
115. zk., 2026ko ekainaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (476 KB - 30 orri.)
- EPUB (635 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
2724
AGINDUA, 2026ko ekainaren 9koa, Osasuneko sailburuarena, dirulaguntzak emateko deialdi bat egin eta haren oinarriak arautzen dituena; dirulaguntza horiek adikzioen esparruan arriskuak eta kalteak prebenitu eta gutxitzeko proiektuak egiteko dira, bai eta esparru horretan jokabide osasungarriak sustatzeko proiektuak egiteko ere, 2026ko ekitaldian.
Osasun Sailak du osasun publikoaren eta adikzioen arloko eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 14.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.).
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 319/2024 Dekretuaren arabera, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak egiteko hauek ditu, besteak beste: adikzioen alorrean euskal politika integrala definitzea; familiaren, komunitatearen, hezkuntzaren edo lanaren esparruan droga-mendekotasunak eta jokabidezko adikzioak prebenitzeko programak eta ekimenak bultzatu eta mantentzea, eta foru- eta toki-entitateei aholkularitza ematea adikzio-gaietan.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko botere publikoei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoko sektore guztietan, helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio txarrak saihestea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Halaber, aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du EAEko administrazio sanitarioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez.
Osasun publikoa adikzioei eta droga-mendekotasunei erantzuteko ereduaren funtsezko oinarritzat joz, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak arlo hauek garatzen ditu: osasunaren sustapena; prebentzioa; eskaintzaren murrizketa; asistentzia; gizarte-inklusioa, eta prestakuntza eta ikerketa. Lege horren helburua da adikzioei diziplina anitzeko ikuspegi integral batetik heltzea, ohitura osasungarriak eta osasunaren aldeko kultura lortzeko; eta horretan, osasuna sustatzea eta prebentzioa jarduera lehenetsia eta lehentasunezkoa izango dira.
Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak hainbat titulu ditu, baina, argi eta garbi, lehentasunezkoa da Autonomia Estatutuaren 18. artikuluak aitortzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen baitio barne-osasunaren arloan Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea, bai eta farmazia-produktuen arlokoak eta gizarte-laguntzarekin erlazionatutakoak betearaztea ere, autonomia-erkidegoaren eskumen esklusibokoak baitira (Autonomia Estatutuaren 10.12 artikulua). Lege horrek, 66.b) artikuluaren bidez, Eusko Jaurlaritzari esleitzen dio Euskadiko Adikzioen Plana, bai eta plan horren urteroko betetze-memoria eta azken ebaluazio-memoria onartu eta garatzeko ardura ere.
Euskadin dagoen adikzioen prebentzio-eredua eredu komunitarioa da, eta bertan dauden baliabideak optimizatzea du helburu esku-hartzearen xede diren herritarrengana iristeko. Horren harira, adikzioen esparruan nabarmendu beharrekoa da irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko entitateek egiten duten lana; apirilaren 7ko 1/2016 Legeak aitortzen du lan hori, eta entitate horiek alor horretan egiten dituzten proiektuak sustatzeko laguntza-lerroa bideratzen du.
Gainera, dirulaguntzaren xede diren jarduerek bat etorri behar dute Euskadiko Adikzioen VIII. Planaren (2023-2027) edukiekin. Plan hori EAEko administrazio publikoen estrategiak eta jarduketak planifikatzeko, antolatzeko eta koordinatzeko tresna da, adikzioen prebentzioaren arloan eta haiek eragindako kaltea gutxitzearen arloan, betiere adikzioei eta droga-mendekotasunei arreta integrala emateko ereduaren barruan.
Laguntza-agindu hau bat dator, halaber, 2030eko Euskadiko Osasun Planarekin, sistema sanitarioa planifikatzeko eta programatzeko tresna gorena baita. Haren bidez, osasun-arloko helburu orokorrak ezartzen dira, bai eta indarrean dagoen bitartean eskura dauden baliabideekin artatu behar diren lehentasunak ere, zeinek, oro har, politika sanitarioak definitzen baitituzte. Gizarte-premia bati erantzuteaz gain, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean jasotako lege-agindu bat gauzatzen du Osasun Planak, Autonomia Estatutuaren 18. artikuluan sustraituta dagoena. Osasun-plan horrek printzipio gidari batzuk ditu oinarri, Euskadiko herritarren osasunean eragin positiboa izateko ildo estrategikoak, politikak eta ondoriozko jarduerak gidatzeko esparru gisa. Hitz batean, planaren funtsezko helburua da Euskadi osasuntsuago bat lortzeko bidean buru izatea. Horretarako, zenbait helburu estrategiko planteatu dira: batzuk emaitzei dagozkienak, eta beste batzuk, berriz, instrumentalak. Seigarren helburu instrumentalak sei helburu espezifiko ditu; horietako bat da herritarren parte-hartzea eta osasun-arloko ekintza komunitarioa bultzatzeko ingurune sozialak sustatzea tokiko mailan, betiere biztanleen aniztasuna eta ekitate-ikuspegia kontuan hartuta.
Deialdi honi aplikatzekoa den administrazio-prozeduran bide elektronikoa baino ez da onartzen; izan ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuz, pertsona juridikoak –haiek baitira deialdi honetako entitate interesdunak– behartuta daude administrazio publikoekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera administrazio-prozedura baten edozein izapide egiteko.
Deialdi hau xedapen hauek osatzen duten esparru juridikoaren mende egongo da: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak ezartzen duenez, aldez aurretik dirulaguntzen plan estrategikoa egin behar da, eta, plan estrategiko horretan, kasu bakoitzean deitu nahi diren dirulaguntzak jaso behar dira. Plan estrategiko horrek eduki jakin bat izan behar du nahitaez.
