
111. zk., 2026ko ekainaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (212 KB - 14 orri.)
- EPUB (352 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
2605
AGINDUA, 2026ko maiatzaren 21ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira EAEko ekonomiari buruzko ekonomiako doktorego-tesi onenaren Ekonomiaz sariaren III. edizioaren oinarri arautzaileak eta deialdia.
Gertatzen ari diren aldaketa erregulatzaile, geopolitiko, sozial eta teknologikoek agerian uzten dute beharrezkoa dela ideia eta tresna berriak txertatzea, administrazio publikoak lortu dezan bere kudeaketa ekonomikoa ahalik eta efizienteena izatea.
Aski ezaguna da unibertsitateak ezagutza sortzen egiten duen lana. Beharrezkoa da unibertsitate-esparruan ekonomiari buruz garatzen diren ikerketak, hala haren alderdi teorikoan nola aplikatuan, agente publikoengana bideratzea eta haiek behar bezala txertatzea, hartara ezagutza erabilgarriko oinarri bat eratu ahal izateko, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetuko dituzten erabakiak hartu asmoz. Horrela, agerian geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoarentzat zenbateko garrantzia duen unibertsitate-esparruarekiko harremana sustatzeak.
Unibertsitateko talentu horren guztiaren atzean dauden giza baliabide gaituak eta gaitasundunak funtsezko elementua dira unibertsitateen eta administrazioaren arteko ezagutza-transferentzia –lortu asmo dena– arrakastaz gauzatu ahal izateko.
Hori dela eta, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, bere Ekonomia Zuzendaritzaren bidez, erabaki du sari honen deialdia erabiltzea ezagutza-transferentzia horretan laguntzeko, interes publikoan lagundu ahala.
Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) sail horri esleitzen dizkion egitekoen eta jardun-arloen artean, hauek daude: «Jaurlaritzaren politika ekonomikoaren plangintza egitea» (7. artikulua). Halaber, azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak (Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) Ekonomia Zuzendaritzari esleitzen dizkion egitekoen artean dago «Ikerketa ekonomikorako metodoak garatzea; bereziki, euskal ekonomiarako ereduak eta ekonomia horren sektore edota segmentuetarako ereduak» (10.1.d artikulua).
Saria ematea lagungarria izango da publikoki aitortzeko arlo horretan doktorego-tesi bat egiteak eskatzen duen ahalegin pertsonala, konpromisoa eta lan gogorra. Horrez gain, helburu hauek lortzeko tresna ere izango da:
– Ikerketa-ahalmena azaleratzea eta arlo ekonomikoan talentua eta interesa duten gazteak deskubritzea, eta haien ikertzaile-ibilbide hasiberria erraztea.
– Ekonomia aplikatuaren ikerketa bultzatzea eta gure gazteen adimen-gaitasuna eta talentua aprobetxatzea EAEko ekonomia hobetzeko.
– Mundu akademikoaren eta administrazio publikoen artean zubi iraunkorrak sortzea, bai ateak irekiz bai sarituz beren asmamena ekonomia berritzeko eta ekonomiaren funtzionamendua ulertzeko eredu, tresna eta teknika berriak sortzera bideratzen duten pertsonak.
– Gure gazteriaren hausnarketa eta analisi gogotsu eta independenteak aprobetxatzea, ekinbide publikoa hobetzeko balioko duten azterlan onak izateko.
Horregatik, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak 3.1 artikuluan ematen didan eskumenari jarraikiz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea EAEko ekonomiari buruzko ekonomiako doktorego-tesi onenaren Ekonomiaz sariaren III. edizioaren oinarri arautzaileak eta 2026rako deialdia.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluen arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluei jarraikiz.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondoreak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 21a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
ERANSKINA
EAEKO EKONOMIARI BURUZKO EKONOMIAKO DOKTOREGO-TESI ONENAREN EKONOMIAZ SARIAREN III. EDIZIOAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehenengoa.– Xedea.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Ekonomia Zuzendaritzaren bidez, EAEko ekonomiari buruzko ekonomiako doktorego-tesi onenaren Ekonomiaz sariaren III. edizioa deitu du, ikerketa zientifikoa bultzatzeko eta talentu ikertzailea Euskadira erakartzea eta Euskadin geratzea sustatzeko.
Bigarrena.– Dirulaguntzen plan estrategikoa.
EAEko ekonomiari buruzko ekonomiako doktorego-tesi onenaren Ekonomiaz saria sartzen da, hain zuzen, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 aldirako Plan Estrategikoan, zeina Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2025eko otsailaren 14ko Aginduaren bidez onartu baitzen.
Hirugarrena.– Prozedura kudeatzen duen organoa.
Ekonomia Zuzendaritza izango da saria emateko prozedura kudeatuko duen organoa, eta prozedura eta kudeaketa bultzatzeaz arduratuko da fase guztietan, bai eta epaimahaiari eta saria emateko eskumena duen organoari behar den laguntza emateaz ere.
Laugarrena.– Parte-hartzaileek bete beharreko betekizunak.
1.– Saria emateko prozeduran parte hartu nahi dutenek betekizun hauek bete beharko dituzte zazpigarren oinarrian eskaerak aurkezteko zehazten den epea amaitzen den egunean.
a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
b) Ez egotea betetzen zehapen administratibo edo penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta ez egotea debeku horrekin zigortuta, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren arabera.
c) Ordainduta edukitzea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
d) Ez egon izana laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
e) Ez izatea egoitza fiskala erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean.
f) Ez eragin izana, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazio publikoarekin egindako kontratu baten suntsiarazpen irmorik.
g) Ez eduki izana dirulaguntzak jasotzea galarazten dion zehapen-ebazpen irmorik, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin.
h) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratuta egon ez izana eta konkurtso-deklarazioa jaso ez izana, salbu eta horretan efikazia hartu badu hitzarmen batek, ez egotea esku-hartze judizialaren mende edo ez egotea desgaituta, Konkurtso Legearen testu bategina onartzen duen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoela.
i) Pertsona fisiko, merkataritza-sozietateetako administratzaile edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkari gisa ez egotea lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo ez izatea Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako kargu hautetsia, lege horretan edo gai horiek erregulatzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
2.– Prozedura kudeatzen duen organoak dokumentazioa eskatuko du aurreko apartatuko a) azpiapartatuko betekizuna betetzen dela egiaztatzeko, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu, I. eranskinean horretarako ezarritako laukitxoa markatuz: «EAEko ekonomiari buruzko ekonomiako doktorego-tesi onenaren Ekonomiaz saria emateko prozeduran parte hartzeko eskaera». Eskaera hori interesdunen esku egongo da, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokor eta instituzionalaren egoitza elektrikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1208703
Aurka eginez gero, interesdunak dokumentazioa aurkeztu beharko du betekizun hori betetzen duela egiaztatzeko.
3.– Aurreko apartatuko b)tik i)ra bitarteko azpiapartatuetako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, beharrezkoa izango da II. eranskineko erantzukizunpeko adierazpena izenpetu eta aurkeztea: «Bigarren oinarriko betekizunak betetzearen erantzukizunpeko adierazpena». Adierazpen hori saria emateko prozeduran parte hartzeko interesa duten pertsonen esku egongo da, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokor eta instituzionalaren egoitza elektrikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1208703
4.– Sariaren izaera kontuan izanik, parte-hartzaileak salbuetsita geratuko dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eskatutako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzetik.
Bosgarrena.– Doktorego-tesiaren betekizuna.
Doktorego-tesiek saria emateko prozeduran parte hartu ahalko dute, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko edozein unibertsitatetan 2024ko urtarrilaren 1etik zazpigarren oinarrian eskaerak aurkezteko ezartzen den epemugara artean defendatu eta onartu badira.
Seigarrena.– Aurkeztu behar den dokumentazioa.
1.– Saria emateko prozeduran parte hartu nahi dutenek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) I. eranskina, «EAEko ekonomiari buruzko ekonomiako doktorego-tesi onenaren Ekonomiaz saria emateko prozeduran parte hartzeko eskaera», beteta.
Eranskin horretako laukitxo guztiak markatu beharko dira prozeduran parte hartu ahal izateko, azkena izan ezik, prozeduraren organo kudeatzailearen egiaztatze-lanei aurka egiteko aukerari buruzkoa; kasu horretan, laugarren oinarriaren bigarren apartatuan xedatutakoa bete beharko da.
b) II. eranskina, «Laugarren oinarriko betekizunak betetzearen erantzukizunpeko adierazpena», beteta.
c) Doktorego-tesiaren ale bat, defendatu eta onartu den unibertsitateko epaimahaiak egiaztatua.
d) Doktorego-tesiak lortutako kalifikazioaren ziurtagiria.
e) Doktorego-tesiaren laburpen bat, gehienez 2 orrikoa.
f) Txosten bat, gehienez 1.500 hitzekoa, zeinean argudiatzen den zein diren tesi hori oinarritzen duten arrazoiak, kontuan hartuta balorazio-irizpideak eta EAEko ekonomiarekin duen harremana.
