
115. zk., 2026ko ekainaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (182 KB - 12 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
2709
82/2026 DEKRETUA, maiatzaren 26koa, Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren osaera eta funtzionamendua arautzen dituena.
Euskal Autonomia Erkidegoko kultu-lekuei edo -zentroei eta erlijio-aniztasunari buruzko ekainaren 29ko 8/2023 Legeak, 15. artikuluaren bidez, Euskadiko Erlijioen Kontseilua sortzen du, instituzioen eta erlijio-konfesioen eta -elkarteen arteko elkarrizketarako eta lankidetzarako organoa izan dadin. Kontseiluaren helburua erlijioen eta kulturen elkarbizitza babestea eta bultzatzea da, oinarritzat hartuta erlijio-aniztasunari eta erlijio-adierazpen guztien eskubideei eta betebeharrei zor zaien errespetua. Halaber, aipatutako artikuluaren 4. apartatuak xedatzen du Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez zehaztuko direla Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren osaera, eginkizunak eta funtzionamendu-arauak.
Dekretu honen xedea da, beraz, lege horrek Euskadiko Erlijioen Kontseilua sortzeari eta arautzeari buruz agintzen duena betetzea; hala, Euskadiko Erlijioen Kontseilua kontsulta-organo gisa eratuko da, eta aholkua eta informazioa emango du Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioen eta elizen, erlijio-konfesioen eta -elkarteen ekimen edo erabakien gainean, baldin eta ekimen edo erabaki horiek berariaz eragin badiezaiokete erlijio-askatasunaren eta kultu-askatasunaren erabilerari. Euskadiko Erlijioen Kontseiluak Euskadiko erlijio-aniztasunaren kudeaketa positiboa sustatuko du, eta elkargune izango da erakunde publikoentzat, erlijio-konfesioentzat eta gizarte zibilarentzat; euskal gizartearen eta erlijioen aniztasuna babesteko eta sustatzeko lagungarri diren diagnostikoak egitea bultzatuko du, eta horretarako jarduerak proposatuko ditu. Horri guztiari heltzeko, herritartasun zibiko, arduratsu eta inklusiboaren kontzeptua hartuko da oinarritzat; hau da, herritar guztiei oinarrizko eskubide oro erabiltzeko aukera emango zaie, alde batera utzita haien kultur identitatea, erlijio-atxikipena edo laikotasuna.
Erlijio-askatasuna aski onartutako oinarrizko eskubidea izateaz gain, sinesmen-, kultura- eta bizimodu-aniztasunarekiko errespetuzko gizarte plural bat antolatzeko funtsezko euskarria ere bada. Orobat, erlijio-askatasuna libreki baliatzeak eragina du herritarren oinarrizko beste eskubide batzuen erabileran; horrenbestez, justifikatuta dago elkarrizketarako elkargune ofizial bat sortzea, EAEko gizartean dauden zenbait konfesio eta sinesmenen 12 ordezkarik bertan parte har dezaten.
Nahiz eta mendeetan zehar EAEko gizartean erlijio kristau katolikoa nagusitu den, gure gizartea beti izan da plurala erlijioari dagokionez. Azken hamarkadetan, gainera, pluraltasun hori nabarmen handitu da: batetik, biztanle-mugimenduak egon direlako oraintsu, eta, bestetik, gizartea eraldatu egin delako, sekularizaziorantz jo baitu eta sinesmen eta atxikitze erlijioso eta espiritualen dibertsifikazioa handitu baita. Dibertsitate horrek gero eta garrantzi handiagoa du gizartean, eta ez du atzera bueltarik. Beraz, premiazkoa da arlo horren kudeaketa publikoa egokia izatea.
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 18. artikuluaren arabera, pertsona orok pentsamendu-, kontzientzia- eta erlijio-askatasunerako eskubidea du; eskubide horren barne da erlijio edo sinesmena aldatzeko askatasuna, baita norbere erlijioa edo sinesmena bakarka nahiz taldean, jendaurrean edo pribatuan, irakaskuntzaz, jardueraz, kultuz eta aginduak gordez azaltzeko askatasuna ere. Eskubide hori babesten dute, halaber, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 9. artikuluak, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 10. eta 22. artikuluek eta 1978ko Espainiako Konstituzioaren 16. artikuluak. Bestalde, Autonomia Estatutuak 9.2 artikuluan xedatzen du EAEko botere publikoek, beren eskumenen esparruan, konpromisoa hartuko dutela herritarren oinarrizko eskubide eta eginbeharren erabilera egokia zaintzeko eta bermatzeko. Horren barruan sartzen da botere publikoek erlijio-konfesio guztiekin lankidetzan aritzeko duten eginbeharra –1978ko Konstituzioaren 16. artikuluan aurreikusia–.
