
115. zk., 2026ko ekainaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (216 KB - 17 orri.)
- EPUB (524 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2708
85/2026 DEKRETUA, ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetan hondakinen balorizazio energetikotik eratorritako zepak balorizatzeko jarduerei buruzkoa, ondoren bigarren mailako agregakin gisa erabiltzeko.
Hondakinen balorizazio energetikotik eratorritako zepak lehentasunezko hondakin-korrontetzat hartzen dira Europa mailan, haien sorrera-bolumen handiaren ondorioz eta hondakin horiek dituzten baliabideen balorizazio-potentziala kontuan hartuta.
Hondakinen gaineko Europako estrategiaren esparruan, «Baliabideak eraginkortasunez erabiltzen dituen Europa bat» lortzeko bideari ekitea da xede nagusietako bat. Esparru horretan txertatzen da «ekonomia zirkularra» kontzeptua, eta erauzketan, fabrikazioan, erabileran eta deuseztapenean oinarrituta dagoen egungo ekonomia lineala gizarte-eredu zirkular berri batera aldatzea du helburu, materialen stockak eta fluxuak, energia eta hondakinak erabili eta optimizatzeko, baliabideen erabileran efizientzia lortzea xede.
Euskal Autonomia Erkidegoko hondakinei buruzko egungo politika Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Planean zehazten da. Plan horrek lehentasuna ematen dio hondakinak berrerabiltzea, birziklatzea eta balorizatzea sustatzeari. Helburua da % 30 murriztea hondakinak sortzeagatiko tasa, hiri-hondakinen gaikako bilketa % 85era arte areagotzea, hondakin ez-arriskutsuen % 85 berrerabiltzea eta, hala, bigarren mailako material bilakatzea, eta % 15 baino gutxiagora murriztea hondakindegietako deuseztapena.
Hondakinen balorizazio energetikotik eratorritako zepen hondakinak hondakin ez-arriskutsuen hamar korronteen artean daude. Korronte horiek, balorizatuz gero, 2030erako Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren helburura produktu berreskuratuen masa handiagoa ekarriko lukete.
Horregatik guztiagatik, Euskadiko 2030erako Ekonomia Zirkularraren Estrategiarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Planarekin bat etorriz, eta azken urteotako garapen teknologikoa kontuan hartuta, hainbat azterlan egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetatik datozen zepa horien erabilera ebaluatzeko, eraikuntzaren eta zementuaren sektoreko erabileretan. Halaber, erabilera horietako ingurumen-arriskuaren ebaluazioak ere egin dira. Lortutako emaitzek, gaiaren gaineko nazioarteko esperientziarekin batera, agerian utzi dute egokia dela zepak erabiltzea aipatutako erabileretan. Gainera, egiaztatu da erabilera horrekin murriztu egiten direla ordezkatzen dituzten lehengaiak erauztearen eta prozesatzearen ondoriozko ingurumen-inpaktuak, bai eta hondakindegian biltegiratuz deuseztatzearen ondoriozkoak ere.
Premisa horien arabera, dekretu honek zepa horiek balorizatzeko jardunak arautzen ditu, eta zepa horiek bigarren mailako agregakin bihurtu ondoren zer erabileretarako diren egokiak ezartzen du, aipatutako erabilera bakoitzerako betekizun teknikoez gain. Betekizun teknikoak ingurumenaren ikuspuntua bakarrik kontuan hartuz ezartzen direnez, balorizatutako zepen azken erabilerak bete egin behar ditu eraikuntzaren alorreko betekizun teknikoak eta proposatutako azken erabileraren arabera aplikatu beharreko beste guztiak.
Hondakinen balorizazio energetikorako Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetatik datozen zepen balorizaziotik eratorritako bigarren mailako agregakinak, dekretu honetan aurreikusitako erabileretara bideratuz gero, hondakin-izaera galduko dute, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 5. artikuluan adierazitakoari kalterik egin gabe, zepak balorizatzen dituen pertsonak dekretu honetan ezarritako adostasun-adierazpena igortzen duenean.