Laguntza-agindu honek bete egiten ditu Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta Osasun Sailaren 2026ko ekitaldirako Dirulaguntzen Urteko Planean ezarritako jarraibideak –Osasuneko sailburuaren 2026ko otsailaren 6ko Aginduaren bidez onartu zen azken hori–. Plan estrategiko hori Osasun Sailaren politika planifikatzeko tresna bat da, eta helburu du dirulaguntzak emanez osasuna sustatzea. Horiek horrela, Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren eranskineko 3. puntuan ageri dira planaren ardatz estrategikoak eta dirulaguntza-lerroak, eta horien artean dago agindu honetako dirulaguntza-lerroa, helburu hau duena:
– Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateek adikzioen arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko programak egitea eta garatzea.
2026ko Dirulaguntzen Urteko Planaren I. eranskinean daude jasota halakoak; hain zuzen ere, bigarren helburu estrategikoaren barruan –adikzioak artatzea eta prebenitzea, bai eta arriskuak eta kalteak gutxitzea ere–.
Agindu honetan aurreikusten ez diren alderdi guztietarako, arau hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
Hori guztia dela eta, eta deialdi honetarako nahikoa kreditu egonik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legearen arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Dirulaguntzak emateko deialdi bat egitea eta haren oinarri arautzaileak onartzea; dirulaguntza horiek adikzioen esparruan arriskuak eta kalteak prebenitu eta gutxitzeko proiektuak egiteko dira, bai eta esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzeko proiektuak egiteko ere, 2026ko ekitaldian, agindu honen eranskin gisa argitaratzen diren oinarrien arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beronen aurka entitate interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen bi epe horiek.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Aplikatu beharreko dirulaguntza-araudia.
Dirulaguntzen deialdi honi arau hauetan jasotako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Orobat aplikatuko zaio Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Jarraibideak.
Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko eta betetzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 9a.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
ERANSKINA
DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDI BATEN OINARRIAK. DIRULAGUNTZA HORIEK ADIKZIOEN ESPARRUAN ARRISKUAK ETA KALTEAK PREBENITU ETA GUTXITZEKO PROIEKTUAK EGITEKO DIRA, BAI ETA ESPARRU HORRETAN JOKABIDE OSASUNGARRIAK SUSTATZEKO PROIEKTUAK EGITEKO ERE, 2026KO EKITALDIAN
1. oinarria.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da dirulaguntzak emateko deialdi bat egin eta haren oinarriak arautzea; dirulaguntza horiek adikzioen esparruan arriskuak eta kalteak prebenitu eta gutxitzeko proiektuak egiteko dira, bai eta esparru horretan jokabide osasungarriak sustatzeko proiektuak egiteko ere, 2026ko ekitaldian.
2.– Hauek dira agindu honen bidez erdietsi nahi diren helburu orokorrak:
a) Pertsonen ongizatea, arrisku-faktorerik eza eta osasun-arloko ekitatea sustatzeko sektorearteko eta erakundearteko ekintzak mantendu eta sustatzea.
b) Euskadiko Adikzioen VIII. Planaren (2023-2027) helburuetan eta jarduketa-ildoetan hobekien txertatuta dauden programak eta proiektuak mantentzea.
c) Premia berriak azalaraztea, eta, behar horiek kontuan hartuta, horiei erantzungo dieten proiektu berriak bultzatzea.
d) Proiektuak eta programak hobetzen laguntzea, eta, horretarako, esku hartzeko protokoloen diseinu- eta sistematizazio-prozedurei jarraitzea.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzen muga.
Aurreko oinarrian adierazitako xedeak lortzera bideratuko den diru-zuzkidura 1.118.500 eurokoa izango da, eta horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da.
Agindu honek bi dirulaguntza-lerro ditu:
Lehenengo dirulaguntza-lerrora 236.000 euro bideratuko dira, eta ausazko jokoarekiko adikzioak eta beste jokabidezko adikzio batzuk prebenitzeko eta tratatzeko proiektuak diruz laguntzeko erabiliko dira.
Bigarren dirulaguntza-lerrora 882.500 euro bideratuko dira, eta substantziekiko adikzioak prebenitzeko eta tratatzeko proiektuak diruz laguntzeko erabiliko dira.
Ausazko jokoarekiko adikzioa eta beste jokabidezko adikzio batzuk prebenitzeko eta tratatzeko proiektuetarako dirulaguntzen eskaera erreserba baino txikiagoa bada, soberakina gainerako proiektuetarako kredituari gehituko zaio. Era berean, azken proiektu mota horretarako eskaria aurreikusitakoa baino txikiagoa bada, soberako zenbatekoa substantziekiko adikzioen prebentzio- eta tratamendu-lerrora aldatu ahal izango da.
3. oinarria.– Entitate onuradunak.
Laguntzak eskuratu ahal izateko, irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko-pribatua izan behar dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoan adikzioen esparruko arriskuak eta kalteak prebenitu eta gutxitzeko eta esparru horretan jokabide osasungarriak sustatzeko proiektuak egin; horrez gain, egoitza soziala EAEn izan, eta baldintza hauek bete behar dira:
1.– Irabazi-asmorik gabekoak izan behar dira, edozein dutela ere forma juridikoa: elkartea, fundazioa, gizarte-ekimeneko kooperatiba edo irabazi-asmorik gabeko besteren bat; gainera, helburu publiko bat edo gizarte-intereseko helburu bat lortzea sustatu behar dute. Betekizun hori betetzen dela egiaztatzeko, estatutuak eta Elkarteen Erregistroaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira.
