Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2026ko ekainaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
2710

83/2026 DEKRETUA, maiatzaren 26koa, norberaren bizitza, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa.

Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburu nagusietako bat da familia-eredu jakin bat sendotzea, non betekizun utziezintzat jotzen baitira autonomia, kide guztien arteko errespetua eta bi bikotekideen arteko berdintasuna; izan ere, biek ala biek lanbidean eta bizitza pertsonalean aurrera egiteko aukera berberak eduki eta partekatzen dituzte. Azken batean, gure gizartearen balio demokratikoekin bat datorren eredua.

Horrez gain, legeak erraztu nahi du familiako eta laneko ardurak bateragarri egitea, emakumea lan-merkatuan sar dadin sustatzea eta hark bere karrera profesionala garatzea. Era berean, lagundu nahi du emakumeek eta gizonek familia-esparruan duten erantzukidetasuna sendotzen, bereziki adin txikiko seme-alaben zaintzan eta hezkuntzan bai eta mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden pertsonen arretan ere.

2024ko otsailaren 15ean, Haur eta Nerabeei buruzko 2/2024 Legea onartu zenean, Eusko Legebiltzarrak familiei hazkuntzan laguntzearen aldeko apustua egiten jarraitu zuen. Hala, 55.1.c) artikuluan ezarri zen euskal administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, kontziliazio erantzukiderako neurriak bultzatzen jarraituko dutela, kontziliaziorako eta hazkuntzari eta, oro har, zaintzari laguntzeko prestazioak eta zerbitzuak indartuz, horretarako bizikidetzaren eremuko kontziliazio- eta zaintza-egoeren aniztasuna kontuan hartuta.

2003. urteaz geroztik –une horretan arautu ziren familia eta lana bateragarri egiteko lehen laguntzak lanerako laguntzak arautzen dituen abenduaren 23ko 329/2003 Dekretuaren VI. kapituluan–, familiaren eta lanaren kontziliazioa sustatzera bideratutako dirulaguntza-ekintzei buruzko araudia hobetu da eta estaldura zabaltzen joan da gerora egindako zenbait dekreturen bidez.

Hala, azken hobekuntzak familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretua onartu zenean sartu ziren, eta, ondoren, 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko irailaren 7ko 102/2022 Dekretua onartu zenean.

Lehen dekretua onartu zenetik, euskal gizarteak bilakaera izan du eta erronka berriak sortu dira, eta horiei erantzun behar zaie.

Ildo horretan, Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Erakunde arteko V. Planak honen aldeko apustua egiten du: ikerketan, berrikuntzan, ebaluazioan eta haurren eta familien gaineko eraginean oinarritutako programak eta zerbitzuak sustatzea.

Era berean, guraso bakarreko familien egoera bereziari erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak 232/2025 Dekretua onartu du, abenduaren 2koa, guraso bakarreko familien araubidea arautzen duena. Dekretu horren abiapuntua guraso bakarreko familien definizioa da, eta kontuan hartzen du familien aniztasuna eta gurasotasuna gauzatzerakoan aukera-berdintasuna bermatzeko beharra.

Azaldutako guztiagatik, kontziliazioaren arloko dekretuak egokitu behar dira arau-, gizarte- eta ekonomia-arloko berrikuntzetara.

Dekretu honek arautzen ditu Eusko Jaurlaritzak norberaren bizitza, familia eta lana bateragarri egiteko politikaren esparruan emango dituen laguntzak:

a) Ardurapeko adingabeak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileentzako laguntzak.

b) Mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileentzako laguntzak.

c) 14 urtetik beherako pertsonak zaintzeko langileak kontratatzearen ondoriozko Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko laguntzak.

I. kapituluak xedapen orokorrak arautzen ditu. II. kapituluak adingabeak eta mendeko senideak zaintzeko eszedentzia hartzen edo lanaldia murrizten duten langileentzako laguntzak arautzen ditu, bai eta osasun-egoera oso larrian daudenak zaintzeko laguntzak ere. Erregulazio horrek ordeztu egiten du Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretua.

Berritasun esanguratsuenetako bat da laguntzak eskuratzeko gutxieneko aldia jarraitua izateko baldintza kentzea. Ondorioz, iraupen txikiagoko eszedentzia-aldiak edo lanaldi-murrizketak batu daitezke, eskatutako 59 eguneko gutxieneko aldira iritsi arte. Aldaketa horrekin kontziliazioa errazten da, pertsonek eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartu ahal izango baitute, behar-beharrezkoak diren aldietan. Beste hobekuntza bat da diruz lagun daitezkeen jarduketen eremua zabaldu dela, harrera-modalitate guztiak sartuz, harrera iraunkorretik harago, baldin eta eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badira.

Gainera, mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartu ahal izango dute odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko lehen edo bigarren mailako senideak dituztenek, izatezko bikotekidearen odol-ahaidetasuneko senideak barne. Zabaltze horrek helburu bikoitza du. Alde batetik, mendekotasunagatiko laguntzei dagokienez, eskatutako ahaidetasun-maila Langileen Estatutuaren 37.6 eta 45. artikuluetan aurreikusitakoarekin parekatzen da. Bestalde, osasun-egoera oso larriei dagokienez, eguneroko laguntza behar duten eta orain arte kasu horietan kontuan hartu ez diren gurasoen zaintzarekin lotutako eskaera ugariri erantzuten zaie. Era berean, laguntzen zenbatekoak eguneratu dira herritarrek behin eta berriz egiten duten eskaerari erantzuteko, eta etorkizunean eguneratu ahal izatea aurreikusten da, aurrekontu-izaerako arauen bidez.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betebeharrari dagokionez, mantendu egiten da Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuak araututako salbuespena.

Azkenik, enplegu-aniztasuneko egoeretarako laguntzaren erregulazioa eguneratu da; izan ere, kasuistika zabalagoa eta mota askotarikoagoa da orain, eta horrek erregulazio zehatzagoa eskatzen du, dekretu honen helburuekin bat datorren eta lurraldeari dagokionez homogeneoa den administrazio-jarduketa bat bermatu ahal izateko. Jarduera-aniztasuna, autonomoen erregimeneko alta eta Gizarte Segurantzako beste erregimen bateko alta konbinatzen dituena, diruz lagundu daitekeen jarduketa bihurtzen da, betiere dekretuan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira.

III. kapituluak arautzen ditu adingabe bat 14 urte bete arte zaintzeko langileak kontratatzearen ondoriozko Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko laguntzak. Laguntza-lerro hori 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko 102/2022 Dekretuan araututa zegoen. Dekretu honetan sartzearekin batera, testu arauemaile bakar batean biltzen dira Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak kudeatzen dituen norberaren bizitza, familia eta lana bateragarri egiteko laguntza guztiak. Berrikuntza gisa, laguntza-lerro honetan, eskatzailea salbuetsita egongo da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzetik. Horrela, dekretuan araututako laguntza guztiek betekizun orokor homogeneoak izango dituzte.

IV. kapituluak dekretuarekin zerikusia duten prozedurazko gai guztiak arautzen ditu. Zehazki, honako hauek aipatzen ditu: eskabideak aurkeztea, laguntzak izapidetzeko eta ebazteko prozedura; eskatzaileek aurkeztu beharreko egiaztagiriak; eta, azkenik, ezartzen du laguntzak eskatzerakoan interesdunek kontuan hartu behar dituzten baztertzeen, bateraezintasunen eta laguntzen arteko konkurrentziaren araubidea. Amaitzeko, laguntzen publizitatea arautzen da, Dirulaguntzei buruzko 20/2023 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betez.

Dekretu honetan jasota dauden familia eta lana bateragarri egiteko neurriek Haur eta Nerabeei buruzko 2/2024 Legearen printzipioak betetzen dituzte, eta koherenteak dira Europar Batasuneko eta Nazio Batuetako erakundeek nazioarteko esparruan defendatzen dituzten ekintza-ildoekin.

Dekretu honek zabaltzen eta hobetzen dituen laguntzekin, Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat ematen du norberaren, familiaren eta lanaren arteko erabateko kontziliazioa lortzeko; beraz, familiei zuzenean lagunduko zaie, eta, zeharka, gure gizartearen garapena sustatuko da.

Genero-ikuspegia kontuan hartu da familia eta lana bateragarri egiteko dekretu hau sortu eta garatzeko orduan; izan ere, ekintza guztiak berdintasuna sustatzeko eta gizarte-ordena erantzukide berri bat lortzeko ikuspegitik erabaki eta baloratu dira. Horretarako, aplikatu dira Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan jasotako printzipioak eta betebeharrak.

Ildo horretan, nabarmendu behar da ezabatu egiten dela 164/2019 Dekretuan ezarritako zaintzaile gizonezkoaren erantzukidetasuna sustatzeko neurria; izan ere, hark familia-unitateko kreditu guztiak baliatzeko eskubidea zuen, eta zaintzaile emakumezkoak, berriz, horien erdira mugatuta zituen familia-unitateko kredituak. Urte hauetako esperientziak erakutsi duenez, ez da lortu neurri horrekin lortu nahi zen efektua, hau da, ez da lortu zaintzaile gizonezkoek familia-zaintzako lanetan duten parte-hartzea handitzea; hortaz, dekretu honek berdindu egiten du bi onuradunek eszedentziagatiko edo lanaldi-murrizketengatiko laguntza jaso dezaketen denbora.