Estatuan, lankidetza hori garatzeko, akordioak egin dira zenbait konfesiorekin, zeinen ondorioz arau juridiko bana onartu baita, eta Erlijio Askatasunaren Aholku Batzordea ezarri da –Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoaren 8. artikuluaren bidez sortua, eta ekainaren 19ko 1890/1981 Errege Dekretuaren bidez (urriaren 26ko 1159/2001 Errege Dekretuak aldatua) eta azaroaren 29ko 932/2013 Errege Dekretuaren bidez arautua–. Batzorde hori Estatuko Gobernuak erlijio-askatasunari buruz kontsultatzeko duen organoa da, eta haren xedea da erlijio-askatasunerako eskubidea garatzeko, bultzatzeko eta eraginkortasunez sustatzeko arloak aztertzea eta haien gaineko jarraipen-lanak eta txostenak egitea eta proposamenak lantzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, ez da egon halako organorik orain arte. Hau da, ez da egon erlijio-askatasuna berdintasun eragingarriko baldintzetan baliatzeak planteatzen dituen gaiei oro har erantzuteko moduko organorik; izan ere, gai horiek politika publikoen askotariko eremuei eragiten diete, hala nola hirigintzari, herritarren parte-hartzeari, hezkuntzari, osasunari edo esku-hartze sozialari. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko kultu-lekuei edo -zentroei eta erlijio-aniztasunari buruzko ekainaren 29ko 8/2023 Legeak Erlijioen Euskal Kontseilua sortzea aurreikusi du. Kontseilu horretan, EAEko zenbait maila instituzionaletako ordezkariez gain, modu iraunkorrean parte hartuko dute, lehenengoz, EAEko gizartean nabarmen errotuta dauden erlijio-konfesioetako ordezkariek eta gai horretan kualifikatuta dauden beste ordezkari erlijioso, zibiko eta akademiko batzuek.
EAEko erakunde guztientzako kontsulta-organoa izango da Euskadiko Erlijioen Kontseilua, eta osoko bilkuren bidez, lan-batzordeen bidez eta batzorde iraunkor baten bidez jardungo du; batzorde iraunkorraren zeregina kontseiluaren lana bultzatzea izango da. Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren akordioek edo gomendioek Euskadiko erlijio-aniztasuna eta -askatasuna sustatzen eta babesten laguntzeko neurriak ezartzea ahalbidetuko dute, betiere sinestunen eta ez-sinestunen mesedetan. Euskadiko Erlijioen Kontseiluak, bere jardunean, aintzat hartu beharko ditu konfesio eta gizarteko talde guztien baldintzak, egoerak eta beharrak; emakumeek konfesioen barruan eta, oro har, gizartean dituzten egoera eta behar espezifikoak ere kontuan hartuko ditu, haien parte-hartzea sustatuko du, eta sexuan oinarritutako diskriminazioa eta emakumeen aurkako indarkeria matxista desagerrarazten lagunduko du. Horrenbestez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko maiatzaren 26an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta atxikipena.
1.– Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko kultu-lekuei edo -zentroei eta erlijio-aniztasunari buruzko ekainaren 29ko 8/2023 Legearen 15. artikulua garatzea, zeinaren bidez Euskadiko Erlijioen Kontseilua sortzen baita.
2.– Kontseilua kide anitzekoa da, Eusko Jaurlaritzan erlijio-aniztasunaren arloko eskumena duen sailari atxikitzen zaio, baina horrek ez dakar berekin sail horren egitura hierarkikoan integratzea.
2. artikulua.– Kontseiluaren izaera eta helburuak.
1.– Euskadiko Erlijioen Kontseilua kontsulta-organoa da, eta instituzioen eta erlijio-konfesioen eta -elkarteen arteko elkarrizketarako eta lankidetzarako organo gisa eratzen da.
2.– Kontseiluaren helburua erlijioen eta kulturen elkarbizitza babestea eta bultzatzea da, oinarritzat hartuta erlijio-aniztasunari eta erlijio-adierazpen guztien eskubideei eta eginbeharrei zor zaien errespetua.
3. artikulua.– Eginkizunak.