2.– Gainera, laguntzen onuradun izateko, entitateak ezingo dira egon Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 3. eta 4. apartatuetan ezarritako ezein kasutan. Beraz, hauek ezingo dira onuradun izan:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso dutenak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.
c) Errudun deklaratuak izanik, hori eragin duen kausa dela-eta administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.
d) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik ez dituztenak.
e) Dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak erregelamenduz zehazten denaren arabera ordaindu gabe dituztenak.
f) Ebazpen irmo baten bidez, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapena jaso dutenak, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dute dirulaguntzen onuradun izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duten pertsonek, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian. Era berean, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, bai eta Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.
3.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste egoera batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.
4.– Inola ere ezingo dira izan dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuren bat jaso duten elkarteak. Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitzeagatik elkarte baten inskripzio-prozedura administratiboa eteten bada Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, elkarte hori ere ezingo da izan onuradun edo entitate laguntzaile, harik eta ebazpen judizial irmoa eman eta dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte.
4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.
1.– Agindu honen ondorioetarako, hauek izango dira adikzioen esparruan arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta esparru horretan jokabide osasungarriak sustatzeko jarduketak:
a) Prebentzioko hezkuntza-programak.
b) Komunitatea sentsibilizatzeko ekintzak.
c) Jokabide osasungarriak sustatzeko programak.
d) Banakako edo taldeko psikohezkuntzako arreta.
e) Familiei zuzendutako jarduerak.
f) Detekzio goiztiarreko programak.
g) Koordinazioa eta sareko lana – Lurraldeko ikastetxeekin, gizarte-zerbitzuekin, osasun-zerbitzuekin, elkarteekin edo entitateekin koordinatzeko jarduerak.
Era berean, diruz lagundu daitezkeen jarduketek helburu hau izan beharko dute:
a) Portaera osasungarriak sustatzen dituzten eta substantzia eta jokabide adiktiboen kontsumoa desnormalizatzen laguntzen duten inguruneak aktibatzea, eskuragarritasuna eta eskaintza murrizteko egiturazko neurriak barne.
b) Osasuna sustatzeko eta prebenitzeko programak indartzea eta hobetzea, bizitzaren ibilbideari erreparatuz eta kapital emozionala eta pertsonen bizitzarako trebetasunak indartzeko ahalegina eginez.
c) Gizarte-inklusioari laguntzeko tratamendu-, laguntza- eta babes-zerbitzuak indartzea eta hobetzea, ekitatearen ikuspegitik eta arreta berezia eskainiz zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei.
d) Adikzioen arloko ezagutza eta berrikuntza garatzea eta zabaltzea.
e) Sektorearteko ekintza eraginkorragoa finkatzea Adikzioen Plana ezartzeko.
2.– Laguntza hauetatik kanpo geratuko dira:
a) GIBaren edo hiesaren arriskuak eta kalteak prebenitu, kontrolatu edota gutxitzea xede duten proiektuak.
b) GIBa edo hiesa duten pertsonei zuzendutako proiektuak.
c) Arriskuak eta kalteak prebenitu, kontrolatu edo gutxitzeko proiektuak, baldin eta haien helburua bada arrisku txikiagoko kontsumorako materiala banatzea.
5. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen arabera emandako dirulaguntzak bateragarriak dira beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek edozein diru-sarrera edo baliabideren bidez xede bererako ematen dituzten laguntza edo dirulaguntzekin, baldin eta zenbateko guztiak batuta ez bada gainditzen entitate onuradunak diruz lagunduta aurrera eramango duen jardueraren kostua. Eskatutako dirulaguntzaren onuradun izanez gero, entitate onuradunak ezingo du gainfinantzaketarik izan. Halakorik gertatuz gero, agindu honen babesean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, gehiegizko kopuruari dagokion zenbatekoan.
2.– Aurrekoaren ondorioetarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, helburu bera lortzeko beste finantzaketa-iturririk dagoen ala ez azaltzeko (zenbatekoa adieraziz); hala badagokio, oraindik ebatzi gabe dauden laguntza-eskabideen zenbatekoa ere adierazi beharko da, bai eta proiektua gauzatzean gainfinantzaketarik ez dela izango dioen deklarazio espresua ere.
6. oinarria.– Laguntzen izapidetze elektronikoa.
1.– Entitate interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira. Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan jarri den jakinarazi beharreko egintza entitate interesdunaren eskura edo, hala badagokio, legezko ordezkariaren edo pertsona baimenduaren eskura, eta noiz izan duen hartarako irispidea; une horretatik aurrera jakinarazpena egintzat joko da. Jasota baldin badago jakinarazpena eskura jarri dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola; ondorioz, izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta ez bada egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
3.– Laguntza hauek izapidetzeko bitarteko elektronikoak erabili beharra lege hauen bidez arautuko da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta 91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa.
4.– Izapidetze telematikoa eta bitarteko elektronikoak erabiltzeko jarraibideak eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan, euskadi.eus helbidean:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0032121
7. oinarria.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Entitateek, gehienez ere, zazpi eskabide aurkeztu ahal izango dituzte deialdi honen esparruan. Entitateren batek eskabide gehiago aurkezten baditu, organo kudeatzaileak alderdi interesdunari eskatuko dio gehieneko kopurua gainditzen duten eskaerak nahierara erretiratzeko, eta, horretarako, gehienez ere hamar eguneko epea emango dio. Hori egin ezean, aurkeztu gabekotzat joko dira eta ez dira baloratuko azken aurkeztu diren eskabideak.