Berrikuntza gisa, diruz lagundu daitekeen jarduketa gisa sartu da bi gurasoen aldi bereko lanaldi-murrizketa, betiere murrizketaren banakako ehunekoen batura gutxienez % 33ra iristen bada, murrizketak lanaldi osoen edo partzialen gainean egin diren gorabehera, eta murrizketa indibidual bakoitza ehuneko hori baino txikiagoa bada ere. Neurri horren helburua da adingabeen zaintza erantzukidea sustatzea, eta, aldi berean, aukera ematen du guraso bakoitzak % 33tik beherako ehunekoa izan dezan, murrizketa-denbora familia-premien arabera banatuz, horrek garapen profesionalean eragin positiboa izan dezan. Gainera, bermatzen du adingabeak gutxienez zaintza-denbora bera jasoko duela, bi gurasoen artean banatuta, eta ez guraso bakar baten esku.

Dekretu hau, dirulaguntzak ematekoa eta, beraz, sustapenekoa, ematen da Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 9.2, 10.12, 10.39 eta 12.2 artikuluek Euskal Autonomia Erkidegoari gizarte-laguntzaren, komunitate-garapenaren, emakumearen, eta haur, gazte eta adinekoen politikan aitortzen dizkioten eskumenen babesean.

Ondorioz, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Gobernu Kontseiluak 2026ko maiatzaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, haurren, nerabeen eta familien arloan eskumena duen sailaren bitartez, norberaren bizitza, familia eta lana bateragarri egiteko politikaren esparruan emango dituen laguntzak arautzea.

2. artikulua.– Laguntza-kategoriak.

Dekretu honek hiru laguntza-kategoria arautzen ditu, norberaren bizitza, familia eta lanaren bateratzea sustatzeko:

a) Hiru urtetik beherako adingabeak zaintzeko lan-eszedentzian dauden edo hamabi urtetik beherako adingabeak zaintzeko lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzak.

b) Mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko lan-eszedentzian dauden edo lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzak.

c) 14 urtetik beherako adingabeak zaintzeko hirugarren pertsonak kontratatzeagatik Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko laguntzak.

3. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintza orokorrak.

1.– Eskabidea aurkezteko unean eta diruz laguntzeko moduko jardunak irauten duen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan bizitzea eta erroldatuta egotea.

2.– Eskabidea aurkeztu aurreko urtean Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan jarraian erroldatuta egon izana, edo, bestela, aurreko hamar urteen barruan bost urtez jarraian.

3.– Laguntza eragin duen pertsona adingabea bada:

a) Adingabearen zaintza izatea diruz lagundu daitekeen jarduketak irauten duen bitartean.

b) Diruz lagundu daitekeen jarduketak irauten duen bitartean, adingabearekin batera bizitzea eta erroldatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan.

Adingabearekin batera erroldatuta egoteko baldintza salbuesten da ebazpen judizial bidez ezarritako zaintza partekatuko kasuetan; kasu horietan, adingabea bere zaintza eta jagoletza esleituta duen edozein pertsonarekin erroldatuta egon beharko da.

Gainera, eskatzaileak genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzen badu, adingabea beste gurasoarekin erroldatuta egon ahal izango da azken honek ere haren zaintza eta jagoletza esleituta dituenean.

4.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak salbuetsita daude indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzetik, bai laguntzak eskuratzeko, bai horiek kobratzeko; nolanahi ere, kontrataziorako laguntzetan, dirulaguntzaren ordainketa benetan ordaindutako kotizazioak dituzten aldietara mugatuko da.

4. artikulua.– Kontzeptuak.

Dekretu honen ondorioetarako:

a) Gurasoei buruzko erreferentziak tutoreei eta adingabeen adopziorako edo harrerarako zaintza esleituta dutenei ere aplikatuko zaizkie.

b) Era berean, semeari edo alabari buruzko aipamenek barnean hartuko dituzte adopziorako edo harrerarako tutoretza- edo zaintza-araubidean dauden adingabeak ere.

c) Guraso bakarreko familiatzat jotzen da Guraso bakarreko familien araubidea ezartzen duen abenduaren 2ko 232/2025 Dekretuaren 3.1 artikuluan ezarritakoa.

d) Familia-errenta estandarizatutzat jotzen da uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuak arautzen duena (154/2012 Dekretua, Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzkoa, geroago martxoaren 17ko 32/2015 Dekretuak aldatutakoa).

II. KAPITULUA
LAN-ESZEDENTZIAN EDO LANALDI-MURRIZKETAN DAUDEN LANGILEENTZAKO LAGUNTZAK
1. ATALA
LAGUNTZA-LERROAK ETA ONURADUNAK

5. artikulua.– Laguntza-lerroak.

1.– Hiru urtetik beherako adingabeak zaintzeko lan-eszedentzian dauden edo hamabi urtetik beherako adingabeak zaintzeko lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzak.

2.– Mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko lan-eszedentzian dauden edo lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzak.

6. artikulua.– Onuradunak.

Honako hauek izango dira laguntzaren onuradunak:

a) Besteren konturako langileak.

b) Kooperatiba-sozietateetako bazkide langileak edo lan-bazkideak.

2. ATALA
3 URTETIK BEHERAKO ADINGABEA ZAINTZEKO LAN-ESZEDENTZIA HARTU DUTEN EDO 12 URTETIK BEHERAKO ADINGABEA ZAINTZEKO LANALDIA MURRIZTU DUTEN LANGILEENTZAKO LAGUNTZAK

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Eszedentzia: adingabea zaintzeko lan-eszedentzian dauden langileei emango zaie dirulaguntza, adingabeak hiru urte bete arte.

Adopzioaren edo tutoretzaren, adopziorako zaintzaren edo harreraren kasuan, jarduketa diruz lagundu ahal izango da Erregistro Zibilaren bulegoan inskribatzen denetik edo administrazio-ebazpen eratzailea jakinarazten denetik.

2.– Lanaldi-murrizketa: adingabea zaintzeko gutxienez % 33ko lanaldi-murrizketa duten langileei emango zaie dirulaguntza, adingabeak 12 urte bete arte.

Bi gurasoak aldi berean lanaldi-murrizketan badaude eta banaka % 33ra iristen ez badira, jarduketa diruz lagungarria dela zehazteko, murrizketa-ehuneko indibidualen batura, pertsona bakoitzaren jatorrizko lanaldiaren gainean kalkulatuta, gutxienez % 33ra iritsi beharko da, lanaldi horiek osoak edo partzialak izan.

Salbuespen gisa, adingabeak % 33ko edo portzentaje handiagoko desgaitasuna aitortuta badu, 18 urte bete arte luzatuko da laguntza.

Adopzioaren edo tutoretzaren, adopziorako zaintzaren edo harreraren kasuan, jarduketa diruz lagundu ahal izango da Erregistro Zibilaren bulegoan inskribatzen denetik edo administrazio-ebazpen eratzailea jakinarazten denetik.

3.– Onuradunak aldi berean bi kontratu edo gehiago baditu, enplegu-aniztasuna arautzen duten 22.etik 25.era bitarteko artikuluetan xedatutakoa beteko da.

4.– Nolanahi ere, jarduketa diruz laguntzeko modukotzat jotzeko, soldata-ordainsaria murriztu beharko da, eta gutxienez 59 eguneko iraupena izan beharko du; egun horiek etenak izan daitezke.

8. artikulua.– Laguntzen denbora-mugak.

1.– Adingabe bakoitzari dagozkion laguntzen honako denbora-muga hauek ezartzen dira:

a) Lan-eszedentziaren gehieneko denbora-mugak: 900 egun natural familia-unitatearen adingabe bakoitzeko.

b) Lanaldia murrizteko gehieneko denbora-mugak: 2.700 egun natural familia-unitatearen adingabe bakoitzeko.

c) Eszedentziak eta lanaldi-murrizketak konbinatzen direnean, gehieneko mugak kontrolatzeko egunak zenbatzeko, eszedentzia-egun bat lanaldi-murrizketako bi egunen baliokidea izango da, eta, horretarako, erreferentziatzat hartuko da lanaldi-murrizketarako ezarritako gehieneko muga.

2.– Seme edo alaba berri bat jaiotzeak, mugen ondorioetarako, aldi bat ixtea eta beste berri bat hastea dakar. Aurreko adingabearekin agortu ez diren egunak ezin izango zaizkio aldi berriaren mugari metatu.

3.– Erditze, adopzio, adopzio aurreko tutoretza edo zaintza edo harrera anizkoitzen kasuan, etapa bakoitzean bikotearentzat diruz lagundu daitezkeen gehieneko mugak handitu daitezke:

a) Eszedentziarako, 160 egun gehiago adingabe bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.

b) Lanaldi-murrizketen kasuan, 320 egun gehiago adingabe bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.

Seme edo alaba berri bat iristeak berekin ekarriko du erditzearekin, adopzioarekin, tutoretzarekin edo adopzio edo harrera anizkoitzarekin irekitako aldia ixtea. Era berean, horrek ekarriko du hari dagokion diruz lagun daitekeen gehieneko muga handitzea eta aldi berri bat irekitzea.

4.– Muga guztiak familia-unitateko zenbatuko dira; beraz, gurasoetako bati diruz lagundutako egunek eragina izango dute beste gurasoarentzat eskuragarri egongo diren laguntza-egunen kopuruan.

9. artikulua.– Denbora-mugen berezitasunak.

