
111. zk., 2026ko ekainaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (247 KB - 18 orri.)
- EPUB (126 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2606
EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 11koa, Lehiaren Euskal Agintaritzaren presidentearena, lehiaren arloko Compliance programak finantzatzeko dirulaguntzak arautzen dituena eta horietarako deialdia egiten duena (2026ko ekitaldia).
Lehiaren Euskal Agintaritzak (aurrerantzean, LEA) merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatu, bermatu eta hobetzea du helburu, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez. Hala, bere xedeak betetze aldera, beste batzuen artean, lehia sustatzeko eskumenak beteko ditu.
Jakinik enpresetan araudia betetzeko eta etikaz jokatzeko kultura ezartzeak onurak sortzen dituela, LEAk 2019an lehiaren arloko compliance gida bat onetsi zuen. Geroago, 2023an, normalizazioko Espainiako organismoan UNE 19603 araua -Lehia askearen arloko compliance kudeaketa-sistemak - Erabiltzeko betekizunak, orientazio eta guzti- sortzen parte hartu zuen. Arau hori 2023ko azaroaren 22an onetsi zen. Arau horretan jasotzen da zein betekizun eta zuzentarau bete behar diren antolakunde baten barnean eta lehia askearen arloan compliance kudeaketa-sistema bat (beste modu batera esanda, araudi-betearazpena) ezarri, garatu, ebaluatu, mantendu eta etengabe hobetzeko.
Merkatuetan lehia sustatze aldera, LEAk erabaki du dirulaguntzen deialdi berri bat egitea. Helburua da enpresa-eremuan lehiaren kultura areagotzea eta zabaltzea. Horretarako, compliance programak diseinatu eta ezartzeko dirulaguntzak emango dira, eta programa horiek, lehia defendatzearekin lotuta, lehiaren arauak hausten direnean arriskuak identifikatzen lagunduko dute, arrisku horiek prebenitzen ere bai, eta, azkenik, beren ondorioak konpondu edo arintzeko neurri zuzentzaileak ezartzen lagunduko dute.
Lehiaren arloko compliance programa enpresek erabiltzen duten tresna bat da enpresetako kideek gauzatu ditzaketen eta antolakundearentzat erantzukizunak sor ditzaketen lehiaren aurkako jokaera posibleak prebenitzeko, detektatzeko eta horien aurrean erantzuteko. Jarduketa-protokolo bat da, eta bere xedea da lehiaren kultura efizientea ezartzea enpresan. Horretarako: a) prestakuntza ematen zaio enpresa-antolamendu osoari (langileak eta zuzendariak) lehiaren zuzenbidean eta arau-hausteak prebenitzen laguntzen duten jardunbide egokietan; eta b) lehiaren aurkako jokaera posibleak detektatzeko prozedurak ezartzen dira, eta, hala dagokionean, neurri zuzentzaileak aplikatzen dira inplikatutako enpresarentzat, merkatuko gainerako operadoreentzat (lehiakideak eta kontsumitzaileak) eta gizarte-ongizatearentzat sortu diren (edo sor daitezkeen) kalteak gutxitzeko.
Dirulaguntza hauekin LEAren asmoa da enpresek lege-arauak betetzeko beren programetan lehia-aldagaia gehitzea horrela, eta, bidenabar, beren arteko lehia bideragarria izan dadin eta merkatuek ondo funtziona dezaten. Bete beharreko programak enpresan ezarrita eta oso zabalduta dauden arren, tradizionalki programa horiek zigor-eremuan zentratu dira. Hala, Pertsona juridikoen erantzukizun penalari buruzko ekainaren 22ko 5/2010 Lege Organikoaren ondorioz arautu zen aukera zegoela zigorrari salbuespena edo arintzea ezartzeko betetze-sistema eraginkor bat ezarrita dagoen kasuetan (Zigor Kodearen 31 bis artikulua eta Fiskaltzaren 1/2016 Zirkularra). Enpresan araudia betetzearen eta etikaz jokatzearen kultura ezartzen denean, onura handiak sortzen dira: zehapenak ekiditen dira, eta balioa sortzea sustatzen da. Horregatik, zigor-eremutik kanpoko beste arlo batzuetara ere hedatu da (lana, ingurumena, zibersegurtasuna, kontsumitzaileak babestea, informazio pribilegiatua erabiltzea, datuak babestea eta lehia defendatzea).
Gainera, compliance programa bat izateak Lehia Defendatzeko uztailaren 3ko 15/2007 Legearen (LDL) arau-hauste astun batengatik debeku bat ezarrita duen enpresa bati ahalbidetu liezaioke debeku hori saihestea. Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (SPKL) 72.5 artikuluak kontratatzeko debekua ez aplikatzeko aukera onartzen du (hau da, lehia faltsutzearen arloan arau-hauste astunen bat egin izanagatik irmo zigortutako enpresak lizitazio publikoetatik baztertzea -SPKLren 71.1 b) artikulua-). Horretarako, enpresak egiaztatu beharko du ezen, epai edo administrazio-ebazpen bidez finkatutako isunak eta kalte-ordainak ordaindu izanaz edo haiek ordaintzeko konpromisoa hartu izanaz gain, ezarri dituela etorkizunean administrazioko arau-hausteak ekiditeko neurri teknikoak, antolamendukoak eta langileei zuzendutakoak. Aurreikuspen hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren kontratazio publikoari buruzko 2014ko otsailaren 26ko 2014/24/EB Zuzentarauaren 57.6 artikulua txertatu ondoren sortu zen. Termino anglo-saxoiak erabiliz, self-cleaning motako neurriak barne hartzen zituen.