3.– Laguntza-eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko eredua eta deialdiari buruzko informazioa eta prozedura eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus), agindu honen 6. oinarrian aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetako prozeduraren eta jarduketen arabera.
Prozedura honetako izapide guztiak bitarteko telematikoen bidez egin ahal izateko, entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak onartutako ziurtagiri elektronikoetako edozein erabiliko dute. Esteka honen bidez kontsultatu ahal izango da zer ziurtagiri elektroniko onartzen diren: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
4.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Entitate interesdunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin aurkeztuko dira eskabideak eta horiekin batera aurkezten den dokumentazio osagarria. Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu daitezke, euskadi.eus-en. Eskabideak eta horiekin batera aurkezten den dokumentazio osagarria Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara bidali behar dira.
6.– Entitate eskatzaileek erabakiko dute zer hizkuntza ofizialetan aurkeztuko dituzten eskabideak eta horiekin batera aurkezten diren gainerako agiriak. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura guztian, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, hala ezarria baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean.
7.– Entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik. Gainera, betebeharrak betetzen jarraitu beharko dute, gutxienez laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den unera arte.
Betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak baliatuko dira: batetik, zerga-organo eskudunaren ziurtagiria, eta, bestetik, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko organo eskudunarena.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak organo eskudunetatik eskuratuko ditu zuzenean agiri horiek, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez. Entitate interesdunak horren aurka egiten badu, berak aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
8.– Eskabideetan, laguntza eskatzen duen entitateak aurka egin ahal izango dio datuak edo dokumentuak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak lortu edo egiaztatzeari.
Ziurtagiri elektroniko aitortu baten bidez identifikatutako pertsona fisikoen kasuan, ez da beharrezkoa izango inolako agiririk aurkeztea haien nortasuna egiaztatzeko.
Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/ordezkariak.
9.– Entitate batek onuradun izateko baldintzak betetzen dituela eta debeku-egoeretan ez dagoela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua aurkeztu ahal izango du, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 3. eta 4. apartatuekin.
10.– Agindu honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpenetan jasotako datu guztiak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute beren burua pertsona edo entitate onuradun izateko aurkezten dutenek, ordeztutako agiriak aurkeztuz edo organo kudeatzaileari horiek egiaztatzeko baimena emanez, dena delako laguntza edo dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.
11.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietako baldintzak espresuki eta formalki onartzea.
8. oinarria.– Eskabideetan adierazi beharreko datuak.
Proiektu bakoitzerako eskabide bat aurkeztu beharko da. Eskabide-eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus).
Eskabideetan, datu hauek adieraziko dira:
a) Proiektua aurkezten duen entitatearen eta pertsonaren identifikazio-datuak (nor den, zer entitate ordezkatzen duen) eta harremanetarako datuak (posta-helbidea, telefonoa, etab.).
b) Proiektuaren izena.
c) Entitate sustatzailea.
d) Proiektuko harremanez arduratzen den teknikariaren datuak.
e) Proiektua nola txertatzen den Euskadiko Adikzioen VIII. Planean (2023-2027), zehaztuz dirulaguntza-lerroa (substantziekiko edo ausazko jokoekiko adikzioak eta substantziarik gabeko adikzioak), jarduketa-helburua, ildoa eta eremua, zeinak 2030eko Euskadiko Osasun Planean jasota baitaude.
f) Proiektua nola garatuko den (deskribapena).
g) Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.
h) Proiektuaren eta proiektua sustatzen duen entitatearen historia laburra.
i) Oinarri teorikoak: zein faktoretan eragin nahi den.
j) Proiektuaren helburuak: helburu orokorra, helburu espezifikoak eta helburu operatiboak.
k) Proiektuaren jarduerak fase hauetan: plangintza eta diseinua, inplementazioa eta gauzatzea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.
l) Proiektuaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.
m) Proiektuaren aurrekontua, bi puntu hauek ere adierazita: proiektuaren kostu osoa, kontzeptuen arabera banaturik, eta proiekturako diru-sarrerak eta entitateak proiektuari egiten dion ekarpena.
9. oinarria.– Eskabidearen hutsak zuzentzea.
Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak osorik edo zuzen betetzen ez badira, interesdunari errekerimendu telematikoa egingo zaio, hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkeztu ditzan, eta jakinaraziko zaio hala egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioa behartuta dago eskaera horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinaraztera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoaren arabera.
10. oinarria.– Kudeaketa.
1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria izango da agindu honen xede diren laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Deialdi honetako laguntzak lehiaketa bidezko norgehiagokaren prozedura erabiliz esleituko dira –Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan dago araututa prozedura mota hori–. Laguntzak edo dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, lehentasun-hurrenkera ezarri ahal izateko, 12. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta. Hain zuzen ere, irizpide horiek aplikatuz baloraziorik altuena lortzen duten eskabideei soilik esleituko zaizkie dirulaguntzak, betiere 12. oinarriko 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.
Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, kide hauekin:
– Arreta Soziosanitarioko zuzendaria, María del Carmen Álvarez Zubizarreta; batzordeburua izango da, eta haren ordezkoa, berriz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria, Guillermo Herrero Alaña.
– Osasun Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea, Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck; Osasuna Sustatzeko Zerbitzuaren burua, Francisco Borja Cirarda Larrea, izango da haren ordezkoa.