1.– Ebazpen judizial bidez zaintza eta jagoletza partekatua emandako kasuetan, guraso bakoitzak gehienez 450 egun naturaleko dirulaguntza jasotzeko eskubidea izango du eszedentzian, eta 1.350 egun naturalekoa lanaldi-murrizketan, familia unitateari dagozkion denbora-mugak aplikatu gabe. Ebazpen judiziala eman baino lehen, gurasoetako batek 450 egun baino gehiagoko laguntza hartu badu eszedentziagatik edo 1.350 egun baino gehiagoko laguntza murrizketagatik, soberakin hori beste gurasoaren mugatik deskontatuko da.

2.– Guraso bakarreko familien kasuan, lan-eszedentziaren edo lanaldi-murrizketaren aldi osoa diruz lagundu ahal izango da, dekretu honen 7. artikuluan ezarritako semearen edo alabaren adin-mugen barruan. Zaintza eta jagoletza esklusiboko kasuak, mugen ondorioetarako, guraso bakarreko familiekin parekatuko dira.

3.– Alabak edo semeak % 33ko edo portzentaje handiagoko desgaitasuna aitortuta badu, diruz lagundu ahal izango da lan-eszedentziaren edo lanaldi-murrizketaren aldi osoa, dekretu honen 7. artikuluan ezarritako semearen edo alabaren adin-mugen barruan.

Kasu horietan, ez da kontuan hartuko seme edo alaba berri baten jaiotza, eta laguntza emango da desgaitasuna duen adingabeak 18 urte bete arte. Une horretatik aurrera, hurrengo semearen edo alabaren aldia has daiteke, baldin eta dekretu honen 7. artikuluan ezarritako adin-mugak betetzen baditu.

10. artikulua.– Adingabe bera zaintzeko laguntzak pilatzea.

1.– Bi gurasoek aukera izango dute eszedentziengatiko eta lanaldi-murrizketengatiko laguntzak elkarren segidan baliatzeko, baldin eta horietako bakoitzak dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen baditu.

2.– Bi gurasoek lanaldi-murrizketaren kasuan bakarrik jaso ditzakete laguntzak aldi berean. Beraz, gurasoetako batek laguntza jasotzen badu eszedentzian dagoelako, beste pertsonak ezingo du laguntza jaso aldi bererako eszedentziagatik edo lanaldi-murrizketagatik.

3. ATALA
MENDEKOTASUN-EGOERAN DAUDEN SENITARTEKOAK ZAINTZEKO ESZEDENTZIA HARTU EDO LANALDIA MURRIZTU DUTEN LANGILEENTZAKO LAGUNTZAK

11. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Dirulaguntzak emango zaizkie honako egoeran dauden langileei:

a) Mendekotasun larria (II. maila) edo handia (III. maila) aitortua duen senideren bat zaintzeko eszedentzian daudenei.

b) Mendekotasun-egoeran dauden senitartekoak zaintzeko lanaldia gutxienez % 33 murriztu dutenei, aitortuta duten mendekotasun-maila edozein dela ere.

c) Mendekotasun-egoeran dagoen seme edo alaba bat zaintzeko lanaldi-murrizketa denean, bi gurasoak lanaldi-murrizketan badaude aldi berean eta banaka % 33ra iristen ez badira, jarduketa diruz lagungarria dela zehazteko, murrizketa-ehuneko indibidualen batura, pertsona bakoitzaren jatorrizko lanaldiaren gainean kalkulatuta, gutxienez % 33ra iritsi beharko da, lanaldi horiek osoak edo partzialak izan.

d) Onuradunak aldi berean bi kontratu edo gehiago baditu, enplegu-aniztasuna arautzen duten 22.etik 25.era bitarteko artikuluetan xedatutakoa beteko da.

e) Nolanahi ere, jarduketa diruz laguntzeko modukotzat jotzeko, soldata-ordainsaria murriztu beharko da, eta gutxienez 59 eguneko iraupena izan beharko du; egun horiek etenak izan daitezke.

12. artikulua.– Mendekotasun-egoeran dagoen pertsonak bete beharreko baldintzak.

1.– Senitartekoak –betiere senitarteko hori zaintzeko hartu bada eszedentzia edo murriztu bada lanaldia–, diruz lagundu daitekeen jarduketak irauten duen bitartean, mendekotasun-egoera aitortua izan behar du, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen eta haren garapen-arauen arabera.

2.– Laguntzaren onuradunaren eta mendekotasun-egoeran dagoen senitartekoaren –betiere senitarteko hori zaintzeko hartu bada eszedentzia edo murriztu bada lanaldia– artean odolkidetasunezko edo kidetasunezko lehen edo bigarren mailako ahaidetasuna egon beharko da, izatezko bikotekidearen odol-ahaidetasunezko senidea barne, edo, bestela, ezkontidea edo izatezko bikotekidea izan beharko da, administrazio publiko bateko izatezko bikoteen edozein erregistro ofizialetan legez inskribatuta.

3.– Mendekotasun-egoeran dagoen pertsonak ez du egoitza batean modu iraunkorrean ingresatuta egon behar.

Gainera, eszedentziagatiko laguntzen kasuan, mendekotasun-egoeran dagoen senitartekoak ezin du gizarte-zerbitzuetako eguneko zentroen erabiltzailea izan.

13. artikulua.– Laguntzen denbora-mugak.

1.– Lan-eszedentzia: mendekotasun-egoeran dagoen senitarteko bera zaintzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko aldia 730 egun naturalekoa izango da eskatzaile bakoitzeko. Eskatzaile bakoitzak 730 eguneko muga berri bat izango du geroago mendekotasun-egoeran dagoen beste senide bat zaintzeko beharra sortzen bada.

2.– Lanaldi-murrizketak: mendekotasun-egoeran dagoen senitartekoa zaintzeko, lanaldi-murrizketak diruz lagundu ahal izango dira egoera horrek irauten duen bitartean.

14. artikulua.– Senide bera zaintzeko laguntzak pilatzea.

1.– Mendekotasun larria (II. maila) edo handia (III. maila) duen pertsona bera zaintzeko laguntza hori aldi berean eskatzeko eskubidea duten hainbat pertsona badaude, honako muga hauek ezartzen dira:

a) Mendekotasun handia (III. gradua) duen pertsona bat zaintzeko, lan-eszedentzia bat eta lanaldi-murrizketa bat edo gehienez aldi bereko hiru lanaldi-murrizketa.

b) Mendekotasun larria (II. maila) duen pertsona bat zaintzeko, lan-eszedentzia bat edo aldibereko bi lanaldi-murrizketa.

Aldi berean mendekotasun-egoeran dagoen senide bakoitzeko eskabide gehiago aurkezten badira, eskaeren sarrera-ordenaren arabera emango da laguntza, eta lehentasuna emango zaie lehenengo aurkezten direnei.

2.– Laguntza eragin duen senideak mendekotasun ertaina (I. gradua) aitortuta badu, zaintzaileak ezin izango du aldi bereko laguntza bat baino gehiago jaso.

4. ATALA
OSASUN-EGOERA OSO LARRIAN DAUDEN SENIDEAK ZAINTZEKO ESZEDENTZIA HARTU EDO LANALDIA MURRIZTU DUTEN LANGILEENTZAKO LAGUNTZAK

15. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Dirulaguntzak emango zaizkie honako egoeran dauden langileei:

a) Osasun-egoera oso larrian dagoen senitarteko bat zaintzeko eszedentzian daudenei.

b) Osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko lanaldia gutxienez % 33 murriztu dutenei.

c) Osasun-egoera oso larrian dagoen seme edo alaba bat zaintzeko lanaldi-murrizketa denean, bi gurasoak lanaldi-murrizketan badaude aldi berean eta banaka % 33ra iristen ez badira, jarduketa diruz lagungarria dela zehazteko, murrizketa-ehuneko indibidualen batura, pertsona bakoitzaren jatorrizko lanaldiaren gainean kalkulatuta, gutxienez % 33ra iritsi beharko da, lanaldi horiek osoak edo partzialak izan.

d) Onuradunak aldi berean bi kontratu edo gehiago baditu, enplegu-aniztasuna arautzen duten 22.etik 25.era bitarteko artikuluetan xedatutakoa beteko da.

e) Nolanahi ere, jarduketa diruz laguntzeko modukotzat jotzeko, soldata-ordainsaria murriztu beharko da, eta gutxienez 59 eguneko iraupena izan beharko du; egun horiek etenak izan daitezke.

16. artikulua.– Osasun-egoera oso larrian dagoen pertsonak bete beharreko baldintzak.

1.– Senitartekoak –betiere senitarteko hori zaintzeko hartu bada eszedentzia edo murriztu bada lanaldia– osasun-egoera oso larrian egon behar du, hau da, autonomia fisikoa, psikikoa edo intelektuala galdu duenez, laguntza handia behar du eguneroko bizitzako oinarrizko ekintzak eta, bereziki, zaintza pertsonalari dagozkionak egiteko.

2.– Laguntzaren onuradunaren eta osasun-egoera oso larrian dagoen senitartekoaren –betiere senitarteko hori zaintzeko hartu bada eszedentzia edo murriztu bada lanaldia– artean odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko lehen edo bigarren mailako ahaidetasuna egon beharko da, izatezko bikotekidearen odol-ahaidetasuneko senideak barne, edo, bestela, ezkontidea edo izatezko bikotekidea izan beharko da, administrazio publiko bateko izatezko bikoteen edozein erregistro ofizialetan legez inskribatuta.

3.– Osasun-egoera oso larrian dagoen senitartekoak ez du mendekotasuna aitortuta izango, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean eta hura garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera.

17. artikulua.– Laguntzen denbora-mugak.

