Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2026ko ekainaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2759

AGINDUA, 2026ko ekainaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Hernaniko (Gipuzkoa) «De Innovación Social/Gizarte Berrikuntzako» Lanbide Heziketako ikastetxe publiko integratuaren izen espezifikoa aldatzea.

Lanbide-heziketako heziketa-eskaintza guztiak ematen dituzten ikastetxeei ikastetxe integratu deituko zaie, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatutako Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 111. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeen izen generikoa eguneratzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 4ko Aginduaren I. eranskinean xedatutakoaren arabera.

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 13. artikuluak ezartzen duenez, ematen dituzten irakaskuntzei dagokien izendapen generikoaz gain, ikastetxeek izen espezifikoa izango dute eta hezkuntza-administrazio eskudunaren mendeko erregistro publiko batean inskribatuko dira. Hezkuntza-administrazio horrek Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari helarazi beharko dizkio erregistro-idazpenak, gehienez ere hilabeteko epean. Ikastetxeek ezin izango dute erabili dagokion erregistro-inskripzioan agertzen ez den identifikaziorik.

Aztertu da Hernaniko (Gipuzkoa) «De Innovación Social/Gizarte Berrikuntzako» Lanbide Heziketako ikastetxe integratuaren izen espezifikoa aldatzeko eskaera, zeina Gizarte Kontseiluak eta ikastetxeko klaustroak onartu baitzuten 2026ko maiatzaren 8an. Era berean, Hernaniko Udalaren 2026ko maiatzaren 12ko ziurtagiriak adierazten du ez dagoela eragozpenik izen berria izateko.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarrean dagoen araudiak eskatutako dokumentazioa erantsi zaio, eta Hezkuntzako Ikuskaritza eskudunak aldeko txostena eman du, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak eta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuaren 4. artikuluak emandako eskumenak baliatuz.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Hernaniko (Gipuzkoa) «De Innovación Social/Gizarte Berrikuntzako» Lanbide Heziketako ikastetxe integratuaren izen espezifikoa aldatzea onartzea (aurrerantzean, «Hernani Gizarte Berrikuntzako» izango da), eta 2026-2027 ikasturtetik aurrera EAEko Unibertsitateaz Kanpoko Ikastetxeen Erregistroan inskribatuta geratuko da, erregistro-datu hauekin:

Ikastetxearen kodeak: 013534 (EAE) eta 20015071 (unibertsala).

Izen generikoa: Lanbide Heziketako ikastetxe integratua.

Izen espezifikoa: «Hernani Gizarte Berrikuntzako».

Helbidea: Karmelo Labaka, 7.

Udalerria: Hernani.

Lurralde Historikoa: Gipuzkoa.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 2a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOŃA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala