentzat), beste egiaztapen batzuk eskatzea baztertu gabe: autonomia-erkidegoaren aldizkari ofizialean argitaratzea plazak sortzeko egintza juridikoak, eta, hala badagokio, plaza horiek sortzeko egindako obren harrera-aktak.
Euskal Autonomia Erkidegoak, historikoki, sortutako plazak ez zituen aipatzen Euskal Autonomia Erkidegoko haur-eskolak baimentzeko aginduetan, eta, horregatik, baimendutako haurreskola batzuen kasuan bakarrik dago adierazita zenbat plaza sortu diren haur-eskola baimentzeko aginduan.
Euskal Autonomia Erkidegoak titulartasun publikoko plazak sortu direla frogatzen du ebazpen ziurtatzaile honen bidez, eta, era berean, egiaztapen-mekanismo gisa balio du.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Egiaztatzea titulartasun publikoko eskolatze-plaza berriak sortu direla 2021eko urtarrilaren 1etik 2026ko ekainaren 30era arte 0, 1 eta 2 urteko ikasleentzat, eranskinean adierazitako ikastetxeetan, Haur Hezkuntzako lehen zikloan eskolatzea bultzatzeko programaren esparruan, lehentasunez 1 eta 2 urteko haurrentzat, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak eta NextGenerationEU Europar Batasuneko Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatuta.
Bigarrena.– Ebazpen ziurtatzaile hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 9a.
Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria,
EUGENIO JIMENEZ IBAŃEZ.
RSS