Euskadiko Erlijioen Kontseiluak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:
1.– Eginkizun orokorrak:
a) EAEko instituzioei aholkularitza ematea eta haiekin batera lan egitea erlijioen eta kulturen arteko elkarbizitza integratu eta integratzailea sustatzeko, erlijioan oinarritutako desberdinkeria, terrorismo, indarkeria, arrazakeria, xenofobia edo beste inposatze, derrigortze edo bereizkeria mota ororen kontrakoa.
b) Kultu-lekuak edo -zentroak irekitzeko prozedura hasi baino lehen aholku ematea instituzioek, elizek eta erlijio-elkarteek eta -konfesioek edo haien federazioek planteatzen dituzten kontsultei buruz.
c) Elizekin eta erlijio-konfesioekin eta -elkarteekin zerikusia duten jarduerak egiten dituzten entitateek desberdintasunak gainditzeko aurkezten dituzten eskaerak eta proposamenak bideratzea, elkarbizitza eta gizarte-kohesioa errazteko asmoz.
d) Euskadin dauden elizen eta erlijio-konfesioen eta -elkarteen arteko eta haien eta EAEko administrazio publikoen arteko komunikazioa eta iritzi- eta informazio-trukea sustatzea.
e) Txostenak eta irizpenak egitea, instituzioek berek eskatuta, edo elizek edo erlijio-elkarte eta konfesioek eskatuta.
f) Udalen hirigintza-plangintzen jarraipena egitea, diagnostikoak eta mapak eratzeko elizek, erlijio-konfesioek eta -elkarteek EAEko udalerrietan duten presentziari buruz eta haien beharrei buruz.
g) Ikerketak eta azterlanak egitea, Euskadiko gizarte- eta erlijio-errealitatearen ezagutzan sakontzeko, eta erlijio-aniztasunaren errealitateari buruz edo harekin lotutako proiektu eta programei buruz azterlanak edo ikerketak bultzatzea.
h) Giza eskubideak defendatzeko lan egiten duten instituzioekin eta antzeko kontseiluekin koordinatzea eta, hala badagokio, lankidetzan aritzea, bereziki indarkeria matxista desagerraraztera bideratuta daudenekin. Bereziki, manu erlijiosoen interpretazioetan soilik oinarritzen diren emakumeen aurkako praktika diskriminatzaileei dagokienez.
i) Euskal Autonomia Erkidegoko erlijio-askatasunari eta elkarbizitzari eragiten dioten xedapen orokorrak onartu aurretik txostenak aztertu eta egitea.
j) Kontseiluaren helburua kontuan hartuta ordenamendu juridikoak eslei diezaiokeen beste zeinahi eginkizun.
2.– Kontseiluaren eginkizunen genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala:
Eginkizun horiek guztiek genero-ikuspegia txertatuko dute zeharka, eta, gainera, esku-hartze maila guztietan ikuspegi intersekzionala ezarriko dela bermatuko dute.
II. KAPITULUA
EUSKADIKO ERLIJIOEN KONTSEILUAREN KIDEAK
4. artikulua.– Kideak.
1.– Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren Osoko Bilkura 25 kidek osatuko dute: lehendakariak, lehendakariordeak, 22 bokalek eta idazkariak. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.
2.– Euskadiko Erlijioen Kontseilua osatzerakoan, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua lortzeko neurri egokiak hartuko dira.
5. artikulua.– Lehendakaritza.
1.– Euskadiko Erlijioen Kontseiluko lehendakaria erlijioaren arloko eskumena duen sailburua izango da.
2.– Hauek dira Euskadiko Erlijioen Kontseiluko lehendakariaren eskudantziak:
a) Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren ordezkari izatea; bozeramaile-lanak beteko ditu.
b) Ohiko eta ezohiko bilkuretarako deialdia egitea, baita gai-zerrenda prestatzea ere, bokalek aurkeztutako eskaerak kontuan hartuta –eskaera horiek behar besteko denboraz egin behar dituzte–.
c) Bilkuren buru izatea eta horiei amaiera ematea, eztabaidak moderatzea eta, kausa justifikaturik izanez gero, bilkurak bertan behera uztea.
d) Bozketak erabakitzea, berdinketarik badago.
e) Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.
f) Dekretu honen xedapenak betetzen direla ziurtatzea.
g) Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren erabakiak egokitzat jotzen diren instituzioei jakinaraztea.
h) Euskadiko Erlijioen Kontseiluko bokalei kargua ematea.
i) Osoko Bilkurak landuko duen gaian aditu direnei bilkurara deitzea, baldin eta lehendakariak hala irizten diolako edo Osoko Bilkuraren gehiengoak hala proposatu duelako egokitzat jotzen bada; aditu horiek hitza izango dute, baina botorik ez, eta informazioa edo aholkularitza emateko soilik bertaratuko dira.
j) Beharrezkoa denean, Batzordearen eginkizunekin eta lanekin zerikusia duten gaietan adituak direnei azterlan teknikoak agintzea, nahiz eta pertsona horiek Batzordekoak ez izan.
k) Kide anitzeko organo bateko lehendakaria izateak berez dakartzan gainerako eginkizun guztiak betetzea.
3.– Lehendakari-kargua hutsik badago edo titularra absente edo gaixorik badago, Euskadiko Erlijioen Kontseiluko lehendakariordeak ordezkatuko du.
6. artikulua.– Lehendakariordea.