1.– Lan-eszedentzia: osasun-egoera oso larrian dagoen senitarteko bera zaintzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko aldia 180 egun naturalekoa izango da eskatzaile bakoitzeko. Gerora, osasun-egoera oso larrian dagoen beste senide bat zaintzeko beharra sortzen bada, beste muga bat egongo da eskatzaile bakoitzeko: 180 egun.

2.– Lanaldi-murrizketa: osasun-egoera oso larrian dagoen senitarteko bera zaintzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko aldia 360 egun naturalekoa izango da eskatzaile bakoitzeko. Gerora, osasun-egoera oso larrian dagoen beste senide bat zaintzeko beharra sortzen bada, beste muga bat egongo da eskatzaile bakoitzeko: 360 egun.

18. artikulua.– Senide bera zaintzeko laguntzak pilatzea.

1.– Osasun-egoera oso larrian dagoen pertsona bat zaintzeko laguntza hori aldi berean eskatzeko eskubidea duten hainbat pertsona badaude, honako muga hauek ezartzen dira:

a) Eszedentzia: bakarra lagunduko da diruz.

b) Murrizketa: diruz lagundu daitezke, gehienez, aldi bereko bi lanaldi-murrizketa.

2.– Aldi berean osasun-egoera oso larrian dagoen senide bakoitzeko eskabide gehiago aurkezten badira, eskaeren sarrera-ordenaren arabera emango da laguntza, eta lehentasuna emango zaie lehenengo aurkezten direnei.

5. ATALA
ESZEDENTZIA EDO MURRIZKETENGATIKO LAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

19. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Honako hau da 365 egun naturaleko aldiari eta eszedentzia hartzen duten langileen lanaldi osoko kontratazioari dagokien laguntza ekonomikoaren zenbatekoa:

a) 20.000 euro edo gutxiagoko familia-errenta estandarizatua dutenak: 3.850 euro.

b) 20.000 eurotik gorako familia-errenta estandarizatua dutenak: 3.236 euro.

2.– Honako hau da 365 egun naturaleko aldiari eta lanaldi-murrizketak hartzen dituzten langileen lanaldi osoko kontratazioari dagokien laguntza ekonomikoaren zenbatekoa:

a) 20.000 euro edo gutxiagoko familia-errenta estandarizatua dutenak:

1. Lanaldi-murrizketa % 45ekoa edo gehiagokoa denean: 3.080 euro.

2. Lanaldi-murrizketa % 40koa edo gehiagokoa eta % 45etik beherakoa denean: 2.750 euro.

3. Lanaldi-murrizketa % 33koa edo gehiagokoa eta % 40tik beherakoa denean: 2.420 euro.

b) 20.000 eurotik gorako familia-errenta estandarizatua dutenak:

1. Lanaldi-murrizketa % 45ekoa edo gehiagokoa denean: 2.590 euro.

2. Lanaldi-murrizketa % 40koa edo gehiagokoa eta % 45etik beherakoa denean: 2.354 euro.

3. Lanaldi-murrizketa % 33koa edo gehiagokoa eta % 40tik beherakoa denean: 2.000 euro.

3.– Eszedentzia edo lanaldi-murrizketa eskatu duen pertsona lanaldi partzialerako kontratatuta badago edo egoera horietan egutegiko 365 egun baino gutxiago ematen baditu, laguntzaren zenbatekoa proportzionalki kalkulatuko da.

4.– Laguntzen laburpen-taula:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Zenbateko horiek lanaldi osoko (% 100) eta urte osoko (365 egun) kontratu baterako laguntzari dagozkio.

20. artikulua.– Enplegu-aniztasuneko eta murrizketen metaketako kasuetako espezialitateak.

1.– Enplegu-aniztasunaren kasuetan, proportzionaltasuna honako arau hauen arabera aplikatuko da:

a) 365 egunetik beherako diruz laguntzeko moduko jarduketak egun kopuruaren proportzioan kalkulatuko dira beti.

b) Kontratu guztien hasierako lanaldi-ehunekoen batura lanaldi oso bat baino txikiagoa bada, zenbatekoa proportzionalki kalkulatuko da.

c) Hasierako lanaldiaren ehunekoen batura % 100etik gorakoa bada, lanaldi oso bati dagokion zenbatekoaren arabera aitortuko da laguntza, muga hori gainditu gabe.

2.– Bi gurasoak lanaldi-murrizketan badaude aldi berean, eta horietako bat, gutxienez, ez bada % 33ra iristen banaka, eskaeran bi murrizketak metatzea erabaki ahal izango dute. Kasu horretan, laguntzaren zenbatekoa zehazteko, murrizketa-ehuneko indibidualak batuko dira, pertsona bakoitzaren lanaldi arruntaren gainean kalkulatuta, eta dirulaguntza modu proportzionalean emango zaio bakoitzari, betiere hala eskatzen badu eta batura osoa gutxienez % 33ra iristen bada, lanaldi osoak edo partzialak izan.

Ehunekoak metatzeko aukerak bi gurasoei eragiten die, eta, beraz, horietako inork ezin izango du aldi bereko banakako murrizketa-eskaerarik aurkeztu.

Ebazpen judizial bidez ezarritako zaintza eta jagoletza partekatuko kasuetan, bi gurasoak aldi berean lanaldi-murrizketan egon arren, diruz lagundu daitezkeen jarduketak modu independentean egingo dira beti.

21. artikulua.– Zenbatekoen igoerak.

Seme-alabak edo mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi-murrizketetarako laguntzen zenbateko ekonomikoa % 30 handituko da, diruz lagundu daitekeen jarduketan familia-unitatea honako egoera hauetakoren batean dagoen denboragatik:

a) Guraso bakarreko familiak.

b) Familia ugariak.

c) Mendekotasun larria (II. gradua), mendekotasun handia (III. maila) edo % 50eko desgaitasuna edo handiagoa duen kideren bat duten familia-unitateak.

Mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dagoen senitartekoa zaintzeko laguntzen kasuan, mendekotasun larria, mendekotasun handia edo % 50eko desgaitasuna edo handiagoa duen pertsonak eskatzailearen familia-unitateko kide izan beharko du, eta ez da izango laguntza eskatzea eragin duen pertsona bera.

d) Genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktimaren bat duten familia-unitateak.

e) Kasu horietako batean baino gehiagotan egonez gero, igoera ez da inola ere metagarria izango.

22. artikulua.– Enplegu-aniztasunari eta jarduera-aniztasunari buruzko xedapen orokorrak.

1.– Jarduketa diruz lagundu daitekeen zehazteko, kontratuen balorazio orokor bat egingo da beti.

2.– Inola ere ez da diruz lagunduko lanaldi osoaren % 100a gainditzen duen lanaldia, baldin eta ukitutako kontratuetan diruz lagundu daitezkeen jarduketek muga hori gainditzen badute.

3.– Jarduera anitzeko egoeran dauden eskatzaileak: besteren kontura lan egiten duten pertsonen edo kooperatiba-sozietateetako bazkide langileen edo lan-bazkideen eszedentziarako edo lanaldi-murrizketarako dirulaguntzak emango dira, baldin eta dekretu honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte, aldi berean Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egon arren.

23. artikulua.– Lanaldi-murrizketak enplegu-aniztasuneko egoeran.

1.– Kontratu guztien hasierako lanaldi-ehunekoen batura % 100 edo txikiagoa denean: jarduketa diruz lagundu ahal izango da benetan lan egindako lanaldi osoa, murrizketaren ondoren kontratu bakoitzean lan egindako lanaldiaren ehunekoen baturaren bidez kalkulatuta, hasierako lanaldi osoaren ehuneko hirurogeita zazpikoa (% 67) edo txikiagoa denean.

Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, hasierako lanaldi osoaren gainean ateratzen den murrizketa-ehunekoa hartuko da kontuan, eta, hala dagokionean, 19.3 artikuluan lanaldi partzialetarako aurreikusitako proportzionaltasun-irizpidea aplikatuko da.

2.– Kontratu guztietako lanaldi-ehunekoen batura % 100etik gorakoa denean: jarduketa diruz lagundu ahal izango da benetan lan egindako lanaldi osoa, murrizketaren ondoren lan egindako lanaldiaren ehunekoen baturaren emaitza, lanaldi osoaren (% 100) ehuneko hirurogeita zazpikoa (% 67) edo txikiagoa denean.

Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, diruz lagundu daitekeen jarduketaren ondoren benetan lan egindako lanaldia hartuko da erreferentziatzat. Murrizketaren ehunekoa kalkulatzeko, benetako lanaldiaren ehuneko hori kenduko zaio lanaldi osoari (% 100). Kasu horietan, lanaldi osoari dagokion zenbatekoa emango da, baina ezin izango da muga hori gainditu.

24. artikulua.– Enplegu-aniztasuneko eszedentziak.

1.– Eszedentziek kontratu guztiei eragiten dietenean, diruz lagundu daitekeen gehieneko ehunekoa lanaldi osoaren baliokidea izango da (% 100), eta ez da diruz lagunduko muga hori gainditzen duen lanaldi-ehunekoa.

2.– Eszedentziak kontraturen bati bakarrik eragiten badio eta kontratu guztietako lanaldi-ehunekoen batura % 100ekoa edo txikiagoa bada, jarduketa diruz lagundu ahal izango da, baldin eta kontratu aktiboetan benetan lan egindako lanaldi osoa hasierako lanaldi osoaren ehuneko hirurogeita zazpikoa (% 67) edo txikiagoa bada.

Nolanahi ere, jarduketa diruz lagunduko da lanaldi-murrizketa gisa.

Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, hasierako lanaldi osoaren gainean ateratzen den murrizketa-ehunekoa hartuko da kontuan, eta, hala dagokionean, 19.3 artikuluan lanaldi partzialetarako aurreikusitako proportzionaltasun-irizpidea aplikatuko da.

3.– Eszedentziak kontraturen bati bakarrik eragiten badio eta kontratu guztien lanaldi-ehunekoen batura % 100etik gorakoa bada, jarduketa diruz lagundu ahal izango da, baldin eta kontratu aktiboetan benetan lan egindako lanaldien batura lanaldi oso baten (% 100) ehuneko hirurogeita zazpikoa (% 67) edo txikiagoa bada.

Nolanahi ere, jarduketa diruz lagunduko da lanaldi-murrizketa gisa.

Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, diruz lagundu daitekeen jarduketaren ondoren benetan lan egindako lanaldia hartuko da erreferentziatzat. Murrizketaren ehunekoa kalkulatzeko, benetako lanaldiaren ehuneko hori kenduko zaio lanaldi osoari (% 100). Kasu horietan, lanaldi osoari dagokion zenbatekoa emango da, baina ezin izango da muga hori gainditu.

25. artikulua.– Eszedentzia eta lanaldi-murrizketa aldi berean gertatzea enplegu-aniztasuneko egoeran.

Kontratu batean baino gehiagotan aldi berean eszedentziak eta lanaldi-murrizketak gertatzen direnean, 23. artikuluan lanaldi murrizketetarako ezarritako arauak aplikatuko dira, hasierako lanaldiaren ehunekoen batura ehuneko ehun (% 100) edo txikiagoa den edo, hala badagokio, muga hori baino handiagoa den kontuan hartuta.

Nolanahi ere, jarduketa diruz lagunduko da lanaldi-murrizketa gisa.

III. KAPITULUA
14 URTETIK BEHERAKO SEME-ALABAK ZAINTZEKO LANGILEAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK

26. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagundu daiteke Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko Etxeko Langileentzako Sistema Berezian 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko alta emanda dauden pertsonen kontratazioa.

2.– Diruz lagunduko dira, eskabidea aurkezten den egunean, enplegatzaileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Berezian sartutako kuotak.

3.– Kontratazioak gutxienez 59 egun naturaleko iraupena izan beharko du.

4.– Eskaera bakoitzean, gehienez ere, eskaera-dataren aurre-aurreko 365 egunetan ordaindutako kuotak lagunduko dira diruz.

5.– Etxeko langilearen kotizazio bakoitzari dagokion laguntza Gizarte Segurantzari ordaindu zaionetik urtebete igaro baino lehen eskatu behar da.

6.– Nolanahi ere, jarduera diruz lagundu ahal izateko, gutxienez 59 eguneko iraupena izan beharko du, eta etenak izan daitezke.

27. artikulua.– Onuradunak.

Honako hauek izan daitezke laguntzaren onuradunak:

a) Besteren konturako langileak.

b) Kooperatiba-sozietateetako bazkide langileak edo lan-bazkideak.

c) Autonomoen araubidean kotizatzen duten norberaren konturako langileak.

d) Lanerako ezintasun iraunkor absolutua, ezintasun iraunkor osoa edo ezintasun handia aitortua duten pertsonak.

28. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintza espezifikoak.

Dekretu honen 3. artikuluan araututako bete beharreko baldintza orokorrez gain, laguntza jasotzeko, honako baldintza espezifiko hauek bete beharko dira:

a) Laguntzaren eskatzaileak kontratuaren titular gisa agertu behar du semea edo alaba zaintzeko kontratatutako etxeko langilearen Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuan.

b) Familia-unitatea osatzen duten gurasoek, beren kontura edo besteren kontura, ordaindutako jarduera batean jardun behar dute. Horrez gain, jarduera-aniztasuneko egoeran ere egon daitezke, edo lanerako ezintasun iraunkor absolutua, ezintasun iraunkor osoa edo ezintasun handia aitortua izan dezakete.

c) Familia-unitatea osatzen duten gurasoek lanaldi osoko (% 100) edo gehiagoko lanaldia izan behar dute.

Baldintza hori ez da bete beharko honako kasu hauetan:

1. Guraso bakarreko familiak.

2. Familia ugariak.

3. Mendekotasun larria, mendekotasun handia edo % 50eko desgaitasuna edo handiagoa duen kideren bat duten familia-unitateak.

4. Genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktimaren bat duten familia-unitateak.

Zerrendatutako kasuetan, gurasoetako bat lanaldi-murrizketan edo kontratazio partzialean egotea onartuko da, betiere bi kasuetarako jarduera egiten duen sektoreko lanaldi osoaren % 50eko edo gehiagoko lanaldia badu.

Laguntzaren xede den adingabeak minbizia edo beste gaixotasun larri bat badu, gurasoetako batek kontratazio partziala edo % 99,99ra arteko lanaldi-murrizketa izan dezake.

d) Familia-unitatea osatzen duten gurasoetako bat ere ezin da egon jaiotzagatik edo adingabea zaintzeagatik Gizarte Segurantzaren araudiaren esparruan lan-kontratua etenda. Era berean, ezin da egon Langileen Estatutuaren 48 bis artikuluan araututako guraso-baimena hartuta, ezta enplegu-erregulazioko espediente oso edo partzial baten eraginpean ere, salbu eta lanaldi murriztuko enplegu-erregulazioko espedientea bada eta artikulu honetako c) letrako kasuetako bat gertatzen bada.

29. artikulua.– Gastu finantzagarriak eta diruz lagundu ezin diren egoerak.

1.– Kotizazioak finantzatzeko modukoak izateko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian ordaindu beharko dira. Ez dira diruz lagunduko diruz lagundu daitezkeen kuotak ez ordaintzeagatik edo berandu ordaintzeagatik sortutako gastuak.

2.– Ez dira diruz lagunduko zaintzaile bat baino gehiagoren aldi bereko kontratazioak. Kasu horretan, kontratazio bakarra lagundu ahal izango da diruz. Horretarako, eskatzaileak zehaztu beharko du zer kontrataziotarako eskatzen duen laguntza.

3.– Inola ere ez da diruz lagunduko eskatzailearen ezkontidea edo izatezko bikotekidea kontratatzea, administrazio publiko bateko izatezko bikoteen edozein erregistro ofizialetan legez inskribatuta badago.

30. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, enplegatzaileak seme-alaba adingabeen zaintzaileak kontratatzeagatik Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Bereziari ordaindutako kuotak hartuko dira oinarritzat, enplegatzailearen konturako kuota eta enplegatuaren konturako kuota barne.

2.– Oinarri horren gainean ehuneko jakin bat aplikatuko da, familia-errenta estandarizatuaren arabera:

a) 20.000 euroko edo gutxiagoko familia-errenta estandarizatua dutenak:

Zaintzailea kontratatzeagatik enplegatzaileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Bereziari ordaintzen dion zenbatekoaren % 100 lagunduko da diruz.

b) 20.000 eurotik gorako eta 50.000 euroko edo gutxiagoko familia-errenta estandarizatua dutenak:

Zaintzailea kontratatzeagatik enplegatzaileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Bereziari ordaintzen dion zenbatekoaren % 75 lagunduko da diruz.

c) 50.000 eurotik gorako familia-errenta estandarizatuarekin:

Enplegatzaileak zaintzailea kontratatzeagatik Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean ezarritako Etxeko Langileentzako Sistema Bereziari ordaintzen dion zenbatekoaren % 25 lagunduko da diruz.

3.– Laguntza eskuratzeko baldintzak hilabetetik beherako aldietarako betetzen badira, laguntzaren zenbatekoa modu proportzionalean zehaztuko da. Kasu horretan, hilabetearen erreferentzia 30 eguneko hilabetea izango da beti.

IV. KAPITULUA
PROZEDURA ETA IZAPIDETZEA
1. ATALA
ESKABIDEAK AURKEZTEA, IZAPIDETZEA ETA EBAZTEA

31. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Diruz lagundu beharreko aldi osorako behar beste eskabide aurkeztu ahal izango dira.

2.– Eskaerak aldian-aldian aurkeztu ahal izango dira. Eskatzaileak erabakiko du, bere beharren arabera, nola antolatu bere espedienteak eta noiz egin eskabide bakoitza, betiere dekretu honetan ezarritako irizpideak betetzen badira.

3.– Lehendabiziko eskaera aurkeztu ahal izango da diruz lagundu daitekeen jarduketan eskatutako 59 eguneko gutxieneko aldia bete ostean.

4.– Laguntza ondorengo aldietarako ere eskatu behar bada, hurrengo eskabideak aurkeztu ahal izango dira emandako azken espedientearen eskaera-datatik gutxienez lau hilabeteko epea igaro ondoren.

Gutxieneko epe hori ez da eskatuko diruz lagundu daitekeen jarduketa amaitzen denean.

Dekretu honen ondorioetarako, honako kasu hauetan amaituko da diruz lagun daitekeen jarduketa:

a) Eszedentzia, lanaldi-murrizketa edo zaintzailearen kontratazioa amaitzen bada.

b) Dirulaguntza jasotzeko eskatutako baldintzaren bat betetzen ez bada.

c) Agortu badira laguntza mota bakoitzerako ezarritako gehieneko denbora-mugak.

5.– Eskabide bakoitzak eskaera egin aurreko diruz lagundu daitekeen aldi bat aipatu beharko du, gehienez 365 egunekoa.

6.– Diruz lagundu daitekeen jarduketa-egun bakoitzari dagokion laguntza eskatu beharko da jarduketa hori egin eta 365 egun igaro baino lehen.

