
111. zk., 2026ko ekainaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (178 KB - 10 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
2608
AGINDUA, 2026ko ekainaren 5ekoa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, etxebizitza alokatzeko Gaztelagun laguntzen oinarriak onartzeko eta haien deialdia egiteko 2026ko ekitaldirako.
2025-2027 Etxebizitza Plan Zuzentzailean, gazteen emantzipazio-mailak hobetzeko ekintza-sorta handi bat dator jasota, ardatz eta estrategiatan antolaturik. Zehazki, 3. ardatzean, Gaztelagun Programa lehentasunezkotzat jotzen da gazteek etxebizitza librea errentan eskuratu ahal izan dezaten.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean dago arauturik Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.
Eta, agindu honen bidez, gazteei etxebizitza alokatzen laguntzeko Gaztelagun-laguntzak arautu ditugu, haietarako deialdia egiteaz batera, 2026rako.
Programa horren asmoa da gazteek baliabide ekonomiko handiagoak izatea, hartara errazago emantzipa daitezen. Programa bera Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, eta plan hori Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren 2025eko ekainaren 18ko Aginduaren bidez onartu zen.
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren 2026ko aurrekontuan bada nahikoa kreditu deialdia finantzatzeko. Aurrekontu hori abenduaren 23ko 7/2025 Legearen bidez onartu zen, lege horretan onartu baitziren Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak.
Horrenbestez, nire eskumena baliatuz, eskuduna bainaiz lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), abenduaren 3ko 411/2024 Dekretuaren arabera (Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzei eta dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenen arabera,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.
Eranskinean jasotzen diren baldintzetan, Gaztelagun programaren oinarriak onartzea eta 2026. urterako etxebizitza-alokairurako laguntzen deialdia egitea.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Deialdi honen xede diren laguntzak agindu honi erantsitako deialdiaren oinarrietan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera arautuko dira. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko erregelamenduan xedaturikoa bete beharretik ezer kendu gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Lege hau indarrean jarri aurretik aurkeztutako eskabideak.
2026ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu diren eskabideak agindu honetan xedatutakoaren arabera izapidetu eta ebatziko dira, baita agindu hau indarrean sartu baino lehenago aurkeztu badira ere. Laguntza nori eman erabakitzeko orduan segidako hurrenkerari begiratu behar bazaio, eskabide horien aurkezpen-data hasierakoa izango da, baina laguntza emateko ebazpenaren data baino lehenago inolako ondorio ekonomikorik aitortuko gabe.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Baliabideak.
Agindu honek administrazio-bidea bertan amaitzen du, eta, haren aurka egin nahi izatera, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari, hilabeteko epean; edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta ondorengo egunetik hasiko dira zenbatzen epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Efikazia.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 5a.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
ERANSKINA
OINARRIAK
1. oinarria.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da arautzea 2026an nola banatuko diren gazteei etxebizitza alokatzen laguntzeko Gaztelagun programako laguntzak.
2. oinarria.– Programaren ezaugarriak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dagoen etxebizitza libre batengatik ordaintzen den hileko errentaren ehuneko jakin bat ordaintzeko laguntzak emango ditu Gaztelagun Programak.
2.– Hasieran, etxebizitzaren hileko errentak ezingo ditu gainditu prezio hauek: 900 euro Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen; 800 euro Bilboko eta Donostiako eremu funtzionaletan eta 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, eta 750 euro gainerako udalerrietan.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren agindu baten bidez bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzen diren udalerrietan, muga horiek handitu ahal izango dira Alokairu Merkatuaren Estatistikak (AME) etxebizitza dagoen udalerriari ratio bererako egotz diezaiokeen batez besteko prezioaren % 95era, non eta gehikuntza hori aurreko paragrafoan ezarritako gehieneko muga baino txikiagoa ez den.
3.– Ematea onartzen den egunetik 2026ko abenduaren 31ra arte geratzen diren hilabeteetan emango da laguntza, horretarako kreditu egokia eta nahikoa dagoen bitartean. Onuradunek baldintzak bete behar dituzte.
4.– Laguntza honen ondorioetarako, gaztetzat hartuko dira 18 eta 35 urte bitartekoak.
3. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 2026ko ekitaldirako, 7.000.000 euro bideratuko dira deialdi honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura, honela banatuta:
2026. urtea: 5.250.000 euro.
2027. urtea: 1.750.000 euro.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan gorde ditugun diru-kopuru horiek ezin dira gainditu, hau da, ekitaldi honetan, guztira, horixe banatu daiteke Gaztelagun Programan. Hortaz, diru hori agortzen denetik aurrera ezingo da laguntza berririk eman. Agortzen baldin bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko dugu, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren agindu baten bidez.
4. oinarria.– Onuradunak.
1.– Pertsona fisikoek eskuratu ahalko dute dirulaguntza, banaka nahiz familia-unitate batean bilduta, baldin eta 5. oinarrian jasotako baldintzak betetzen badituzte.
2.– Agindu honen ondorioetarako, familia-unitateak dira ezkontza bidez elkartuta dauden pertsonak edo izatezko bikote erregistratuak, eta, hala badagokio, beren ardurapean dauden seme-alabak, bai eta guraso bakarreko unitateak eta beren ardurapeko seme-alabak ere.
3.– Familia-unitatea osatzen duten guztiek bete beharko dituzte agindu honetan eskatzen diren baldintzak, seme-alaba adingabeek izan ezik.
5. oinarria.– Betekizunak.
1.– 18 eta 35 urte bitartean izatea.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan benetan, etenik gabe eta laguntza eskatu aurreko sei hilabetean bizi izana egiaztatzea.
3.– Ez izatea etxebizitza baten jabari osoaren edo erabiltzeko eta gozatzeko eskubidearen titularra, non eta ez duen egiaztatzen banantze- edo dibortzio-arrazoiengatik etxebizitza eskuragarri ez duela, edo bere borondatearekin zerikusirik ez duen eta behar bezala egiaztatutako beste arrazoiren batengatik ezin dela bertan bizi.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako etxebizitza libre baten errentamendu- edo azpierrentamendu-kontratu baten edo logelak alokatzeko kontratu baten titularra izatea, eta hura izatea haren ohiko eta etengabeko etxebizitza. Agindu honen ondorioetarako, etxebizitza baten lagapen partziala hartzen da logelen alokairutzat, hau da, hango gelaren batena, kostu bidez egiten dutena haren jabe, gozamendun, azalera-eskubidearen titular edo errentamendua ez den beste edozein eskubideren titular direnek.
5.– Etxebizitzaren errentatzailearekin edo errentatzailearen bizikidetza-unitateko edozein kiderekin odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko hirugarren mailarainoko familia-loturarik ez izatea.
6.– Errenta banku-transferentzia bidez ordaintzea.
7.– Honako diru-sarrera hauek egiaztatzea:
Eskatzaile bakoitzak egiaztatu beharko du urtean 30.000 euroren edo gutxiagoren eta 3.000 euro baino gehiagoren diru-sarrera gordinak dituela.
Familia-unitateak, bere osotasunean, egiaztatu beharko du urtean 36.764 euroren edo gutxiagoren eta 3.000 euro baino gehiagoren diru-sarrera gordinak dituela.
Familia ugariek, berriz, egiaztatu beharko dute urtean 39.184 euroren edo gutxiagoren eta 3.000 euro baino gehiagoren diru-sarrera gordinak dituztela.
Diru-sarrerak kalkulatzeko, kontuan hartu beharreko epealdia honakoa izango da: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, eskaera-dataren aurreko azken zergaldia, edo, onuragarriagoa izanez gero, eskaera egin aurreko hamabi hilabeteak. Diru-sarrera konputagarriak zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiarena izango dira.
8.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 13 artikuluan xedatutakoa betetzea.
6. oinarria.– Bateraezintasunak.
Gaztelagun Programaren alokairurako laguntza ezin izango da bateratu honako hauekin:
1.– Errentamenduko babes publikoko etxebizitza bat izatea.
2.– Errentamenduko etxebizitza pribatu bat izatea Merkatu Libreko Etxebizitzen Alokairurako Bitartekaritzako ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) programaren bidez edo Etxebizitza Hutsen Bizigune Programaren bitartez.
3.– Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE), Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGD) edo administrazio publikoen gizarteratze-politiketatik datorren beste edozein errenta jasotzea.
4.– Etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO), etxebizitzarako prestazio ekonomikoa (EPE), udalak ematen dituen dirulaguntzak edo alokairuko gastuak ordaintzen laguntzen duten beste administrazio edo erakunde publiko batzuen edozein dirulaguntza jasotzea.
5.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL) jasotzea, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarena abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 51. artikuluaren 2.a) letran aipatutako alokairu-gastuei loturik daudenak.
7. oinarria.– Zenbatekoa.
1.– Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoak ezingo du gainditu maizterrak hilean ordaintzen duen alokairuaren % 60, pertsona bakar bat bada nahiz familia-unitate bat bada.
2.– Pertsona edo familia-unitate onuradun bakoitzari ematen zaion laguntzaren zenbatekoak ezingo du inola ere gainditu etxebizitzarako prestazio ekonomikorako (EPE) ezarri den gehieneko muga. Pertsona bakoitzeko, laguntza hilean 300 eurokoa izan daiteke gehienez, hala baitago aurreikusita Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 7/2025 Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian.
3.– Baldin eta etxebizitza berean bizikidetza-unitate bat baino gehiago bizi badira –azpierrentamenduan edo logelak alokatzearen bidez–, haien artean ahaidetasun-loturarik ez badago Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 4/2022 Legearen 25.2 artikuluan arautakoaren arabera, eta agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen badira aurrez, etxebizitza bakoitzeko bi laguntza eman ahalko dira gehienez ere. Bi eskaera edo gehiago badaude, aurkeztu diren hurrenkeraren arabera ebatziko dira.
4.– Aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera etxebizitzarako bi laguntza emateko, nahitaezkoa izango da bizikidetza-unitate bakoitzak errentamendu-kontratua, azpierrentamendu-kontratua edo logelen alokairukoa izatea.
8. oinarria.– Kudeaketa.
1.– Gaztelagun Programako alokairurako laguntzak kudeatzea Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzei dagokie, 9. eta 12. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
2.– Hala ere, Alokabide SA sozietate publikoak ere lagunduko du kudeaketan, hurrengo artikuluetan aurreikusitako zereginak betez.
9. oinarria.– Alokabide SA sozietate publikoaren zereginak.
1.– Alokabide SAri Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak esango dio zer egin behar duen, enkargu-ebazpen baten bidez. Etxebizitza alokatzeko Gaztelagun-laguntzen kudeaketa materiala egiteko ardura izango du. Erakunde laguntzaile horren zereginetan inoiz ere ez da ahal publikoak erabili beharrik izango.
2.– Alokabide SA sozietateari dagozkio zeregin hauek:
– Interesdun bakoitzari aurrez aurre informazioa ematea, zer egin azaltzea eta aholkuak ematea, eskabideak ondo bete ditzaten eta erantsi beharreko agiriak erants ditzaten.
– Eskabideak jasotzea eta baldintzak betetzen direla ziurtatzea. Zer edo zer zuzentzeko eska dezan proposatzea dagokion ordezkaritzari.
– Laguntzak ordaintzea.
– Onuradunek eginbeharrak betetzen dituztela ziurtatzea.
10. oinarria.– Eskabidea eta epea.
1.– Interesa dutenek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/gaztelagun) eskuragarri dagoen eredu ofizialaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, hemen: Zuzenean – Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, eta Alokabide SA sozietate publikoaren egoitzan.
2.– Eskaera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu daiteke, 2026ko abenduaren 31ra arte: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/gaztelagun
3.– Eskaeraren osteko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egingo dira, «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta
4.– Ordezkari bidez baldin badihardute, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Eskabidea aurrez aurre ere aurkez daiteke, hemen:
a) Zuzenean zerbitzuan, aurretiaz hitzordua eskatuta, derrigor, helbide honetan: (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean); edo aldez aurreko hitzorduak eskatzeko edo ezeztatzeko berariazko telefono-zenbakira hots eginda: 945 01 90 00.
b) Alokabide SA sozietate publikoan -erakunde laguntzailea baita-, aldez aurretik hitzordua eskatuta, aldez aurreko hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko telefonoaren bidez: 945 56 90 20.
c) Erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan –Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 100., 101. eta 102. artikuluetan xedatutakoaren arabera–, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako aurkezpen-bitartekoak erabilita ere.