1.– Erlijio-aniztasunaren arloan eskumena duen zuzendaria izango da Euskadiko Erlijioen Kontseiluko lehendakariorde.
2.– Hauek dira Euskadiko Erlijioen Kontseiluko lehendakariordearen eskudantziak:
a) Batzorde Iraunkorraren bileretan buru eta moderatzaile izatea.
b) Batzorde iraunkorraren eta lan-batzordeen deialdiak erabakitzea, eta gai-zerrendak finkatzea.
c) Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran, Batzordearen funtzionamenduak eragingo dituen gastuen urteko aurreikuspena egitea.
d) Lehendakariaren eskudantzia guztiak bere gain hartzea, lehendakari-kargua hutsik dagoenean, titularra absente edo gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean.
e) Batzorde Iraunkorraren bilkuretara deitzea gai jakin bati buruzko informazio garrantzitsua eman dezaketen adituak; aditu horiek hitza izango dute, baina botorik ez.
3.– Lehendakariordearen kargua hutsik badago edo titularra ez badago edo gaixorik badago, lehendakariordeak berak eskuordetutako pertsona izango da ordezkoa.
7. artikulua.– Bokalak.
1.– Hauek dira Euskadiko Erlijioen Kontseiluko bokalak:
a) Hamar kide, kargu publikodunak edo zuzendaritzakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio autonomikoaren eta foru- eta toki-administrazioen ordezkari gisa, honela banatuta:
a.– Lau kide, sailburuorde edo zuzendari kargudunak, une bakoitzean gai hauetan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako sailen ordezkari aritzeko:
i) Hiri-agenda.
ii) Aniztasuna eta elkarbizitza.
iii) Justizia eta Giza Eskubideak.
iv) Hezkuntza.
b.– Hiru kide, hiru foru-aldundien ordezkari aritzeko; lurralde historiko bakoitzeko bat.
c.– Hiru kide, Euskal Autonomia Erkidegoko udalen ordezkari aritzeko.
b) Gehienez ere hamar kide, elizen, konfesioen eta erlijio-komunitateen edo haien federazioen ordezkari gisa, baldin eta IV. kapituluan aurreikusitako betekizunak betetzen badituzte.
c) Gutxienez bi kide, elkarbizitzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun aitortua eta interes kualifikatua duten entitateen edo pertsonen ordezkari aritzeko.
d) Horrez gainera, Osoko Bilkurak landuko duen gaian aditu direnei bilkurara deitu ahal izango zaie, baldin eta lehendakariak hala irizten diolako edo Osoko Bilkuraren gehiengoak hala proposatu duelako egokitzat jotzen bada; aditu horiek hitza izango dute, baina botorik ez, eta informazioa edo aholkularitza emateko soilik bertaratu ahal izango dira.
2.– EAEko administrazio publikoetako bokalen izendapena idatziz jakinaraziko zaio idazkariari. Honela izendatuko dira:
a) Eusko Jaurlaritzako sailak ordezkatuko dituzten bokalak beren sailburuek izendatuko dituzte.
b) Foru-aldundiak ordezkatuko dituzten bokalak dagozkien instituzioen funtzionamendu-arauei jarraikiz izendatuko dira.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko udalak ordezkatuko dituzten bokalak Euskal Autonomia Erkidegoan gehiengoa duen Euskadiko udalen elkarteak izendatuko ditu.
3.– Elizen, konfesioen, erlijio-komunitateen edo haien federazioen eta elkarbizitzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun aitortua eta interes kualifikatua duten pertsonen eta erakundeen ordezkariak izendatzeko, IV. kapituluan aurreikusitakoa beteko da, eta idatziz jakinaraziko zaio idazkariari.
4.– Euskadiko Erlijioen Kontseiluko bokalei zera dagokie:
a) Osoko Bilkuraren, Batzorde Iraunkorraren edo hala badagokio lan-batzordeen bilkuretarako deialdia gutxienez 48 ordu lehenago jasotzea, gai-zerrendarekin eta bertan azaltzen diren gaiei buruzko informazioarekin batera.
b) Osoko Bilkuraren, Batzorde Iraunkorraren edo lan-batzordeen bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.
c) Botoa emateko eskubidea baliatzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren esanahia eta hori justifikatzen duten arrazoiak adieraztea ere, bai Osoko Bilkurari dagokionez, bai esku hartzen duten batzorde iraunkorrei edo lan-batzordeei dagokienez.
d) Batzorde Iraunkorreko kideak izendatzea.
e) Zein lan-batzordetarako izendatu dituzten, horko kide izatea.
f) Galderak eta eskaerak egitea.
g) Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren ezohiko bilerak eskatzea.
h) Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren eskumeneko gaiei buruzko proposamenak aurkeztea lehendakariari, Osoko Bilkurari edo Batzorde Iraunkorrari.
i) Bokal izateak berez dakartzan gainerako eginkizun guztiak betetzea.