– Osasun Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea, Elena Albisua Cortazar; Osasuna Sustatzeko Zerbitzuaren burua, María Blanco Egaña, izango da haren ordezkoa.
– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea, Koldo Cambra Contin; Raquel Garay Gómez, Osasun Publikoko teknikaria, izango da haren ordezkoa.
– Kide anitzeko organoko idazkaria batzordeburuak izendatuko du batzordekideen artetik.
Balorazio-batzordearen funtzionamenduari dagokionez, modu osagarrian aplikatuko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak.
3.– Aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko beharrezkoa dela iritziz gero, entitate eskatzaileari informazio eta dokumentazio osagarria aurkezteko eskatu ahal izango diote bai organo kudeatzaileak –aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko–, bai balorazio-batzordeak –balorazio-fasean–. Orobat, aurkeztutako datuak alderatu eta egoki iritzitako egiaztapenak egingo dira, laguntzak behar bezala esleitzeko.
Behin balorazio-batzordeak eskabideak baloratuta eta balorazio-emaitzen txostena idatzita, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak prozedura ebazteko proposamena egingo du, eta Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen esku jarriko du, erabakia hartu dezan, eta espedienteari txosten bat erantsiko dio, non jasoko baita eskuragarri duen informazioaren arabera ondorioztatzen dela dirulaguntzaren onuradun izateko proposatu diren pertsonek edo entitateek horretarako baldintza guztiak betetzen dituztela.
11. oinarria.– Prozeduraren ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari dagokio prozedura ebaztea, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak proposatuta; horretarako, txosten bat idatzi beharko du aurretik zuzendari horrek, jasota uzten duena eskuragarri duen informazioaren arabera ondorioztatzen dela laguntzaren onuradun izateko proposatu diren pertsonek edo entitateek horretarako baldintza guztiak betetzen dituztela.
2.– Ebazpenak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan aurreikusitako edukia errespetatuz, bereizi egingo du bi dirulaguntza-lerroei emandako laguntza; hau da, ausazko jokoarekiko adikzioa eta beste jokabidezko adikzio batzuk prebenitzea eta tratatzea helburu duten proiektuei emandakoa, batetik, eta substantziekiko adikzioak prebenitzeko eta tratatzeko proiektuei emandakoa, bestetik, eta, gutxienez, entitate onuradunen identitatea jasoko du, bai eta eskatutako laguntza ukatzen zaien eskatzaileena ere.
Emandako laguntzen kasuan, horrez gainera, zera adieraziko da: entitate onuradunaren nortasuna, finantzatutako jarduketa, horretarako onartutako aurrekontua, emandako zenbatekoa eta laguntzaren urtez urteko banaketa. Ukatutako eskabideei dagokienez, entitate eskatzailea nor den eta laguntza zergatik ukatu zaion zehaztuko da.
Entitate onuradun batek berariaz uko egiten badio emandako dirulaguntzari, idatziz jakinarazi beharko dio organo emaileari.
3.– Ebazpena 2026ko abenduaren 31 baino lehen argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorioak izango ditu. Argitaratzen den egunean bertan, abisu bat bidaliko zaie eskabidean gailu elektroniko bat edo posta elektronikoko helbide bat adierazi zuten entitate interesdunei.
4.– Prozeduraren ebazpenak administrazio-bidea amaitzen du, eta, haren aurka, entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.
5.– Oinarri honen 3. apartatuan adierazitako muga-eguna igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, entitate interesduna legitimatuta egongo da eskabidea administrazio-isiltasunez ezetsitzat jotzeko –hala baitago ezarrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan–, oinarri honen 4. apartatuan aipatzen den errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.
12. oinarria.– Esleipen-irizpideak eta haien haztapena.
1.– Lehiaketa izanik laguntzak esleitzeko prozedura, aurkeztutako eskabideak konparatuta emango dira laguntzak. Horretarako, oinarri honetan agertzen diren balorazio-irizpideak erabiliko dira, eskabide guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartze aldera. Hauek dira balorazioa egiteko irizpideak eta haien haztapena:
a) Diagnostikoaren kalitatea eta diseinuaren teknika. Jarraian aipatzen diren epigrafeetako puntuak metagarriak dira, eta gehienez ere 40 puntu lortu daitezke.
– Testuingurua eta justifikazioa. Proiektuaren beharraren justifikazioa, substantzien kontsumoaren eta beste adikzio batzuen arazoaren izaera deskribatuz. 10 puntu, gehienez.
– Proiektuaren helburuaren definizioa. Argi ezarrita egotea proiektuaren helburua, nor izan daitezkeen biztanle edo pertsona onuradunak, proiektua hedatzeko eta pertsona horiek erakartzeko estrategiak eta hautaketa-irizpideak. 10 puntu, gehienez.
– Metodologia eta esku-hartzea. Proiektuaren diseinua eta deskribapena, eta helburuekiko eta hartzaileekiko egokitasuna eta koherentzia. 10 puntu, gehienez.
– Ebaluazioa. Proiektua eta emaitzak ebaluatzeko sistema. 10 puntu, gehienez.
b) Jardueraren biztanleria-estaldura. Hartzaile edo onuradun kopurua: 10 puntu, gehienez.
– Hartzaile kopurua = < 5.000: 5 puntu.
– Hartzaile kopurua > 5.000: 10 puntu.
c) Jarduera aurrera eramatea gizarte-ekimeneko, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu soziosanitarioko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuz eta lankidetzan arituz, sareko lana sustatuz eta protokolo komunak hobetuz. Puntu 1 lankidetza bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu.
d) Entitatearen ibilbidea eta esperientzia, proposatutako jardueraren edo proiektuaren jarraitutasuna eta jasangarritasuna bermatzeari dagokionez: 5 puntu, gehienez.