7.– Bi gurasoak lanaldi-murrizketan daudenean aldi berean, eskatzaile bakoitzak bere eskabidea aurkeztu beharko du, nahiz eta eskabidean bi murrizketak metatzea erabaki, gutxienez % 33ra iristen ez delako.

8.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

32. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpena.

Eskabide-ereduak erantzukizunpeko adierazpen bat izango du, gutxienez honako alderdi hauek jasoko dituena:

a) Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez izana, hala ezartzen duen edozein legeren arabera. Zehazki, sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso ez izana, dagokion zehapenean ezarritako aldia gainditu gabe.

b) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

c) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako gainerako egoeren eraginpean, pertsona fisikoei aplikatzekoa zaien guztian, artikulu horren e) letran ezarritakoa salbu.

d) Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

33. artikulua.– Eskabideak aurkezteko bidea.

1.– Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan – Zuzenean – eta egoitza elektronikoan https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ eskuragarri dagoen eskabide normalizatuan aurkeztuko dira laguntza-eskabideak.

Elektronikoki aurkeztu ahal izango dira https://www.euskadi.eus/informazioa/lana-eta-familia-bateragarri-egiteko-laguntzak helbidean, edo aurrez aurre Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan – Zuzenean (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.

2.– Eskabideak, horiekin batera aurkeztu beharreko agiri osagarriekin batera, interesdunaren legezko ordezkariaren bitartez aurkeztu ahal izango dira. Ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiaztatu ahal izango da, modu fidagarrian jasota geratzen bada, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

34. artikulua.– Eskabidea zuzentzea eta hobetzea.

Aurkeztu beharreko eskaerak eta dokumentazioak dekretu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen ez baditu, edo haien edukia nahikoa ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko. Gainera, adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

35. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Familia-politikaren arloan eskumena duen zuzendaria izango da dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Familia-politikaren arloan eskumena duen sailburuordearen esanbidezko banakako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira dekretu honetan aurreikusitako laguntzak.

Dirulaguntza emateko ebazpenak aitortuko du eskabidea aurkezten den egunean baliatutako diruz laguntzeko moduko jarduketei dagokien laguntza. Inola ere ez dira diruz lagunduko eskaera-dataren ondorengo aldiak. Era berean, ez da diruz lagunduko aurretik diruz lagundutako aldi bat.

Ondorio horietarako, aurkeztutako justifikazio-dokumentazioan ziurtatutako data aitortuko zaio diruz lagundu daitekeen jarduketari, betiere epe hori eskatu bada.

Laguntza emateko ebazpenean, gehieneko laguntza honakoa izan daiteke: eskabidea aurkeztu aurre-aurreko 365 egunetan diruz lagundu daitezkeen jarduketei dagokiena.

3.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik eman ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsitzat joko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio familia-politikaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluen arabera.

5.– Laguntza hauek izapidetzeko bitarteko elektronikoak erabiltzeko jarraibideak eta prozedura Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/

6.– Eskatzaileek bitarteko elektronikoak erabiltzeko arreta eta laguntza eskatu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 12. artikuluan, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

7.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak

8.– Prozeduraren fitxa eta bertarako sarbidea EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, https://www.euskadi.eus/informazioa/lana-eta-familia-bateragarri-egiteko-laguntzak helbidean, eta bertan honako hauek egongo dira eskuragarri:

a) Prozedura izapidetzeko jarraibideak.

b) Eskaera ebazteko epeari eta administrazio-isiltasunaren ondorioei buruzko informazioa.

c) Eskabidea betetzeko jarraibideak eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

d) Prozedurako betekizunei eta egiaztatzeko moduari buruzko informazio eguneratua, administrazio publikoen arteko kontsulta-sistemen bidez lortzea eta interesdunaren erantzukizunpeko adierazpena barne.

e) Prozeduran egin daitezkeen izapide guztietarako sarbidea.

f) Prozeduraren eredu eta formulario normalizatu guztiak elektronikoak izango dira (eskabidekoak, erantzukizunpeko adierazpenenak, justifikazio-memoriarenak...), eta EAEko Administrazioaren izapidetze elektronikorako plataforma komunean integratuta egongo dira.

9.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta sarbidea, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

36. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Emandako laguntzak banku-transferentzia bidez ordainduko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez ere 2 hilabeteko epean.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, pertsonak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren hirugarrenen erregistroko datu-basean agertu beharko du.

3.– Pertsona ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa

37. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dekretu honen xedea betetzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan edo aurrekontu-arloko lege-mailako arauetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

Aurrekontu-ekitaldi baten barruan eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako kontsignazioa edo hori eguneratzetik ateratzen dena, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira.

2.– Laguntza horiek egotzi beharreko aurrekontuan kreditu egokirik eta nahikorik ez badago lortu nahi den helbururako, dekretu honen eta garapen-arauen eraginkortasuna eten egingo da laguntza berriak emateari dagokionez. Horregatik guztiagatik, dekretu hau indarrean dagoen bitartean ekitaldi ekonomiko batean esleitutako kreditua agortzen bada, organo kudeatzailearen hierarkian gorago dagoenaren administrazio-ebazpena emango da egoera horren berri emateko. Ebazpen horretan, kreditua noiz agortu den adieraziko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.– Hala ere, hurrengo ekitaldiko kredituei egotzi ahal izango zaizkie aurrekontu-ekitaldi batean ekitaldi horretako aurrekontu-kredituekin erantzun ezin diren diruz lagun daitezkeen egoerei buruzko laguntza-eskaerak badaude. Kasu horietan, ez da eskaera berriz aurkeztu behar, betiere egoera horiek dekretu honetan laguntzak lortzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, familia-politikaren arloan eskumena duen sailak, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, sailburuaren agindu baten bidez, argitaratuko du Dekretu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak finantzatzeko aurrekontu-zuzkidura, edo, hala badagokio, zuzkidura hori eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

5.– Laguntzak deialdi irekiaren bidez emango zaizkie Dekretuan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztiei, eta ondoz ondo esleituko dira, eskabideak aurkezteko hurrenkeraren arabera, espedientea osatzen den unearen arabera.

Eskabidea zuzentzeko edo osatzeko eskatu behar bada, bata edo bestea gauzatu den eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat. Horretarako, eskabideak aurkezteko hurrenkerari jarraituko zaio (eguna eta ordua), espedientea osatzen den unearen arabera.

2. ATALA
EGIAZTAGIRIAK ETA FAMILIA-ERRENTA ESTANDARIZATUA

38. artikulua.– Dokumentazioa aurkeztea.

1.– Laguntzak eskuratzeko baldintzak atal honetan zerrendatutako dokumentazioaren bidez egiaztatu beharko dira.

2.– Nolanahi ere, eskatzaileak eskubidea du jada administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko. Hala ere, eskaera bakoitzean, aurretik egiaztatutako egoerarekin alderatuta izandako edozein aldaketari buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko da.

3.– Interesdunak berariaz aurka egiten ez badu, elkarreragingarritasunaren bidez kontsultatuko da eskabidean adierazitako baldintzen betetzea.

4.– Aurka egiten bada edo, kontsulta egin ondoren, dokumentazio hori ezin bada lortu, arrazoia edozein dela ere, eskatzaileak aurkeztu beharko du.

39. artikulua.– Laguntzak emateko baldintzen eta inguruabarren egiaztagiri orokorrak.

Laguntza emateko baldintzak honako agiri hauen bidez egiaztatu ahal izango dira:

a) Familia-unitatea osatzen duten gurasoen identitatea:

1. Nortasun Agiri Nazionala (NAN): Espainiako estatuko nazionalitatea duten pertsonak. NANak indarrean egon beharko du eskaera egiten den egunean.

2. Pasaportea edo bere herrialdeko nortasun-agiri baliokidea, titularraren nazionalitatea jasotzen duena: Europar Batasuneko beste estatu kide bateko nazionalitatea duten pertsonak edo eskaera egiten den egunean indarrean dagoen Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan parte hartzen duen estatu bateko nazionalitatea duten pertsonak.

3. Atzerritarren Identifikazio Txartela (AIT) nahiz pasaportea, edo, hala dagokionean, gainerako herrialdeetako nazionalitatea duten pertsonek eskaera egiten den egunean indarrean duten bizileku-baimena.

b) Eskatzailearen eta senitartekoaren –betiere senitarteko hori zaintzeko hartu bada eszedentzia edo murriztu bada lanaldia– arteko ahaidetasun-harremana:

1. Jaiotza-ziurtagiria, familia-liburua edo adopzioa dagokion Erregistro Zibilean inskribatu izanaren ziurtagiria.

2. Diruz lagundu daitekeen jarduketaren aldian tutoretza, adopzio-helburuko zaintza edo harrera egiaztatzen duen ebazpen judiziala, administratiboa edo dokumentu ofizial baliokidea.

3. Administrazio publiko bateko izatezko bikoteen edozein erregistro ofizialetan izena ematea.

4. Ahaidetasuna adierazten duen beste edozein agiri, zuzenbidean baliozkoa denean.

c) Eskatzailearen eta etxebizitza berean bizi diren pertsona guztien erroldatzea:

1. Bizikidetza-errolda.

2. Erroldatze historikoa: behar izanez gero, eskatzailea eskaera egin aurreko urtean etenik gabe Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egon dela egiaztatzen duen erroldatze-ziurtagiria, edo eskabidearen aurre-aurreko 10 urteetan 5 urte jarraian eman dituela Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egiaztatzen duena.