5.– Bokal-karguaren iraupena lau urtekoa izango da, salbu eta elizek edo erlijio-konfesioek eta -elkarteek edo haien federazioek eta elkarbizitzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun aitortua eta interes kualifikatua duten pertsonek eta erakundeek karguari berariaz uko egiten badiote edo hura errebokatzen badute; agintaldiaren amaieran bokalak berrauta daitezke, izendapen-prozedura berari jarraituz. Nolanahi ere, bokalek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute, harik eta haien ordezkoak karguaz jabetu arte.
Era berean, autonomia-, foru- eta toki-administrazioen ordezkari gisa izendatutako bokalek haietako bakoitzaren legealdiaren edo agintaldiaren indarraldiari dagokion denbora-tartean beteko dute kargua. Aldi hori amaitzen denean, berriz berretsi ahal izango da bokala, 8.2 apartatuan ezarritako prozeduraren arabera.
6.– Hasieran izendatutako bokalek karguari berariaz uko eginez gero edo hura errebokatuz gero, ordezko izendatutako pertsonek ordezkatuko dituzte, agintaldia agortzeko geratzen den denboran. Dimisioak edo errebokatzeak hasieran ordezko izendatu zirenei eragiten badie, beste bokal bat izendatuko da, agintaldia amaitzeko geratzen den aldirako, artikulu honen 3.b apartatuan adierazitako irizpide berberei jarraituz.
8. artikulua.– Ordezkapenak.
1.– Osoko Bilkuran eta batzordeetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Autonomikoa, Foru Administrazioa eta Toki Administrazioa ordezkatuko dituzten pertsonekin batera, bai eta eliza, erlijio-konfesio eta -elkarte edo haien federazioen ordezkariekin batera, eta elkarbizitzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun aitortua eta interes kualifikatua duten pertsona eta erakundeak ordezkatuko dituzten pertsonekin batera ere, ordezkoak izendatuko dira, haiek ez daudenean haien eginkizunak betetzeko.
2.– Euskadiko Erlijioen Kontseiluan dagoen instituzio, eliza, erlijio-konfesio edo haien federazio eta elkarbizitzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun aitortua eta interes kualifikatua duten pertsona eta erakunde orok nork bere titularrak eta ordezkoak proposatu behar ditu, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren irizpideari jarraituz.
9. artikulua.– Idazkaria.
1.– Euskadiko Erlijioen Kontseiluko idazkaria erlijio-aniztasunaren arloan eskumena duen zuzendaritzako funtzionario bat izango da; funtzionario horren zuzendariak egingo du izendapena.
2.– Hauek dira Euskadiko Erlijioen Kontseiluko idazkariaren eskudantziak:
a) Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren bilkuretara joatea; hitza izango du, baina botorik ez.
b) Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren aktak idaztea eta baimentzea.
c) Euskadiko Erlijioen Kontseiluko bokalak eta haien ordezkoak izendatzen direla ziurtatzea.
d) Bokalen izendapenak, uko-egiteak edo errebokatzeak, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak eta ezagutu behar duen beste edozein idazki jasotzea.
e) Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, organo horren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedurak eta erregelak errespeta daitezela bermatzea.
f) Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren funtzionamendu-erregelamendua eta haren aldaketak proposatzea Osoko Bilkurari.
g) Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren Osoko Bilkuran eta Batzorde Iraunkorrean egindako kontsulten, emandako irizpenen eta hartutako erabakien ziurtagiriak egitea.
h) Lehendakariaren aginduz Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren osoko bilkuretarako eta batzorde iraunkorrerako deialdia egitea, eta kideentzako zitazioak egitea.
i) Urteko kudeaketa-memoria bat idaztea eta horren kontu ematea publikoki, Eusko Jaurlaritzaren Gardena gardentasun-atariaren bidez.
j) Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren funtzionamenduak eragindako gastuak eta dietak ordain daitezela proposatzea.
k) Idazkari-karguak berez dakartzan gainerako eginkizunak betetzea.
3.– Idazkari-kargua hutsik badago edo titularra absente edo gaixorik badago, haren sail berari atxikitako funtzionario batek ordeztuko du.
4.– Erlijio-aniztasunaren arloko zuzendaritza eskudunak idazkari tekniko bat izendatu ahal izango du; pertsona horrek Euskadiko Erlijioen Kontseiluak behar bezala funtzionatzeko behar duen laguntza administratiboa, materiala eta pertsonala emango du.
10. artikulua.– Idazkaritza Teknikoa.