– Urte 1etik 5 urtera bitarteko antzinatasuna: puntu 1.
– 5 urtetik 10 urtera bitarteko antzinatasuna: 2,5 puntu.
– 10 urtetik gorako antzinatasuna: 5 puntu.
e) Proiektuak nolako eragina duen bereziki zaurgarriak diren taldeetan, kontuan izanik zenbait ezaugarrik (ezaugarri pertsonalak, familiarrak eta gizarteari eta inguruneari dagozkionak) handitu egiten dutela kontsumoak, jokabide problematikoak edo bestelako arrisku-egoerak izateko aukera: 20 puntu, gehienez.
– Arrisku-faktore metatu ugari, kontsumo problematikoekiko esposizio handia edo bazterketa-egoera duten taldeak: etxerik gabeko pertsonak, tutoretzapean egondako gazteak edo laguntza-sarerik gabeko emantzipazio-prozesuetan daudenak, adingabeen zentroetan barneratze-neurri judizialak dituzten pertsonak, muturreko egoeretan dauden emakumeak, nahasmendu mental larria duten pertsonak, gizarte-sarerik gabe edo administrazio-egoera irregularrean dauden migratzaileak, askatasunik gabe espetxeetan dauden pertsonak, marjinalitate-testuinguruetan drogak erabiltzen dituzten pertsonak. 20 puntu.
– Arrisku-faktore esanguratsu baina ez muturrekoak dituzten taldeak: aisia intentsiboko inguruneetan dauden gazteak, zailtasun sozioekonomikoak dituzten familiak, sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik diskriminazio-egoeran dauden pertsonak, eskola-absentismoa duten nerabeak. 15 puntu.
– Aurreko epigrafeetan sartzen ez diren beste arrisku-faktore batzuk dituzten taldeak. 10 puntu.
f) Generoaren dimentsioa txertatzea proiektuaren diseinuan, ezarpenean eta ebaluazioan. Adikzioek ez dute eragin berdina emakumeengan eta gizonengan, eta faktore sozialek ere eragiten dute, hala nola maila sozioekonomikoak, jatorrizko herrialdeak, aniztasunak, desgaitasunak edo sexu-orientazioak. Proiektu batek genero-ikuspegia txertatzen duela ulertzen da aurreko eraginak modu transbertsalean kontuan hartzen direnean eta entitateko langileen artean aukera-berdintasuna sustatzen denean. Jarraian aipatzen diren epigrafeetako puntuak metagarriak dira, eta gehienez ere 15 puntu lortu daitezke.
– Kontuan hartzea gizonen eta emakumeen arteko aldeak eta gainerako dimentsioak (maila sozioekonomikoa, jatorrizko herrialdea, aniztasuna, desgaitasuna, sexu-orientazioa) helburuan, premien azterketan, baliabideen plangintzan, jardueretan, materialetan eta proiektuaren ebaluazioan. 10 puntu.
– Entitatean genero-ekitatea sustatzen duten neurriak: bizitza pertsonala eta lan-bizitza uztartzeko neurriak, taldearen prestakuntza genero-ikuspegian. 5 puntu.
g) Programa funts propioen bidez kofinantzatzea. Entitate eskatzailearen parte-hartze ekonomikoa eskabidearen xede den proiektuan: 5 puntu, gehienez.
– % 5etik % 15era bitarteko finantzaketa propioa: puntu 1.
– % 15etik % 30era bitarteko finantzaketa propioa: 2,5 puntu.
– Finantzaketa propioa > % 30: 5 puntu.
2.– Aurreko apartatuan jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehentasun-hurrenkera ezarri ondoren, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza hauetarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.
13. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak eta behar-beharrezkoak direnak. Dirulaguntza jaso aurretik eginiko gastuak ordaindu ahal izango dira jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2026. urtean sortutakoak badira.
Egindako gastutzat hartuko da 2026. urtean egin dena eta justifikatzeko epea amaitu aurretik benetan ordaindu dena.
Dirulaguntza jaso dezakeen proiektuarekin zuzenean eta modu objektiboan zerikusia duten jardueren gastuek jasoko dute dirulaguntza:
a) Entitatearen langile propioen zuzeneko gastuak, diruz lagundutako proiektua zuzenean egikaritzeko beharrezkoak baitira; langileen arduraldiaren ehunekoa eta lanpostu-kategoria adierazi beharko dira.
b) Langile boluntarioen gastuak. Boluntariotza-gastuei dagokienez, partida honetan diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko da entitatearen ordezkariak boluntarioek proiektuan emandako orduak egiaztatzea.
c) Zeharkako kostuak; hau da, proiektuari zuzenean lotutako administrazio- eta kudeaketa-gastuak, hala nola bulegoko materiala, telekomunikazioak, ura, gasa, elektrizitatea eta material suntsikorra, baldin eta dirulaguntzaren xede den proiektuari argi eta garbi egozteko modukoak badira; espazioak erabilera mistoak baditu, proportzionaltasunak aplikatuko dira. Gastu horiek dokumentu bidez justifikatu beharko dira, eta, besteak beste, informazio eta dokumentazio hau aurkeztuko da: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data, ordainketa-data eta, hala badagokio, aurrekontuarekiko izandako desbideratzeak.