2.– Prozedura kudeatzen duen organoak egiaztatuko du parte-hartzaileek betetzen dituztela laugarren oinarriko 1. apartatuan adierazitako betekizunak, behar bezala bete dituztela aurreko apartatuko I. eta II. eranskinak, eta aurkeztu dutela apartatu horretako gainerako dokumentazioa. Bestela, interesdunari errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak eramateko. Era berean, adieraziko zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, noiz-eta Ekonomiako sailburuak, saria emateko eskumena duen organoa den aldetik, eskaera hori atzera egindakotzat deklaratzen duen ebazpena eman ostean.
Zazpigarrena.– Dokumentazioa aurkezteko era.
1.– Saria emateko prozeduran parte hartzeko interesa duen pertsonak bete egin beharko du EAEko ekonomiari buruzko ekonomiako doktorego-tesi onenaren Ekonomiaz saria emateko prozeduran parte hartzeko eskaera (I. eranskina).
Helbide hauetan eskuratu daitezke egoitza honen onartutako identifikaziorako eta izenpe elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Eskaera egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira, helbide hauetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/.
2.– Aurrez aurre aurkeztea hautatu bada, eskaera Zuzenean – Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzuaren bulegoetan egin ahal izango da: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoan (Andia kalea 13, 20003 Donostia-San Sebastián) eta Araban (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako leku orotan egin ahal izango da.
Zuzenean zerbitzua erabiliz gero, aurretik hitzordua eskatu beharko da 945 01 90 00 telefonoaren bidez, edo online, web-orri honen bitartez: https://www.euskadi.eus/web01-ejqmatic/eu/zuzeneanwebbooking/#/?lang=eu_es.
3.– Saria emateko prozeduran parte hartzen duen edonork aldatu ahal izango du administrazio publikoarekiko komunikazio-bidea prozedura izapidetzen ari den bitartean, eta horren berri eman beharko dio prozeduraren organo kudeatzaileari.
Zortzigarrena.– Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaera eta seigarren oinarriko lehenengo apartatuan zerrendatutako gainerako dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera.
Bederatzigarrena.– Balorazio-fasea.
1.– Prozedura kudeatzen duen organoak saria emateko eskumena duen organoari laguntzen dioten epaimahaikideei bidaliko die parte hartzeko eskaerekin batera aurkeztutako doktorego-tesi bakoitzaren kopia, baldin eta laugarren, bosgarren eta seigarren oinarrietan jasotako betekizunak betetzen badituzte eta dokumentazioa aurkeztu badute.
2.– Hauexek izango dira epaimahaikideak:
a) Epaimahaiburua: Margarita Andrés Ortega andrea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko Ekonomiako zuzendaria.
b) Epaimahaikideak:
1. Jon Barrutia Güenaga jauna (EHU – Euskal Herriko Unibertsitatea).
2. Ibon Galarraga Gallastegui jauna (BC3 – Basque Centre for Climate Change. Klima Aldaketa Ikergai).
3. Edurne Magro Montero andrea (Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutua).
4. Arantxa Rodríguez Álvarez andrea (Ekonomian doktorea).
5. Arantza Ugidos Olazabal andrea (EHU – Euskal Herriko Unibertsitatea).
6. Elvira Uyarra Delgado andrea (University of Manchester).
c) Idazkaria: Jose Ignacio Jaca Michelena jauna (Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila) edo hura ordezkatzen duen pertsona, zeinak ahotsa izango baitu, baina ezingo baitu botorik eman.
3.– Epaimahaiaren funtzionamendu-araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 18.era bitarteko artikuluetan xedatutakoaren arabera arautuko da, eta epaimahaikideak legez aurreikusitako abstentzio- eta errekusazio-kasuen mende egongo dira, eta saria emateko prozeduran interesa duen edonork errekusatu ahal izango du.