Euskadiko Erlijioen Kontseiluko lehendakariak proposatuta, idazkaritza tekniko bat eratu ahal izango da. Idazkaritza tekniko hori erlijio-aniztasunaren arloan eskumena duen zuzendaritzak izendatuko du eta, hala badagokio, zuzendaritza horren mende egongo da. Idazkaritza horren eginkizun nagusia Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren Osoko Bilkuraren, Batzorde Iraunkorraren eta lan-batzordeen zeregin administratiboak eta lanak erraztea izango da.
III. KAPITULUA
EUSKADIKO ERLIJIOEN KONTSEILUAREN ANTOLAMENDUA ETA FUNTZIONAMENDUA
11. artikulua.– Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren funtzionamendu orokorra.
1.– Euskadiko Erlijioen Kontseiluak Osoko Bilkura eta lan-batzordeak eta batzorde iraunkorra izango ditu jarduteko.
2.– Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren jakinarazpen eta komunikazio administratiboek eta bileretan erabilitako hizkuntzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritako xedapenak errespetatu eta aplikatuko dituzte.
LEHENENGO ATALA
EUSKADIKO ERLIJIOEN KONTSEILUAREN OSOKO BILKURA
12. artikulua.– Osoko Bilkuraren eginkizunak.
Osoko Bilkurak eginkizun hauek ditu:
1.– Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren jardun-ildo nagusiak ezartzea.
2.– Lan-batzordeen eraketa onartzea, eta haien iraupena, osaera eta eginkizunak zehaztea.
3.– Batzorde Iraunkorrak eta lan-batzordeek Osoko Bilkurari helarazten dizkioten proposamenak aztertu eta onartzea.
4.– Idazkariak proposatuta, Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren funtzionamendu-erregelamendua onartzea.
5.– Dekretu honek –edo, hala badagokio, indarrean dagoen araudiak– Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren xedea kontuan hartuta esleitzen dion beste edozein eginkizun.
13. artikulua.– Funtzionamendua.
1.– Kontseiluak urtean bi ohiko osoko bilkura egingo ditu gutxienez. Lehendakariak egingo ditu ohiko bilkura horietarako deialdiak, eta ezohiko bilkuretara ere dei dezake, justifikatuta dagoela uste badu edo hala eskatzen badute Osoko Bilkurako kideen herenek.
2.– Gutxienez hamabost egun lehenago egin beharko dira osoko bilkurarako deialdiak, eta bilera non, noiz eta zer ordutan egingo den eta gai-zerrenda zein den adierazi beharko da deialdiaren idazkian. Osoko bilkurarako deialdia premiazko arrazoiak direla-eta egin behar denean, zazpi egunera murriztu ahal izango da epea.
3.– Idazkariak gutxienez zazpi egun lehenago bidaliko die bokalei osoko bilkuran aztertu behar diren gaiak behar bezala garatzeko behar duten dokumentazioa.
4.– Osoko Bilkura balio osoz eratzeko quoruma kideen gehiengo osoa izango da, lehenengo deialdian. Quoruma nahikoa ez bada, bigarren deialdian eratuko da Osoko Bilkura; dena dela, erabakiak balio osoz hartzeko, nahitaezkoa izango da kideen herena bertan izatea. Nolanahi ere, lehendakaria eta idazkaria bertaratzea nahitaezkoa da Osoko Bilkura balio osoz eratzeko.
5.– Osoko Bilkurak gai-zerrendako gaiak eztabaidatuko ditu. Erabakiak botoen gehiengoarekin hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren botoak erabakiko du.
BIGARREN ATALA
EUSKADIKO ERLIJIOEN KONTSEILUAREN BATZORDE IRAUNKORRA
14. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren osaera.
1.– Batzorde Iraunkorrak kide hauek izango ditu:
a) Euskadiko Erlijioen Kontseiluko lehendakariordea; batzordeburua izango da, eta c), d) eta e) ataletako kideak izendatuko ditu.
b) Idazkaria.
c) Elizen, erlijio-konfesio eta -elkarteen edo haien federazioen bi bokal ordezkari, lan-batzordeetako buru direnak, edo, halakorik ezean, elizen, erlijio-konfesioen eta -elkarteen bokal ordezkarien artetik aukeratu direnak.
d) Kide edo ordezkari bat, elkarbizitzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan interes kualifikatua duten entitateen ordezkari aritzeko.
e) Hiru kide, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio autonomikoaren, foru-administrazioaren edo toki-administrazioaren ordezkari.
2.– Gai-zerrendan sartutako gaiak direla-eta komenigarria denean, lehendakariordeak edo Batzorde Iraunkorraren gehiengoak proposatuta, adituak deitu ahal izango dira Batzorde Iraunkorraren bileretara, baldin eta gai jakin bati buruzko informazio garrantzitsua eman badezakete; adituek hitza izango dute, baina botorik ez.
15. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren eginkizunak.