Erroldatzeko eskatzen den aldian eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean baino gehiagotan bizi izan bada, eskabidean zehaztu beharko ditu udalerri horiek, eta baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Laguntzaren eskatzaileak aurkeztutako dokumentazio eta informazio guztia aztertuta, zalantzak badaude eskatzailearen benetako bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izan den, laguntza kudeatzen duen organoak eskatzaileari eskatuko dio baldintza hori betetzen duela egiaztatzeko.

Eskatzailea 3.3.b) artikuluan adierazitako salbuespenean (zaintza partekatua) sartzen bada, erroldatze-ziurtagiri eguneratua eta salbuetsitako egoera betetzen dela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko ditu.

Ziurtagiriak ez du baliorik izango eskabidea aurkeztu baino hiru hilabete lehenago eman bada.

d) Lan-egoera:

1. Gizarte Segurantzaren lan-bizitzaren txostena: kasu guztietan berrikusiko da.

2. Lanaldi-murrizketa: IDC dokumentua (Kotizaziorako Datuen Txostena – Besteren Konturako Langileak), diruz lagundu beharreko aldiari buruzkoa. Enpresa kontratatzaileak ematen du dokumentu hori.

Bi gurasoek lanaldi-murrizketa metatzea erabakitzen badute, banaka % 33ra ez iristeagatik, eskaera bakoitzak egiaztatu beharko du murrizketa horiek aldi berean egiten direla, eta bien batura gutxienez % 33ra iristen dela.

3. Etxeko Langileentzako Sistema Berezian kotizatzen duten langileak: enplegatzailearen ziurtagiria, bertan honako hauek adierazita egon behar dira: kontratuaren datak, lanaldi mota, murrizketaren ehunekoa eta murrizketaren edo eszedentziaren arrazoia, hala badagokio.

4. Kooperatiba-sozietateetako bazkide langileak edo lan-bazkideak: kooperatiba-sozietatearen ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena: bazkideak direla, eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu dutela, kontratu-mota – lanaldi osokoa edo partzialekoa –, diruz lagundu daitekeen jarduketan emandako aldiak, kotizazio-mota eta eszedentziagatik edo lanaldi-murrizketagatik kotizazio-motan aldaketak egon diren. Lanaldi-murrizketen kasuan, ziurtagiriak adierazi beharko ditu murrizketa horren ehunekoa eta arrazoia.

5. Etete iragankorra egiaztatzeko: etete iragankorraren ziurtagiri ofiziala, eragindako aldia eta lanaldiaren ehunekoa erakusten duena.

e) Diru-sarrera fiskalak:

1. Familia-unitatea osatzen duten gurasoek aurkeztutako behin betiko likidatutako errenta.

2. Azken zergaldiko errenta-aitorpena aurkeztu ez bada, likidatutako azken zergaldiari dagokion PFEZari egotz dakizkiokeen urteko diru-sarreren ziurtagiria.

3. Epe horretan aitorpena aurkezteko betebeharrik ez badago, salbuetsita dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria edo baliokidea.

4. Aipatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, laguntza ukatu egingo da.

5. Eskatzaileak ezin badu beste gurasoaren zerga-dokumentazioa aurkeztu, azken bizilekua ezezaguna delako, legezko absentzia-egoeran dagoelako edo antzeko egoeran dagoelako, laguntza gutxieneko zenbatekoan emango da.

f) Genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktimak: genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan edo Sexu-askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 37. artikuluan ezarritako bitartekoren baten bidez egiaztatuko da izaera hori, dagokionaren arabera:

1. Babes-agindua.

2. Kondena-epaia.

3. Fiskaltzaren txostena.

4. Administrazio-egiaztapena.

Genero-indarkeriaren biktimaren administrazio-egiaztapenaren ziurtagiriek urtebeteko balioa izango dute, ematen diren egunetik zenbatzen hasita.

g) Mendekotasun-egoera: administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, mendekotasun-maila eta gradu bakoitzaren maila zehazten dituena, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean eta hura garatzeko araudian aurreikusitakoaren arabera.

h) Osasun-egoera oso larria: medikuaren txostena, berariaz adierazten duena pertsonak eguneroko bizitzan oinarrizko ekintzak egitea eragozten dion autonomia-galera izan duela.

i) % 33ko desgaitasuna edo handiagoa: indarrean dagoen desgaitasun-ziurtagiria.

j) Guraso bakarreko familia: Euskal Autonomia Erkidegoan guraso bakarreko familiaren izaera aitortzen duen irailaren 16ko 232/2025 Dekretuan aurreikusitako guraso bakarreko familiaren ziurtagiri digital kolektiboa.

Ziurtagiriak ez badu osorik estaltzen diruz lagundu daitekeen aldia, eskatzaileak dokumentazio osagarria aurkeztu beharko du, guraso bakarra izateko baldintzak gainerako denboran betetzen dituela egiaztatzeko.

k) Familia ugariak: familia ugariaren titulua edo antzeko dokumentua.

l) Ebazpen judizialaren bidez ezarritako zaintza eta jagoletza (banantze- edo dibortzio-kasuetan):

1. Zaintza eta jagoletza esleitzen duen ebazpen judiziala.

2. Gurasoen eta seme-alaben arteko neurriak arautzen dituen hitzarmena, epai judizial bidez berretsia.

Eskatzaileak genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzen badu, ez du zaintza eta jagoletza egiaztatu beharrik izango.

m) Banku-kontua:

1. Laguntza ordaintzeko behar diren banku-datuak.

2. Hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren hirugarrenen erregistroan alta emateko edo eguneratzeko behar den dokumentazioa.

n) Ordezkaritza:

1. Ordezkaritza egiaztatzen duen agiria edo bidea, zuzenbidean baliozkoa dena.

2. Ahalordeen erregistro elektronikoan izen-ematea, hala badagokio.

40. artikulua.– Kontrataziorako laguntzak justifikatzeko dokumentazio espezifikoa.

1.– Kontratatutako pertsonaren Gizarte Segurantzako alta: alta-agiria eta lan-kontratuaren oinarrizko kopia.

2.– Eskatutako hilabeteei dagozkien etxeko langilearen Gizarte Segurantzako kotizazioen ordainketak, dagozkien ordainketa-ordainagirien bidez. Ordainagiri horietan, gutxienez, likidazio-aldia eta kontratatutako pertsonaren izen-abizenak zehaztu beharko dira.

3.– Familia-unitatea osatzen duten gurasoen lan-egoera Gizarte Segurantzaren lan-bizitzaren txostenaren bidez egiaztatuko da.

Familia-unitatea osatzen duten gurasoak besteren konturako langileak badira, haien lanaldi efektiboa Gizarte Segurantzaren kotizazio-datuen txostenaren bidez egiaztatuko da –IDC izeneko dokumentua–.

Familia-unitatea osatzen duten gurasoek beren kontura lan egiten badute, Gizarte Segurantzako kotizazio-ordainagiriak aurkeztuta egiaztatuko dute beren jarduera.

Familia-unitatea osatzen duten gurasoak kooperatiba-sozietateetako bazkide langileak edo lan-bazkideak badira, benetako lanaldia kooperatiba-sozietatearen ziurtagiri baten bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horrek egiaztatuko du kontratu-mota (lanaldi osokoa edo partzialekoa), eszedentzia- edo lanaldi-murrizketako egoera eta horren iraupena.

Familia-unitatea osatzen duten gurasoek ezintasun iraunkor absolutua, lan egiteko ezintasun osoa edo ezintasun handia aitortuta badute, hori aitortzen duen administrazio-ebazpena aurkeztuko dute.

41. artikulua.– Atzerriko dokumentazioa.

1.– Atzerriko agiri oro, modu ofizialean euskarara edo gaztelaniara itzulita egon beharko da.

2.– Gainera, atzerriko agiri publikoak behar bezala legeztatu behar dira. Europar Batasuneko beste estatu kide bateko nazionalen kasuan, 2016ko uztailaren 6ko, 2016/1191 (EB) Erregelamendua, Dokumentu publiko jakin batzuk Europar Batasunean aurkezteko betekizunak sinplifikatuz, herritarren zirkulazio askea erraztu eta 1024/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen duena, aplikatuko da.

42. artikulua.– Familia-errenta estandarizatua.

1.– Dekretu honetan deskribatutako laguntzak eskatzaileen familia-errenta estandarizatuaren araberakoak izango dira.

2.– Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretua (martxoaren 17ko 32/2015 Dekretuak aldatua) edo haren ordezko araua aplikatuz, errenta hori kalkulatzeko, eskabidea aurkezten den uneko familia-unitatearen osaera eta familia-unitateari dagokion baliokidetasun-koefizientea hartuko dira kontuan, baita familiaren errenta-maila ere, dekretu honen 38.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Familia-unitateko gurasoek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badute, zerga-administrazioak edo dagozkion administrazioek bildutako informazioan oinarrituta zehaztuko da familia-errentaren maila.

3. ATALA
DIRUZ LAGUNDU EZIN DIREN EGOERAK, BATERAEZINTASUNAK ETA LAGUNTZEN ARTEKO KONKURRENTZIA

43. artikulua.– Diruz lagundu ezin diren egoerak.

Ez dira diruz lagunduko pertsona egoera hauetakoren batean dagoen aldiak:

a) Grebarako eskubidea baliatuz.