Aipatzeko modukoa da dekretu honek lagunduko duela Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan ezarritakoa betetzen; hau da, obra-kontratuak gauzatzeko administrazio-klausulen eta preskripzio tekniko partikularren agirietan azaldu beharreko bigarren mailako materiaren erabileraren gutxieneko ehunekoari buruzko helburura iristen.
Azken xedapenetako lehenengoak Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen azken xedapenetako zortzigarrenean xedatutakoa aplikatuz (xedapen horrek ahalmena ematen dio Gobernu Kontseiluari lege horren eranskinak dekretu bidez aldatu ahal izateko), haren II. eranskina aldatzen da.
Gainerako azken xedapenek gai hauek arautzen dituzte, besteak beste: hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 6. artikulua aldatzea, dauden instalazioak egokitzea, zehapen-araubidea, horiek garatzeko gaikuntza eta araua indarrean sartzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluak ezartzen du administrazio publikoek honako printzipio hauen arabera jokatu behar dutela legegintza-ekimena eta erregelamenduak egiteko ahala baliatzean: premia, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Dekretu honek printzipio horiek betetzen ditu.
Gainera, xedapen hori Merkatu Batasuna Bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legean aurreikusitako prozeduraren mende jarri da, eta Merkatu Batasunerako Kontseiluaren Idazkaritzak prestatutako plataforman argitaratu da, gainerako administrazio publikoek berrikusteko. Dekretuak ez ditu beharrezkoak ez diren administrazio-kargak aurreikusten, lortu nahi diren helburuak lortzeko karga egokiak baizik.
Arau honen testua bi testutan xedatutako prozedurari jarraikiz sortu da: batetik, informazioaren gizarteko zerbitzuei buruzko arau eta erregelamendu teknikoen berri emateko prozedura abian jartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko irailaren 9ko 2015/1535/EE Zuzentarauari jarraikiz, eta, bestetik, informazioaren gizartearen zerbitzuei buruzko arau eta erregelamendu teknikoen arloko informazioa bidali beharra arautzen duen uztailaren 31ko 1337/1999 Errege Dekretuari jarraikiz. Halaber, araudian ezarritakoaren arabera, hiru hilabeteko etendura bete da.
Ondoren, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak hala proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 2ko bilkuran hala eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
Dekretu honen xedea da irizpideak ezartzea zehazteko hondakinen balorizazio energetikorako Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetatik datozen zepak noiz uzten dioten hondakin izateari, gero bigarren mailako agregakin gisa erabil daitezen Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoari jarraituz.
2. artikulua.– Definizioak.
Dekretu honen ondorioetarako, eta Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritako definizioei kalterik egin gabe, definizio hauek ematen dira:
a) Aglutinatutako aplikazioak: edozein konglomeratzailerekin nahastutako material granularrak erabiltzea. Nahaste horrek kohesioa ematen dio aplikazioari agregakinak matrize inorganiko batean kapsularatuz. Horrela, giroarekiko esposizioa eta osagaien hedapena hutsa edo hutsala dela esango dugu.
b) Aglutinatu gabeko aplikazioak: material granularrak erabiltzea askotariko hiri-lanetan, hainbat geruzatan trinkotuz, konglomeratzailerik gehitu gabe.
c) Bigarren mailako agregakina: Hondakinen balorizazio energetikorako Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetatik datozen zepen baloraziotik sortutako materiala, dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituena.
d) Hondakinen balorizazio energetikotik eratorritako zepak: Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetako hondakinen balorizazio energetikotik eratorritako labearen hondoan lortutako material ez-erregaiaren frakzio granularra.
e) Ur-masa: lurrazaleko edo lurpeko uren, ur kontinentalen, trantsizioko uren edo itsasertzeko uren zati edo bolumen oro, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko urriaren 23ko 2000/60/EE Zuzentarauan jasotako definizioen arabera. Zuzentarau horrek uren politikaren eremuan jarduteko esparru komunitarioa ezartzen du.
f) Bigarren mailako agregakinaren erabiltzailea: bigarren mailako agregakina dekretu honetan baimendutako erabileretarako erabiltzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa.
g) Zepen balorizatzailea: Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetatik datozen zepak dekretu honetan ezarritako baldintzetan hondakinen balorizazio energetikorako tratatzen dituen pertsona fisiko edo juridiko baimendua, bigarren mailako agregakina lortzen duena eta lehen aldiz erabiltzaile bati hondakin izateari utzi dion material gisa transferitzen diona, dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen direnean.
h) Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetatik datozen zepen balorizazioa, hondakinen balorizazio energetikorako: zepetan dauden baliabideak aprobetxatzeko, eta, zehazki, zepetatik bigarren mailako agregakinak lortzeko aukera ematen duen prozedura oro, giza osasuna arriskuan jarri gabe eta ingurumena kaltetu dezaketen metodo edo prozedurarik gabe.
3. artikulua.– Zepak balorizatzeko jarduerak egiten dituzten instalazioen baimenak.
1.– Hondakinen balorizazio energetikotik eratorritako zepak balorizatzeko jarduerak garatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren aurretiazko baimena beharko da.
2.– Baimena jardun baterako edo gehiagorako eman ahal izango da, jarduerari aplikatu beharreko beste edozein arauditan xedatzen diren baimen edo lizentziei kalterik egin gabe.
3.– Baimena emateko baldintzak, instalazioaren betekizunak eta hondakinen balorizazio energetikotik eratorritako zepak balorizatzeko jardunaren oinarrizko ekintzak I. eranskineko 1. eta 2. apartatuetan deskribatutakoak izango dira, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean edo, hala badagokio, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoez gain.
4.– Baimen-eskaeren edukiak 3. artikuluan aurreikusitakoa betetzen dela deskribatu eta egiaztatu beharko du.
4. artikulua.– Hondakinaren izaeraren amaiera ezartzeko irizpideak.
Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 5.3 artikuluan adierazitakoa eragotzi (alde batera utzi) gabe, hondakinen balorizazio energetikorako Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetatik datozen zepak balorizatzetik datozen bigarren mailako agregakinek, dekretu honetan aurreikusitako erabileretara bideratzen direnek, hondakin-izaera edukitzeari utzi ahal izango diote 4. artikuluan arautzen den baimenak baldintza hauek ezartzen dituenean:
a) Balorizatu beharreko zepak I. eranskineko 1. apartatuko irizpideak betetzen dituztenak baino ez izatea.
b) Zepak I. eranskineko 2. apartatuan ezarritako irizpideen arabera tratatuak izatea.
c) Balorizazio-prozesuaren ondoren lortutako bigarren mailako agregakinak 6. artikuluan eta II. eranskinean ezarritako erabilera eta baldintzatzaileetarako baino ez izatea.
d) Bigarren mailako agregakinek betetzea Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenek ezarritakoa; batez ere honako hauek ezarritakoa: 2024ko apirilaren 11ko, hondakinak lekualdatzeari buruzko Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024/1157 (EB) Erregelamenduaren 29. eta 61.2 eta 61.3 artikuluak 1257/2013 (EB) Erregelamendua eta 2020/1056 (EB) Erregelamendua aldatzen dituena.
e) Zepen balorizatzaileak 8. artikuluan ezarrita dagoenarekin bat datorren kudeaketa-sistema edukitzea.
f) Zepen balorizatzaileak bidalketa bakoitzerako adostasun-adierazpen bat egitea, 7. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
5. artikulua.– Zepen balorizatzaileen betebeharrak, hondakin-izaera edukitzeari uzteko baimena emateko.
Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan jasotako betebeharrei kalterik egin gabe, zepak balorizatzen dituzten pertsonek honako hauek egin beharko dituzte:
a) 3. artikuluan ezarritako baldintza bakoitza betetzen dela egiaztatzea.
b) Artxibo kronologiko eguneratua edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren eskura, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz,. Artxibo horretan honako informazio hau jasoko da:
– Balorizatu beharreko zepen kopurua eta jatorria.
– Zepa horien lote-zenbakia.
– Lote horri emandako tratamendua eta intzidentzia posibleak.
– Bigarren mailako agregakinen lote-zenbakia.
– II. eranskinean aurreikusitako laginketen eta analisien emaitzak.
– Lotearen irteera-data.
– Produktuaren erabiltzailearen identifikazioa, erabilera espezifikoa, destinora bideratzen den kopurua eta bidalketa bakoitzari lotutako adostasun-adierazpenen erreferentzia-zenbakia.
– Tratamenduan sortutako hondakin-kopurua, hondakin-izaera galtzeko ezarritako baldintzak betetzen ez dituena, eta destinoa.
c) Informazioa ematea azken erabiltzaileari Dekretu honetan jasotzen diren bigarren mailako agregakinaren ingurumen-ezaugarriei buruz, horien arabera izan ditzaketen erabilerei buruz eta erabilera horietan ezartzen diren mugei buruz, adostasun-adierazpenaren bidez.
6. artikulua.– Bigarren mailako agregakinen erabilerak.
1.– Hondakinen balorizazio energetikorako Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetatik datozen zepen balorizaziotik datozen bigarren mailako agregakinak II. eranskinean jasotako erabileretara bideratu ahal izango dira, erabilera bakoitzerako eskatzen diren baldintzen arabera. Erabilera horiek honela sailkatzen dira:
– Eraikuntzako produktuak egiteko lehengaien erabilera.
– Agregakinen erabilera aglutinatutako aplikazioetan.
– Agregakinen erabilera aglutinatu gabeko aplikazioetan.
2.– Bigarren mailako agregakinak aglutinatu gabeko aplikazioetan erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira, oro har:
a) Ez dira erabiliko Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legean ezarritakoaren arabera natura-ondareko gune babestutzat jotzen diren eremuetan.
b) Ez dira material granular gisa erabiliko aplikazio drainatzaileetan edo urak har ditzakeen eremuetan, 10 urteko errepikatze-denborei dagozkienak.
c) Ez dira erabiliko estaldurarik gabeko aplikazioetan, hala nola basoko pistetan, asfaltatu edo hormigoiz estali gabeko landa-bideetan, edo trenbideetako balastoetan.
d) Ez dira erabiliko ur-masetatik 30 metro baino gutxiagora eta ur-hornidurako putzuen babes-perimetroetan.
e) Ez dira erabiliko azaleratze karstikoko eremuetan.
f) Ez dira erabiliko aurrekargako obretan.
3.– Bigarren mailako agregakinek artikulu honen lehen apartatuan aurreikusitako erabilerak bakarrik izan ditzakete, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren berariazko baimena duten kasuetan salbu. Baimen hori salbuespenezko egoeretan bakarrik eman ahal izango da, erakunde interesdunak proposatutako erabileraren egokitasuna frogatu eta eskari egokia egin ondoren. Egokitasun hori aurreikusitako erabilerarako arriskuen analisi batean oinarrituko da, dekretu honetako V. eranskinean ezarritakoaren arabera.
4.– Bigarren mailako agregakinen erabilera errazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak jarraibide edo gida teknikoak argitaratu ahal izango ditu, besteak beste, dekretu honen edo bere erregelamendu-garapenen arabera erabiltzeko onartutzat jotzen diren egoerak xehetasunez deskribatzeko.
7. artikulua.– Adostasun-adierazpena.
1.– Zepen balorizatzaileak adostasun-adierazpen bat egingo du bigarren mailako agregakinen bidalketa bakoitzerako, dekretu honetako VI. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.
2.– Adostasun-adierazpena bigarren mailako agregakinaren bidalketa jasotzen duen hurrengoari transmitituko zaio.
3.– Zepen balorizatzaileak eta bigarren mailako agregakinak jasotzen dituzten ondorengoek adostasun-adierazpenaren kopia bat gordeko dute gutxienez bost urtez, ematen den datatik aurrera, eta agintari eskudunen esku jarriko dute eskatzen zaienean.
4.– Adostasun-adierazpena edozein modutan eman daiteke; hau da, paperean edo formatu elektronikoan, betiere haren benetakotasuna, edukiaren osotasuna eta irakurgarritasuna berma baldin badaitezke adierazpena ematen den egunetik hasi eta gorde beharreko aldi guztian.
5.– Bidalketa bakoitzaren garraioan, adostasun-adierazpenak ere egon beharko du. Bidalketa hainbat garraio-unitatetan egiten bada, bakoitzak adostasun-adierazpenaren kopia bat eduki beharko du.
8. artikulua.– Kudeaketa-sistema.
1.– Zepen balorizatzaileak kudeaketa-sistema ziurtatu bat ezarriko du, 3. artikuluan adierazitako irizpideak betetzen direla egiaztatzeko.
2.– Kudeaketa-sistemak prozedura dokumentatu batzuk izango ditu, honako alderdi hauei buruzkoak:
a) Tratatu diren hondakin erabilien onarpenaren kontrola, I. eranskineko 1. apartatuan ezartzen den bezala.
b) I. eranskineko 2. apartatuan deskribatutako tratamendu-prozesuaren eta -betekizunen gainbegiratzea.
c) II. eranskinean jasotako baldintzatzaileen betearazpenaren gaineko kontrola, bigarren mailako agregakinen mota bakoitzaren destinoaren arabera.
d) Erabiltzaileek baldintzatzaileen betearazpenari buruz egindako oharrak, tratatutako zepa-mota eta ekoitzitako bigarren mailako agregakin bakoitzaren destinoaren arabera.
e) a)tik c)ra bitarteko letren arabera egindako kontrolen emaitzen erregistroa.
f) Kudeaketa-sistemaren berrikuspena eta hobekuntza.
g) Langileen prestakuntza.
h) Prozesuaren tresneria- eta kontrol-betekizun espezifikoak.
3.– Kudeaketa-sistemak barne hartu beharko ditu tratamenduaren ondoriozko bigarren mailako agregakinetarako laginketa-diseinuaren metodologia eta laginak hartzeko prozesua, UNE-EN 932-1:1997 eta UNE-EN 932-2:1999 arauen arabera, indarrean den bertsio eguneratuenean, eta dekretu honetako IV. eranskinean ezarritako jarraibideen arabera.
4.– I. eranskineko 2. apartatuan aipatutako tratamenduren bat zepen kudeatzailea ez den beste hondakin-kudeatzaile baten kontura egiten denean, lehenengoak ziurtatu beharko du hondakin-kudeatzaileak ezartzen duela artikulu honetako baldintzak betetzea bermatzen duen kudeaketa-sistema bat.
5.– Zepen balorizatzaileak agintari eskudunei kudeaketa-sistemarako eta dagozkien erregistroetarako sarbidea erraztuko die, hala eskatzen zaienean.
9. artikulua.– Zehapen-araubidea.
Dekretu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako zehapen-araubidea aplikatzea ekarriko du.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Dekretu honen xede diren zepak balorizatzeko instalazioen baimenak egokitzeko epea.
Gehienez ere 18 hilabeteko epean, hondakinen balorizazio energetikotik eratorritako zepak balorizatzen dituzten instalazioek dekretu honen edukira egokitu beharko dituzte instalazioak, eta dagokion baimena egokitzeko eskatu beharko diote ingurumen-organoari.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II. eranskina aldatzea.
Aldatu egiten da Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko 9.b paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:
«9.b.– Hondakinak ezabatzeko edo balorizatzeko instalazio finkoak, jarduera kanpoan edo industrialdeetatik kanpo egiten bada».
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 6.h) artikuluaren aldaketa.
Aldatu egiten da Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 6.h) artikulua, eta honela geratzen da:
«h) Balorizazioaren xede izan daitezkeen hondakinak, hala nola beira, papera-kartoia, ontziak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, zura, ekipo elektrikoak eta elektronikoak, baloriza daitezkeen arku elektrikoko labeetako altzairugintzatik eratorritako zepa beltzak, hondakin ez arriskutsuen balorizazio energetikotik eratorritako zepak eta abar. Zerrenda hori erregelamendu bidez handituko da, hondakin berriak balorizatzeko kudeatzaile baimenduak sortu ahala.»
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Dekretua garatzeko eta aldatzeko arau-gaikuntza.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ingurumenaren arloko eskumena duen sailaren titularrari ahalmena ematen zaio dekretu honen eranskinak garatzeko eta aldatzeko, aurrerapen zientifiko eta teknologikoekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, azken xedapenetako bigarrena izan ezik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 18 hilabetera jarriko baita indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko ekainaren 2an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
I. ERANSKINA, EKAINAREN 2KO 85/2026 DEKRETUARENA
1.– Balorizatu beharreko zepen eta Euskal Autonomia Erkidegoko hondakinen balorizazio energetikotik eratorritako zepak balorizatzeko instalazioen betekizunak.
1. taula. Balorizatu beharreko hondakinak.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko hondakinen balorizazio energetikotik eratorritako zepen balorizazioa.
2.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko hondakinen balorizazio energetikotik eratorritako zepen balorizazio-instalazioen betekizun teknikoak:
Euskal Autonomia Erkidegoko hondakinen balorizazio energetikotik eratorritako zepen balorazio-instalazioek honako betekizun tekniko hauek bete beharko dituzte:
a) Zepen biltegia, balorizazio-instalazioak, bigarren mailako agregakin metatuak eta ibilgailuen eta makinen instalazio barruko zirkulazio-eremuak geruza iragazgaitz baten gainean ezarriko dira, ibilgailuen eta makinen joan-etorriak jasango dituena. Apartatu honen ondorioetarako, geruza iragazgaitza izango da k = 1 × 10-7 m/s-ko iragazkortasun hidrauliko saturatua eta metro 1eko lodiera duen barrera geologiko bat edo babes baliokidea ematen duen beste material bateko geruza bat (adibidez, hormigoi dardaratuzko zolata bat).
b) Tratamendua nahiz biltegia estalpean egingo dira, pabiloi itxi batean, partikulak kanpora isurtzea gutxitzeko. Nolanahi ere, sortutako agregakin sekundarioaren heltze-prozesuak (karbonatazioa, hidratazioa eta oxidazioa) aire zabalean egin ahal izango dira.
c) Tratatutako eta tratatu gabeko materialak nahastea eta tratatutako material-frakzio desberdinak nahastea galaraziko duten elementuak izan beharko dira.
d) Hautsaren kontrako neurriak izatea: karinatuak, ur-aspertsoreak, mahuka malguak, bideen ureztapena ibilgailuak eta makineria igarotzen diren lekuetan.
2.2.– Euskal Autonomia Erkidegoko hondakinen balorizazio energetikotik eratorritako zepen balorizazio-prozesuaren oinarrizko jardunak:
2.2.1.– Zepen balorizazio-prozesuak, zepa horiek bigarren mailako agregakin bihurtzekoak, hainbat etapa ditu, azken erabileraren arabera, lortutako material granularraren egonkortasun bolumetrikoa, kalitatea eta tamaina bermatu eta, horrela, zenbait aplikaziotarako merkaturatu ahal izateko.
2.2.2.– Balorizatzaileak honako irizpide tekniko hauek betetzen direla bermatuko du:
a) Zepen biltegia: umotze- eta zahartze-aldia 30 eta 730 egun bitartekoa izan daiteke zepa-motaren, hozte-prozesuaren eta hautatutako zahartze-prozeduraren arabera. Kontuan izan behar da Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan jasotzen denaren arabera, hondakinaren biltegiratzeak, azken erabilera eman aurretik, ezingo duela gainditu hondakin ez-arriskutsuak (balorizatzekoak) biltegiratzeko gehieneko epea.
b) Birrintzea: zepa xehatzeko erabiltzen den birrintze-teknologiak tamaina egokiak, haustura-aurpegiak eta jatorrizko zepan xurgatutako elementu metalikoen deuseztatze onena bermatu beharko ditu. Birrintzeko produktuak erabilera bakoitzerako beharrezkoa den granulometria errespetatu beharko du.
c) Desferretizazioa eta desmetalizazioa: gutxienez desferretizazio-sistema bat erabili beharko da, ahalik eta burdin metaliko gehien ateratzeko. Era berean, beste frakzio metaliko batzuetako ahalik eta eduki gehien deuseztatzeko tratamenduak egin beharko dira.
d) Baheketa: Zinten edo beste bitarteko batzuen bitartez bahera iristen den material granularra xede-erabileretan zehaztutako tamainen arabera sailkatuko da.
e) Material granularraren metaketa, frakzioen arabera bereizita: material granularra frakzio granulometriko bereizien arabera sailkatuko da, dekretu honetan arautzen diren erabilerei erreparatuz. Frakzio granulometriko horiek gainazal iragazgaitz baten gainean metatuko dira.
RSS