1.– Batzorde Iraunkorra organo delegatua da, eta haren funtzionamendu-araubidea Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren funtzionamendu-erregelamenduaren bidez arautuko da.
2.– Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek izango ditu:
a) Lantaldeen azterlanak eta txostenak eta beharrezkotzat jotzen dituen erabaki-proposamenak Osoko Bilkurari aurkeztea, haien gainean zer iritzi duen azalduta.
b) Lehendakariordeak premiazkoak direla-eta aurkezten dizkion gaiez arduratzea, hargatik eragotzi gabe ondoren Osoko Bilkurari haien berri ematea.
c) Lan-batzordeen lana bultzatzea.
d) Osoko Bilkurari lan-batzorde berriak sortzeko proposatzea.
e) Osoko Bilkurari lan-batzordeen lanen, proposamenen eta osaera eguneratuen berri ematea.
f) Osoko Bilkurak ematen dizkion eginkizun guztiak betetzea.
16. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren funtzionamendua.
1.– Batzorde Iraunkorra batzordeburuak beharrezkotzat jotzen duen guztietan bilduko da, ekimen propioz edo kideen erdiek hala eskatzen dutenean.
2.– Gutxienez zazpi egun lehenago egin beharko dira Batzorde Iraunkorra biltzeko deialdiak, eta bilera non, noiz eta zer ordutan egingo den eta gai-zerrenda zein den adierazi beharko da deialdiaren idazkian. Batzorde Iraunkorrerako deialdia premiazko arrazoiak direla-eta egin behar denean, bi egunera murriztu ahal izango da epea.
3.– Idazkariak gutxienez zazpi egun lehenago bidaliko die bokalei Batzorde Iraunkorrean aztertu behar diren gaiak behar bezala garatzeko behar duten dokumentazioa.
4.– Batzorde Iraunkorra balio osoz eratzeko quoruma kideen gehiengo osoa izango da, lehenengo deialdian. Quoruma nahikoa ez bada, bigarren deialdian eratuko da Osoko Bilkura; dena dela, erabakiak balio osoz hartzeko, nahitaezkoa izango da kideen herena bertan izatea. Nolanahi ere, lehendakaria eta idazkaria bertaratzea nahitaezkoa da Batzorde Iraunkorra balio osoz eratzeko.
HIRUGARREN ATALA
EUSKADIKO ERLIJIOEN KONTSEILUAREN LAN-BATZORDEAK
17. artikulua.– Lan-batzordeen osaera eta funtzionamendua.
1.– Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren Osoko Bilkurak lan-batzorde espezializatuak sortu ahal izango ditu, aldi baterakoak edo iraunkorrak, bere eginkizunak betetzeko beharrezkoak direla irizten badio.
2.– Lan-batzordeak Osoko Bilkurako 6 kidek osatuko dituzte; horietatik hiru pertsona eliza, erlijio-konfesio eta -elkarteetako edo haien federazioetako eta elkarbizitzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun aitortua eta interes kualifikatua duten pertsonen eta erakundeen ordezkariak izango dira, eta beste hirurak, berriz, Euskadiko Erlijioen Kontseiluan dauden administrazio publikoetako ordezkariak.
3.– Lan-batzordeen bilkuretara gonbidatu gisa joan ahal izango dira aztergai diren gaietan adituak diren pertsonak, batzordeburuak edo kideen erdiek hala proposatuta; adituek hitza izango dute, baina botorik ez.
4.– Lan-batzorde bakoitzak batzordeburu bat izendatuko du bere kideen artetik, eta pertsona horrek Batzorde Iraunkorraren bileretan ere parte hartu beharko du.
5.– Lan-batzordeek gehiengoz hartuko dituzte erabakiak. Lan-batzordeko lehendakariak bere botoaren bidez ebatzi ahal izango du bozketa, berdinketarik bada. Batzordeburuak edo kideen heren batek deitu ahal izango du bilkuretara, eta balio osoz eratuta geratuko dira kideen erdiak bertaratzen badira.
6.– Lan-batzordeen eginkizunak izango dira Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren Osoko Bilkurak edo haren funtzionamendu-erregelamenduak esleitutako guztiak. Edonola ere, nor bere eremuaren barruan arduratuko da osoko bilkuran aurkeztu behar diren proposamenak prestatzeaz.
IV. KAPITULUA
ELIZEN, ERLIJIO-KONFESIOEN ETA ELKARTEEN EDO HAIEN FEDERAZIOEN ORDEZKARIAK ETA ELKARBIZITZAREN ETA ERLIJIO-ANIZTASUNAREN ARLOAN GAITASUN AITORTUA ETA INTERES KUALIFIKATUA DUTEN PERTSONEN ETA ERAKUNDEEN ORDEZKARIAK IZENDATZEKO PROZESUA
18. artikulua.– Parte hartzeko prozesua hastea.