Horrekin batera, compliance programak tresna egokiak dira informazioko barne-sistemen zutabe gisa jokatzeko. Aurrekoak aplikatzeko, Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legean xedatutakoa aplikatu zen. Otsailaren 20ko 2/2023 Legea ezarri zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko urriaren 23ko 2019/1937 Zuzentaraua toki-araudian txertatzeko. Zuzentarau hori Batasunaren zuzenbideko arau-hausteak informatzen dituztenak babesteko da (Whistleblowing Zuzentaraua), eta, barne-kanalekin batera, horren ondorioz lehiaren agintaritzetan komunikazioko kanpo-kanalak ezarri dira LDLren arau-hausteen arloan. Horrenbestez, Whistleblowing Zuzentaraua barne-ordenamendu juridikoan txertatzeak esan nahi du kontzientziazio gehiago dagoela arau-hauste penalen eta administratiboen inguruan, barne hartuta lehia defendatzeko arauetatik eratorritakoak, eta, horrenbestez, esfortzu handiagoak egiten dira, hain zuzen ere, zuzenbidearen arlo horretan compliance programak diseinatzen eta ezartzen.
Azken finean, deialdi honen helburua da compliance programa efikazak diseinatu eta ezartzen direla sustatzea lehiaren arloan. Hau da, alde batetik, programa horiek lehiaren arloan arau-hausteak egitea prebenituko dute, eta, beste alde batetik, bitartekoak ezarriko dituzte ekidin ezin izan diren arau-hausteak detektatzeko eta haiei erantzuteko.
2024ko abenduaren 20an, Lehiaren Euskal Agintaritzak LEAren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onetsi zuen 2025-2028 aldirako. 2026ko urtarrilaren 29ko bileran aldatu egin zen, eta egun horretan bertan onetsi zen 2026ko dirulaguntza-plana. Deialdi hau plan bietan dago jasota, eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren web-orriko Gardentasuna atalean dago eskuragarri: https://www.competencia.euskadi.eus/hasiera/. Zehazki, lehiaren arloko compliance programak diseinatzearen eta ezartzearen bitartez, bete egingo da merkatuen lehia-funtzionamendua errazteko enpresa-arloan lehiaren kultura areagotzearen eta hedatzearen helburu estrategikoa.
Kreditu egokia eta nahikoa dago deialdi hau hornitzeko Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legea aplikatuta.
Horri jarraikiz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.- 2026rako oinarriak eta deialdia onestea.
I. eranskinean jasota dagoen bezala onestea enpresei zuzendutako laguntzen oinarri arautzaileak, beren antolakundean ezar dezaten lehiaren arloko compliance programa bat. Gainera, 2026ko ekitaldirako deialdia egingo da oinarri arautzaile horietarako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, operadore ekonomiko interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete LEAren presidenteari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bilbao, 2026ko maiatzaren 11.
Presidentea,
AINARA HERCE SAN MARTÍN.
I. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK
1. oinarria.- Xedea.
1.- Deialdi honen xedea da sustatzea operadore ekonomikoek lehen aldiz compliance programak edo lehiaren azpiprograma espezifikoak diseinatu eta ezarri ditzatela lehiaren arloan; sortuko dituzten programa berri horiek compliance programetan txertatuko dira, jada ezarrita izan ahalko dituzten ordenamendu juridikoko bestelako arlo materialekin lotuta.
2.- Compliance programek edo lehiaren azpiprograma espezifikoek, edonola ere, errespetatu egin beharko dute oinarri hauek onesten dituen ebazpenaren II. eranskinaren edukia.
2. oinarria.- - Baliabide ekonomikoak eta laguntzen muga.
1.- Dirulaguntzetara bideratutako zenbateko guztia 20.000 euro da.
2.- Entitate onuradun bakoitzak jasoko duen gehieneko zenbatekoak ezingo du gainditu 10.000 euro, eta, inolaz ere ez, onartutako aurrekontuaren % 70.
3. oinarria.- Epeak.
Compliance programak edo lehiaren azpiprograma espezifikoak 2026an diseinatu eta ezarri beharko dira, eta, edonola ere, 2026ko urriaren 31ra arte.
4. oinarria.- Entitate onuradun izateko betekizunak.
1.- Dirulaguntza hauen onuradun izan ahalko dira jarduera ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duten eta dirulaguntza eskatzen duten egunean beren antolakundean lehiaren arloko compliance programarik edo lehiaren azpiprograma espezifikorik ez duten operadore ekonomikoak.
Deialdi honen ondorioetarako, operadore ekonomikotzat hartzen da jarduera ekonomiko bat egiten duen edozein entitate, dena delakoa izanik ere entitate horren estatutu juridikoa eta finantzatzeko modua.
2.- Operadore ekonomiko eskatzaileak, eskaera aurkezten duten unean eta proiektua bukatu arte, altan emanda egon beharko dira jarduera ekonomikoen gaineko zergan.
3.- Aurreko ataletan xedatutakoaz gain, operadore ekonomiko onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte dirulaguntza ematen den unetik likidazioa egin arte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai dirulaguntza ematen den unean, bai eta ordaintzen denean ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarrita dagoen moduan.
Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du interesdunek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, horretarako, ez du haien baimenik beharko. Hala ere, interesdunek uko egin ahal izango diote egiaztapen hori egiteari, eta, kasu horretan, dagokion egiaztagiri eguneratua aurkeztu beharko dute.
b) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
4.- Operadore ekonomiko onuradunak izango dira proiektua aurkeztutako aurrekontuaren arabera garatzearen eta gastua ere hala betearaztearen erantzuleak.
5.- Operadore ekonomiko hauek ezingo dituzte dirulaguntzak jaso:
a) Dirulaguntza eskatu duten unean lehiaren arloko compliance programa edo lehiaren azpiprograma espezifikoa dutenak.
b) Xede bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera, edo bestelako baliabideak eskuratu dituztenak beste administrazio edo ente publiko edo pribaturen batetik.
c) Sektore publikoren bateko kide direnak, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
d) Kondenatuta daudenak dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak, eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
e) Eskatuta dutenak borondatezko konkurtso-deklarazioa, edo edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta daudenak, konkurtsoan deklaratuta daudenak, esku-hartze judizialaren pean daudenak, edo desgaituta daudenak Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe egonda.
f) Errudun deklaratutako kausaren batengatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmoa egin dutenak.
g) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean, eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean; edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
h) Egoitza fiskala dutenak araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako ezein lurralde edo herrialdetan.
i) Ebazpen irmo baten bitartez zehapena jaso dutenak, eta dirulaguntzak jasotzeko aukera galduta dutenak, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin edo halakorik ezartzen duten beste lege batzuekin.
j) Sexu-bereizkeriagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratiboak edo penalak dituztenak, dagokien zehapenean ezarritako aldian.
k) Aplikatzekoa den araudiaren arabera, indarreko berdintasun-plana izateko betebeharra dutenak, baina horrelakorik ez dutenak.
l) 50 langile baino gehiago izanik, ez dutenak egiaztatu sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan estatuko legerian ezarritakoa betez.
m) Arau-hauste astun edo oso astunen zioz zehatuta daudenak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu gabe egonda.
n) Desgaitasuna dutenentzat legez gorde behar den lanpostuen kuota beteta ez dutenak, eta egiaztatu ez dutenak hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri dituztela.
ñ) Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutako egoeraren batean daudenak.
o) Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita daudenak.
5. oinarria.- Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.- Orokorrean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritako diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira.
Diruz lagundu daitezkeen gastutzat jotzen dira hauek: diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak, eta deialdi honetan zehaztutako epean egiten direnak. Hala, diruz lagundu ahalko diren gastuak izango dira entitate eskatzaileak aurkeztutako jarduketen aurrekontu banakatuan eta xehatuan agertzen direnak, eta zalantzarik gabe aurrekoak garatzeari lotuta daudenak.
Horrenbestez, finantzatu daitezkeen gastuak hauetarako erabiliko dira:
- Langileen kostuak; lehiaren arloan betetzeko programa ezartzen zuzenean laguntzen duten langileak; bereziki, araudia betetzearen arduraduna (compliance officer) ezartzearen kostua, baldin eta bere zerbitzuak hirugarrenei kontratatu ez bazaizkie, eta zuzenean dirulaguntza eskatu duen enpresak bere gain hartzen baditu;
- trebakuntza-kostuak, lehiaren arloan araudi-betearazpena areagotzeko, kanpoko enpresa edo profesional batekin kontratatu baldin badira;
- produktuak edo zerbitzuak eskuratzeko kostuak, eta lehiaren arloan araudia betetzea sustatzen duten ekimenak edo tresnak sortzea eta hedatzea; zehazki, hauek egitea: (i) compliance programako dokumentu guztiak sortzea (protokoloak, eskuliburuak, gidak eta beste material batzuk), kanpoko enpresa espezializatu bati agintzen bazaizkio; (ii) compliance programan aurreikusitako ikastaroak egitea, enpresa bat edo kanpo-profesional bat kontratatuta, eta (iii) informazio-kanala ezartzea, hirugarrenei agintzen zaienean;
- beste gastu batzuk: beste gastu batzuen zenbateko guztiak ezingo du aurrekontuaren % 5 gainditu, eta, edonola ere, zalantzarik gabe diruz lagundutako jarduketak garatzeari lotuta egon beharko dira.
Hala, diruz lagundutako proiektua egiteko aholkularitza juridikoko gastuek dirulaguntza jaso ahalko dute zuzenean lotuta badaude diruz lagundutako jarduketekin eta ezinbestekoak badira horiek zuzen prestatu eta betetzeko.
Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.
2.- Horretarako, egindako gastutzat hartuko da justifikatzeko epe hori amaitu aurretik egiazki ordaindu dena.
Onuradunaren merkataritza-eragiketen diruz lagundu daitezkeen gastuek onuradunari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
3.- Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino, eta, hirugarrenekin kontratatzea dakarren guztietan, entitate onuradunak gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak. Zerbitzu bat egiteko edo ondasun bat emateko konpromisoa hartu aurretik eskatu beharko dira eskaintzok, salbu eta merkatuan ez badago zerbitzu eta ondasunok emateko edo horien hornidurarako behar beste entitate (ezaugarri bereziak dituztelako), edo dirulaguntza jaso aurretik egin bada gastua.
Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, espresuki justifikatu beharko da inguruabar hori memoria batean.
Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz, nahitaezkoa bada eskaintza batzuk eskatzea, eta ez badira haiek aurkezten, edo eskaintza ekonomikoena ez den bat aukeratzen bada aukeraketa hori behar bezala justifikatu gabe, ondasun edo zerbitzuaren peritu-tasazio bat eskatu ahal izango du organo emaileak, eta entitate onuradunak ordaindu beharko ditu horrek eragiten dituen gastuak. Halako kasuetan, bi balio hauetatik txikiena kontuan hartuz kalkulatuko da dirulaguntza: entitate onuradunak adierazitako balioa edo tasazioaren ondoriozkoa.
4.- Entitate onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahalko du diruz lagundutako jarduketak egitea zenbatekoaren % 100eraino. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak dirulaguntza jaso duten jarduketak bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
5.- Gastu hauek inolaz ere ez dira diruz lagunduko:
a) Banku-kontuetako interes zordunak.
b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.
c) Prozedura judizialen gastuak, salbu eta prozedura horiek diruz lagundutako jarduketen parte garrantzitsua direnean.
6.- Ez dute dirulaguntzarik jasoko, ezta ere, balio erantsiaren gaineko zergaren gastuek, operadore ekonomiko onuradunek horiek berreskuratu edo konpentsatu ditzaketenean. Horretarako, entitate onuradunak erantzukizunpeko adierazpenaren bidez azaldu beharko du diruz lagundutako operazioetan jasandako BEZ guztia, edo zati bat kentzeko edo berreskuratzeko eskubiderik duen ala ez.
7.- Entitate onuradunak aurkeztutako aurrekontuan oinarri honetan diruz lagundu ezin daitezkeen gastutzat jotzen direnak sartuta badaude, haiek kendu edo baztertu egingo dira, modu horretan, zehazteko zein den dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarritzat erabiliko den diruz lagundu daitekeen gastuaren aurrekontua.
6. oinarria.- Dirulaguntzak emateko prozedura.
1.- Zuzen jasotako eskaerei dagozkien dirulaguntzak ondoz ondo emango dira. Horrekin lotuta, banaka eta ordenatuta ebatziko dira eskaerak, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin eskaera zuzen osatu den unearen arabera.
2.- Programara bideratutako funtsak agortuz gero, programa amaitu egingo da, eta horren berri emango da Lehiaren Euskal Agintaritzaren presidentearen ebazpen baten bidez. Ebazpen hori argitaratuko da agintaritzaren web-orrian (https://www.competencia.euskadi.eus/hasiera/) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
7. oinarria.- Eskaerak aurkeztea.
1.- Eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta, 2. oinarrian adierazitako zenbatekoa agortzen ez bada, 2026ko abenduaren 31ko 23:59an bukatuko da.
2.- Operadore ekonomiko interesdunak nahitaez izapidetu beharko dituzte eskubideak elektronikoki, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoa betez.
Operadore ekonomiko interesdunek eskaeraren izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ahalko dituzte EAEko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1258402
Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpetan» egingo dira helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta izenpe elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziberglosarioa/ziurtagiri-digitala/web01-tramite/eu/
3.- Eskaera eta ondorengo izapidetzeak entitate eskatzailearen ordezkariak egin ahalko ditu elektronikoki. Horretarako, ordezkaritzak izena eman beharko du ahalduntzeen erregistro elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/. Edonola ere, izapideak elektronikoki egin beharko dira, interesdunak nahitaez izan beharko baititu harreman elektronikoak administraziorekin.
4.- Eskaerak izapidetzeko moduari buruzko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, eta gainerako inprimakiak eskuragarri egongo dira oinarri hauen bigarren puntuan aipatu dugun EAEko administrazio publikoaren egoitza elektronikoaren helbidean.
5.- Entitate eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ditzake eskaera eta horri erantsi beharreko gainerako dokumentuak. Halaber, eskaeraren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko Oinarrizko Legeak (azaroaren 24ko 10/1982 Legea) 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.- Eskaerak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak.
7.- Operadore ekonomiko batek eskaera bakarra aurkeztu ahalko du.
Elkarrekin lotuta dauden edo talde edo antolamendu-egitura komun bateko kideak diren operadore ekonomikoen kasuan, operadore kide edo lotutako operadore batek bakarrik eskatu ahalko du dirulaguntza.
8. oinarria.- Eskaeran aurkeztu beharreko dokumentazioa eta erantzukizunpeko adierazpenak.
1.- Operadore ekonomiko eskatzaileek prozeduraren eskaera-inprimakia bete beharko dute informazio honekin:
a) Entitate eskatzailearen datuak.
b) Jarduketaren deskribapen laburra.
c) Jarduketa-gastuen aurrekontu xehea eta banakatua.
2.- Administrazio honetako erregistroetan izena emanda dauden operadore ekonomikoek eskaeran adieraziko dute zein erregistrotan dauden izena emanda.
Administrazio honetakoak ez diren erregistroetan izena emanda dauden operadore ekonomikoek egiaztatu beharko dute entitatea zuzen sortua dagoela bere izaera juridikoaren arabera, eta ordezkariaren nortasuna eta ordezkatzeko ahal nahikoa ere egiaztatu beharko dituzte hauen bidez:
- Eratzeko eskritura eta estatutuak, eta egiaztatzea dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela.
- Identifikazio fiskaleko zenbakiaren txartel egiaztagiria.
- Pertsona juridikoaren lege-ordezkariaren nortasunaren egiaztagiria eta egikaritzen duen ordezkaritza-ahalaren akreditazioa.
Horrekin lotuta, eta bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin, entitate interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste edozein administraziok egindakoak ez aurkezteko. Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, non eta interesdunak ez dion aurka egiten.
3.- EAEn jarduera ekonomikoa egiten duela egiaztatzeko dokumentazioa.
4.- Garatuko diren jarduketen memoria xehea.
5.- Entitate interesdunak erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskaera-orrian bertan azaltzen da), betekizun hauek betetzen dituela egiaztatuko du:
a) Ez izatea diseinatuta eta ezarrita antolakundean lehiaren arloko compliance programa bat edo lehiaren azpiprograma espezifiko bat.
b) Xede bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera, edo bestelako baliabideak eskuratu ez izana beste administrazio edo ente publiko edo pribaturen batetik.
c) Sektore publikoren bateko kide ez izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
d) Ez egotea kondenatuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, ezta delitu hauetakoren bat egiteagatik ere: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak, eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
e) Ez izatea eskatuta borondatezko konkurtso-deklarazioa, edo edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, esku-hartze judizialaren pean ez egotea, edo desgaituta ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe egonda.
f) Errudun deklaratutako kausaren batengatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmoa egin ez izana.
g) Bere administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak egoera hauetakoren batean ez egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean, eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean; edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean ez egotea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
h) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean ez izatea.
i) Ebazpen irmo baten bitartez zehapenik jaso ez izana, eta dirulaguntzak jasotzeko aukera galduta ez izatea, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin, edo halakorik ezartzen duten beste lege batzuekin.
j) Sexu-bereizkeriagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratiboak edo penalak ez izatea, dagokien zehapenean ezarritako aldian.
k) Aplikatzekoa den araudiarekin bat etorriz, berdintasun-plana izateko betebeharrik ez izatea edo, hori izateko betebeharra izanik, indarreko berdintasun-plana izatea.
l) 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.
m) Ez egotea zehatuta Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutako arau-hauste astun edo oso astunen arabera, behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu gabe egonda.
n) Betetzen duela desgaitasuna dutenentzat legez gorde behar den kuota, edo, horrelakorik ez badu, hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.
ñ) Ez egotea Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutako egoeraren batean.
o) Elkarteen kasuan, ez egotea inplikatuta Elkarteak elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kasuetan.
p) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
q) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
r) Eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak egiazkoak izatea, eta betetzea laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, bereziki, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatutakoetan.
6.- Operadore ekonomiko eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena agindu aurretik, egiaztatu beharko dute betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Betebehar hori betetzen jarraitu beharko dute, gutxienez, dagokion laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte.
Aipatutako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, hurrenez hurren zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira.
Organo kudeatzaileak automatikoki, bere elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, egiaztatuko du operadore ekonomiko eskatzaileek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Halaber, organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du segurtasun-plana existitzen dela hori izan behar duten operadore ekonomikoentzat, erregistroaren bidez eta EAEko eta Estatuko hitzarmenak, laneko akordio kolektiboak eta berdintasun-planak gordetzeko biltegiaren bitartez.
9. oinarria.- Akatsak zuzentzea.
1.- Aurkeztu beharreko eskaerak eta dokumentazioak betekizun guztiak betetzen ez badituzte edo osatuta ez badaude, entitate eskatzaileari esango zaio hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta jakinaraziko zaio ezen, horrela egiten ez badu, bere eskaera baztertu egingo dela, edo izapidetzerako eskubidea galduko duela, aurretiaz ebazpena eman eta gero.
2.- Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin bat etorriz, administrazio publikoekin nahitaez elektronikoki komunikatu behar diren operadore ekonomikoek eskaera aurrez aurre egiten badute, zuzentzeko eta eskaera elektronikoa aurkezteko esango zaie. Horretarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-eguntzat.
10. oinarria.- Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.
1.- Dirulaguntzaren zenbatekoa onetsitako aurrekontuaren arabera zehaztuko da, eta aurrekontuaren % 70 izango da.
Gainera, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak ezingo du gainditu, inolaz ere, eskatutako zenbatekoa, ezta 10.000 euro ere.
2.- Ezarritako zuzkidura ekonomiko osoa eskaerak aurkeztu ahalako egintza jarraituetan banatuko da, kreditua bukatu arte.
11. oinarria.- Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko eta argitaratzeko modua.
1.- LEAren Idazkaritza Nagusiak kudeatuko ditu deialdi honetan xedatutako dirulaguntzak, eta Idazkaritza Nagusia izango da laguntza kudeatzeko organo eskuduna.
2.- Organo kudeatzaileak, espedientea ikusita, ondoz ondoko ebazpen-proposamenak egingo dizkio LEAren presidenteari.
Ebazpen-proposamen horietan sartuko dira onuradun gisa proposatutako entitatea eta emandako zenbatekoa, baita ere, hala dagokionean, eskaera ezetsi edo ukatu izanaren informazioa, arrazoiak azalduta.
3.- LEAren presidenteak, organo kudeatzaileak egindako ebazpen-proposamena ikusita, emakida-prozedura ebatziko du ondoz ondoko ebazpenen bidez.
Ebazpen bakoitzak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatu diren.
Ematen badira, entitate onuradunaren izena edo sozietate-izena, dirulaguntza emateko proposatzen den jarduketa, eta emandako zenbatekoa adieraziko dira.
Dirulaguntza ukatzen bada, entitate eskatzailearen izena edo sozietate-izena eta laguntza ukatzeko arrazoiak azalduko dira.
4.- Aurreko atalean aipatu diren ebazpenek administrazio-bidea bukatuko dute, eta operadore ekonomiko interesdunek haien aurka berraztertzeko aukerako errekurtsoa jartzeko aukera izango dute LEAren presidentearen aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoa betez, albo batera utzi gabe administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.
5.- Ondoz ondoko ebazpenak banaka jakinaraziko zaizkie operadore ekonomiko interesdunei gehienez ere sei hilabeteko epean, ebazpen hau indarrean jartzen denetik aurrera kontatzen hasita.
Halaber, emandako dirulaguntzen zerrenda, zenbatekoa eta entitate onuraduna argitaratu egingo dira LEAren web-orriko gardentasun-atarian, helbide honetan: https://www.competencia.euskadi.eus/hasiera/
6.- Ebazteko sei hilabete igaro eta horrelakorik egin ez bada, operadore ekonomiko interesdunek beren dirulaguntza-eskaera ezetsitzat joko dute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.
12. oinarria.- Operadore ekonomiko onuradunen betebeharrak.
Operadore ekonomiko onuradunek, edonola ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27., eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte; zehazki, hauek:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Aurrekoarekin lotuta, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten duen adierazpena jaso eta hamar eguneko epean entitate onuradunak espresuki eta idatziz uko egin ezean, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.
b) Laguntza dagokion xederako erabiltzea eta compliance programa edo lehiaren azpiprograma espezifikoa diseinatzea eta ezartzea, edonola ere, 2026ko urriaren 31 baino lehen.
c) LEAren Idazkaritza Nagusiari jakinaraztea dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein egoera objektibo zein subjektibo aldatu izana.
Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, emakida-erabakia ere aldatu egingo da, betiere, xedea betetzat jotzen bada. Horretarako, jarduketak justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera hilabeteko epean, LEAren presidenteak aldaketa-ebazpena aginduko du, eta dagozkion zenbatekoak likidatuko ditu.
d) Aditzera ematea beste zernahi administrazio edo ente publiko edo pribaturen batek xede bera duten dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman dizkiola.
e) LEAren Idazkaritza Nagusiari, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Ekonomia Kontroleko Bulegoari, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea eskatzen zaion informazioa jasotako dirulaguntzei buruz, eta betetzea diruz lagundutako jarduketak kontrolatu, egiaztatu, jarraitu eta ikuskatzeko funtzioak edo ahalak eta, hala dagokionean, batasuneko organo eskudunenak ere betetzea.
f) Jasotako finantzaketaren publizitate publikoa egitea, eta LEAren marka gehitzea dirulaguntza honen funtsekin sortu eta hedatutako edukietan. Zehazki, dirulaguntza onartzen den egunetik aurrera, diruz lagundutako proiektuko jarduketak egiten direnean LEAren logotipoa eta «Lehiaren Euskal Agintaritzak diruz lagundua» esaldia sartu beharko dira.
13. oinarria.- Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.- Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak xede bererako eta denbora-eremu berberean bestelako entitate publikok edo pribatuk eman ahalko lituzketen bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin.
2.- Bestelako administrazio edo ente publiko edo pribatu batek xede bererako emandako dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasotzen badira aldi berean, jakinarazi egin beharko da, eta dirulaguntza oso-osorik deuseztatuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari nahitaez itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak gehi dirulaguntzen berandutze-interesak.
14. oinarria.- Dirulaguntza ordaintzea.
1.- Dirulaguntza ordainketa bakar batean emango da, aurretiaz justifikatu ondoren dirulaguntza osoa, eta justifikatzeko azken eguna 2026ko azaroaren 30a izango da.
2.- Ez da ezer ordainduko entitate onuradunak ez baditu egunean zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
3.- Dirulaguntza ordaindu ahal izateko, entitatea Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroan erregistratuta egon beharko da. Erregistratuta ez badago edo banku-datuak aldatu nahi baditu, alta emateko edo datuak aldatzeko, helbide honetara joko du: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
15. oinarria.- Dirulaguntza justifikatzea.
1.- Emandako dirulaguntza justifikatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan xedatutakoa beteko da, eta justifikazio-kontu sinplifikatuaren bidez egingo da. Informazio hau izango du:
- Lehiaren arloan ezarri den compliance programa edo lehiaren azpiprograma espezifikoa: programa bera edo azpiprograma entregatu beharko da, baita ere, onuradunaren barne-arauekin bat etorriz, onesteko eskuduna den organoak sinatutako dokumentua.
- Dirulaguntzaren emakidan ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduketa-memoria. Bertan adieraziko da zein izan den lehiaren arloan ezarritako compliance programa edo azpiprograma, egindako jarduketak eta eskuratutako emaitzak (aurkeztutako compliance programa osatzen eta zabaltzen duten dokumentuak, gidak, eskuliburuak eta bestelako materialak).
- Jarduketen gastuen zerrenda sailkatua, bertan adieraziz entitate hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data.
- Diruz lagundutako jarduketen likidatutako aurrekontua; hasieran aurrekontuan jasotako zenbatekoen eta benetan egin diren gastuen arteko desbideraketa adieraziko da.
Dirulaguntza eman duen organoak egokitzat jotzen dituen frogagiriak egiaztatuko ditu, dirulaguntza zuzen aplikatu dela egiaztatzeko. Horretarako, hautatutako gastu-frogagiriak bidaltzeko eskatu ahalko dio entitate onuradunari.
2.- Justifikazio-dokumentazioa elektronikoki aurkeztu ahalko da https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ helbidean, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 2.1 artikuluan agertzen diren entitateen erregistro elektronikoetan.
3.- Kasu guztietan, justifikatu beharko da gastua benetan erabili dela diruz lagundutako jarduketetan, eskaeran aurkeztutako aurrekontuarekin bat etorriz.
Edonola ere, justifikazioa aurkezteko azken eguna 2026ko azaroaren 30a izango da.
16. oinarria.- Dirulaguntza aldatzea.
1.- LEAren presidenteak erabaki dezake emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea, ofizioz edo entitate interesdunak hala eskatuta, betekizun hauek betetzen direnean:
a) Dirulaguntza aldatzea entitate interesdunak eskatuz gero, 12 c) oinarrian adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea benetan gauzatu diren edo gauzatzekoak diren jarduketak.
d) Entitate onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
2.- Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatzen bada, eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, emakida-ebazpena aldatu ahal izango da.
Edonola ere, 2.2 oinarriko mugekin bat etorriz, aldaketaren ondoriozko zenbatekoak errespetatu egin beharko du aldatutako azken aurrekontuaren gaineko gehieneko % 70eko zenbatekoa.
3.- Betearazpen partzialak onartu ahal izango dira, betiere, diruz lagundutako jarduketen helburuak eta konpromisoak betetzera xedaturiko jarduketa bat dela egiaztatzen bada zalantzarik gabe, eta xede-jardueraren betearazpen-maila eskaeran aurkeztutako jarduketa guztiei dagokien onartutako aurrekontuaren % 60ra iristen bada. Kasu horretan, emakida-ebazpena aldatuko da, eta jarduketen kopurua gutxituko da kalkulatutako aurrekontu osoarekiko dagokion proportzioan.
4.- Emakida-ebazpena ere aldatu egingo da dirulaguntza osorik ezeztatu behar denean.
17. oinarria.- Ez-betetzea eta itzulketa.
1.- Hauek dira ez-betetzea eragin dezaketen kasuak:
a) Justifikazio-betebeharra ez betetzea, edo behar adina ez justifikatzea.
d) Aldi berean beste zernahi administrazio edo ente publiko edo pribaturen batek xede bera duten dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak ematea.
c) Jasotako dirulaguntza guztiak ebazpen honetan adierazitako jarduketez bestelakoetan erabiltzea.
d) Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea, edo, hala badagokio, emakida-egintzan ezarritakoak ez betetzea.
e) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.
f) Dirulaguntzen arloko beste xedapen batean orokorrean ezarritako beste inguruabarren bat eta, bereziki, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako ez-betetzeak.
2.- Egiaztatzen bada aurreko puntuan aipatutako inguruabarrak aldi berean gertatzen direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari nahitaez itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloko berandutze-interesak.
Ondorio horietarako, itzulketa-prozeduran Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
3.- Itzulitako zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarrerak izango dira lege-ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan xedatutakoa izango da.
18. oinarria.- Dirulaguntza likidatzea.
1.- Emandako dirulaguntza benetan garatutakoari doitzeko, eta behin betiko likidazioa egiteko, kontuan hartu beharko da onartutako aurrekontuko gastuak gainditzen dituen justifikazioa egiten denean ez dela eskubiderik izango dirulaguntzaren zenbatekoa gehitzeko.
2.- Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa analizatzen denean zuzen justifikatu dela ulertzen bada, dagokion zenbatekoa ordainduko da.
3.- Emandako dirulaguntzaren zenbatekoak aldatzen edo doitzen dituen likidazioaren ebazpena organismoko idazkari nagusiak aginduko du, bi hilabeteko epean, egiaztagiriak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera zenbatzen hasita.
4.- Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbateko guztiak edo zati bati itzuli behar zaionean, bi hilabeteko epea egongo da likidazio-ebazpena jasotzen denetik aurrera dagokion itzulketa egiteko. Aurretik entitate onuradunari jakinaraziko zaizkio itzulketa-prozedura eta berau arrazoitzen duten kausak.
19. oinarria.- Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak Lehiaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.
Arduraduna: Lehiaren Euskal Agintaritza.
Xedea: lehiaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak: ez da datuen komunikaziorik aurreikusten.
Eskubideak: informazio osagarrian jaso diren eskuragarritasun, zuzenketa, ezeztatze eta bestelako eskubideak.
Informazio osagarria:
https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/1741-capa2-es.shtml
Araudia: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua -Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra)- eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.
II. ERANSKINA
COMPLIANCE PROGRAMAREN EDUKIA
Lehiaren arloko compliance programa bat ezartzearen helburua da barneko kontrol- eta zaintza-sistema bat ezartzea. Sistema horrek, ahal den heinean, ahalbidetuko du lehiari lotutako legez kontrako egintzarik ez egitea, edo, horrelakorik ekidin ezin daitekeenean, nabarmenki gutxitzea haiek egiteko arriskua, eta horrelakoak azkar detektatzea erraztea.
Compliance programak elementu hauek izan beharko ditu:
1.- Lehiari lotutako legez kontrako egintza bat sor dezaketen enpresaren jarduerak identifikatzea.
Antolakundeko egiturek jakin egin beharko dute zer den lehia, eta enpresa-politika inspiratzen duten printzipioetako baten moduan ikusi beharko dute, eta maila ezberdinetan hedatuko dute. Hori dela-eta, entitatea, bere organo erabakitzaileen eta gobernu-organoen bidez, benetan agertu beharko da merkatuaren jokaera zuzenaren alde.
Gainera, compliance programak lehiarekin lotutako arriskuak identifikatu beharko ditu entitate bakoitzaren ezaugarrien arabera (jarduera-sektorea, enpresaren barneko jarduera-eremuak, lehiatzaileekiko interakzio-maiztasunak eta maila, merkatuaren ezaugarriak eta abar).
Zehazki, lehiaren zuzenbidea hausteko testuinguru egokia ematen duten enpresa-antolakundeko negozio-eremuak edo partzelak detektatu beharko dira. Horretarako, aukera egongo da arau-hausteen arriskuen hasierako test bat egiteko, esfortzuak bideratu daitezen enpresak esposizio gehien duen jokaeretara.
2.- Araudia betetzearen ardura duen pertsonari edo organismoari (compliance officer) arrisku edo arau-hauste posibleak informatzeko betebeharra ezartzea.
Entitateak araudia betetzeko ardura duen pertsona edo organismo bat (compliance officer) izendatu beharko du, eta bera izango da arduradun zuzena programa diseinatu eta betetzeko. Compliance officerrek arlo horretako ezagutza espezifikoak eta egiaztatuak izan beharko ditu, eta independentzia eta autonomia ere bai. Gainera, enpresaren tamainarekiko eta ezaugarriekiko baliabide egokiak izan beharko ditu bere funtzioak betetzeko. Halaber, bere lana enpresaren zuzendaritza gorenari jakinarazi beharko dio.
3.- Kudeaketa-eredu egokiak ezartzea lehiaren arloko arau-hausteak egitea galarazi edo prebenitzeko.
3.1.- Lehiarekin lotutako arriskuak identifikatu eta gero, arriskuen mapa bat garatuko da, eta, bertan, hauek analizatuko dira: (i) arrisku-maila (txikia-ertaina-handia-oso handia); (ii) arriskuak gertatzeko probabilitatea, eta (iii) enpresan izango lukeen eragina (zuzendariei, pertsonari edo entitateari jarritako zehapenak, izen ona kaltetzea, administrazioekin kontratatzeko debekua, kalte-ordainak, kostu legalak, eta abar).
Arriskua gertatzeak enpresan eta bere inguruan sor lezakeen eragina baloratzeko, ondorio posibleak kontuan hartuko dira: zigor ekonomikoak, kalte-ordainak, sektore publikoarekin kontratatzeko debekua, erantzukizun penala, izen ona kaltetzearen kostuak, kontratuen deuseztasuna eta eraginkortasunik eza -enpresa, inputazioaren aurkako defentsan zentratuta dagoenez, bere jarduera nagusitik aldentzen delako-.
3.2.- Programak kontrol-matrizea ere izan behar du (hau da, prebenitzeko, detektatzeko eta azkar erantzuteko protokoloak eta mekanismoak). Identifikatutako arrisku bakoitzerako protokolo bat ezarri beharko da, gutxienez, arrisku handi edo ertainetarako. Protokoloak zehaztuko ditu zer jarduketa-jarraibide aplikatuko diren lehiaren arloko legez kontrako egintzak egitea ekiditeko, edo haien efektuak gutxitzeko.
Arriskuen mapa eta kontrol-matrizea maiz berrikustea eta eguneratzea aurreikusi beharko da.
3.3.- Compliance programak informaziorako barne-kanal bat izan beharko du guztiek aukera izan dezaten lehia defendatzeko araudia hautsi dezaketen jarduera guztiak komunikatzeko.
Informazio-kanalaren baldintzak dira: (i) eskuragarria izatea antolakundeko pertsona guztientzat; (ii) konfidentziala izatea (iii) eta errepresalia posibleen aurrean babeslea izatea.
Edonola ere, informazio-kanalak Arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko otsailaren 20ko 2/2023 Legeko baldintzak beteko ditu.
3.4.- Informazio-ekintzak (edo sentsibilizaziokoak) eta prestakuntzakoak ezarri beharko dira enpresako langileentzat. Lehiaren eskubidea errespetatzeko beharrezkoa da hura aurretiaz ezagutzea.
Informazio-ekintzak: compliance programak eskuliburu edo gida bat izan behar du, eta enpresako langile guztiek erraz eskuratzeko moduan egongo da. Bertan azalduko dira gutxienez, hauek:
(a) zein diren lehia askearen onurak eta zein haiek urratzearen arriskuak;
(b) zer jokaera diren legez kontrakoak lehiaren zuzenbidean, eta adibide zehatzak jasoko dira esanez zer egin daitekeen eta zer ez, eta bereziki kontuan hartuko dira enpresa jakin batean gertagarriagoak diren edo izan daitezkeen jokaerak.
(c) zein diren compliance programaren arduradunak;
(d) nola funtzionatzen duen informazio-kanalak.
Prestakuntza-ekintzak: programak prestakuntza-plana izan behar du.
4.- Diziplina-sistema bat ezartzea.
Compliance programak, dagokion lan- edo kontratu-harremana arautzen duen araudiaren esparruan, lehia-arauen aurka egitea sustatzen duten diziplina-neurriak izan behar ditu.
Compliance programak aurreikusi behar du pertsona edo entitatea ez dela kargu egingo zuzendariei lehiaren arloko arau-hausteen zioz ezar dakizkiekeen zehapen ekonomikoengatik.
5.- Programa kontrolatzeko eta, behar bada, aldatzeko aldizkako jarraipena egitea.
Compliance programak aurreikusi behar du bere ezarpena monitorizatzea eta detektatu eta gauzatu diren arriskuen eta enpresan sortutako eraginaren aldizkako ebaluazioa egitea.
Edonola ere, compliance programa eguneratu egin beharko da, besteak beste, kasu hauetan: araudia aldatzean; berritasunak daudenean lehia defendatzeko arauak interpretatzeko eta aplikatzeko orduan; merkatuan lehia-baldintzak aldatzen direnean; sartzeko oztopoak kentzen direnean (desarautzea), eta enpresaren jarduera, merkataritza-politika edo antolamendukoa aldatzen denean.
RSS