d) Elkartearen egoitzaren alokairu-gastuak. Lokala beste programa edo dirulaguntza batzuekin partekatzen denean, argi kalkulatu eta dokumentatu behar da zer ehuneko egozten zaion dirulaguntzari.
e) Tributuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak dira baldin eta dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen baditu eta dirulaguntza jaso dezaketen jarduerekin zerikusia badute. Zeharkako zergak ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko berreskura edo konpentsa daitezkeenean. Errenta pertsonalaren gaineko zergak ere ez.
f) Elkartearen komunikazio-proiektuei dagozkien gastuak (webguneak sortzea, sare sozialak, material grafikoak, irrati-materialak, ikus-entzunezkoen materialak kudeatzea eta abar).
g) Entitateko langileen edo boluntarioen dieten gastuak (joan-etorriak, ostatua eta otorduak), dirulaguntza eskatzen den programa gauzatzeko ezinbestekoak badira. Fakturen, txartelen, tiketen eta ordainketa-dokumentuen bidez justifikatu beharko dira.
h) Proiektuan edo jardueran proposatutako jarduerak egiteko lokalak alokatzeko gastuak. Gastu horiek dokumentu bidez justifikatu beharko dira, eta, besteak beste, informazio eta dokumentazio hau aurkeztuko da: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-dokumentuak.
Zeharkako kostuek ezingo dute proiektuaren zuzeneko kostuaren % 20 gainditu.
Ez dira dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko:
a) Beste entitate batzuei eskaini beharreko zerbitzuak eta bestelako ekintzak finantzatzeko gastuak.
b) Protokolo-arretarako gastuak, hala nola bazkariak, harrerak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak edo antzekoak.
c) Festetako, ekitaldietako eta askotariko aurkezpenetako janari- eta edari-gastuak, eta bazkideentzako, langileentzako edo boluntarioentzako edozein ospakizun edo otordu.
d) Inbertsio-proiektuen edo irabazi-asmoa dutenen gastuak.
e) Entitateko soldatapekoek jaulkitako fakturak, langile horien kontratazio-gastuak dirulaguntzari egozten zaizkionean.
f) Finantza-gastuak.
g) Administrazio-lizentziak.
h) Berandutze-errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak; besteak beste, zergen, tributuen, tasen, Gizarte Segurantzako kuoten, prozedura judizialen edo gatazkak borondatez ebazteko beste prozedura batzuen ordainketan berandutzeak edo ez-ordaintzeak eragindakoak.
14. oinarria.– Zenbatekoa, ordaintzeko modua eta baldintzak.
1.– Osasun Sailak aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoaren % 75 finantzatu ahal izango du, baldin eta aurrekontu hori deskribatutako ekintzetara egokitzen bada, 12. oinarrian ezarritako moduan.
Langile propioen gastuak ezingo dira izan zenbateko hauek baino handiagoak:
a) Goi-mailako teknikaria lanaldi osoan, urteko 46.744 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
b) Erdi-mailako teknikaria lanaldi osoan, urteko 38.288 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
c) Administraria lanaldi osoan, urteko 30.865 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
Entitateren batek ordainsari kopuru handiagoa ematen badie langileei, laguntzaren zenbatekoa adierazitako gehieneko zenbatekora murriztuko da.
Proiektu bakoitzeko, ez da diruz lagunduko aurkeztutako proiektua kokatzen den dirulaguntza-lerro jakinari esleitutako kredituaren % 5 baino gehiago.
2.– Baldin eta diruz lagundutako jarduketak garatzeko hirugarrenak kontratatu behar badira, onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako baldintzei men egin beharko diete. Azpikontratazioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50etik gorakoa. Kontratuen zenbatekoak gainditu egiten badu azpikontratazioaren unean indarrean dagoen kontratu-araudian kontratu txikietarako aurreikusitako zenbatekoa, entitate onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago zerbitzua ematen duen nahikoa entitate. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ekonomikoki abantailatsuena den proposamena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean.
3.– Ordainketa zatikatu egingo da: % 80 laguntza onartzen denean ordainduko da, eta gainerako kopurua, berriz, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dirulaguntzaren justifikazio-memoria bidali eta gero, zeina 2027ko martxoaren 1a baino lehen igorri beharko baita. Memoria horretan jasoko dira diruz lagundutako proiektuaren betetze-maila eta proiektuaren garapenaren balorazio kualitatiboa, bai eta adikzioen esparruan entitate onuradunek egindako beste jarduera batzuei buruzko informazioa ere.
4.– Justifikazio-memorien ereduak eskura egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari zuzendu behar zaizkio.
Justifikazio-memoria horretan, jarduerako gastuen zerrenda sailkatu bat aurkeztu beharko da, bai eta hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data, ordainketa-data eta, hala badagokio, aurrekontuarekiko izandako desbideratzeak ere.
Aurrekontuak adieraziko du, beraz, aurreikusitako zenbatekoa eta zenbateko erreala zenbat izan diren, bai eta diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.
Justifikazioa aurkeztu ondoren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak justifikatutako gastuak argitzeko edo zuzentzeko eskatu dezake, bai eta beharrezkoa den dokumentazio gehigarria aurkezteko ere, emandako laguntza kontrolatzeko. Horretarako, hamar eguneko epea irekiko dela jakinaraziko zaio entitate onuradunari modu telematikoan.
Dirulaguntza behar bezala aplikatu dela ziurtatzeko, organo kudeatzaileak justifikatutakoa egiaztatuko du, arriskuan oinarritutako laginketa-tekniken eta egoki iruditzen zaizkion egiaztagirien ausazko laginketa bidez; helburu hori gauzatzeko, pertsona edo entitate onuradunari eska diezaioke hautatutako gastuen ordainagiriak bidaltzeko.