Aurrekoa gorabehera, greba-egoeran dagoen egun bakoitza, diruz lagundu daitekeen eskatutako 59 eguneko gutxieneko jarduera aldirako zenbatuko da. Hala ere, greba-egunak ez dira zenbatuko diruz lagundu daitezkeen gehieneko mugei begira.

b) Enplegu-erregulazioko espediente batek edo Enplegua Malgutzeko eta Egonkortzeko SARE Mekanismoaren bitartez baimendutako lan-kontratu eteteek eraginda. Hala ere, lanaldia murrizteko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea bada edo SARE Mekanismoaren bidez lanaldi-murrizketaren modalitatea baimendu bada, jarduera diruz lagundu ahal izango da, baldin eta dekretu honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira.

c) Soldatarik gabeko baimena, guraso-baimena edo antzeko egoeran.

d) Adingabearen jaiotzagatiko edo zaintzagatiko prestazioa jasotzen.

e) Diziplina-arrazoiengatik enplegua eta soldata etenda.

f) Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeak zaintzeagatiko prestazioa jasotzen duten, Gizarte Segurantzaren araudiaren esparruan, betiere prestazioa oinarri arautzailearen % 100etik abiatuta kalkulatu bada.

Osterantzean, lanaldi-murrizketak eragindako ordainsari-galeraren zati proportzionalaren arabera lagundu ahal izango da. Laguntzen baturak ezin izango du gainditu dekretu honek diruz laguntzen duen lanaldi-murrizketaren ondoriozko soldata-ordainsariaren murrizketa.

Baldintza hori agiri hauen bidez egiaztatu beharko da:

1. Lanaldi-murrizketa hasi aurreko bi hilabeteetako kotizazio-oinarrien txostena, bai eta diruz lagundu daitekeen aldiarena ere.

2. Gizarte Segurantzaren edo mutuaren agiria, ordainketa eskuordetuaren kasuan, Minbizia edo beste gaixotasun larri bat duten adingabeak zaintzeagatiko prestazioa (CUME) eta haren zenbatekoa ematen edo ukatzen dituena.

3. Diruz lagundu beharreko aldian jasotako CUME prestazioaren ordainketak.

4. Lanaldi-murrizketa hasi aurreko bi hilabeteei dagozkien soldaten ordainagiriak, bai eta diruz lagundu daitekeen aldian sortutakoak ere.

44. artikulua.– Bateraezintasunak eta laguntzen konkurrentzia.

1.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira elkarren artean, aldi bererako eskatzen direnean.

2.– Salbuespen gisa, 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko III. kapituluan araututako laguntza bateragarria izan ahalko da dekretu honetan aurreikusitako gainerako laguntzekin, baldin eta laguntza eskatzeko arrazoi den adingabeak minbizia edo beste gaixotasun larri bat badu.

3.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak ez dira bateragarriak izango administrazio publikoek helburu bererako ematen dituzten edo ezar ditzaketen beste laguntza batzuekin, salbu eta dekretu honen 43.f) artikuluaren bigarren paragrafoan minbizia edo beste gaixotasun larri bat duten adingabeentzako laguntzari buruz ezarritakoa.

Laguntza bat baino gehiago jasoz gero, dirulaguntzen guztizko zenbatekoak ezin izango du gainditu, inola ere, diruz lagundu daitekeen jarduketak onuradunari eragiten dion soldata-ordainsariaren murrizketa gehi kotizazio-kostua. Ondorioz, muga horiek gainditzen badira, murriztu egingo da Eusko Jaurlaritzak, familia-politikaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, eman beharreko laguntzen zenbatekoa.

4. ATALA
BETEBEHARRAK ETA EZ-BETETZEAK

45. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har adierazitako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Diruz lagundutako egoeraren xedea edo izaera funtsean aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, bai eta familia-politikaren arloan eskumena duen sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazio guztia ematea.

46. artikulua.– Onuradun izateko debekuak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean egotea, pertsona fisikoei aplikatzekoa den guztian, artikulu horren e) letran ezarritakoa salbu.

47. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Familia-politikaren arloan eskumena duen sailak dekretu honen helburuak betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren ikuskapen- eta kontrol-ekintzak egin ditzake, bakoitzak kudeatzen dituen laguntzei dagokienez.

48. artikulua.– Itzulketak eta ez-betetzeak.

1.– Laguntzaren onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan (f apartatuan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betebeharrari buruz ezarritakoa izan ezik), 36. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte, edo dekretu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, familia-politikaren arloan eskumena duen sailburuordeak, interesdunari entzun ondoren, dagokion ebazpenaren bidez, adieraziko du ordaintzeko dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu dutela.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako zenbatekoak, eta, bestetik, laguntza ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak. Nolanahi ere, egin beharreko gainerako ekintzak ere egin ahal izango dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Itzulketa hori proportzionaltasun-irizpideen arabera aplikatuko da. Dekretu honetan araututako laguntza guztiak denbora-tarte jakin batean garatutako diruz laguntzeko moduko egoerei buruzkoak direnez, aldi baterako ez-betetzeak laguntza eskuratzeko baldintzak bete diren aldian laguntza aitortzea ekarriko du, bai eta ez-betetzea gertatu den aldia itzultzea ere.

4.– Itzulitako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

49. artikulua.– Publizitatea.

Emandako dirulaguntzen zerrenda, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, zenbatekoa, finantzatutako jarduketa eta pertsona edo erakunde onuraduna adierazita.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Aurrekontu-zuzkidura.

Dekretu honen 36. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, argitara ematen da dekretu berria eguneratzeak dakartzan gehikuntzei buruzko 2026ko aurrekontu-zuzkiduraren zatia, 6.364.899,70 eurokoa, guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako aurrekontu orokorretan esleituta dagoena.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– II. kapituluko araubide iragankorra.

3 urtetik beherako adingabea zaintzeko lan-eszedentzian dauden langileentzako laguntzen edo 12 urtetik beherako adingabea zaintzeko lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzen araubide iragankorra, eta senideak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileentzako laguntzak, II. kapituluan arautuak honakoa izango da:

a) Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren babesean emandako laguntzak edo izapidetzen ari direnak aipatutako Dekretuak arautuko ditu.

b) Dekretu honek arautuko ditu indarrean jartzen denetik aurrera aurkeztutako eskabideak.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Laguntzen mugak.

Laguntzen gehieneko iraupena zenbatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: dekretu honen bidez, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren bidez eta Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren bidez diruz lagundutako aldiak.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– III. kapituluaren araubide iragankorra.

III. kapituluan araututako 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzen araubide iragankorra honakoa izango da:

a) Dekretu horren bidez arautuko dira 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko irailaren 7ko 102/2022 Dekretuaren babesean emandako laguntzak edo izapidetzen ari direnak.

b) Dekretu honek arautuko ditu indarrean jartzen denetik aurrera aurkeztutako eskabideak.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Guraso bakarra dela egiaztatzea.

2026ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko diruz laguntzeko moduko aldiak dituzten eskaeretan, eskatzaileak egiaztatu beharko du aldi horretan haiekin bizi diren seme-alabak ekonomikoki haren mende bakarrik egon direla.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Indargabetutako arauak.

1.– Indargabetuta geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren II. eta III. kapituluak, ondorio guztietarako.

2.– Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren I., IV. eta VI. kapituluek indarrean jarraituko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatutako laguntzei dagokienez.

3.– Indarreko araudian Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren zatiei egiten zaizkien arau-erreferentziak dekretu honi egiten zaizkiola ulertuko da, baldin eta dekretu hau indarrean jartzearen ondorioz indargabetuta geratzen badira.

4.– Era berean, indargabetuta geratzen da Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren 2024ko abenduaren 2ko Agindua, zeinaren bidez onartzen baitira Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren II. eta III. kapituluetan aurreikusitako laguntzen eskabideen instantzia normalizatuak.

5.– Indargabetuta geratzen da 102/2022 Dekretua, irailaren 7koa, 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzkoa, bai eta dekretu honen edukiaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere, bereziki Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko irailaren 20ko Agindua, zeinaren bidez onartzen baitira laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa eta 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko irailaren 7ko 102/2022 Dekretuan aurreikusitako eskabide instantzia normalizatuak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretua aldatzea.

1.– Aldatu egiten da dekretuaren izenburua, eta honela idatzita geratzen da:

164/2019 Dekretua, urriaren 22koa, kontziliazio-neurriei atxikitako langileen ordez langileak kontratatzeko laguntzei buruzkoa.

2.– Aldatu egiten da 1. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen 12.e) artikuluan aurreikusitako laguntza ekonomikoak arautzea. Laguntza horiek enplegatzaileei zuzenduta daude, adingabeko seme-alabak eta beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileen ordezkoak kontratatzeko.

3.– Aldatu egiten da 2. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

2. artikulua.– Kontzeptuak.

Dekretu honen ondorioetarako, semeari edo alabari buruzko aipamenek barnean hartuko dituzte adopziorako edo harrera iraunkorrerako tutoretza- edo zaintza-erregimenean dauden adingabeak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretua aldatzea.

Aldatu egiten da 4. artikuluaren b) letra, eta honela geratzen da idatzita:

b) Ezkontidea, deuseztasunik, banantzerik edo dibortziorik ez badago, harekin izatezko bikote gisa bizi ohi den pertsona, edo harekin administrazio publiko bateko izatezko bikoteen edozein erregistro ofizialetan izatezko bikote gisa inskribatuta dagoen pertsona, nahiz eta elkarrekin bizi ez, salbu eta emakumeen aurkako indarkeria-egoera gertatzen bada, hirugarren paragrafoaren arabera egiaztatuta.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko maiatzaren 26an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala