
114. zk., 2026ko ekainaren 18a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (168 KB - 3 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
2690
EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 29koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez ezeztatzen baita Afianza Global Service, SL entitateari Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren alorrean laguntza teknikoa emateko aholkularitza-erakunde gisa emandako homologazioa.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2019ko abenduaren 11ko Ebazpenaren bidez, Afianza Global Service, SL homologatu zen, enpresei eta erakundeei emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan laguntza teknikoa emateko. Ebazpen hori 2020ko urtarrilaren 17ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.
Bigarrena.– Enpresei eta erakundeei emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan laguntza teknikoa emateko aholkularitza-entitateen homologazioa arautzen duen ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako urteko jarraipenaren esparruan, 2026ko apirilaren 17ko errekerimenduaren bidez, aurreko ekitaldiari zegokion dokumentazioa aurkezteko eskatu zitzaion erakundeari, homologazioa eragin zuten baldintzak mantentzen zirela egiaztatzeko.
Erakundeak, 2026ko apirilaren 30ean, dokumentazio hau aurkeztu zuen, besteak beste: egindako jardueren zerrenda bat; aholkularitza-enpresaren barneko berdintasun-plana, eta hirugarren erakunde homologatu gabeko batekin sinatutako zerbitzuen errentamendu-kontratu bat, Afianza Global Service SLren izenean eta bere homologazioaren babespean berdintasun-planak egitekoa.
Hirugarrena.– 2026ko maiatzaren 12ko Ebazpenaren bidez, homologazioa ezeztatzeko prozedura hastea erabaki zen, eta erakunde interesdunari entzunaldi-izapidea eman zitzaion hamar egun balioduneko epean, 105/2004 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Laugarrena.– Entzunaldi-izapidean, entitateak, horretarako emandako epearen barruan, dokumentazio gehigarria aurkeztu du, hau da, sozietatearen administratzaile bakarrak berdintasun-arloan duen prestakuntzaren egiaztagiria, sozietatea eratzeko eskritura, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko aurreko zuzendariak sinatutako ziurtagiri bat eta alegazio-idazki bat, non adierazten baitu aipatutako kontratua akats baten ondorioz aurkeztu zela, indarrean ez dagoen dokumentazio zaharra baita, erakundeak adierazten duenez.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari dagokio ebazpen hau ematea, ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren 11. artikuluan agindutakoaren arabera. Dekretu horren bidez, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean laguntza teknikoa emango duten aholkularitza-entitateen homologazioa arautu zen.
Bigarrena.– 105/2004 Dekretuan araututako homologazioa erakunde zehatz eta jakin bati ematen zaio, 2. artikuluan eskatzen diren baldintza pertsonalak, teknikoak, antolakuntzakoak eta profesionalak betetzen dituela egiaztatu ondoren. Ez da aitorpen formal hutsa, baizik eta banakako administrazio-gaikuntza, erakunde jakin baten baldintza zehatzak baloratzen dituen ebaluazio-prozedura baten ondoren emana.
Homologazio hori ez da titulu erabilgarria, eskualdatu daitekeena edo laga daitekeena, baizik eta erakunde homologatuaren erakundeari, egiturari eta bitarteko propioei modu bereizezinean lotutako administrazio-gaikuntza.
Hirugarrena.– Izaera horrekin bat etorriz, erakunde homologatuek zuzenean eman behar dute berdintasunaren arloko laguntza teknikoa, 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta aldizka egiaztatu behar dute laguntza hori ematea justifikatu zuten baldintzak betetzen direla, 10. artikuluan aurreikusitako jarraipenaren esparruan.
Dekretu horren 3. artikuluak erakunde homologatuei ezartzen die emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko laguntza eta aholkularitza teknikoa zuzenean emateko betebeharra. Horrek baztertu egiten du jardueraren edozein lagapen, bitartekaritza edo kanporatze mota, baldin eta emandako homologazioaren edukia ezabatzen badu eta laguntza, praktikan, homologatu gabeko erakundeek ematea ahalbidetzen badu.
Urteko jarraipenaren esparruan erakundeak aurkeztutako dokumentazioan egiaztatzen da kontratu bat dagoela, zeinaren arabera homologatu gabeko hirugarren erakunde batek bere gain hartzen baitu berdintasunaren arloko laguntza teknikoaren gauzatze materiala, Afianza Global Service SLren homologazioaren babespean jardunez.
Kontratua aurkezteak berak erakusten duenez, jarduera antolatzeko eredu bat dago, eta, horren arabera, erakundeak homologatu gabeko hirugarren bati aukera eman dio berdintasunaren arloko laguntza teknikoa emateko, haren estalduraren pean. Horrek esan nahi du homologazioa haren izaeraren eta hura emateko oinarri izan ziren baldintzen aurka erabili dela, zerbitzuaren benetako exekuzioa administrazioaren egiaztapenaren xede izan zen subjektuaz bestelako subjektu batera bideratzen baita.
Entzunaldiaren izapidean egindako alegazioek ez dute indargabetzen egiaztatutako ez-betetzea. Kontratu hori akats baten ondorioz aurkeztu zela eta gaur egun indarrean ez dagoela dioen baieztapenarekin batera ez dago inguruabar hori egiaztatutzat jotzeko elementurik, ezta, bereziki, zerbitzua emateko benetako eredua zein den identifikatzeko elementurik ere. Nolanahi ere, kontratua egoteak berak egiaztatzen du aplikatzekoa den araudiaren aurkako funtzionamendu-eskema erabili dela, eta ez da justifikatu 105/2004 Dekretuaren eskakizunekin bat datorren prestazio-sistema bat ezarri denik.
Era berean, aurkeztutako jardueren zerrenda egindako jarduketak zerrendatzera mugatzen da, eta horrek ez du aukerarik ematen erakunde homologatuak laguntza teknikoa zuzenean eman duela egiaztatzeko, ez baitago jasota zerrendako jarduerak bere baliabide pertsonal eta tekniko propioekin egin dituenik, ez eta langile kualifikatuen benetako esku-hartzea egon denik ere, araudiak eskatzen duen moduan.
Erakundeari lotutako pertsona baten berdintasun-arloko prestakuntza egiaztatzea ere ez da nahikoa, berez, 105/2004 Dekretuaren 2.c) artikuluan aurreikusitako baldintza betetzen dela ulertzeko. Baldintza horrek, langile kualifikatuak egoteaz gain, horiek zerbitzuak ematen benetan esku hartzea eskatzen du.
Ondorioz, aurkeztutako dokumentazioak ez ditu indargabetzen prozedura hastea eragin zuten gertakariak, eta ez du egiaztatzen homologazioaren oinarri izan ziren baldintzei eusten zaienik. Aitzitik, erakunde homologatuak bete gabe jarraitzen du laguntza teknikoa zuzenean emateari buruzko funtsezko betekizuna, ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren 3. artikuluan eskatutakoa. Era berean, ez da egiaztatu aipatutako dekretuaren 2.c) artikuluan aurreikusitako baldintza betetzen denik, 10. artikuluari dagokionez; izan ere, erakundeari lotutako pertsona baten prestakuntza-egiaztapena aurkezten bada ere, ez da justifikatzen zerbitzuak ematen benetan esku hartu izana, ez eta zerbitzuak giza baliabide propioekin ematen ari direnik ere, eta bi alderdi horiek ezinbestekoak dira homologazioaren oinarri izan ziren baldintzak bete direla jotzeko.
Laugarrena.– 105/2004 Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, homologaziorako oinarri izan ziren baldintzak eta betekizunak ez betetzea arrazoi nahikoa da homologazioa ezeztatzeko, erakunde interesdunari entzun ondoren. Entzunaldi-izapide hori behar bezala gauzatu da prozedura honetan.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ezeztatzea Afianza Global Service, SL entitateari emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan laguntza teknikoa emateko aholkularitza-erakunde gisa emandako homologazioa, ez dituelako bete laguntza hori emateko oinarri izan ziren baldintzak eta betekizunak.
Bigarrena.– Adieraztea ebazpen honek ondorioak izango dituela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta ondoriorik gabe geratuko dela berdintasunaren arloan laguntza teknikoa emateko emandako administrazio-gaikuntza.
Hirugarrena.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren alorrean Homologatutako Aholkularitza Erakundeen Erregistroan egindako inskripzioa ezeztatzea, eta ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, denek horren berri izan dezaten.
Laugarrena.– Ebazpen hau erakunde interesdunari jakinaraztea, eta adieraztea amaiera ematen diola administrazio-bideari, eta beraren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokeela Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakeela zuzenean, jurisdikzio-organo eskudunean, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 29a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
RSS