Gainera, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko, diruz lagundutako jardueraren gastuen ordainagiriak egiaztatuko ditu, lagin adierazgarri bat oinarri hartuta, dirulaguntza eman denetik hurrengo lau urtean, hargatik eragotzi gabe Osasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dagozkion gainerako ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-ekintzak egitea. Beraz, entitate onuradunek gordeta eta eskuragarri izan beharko dituzte, laguntza jaso eta lau urtean gutxienez, jasotako dirulaguntzaren kontura egindako gastuak egiaztatzen dituzten dokumentuak.
5.– Egiaztagiri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bidez aurkeztuko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Informazioa eta prozedura eskura izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan, 6. oinarrian aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.
15. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan adierazitako betebeharrak ezertan eragotzi gabe, dirulaguntzen entitate onuradunek, aginduaren gainerako oinarrietan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Agindu honetan aurreikusitako ereduak erabiltzea eskabideak aurkezteko eta emandako laguntzak justifikatzeko.
b) Dirulaguntza onartzea. Hain zuzen ere, onartutzat emango da dirulaguntza, baldin eta prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratu eta hamar egun balioduneko epean entitate onuradunek dirulaguntza horri espresuki uko egiten ez badiote.
c) Dirulaguntzaren xede diren jardueren helburua edo izaera aldatzen duten gorabeheren berri ematea. Komunikazioa aldaketa gertatu dela jakin bezain laster egin behar da, eta, betiere, jasotako funtsak nola erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
d) Osasun Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan.
e) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren babesa berariaz jasotzea diruz lagundutako jarduera guztietan, baldin eta zabaltzeko edo, hala badagokio, argitaratzeko badira.
f) «Datuen alta/hirugarren alderdi interesduna» inprimakia igortzea, aurreko dirulaguntzetara aurkeztu ez denean edo aldaketak izan direnean. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bitartez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
g) Jasotako funtsak itzultzea, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira.
h) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia ematea.
i) Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak egin beharreko egiaztapen-jarduketak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketak onartzea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoak ere.
j) Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari bestelako administrazioetatik edo ente publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako dirulaguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, bai eta dirulaguntza ematean kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibotan izandako aldaketen berri ematea ere. Komunikazioa aldaketa gertatu dela jakin bezain laster egin behar da, eta, betiere, jasotako funtsak nola erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
k) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora eskuratutakoa itzultzea.
2.– EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako VII. Planean jasotako konpromisoen arabera, eta bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluarekin, entitate onuradunek betebehar hauek ere konplitu beharko dituzte:
a) Dirulaguntzak justifikatzeko memorietan, sexuaren arabera banakatuta aurkeztea hauei buruzko informazioa: emandako zerbitzuaren azken onuradunak edo erabiltzaileak, entitatearen titularrak eta langileak, eta, hala badagokio, dirulaguntzaren xede den zerbitzua emateko kontratatu den entitateko langileak.
b) Hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea.
c) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak benetan betetzen direla egiaztatzea, hori egiaztatzeko ezarritako dokumentazio guztia aurkeztu eta justifikatzea eta irizpide sozial horiek egiaztatzeko jarduketak egiten uztea.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia ematea.
16. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero –betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, edo beste dirulaguntzarik pilatuz gero –berdin dio administrazio publiko honek edo beste batzuek edo beste ente publiko zein pribatu batzuek emana izan–, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz, eta dirulaguntza jaso duten entitateek itzuli egin beharko dute jaso duten gehiegizko kopurua, agindu honen 17. oinarrian xedatutakoarekin bat eginez. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuta ere, emandako dirulaguntza ez da inola ere handituko.
17. oinarria.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.
1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira; hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
2.– Agindu honen 15. oinarrian adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Oinarri horretan aurreikusi gabekoari dagokionez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako itzulketa-kausak aplikatuko dira.
3.– Agindu honen 5. oinarrian ezarritakoaren arabera, jasotako laguntza itzuli beharko da, halaber, baldin emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez sobera jasotako zenbatekora eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.
4.– Era berean, dirua itzultzeko arrazoi izango da agindu honen 16. oinarrian aipatzen diren baldintzak aldatzea. Itzuli egin beharko da dirulaguntza aldatzeko ebazpenean ezarritako zenbatekotik gora jaso den dirua. Ebazpen hori emateko, agindu honetan dirulaguntzak esleitzeko ezarrita dauden irizpideak eta mugak aplikatuko dira.
5.– Dirua itzultzeko prozedura Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak hasi eta ebatziko du, dagozkion prozesu-izapideak egin ondoren, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.
6.– Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoa izango da.
18. oinarria.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.
Jakinarazten da datu pertsonalak «Osasun publikoaren eta adikzioen esparruko laguntzak eta dirulaguntzak» deritzon tratamendu-jardueran sartuko direla, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Hauek dira tratamendu-jarduera horren ezaugarriak:
Arduraduna: Osasun Saila. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.
Helburua: osasun publikoaren eta adikzioen esparruan, arriskuak eta kalteak prebenitu eta gutxitzeko proiektuetarako eta jokabide osasungarriak sustatzeko proiektuetarako laguntzen eskabideak kudeatzea eta halakoei jarraipena egitea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burutu beharreko eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko edo ezerezteko eskubidea dute interesdunek, bai eta beren datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala.
Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune hauetan: «https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/087600-capa2-eu.shtml».
RSS