4.– Epaimahaiak balorazio-irizpide hauek aplikatuko dizkio doktorego-tesi bakoitzari, haien lehentasun-hurrenkera ezartzeko:
a) Zer ekarpen egiten dion EAEko ekonomiaren ezagutzari: 40 puntu, gehienez.
Deskribatzea zer nolakoa den EAEko ekonomiaren funtzionamendua eta zer nolakoak haren oinarriko ezaugarriak (sektore pribatua, sektore publikoa, merkatuak, finantzak...), bai eta EAEko ekonomiaren literaturan aintzat hartzen ez diren alderdiak ere.
b) Zenbat diren tesitik eratorritako argitalpenak eta zein kalitate duten: 30 puntu, gehienez.
1. Tesitik eratorritako lanak, JCR eta Scopus aldizkarietan argitaratuak edo bigarren berrikuspenean daudenak: 15 puntu, gehienez, argitalpen bakoitzeko.
2. Tesitik eratorritako lanak, beste aldizkari batzuetan argitaratuak: 10 puntu, gehienez, argitalpen bakoitzeko.
3. Tesitik eratorritako lanak, beste formatu batzuetan aurkeztuak (ponentziak, kongresuak...): puntu 1, gehienez, lan bakoitzeko.
c) Zein eragin izan dezakeen tesiak politika publikoetan: 20 puntu, gehienez.
Ea bat datorren egungo politika publikoekin, zein den haren analisi-sakontasuna eta zein inpaktu duen politika horietan, eta ea txertatzen dituen politika publikoen inpaktuaren analisia eta ebaluazioa.
d) Berrikuntza-maila: 5 puntu, gehienez.
Zein den izaera berritzailea edo aurkikuntza-maila, planteatutako helburu motari eta erabilitako metodoari dagokienez, eta zein diren egungo arazoak konpontzen lortutako emaitzak, gaiaren originaltasuna eta EAEko ekonomiaren eta gizartearen alderdi berritzaileen ezagutzan aurrera egiteko duen garrantzia.
e) Ea tesian sartu den ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, genero-ikuspegia: 5 puntu, gehienez.
Ea aurkeztutako tesietan sartu diren emakumeen eta gizonen eta talde gutxituen berdintasunaren arloko ekintzak eta politikak, edo genero-ikuspegia edo ikuspegi intersekzionala txertatzearekin lotutako beste alderdi batzuk:
5.– Saria bakar-bakarrik lortu ahal izango dute epaimahaiak 60 puntu edo gehiago eman dizkien doktorego-tesiek.
6.– Epaimahaiak txosten bat emango du, eta, bertan, zehaztuko da zein emaitza izango duen egindako ebaluazioak, partaideen zerrenda ordenatua jasota, eta zein balorazio lortu dituzten beren doktorego-tesiek; txosten hori organo kudeatzaileari igorriko zaio.
Hamargarrena.– Behin betiko ebazpen-proposamena.
1.– Organo kudeatzaileak, ikusita espedienteko dokumentuak eta epaimahaiaren txostena, behin betiko ebazpen-proposamena formulatuko du puntuazio altueneko doktorego-tesia aurkeztu duen pertsonaren alde. Jarraian, ebazpen-proposamena komunikatuko dio pertsona horri, eta 5 egun emango dizkio espresuki komunikatzeko organo kudeatzaileari ea proposatutako saria onartzen duen. Horretarako, bete egin beharko du, eta organo kudeatzaileari helarazi, III. eranskina, «EAEko ekonomiari buruzko ekonomiako doktorego-tesi onenaren Ekonomiaz saria emateko proposamena onartzeko adierazpena». Adierazpen hori eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokor eta instituzionalaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1208703
2.– Saria jasotzeko proposatutako pertsonak ez badio organo kudeatzaileari komunikatzen proposamen hori onartzen duela epe eta modu egokian, ulertuko da atzera egiten duela saria emateko prozeduran parte hartzeko eskaeran.
Hala bada, Ekonomiako sailburuordeak ebazpen bat emango du, eskaera atzera egintzat deklaratzeko. Ebazpen hori jakinaraziko zaio saria emateko proposatutako pertsonari. Organo kudeatzaileak aurreko apartatuaren arabera jokatuko du, eta beste behin betiko ebazpen-proposamen bat formulatuko du bigarren puntuazio altueneko doktorego-tesia egin duen pertsonaren alde, eta, hala, hurrenez hurren, baldin eta, berriz ere, proposatutako pertsonak ez badu behin betiko ebazpen-proposamena onartzen.
3.– Epaimahaiaren txostenak egiaztatzen badu ez dagoela doktorego-tesirik 60 puntu edo gehiago eskuratu dituenik, orduan organo kudeatzaileak Ekonomiako sailburuordeari behin betiko ebazpen-proposamena igorriko dio, saria huts deklaratuz.
Hamaikagarrena. Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Organo kudeatzaileak saria emateko eskumena duen organoari, hots, Ekonomiako sailburuordeari igorriko dio behin betiko ebazpen-proposamena, sariaren irabazle proposatutako pertsonak onartua. Organo ebazle horrek emango du saria emateko prozedura ebazten duen agindua, 15 eguneko epean, behin betiko ebazpen-proposamena jasotzen duen datatik aurrera.
2.– Ekonomiako sailburuordeak ematen duen ebazpenean, adieraziko da nork irabazi duen saria eta zein den saria, hurrengo oinarriaren arabera. Era berean, aginduan bertan jasoko da zein puntuazio lortu duen saritutako doktorego-tesiak, saria emateko izapidetutako prozeduran parte hartzen duten gainerako kideen zerrendarekin eta haien doktorego-tesiek lortutako puntuazioekin batera.
3.– Prozeduraren ebazpena jakinaraziko zaie hura emateko prozeduran parte hartu duten pertsona guztiei.
Hamabigarrena. Saria.
1.– Saria hau izango da:
a) Sarituari sei mila euro gordin (6.000 euro) eta diploma bat ematea. Zenbateko hori zergei buruzko erregelamendu-araudiaren mende egongo da.
b) Lanaren laburpen bat argitaratzea Ekonomiaz aldizkarian edo Ekonomia Zuzendaritzaren Ikerketak sailean, lortutako sariari aipamen eginez.
c) Foro publiko bat izatea ikerlana eta haren ondorio nagusiak aurkezteko.
2.– Administrazio publikoak saria ordaindu ahal izateko, sariaren onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
Hamahirugarrena. Saria ematea.
Saria ekitaldi publiko batean emango da, eta sarituak ekitaldi horretara joan beharko du. Ekitaldi hori egiteko egunari, orduari eta lekuari buruzko informazioa behar besteko aurrerapenarekin emango da. Justifikatutako arrazoiren bat dela-eta irabazleak ezin badu bertaratu, beste pertsona bat izendatu ahal izango du hara joan eta saria haren izenean jasotzeko.
Gerora sortutako gorabeherak direla-eta saria emateko ekitaldia bertan behera utzi behar bada aurreko paragrafoan adierazitako moduan, bide telematikoa erabiliko da horretarako.
Hamalaugarrena. Saria errebokatzea eta itzultzea.
20/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan aurreikusitako kausaren bat gertatzen denean, eta, bereziki, oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, saria emateko eskumena duen organoak saria errebokatzeko agindua emango du. Agindu horretan, sarituari eskatuko zaio itzuli ditzala eman zaion zenbatekoa gehi aplikatu beharreko legezko interesak, bai eta diploma ere. Halaber, ohartaraziko zaio utzi egingo diola ikerketa-lana eta ondorio nagusiak aurkezteko gaitutako foro publikoa edukitzeari.
Hori guzti hori, kontuan hartuta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 39-43 artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.
Hamabosgarrena. Saritutako doktorego-tesiaren egiletza-eskubideak.
1.– Sariduna izango da doktorego-tesi sarituaren egile-eskubideen titular bakarra; beraz, bere ardura izango da hirugarrenek haren gainean eskubiderik ez izatea, eta, halakorik gertatuz gero, berak egin beharko dio aurre eskubideon gaineko edozein erreklamaziori.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ustiapen-eskubideak izango ditu, ez esklusiboki, 3 urterako, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginaren (gaiari buruz indarrean dauden lege-xedapenak erregularizatu, argitu eta harmonizatzeari buruzkoa) 43. artikuluaren arabera. Eskubide horiek erreprodukzioari, banaketari eta komunikazio publikoari buruzkoak dira, sariarekin lotutako difusio-jarduera publikoetan erabiltzeko.
Hamaseigarrena. Bateragarritasuna.
Saria ematea bateragarria da agindu honetan erregulatutako administrazio-prozedurara aurkezten diren doktorego-tesiei beste sari edo aintzatespen batzuk ematearekin.
RSS