6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek ezartzen dutenari jarraituz.
11. oinarria.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidearekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, argi utziz ez daukala babes publikoko beste etxebizitzarik errentan, eta ez duela jasotzen 6. artikuluan aipatzen den errenta, prestazio edo dirulaguntza bateraezinik.
b) Errentapeko etxebizitzan erroldatuta egotearen ziurtagiri eguneratua eta erroldatzearen antzinatasuna.
c) Jabetza Erregistroaren Indizeen Zerbitzuak eginiko agiria, ziurtatzen duena eskatzailea ez dela etxebizitza baten titular.
d) Diru-sarrerak frogatzeko agiriak:
– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, eskaera-dataren aurreko azken zergaldiari dagokiona.
– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenari, behar izanez gero, ordaindutakoaren araberakoa ez den prestazioaren ziurtagiria erantsiko zaio.
– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren kopia aurkezten ez dutenek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
– Lan-bizitzaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, data eguneratuarekin.
– PFEZ atxikipenen ziurtagiri ofiziala (10-T dokumentua).
– Ikerketarako beka edo laguntzen kasuan, hori justifikatzen duen ziurtagiria.
e) Etxebizitzaren errentamendu-kontratuaren kopia, eta hor, gutxienez, Hiri Errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 37. artikuluan aipatzen diren edukiak adierazi behar dira; azpierrentamendu-kontratuaren kopia, errentatzailearen idatzizko adostasuna barne, eta errentamenduaren kausa den kontratua, edo logelak alokatzeko kontratuaren kopia.
Kontratua Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroan inskribatuta badago, inskripzioaren ziurtagiriaren kopia edo utzitako fidantzaren frogagiria aurkeztu behar da».
f) Errenta banku-transferentzia bidez ordaindu izanaren egiaztagiria. Bertan, gutxienez, datu hauek jaso beharko dira: agindu-emailearen eta onuradunaren datuak, ordaindutako errentaren hilabetea eta urtea, kontuaren zenbakiak, zenbatekoa eta finantza-entitatearen baliozkotzea, eragiketa behar bezala egin dela egiaz bermatzen duena.
g) Etxebizitzaren errentatzailearekin edo haren bizikidetza unitateko kideren batekin odolkidetasun edo ahaidetasunezko hirugarren mailarainoko familia-loturarik ez dagoenaren erantzukizunpeko adierazpena.
h) Hirugarrenen altaren dokumentua, behar bezala beteta.
i) Erantzukizunpeko adierazpena, garbi uzteko betetzen dituela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 13. artikuluan aurreikusitako betekizunak, bat izan ezik: zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, baldintza hori dagokion ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko baita.
j) Eskatzaileen egoera zibilari buruzko erantzukizunpeko adierazpena. Baterako errentamenduaren kasuan, zehaztu behar da zer harreman mota dagoen alokairua partekatuko dutenen artean.
2.– Laguntza familia-unitate batentzat eskatzen bada, 1. ataleko a), b), c), d), g), i) eta j) letretan aurreikusitako dokumentuek familia-unitateko adin nagusiko guztiei egin beharko diete erreferentzia, eta familia-liburua aurkeztu beharko da.
3.– Familia ugariek ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
4.– Interesdunek 1. apartatuko a), b) eta d) letretan eta 3. apartatuan aipatutako dokumentuak ez aurkezteko eskubidea dute, baldin eta ez badute eragozpenik jartzen Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak edo Alokabide SA-k beste Administrazio Publikoetan eskuragarri dauden dokumentuak elektronikoki kontsultatzeko edo eskuratzeko, sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzako plataformak edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuk kontsultatuz, hala jartzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa Legeko 28. artikuluan (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa).
12. oinarria.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Laguntza hau emateko, segidako prozedura erabiliko da (eskaeren aurkezpen-hurrenkera).
2.– Alokabide SA sozietateak eskabideak behar bezala beteta daudela egiaztatuko du, baita laguntza-eskabidea tramitatzeko beharrezko dokumentuak aurkeztu direla ere.
3.– Ikusiz gero eskabidea ezin dela izapidetzen hasi agiriren bat falta delako, edo aurkeztutako agirietan forma-akatsak daudela, Alokabidek Etxebizitzako lurralde-ordezkariari proposatuko dio interesdunari hamar egun balioduneko epea eman diezaion hutsegitea konpontzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta, halaber, jakinaraz diezaion ezen, kasu egiten ez badu, ulertuko dela eskabidean atzera egin duela.
4.– Alokairurako Gaztelagun laguntzak lortzeko baldintzak betetzen ote diren ere egiaztatuko du Alokabide SAk. Ebazpen-proposamen arrazoitua Etxebizitzako lurralde-ordezkariak Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariari bidaliko dio, eta hark ebatziko du.
5.– Ebazpena hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabidea egin zen egunetik kontatzen hasita, eta administrazioaren isiltasuna baieslea izango da. Halere, akatsak zuzentzeko epea zabaldu balitz, aipatutako epea etenda geratuko litzateke eskatzaileak jakinarazpena jasotzen duenetik eskatutako agiri guztiak aurkezten diren arte.
6.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, aurka egin nahi izatera, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Etxebizitzako sailburuordeari, hala xedaturik baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
7.– Ebazpen baiesleen berri emango zaie onuradunen errolda-agirietan agertzen diren udalei, onuradunek 6. oinarrian ezarritakoaren arabera bateraezinak diren laguntzak jasotzen badituzte, behar diren neurriak har ditzaten.
8.– Ematen diren dirulaguntzak ez dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko. Dena den, Eusko Jaurlaritzaren gardentasunaren atarian eta Alokabide SA sozietatearen webgunean hilean behin argitaratuko da dagokion epean emandako eta iraungitako laguntza kopurua eta zenbateko osoa, lurralde historikoaren eta onuradunaren sexuaren arabera bereizita.
13. oinarria.– Laguntzaren ordainketa.
1.– Lehenik, jakinarazi egingo da onartu dela laguntza ematea, eta, hortik aurrera, hilero-hilero ordainduko da, harik eta laguntzaren indarraldia amaitu arte; baina onuradunak baldintzaren bat urratzen badu, ordainketa eten egingo da. Laguntza ordaindu ahal izateko, onuradunak alta emanda egon behar du Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroan. Ez badago alta emanda, edo han dauzkan banku-datuak aldatu egin nahi baditu, horretarako inprimakia bete beharko du, hemen ezarritako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
2.– Laguntza ematen den egunetik aurrera emango da ordainketa-agindua; eta, ordaintzen hasi, berriz, eskabidea eta agiri guztiak aurkeztu (edo zuzendu) eta hurrengo hileko lehen egunetik aurrera.
14. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntza jasotzen dutenek betebehar hauek dituzte:
1.– Laguntzen zenbateko osoa alokairuko etxebizitzaren errenta ordaintzeko erabiltzea.
2.– Aurreko oinarriko bigarren paragrafoan adierazitako sortzapen-datatik hasita abenduaren 31 baino lehenago, errenta banku-transferentzia bidez ordaindu izanaren egiaztagiria Alokabide SAn aurkeztu beharko du. Egiaztagiri horretan, gutxienez, datu hauek jaso beharko dira: agindu-emailearen eta onuradunaren datuak, ordaindutako errentaren hilabetea eta urtea, kontuaren zenbakiak, zenbatekoa eta finantza-entitatearen baliozkotzea, eragiketa behar bezala egin dela egiaz bermatzen duena.
3.– Laguntza ematen den egunetik aurrera 2026ko abenduaren 31 baino lehen, agiri hauek Alokabide SAn aurkeztea:
a) 11.1.d) oinarrian aipatzen diren diru-sarreren egiaztagiriak.
Dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko epea amaitzen denetik hasita.
b) 11.1 oinarriko a), b), c), i) eta j) apartatuetan aipatzen diren gainerako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa.
4.– Dirulaguntza emateko bete behar ziren baldintzak aldatu egiten badira, Alokabide SA sozietateari jakinaraztea.
5.– Hala erabakiko balitz, bidegabeki kobratutako kopuruak itzultzea, baita interesak ere.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dirulaguntzaren destinoa fiskalizatzeko lanetan eskatutako informazio oro aurkeztea.
7.– Interesdunek badute eskubidea 3. apartatuan eskatzen den dokumentazioa ez aurkezteko, baldin eta ez badute eragozpenik jartzen Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak edo Alokabide SA sozietateak elektronikoki kontsulta edo eskura ditzaten gainerako administrazio publikoetan eskuragarri dauden dokumentuak, sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzako plataformak edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuk kontsultatuz.
15. oinarria.– Laguntza aldatzea.
1.– Etxebizitza, errentaren zenbatekoa, norberaren izenean ordaindutako errenta-zatia edo errentakideak aldatuz gero, laguntzari buruzko ebazpena ere aldatu egingo da, baldin eta pertsona onuradunek baldintzak betetzen jarraitzen badute eta egiaztagiriak aurkezten badituzte.
2.– Guraso bakarrekoak ez diren familia-unitateen kasuan, onuraduna hil egiten bada, edo banandu edo dibortziatu egiten bada, laguntzari buruzko ebazpena aldatu egingo da, baldin eta familia-unitateko gainerako kideek baldintzak betetzen badituzte.
16. oinarria.– Azkentzea.
Gorabehera hauek tarteko, Gaztelagun programatik alokairurako ematen den laguntza azkendu egingo da, dena delako gorabehera hori gertatu den hilaren lehen egunetik hasita:
1.– Dirulaguntza jasotzeko gehieneko adinera iristea (36 urte). Familia-unitateen kasuan, nahikoa izango da onuradunetako bat adin horretara iristea.
2.– Dirulaguntza emateko bete behar ziren baldintzak urratzea.
3.– Onuradunak laguntzari uko egitea.
4.– Onuraduna hiltzea, banatzea edo dibortziatzea, 15.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan izan ezik.
5.– Emandako datuetan edo eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenetan iruzur egitea (balizko zehapenari ezer kendu gabe).
6.– 14. oinarrian aurreikusitako betebeharrak ez betetzea.
17. oinarria.– Bidegabeki jasotako dirulaguntzak iraungitzeko eta itzularazteko prozedura.
Bidegabeki jasotako dirulaguntzak iraungitzeko eta itzultzeko prozedura hori Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 35. artikuluan eta hurrengoetan jartzen duen bezala burutuko da.
18. oinarria.– Zehapen-araubidea.
Zehapen-araubidea honako testu hauetan aurreikusitakoa da:
a) Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen X. kapitulua, eta, zehazki, 84. artikuluko ñ letra, falta astun gisa hartzen duena onuradunek Etxebizitzaren edo birgaitzearen arloan jasotzen dituzten laguntzak haiek ematea eragin zuten xedeez bestelako batzuetara bideratzea.
b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko IV. titulua; eta Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legea.
19. oinarria.– Datuen babesa.
1.– Deialdi honetara aurkezten diren eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko orduan eskatzaileen datu pertsonalak tratatu beharra dagoenean, bi arau hauetan xedaturik dagoena beteko da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 16koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa.
2.– Zilegi da tratamendua egitea, oinarri hauen gainean: legezko betebeharra da (DBEOko 6.1.c) artikulua); eta misioa ere bada, interes publikoaren izenean edo botere publikoen izenean betetzen dena (6.1 DBEOren e) letra).
3.– Datu pertsonalak zertarako bildu ziren, helburu hori betetzeko behar diren bitartean gordeko dira, hala ezarrita baitago artxiboen eta dokumentazioaren araudian (tratamenduaren arduradunak bete beharrekoa). Eskatzaileak datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurkaratzeko, mugatzeko eta beste nonbaitera eramateko eskubidea du, bai eta banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko eskubidea ere, profilak egitea barne, esteka honetan: datuak babesteko eskubideak baliatzea. Nolanahi ere, gehiago jakin nahi izanez gero, esteka honetan bada informazio gehiago datuen babesari buruz: Tratamendu-jardueren erregistroa.
RSS