1.– Eliza, erlijio-konfesio eta -elkarteetako edo haien federazioetako eta elkarbizitzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun aitortua eta interes kualifikatua duten pertsonen eta erakundeen ordezkariak izendatzeko prozesua antolatzeko xedez eta horretarako bakarrik, lau urtean behin eskabideak aurkezteko epe bat irekiko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, eta 15 egun balioduneko epea emango da horretarako.
Eskabidean, batzordekide titular eta ordezko gisa izendatzen diren pertsonak identifikatuko dira, 18. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
2.– Eliza, erlijio-konfesio eta -elkarte edo horien federazioen eta elkarbizitzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun eta interes kualifikatua duten pertsona eta erakundeen parte hartzeko eskabideek sortzen duten informazioak datuak babesteari buruzko legeria errespetatuko du.
19. artikulua.– Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Entitate eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte, Euskadiko Erlijioen Kontseiluan parte hartzeko eskaera aurkezteko:
a) Estatuko Erakunde Erlijiosoen Erregistroan inskribatuta egotea.
b) Erakunde erregistratuek Euskal Autonomia Erkidegoan aitortutako kultu-egoitza edo -zentro bat izatea gutxienez.
20. artikulua.– Ordezkariak izendatzeko prozesua.
1.– Estatuarekin lankidetza-akordioak dituzten edo eta EAEko gizartean nabarmen errotuta dauden eliza, erlijio-konfesio edo -elkarteen edo haien federazioen ordezkariek Euskadiko Erlijioen Kontseiluan parte hartzeko eskaera aurkeztu beharko dute; eskaera horretan, Estatuan hura ordezkatzen duen organoaren abala izanik, Euskadiko Erlijioen Kontseiluan ofizialki haien ordezkari arituko diren kideak izendatu behar dituzte, titularrak zein ordezkoak.
Euskadiko Erlijioen Kontseiluan ordezkaritza eskatu nahi duten gainerako eliza, erlijio-konfesio edo -elkarteek edo haien federazioek parte hartzeko eskaera aurkeztu behar dute, eta hautagai titularrak eta ordezkoak izendatu.
2.– Elkarbizitzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun aitortua eta interes kualifikatua duten pertsonek edo entitateek Euskadiko Erlijioen Kontseiluan ordezkaritza eskatu nahi badute, parte hartzeko eskaera aurkeztu behar dute, eta hautagai titularrak eta ordezkoak izendatu.
3.– Epe hori amaituta eta hautagaitza guztiei eskatzen zaizkien baldintzak betetzen direla egiaztatuta, erlijio-aniztasunaren zuzendariak banaketa-irizpide ekitatibo baten arabera egingo ditu izendapenak. Parte hartzea eskatu dutenen artetik, Estatuarekin lankidetza-akordioak dituzten edo nabarmen errotuta dauden elizen, erlijio-konfesioen edo -elkarteen eta haien federazioen ordezkariei dagozkien bokaletatik hasiko da.
Banaketa ekitatiboaren irizpide beraren arabera, elkarbizitzaren eta erlijio-aniztasunaren arloan gaitasun aitortua eta interes kualifikatua duten pertsonak eta erakundeak izendatuko ditu erlijio-aniztasunaren zuzendariak.
V. KAPITULUA
DIETAK ETA GASTUAK
21. artikulua.– Dietak eta gastuak.
1.– Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren funtzionamendu-gastuak erlijio-aniztasunaren arloan eskumena duen sailaren aurrekontu-kredituen kontura ordainduko dira.
2.– Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren bilkuretara joateak eskubidea emango die 8. artikuluaren 1 apartatuko b), c) eta hala badagokio d) letretan aurreikusitako pertsonei, dieta gisa, erabakitzen diren zenbatekoak jasotzeko; edonola ere, beti bete beharko dira Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretua eta indarrean dagoen gainerako araudia.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Bitarteko elektronikoak eta digitalizazio-prozesuak sartzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea betetzeko, Euskadiko Erlijioen Kontseiluak bitarteko elektronikoen erabilera sustatuko du, batez ere batzordeko bokalen komunikazioari, informazioari eta dokumentazioari dagokienez, ezarritako prozedura elektronikoak erabilita.
Halaber, kide anitzeko organoa denez gero, Euskadiko Erlijioen Kontseiluak bete egin beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Administrazio Instituzionaleko kide anitzeko organoentzako jarduketa-planean ezarritakoa, bereziki lan-prozesuak digitalizatzeari buruz xedatzen duena.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Eratzeko epea.
Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren Osoko Bilkura dekretu hau indarrean jarri eta sei hilabete igaro baino lehen eratu behar da lehenengo aldiz.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko maiatzaren 26an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS