
114. zk., 2026ko ekainaren 18a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 4 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
2674
4/2026 LEGEA, ekainaren 11koa, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legea aldatzekoa.
Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela 4/2026 Legea, ekainaren 11koa, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legea aldatzen duena.
ZIOEN AZALPENA
Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteria-politiken arau- eta eskumen-esparrua ezartzen du, eta gure Autonomia Erkidegoko gazteen eskubideak aitortzen ditu.
Haur eta gazteen aisialdiko jarduerei dagokionez, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legeak hainbat zerbitzu eta ekipamendu arautzen ditu, besteak beste: gazteentzako informazio- eta dokumentazio-zerbitzuak, haur- eta gazte-taldeen egonaldirako aterpetxe eta instalazioak, eta haur eta gazteen aisialdiko hezitzaileen prestakuntza-eskolak.
Hala ere, Euskadiko gazteria-politika berrikuspen- eta modernizazio-prozesu batean dago, bai azken urteetako gertakariek, bai gizarte- eta administrazio-beharren bilakaerak bultzatuta.
Administrazio-prozeduren sinplifikazioak eta modernizazioak eta, bereziki, adingabeen eskubideen babesaren indartzeak beharrezko egiten dute Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legea aldatzea, haur eta gazteen aisialdiko jarduerei dagokienez.
Lehenik eta behin, komunikazio aurrekoa ordeztu eta erantzukizunpeko adierazpena ezartzen da adingabeek parte hartzen duten aisialdiko jardueren hasieran. Horrela, jarduera antolatzen duen pertsonak edo entitateak jarduerari aplikagarriak zaizkion betekizun eta arauak betetzearen gaineko erantzukizun juridiko osoa bere gain hartzea ziurtatzen da. Erregelamendu bidez zehaztuko da zein kasutan aurkeztu beharko den adierazpena, baita haren forma eta edukia ere.
Bigarrenik, adingabeekin ohiko harremana duten langileek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa eduki beharko dutela ezartzen da, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz; zehazki, ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin –haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean babes integrala ezartzen duena– eta otsailaren 15eko 2/2024 Haur eta Nerabeen Legearekin koherentzian.
Hirugarrenik, xedatzen da haur- eta gazte-zerbitzu eta -ekipamenduen, titulartasun publikoko zein pribatuko, onespen ofiziala organo eskudunaren administrazio-ebazpen bidez egingo dela, aurretiazko eskaera eta erregelamenduz ezarriko diren betekizunen egiaztapena egin ondoren.
Azkenik, arau-hausteen araubidea berrikusi eta argitzen da. Horrenbestez, arau-hauste astuntzat tipifikatzen dira erantzukizun zibileko asegururik ez izatea eta instalazio zein ekipamenduetan beharrezkoak diren segurtasun-neurririk ez izatea.
Lehenengo artikulua.– Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 24. artikuluko 8. apartatua aldatzen da eta 9. apartatu berria gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:
«24. artikulua.– Haur eta gazteen aisialdi-jarduerak.
8.– Adingabeek parte hartzen duten jardueren entitate arduradunak, jarduera hasi aurretik, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du jarduera egingo den lurralde historikoko foru-aldundiaren aurrean; jarduera lurralde historiko batean baino gehiagotan egiten bada, berriz, Eusko Jaurlaritzako gazteriaren arloan eskumena duen sailaren aurrean. Erregelamendu bidez zehaztuko da zein kasutan aurkeztu behar den adierazpena, haren edukia eta aurkezteko modua.
Aire zabalean kanpatu nahi izanez gero, udalak edo administrazio-batzarrak lekuaren baldintzei buruzko aldeko txostena eman beharko du, eta lurraren jabeak, norbanakoa edo entitatea izan, bere baimena.
9.– Aisialdiko jardueretan, adingabeekin ohiko harremana duten langileen sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da; ziurtagiri hori urtero berritu beharko da».
Bigarren artikulua.– Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 26. artikuluko 1. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«26. artikulua.– Gazteentzako zerbitzu eta ekipamenduen onespen ofiziala.
1.– Zerbitzu eta ekipamenduen onespen ofiziala, titulartasun publikoko zein pribatukoak izan, organo eskudunaren administrazio-ebazpen bidez egingo da, aldez aurretik eskaera aurkeztu eta erregelamendu bidez ezarriko diren betekizunak egiaztatu ondoren. Aurrekoa gorabehera, haur eta gazteen aisialdiko hezitzaileen prestakuntza-eskolek baimena beharko dute lege honen 29.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera».
Hirugarren artikulua.– Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 57. artikuluko 2., 3., 4. eta 5. apartatuak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:
«57. artikulua.– Arau-hauste arinak.
2.– Haur eta gazteen aisialdi-jarduerei dagokionez:
a) Aurretiaz deklaratutako betekizun guztiak ez betetzea.
b) Nahitaezko dokumentazioa ez edukitzea jarduera egiten den lekuan.
c) Jarduerak garatzeko betekizunen bat ez betetzea, lege honetan arau-hauste astun edo oso astuntzat tipifikatuta ez badago.
3.– Gazteentzako zerbitzu eta ekipamenduei dagokienez:
a) Hasieran adierazitako datuen aldaketak administrazioei ez jakinaraztea.
b) Gazte-ekipamenduak hasieran aurreikusitako xedeetarako ez diren beste batzuetarako edo aurreikusitako pertsonak ez diren beste batzuek erabiltzea.
c) Funtzionamendurako eskatutako edozein betekizun ez betetzea, lege honetan arau-hauste astun edo oso astuntzat tipifikatuta ez badago.
d) Nahitaez jendaurrean erakutsi beharreko bereizgarriak, iragarkiak edo dokumentazioa ekipamenduan ikusteko moduan ez erakustea, horiei buruzko informazioa emateari uko egitea edo, erakusten badira, indarrean dagoen araudian exijitzen diren formalitateak ez betetzea.
4.– Gazteentzako informazio, dokumentazio, orientabide eta akonpainamenduari dagokienez:
Gazteentzako informazio-, dokumentazio-, orientabide- eta akonpainamendu-zerbitzuen funtzionamendurako eskatutako edozein betekizun ez betetzea, lege honetan arau-hauste astun edo oso astuntzat tipifikatuta ez badago.
5.– Gazteen prestakuntzari eta aisialdiko hezitzaileen prestakuntzari dagokienez:
a) Zerbitzuari edo zentroari dagozkion informazio-, prestakuntza-, administrazio- eta ebaluazio-lanak ez egitea.
b) Prestakuntza-programak eta lege honen garapenean horiek emateko erregelamenduz ezarrita dauden betekizunak guztiz edo zati batean ez betetzea edo ez gordetzea.
c) Prestakuntza-eskolen funtzionamendurako beharrezkoa den edozein betekizun ez betetzea, lege honetan arau-hauste astun edo oso astuntzat tipifikatuta ez badago».
Laugarren artikulua.– Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 58. artikuluko 2. eta 3. apartatuak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:
«58. artikulua.– Arau-hauste astunak.
2.– Haur eta gazteen aisialdi-jarduerei dagokienez:
a) Emantzipatu gabeko adingabeei haur eta gazteen aisialdi-jardueretan parte hartzen uztea, beren guraso-ahala edo tutoretza duen pertsona baten laguntzarik gabe eta guraso-ahala edo tutoretza duen pertsonaren berariazko idatzizko baimenik gabe.
b) Lege honetan araututako aisialdiko jarduerak egitea, jarduera hasi aurretik administrazio eskudunari eskatutako informazioa jakinarazi gabe.
c) Administrazioari jakinarazitako jarduera-baldintzak ez betetzea, nabarmen.
d) Haur eta gazteen aisialdiko jarduerak garatzeko, erregelamendu bidez ezarriko diren baldintzen arabera, titulazioa duen langilerik ez izatea.
e) Langile arduradunek ez betetzea jarduerak eskatzen duen dedikazioa, eta ez-betetzea larria izatea.
f) Jarduerak material egokirik eduki gabe egitea.
g) Segurtasunaren arloan indarrean diren arauak ez betetzea, baldin eta horrek parte-hartzaileei kalte fisiko edo psikiko larria eragiten badie.
h) Lege honen 24.4 artikuluan aurreikusitako erantzukizun zibileko asegurua ez edukitzea.
i) Irabazi-asmoa ezkutatzea Administrazioari eta gizarteari izaera hori izan gabe aurkezten zaizkien jardueretan.
3.– Gazteentzako zerbitzu eta ekipamenduei dagokienez:
a) Gazteentzako zerbitzuak eskaintzea, araudia bete gabe eta zerbitzuaren edo ekipamenduaren izaera aldatuta.
b) Langileek ez edukitzea jarduera-sektorearekin lotutako lanak egiteko eskatzen diren tituluak edo diplomak, erregelamendu bidez ezarriko den moduan.
c) Indarrean dagoen araudiak zerbitzu-mota bakoitzerako izendatutako bulegoak, lokalak, altzariak edo ibilgailuak barik, normalean beste batzuk erabiltzea.
d) Ikuskaritzak edo agintari eskudunak emandako zuzenketa-aginduak ez betetzea.
e) Hasieran aurreikusitako prestazioak nahita aldatzea.
f) Egokia ez den laguntza ematea eta, ondorioz, erabiltzaileari kalte handiak eragitea.
g) Ematen diren zerbitzuen prezio-araubidea aldatzea.
h) Legeak edo erregelamenduak onartutako eskubideen gozamena zaildu edo eragoztea zerbitzuon erabiltzaileei.
i) Erabiltzaileek barne-erregelamenduan jasota dauden arauak ez errespetatzea, baldin eta jokaera horrek zerbitzuaren edo ekipamenduaren funtzionamendua edo elkarbizitza nahasten badu.
j) Erantzukizun zibileko aseguru-polizarik ez izatea arlo horretan.
k) Onespen ofizialik ez duen instalazio batek zerbitzu edo ekipamendu ofizialaren izendapena erabiltzea.
l) Erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko beharrezko den segurtasun-neurririk ez izatea».
Bosgarren artikulua.– Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 59. artikuluko 2. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«59. artikulua.– Arau-hauste oso astunak.
2.– Haur eta gazteen aisialdi-jarduerei dagokienez:
a) Egitez edo ez-egitez, haurren, nerabeen eta gazteen eskubideak mugatzen dituzten jarrera eta jokabide diskriminatzaileak sustatzen dituzten edo edozein indarkeria-mota sustatzen duten jarduketak egitea.
b) Aisialdi-jardueretako parte-hartzaileen oinarrizko premiei dagozkien prestazio tekniko, ekonomiko edo asistentzialak ez ematea edo zabarkeriaz aplikatzea, baldin eta horrekin erabiltzaileen eskubide edo interes legitimoei kalte egiten bazaie».
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 11.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
RSS